Axun Aierbe itzultzaile eta irakasle zenari omenaldia egingo diote gaur, 2009ko apirilak 1, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campuseko Letren Fakultatean. Guk ere gure omenaldi xumea egiteko, ItzuL posta-zerrendan 2002ko martxoaren 14an idatzi zuentestua argitaratzea erabaki dugu, haren oroimenez eta esker onez.Posta-zerrendan "preskribatu da / preskribatu du" zalantza agerturik, halako foroetan gutxitan agertzen diren bezalako mezu mamitsu eta dokumentatua idatzi zuen Axun Aierbek; artikulu bat, azken batean, gaurkotasun eta balio bete-betea duena orain ere.
Agindutakoa zor omen da, eta ea zorra kitatzen dudan! Egun batzuk barru esan eta aste batzuk
igaro direnez, ekin diezaiodan ziurrenik luze samar aterako zaidan laburpen
honi.
Aditz iragangaitz
ez-ergatibo eta ez-akusatiboez (preskribatu, funtzionatu, dimititu, existitu...
etab.): SIDELEZ zerrendako zenbaitek emandako erantzunen, argibideen eta
bibliografia-aholkuen berri ematen eta irakurri ditudan artikulu batzuetatik
ateratako zenbait ondorioren berri ematen ahaleginduko naiz labur-labur.
Ez-ergatiboen eta
ez-akusatiboen arteko bereizkuntzaren berri luze-zabal ematen dutenak Levin
& Rappaport Hovav (1995) dira. Itziar Lakak aholkaturiko liburu bikaina da.
Honela diote (1995: 98): «The distinction between internally and
externally caused verbs corresponds roughly to the distinction between
unaccusative and unergative verbs. As we show in chapter 4, internally caused
verbs are generally unergative, whereas many unaccusative verbs are derived
from externally caused verbs. There are two reasons for saying that there is
only a rough correspondence between the internally/externally caused verb
distinction and the unaccusative/unergative distinction. First, as we show in
section 3.3, there are unaccusative verbs that are not derived from causative
verbs; these are the verbs of existence and appearance. Second, as we have just
shown, there is a class of internally caused verbs of change of state, and, as
we show in section 4.2.1, these verbs are unaccusative».
Bereizketa horren
berri ematen du Mendikoetxeak (1999) ere: «La clase de los verbos
intransitivos es una clase heterogenea que incluye formas con muy distintas propiedades
semánticas y sintácticas. Se debe a Perlmutter (1978) la distinción entre dos
clases de verbos intransitivos: los inergativos y los inacusativos o ergativos
(...) Los dos tipos de verbos tienen en comun que requieren un solo
participante o argumento cuya realización sintáctica es la de sujeto, pero se
distinguen en la relación semántica que se establece entre el argumento y el
verbo. Los verbos inergativos, formas como "llorar",
"reir", "saltar", "toser", denotan actividades o
procesos que dependen de la voluntad de un agente. Los verbos inacusativos son
verbos que denotan bien estados o bien eventos no agentivos (logros), como
"existir", "aparecer", "llegar",
"florecer", "crecer", etc., cuyo unico argumento se
interpreta como el elemento que recibe la acción o en el que se produce o
manifiesta la eventualidad que denota el verbo: i.e. el argumento de este verbo
es un tema o paciente».
Labur-labur
esateko, aditz iragangaitz ez-ergatiboek subjektu egilea ("agent")
dute eta ez-akusatiboen subjektua, berriz, jasailea da edo gai rola hartzen du
aditzak hala egotzita.
Ildo horretatik, Euskal
Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (Euskaltzaindia, 1993) liburuan esaten
dena aintzat harturik egin nuen baieztapena ez da guztiz zuzena; honela dio
Euskaltzaindiak (1993: 14): «aditz iragangaitz ez-akusatiboak dira
absolutiboa markatzen dutenak eta aditz iragangaitz ez-ergatiboak, ostera,
ergatiboa behar dutenak». Baieztapen orokor horrek salbuespenak ditu.
Ildo horretatik,
Beñat Oihartzabalek ohartarazi nau «euskaraz solas aditz morfologikoki
bakunak (mintzatu, hizkatu, solastatu, elekatu...) semantikoki
inergatiboak» direla. Aditz horiek da motako laguntzailea
hartzen dute. Era berean, Beñatek esana da «anitzez gutiagotan gertatzen
da kontrakoa (hau da, aditz inakusatiboak, adibidez egoera-aldaketa aditzak edo
gertatze-aditzak, NORK-aditzak izatea)». Maileguzko aditzei dagokienez,
Oihartzabalek dioenez, «iparraldean gehienetan frantsesaren avoir /
être oposaketari jarraikitzen gatzaizkio ("eskiatzen du", "protestatzen
duzu", "xikanatzen du" vs. "suizidatu da", "pleinitzen zara", "debruiatzen
da")».
Frantsesez eta
italieraz aditz iragangaitz ez-akusatiboen eta ez-ergatiboen bereizketa nabari
da, esaterako, hartzen duten aditz laguntzailean, izan ere, ez-ergatiboek
frantsesez avoir eta italieraz avere laguntzailea hartzen dute
eta ez-akusatiboek, berriz, frantsesez être eta italieraz essere
laguntzailea. Ez-akusatiboen kasuan partizipioaren eta subjektuaren arteko
komunztadura gauzatzen dute bai frantsesez bai italieraz. Hizkuntzaz hizkuntza
badira hainbat ezaugarri ez-akusatiboak eta ez-ergatiboak sintaktikoki
bereizten dituztenak. Izan ere, Levin-ek eta Rappaport Hovav-ek, Rosen-ek
esanak bilduz, esan dute, to blush ingelesez eta arrosire
italieraz esanahi aldetik baliokide diren arren ('gorritu'), ingelesezkoa
ez-ergatiboa dela subjektuari egile rola egozten diolako. Aldiz, arrosire
aditzak italieraz egoera-aldaketa adierazten duen neurrian, ez-akusatiboa da,
eta subjektuari gai rola egozten dio.
Honainokoa, sarrera
orokor nahi baino luzeagoa, baina, tira...
Preskribatu,
funtzionatu eta dimititu bezalako aditz
iragangaitzez, berriz, aipatu behar da, iritzi guztiak ez datozela bat. Itziar
Lakak dio euskaraz ez-ergatiboak direla gaztelaniaz ere hala direlako, eta
subjektu egilea dutelako.
Beñat
Oihartzabalek esan dit preskribatu frantsesez iragankorra dela eta ez
zaiola ezaguna adiera iragangaitza.
Xabier Alberdik
joan den irailean Euskaltzaindiaren Biltzarrean, Gramatika Jardunaldietan
aurkezturiko artikulua bidali zidan (Euskera aldizkarian argitaratzekoa
da) eta hor ageri denez, «aditz mailegatu banaka batzuk (funtzionatu,
kotizatu, zirkulatu) ez dira egiledunak [...] hor sartzen da jokoan
barne-kausalitateko aditzen gramatikalizazio desberdinen hipotesia (Mendikoetxea,
1999: 1602-1605; Levin, 1995: 136, 146). "Funtzionatu",
"kotizatu", "zirkulatu" predikatuek barne-kausa duten
gertakariak adierazten dituzte: "makina horrek funtzionatzen du"
esaten denean, nolabait interpretatzen da makina horrek propietate edo
ezaugarri bereziren bat duela makina ibiltzea eragiten duena, hau da,
argumentuaren beraren propietateren bat jotzen da gertakariaren eragiletzat.
Badirudi, beraz [...] barne-kausaren nozioa [...] jokoan sartzen dela aditz
mailegatu iragangaitz batzuen erregimena erabakitzerakoan: alegia,
barne-kausalitateko predikatu batzuk ez-ergatibo gisa mailegatzen ditu
euskarak. Indar edo joera horixe nabaritzen bide da, batez ere hizkuntza
mintzatukoak diren hurrengo adibideetan eta antzerakoetan: "autoak ez du
arrankatzen", "pilotak txarto botatu du"...».
Bestalde artikulu
berean honako baieztapen hau ere egin du: «aditz ez-ergatibo mailegatu
gehienak (abdikatu, abortatu, abusatu, arnegatu, bidaiatu, blasfematu,
bogatu, deklaratu, desertatu, dudatu, emigratu...) egiledun tipikoak dira:
gertakari horietako gehienak izaki baten borondateari loturik daude eta izaki
batek kontrolatuak dira; maizenik izaki hori [+ gizakia] ezaugarriduna, edo
gutxienik [+ biziduna] izan ohi da».
Beste pasarte
batean, honela dio paseatu eta beste aditz batzuk direla-eta: «Saltatu
eta paseatu aditzei dagokienez, alde batetik ez dago dudarik
literatura-tradizioaren pisua da erregimenaren alde makurtzen dela,
nabarmenki gainera. Bide batez, paseatu aditza tradizioan da
aditz modura erabiltzeko arrazoietako bat gaztelaniazko erabilera pronominala
izan liteke (ik. DRAE, pasear). Baina beste alde batetik, Sarasolak
berak dioenez eta EEBS-ko datuek baieztatzen dutenez, ezin da ukatu gaurko
hiztun askok aditz horiek ez-ergatibotzat jotzen dituztela. Bi aditz hauetan Hiztegi
Batuak tradizioari eutsi nahi izan dio, baina ez-ergatiboen aldeko
bilakaera hori —Sarasolak apelatu, komuniatu, emigratu, eskatu eta itsastatu
aditzetan baieztatua— ez dirudi gaurko edo azken aldi honetako joera berria
denik».
Alberdik artikulu
horretan, besteak beste, ondorio hauek atera ditu: «Egia da erdarazko
aditz iragangaitz batzuk du aditz gisa geureganatu ohi ditugula euskaraz
(bidaiatu, eskiatu, korritu...). Baina trataera edo jokaera hori ez da
orokorra, bi aldagaik baldintzatua baizik: a) semantikaren aldetik, jokaera
ez-ergatiboa egiletasuna agerian duten aditzei (abdikatu, abortatu, abusatu,
arnegatu, bidaiatu, blasfematu, bogatu, deklaratu, desertatu, dudatu, emigratu...)
edota barne-kausalitateko gertakizuna adierazten duten aditz zenbaiti (funtzionatu,
kotizatu, zirkulatu) loturik ageri zaizkigu gehienbat; b) sintaxiaren
aldetik, jokaera ez-ergatiboa albo-erdaretan se klitikorik gabeko erdal
aditz iragangaitz egiledunetara mugatzen da gehienbat: horrelakoetan ageri da
garbien ez-ergatiboen aldeko joera berria ("saltatu du", "deskantsatu du", "dantzatu du", "olgatu du"...), tradizioko erabilera ez-akusatibo ohikoari
("saltatu da", "deskantsatu da", "dantzatu da", "olgatu da"...) bizkarra ematen
diona». Aurrerago honela dio: «gaztelaniaz edota frantsesez se
klitikorik ez duten aditz iragangaitz egiledunak dira gehienbat ez-ergatibo
gisa mailegatuak izateko hautagai direnak. Multzo horretakotzat har litezkeen
zenbait aditzekin (saltatu, deskantsatu, dantzatu, olgatu, komulgatu...)
gaurko erabileran da > du bilakaera baieztatu dugun arren, multzo
txiki horretatik kanpo ez dago duda-izpirik. Esate baterako, joera ez-ergatiboa
pentsaezina da albo-erdaretan se klitiko berezkoa duten aditzak (gazt. amotinarse,
atreverse, quejarse...) edota aditzen adiera klitikodunak (gazt. conformarse,
fiarse, portarse, signarse, descuidarse, divertirse, interesarse, ocuparse,
dedicarse, ducharse...) mailegatzean. Era berean, jokaera ez-ergatiboa
nekez gertatzen da existentzia edota agerpen-aditz gehienak (gazt. existir,
faltar, caber, pasar, sobrar...) mailegatzean».
Beraz, uste dut dimititu
aditzaren gainean ez dagoela zalantzarik: ez-ergatiboa da, subjektu egile
(gizaki) biziduna duelako.
Funtzionaturi buruz interpretazio ezberdinak dauden arren, ez-ergatiboa dela
baieztatu dute bai Itziar Lakak bai Xabier Alberdik. Kasu honetan, subjektua makina
bada, jakina, [- gizaki] eta [- bizidun] motakoa da.
Preskribatu ez-ergatiboa dela dio Itziarrek, baina gaztelaniaz jokabide bikoitza
duela esango nuke. Prescribir adiera iragankorrean aurkitu dut batean
eta bestean, baina ez iragangaitzean (beraz, adibideak neuk asmatuak dira).
Hector Campos-ek
dioenez (1999: 1.566-1.568) aditz iragankorrek eta ez-akusatiboek partizipio
egitura absolutua onartzen dute baina ez «berez iragangaitz direnek»
(«intransitivos en si» = ez-ergatiboak):
- Terminadas las labores, saldremos
a beber una copa [iragankorra] - Una vez partido el autobus,
no hay nada que podamos hacer para detenerlo [ez-akusatiboa] - *Ladrados los perros...
[ez-ergatiboa]
«*Funcionada
la maquina,...» edo «*dimitido el parlamentario» bezalakoak ez
dira zilegi aditz ez-ergatiboak direlako. Nik neuk, «una vez prescrito el
delito...» egitura zilegi dela esango nuke. Hortaz, ez-akusatiboa?
Gaztelaniaz
Camposek eta beste batzuek aditz iragankor eta iragangaitz ez-ergatiboek -dor/-tor
atzizkia onartzen dute eta aditzetik eratorritako egile-izenak edo
egile-adjektiboak (gazt. «sustantivos o adjetivos deverbales
agentivos") era daitezke. Euskaraz, -le eta -tzaile
atzizkiak ditugu pareko. Preskribatzaile hiztegietan ageri ez den arren,
zilegi dela esango nuke baldin eta preskribatu aditza bagenu adiera
iragankorrean, baina adiera iragankorretarako bestelako ordainak ditugu eta ez
dut uste «*delitu preskribatzaile» bezalako zerbait egin daitekeenik.
Hortaz, ez-akusatiboa?
Gai hori aztertu
dute Miren Azkaratek (1992) eta Lluisa Graciak (1992) ere.
Camposek beste
ezberdintasun bat ikusi du izenlagunen bidezko egituretan, galde- perpausak
eratzerakoan. Honako adibide hauek dakartza:
(176) a. Vendrán los jugadores de ese equipo b. ¿De qué equipo vendrán [los
jugadores _______]?
(177)a. Correrán los jugadores de ese equipo b. *¿De qué equipo correrán
[los jugadores _______]?"
Hau da, galde-perpausa
egokia da aditz ez-akusatiboen kasuan, baina ez- ergatiboen kasuan ez dirudi
zilegi denik. Prescribir aditzak ildo honetatik ez-ergatibo gisara
jokatzen duela dirudi:
- Prescribirán los delitos de la
década pasada - *¿De qué década prescribirán
[los delitos _________]?
Camposek (1999:
1.568) azkenik, beste ezaugarri bat aipatu du: se inpertsonalaren
erabileran, iraganaldian ez dago debekurik aditz ez-ergatiboen kasuan, baina
ez-akusatiboen kasuan ez dirudi naturala denik:
(179) a. Se trabajó todo el dia ayer b. ?Se llegó temprano a la
oficina ayer.
- Se prescribió la receta ayer
(iragankorra) - ?Se prescribió el delito
ayer (iragangaitz ez-akusatiboa?)
«El delito
prescribió ayer» egitura, aldiz, onargarri da.
Mendikoetxeak
dioenez (1999: 1.583), aditzaren partizipioa izenaren modifikatzaile gisara
ager daiteke ez-akusatiboen kasuan baina ez du horrelakorik onartzen
ez-ergatiboen kasuan:
(8) a. Un tesoro recientemente aparecido b. *Un perro muy ladrado.
Nik neuk «Un
delito (recientemente) prescrito» onargarri dela esango nuke, baina «*Un delito muy prescrito» ez da zilegi. Modifikatzaileen
mailakatzaileez ez dut ezer aurkitu aditz iragangaitzen sailkapenari loturik.
Aztertzeko moduko puntu bat izan daiteke.
Mendikoetxeak
beste ezberdintasun baten berri ere eman du (1999: 1.583), izan ere,
gaztelaniaz, aditz ez-akusatiboek determinatzailerik gabeko sintagmak onartzen
dituzte subjektu gisara, baina ez dirudi horrelakorik zilegi zaienik aditz
ez-ergatiboei:
(9) (ez-akusatiboak)
a. Siempre vienen mujeres b. Todos los años llegan las
cigüeñas c. Existen problemas.
«Esta posibilidad
está vetada para los verbos inergativos», dio:
(10) a. ?Duermen mujeres b. ?Juegan niños c. ?Trabajan jovenes"
Nik neuk «*prescriben delitos» ez dut uste zilegi denik. Hortaz, ez-ergatiboa?
Prescribir aditzak, adiera iragankorrean onartuko luke horrelako egitura
bat: «Prescriben recetas».
Datu horiek
ikusita ez dirudi harritzekoa denik batzuk edo batzuetan du
laguntzaileaz baliatzea eta beste batzuk edo beste batzuetan da laguntzaileaz.
«El delito
prescribe a los diez años» perpausean subjektu egilea dugula sinestea
kosta egiten zait. Barne-kausarik ere ez dut ikusten, preskribatzea
kanpo-erabaki batetik baitator (legez xedatua izateagatik edo dena
delakoagatik). Kanpo-kausalitatea dagoen gehienetan aditza ez-akusatiboa izan
ohi da Levin-ek eta Rappaport Hovav-ek esan bezala, baina gorago ageri diren
gaztelaniazko adibideetan jokabide bikoitza duela esan daiteke.
Nolanahi ere,
Xabier Alberdik esandakoa kontuan harturik normala dirudi du motako
aditza izatea: «sintaxiaren aldetik, jokaera ez-ergatiboa albo-erdaretan se
klitikorik gabeko erdal aditz iragangaitz egiledunetara [?] mugatzen da
gehienbat: horrelakoetan ageri da garbien ez-ergatiboen aldeko joera
berria».
OHARRA:
Terminologiaz: ez-akusatibo eta ez-ergatibo terminoak baliatu baditut ere, badira bestelako
proposamenak ere.
- ez-akusatiboak =
ergatiboak vs. ez-ergatiboak
- ez-ergatiboak = berez iragangaitzak (“intransitivos en sí”) vs.
ez-akusatiboak
BIBLIOGRAFIA:
ALBERDI, Xabier
(2001): "Euskal aditz mailegatuen erregimena: hurbilketa" (Euskera
aldizkarian argitaratzekoa. (Editatzailearen oharra: IKER 14 liburuan
argitaratu zuen azkenik Euskaltzaindiak, 2003an. Hemen bila daiteke; "mailegatuen" hitza sakatuta, adibidez).
AZKARATE, Miren
(1992): "Sobre los compuestos de tipo "sustantivo + sust/adj
deverval" en euskera" in GOENAGA, Patxi (arg.) (1995): De Grammatica
Generativa, Euskal Herriko Unibertsitatea & Gipuzkoako Foru Aldundia,
Gasteiz & Donostia, 39-50, ASJUren gehigarriak, XXXVIII.
CAMPOS, Hector
(1999): "Transitividad e intransitividad" in BOSQUE, Ignacio &
DEMONTE, Violeta (zuz.) (1999): Gramatica Descriptiva de la lengua española
2: Las construcciones sintácticas fundamentales. Relaciones temporales,
aspectuales y modales, Espasa Calpe, Madril, 1.519-1.574.
GRACIA, Lluisa
(1992): "Los nombres agentivos en -dor y la nocion de herencia en
morfología" in GOENAGA, Patxi (arg.) (1995): De Grammatica Generativa,
Euskal Herriko Unibertsitatea & Gipuzkoako Foru Aldundia, Gasteiz &
Donostia, 51-66, ASJUren gehigarriak, XXXVIII.
LEVIN, Beth &
RAPPAPORT HOVAV, Malka (1995): Unaccusativity: At the Syntax-Lexical Semantics
Interface, The MIT Press, Cambridge, Massachusetts, London, England.
MENDIKOETXEA,
Amaya (1999): "Construcciones inacusativas y pasivas" in BOSQUE,
Ignacio & DEMONTE, Violeta (zuz.) (1999): Gramatica Descriptiva de la
lengua española 2: Las construcciones sintácticas fundamentales. Relaciones
temporales, aspectuales y modales, Espasa Calpe, Madril, 1.575-1.629
Askotariko testuinguruetan isiltzen da aditz laguntzailea euskaraz:
(1) a. Nik etortzeko esan, eta zu etorri ez. b. Zer gerta ere joan beharra dago. c. Zer ikus(i), hura ikas(i). d. Zain dauzkagu ea noiz joango. e. Sosak amaitu zaizkigu. Hemendik aurrera, Jainkoak esango. f. …
Aurreko adibide horietan (1), ez dugu komunztadura-arazorik, subjektua bakarra baita. Kontua da zer komunztadura egiten duten subjektuek perpaus koordinatuetan perpaus bateko eta besteko aditzak erregimen berekoak ez direnean. Sarako erretore Iturrik egoki azaldu zuen jokabide hori bere Lapurteraren gramatikan.
Dans une phrase, il peut se trouver plusiers verbes périphrastiques, qui tous experiment la même relation quant au mode, au temps, à la personne, au complément, au nombre, etc. Alors, pour la rapidité et la force de la phrase, mieux vaut ne pas répéter l´auxiliaire après chaque infinitifer.
Adibide bat emanik, aise antzemango diozue kontuari.
(2) a. Mikel Iruñera joan eta hainbat mandatu egin zituen? b. Mikelek, Iruñera joan, eta hainbat mandatu egin zituen?
Puntuazio moldeak gorabehera, komunztadurari dagokionez, horiexek dira lehian dauden ereduak. Itxura batean, Iturriren azalpenaren arabera, halakoek ez leukakete lekurik, osagaiak-eta aldatzen baitira, baina ez dezagun oraindik atera ondoriorik.
Komunztadurari dagokionez erabateko adostasunik ez den arren (horrexegatik prestatu dugu lantxo hau), komeni da, badaezpada ere, adostasun zabala duten beste alderdi batzuk gomutara ekartzea.
Bateko, badirudi garbi dagoela karga semantikorik handieneko aditzak (halakorik balego, bistan denez) eramaten duela laguntzailea, (3b) adibidean ageri denez.
(3) a. Atea ireki zuen eta besarkada luze bat eman. b. Atea ireki eta besarkada luze bat eman zion.
Besteko, aipatu beharra dago laguntzailea isilean duen aditzak aspektu-markari eutsi behar liokeela (erregistro jasoan, bederen). Horretan, klasikoak ereduzko dira.
(4) a. Eta zuk erranagatik garizuman kofesatuko zarela, orduan kontuak eginen eta zorrak pagatuko ditutzula, engana ahal zindezke. (Axular: Gero)
b. Errepuesta haur, hunein hotza, motza eta gogorra enzun dezatenean, nork pensatuko du, zer eginen etaerranen duten? Zer sentimendu erakutsiko duten? (Axular: Gero)
c. Etzaren hain hertsi, eta kokhart, eta handik eztakizula gertha Geronimo sainduak aingiraz erraiten duena: Zenbatenaz ere aingira eskuetan gehiago hertstuko, eta juntatuko baituzu, hanbatenaz lasterrago joanen eta eskapatuko zaitzu, eta handik zure arrantza galdu dukezu. (Etxeberri Sarakoa. Euskararen hastapenak)
2. Aditz laguntzaileak agintzen du
Askoren ustea da aditz laguntzailedunak gobernatzen duela subjektuaren komunztadura. Aburu hori nagusitu zen, esaterako, 2003ko maiatzean Itzul posta-zerrendan izandako eztabaidan. Hemen duzue Juan Garziak iruzkin-hari hartan idatzitakoa.
Elipsizko perpausa ez da formalki menderatua, baina baditu ezaugarri batzuk menderatuetara hurbiltzen dutenak. Besteak beste, partizipio burutua finkoa da halakoetan, elipsigabeak markatzen baitu aspektua:
Hortxe eserTZEN/IKO da(,) eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du. > Hortxe eserI, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du.
[…] Beste norbaitek argitu duen moduan, eliptikoaren aurretik komarik gabe doan elementua eliptiko horrexena da, eta ez bestearena:
Patxi hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du (beste norbaitek).
Beraz, edo honela ematen da:
Patxik, hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du.
[…]
Edo, bestela, eta hori ere adierazi du baten batek:
Hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du Patxik.
Hortik landakoak ez dira, nire ustez, zuzen eta egokiak, elipsi molde horretan. Gutxiago erabiltzen dugun baina hainbat abantaila dituen kontrako bidean, berriz, koma gutxiago behar da noski, lehenbiziko perpausa baita nagusi(tu)a, eta besteak haren subjektua hartzen baitu noski, menderatuek bezalaxe:
Patxi hor esertzen/eseriko da(,) eta egunkaria irakurtzen/irakurriko (?irakurri)
Horiek dira, nire ustez (nire uste hala ere guztiz sendoz), aukera egokiak.
Lehendik ere landua zuen gaia Garziak Joskera lantegi mamitsuan.
Patxi Petrirenak ere idatzi du gai honetaz, EIMAk laster plazaratuko duen Morfosintaxia liburukian.
Aditz guztiak erregimen berekoak ez direnean, laguntzailea agerian duen aditzarekin egiten du subjektuak komunztadura (b eta c kasuak).
a) Mutikoa gelan sartu zen(,) eta atea itxi zuen. b) Gelan sartu eta atea itxi zuen mutikoak. c) Mutikoak, gelan sartu, eta atea itxi zuen.
3. Subjektutik hurbilen dagoen aditzak agintzen du
Ez dago jarrera honen aldeko berariazko teorizaziorik (adibideak ugari dira, ordea). Zerbait ekarri behar hona, eta Fernando Reyk Itzulera igorritako mezu hau dakarkizuet (Juan Garziarenaren iritzi-truke berekoa da).
Nik honelaxe idazten dut beti.
Aitak goizean esparragoak bildu eta igerilekura joan da.
Zer du txarra horrek?
Esaldi horiek, niretzat, kopulatiboak dira eta subjektuaren komunztadura hurbileneko aditzarekin egiten dut.
Aitak goizean esparragoak bildu eta igerilekura joan da.
Aita goizean baratzera joan eta esparragoak bildu ditu.
Ez naiz, dena dela, tematuko. Norbaitek bestela behar duela frogatzen badu, aldatu eta kitto.
4. Literaturako adibideak
Ez da erraza bilaketak egitea, hitz bat edo hitz sail jakin bat bilatzen ez duzunean. Haztamuka ibili nahi ez, eta bilaketa nola edo hala mugatu behar izan dugu. Guk joan eta segmentua (eta horren hagakoak: ioaiten eta, ioan eta…) xerkatu dugu. Klasikoetan eta gaur egungo testuetan egin dugu bilaketa. Ohartuko garenez, emaitzak oso bestelakoak dira batean eta bestean.
4.1. Klasikoak
(5) a. Pernandok izkutura joan eta ardagai puska bat piztu zuan. (G. Muxika: Pernando Amezketarra)
b. Atzean zetorren soldaru prantzesak txoperrarenganaño joan eta itz egin zion. (Txillardegi: Leturiaren egunkari ezkutua)
(6) a. Ori, zaut hasten besotik harturik ene laguna, zelhaia erhiaz erakusten zaundalarik: Egiak baditu hiru itxura, baldin beha egoiten bazaizkio aitzinetik, parrean, edo, han harat joan eta, gibeletik. Hiru itxura berezi. Egia bera ezin ezagutuz, hiruetarik bat hautatzen baitu gizonak eta bere barnean finkatzen, ordutik eratxikitzen daizkolarik bere egintza eta gogoeta guziak. Hoberenaren berextera behar baitu beraz ari, bere onetan. (J. Etxepare: Buruxkak)
b. Bereala errira joan eta jende guziari esan zioten, Israel'tarrakkin itzegin zutela; eta bi aldetakoak ezkontzaz elkartzea txit ondo zetorkiela; baña onetarako Israel'tarren legeak agintzen zuena egin bear zala. (Lardizabal: Testamentu zarreko edo berriko kondaira)
c. Polita, Zezili, polita, deabruen batek galerazoten ezpadeust. Ara: zuk senarraren eriotzea ixillean eukiko dozu. Bien bitartean, ni zurera joan eta senarraren oean, ondo-ondo estalduta, sartuko naiatzu. Gela erdi-illunean dagoala, notarioari deituko deutsagu, eta lar ondo be jakingo dot nik zer erantzun. Zer deritxazu, Zezili? (P. Bilbao: Ipuin-barreka)
d. Gure zangurrua une onen begira egoan. Karramarruarengana joan eta esan eutson. (P. Bilbao: Ipuin-barreka)
e. Eta gertha zedin bidean ioaiten eta Damascera hurbiltzen ninzela eguerdu irian, subitoki zerutiko xistmist anzoko argi handi batek ingura bainenzan: (J. Leizarraga: Testament berria)
Aditzei erregimen desberdina dagokienean, oso gutxitan esplizitatzen da subjektua (6). Subjektua esplizitua denean (5), hala ere, aditz laguntzailedunak gobernatzen du haren komunztadura, baina halakoak oso bakanak dira.
4.2. Ereduzko Prosa Gaur
(7) a. Joabek erregeagana joan eta esan zion: "Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten?” (Elizen Arteko Biblia)
b. Filistearren buruzagiek emakumeagana joan eta esan zioten. (Elizen Arteko Biblia)
c. Eta nik joan eta McGonagall andereñoarena begiratu nuen erregistroan, eta mende honetan zazpi animagus bakarrik izan dira, eta Pettigrewen izena ez zegoen zerrendan... (J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren: Harry Potter eta sorgin harria)
d. Ni izkinara joan nintzen itsumustuka, neure ohiko aulkira, eta Nanniek, arasara joan, eta jerez botila bat eta ardo-kopa batzuk atera zituen. (J. Joyce / I. Aldasoro: Dublindarrak)
e. Nik lanera joan eta egun guztia lasterka ematen nuen entregatu behar ziren zapata kaxa handi haiekin. (G. Celati / P. Lizarralde: Denak hasperenka)
f. Gero mezulariak azokara joan eta kondenatuen izenak eta delituak aldarrikatu zituzten. (Y. Kemal / F. Rey: Ararat mendiaren sumina)
g. Bada, ninfak joan eta esan zion uzteko negarrak eta mozteko enbor batzuk, haiekin almadia bat egiteko, etxera bidaliko zuela eta; biderako ogi eta ardo ugari ere emango ziola, eta zer jantzi ere bai. (Homero / J.K. Igerabide: Ulises)
(8) a. Oharrik utzi izan ez banio gutxienez, ertzainak gela miatzera joan eta liburua aurkitu zutela esan niezaiokeen, baina momentuko urduritasunean Monikari argibide bat, desenkusa bat zor niola pentsatu nuen. (J. Agirre: Romain zen bere izena)
b. Gero Amy txabolaren beste aldera joan eta han, eserita, burua sorbalda aldera okertu eta ilea txirikordatu zuen, esanez:-Ez hadi gero gauaren erdian hil, entzun? (T. Morrison / A. Garikano: Maitea)
c. Neska harraskara joan eta katilukada ur ponpatu zuen. (T. Morrison / A. Garikano: Maitea)
d. Andereñoa hitzik esan gabe belazera joan eta kapela ekarri zion. (L. Perutz / A. Garikano: Bederatzietatik bederatzietara)
e. Erretorea, gertatzen ari zenaz jabeturik, Leo Steinitzengana joan eta zerbait esan zion belarrira, niri gehiegizkoa iruditu zitzaidan kortesia batez. (A. Lertxundi: Ihes betea)
f. Gero ama aitarengana joan, eta esaten zion. (N. Ginzburg / F. Rey: Gure etxeko kontuak)
g. Amona xahar bat Gizonarengana joan eta paketea ukitzen dio. (X. Mendiguren Elizegi: 16 ipuin amodiozko)
Ia proportzio berean agertzen dira eredu bateko eta besteko adibideak, baina egileak guztiz sistematikoak dira horretan (horrek agerian uzten du aldez aurretik gogoeta eginda daudela auzi honen inguruan). Anton Garikanoren itzulpenetan, kasurako, subjektuaren ondoko lehenbiziko aditzarekin bat dator subjektua, beti, eta beste horrenbeste esan daiteke Fernando Reyren lanez. Gisa berean, Elizen Arteko Biblian laguntzaileak erabakitzen du zer gramatika-kasu dagokion subjektuari; hor ere, salbuespenik gabe.
Nabarmena da testu klasikoetan hain bakan eta urri zen jokabidea hain naroa izatea gaur egungo testuetan.
5. Ondorioak
Aurrenik eta behin, esan dezagun ohartukiago aztertu behar litzatekeela auzia eta, literaturako adibideekin batera, ahozko jarduneko corpusak ere xehe arakatu (ailitz halakorik!).
Itxura batean, bederen, egokiago da laguntzaileak erabakitzea zer komunztadura dagokion subjektu esplizitatuari, baina, bestalde, datuak ikusirik, ez dirudi hori ere guztiz gomendatzekoa denik. Alegia, ahal dela, horrelako egoerak saihestu behar lirateke, dela subjektua isilduz (9a), dela laguntzaile guztiak esplizitatuz (9b), dela subjektua aditz laguntzailearen ondotxora ekarriz (9c). Azkenik, koordinaziora barik menderakuntzara jo daiteke (9d), eta denbora-kutsuko mendeko perpaus bat erantsi koma artean (osagai parentetiko gisa).
(9) a. Gelan sartu eta argia piztu zuen. b. Mutikoa gelan sartu zen, eta argia piztu zuen. c. Gelan sartu eta argia piztu zuen mutikoak. d. Mutikoak, gelara sarturik/sartutakoan, argia piztu zuen.
Esan beharrik ez dago (9a) adibidearen tankerako esaldietan subjektuak bistakoa izan behar duela, nahasbiderik gabe.
Horrela jokatuz gero, eragotziko litzateke komunztaduraren bi osagaiak (subjektua eta aditza) hain urruti egoteak aldi batez dakarren itxurazko komunztadura falta.
Gure hau osatzeko, ItzuLen esandako horiek guztiak
jasotzen eta ordenatzen saiatu gara, baita han eta hemen siglen deklinabideari
buruz idatzi izan direnak ere, osagarri. Esaterako, esku artean ibili ditugu
Argiro idazteko proposamenak eta ariketak, Azpidazki, Berriaren estilo liburua,
EIMAren Letra larriak, EIMAren Ortotipografia, Euskaldunon Egunkariaren estilo
liburua (2001), IVAPen estilo liburua, Senezen agerturiko artikulu batzuk,
UZEIren Laburtzapenen gidaliburua…
2. Bi sigla mota
Badirudi nahiko garbi dagoela bi sigla mota daudela: izen
berezien siglak, batetik, eta izen arruntenak, bestetik. Diskurtsoan txertatzen
direnean, mota bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, batez ere deklinabideari
dagokionez.
2.1. Izen berezien siglak
Izen bereziak ordezkatzen dituzten siglak, hala nola
'EAJ', 'NBE' eta 'NATO', izen bereziak bezala deklinatu ohi dira.
2.1.1. Bi kasu berezi: plurala bai edo ez?
2.1.1.1. 'AEB'
Izen berezi
bat ordezkatzen du, baina plurala den izen berezi bat. Horrek zalantza
sortzen du: nola deklinatu, gainerakoak bezala, artikulurik gabe, ala pluralean?
Eta egiaz nola irakurtzen da? Alegia, /a-e-be/ irakurtzen dugu, edo azpian den
‘[Ameriketako] Estatu Batuak’?
Gainerako siglak bezala deklinatzearen aldekoek ez dute
arrazoirik ikusten ‘AEB’ pluralean deklinatzeko. Alde horretatik, guztiz sistematikoa
da haien jokabidea, salbuespenik gabea: sigla irakurtzen da eta sigla irakurri
behar da, ez atzean den izena.
Nolanahi ere, zaila da esaten kasu honetan egiaz sigla
irakurtzen den ala ez. Hizketan ari garela behintzat, testurik gabe, inork ez
du esaten /a-e-be/, baizik eta ‘Estatu Batuak’. Alde horretatik, badirudi
oraindik ez duela lortu sigla guztiz ‘beregaina’ izatea, esaterako ‘EIMA’,
‘UZEI’ eta ‘PSOE’ diren moduan, nahiz eta gutxienez 2001. urteaz geroztik
erabiltzen den —Euskaltzaindiak 1999an onartu zuen ‘AEB’ izatea Estatu Batuei
dagokien sigla, baina zabaltzen hasi zenerako bazen 2001. urtea, oso oker ez
bagaude—.
Pluralean deklinatzearen aldekoek, berriz, salbuespena
egiten dute. Haien arrazoibidea hau da: testuan lehenik ‘Ameriketako Estatu
Batuak (AEB)’ aipatu eta handik aurrera ‘AEB’ sigla erabiltzen bada, pluralari
eustea komeni da, bestela koherentziak huts egiten duelako:
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) enbaxadorea izango dute
Libian, 36 urtean lehen aldiz. AEBk Gene Cretz izendatu du kargu horretarako.
(?)
Gaur egun, EIMAk proposatzen du ‘AEB’ izen berezi moduan
deklinatzea; Berrian eta Elhuyaraldizkarian, adibidez, pluralean idazten dute.
Ereduzko prosa gaur corpusean ‘AEB’ lema moduan jarrita, hau ageri da liburuetan:
Izen berezi moduan deklinatua: Filosofiako gida (Askoren
artean).
Pluralean: Oskar Arana (Brooklyngo erokeriak), Iñigo
Aranbarri (Hizlandia), Harkaitz Cano (Neguko zirkua, Belarraren ahoa), Itziar
Eizagirre eta Amaia Lizarralde (Garapen iraunkorra), Edurne Elizondo (Itoiz,
porlanezko gezurra), Monika Etxebarria (Goragalea), Gotzon Garate (New Yorkeko
kronika beltza), Iñaki Heras (Txanponaren bi aldeak), Edorta Jimenez (Hemingway
eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan), Alberto Ladron Arana (Eguzki beltzaren
sekretua), Juan Ignacio Pérez eta Pello Salaburu (Unibertsitatea eta euskal
gizartea gaur), Txema Ramírez de la Piscina (Ikus gaitzazuen), Urtzi
Urrutikoetxea (Zoririk ez), Iban Zaldua (Etorkizuna), Patxi Zubizarreta
(Pospolo kaxa bat bezala), Joseba Zulaika (ETAren hautsa),
Hori ikusirik, badirudi erabilera pluralaren alde
makurtzen dela, baina Interneten, noski, denetik ageri da.
2.1.1.2. Izen
bereko hainbat subjektu: EKT
EIMAren Ortotipografialiburuan emana dago kasu honen berri:
“Sigla batek izen bereko hainbat subjektu baldin baditu, orduan sigla hori
pluralean deklinatuko da hala dagokionean. Horixe da, esate baterako, EKT
(Euskal Kultura Taldea) siglaren kasua, honako adibide honetan ikus
daitekeenez: 'Ahozkotasuna ikertzen ari dira Durangoko EKTn eta Gipuzkoako
EKTetan.'”
2.2. Izen arrunten siglak
Izen arruntak bezala deklinatzen dira, artikulu eta
guzti. Horrelakoak dira, adibidez, ‘PC’ (ordenagailua) eta ‘CD’ (disko mota).
Guztiz lexikalizatzen direnean, letra xehez idazten dira: ‘hiesa’, ‘radarra’,
‘modema’…
2.2.1. Nola deklinatu azken letra ‘-a’ dutenak?
Bi joera daude:
EIMAren Ortotipografialiburuan, ‘A + a = A-ak’ idaztea
proposatzen dute. Honela:
NA-a, NA-ak, NA-aren, NA-ari…
DNA-a, DNA-ak, DNA-aren, DNA-ari…
Beste batzuek ‘A +a = A’ idazten dute. Honela:
NA, NAk, NAren, NAri…
DNA, DNAk, DNAren, DNAri…
Orain arte, bigarren joera izan da nagusi, eta badirudi
EIMAk berak atzera egin lezakeela, Letra larriak liburuan honela baitio:
“Letra larriz idazten dira izen arrunten siglak ere.
Adibideak:
BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga), TAOa (trafiko eta
aparkamenduaren ordenamendua), PVCa (polibinil kloruroa), DNA (azido
desoxirribonukleikoa)... ”
2.3. Kasu eztabaidagarri batzuk
Hona hemen zalantza sortzen duten sigla batzuk, besteak
beste Itzul zerrendan bertan ikusi dugunez: ‘BEZa’/‘BEZ’; ‘PFEZa’/’PFEZ’;
‘KPIa’/’KPI’; ‘I+Ga’/’I+G’; ‘AHTa’/’AHT’… Eztabaidaren muina hau da: ea sigla
horien atzean izen bereziak dauden, edo izen arruntak.
2.3.1. Zergak
‘BEZ’ eta ‘PFEZ’ agertu zaizkigu, baina, bistan denez,
zergen sigla guztiei dagokie eztabaida. Gure administrazioetan, izen berezitzat
hartu ohi dituzte zergen izenak, eta beste erakunde batzuetan, berriz, izen
arruntzat; adibidez, EIMAn eta Berrian.
“Euskarazko
testu ofizialetan, dena den, ohikoa da zerga-izenak letra larriz hasita idaztea
(Balio Erantsiaren gaineko Zerga; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga),
hori baita Espainiako administrazio-testuen tradizioa (Impuesto sobre el Valor
Añadido; Impuesto sobre la Renta de las Personas Físicas). Frantziako testu
ofizialetan edo katalanezko testu ofizialetan, berriz, letra xehez idazten dira
zerga-izenak (frantsesa: taxe sur la valeur ajoutée; impôt sur le revenu des
personnes physiques. Katalana: impost sobre el valor afegit; impost sobre la
renda de les persones físiques)”.
Argi pixka bat egiteko, ikus dezagun beste hizkuntza
batzuetan nola jokatzen duten, esaterako, balio erantsiaren gaineko zerga
adierazteko orduan:
Ingelesez, letra larriz nahiz xehez ageri da Interneten,
baina erabilera zainduan nabarmena da xehez idazteko joera; esaterako,
Britannica entziklopedian eta The Economisten, The Guardianen eta The
Timesen estilo liburuetan: ‘value-added tax’.
Frantsesez, administrazioan ez ezik bestela ere letra
xehez idazten dute; adibidez, Le Monderen estilo liburuan: ‘taxe sur la valeur
ajoutée’.
Gaztelaniaz, administrazioaren tradizioa gorabehera,
Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiaren Guía del Departamento de
Lengua Españolan letra xehez idaztea gomendatzen dute, ohartxo bat gehituta:
“impuesto sobre el valor añadido (IVA) [en determinados
contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]
impuesto sobre el volumen de negocios [sistema común del
impuesto sobre el valor añadido: base imponible uniforme; en determinados
contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]
impuesto sobre la renta [en determinados contextos se
escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]”
Era berean, Europako Erkidegoetako Argitalpen Ofizialen
Bulegoaren Libro de estilo interinstitucionalen ere letra xehez idatzita ageri
da.
Hizkuntza bateko eta besteko tradizioaren erakusgarria
dugu IATEren datu basea: ‘value added tax’, ‘taxe sur la valeur ajoutée’,
‘Impuesto sobre el Valor Añadido’.
Hori guztia kontuan harturik, badirudi zergen izenak
letra xehez idaztea dela joera nagusia, Espainiako tradizioaren eraginez
administrazioan bestela jokatzen bada ere. IVAPen estilo liburuan bertan,
honela diote:
“[…] zenbaitetan, erabiliaren ondorioz, sigla batzuk izen arrunt
bilakatzen dira eta artikulua hartzen dute. Esaterako: BEZa […]”.
2.3.2. Besterik
Zalantza sortu ohi duten beste kasuetan (‘KPIa’/’KPI’;
‘I+Ga’/’I+G’; ‘AHTa’/’AHT’), sigla horiei dagozkien izenak letra xehez idazten
dituzte Elhuyar hiztegian, Euskaltermen eta Zehazki hiztegian (‘ikerketa eta
garapen’ ez da ageri). Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere xehez idatziak
ageri dira bai Britannicaentziklopedian eta bai IATEren datu basean.
Hori guztia kontuan harturik, badirudi zentzukoena
‘KPIa’, ‘I+Ga’ eta ‘AHTa’ idaztea litzatekeela, betiere onartzen badugu izen
arruntak direla.
3. Nola lotu atzizkia: marratxorik gabe
Siglei marratxorik gabe eransten zaie atzizkia
gehien-gehienetan. Nolanahi ere, badira salbuespena egin ohi den kasu batzuk.
Hona hemen zenbait idazkera liburuk zer kasutan gomendatzen duten marratxoa
erabiltzea:
Letra larriz idatziriko testuetan (Azpidazki, Argiro
idazteko proposamenak eta ariketak, Berria, EIMAren Ortotipografia).
Sigla bati letraren bat edo batzuk erantsiz sortutako
sigletan; hau da, ‘PCEr’, ‘ETApm’, ‘NPGb’, ‘RNAm’ eta gisakoetan (Berria).
Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena bera
direnean (Azpidazki, Argiro, Berria, EIMAren Ortotipografia).
Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena ‘-k’
direnean (Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua, IVAPen estilo liburua).
Siglaren azken letra ‘-r’ denean (Berria). Siglaren
azken letra ‘-r’ izanik atzizkiaren lehena bokala denean (Azpidazki, IVAPen
estilo liburua). // Siglaren azken letra ‘-r’ denean ere ez da marratxorik
erabiltzen, eta ez da bikoiztu behar (EIMAren Ortotipografia).
Lehenbiziko bi kasuetan nahiko argi dago marratxoa
jartzea komeni dela, argitasunaren mesedetan:
PS-KO KIDEA; ELA-REN ERABAKIA
PCEr-ko
kidea; Bi RNAm-ak batera
Beste hiruretan, batez ere estetikoa da kontua, eta,
beharbada horregatik, nahasiagoa erabilera. Oraingo nahas-mahasean, forma hauek
ari dira lehian:
GKE-etan / GKEetan
AEK-ko / AEKko
NFR-ko / NFRko; PAR-eko / PAReko
Zaila da esaten zenbateraino dagoen zabalduta bata eta
bestea. Nolanahi ere, Googlen begiratu bat emanda, badirudi ‘GKEetan’ forma
gehiago erabiltzen dela ‘GKE-etan’ baino: ‘GKEetan’ 1.670 aldiz, eta ‘GKE-etan’
bederatzitan. Baina ‘AEK-ko’ gehiago ageri da ‘AEKko’ baino: ‘AEK-ko’ 14.200
aldiz, eta ‘AEKko’ 344tan…
Alegia, badirudi erabiltzaileek gehienbat bi ‘k’
elkartzen direnean sentitzen dutela marratxoa erabiltzeko premia eta, hango eta
hemengo gomendioen gainetik, jokabidea errazte aldera egin dutela. Ockhamgoaren
labana zorroztu beharko dugu…
Galdera hau egin zuen Ales Bengoetxeak, 2005eko
martxoaren 22an,
ItzuL
zerrendan: “gorri koloreko arrosa” ala “kolore gorriko arrosa”? Datu batzuk
eman zituen Alesek berak. “Euskal hiztegietan begiratuta, badirudi izenondo
gisa joan behar dutela urdin, hori, gorri
eta abarrek (kolore urdineko, kolore
horiko, kolore gorriko...), baina Ereduzko Prosa Gaur corpusean begiratuz
gero, gauzak ez daude horren garbi (parentesi artean, zenbat aldiz ageri den): kolore berdeko (1), berde koloreko (4),
kolore gorriko (2), gorri koloreko (1), kolore horiko (1), hori koloreko (7)…”.
Hiru urte joan dira galdera hori zerrendan plazaratu
zenetik, corpusa hazi da, eta adibide gehiago ateratzen dira bilaketak egitean.
Berdearen kasuan, adibidez, hauek dira 2008ko maiatzeko kopuruak: 6 aldiz ageri
da kolore berdeko hitz-segida, eta 12
aldiz berde koloreko segida. Bigarren
kopuru hori, ordea, ez da benetakoa: 12 horietatik, zazpi bakarrik dira berde koloreko, besterik gabe; gainerako
bostetan, berdeak ñabardura jakin bat du (“sagar-berde
koloreko tapiz”, adibidez). Hiru multzo hauek egin ditzakegu:
a) kolore
berdeko praka kolore
berdeko pastilla kolore
berdeko jertse kolore
berdeko kotagaineko kolore
berdeko jardunaldi
Ales Bengoetxeak egindako galderaren haritik, bost
lagunek egin zituzten iruzkinak posta-zerrendan: Fernando Rey, Patxi Petrirena,
Julian Maia, Antton Gurrutxaga eta Antton Elosegi. Testu hau osatzeko,
lagungarri izan ditut Alfontso Mujikaren oharrak ere. Adostasun handia nabari
da aztergai nagusiaren inguruan: gorri
(edo berde, etab.) izenondo soila da lehen aukera, eta kolore hitza sartuz gero kolore
gorriko da erabiltzekoa, eta ez gorri
koloreko (beraz, baztertu beharrekotzat jo ziren b multzokoak, oro har). Hala ere, badira azterkizun gehiago ere, c multzoko adibideen eta kolore-izen
berriago batzuen haritik (3. eta 4. puntuetan ikusiko ditugu).
2.
Berdea, arrosa-kolore(ko)a eta arrosa
ItzuLen esandakoak aintzat hartuz eta zehaztasunen bat edo
beste sartuz, honela laburbildu liteke gaia:
2.1. Kolorea
adierazteko hitz batzuk adjektiboak dira: zuri,
gorri, berde, hori, urdin, marroi, gris… Hala, etxe gorria, jertse berdea eta horrelakoak esaten ditugu.
2.2. Gaur egun, erdaraz "de
color verde", “de couleur vert” erako esamoldeak erabiltzen direlako
edo, “berde koloreko liburu bat"
eta halakoak entzuten eta irakurtzen dira. Aukerarik arruntena “liburu berde bat” da, eta kolore izena erabili nahi bada, berriz,
“kolore berdeko liburu bat”.
2.3. Beste zenbait kolore edo ñabardura adierazteko,
adjektiboez baliatu beharrean, gauza batzuen izenez baliatzen gara: arrosa(-)kolore, gaztaina(-)kolore,
laranja(-)kolore, urre(-)kolore, ardo(-)kolore, teila(-)kolore,
pistatxo(-)kolore… Hitz-elkarketak ditugu halakoak berez (izena + izena),
eta bi jokabide sintaktiko dituzte:
izenlagun,
izenaren ezkerretik: arrosa(-)koloreko
elastikoa, ardo(-)koloreko itsasoa, urre(-)koloreko xingola…
izenondo,
izenaren eskuinetik: elastiko
arrosa(-)kolorea, itsaso ardo(-)kolorea, xingola urre(-)kolorea…
2.4. Aurreko saileko izen horietako bat edo beste adjektibo
ere bihurtua da dagoeneko. Esate baterako, arrosa.
Izan ere, "arrosa(-)koloreko
elastiko” edo “elastiko arrosa(-)kolore”
ez ezik, “elastiko arrosa” ere esaten
da. Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian,
adjektibo izate hori ere aitortu zaio hitzari: Elastiko arrosa.
2.5. Esan liteke beste kolore-izenen bat ere bide berean
aurreratua edo bururaino iritsia dela. Inor gutxi harrituko da, esate baterako,
"laranja(-)koloreko euritako”
edo “euritako laranja(-)kolore” ez
ezik “euritako laranja” ere entzuten
badu. Idatziz ere aurki daitezke adibideak (EPG edo Ereduzko Prosa Gaur corpusean aurkitu ditugu hauek).
Azkenean
gorbata laranja
bat aukeratu zuen. (Bederatzietatik
bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano).
Argi laranja ahul batek girotzen zuen kolore granateko girnaldez
apaindurik zegoen klubeko terraza. (Egurra
Pinotxori, Aritz Gorrotxategi).
2.6. Adjektibo bihurtzeko bide hori egin badute kolore-izen
batzuek, edozeinek egin ote dezake? “Gaztaina(-)koloreko
begiak” edo “begi gaztaina(-)koloreak”
izan ote daitezke "begi gaztainak"?
“Teila(-)koloreko jaka” izan ote
daiteke “jaka teila”? Edo “izokin(-)koloreko pintura” izan ote
daiteke “pintura izokin”? Aipatutako
bi kasuetatik landa (arrosa eta laranja), ez dirudi gure belarriak
oraingoz halakoak ongi hartzen dituenik.
3.
Fuksia, turkesa eta beste
Hainbat kolore-izen berri
ere bada: fuksia, turkesa, zian…
Halakoak ez ditugu, oro har, izen ezagunekin lotzen, eta esan liteke ez
dakigula zehazki izen edo adjektibo sentitzen ditugun. Hona turkesa-ren adibide batzuk, Ereduzko
Prosa Gaur-etik hartuak. Zenbaitetan, esaldi berean ere bi eredu ageri dira:
Gilderoy
Lockhart, ordea, ezin garbiago zegoen turkesa-koloreko jantzi dotoreekin, ile horia dir-dir zuela
urrez apaindutako kapela turkesa
ondo jarriaren azpia. (Harry Potter eta
sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren).
Han
koaderno ezin politagoak ikusi ditut, eta nire barrena askatzeko (zerikusirik
ez bulegoko akta, agiri eta fakturekin) eta nire zuloa nola edo hala ixten
laguntzeko, azal turkesa
duen hauxe hautatu dut, politegia aukeran bertan idatziko ditudanak kontuan
hartuz. (Jeans-ak hozkailuan, Patxi
Zubizarreta).
Gure ustez, normala da hein batean arrotz diren kolore-deitura horiek izenondotzat hartzea eta
izenaren eskuinetik ematea.
Azken ordukoa: Euskaltzaindiak eman berri duen arau batean (Hiztegi Batuko F letrari dagokiona), fuksia
ageri da, informazio honekin: “fuksia 1 iz. Fuchsia sp. 2
iz. eta izond. (kolorea)”.
4.
Pinu berdea eta pinu-berdea
Aztertzekoa da beste sintaxi-kontu pare bat ere,
sarrerako c) multzoko adibideen haritik.
4.1. Berez adjektibo den kolore bat (berde, esaterako), izen batez ñabarturik ager daiteke, eta,
hartara, hasierako c) multzoan jarri ditugunen erako egiturak osatu: “aza-berde koloreko tapiza”, “sagar-berde koloreko oihala”… Aposizioan
doa, halakoetan, kolore hitza,
kolorea deskribatzen duen hitz-elkarketaren ondoan (azaren berde = aza-berde).
Ikus, adibidez, Aurelia Arkotxak 2008-10-31ko Berrian idatzitako hau:
“Ohartzen naiz berehala, zaia artilezko eskoziar tartan berde ilun elegantez
duela, eta harekin estetikoki ongi doan pinu-berde koloreko elastiko (jertse) fina.”
4.2. Halako ñabardura batzuk toki-izenekin lotzen dira. Esate baterako, urdin jakin bati gaztelaniaz "azul Bilbao" deritzo, eta berde bati "verde Bidasoa". Euskaraz, berriz ere hitz-elkarketaz, bilbo-urdin eta bidasoa-berde, ez dira oso erabiliak baina.
4.3. Gertatzen da, kasu batzuetan, kolore-izen bati adjektibo bat eranstea ere: iratze(-)kolore ez ezik,
"iratze+ondu+kolore”zango genituzke esan nahia ere gerta daiteke, adibidez. Zer forma
dagokie halakoei? Ezinbestekoa da -en
lotura erabiltzea (iratze onduaren
kolorea), ala egoki da iratze ondu
kolorea egitura ere? Azkeneko horrek badu kidetasunik, gure ustez, haragi erre usain modukoekin[1]. Aurkitu ditugun adibideetan, honelakoak dira nagusi:
Ongi
ikusteko, laukizuzen okre argi bat bereizi beharko litzateke magma horretatik,
bertan obo okre argi bat ezarri, eta ginbail okre ilun bat erantsi gainean,
Sienako buztin errearen koloreko
txirikorda bat zintzilikaturik lukeena, eta, are gehiago esango dut,
tartekatua. (Estilo-ariketak. Raymond
Queneau / Xabier Olarra).
Emakumea
azukre errearen kolorekoa
da, eta barratik irteteko buelta emanda musika makinara joango da. (Lagun izoztua, Joseba Sarrionandia).
Argiak
suaren ondoko hauts errearen kolorea
hartu zuen. (Konpainia noblean, Anjel
Lertxundi).
Amaitzeko, hona kolorearen inguruko esamolde batzuk Intzaren lokuzioetatik. Abizariak baino kolore eskasagoa eduki: "gaixo-kolorea eduki, zurbil egon" (abizaria gezurrezko arrautza da, oiloari erruteko ipintzen zaiona erreklamo gisa). Apeza pika kolorez ikusi: "hil". Biloa bi kolore egin: "zahartu".
[1]Euskaltzaindiaren 25.
arauak saihestu beharrekotzat jotzen du, oro har, hiru hitzen elkarketa, baina
salbuespenen artean, I.3.4 puntuan, hauexek aipatzen ditu: “[Eguzki-lore gisakoen
alorreko] irizpen-, multzo-, zati- eta mota-elkarteak. Beste
gehienek baino askatasun handixeagoa dute hauek honelako hedapenetarako: butano-saltzaile
itxura, kafe erre usaina, zakar-biltzaile taldea, orein-haragi zatia, perpaus
subordinatu motak”.
Galdera hau egin zuen Ales Bengoetxeak, 2005eko
martxoaren 22an,
ItzuL
zerrendan: “gorri koloreko arrosa” ala “kolore gorriko arrosa”? Datu batzuk
eman zituen Alesek berak. “Euskal hiztegietan begiratuta, badirudi izenondo
gisa joan behar dutela urdin, hori, gorri
eta abarrek (kolore urdineko, kolore
horiko, kolore gorriko...), baina Ereduzko Prosa Gaur corpusean begiratuz
gero, gauzak ez daude horren garbi (parentesi artean, zenbat aldiz ageri den): kolore berdeko (1), berde koloreko (4),
kolore gorriko (2), gorri koloreko (1), kolore horiko (1), hori koloreko (7)…”.
Hiru urte joan dira galdera hori zerrendan plazaratu
zenetik, corpusa hazi da, eta adibide gehiago ateratzen dira bilaketak egitean.
Berdearen kasuan, adibidez, hauek dira 2008ko maiatzeko kopuruak: 6 aldiz ageri
da kolore berdeko hitz-segida, eta 12
aldiz berde koloreko segida. Bigarren
kopuru hori, ordea, ez da benetakoa: 12 horietatik, zazpi bakarrik dira berde koloreko, besterik gabe; gainerako
bostetan, berdeak ñabardura jakin bat du (“sagar-berde
koloreko tapiz”, adibidez). Hiru multzo hauek egin ditzakegu:
a) kolore
berdeko praka kolore
berdeko pastilla kolore
berdeko jertse kolore
berdeko kotagaineko kolore
berdeko jardunaldi
Ales Bengoetxeak egindako galderaren haritik, bost
lagunek egin zituzten iruzkinak posta-zerrendan: Fernando Rey, Patxi Petrirena,
Julian Maia, Antton Gurrutxaga eta Antton Elosegi. Testu hau osatzeko,
lagungarri izan ditut Alfontso Mujikaren oharrak ere. Adostasun handia nabari
da aztergai nagusiaren inguruan: gorri
(edo berde, etab.) izenondo soila da lehen aukera, eta kolore hitza sartuz gero kolore
gorriko da erabiltzekoa, eta ez gorri
koloreko (beraz, baztertu beharrekotzat jo ziren b multzokoak, oro har). Hala ere, badira azterkizun gehiago ere, c multzoko adibideen eta kolore-izen
berriago batzuen haritik (3. eta 4. puntuetan ikusiko ditugu).
2.
Berdea, arrosa-kolore(ko)a eta arrosa
ItzuLen esandakoak aintzat hartuz eta zehaztasunen bat edo
beste sartuz, honela laburbildu liteke gaia:
2.1. Kolorea
adierazteko hitz batzuk adjektiboak dira: zuri,
gorri, berde, hori, urdin, marroi, gris… Hala, etxe gorria, jertse berdea eta horrelakoak esaten ditugu.
2.2. Gaur egun, erdaraz "de
color verde", “de couleur vert” erako esamoldeak erabiltzen direlako
edo, “berde koloreko liburu bat"
eta halakoak entzuten eta irakurtzen dira. Aukerarik arruntena “liburu berde bat” da, eta kolore izena erabili nahi bada, berriz,
“kolore berdeko liburu bat”.
2.3. Beste zenbait kolore edo ñabardura adierazteko,
adjektiboez baliatu beharrean, gauza batzuen izenez baliatzen gara: arrosa(-)kolore, gaztaina(-)kolore,
laranja(-)kolore, urre(-)kolore, ardo(-)kolore, teila(-)kolore,
pistatxo(-)kolore… Hitz-elkarketak ditugu halakoak berez (izena + izena),
eta bi jokabide sintaktiko dituzte:
izenlagun,
izenaren ezkerretik: arrosa(-)koloreko
elastikoa, ardo(-)koloreko itsasoa, urre(-)koloreko xingola…
izenondo,
izenaren eskuinetik: elastiko
arrosa(-)kolorea, itsaso ardo(-)kolorea, xingola urre(-)kolorea…
2.4. Aurreko saileko izen horietako bat edo beste adjektibo
ere bihurtua da dagoeneko. Esate baterako, arrosa.
Izan ere, "arrosa(-)koloreko
elastiko” edo “elastiko arrosa(-)kolore”
ez ezik, “elastiko arrosa” ere esaten
da. Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian,
adjektibo izate hori ere aitortu zaio hitzari: Elastiko arrosa.
2.5. Esan liteke beste kolore-izenen bat ere bide berean
aurreratua edo bururaino iritsia dela. Inor gutxi harrituko da, esate baterako,
"laranja(-)koloreko euritako”
edo “euritako laranja(-)kolore” ez
ezik “euritako laranja” ere entzuten
badu. Idatziz ere aurki daitezke adibideak (EPG edo Ereduzko Prosa Gaur corpusean aurkitu ditugu hauek).
Azkenean
gorbata laranja
bat aukeratu zuen. (Bederatzietatik
bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano).
Argi laranja ahul batek girotzen zuen kolore granateko girnaldez
apaindurik zegoen klubeko terraza. (Egurra
Pinotxori, Aritz Gorrotxategi).
2.6. Adjektibo bihurtzeko bide hori egin badute kolore-izen
batzuek, edozeinek egin ote dezake? “Gaztaina(-)koloreko
begiak” edo “begi gaztaina(-)koloreak”
izan ote daitezke "begi gaztainak"?
“Teila(-)koloreko jaka” izan ote
daiteke “jaka teila”? Edo “izokin(-)koloreko pintura” izan ote
daiteke “pintura izokin”? Aipatutako
bi kasuetatik landa (arrosa eta laranja), ez dirudi gure belarriak
oraingoz halakoak ongi hartzen dituenik.
3.
Fuksia, turkesa eta beste
Hainbat kolore-izen berri
ere bada: fuksia, turkesa, zian…
Halakoak ez ditugu, oro har, izen ezagunekin lotzen, eta esan liteke ez
dakigula zehazki izen edo adjektibo sentitzen ditugun. Hona turkesa-ren adibide batzuk, Ereduzko
Prosa Gaur-etik hartuak. Zenbaitetan, esaldi berean ere bi eredu ageri dira:
Gilderoy
Lockhart, ordea, ezin garbiago zegoen turkesa-koloreko jantzi dotoreekin, ile horia dir-dir zuela
urrez apaindutako kapela turkesa
ondo jarriaren azpia. (Harry Potter eta
sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren).
Han
koaderno ezin politagoak ikusi ditut, eta nire barrena askatzeko (zerikusirik
ez bulegoko akta, agiri eta fakturekin) eta nire zuloa nola edo hala ixten
laguntzeko, azal turkesa
duen hauxe hautatu dut, politegia aukeran bertan idatziko ditudanak kontuan
hartuz. (Jeans-ak hozkailuan, Patxi
Zubizarreta).
Gure ustez, normala da hein batean arrotz diren kolore-deitura horiek izenondotzat hartzea eta
izenaren eskuinetik ematea.
Azken ordukoa: Euskaltzaindiak eman berri duen arau batean (Hiztegi Batuko F letrari dagokiona), fuksia
ageri da, informazio honekin: “fuksia 1 iz. Fuchsia sp. 2
iz. eta izond. (kolorea)”.
4.
Pinu berdea eta pinu-berdea
Aztertzekoa da beste sintaxi-kontu pare bat ere,
sarrerako c) multzoko adibideen haritik.
4.1. Berez adjektibo den kolore bat (berde, esaterako), izen batez ñabarturik ager daiteke, eta,
hartara, hasierako c) multzoan jarri ditugunen erako egiturak osatu: “aza-berde koloreko tapiza”, “sagar-berde koloreko oihala”… Aposizioan
doa, halakoetan, kolore hitza,
kolorea deskribatzen duen hitz-elkarketaren ondoan (azaren berde = aza-berde).
Ikus, adibidez, Aurelia Arkotxak 2008-10-31ko Berrian idatzitako hau:
“Ohartzen naiz berehala, zaia artilezko eskoziar tartan berde ilun elegantez
duela, eta harekin estetikoki ongi doan pinu-berde koloreko elastiko (jertse) fina.”
4.2. Gertatzen da, kasu batzuetan, kolore-izen bati adjektibo bat eranstea ere: iratze(-)kolore ez ezik,
"iratze+ondu+kolore” esan nahia ere gerta daiteke, adibidez. Zer forma
dagokie halakoei? Ezinbestekoa da -en
lotura erabiltzea (iratze onduaren
kolorea), ala egoki da iratze ondu
kolorea egitura ere? Azkeneko horrek badu kidetasunik, gure ustez, haragi erre usain modukoekin[1]. Aurkitu ditugun adibideetan, honelakoak dira nagusi:
Ongi
ikusteko, laukizuzen okre argi bat bereizi beharko litzateke magma horretatik,
bertan obo okre argi bat ezarri, eta ginbail okre ilun bat erantsi gainean,
Sienako buztin errearen koloreko
txirikorda bat zintzilikaturik lukeena, eta, are gehiago esango dut,
tartekatua. (Estilo-ariketak. Raymond
Queneau / Xabier Olarra).
Emakumea
azukre errearen kolorekoa
da, eta barratik irteteko buelta emanda musika makinara joango da. (Lagun izoztua, Joseba Sarrionandia).
Argiak
suaren ondoko hauts errearen kolorea
hartu zuen. (Konpainia noblean, Anjel
Lertxundi).
Azken ohar bat, marratxoaz: horri buruzko arauak bi
jokaerak onartzen dituela iritzi diodan kasuetan jarri dut (-) zeinua
elkarketan. Izan liteke, horretan ere, gehiago zehaztu beharrik.
[1]Euskaltzaindiaren 25.
arauak saihestu beharrekotzat jotzen du, oro har, hiru hitzen elkarketa, baina
salbuespenen artean, I.3.4 puntuan, hauexek aipatzen ditu: “[Eguzki-lore gisakoen
alorreko] irizpen-, multzo-, zati- eta mota-elkarteak. Beste
gehienek baino askatasun handixeagoa dute hauek honelako hedapenetarako: butano-saltzaile
itxura, kafe erre usaina, zakar-biltzaile taldea, orein-haragi zatia, perpaus
subordinatu motak”.