Hemen zaude: EIZIE »  Argitalpenak

Argitalpenak

Senez aldizkariak itzulpen teoriarekin, pragmatikarekin eta euskal itzulpengintzarekin aldez edo moldez zerikusia izan dezaketen beste alderdi guztien topalekua izateko asmoa du, batez ere euskaratik eta euskarara itzultzearen gaineko gogoetei eta esperientziei dagokienez. Urtean behin kaleratzen da, nahiz eta ale bereziak edo monografikoak ere plazaratzen dituen beharren arabera. Ez die ukorik egiten beste hizkuntzetan idatzitako kolaborazioei; baina, ahal duela, artikuluak euskaraz argiratzen ditu —nahiz eta jatorrizko artikulua beste hizkuntza batean idatzita egon, euskaratu egin ohi ditu, itzulpengintzaren gainean plazaratzen den euskal aldizkari bakarra izateaz gain, irakurle gehienak profesional euskaldunak direlako—. Edukien eta idazleen aldetik, ikerleen eta profesionalen arteko orekari eusten saiatzen da. Alderdi grafikoari eta diseinuari ere arreta berezia ematen die.

Senez grafikoa

Juan Azpeitiaren lanari esker aldizkariak azken aleetan izan dituen azalak eta irudiak bildu ditugu ale guztiz berezi batean, eta, horiekin batera, Berbelitz itzultzailearen gorabeherak irakurtzen ahalko ditugu Anjel Lertxundik idatzitako kontakizunean (baita gaztelaniaz ere, Jorge Gimenezek egindako itzulpenean).

Itzulpen antologiak

Gaur egun itzulpengintza edukitzen ari den loraldiak ezin ditu ahaztu aurreko belaunaldiek eginiko lanak, sustrairik eta euskarririk gabe –hitz batean esanda, tradiziorik gabe– geratu nahi ez badugu. Horregatik EIZIEk, bizirik dauden balaunaldi horietako itzultzaile batzuei omenaldia egitea eta elkarteko ohorezko kide izendatzea erabaki zuen, bai eta haien lan batzuk argitaratzea ere, oraingo itzultzaileon ikasbide ere izateko asmoz. Asmo honen barruan, hiru antologia argitaratu dira.

"Itzultzaile aitzindariak" bilduma

EIZIEk aspaldi ekin zion aurreko belaunaldietako idazle-itzultzaileen lana aitortu eta berreskuratzeko ahaleginari, eta horren emaitza izan da duela hiru urte abiarazi genuen Itzultzaile aitzindariak izeneko bilduma berri hau. Hiru liburu argitaratu dira orain arte.

"Literatura Unibertsala" itzulpen-bilduma

Literatura unibertsaleko obrarik garrantzitsuenak euskaratzeko helburuaz sortu zuen EIZIEk bilduma hau. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta EIZIEk urtero sinatzen duten hitzarmen baten bitartez kudeatzen du programa hau elkarteak, eta Alberdania eta Elkar argitaletxeek argitaratzen dituzte itzulpenak koedizioan.

Literatur itzulpena hedabideetan

EIZIEk 1998. urtean jarri zuen abian programa hau, alde batetik literatur itzulpenen presentzia bermatzeko, eta, bestetik, irakurleek itzulpenen kalitateaz izan zezaketen iritzi ezkorra gainditzeko asmoz.