Aditz laguntzailearen elipsia eta subjektuaren komunztadura (Iñigo Roque)

2009 Martxoa 3



1. Sarrera

Askotariko testuinguruetan isiltzen da aditz laguntzailea euskaraz:

(1)
a. Nik etortzeko esan, eta zu etorri ez.
b. Zer gerta ere joan beharra dago.
c. Zer ikus(i), hura ikas(i).
d. Zain dauzkagu ea noiz joango.
e. Sosak amaitu zaizkigu. Hemendik aurrera, Jainkoak esango.
f. …

Aurreko adibide horietan (1), ez dugu komunztadura-arazorik, subjektua bakarra baita. Kontua da zer komunztadura egiten duten subjektuek perpaus koordinatuetan perpaus bateko eta besteko aditzak erregimen berekoak ez direnean. Sarako erretore Iturrik egoki azaldu zuen jokabide hori bere Lapurteraren gramatikan.

Dans une phrase, il peut se trouver plusiers verbes périphrastiques, qui tous experiment la même relation quant au mode, au temps, à la personne, au complément, au nombre, etc. Alors, pour la rapidité et la force de la phrase, mieux vaut ne pas répéter l´auxiliaire après chaque infinitifer.

Adibide bat emanik, aise antzemango diozue kontuari.

(2)
a. Mikel Iruñera joan eta hainbat mandatu egin zituen?
b. Mikelek, Iruñera joan, eta hainbat mandatu egin zituen?

Puntuazio moldeak gorabehera, komunztadurari dagokionez, horiexek dira lehian dauden ereduak. Itxura batean, Iturriren azalpenaren arabera, halakoek ez leukakete lekurik, osagaiak-eta aldatzen baitira, baina ez dezagun oraindik atera ondoriorik.

Komunztadurari dagokionez erabateko adostasunik ez den arren (horrexegatik prestatu dugu lantxo hau), komeni da, badaezpada ere, adostasun zabala duten beste alderdi batzuk gomutara ekartzea.
 
Bateko, badirudi garbi dagoela karga semantikorik handieneko aditzak (halakorik balego, bistan denez) eramaten duela laguntzailea, (3b) adibidean ageri denez.

(3)
a. Atea ireki zuen eta besarkada luze bat eman.
b. Atea ireki eta besarkada luze bat eman zion.


Besteko, aipatu beharra dago laguntzailea isilean duen aditzak aspektu-markari eutsi behar liokeela (erregistro jasoan, bederen). Horretan, klasikoak ereduzko dira.

(4)
a. Eta zuk erranagatik garizuman kofesatuko zarela, orduan kontuak eginen eta zorrak pagatuko ditutzula, engana ahal zindezke. (Axular: Gero)

b. Errepuesta haur, hunein hotza, motza eta gogorra enzun dezatenean, nork pensatuko du, zer eginen eta erranen duten? Zer sentimendu erakutsiko duten? (Axular: Gero)

c. Etzaren hain hertsi, eta kokhart, eta handik eztakizula gertha Geronimo sainduak aingiraz erraiten duena: Zenbatenaz ere aingira eskuetan gehiago hertstuko, eta juntatuko baituzu, hanbatenaz lasterrago joanen eta eskapatuko zaitzu, eta handik zure arrantza galdu dukezu. (Etxeberri Sarakoa. Euskararen hastapenak)

2. Aditz laguntzaileak agintzen du

Askoren ustea da aditz laguntzailedunak gobernatzen duela subjektuaren komunztadura. Aburu hori nagusitu zen, esaterako, 2003ko maiatzean Itzul posta-zerrendan izandako eztabaidan. Hemen duzue Juan Garziak iruzkin-hari hartan idatzitakoa.

Elipsizko perpausa ez da formalki menderatua, baina baditu ezaugarri batzuk menderatuetara hurbiltzen dutenak. Besteak beste, partizipio burutua finkoa da halakoetan, elipsigabeak markatzen baitu aspektua:
  • Hortxe eserTZEN/IKO da(,) eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du. > Hortxe eserI, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du.
[…]
Beste norbaitek argitu duen moduan, eliptikoaren aurretik komarik gabe doan elementua eliptiko horrexena da, eta ez bestearena:
  • Patxi hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du (beste norbaitek).
Beraz, edo honela ematen da:
  • Patxik, hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du.
[…]
 
Edo, bestela, eta hori ere adierazi du baten batek:
  • Hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko du Patxik.
Hortik landakoak ez dira, nire ustez, zuzen eta egokiak, elipsi molde horretan.
Gutxiago erabiltzen dugun baina hainbat abantaila dituen kontrako bidean, berriz, koma gutxiago behar da noski, lehenbiziko perpausa baita nagusi(tu)a, eta besteak haren subjektua hartzen baitu noski, menderatuek bezalaxe:
  • Patxi hor esertzen/eseriko da(,) eta egunkaria irakurtzen/irakurriko (?irakurri)
Horiek dira, nire ustez (nire uste hala ere guztiz sendoz), aukera egokiak.

Lehendik ere landua zuen gaia Garziak Joskera lantegi mamitsuan.

Patxi Petrirenak ere idatzi du gai honetaz, EIMAk laster plazaratuko duen Morfosintaxia liburukian.

Aditz guztiak erregimen berekoak ez direnean, laguntzailea agerian duen aditzarekin egiten du subjektuak komunztadura (b eta c kasuak).

a) Mutikoa gelan sartu zen(,) eta atea itxi zuen.
b) Gelan sartu eta atea itxi zuen mutikoak.
c) Mutikoak, gelan sartu, eta atea itxi zuen.


3. Subjektutik hurbilen dagoen aditzak agintzen du


Ez dago jarrera honen aldeko berariazko teorizaziorik (adibideak ugari dira, ordea). Zerbait ekarri behar hona, eta Fernando Reyk Itzulera igorritako mezu hau dakarkizuet (Juan Garziarenaren iritzi-truke berekoa da).

Nik honelaxe idazten dut beti.
  • Aitak goizean esparragoak bildu eta igerilekura joan da.
Zer du txarra horrek?

Esaldi horiek, niretzat, kopulatiboak dira eta subjektuaren komunztadura hurbileneko aditzarekin egiten dut.
  • Aitak goizean esparragoak bildu eta igerilekura joan da.
  • Aita goizean baratzera joan eta esparragoak bildu ditu.
Ez naiz, dena dela, tematuko. Norbaitek bestela behar duela frogatzen badu, aldatu eta kitto.


4. Literaturako adibideak


Ez da erraza bilaketak egitea, hitz bat edo hitz sail jakin bat bilatzen ez duzunean. Haztamuka ibili nahi ez, eta bilaketa nola edo hala mugatu behar izan dugu. Guk joan eta segmentua (eta horren hagakoak: ioaiten eta, ioan eta…) xerkatu dugu.
Klasikoetan eta gaur egungo testuetan egin dugu bilaketa. Ohartuko garenez, emaitzak oso bestelakoak dira batean eta bestean.

4.1. Klasikoak


(5)
a. Pernandok izkutura joan eta ardagai puska bat piztu zuan. (G. Muxika: Pernando Amezketarra)

b. Atzean zetorren soldaru prantzesak txoperrarenganaño joan eta itz egin zion. (Txillardegi: Leturiaren egunkari ezkutua)

(6)
a. Ori, zaut hasten besotik harturik ene laguna, zelhaia erhiaz erakusten zaundalarik: Egiak baditu hiru itxura, baldin beha egoiten bazaizkio aitzinetik, parrean, edo, han harat joan eta, gibeletik. Hiru itxura berezi. Egia bera ezin ezagutuz, hiruetarik bat hautatzen baitu gizonak eta bere barnean finkatzen, ordutik eratxikitzen daizkolarik bere egintza eta gogoeta guziak. Hoberenaren berextera behar baitu beraz ari, bere onetan. (J. Etxepare: Buruxkak)

b. Bereala errira joan eta jende guziari esan zioten, Israel'tarrakkin itzegin zutela; eta bi aldetakoak ezkontzaz elkartzea txit ondo zetorkiela; baña onetarako Israel'tarren legeak agintzen zuena egin bear zala. (Lardizabal: Testamentu zarreko edo berriko kondaira)

c. Polita, Zezili, polita, deabruen batek galerazoten ezpadeust. Ara: zuk senarraren eriotzea ixillean eukiko dozu. Bien bitartean, ni zurera joan eta senarraren oean, ondo-ondo estalduta, sartuko naiatzu. Gela erdi-illunean dagoala, notarioari deituko deutsagu, eta lar ondo be jakingo dot nik zer erantzun. Zer deritxazu, Zezili? (P. Bilbao: Ipuin-barreka)

d. Gure zangurrua une onen begira egoan. Karramarruarengana joan eta esan eutson. (P. Bilbao: Ipuin-barreka)

e. Eta gertha zedin bidean ioaiten eta Damascera hurbiltzen ninzela eguerdu irian, subitoki zerutiko xistmist anzoko argi handi batek ingura bainenzan: (J. Leizarraga: Testament berria)

Aditzei erregimen desberdina dagokienean, oso gutxitan esplizitatzen da subjektua (6). Subjektua esplizitua denean (5), hala ere, aditz laguntzailedunak gobernatzen du haren komunztadura, baina halakoak oso bakanak dira.

4.2. Ereduzko Prosa Gaur

(7)
a. Joabek erregeagana joan eta esan zion: "Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten?” (Elizen Arteko Biblia)

b. Filistearren buruzagiek emakumeagana joan eta esan zioten. (Elizen Arteko Biblia)

c. Eta nik joan eta McGonagall andereñoarena begiratu nuen erregistroan, eta mende honetan zazpi animagus bakarrik izan dira, eta Pettigrewen izena ez zegoen zerrendan... (J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren: Harry Potter eta sorgin harria)

d. Ni izkinara joan nintzen itsumustuka, neure ohiko aulkira, eta Nanniek, arasara joan, eta jerez botila bat eta ardo-kopa batzuk atera zituen.  (J. Joyce / I. Aldasoro: Dublindarrak)

e. Nik lanera joan eta egun guztia lasterka ematen nuen entregatu behar ziren zapata kaxa handi haiekin. (G. Celati / P. Lizarralde: Denak hasperenka)

f. Gero mezulariak azokara joan eta kondenatuen izenak eta delituak aldarrikatu zituzten. (Y. Kemal / F. Rey: Ararat mendiaren sumina)

g. Bada, ninfak joan eta esan zion uzteko negarrak eta mozteko enbor batzuk, haiekin almadia bat egiteko, etxera bidaliko zuela eta; biderako ogi eta ardo ugari ere emango ziola, eta zer jantzi ere bai. (Homero / J.K. Igerabide: Ulises)

(8)
a. Oharrik utzi izan ez banio gutxienez, ertzainak gela miatzera joan eta liburua aurkitu zutela esan niezaiokeen, baina momentuko urduritasunean Monikari argibide bat, desenkusa bat zor niola pentsatu nuen.  (J. Agirre: Romain zen bere izena)

b. Gero Amy txabolaren beste aldera joan eta han, eserita, burua sorbalda aldera okertu eta ilea txirikordatu zuen, esanez:-Ez hadi gero gauaren erdian hil, entzun? (T. Morrison / A. Garikano: Maitea)

c. Neska harraskara joan eta katilukada ur ponpatu zuen. (T. Morrison / A. Garikano: Maitea)

d. Andereñoa hitzik esan gabe belazera joan eta kapela ekarri zion. (L. Perutz / A. Garikano: Bederatzietatik bederatzietara)

e. Erretorea, gertatzen ari zenaz jabeturik, Leo Steinitzengana joan eta zerbait esan zion belarrira, niri gehiegizkoa iruditu zitzaidan kortesia batez. (A. Lertxundi: Ihes betea)

f. Gero ama aitarengana joan, eta esaten zion. (N. Ginzburg / F. Rey: Gure etxeko kontuak)

g. Amona xahar bat Gizonarengana joan eta paketea ukitzen dio. (X. Mendiguren Elizegi: 16 ipuin amodiozko)

Ia proportzio berean agertzen dira eredu bateko eta besteko adibideak, baina egileak guztiz sistematikoak dira horretan (horrek agerian uzten du aldez aurretik gogoeta eginda daudela auzi honen inguruan). Anton Garikanoren itzulpenetan, kasurako, subjektuaren ondoko lehenbiziko aditzarekin bat dator subjektua, beti, eta beste horrenbeste esan daiteke Fernando Reyren lanez. Gisa berean, Elizen Arteko Biblian laguntzaileak erabakitzen du zer gramatika-kasu dagokion subjektuari; hor ere, salbuespenik gabe.

Nabarmena da testu klasikoetan hain bakan eta urri zen jokabidea hain naroa izatea gaur egungo testuetan.

5. Ondorioak

Aurrenik eta behin, esan dezagun ohartukiago aztertu behar litzatekeela auzia eta, literaturako adibideekin batera, ahozko jarduneko corpusak ere xehe arakatu (ailitz halakorik!).

Itxura batean, bederen, egokiago da laguntzaileak erabakitzea zer komunztadura dagokion subjektu esplizitatuari, baina, bestalde, datuak ikusirik, ez dirudi hori ere guztiz gomendatzekoa denik. Alegia, ahal dela, horrelako egoerak saihestu behar lirateke, dela subjektua isilduz (9a), dela laguntzaile guztiak esplizitatuz (9b), dela subjektua aditz laguntzailearen ondotxora ekarriz (9c). Azkenik, koordinaziora barik menderakuntzara jo daiteke (9d), eta denbora-kutsuko mendeko perpaus bat erantsi koma artean (osagai parentetiko gisa).

(9)
a. Gelan sartu eta argia piztu zuen.
b. Mutikoa gelan sartu zen, eta argia piztu zuen.
c. Gelan sartu eta argia piztu zuen mutikoak.
d. Mutikoak, gelara sarturik/sartutakoan, argia piztu zuen.


Esan beharrik ez dago (9a) adibidearen tankerako esaldietan subjektuak bistakoa izan behar duela, nahasbiderik gabe.

Horrela jokatuz gero, eragotziko litzateke komunztaduraren bi osagaiak (subjektua eta aditza) hain urruti egoteak aldi batez dakarren itxurazko komunztadura falta.