2009/10/13 01:19:32.359 GMT+2

«ARTE» ETA «-RAINO»

Patxi Petrirena Altzuguren


1. Sarrera

Erraz samar bereizten dira, itxura batean, arte eta -raino: denbora adierazten du batek (noiz arte) eta tokia besteak (noraino). Hala dio EGLU-Iek (267.-270. or.): «Beraz, etxeraino, baina gero arte. Hori orokorki hala da, eta erakusleetarik sorturiko aditzondoek ezin hobeki erakusten digute lekua adierazten duten sintagmei berez -raino dagokiela, ez arte; ikus hor goiko honaino, horraino, haraino; horien ordez inoiz ez da idatzi ez esan hona arte edo horren antzekorik, ez eta galdetu nora arte, gaurko egunean hau ere entzuten den arren. Hortaz etxeraino, basoraino, kaleraino, (elizatikan) konbenturaino… esan behar da komunzki. Modu bertsuan denborazko adberbio direnek inolako dudarik gabe erakusten digute horiei arte zor zaiela: hots, gaur arte, bihar arte, gero arte, etzi arte…».

Baina… «Baina bi atzizki horien arteko gurutzaketak askotxo dira eta ez bart arratsekoak, lekua adierazten duten izenek arte eta denbora adierazten dutenek -raino hartzen dutelarik arestian esanaren kontra. Mikel Zaratek, esate baterako, Lezamara arte, etxera arte eta abar Bizkaian entzuten direla dio…)».

Aurreraxeago, hau ere esaten du: «Horrez gain, bada ere zenbait sintagma hain atzizki bata zein bestea aukeran har dezakeenik. Hala urliak esango du Errenteria(r)arte ez da autobutsa geldituko, eta sandiak Autobus hau Errenteriaraino doa; honako honek gorputz dagoen lagunari Zeru(r)arte, adiskide! esango dio, eta harako hark Suziria zeruraino igo da esango du».

Zalantzen edo bitasunen eremuan gehiago sakonduz, hau dio EGLU-Iek: «Eta duda-mudako diren zenbait hitzekin, alegia berez ez leku ez denbora adierazten ez dutenekin, nola esan: azken(a) arte ez zuen etsi ala azkeneraino heldu zen? Azkenik, euskalki bakoitzaren jokabidea ere kontuan eduki behar da. Askok heriotzeko ordu arte esango genuke, baina Axularren heriotzeko oreneraino dio. Hortaz, azken egun arte bezain ongi esana dago azken eguneraino; datorren urte arte bezain zuzen datorren urteraino, eta abar, eta abar».

Euskal Gramatika Laburra laburrago mintzo da puntu honetaz, eta EGLUn esandako zenbait gauza zehaztu ere egiten ditu. Hau dioelarik, esate baterako: «(…) [Errenteriara arte ez da autobusa geldituko esaldian] interpretatu behar da autobusa ez dela geldituko Errenteriara iristen den arte (…)».

Lan honetan, azken ohar horren garrantzia azpimarratu nahi dut. Isilean aditz bat izateak esplikatzen ditu halako esaldiak, beraz, eta guztiz desberdin bihurtzen -raino baliatuz egindakoetatik. Zailago gertatzen zait gaur egun entzuten eta irakurtzen diren arte batzuk esplikatzea, eta halako esaldi batzuk jarriko ditut ondoren, aztergai. Izan liteke  zalantzakorik edo bietarako aukera ematen duenik; gerta liteke, orobat, euskalki guztietan ez berdin erabiltzea halako esapideak: ematen du Bizkai aldean gutxiago erabiltzen dela -raino, zenbaitentzat arrotz izateraino.

Esan dezadan, sarrera hau amaitzeko, Euskaltzaindiak sarean jarri berri duen Orotariko Euskal Hiztegian honako ohar hau egiten duela arte postposizioari buruz: «Se agrega a verbos y nombres de tiempo. Algunos abusan de él agregándolo a nombres locales: etxerarte, en vez de etxeragiño o etxeraiño, hasta casa».

2. «Lezamara arte» eta «Lezamaraino»; «zerura arte» eta «zeruraino»

Euskal Gramatika Laburrean bertan dioena aintzat harturik, «Errenteria(r)arte ez da autobusa geldituko» esaldia ezin konparatu da, ene ustez, «Autobus hau Errenteriaraino doa» esaldiarekin: batean «Errenteriara (iritsi) arte» esaten da, eta hor ez dago «ez da geldituko Errenteriaraino» esaterik; bestean, berriz, «Errenteriara(ino) doa» esango dugu, eta nik behintzat ez dut uste «Errenteriara arte doa» esan daitekeenik.

EGLUko beste adibide bateko parea ere ezin konparatua da: Zeru(r)arte, adiskide / Suziria zeruraino igo da. Suziri bat, joatekotan, zeruraino joango da (noraino), ez zerura arte; eta adiskide zendu berriari, egun handira arte bezala zerura arte esango diogu esatekotan (noiz arte, zeruan elkar gaitezen arte, zerura gaitezen arte), ez zeruraino.

Erraz samar bereizten ditugu etxeraino eta etxera arte adibidez:
  • Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxeraino.
  • Etxera arte ez naiz konturatu gurpila zulatuta neukala. (‘etxera heldu arte’)
Aditzei begiratzea aski da noraino / noiz arte bereizkuntzaz ohartzeko: noraino ailegatu / noiz arte ez konturatu (noiz konturatu). Hots, toki-izen baten inguruan agertuagatik ere, denbora adierazten dugu, funtsean, etxera arte eta gisakoekin.

3. «Bukaera(ra) arte» eta «bukaeraraino»

Antzeko esanahi-aldea ikus genezake toki-izen garbi baten ordez abstraktuago bat harturik, denborazko nahiz espaziozko adiera duena: amaiera, azkena edo bukaera:
  • Nobela honek tentsioari eusten dio hasieratik bukaeraraino.
  • Nobelaren bukaera(ra) arte ez da jakiten zer lotura duten biek. (‘bukaerara iritsi arte’)
Proba bat egin dut Ereduzko prosa gaur corpusean, bukaera arte eta bukaeraraino bilatuta. Espero izatekoa den bereizkuntza hori egiaztatzen digute adibideek, erabat (noiz arte / noraino). Hona bost eta bost:

         bukaerara arte
  • Batzuetan burura etortzen zait hobe dudala ohean itxarotea munduaren bukaerara arte (Manhattan Transfer, John Dos Passos, Lopez de Arana, Ibaizabal, 1999).
  • Ez dugu lortuko, baina, eta ez da beharrezkoa izango setioaren bukaerara arte itxarotea (Lisboako setioaren historia, José Saramago / Jon Alonso, Ibaizabal, 2000).
  • Zama hau bukaerara arte eraman behar diat (Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa, Txalaparta, 2004).
  • Ipuinaren bukaerara arte ez du sekretua agerian uzten (Hitza azti, Iñaki Arranz, Alberdania, 2006).
  • Estoikoen eta Aristotelesen lanek logika konplexuago bat garatzeko oinarria jarri zuten, baina hori ez zen posible izan XIX. mendearen bukaerara arte, matematikaren hizkuntzatik hainbat elementu hartu eta notazioa zehaztu zen arte (Filosofiako gida, Askoren artean, UEU, 2004).
  • Gure ikuspegitik, ordea, bizitza luzatzeaz gainera, bizitza baliagarria bestearen pareraino ekarri beharra dago, bukaerara arte ondo bizi gaitezen, alferrikako izaki kontsumitzaile isil geldi geldo gaixoak izan ez gaitezen (Baietz okerreko bidea aukeratu!, Edorta Agirre, Alberdania, 2006).
  • Blanche iluntasun eta argiaren artean jolasten den bezala, Williams ageriaren eta ezkutuaren mugan ibiltzen da: icebergaren punta erakusten du hasieratik, baina bukaerara arte ezin jakin daiteke izotz blokearen bolumena (Desio izeneko tranbia, Tennessee Williams / Xabier Paya, Alberdania-Elkar, 2006).
          bukaeraraino
  • Kontakizuna ferry batean hasten da eta ferry horrexek bukaeraraino eramango gaita (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana, Ibaizabal, 1999).
  • East River-eko ontziraleku beltzaren bukaeraraino lasterka egingo dut, eta neure burua uretara botako dut (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana, Ibaizabal, 1999).
  • Eta ez badut esperientzia hau bukaeraraino kontatzen, emakumeen errealitatea lausotzen lagunduko dut eta munduko gizonezkoen dominazioaren alde jarriko naiz (Gertakizuna, Annie Ernaux / Joseba Urteaga, Igela, 2003).
  • Horrela bada, lukainkak ahal bezain bizkor egiten zituen orain, tabernara lehenago iristeko asmoz, ez baitzuen hitz bakar bat ere galdu nahi hain biziak iruditzen zitzaizkion eztabaida haietatik, sarritan bukaeraraino jarraitu ezin bazien ere (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2004).
  • Eta orduak eta orduak ematen zituzten, otarre guztiak noiz hustuko, hezurren karraskak hantxe atxikirik, burezurren pusken artetik muinak nola ateratzen zituzten eta mingaina nola erauzten zuten bukaeraraino ikusi nahian (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala (Alberdania-Elkar, 2004).
  • Mesede eta sari horiengatik eskerrak eman beharrean aurkitzen naizenez eta bizitzaren bukaeraraino ez naizenez pobretasunaren beldur izango, gauza hauek zuretzat idazten hasi naiz, konturatu naizelako gauza asko eraiki dituzula eta oraindik ere eraikitzen ari zarela, eta aurrerakoan ere egingo dituzula eraikin publikoak bezala pribatuak ere, handiak zure egiteko handiei dagokienez, eta ondorengoen oroimenean bizirik geratzeko balioko dutenak (Arkitekturaz hamar liburuak, Vitruvio / Santiago Iruretagoiena, Klasikoak, 2000).
Azken horretan bakarrik ikusten da beste formaren aukera, erraz esan bailiteke, noiz arte adieran,  «bizitzaren bukaera(ra) arte ez naiz pobretasunaren beldur izango».

Uste dut, beraz, beldur handirik gabe esan dezakegula arte denbora-nozio baten adierazpena dela (nahiz zenbaitetan toki-izen bat ondoan izan), eta -raino, berriz, toki-nozio baten adierazpena. Tokia, hori bai, izan daiteke fisikoa nahi irudizkoa, eta hortik etor litezke zenbait erabilera berriren inguruko zalantzak.

4. «Hautsi arte» eta «hausteraino»

Aditz-izenari -raino eranstean (hots, -t(z)eraino esaten dugunean), ñabardura garbi bat izaten da esanahian -tu arte-tik bereizten duena. Ikus ditzagun adibide-biko batzuk.
  • Indarka aritu zen, atea hautsi arte.
  • Indarka aritu zen, atea hausteraino.
Lehenbiziko aukera (hautsi arte) denborazko garbia da: atea hautsi arte ez zion indar egiteari utzi. Bigarren aukeran, berriz (hausteraino) atea hausteko egindako indarraren neurria azpimarratzen da, eta indar horretaz atea hausteko bezain handia izan zela esaten da; orobat esan daiteke, jakina, atea hausterainoko indarra egin zuela norbaitek.
  • Ahotsa urratu arte abestu genuen.
  • Ahotsa urratzeraino abestu genuen.
Noiz arte esaten dugu lehenbizikoan; bigarrenean, berriz, zenbat, zenbateraino.

5. «Kokoteraino», «hezurretaraino», «samaraino», «zenbateraino»

Toki-erreferentzia batzuekin (sama, kokote, hezur, hortz, hagin…) graduaren, intentsitatearen edo zenbaterainokoaren adierazgarri gisa erabiltzen dugu -raino. Hona adibide batzuk, Ereduzko prosa gaurretik bilduak:
  • Ezagutzen nituen, bai, haren purrustadak, eta kokoteraino nindukaten (Homo Faber, Max Frisch / Joxe Austin Arrieta, Elkar, 2001)
  • Harrera ekitaldiekin samaraino geunden eta, hangoan ongietorriko hitzak entzun aurretik ekin genion ohiko buffetari (Europako mugetan barrena, Edorta Jimenez, Txalaparta, 2000).
  • Bat-batean zirrara bat sartu zitzaigun hezurretaraino: hots bat, zaratatxo bat, iritsi zen hildakoaren gelatik (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta, Ibaizabal, 2000)
  • Berriro diot: literaturaren grina hezurretaraino sartua duenak ezin ditu alde batera utzi nik ezabaturiko zatiak (Ulises, Homero / Juan Kruz Igerabide,Erein, 2000)
  • Bizitza guztian egon nauk nekatuta hezurretaraino, baina orain barruko muinetaraino nagok (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano, Alberdania, 2004)
  • Lau gizon pizti, hortzetaraino armatuak eta larderiatsu ikusi zituen Lolik, txirrina aditurik, lasterka joan zenean atearen zabaltzera (Hiruko, Itxaro Borda, Alberdania, 2003).
  • Zenbaitetan, Otsabideko bidegurutzeetan Kerguelen bera agertzen zen haginetaraino armatu gizonez bizkartua (Hiruko, Itxaro Borda, Alberdania, 2003).
Hala ere, entzun izan dut irratian «haginetara arte armaturik», nire ustez aski esapide bitxia, eta interneten ere aurkitzen da bakanen bat.

Puntu honetan, aipatu beharrekoa da zenbateraino esapidea ere. Adibideak ezin konta ahala topa ditzakegu, baina horren ordez erabiltzen hasia da zer/zein puntutaraino ere (ze puntutara arte ez dut oraindik topatu).
  • Bai, baina... idazleak gutxiengo batentzat lan egiten dugun pertsonak gara eta ez dakit zenbateraino onartzen dugun hori... (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Ana Urkiza, Alberdania, 2006).
  • Ez dakit ziur zenbateraino gogoratzen dituen edo ez esan zuen Matson andreak (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga, Alberdania-Elkar, 2006)
  • Baina, urrunagorat joanik, zer puntutaraino da elkarbide bi pertsonaren arteko solasa, ez hizkuntza desberdinetan ari direlarik, baina hizkuntza berean ere? (Lur bat haratago, Joan Mari Irigoien, Elkar, 2000)

6. «Noraino» eta «nora»

Arte eta -raino bikoaz ari garela, ez dugu ahaztu behar -rainoren oinarriko -ra soila ere. Behin baino gehiagotan, aukeran izaten dugu -raino erabili edo -ra erabili, eta, izatekotan ere, halako ñabardura bat hartuko du -raino atzizki konplexuagoak: mugaren muga adieraztea, edo muga horri enfasi berezi bat eranstea, adibidez.
  • Tenperatura 180 gradura igo behar da.
  • Tenperatura 180 graduraino igo behar da.
  • ??Tenperatura 180 gradura arte igo behar da.
  • Isuna 1.000 eurora jaitsi daiteke berehala ordaindu ezean.
  • Isuna 1.000 euroraino igo daiteke berehala ordaindu ezean.
  • ??Isuna 1.000 eurora arte igo daiteke berehala ordaindu ezean.
Lehen esandakoarekin, testuinguru horietan arte erabiltzeko, «180 gradura iritsi arte», «1.000 eurora heldu arte» edo halako zerbait ulertu beharko genuke, eta ez du ematen halakorik dagoenik.

7. Metroak, graduak, urteak, euroak, ehunekoak…

Aurreko puntuko adibideek erakusten dutenez, -ra eta -raino tokizko atzizkiak era askotako neurriekin ere erabiltzen ditugu, leku fisikotik nolabaiteko irudizkora hedatuta. Inguruko aditzak ere tokiarekin lotutako ideia ematen dutenak izaten dira: igo, jaitsi
  • RENFEk orduko 160 kilometroraino igo du bere trenen gehieneko abiadura.
  • Herri barruko autobusa euro erdira jaisteko asmoa azaldu du Udalak.
  • Tenperatura zero azpitik 15 graduraino jaitsiko dela ere esan dute.
XX. mendeko corpusean ez dugu aurkitu, adibidez, pezeta(ra) arte bat bera ere, eta bai, ordea, pezetara eta pezetaraino:
  • Hileroko kuota hiru pezetatik bost pezetara igotzea eskatu zen.
  • Azken egunotan bokarta kiloa 50 eta 30 pezetaraino jaitsi da eta hau ez da errentagarria euskal arrantzaleentzat.
Bistan denez, eurora(ino) forma erabiltzen da gaur egun, Berriako adibide honek erakusten duen gisan (20 euroraino eta 6 eurora arte aurkitzen ditu Ereduzko prosa gaurreko bilagailuak):
  • Zergen aurreko emaitza %15,4 hazi zen eta 36,2 milioi euroraino iritsi.
Ohargarria da urte bezalako denbora-hitz bat ere neurri gisa erabili daitekeela eta, ondorioz, adiera espazialean hartu:
  • Zigor-eskaera 10 urtetik 13 urtera igo dute.
  • Hamalau urtetik hamasei urtera zabaldu zen derrigorrezko hezkuntza.
  • Hitzarmenaren iraupena hiru urtekoa izango da, eta sei urtera(ino) luzatzeko aukera dago.
Denborazko garbiak dira, aldiz, honako hauek:
  •  Hamasei urte(ra) arte herrian bizi izan nintzen. (‘hamasei urte izan arte’; ez “hamasei urteraino”)
  • Duela 100 urte arte, euskaraz egiten zen han.

8. Aztergaiak

Hona hemen, hasieran iragarri bezala, gaur egungo zenbait adibide, aztergai. Guztiak ere horrela entzun edo irakurri ditut han-hemen, arterekin, baina nire iritziz -raino dagokie gehiago, denboraren aztarrenik ageri ez denez.
  • Elurra egin du hondartzara arte.
  • Tenperatura 30 gradura arte igo da.
  • Elurra 500 metrora arte jaitsi da.
  • Belaunetara arteko elurretan ibili gara.
  • Haginetara arte armaturik zeuden.
  • Ehuneko 4 arte emango dizugu interesetan.
  • Ehuneko 50 arteko deskontua.
  • Ez dakit hori norarte den hori egia eta norarte asmatua.

Aparteko multzo batean utziko ditut beste bi, arazo are larriagoa dutenak. Azken batean, kalko nabarmenak dirudite, bestela adierazi beharrekoak.
  • ??Auto horretan zazpi lagun arte sartzen dira.
  • Auto horretan zazpi lagun ere sartzen dira.
  • ??Jasan dezakeen pisua: 500 kilo arte.
  • Jasan dezakeen pisua: 500 kilo, gehienez.

Nork: Patxi Petrirena.2009/10/13 01:19:32.359 GMT+2
Etiketak: arte -raino -ra zenbateraino zenbaterainoko | Permalink

Erantzunak

Ohar batzuk «arte» eta «-raino» bereizketen inguruan 2TZULeko artikuluaren aitzakian.

Nik ere ez dut inoiz oso garbi izan egitura bion arteko muga, eta 2TZULeko artikuluak akuilatuta heldu diot zertxobait gaiari. Hemen segidan nire oraingo hausnarketa batzuk inorentzat argigarri edo eztabaidagarri izan balitez.

Hala 1985eko EGLU-Ien, nola 1993ko Euskal Gramatika Laburrean (EGL) edota 2TZULeko oraingoan heldu ohi zaio arte… eta -raino… egituren arteko bereizketari leku/denbora dikotomiaren haritik. arte-k denbora adieraziko luke [beti - da gutxi asko 2TZULek indartu nahi bide duen ondorioa], nahiz denok dakigun (-ra) arte… egitura leku izenekin ere maiz dela erabilia. Aldiz, -raino-k lekuarekin-edo izango luke zerikusi gehiago (leku amaiera muga adlatiboa edo), nahiz eta EGLU-Iek edo EGLk ezin ageriagoan adierazi azken hau denborazko erreferentziekin ere (ongi) erabili izan dela eta erabiltzen. Horretatik du EGLU-I edo EGLren oharrak halako bereizketa erlatibizatzen. Hala dio, esaterako, EGLk (1993, 477): «Gramatiketan esan ohi da lehenbizikoak [-raino…] lekua markatzen duen bezala, bigarrena [-ra arte…] denbora adierazteko erabiltzen dugula euskaldunok. Hori neurri handi batean egia da; … / Hala ere, zenbaitetan hizkuntzaren datuek beste zerbait ere erakusten digute, batzuetan gurutzaketak suertatzen direlako.»

EGLU-Ietik 25 urtera, 2TZULeko oharrak saiatzen dira gurutzaketa horietako batzuk gehixeago argitzen, zenbait bereizketa jakingarri ere azalduz. Nik hala ere, zuzen edo oker eta beti eztabaidagai, ikuspuntua zertxobait aldatzea proposatzen dut, aurrekoen oso antzeko bidetik bada ere, agian ikuspuntu aldaketak zerbait gehixeago argitzen lagundu liezazkigukeelakoan delako gurutzaketak.

1. -raino… (edo kideko -no, -ino, -daino -ik. EGLU-I, 19852, 394-) muga adlatibo amaierakoa edo

2TZULeko oharretan batez ere (-ra) arte… egituraren erabilera jorratzen da hau leku erreferentziekin erabiltzen denean, eta ez hainbeste -raino… egituraren erabilera denborazko erreferentziekin,[2] eta uste dut aukerako erabilera hau ere azpimarratu behar dela.

-raino… egitura zalantza gabe euskalki guztietan oso maiz erabiltzen da -maizenik- leku erreferentziekin. Baina ez bakarrik hauekin. EGLU-Iek argi dioen bezala (19852, 399): «-(r)aino hartzen duten sintagma guztiak 1) ez leku izenak dira beti, 2) ez NORAino galdekariari dagozkion erantzunak, eta egia honen exenplu ditugu "betidaino", "gaurdaino" eta gainerako aditzondoak,[3] bai eta "beranduraino" eta besteak; hauek ez bait dira leku izenak, ez eta NORAino-ren erantzunak, baizik NOIZ arte- galdekariarenak.»

Eta joera hori, EGLU-Ien arabera zenbait euskalkitakoa (ipar edo ekialdeko?) izan litekeena, kontuan harturik, proposatzen du EGLU-Iek baturako-edo segidan (19852, 399): «Axularrek bezala beti -raino ("etxeraino" nahiz "beranduraino" darabilten euskalkietakoek ez dute problemarik: leku nahiz denbora sintagmekin, hots NORAino nahiz NOIZ arte- galdekariei dagozkienekin, beti -(r)aino erabil eta kito. Hots, / (a) Noraino joan da? - Mendi gailurreraino. / (b) Noiz arte egon da? - Gau erdiraino.» EGLk ere oso argi dio (1993, 477): «[-raino-k] lekua ez ezik, …, denbora ere markatzen du.»

Beraz, azpimarratu behar da, beti dela euskara ona -raino erabiltzea, denborazko zentzua duten esaldietan (ere). Eta agian zenbait euskalkitan aukera nagusia ere bai (seguru asko arteino, arteraino, artio… erabilerekin batera, nahiz arte soila nekezago erabili). Baina euskalki guztietan ere erabilia. Eta hala OEHTCn[4] oso arruntak dira -raino itxurako atzizkiak denborazko izen arruntekin ere, eta hala ipar nola hegoaldean, mendebaldean, erdialdean edo goi-nafarreran: goizeraino, eguerdiraino, arratseraino, arratsalderaino, iluntzeraino, gaueraino, aste erdiraino, urte(e/ta)raino, asteleheneraino, astearteraino, iganderaino, hamabietaraino, abenduraino…

Beste kontu bat da zehatz aztertzea desberdintasunik sumatu litekeen (-ra) arte… eta -raino… egituren bidez osatutako esamoldeen artean (eguerdira arte / eguerdiraino). Eta nik, hemen segidan esanak esan, oraindik ez dut testuetan halakorik kontsistentzia pixka batez aurkitu. Baina sakonago aztertu beharko litzateke.

2. arte… postposizioaren erabilera (tartea edo bitartea-edo zentzuan)

-raino denborazko erreferentzietan bezala, arrunta da euskaraz aurkitzea (-ra) arte… [artean, arteino, arteraino, artio…] egitura leku erreferentziekin ere. Kontua litzateke hemen ere jabetzea bi erabilerak guztiz kideko diren edota baduten berezkotasunik.

2.1. (-ra) arte… leku erreferentzietan

OEHri eta OEHTCri begira ez da zalantzarik (-ra) arte… egitura (eta antzeko guztiok) oso-oso maiz -maizenik- erabiltzen direla denborazko erreferentzia zuzenetan (edota aditzekin).[5] Baina jada EGLU-Ien oso argi uzten den bezala, eta 2tzulen, arruntak dira (-ra) arte… eta antzekoen erabilerak leku erreferentzia zuzenekin ere (eta noski neutroagoekin -azken, puntu…-). OEHri gainetik begiratuta, segidakoen antzekoak behintzat (gehiago OEHTCn):

• Plazatik atera ta / gaztelura arte / bide zakarra dago / bastante aparte. (Xenpelar)

• Huna non giren helduak. Angeluko elizatik auzo hurbil da, herriko-etxetik oraino hurbilago, parrean, bide handia arte, Chalet Rouge erraiten dioten etxe ttipitto bat. (Hiriart-Urruti)

• Josafateko zelaira arte. (Tx. Agirre)

• Kotxerua, jo itzik / zaldi oiek fuerte, / gelditu ere gabe / Tolosara arte. (Txirrita)

• Arnaska, izerdiz, aurrera, alare, / gure bidazti leiala, / Amagana-arte atseden-gabe, / presaka, aurreratu-ala... (S. Mitxelena)

-------------

• Gero Konpostela / aisa hartüren dügü / Galizia zolala artio / exekutatüren dütügü. (Xarleman pastorala)

• Itsasuala artio / behar dügü persegitü. (Xarleman pastorala)

• Erromatarren zabalkuntzak arteraño. (J.M. Barandiaran)

• Zeru lurrak egin zenitun asiera artatik, Zurekin beti irauten dun uri sainduko iaurerrira artean. (Orixe)

Eta nahiz eta EGLU-Iek oso argi esaten duen hona arte edo nora arte bezalakoak ez direla erabili euskaraz,[6] OEHTCko gainbegiratu batean aurkitu litezke halakoak, inoiz ugariegi izango ez badira ere, -arte (arteko)-rekin, edo gisa bereko artino, artean edo arterainoko-rekin (azken hau Mitxelenarena):

• Baña ara arteko bidea mortu onetan barrena, baso eta sasi izugarri oien artetik, arkaitz-arte orietan igoaz eta jatxiaz, aur biguñ orrentzat perill eta arrisku andikoa da. (G. Arrue)

• Arrotzak zizkvk huna artino horra saldo handienian; Nula behar saristazi edergailliak hoberenian? (Casenave)

• An izaten gera geron jabe. Ara artean, naiko lan. (Anabitarte)

• Onera arteko besolaguntzat / bidera irtena zaitugu. (S. Mitxelena)

• Hara arterainokoak ez baitziren beti izan esan ohi zuten bezain ustelak, … (Mitxelena)

-------------

• Estura larri onetan, ene Bertolda enia, leoia bera baxen kementsu agertu biar dozu zeure buruba, ta onei ergel guztijoi norartegiñoko zinddua ta bijotz-zabala zarean erakutsi. (Otxolua)

Gainera hala moduz interpretatu beharko lirateke anartean, anarteraino edo anarti(n)o [<-- han + arte(an/raino)] itxurako adizlagunak han leku adberbio inesiboa + arte-ren gainean-edo eraikitakoak.[7]

2.2. -raino… (muga adlatibo amaierakoa edo) eta (-ra) arte… (tartea, bitartea) egituren arteko aldea leku erreferentzietan (ere?)

Kontua da, ikuskatzea, EGLU, EGL, 2tzul edo beste saiatu bezala, lekuzko kasu hauetan (behintzat) esanahi guztiz berekoak ote diren -raino… edo (-ra) arte… erabilerak. Eta nik ere ezetz uste dut, baina oraino / orain arte(an) idatzia behintzat aurkitu uste ez dudan ñabardura bat eginez.

2.2.1. Orain arteko bereizketa nahiak -raino… (muga adlatibo amaierakoa edo) eta (-ra) arte… (tartea, bitartea) egituren arteko aldeaz leku erreferentzietan (ere?)

Orain arteko gramatiketan, EGLUn, EGLn edo 2tzulen bertan, modu batera edo bestera saiatu dira bi erabileren arteko aldea azaltzen, arrazoituaz arte-ren erabilerak beti denbora zentzua emango liokeela sintagmari, eta ez lekukoa, nahiz eta leku erreferentzia batekin erabilia izan. EGLU-Iek proposatzen du jada hala moduz (19852, 400): «NOIZ arte galdekariari beti arte-ren bidez erantzun … nahiz leku izenekin(,) "haraino heldu arteko denbora" adierazi nahi bada». Eta adibideen artean eskaintzen (EGLn ere): Agur, noiz arte? - Donosti(a)ra arte.

Nahiz horren argi ez, antzekoa iradoki lezake EGLk, eta hemen esandakoen gainean dihardu 2tzulek ere dioelarik: «Erraz samar bereizten ditugu etxeraino eta etxera arte adibidez: / Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxeraino. / Etxera arte ez naiz konturatu gurpila zulatuta neukala. (‘etxera heldu arte’) / Aditzei begiratzea aski da noraino / noiz arte bereizkuntzaz ohartzeko: noraino ailegatu / noiz arte ez konturatu (noiz konturatu). Hots, toki-izen baten inguruan agertuagatik ere, denbora adierazten dugu, funtsean, etxera arte eta gisakoekin.» Eta ondoren, «bukaera(ra) arte» eta «bukaeraraino» erabilerak aipatuz eta EPGko hainbat adibide jasota amaitzen du ondorioa 2tzulek: «Uste dut, beraz, beldur handirik gabe esan dezakegula arte denbora-nozio baten adierazpena dela (nahiz zenbaitetan toki-izen bat ondoan izan), eta -raino, berriz, toki-nozio baten adierazpena. Tokia, hori bai, izan daiteke fisikoa nahi irudizkoa, eta hortik etor litezke zenbait erabilera berriren inguruko zalantzak.»

2TZULek darabilen adibide pare beretik abiatuta ordea, niri argia suertatzen zait halakoetan (-ra) arte… egiturarentzako proposatzen den azalpen bera zabaldu litekeela -raino… bidezko sintagma askotara ere (denetara?). Egia baita, Nobelaren bukaera(ra) arte ez da jakiten zer lotura duten biek esaldia glosatu litekeela, emanez, Nobelaren bukaera(ra) iritsi arte ez da jakiten … Baina hori bezainbesteko egia dirudi modu berean glosatu litekeela, Nobela honek tentsioari eusten dio hasieratik bukaeraraino bezalako esaldia, emanez, Nobela honek tentsioari eusten dio hasieratik bukaera(ra) arte, eta beraz baita ere, Nobela honek tentsioari eusten dio hasieratik bukae(ra) iritsi arte.

2.2.2. Ikuspuntu berria-edo -raino… (muga adlatibo amaierakoa edo) eta (-ra) arte… (tartea, bitartea)-ren arteko aldeaz leku erreferentzietan (ere?)

Nik arazoari antzekoa den beste bide edo ikuspegi batetik begiratzea proposatuko nuke, nire ustez EGLUren eta ere 2itzuleko ikuspegien oinarrian ere badagokeena, eta beraz erabat berritzailea ere ez dena. Eta hori da, jabetzea, nola bi egiturek, leku erreferentzia beraren gainean eraikita ere, esanahi ñabardura desberdinak eransten dizkioten sintagmari, hau da, nola semantikoki hainbat desberdinak diren bi egiturak, nahiz askotan oso-oso hurbileko esanahikoak.

• -raino-k espazioan (edota agian denboran ere) garatzen den prozesu baten amaiera azpimarratuko luke (muga adlatibo amaierakoa edo), eta aldiz, ez hainbeste abiadako gunetik (unetik) amaierako gunera (unera) arteko prozesua, tartea edo bitartea, nahiz eta hau ere, noski, beti ohargarria izan, egoeran beti aipatua den momentu beretik, beti baitago -raino-ra iristeko leku edo denborazko bide bat egin beharra abiada puntutik (nondik, noiztik) abiatuta.

Aldiz

• (-ra) arte-k denboran (edota ere espazioan) garatzen den prozesu baten amaiera bitarteko tartea, bitartea azpimarratuko luke bereziki, eta ez hainbeste amaiera unea (gunea) bera, nahiz eta, noski, hau ere beti ohargarria izan, esaldian beti agirian aipatua den momentu beretik.

• Eta agian horregatik erabili ohi da maizago -raino… egitura leku erreferentziekin (Autobus hau Errenteriaraino doa itxurazko esaldietan),[8] seguru asko arruntagoa delako helmuga soila leku erreferentziekin adieraztea denborazkoekin baino. Nahiz denbora helmuga soila aipatzeko aukera ere arrunta izan: Asteleheneraino luzatu dute epea, edo Abenduraino atzeratu dute epaiketa.

Baina hala ere, horrek ez dut uste esan nahi duenik halakoetan ere (-ra) arte… egitura erabili ahal izateko (Astelehen(a/era) arte luzatu dute epea, edo Abendu(a/ra) arte atzeratu dute epaiketa). [Baina berriro diot ez dudala testuetan aurkitu bi egituren arteko esanahi alde kontsistenterik denborazko erreferentzietan.]

Baina eta nire ustez Errenteriara arte doa autobus hau esaldia ere ezin hobea da (2tzulek esaten duenaz bestela), edo Errenteriara arte bakarrik doa autobus hau. Eta horietan agian gehiago azpimarratuko litzateke abiada puntutik amaierakora bitartean dagoen tartea-edo, segidakoetan bezalatsu, amaiera bera baino: Errenteriara arte errepide nagusitik doa autobusa, edo Errenteriara arte bost geltoki ditu autobusak. Baina era berean, baita ere -zergatik ez?-, Errenteriaraino errepide nagusitik doa autobusa, edo Errenteriaraino bost geltoki ditu autobusak, bezalakoak, ez?

• Aldiz agian gehiago erabiltzen da (-ra) arte… errekurtsoa denbora erreferentziekin, hauetan agian ez delako horren ohiko soilik prozesuaren amaiera noiz gertatuko den aipatu nahi izatea, baizik eta bitarte guztian gertatzen dena (edo ez dena). Horregatik izan liteke arrunta 2tzuleko: Errenteria(r)arte ez da autobusa geldituko (noski, Errenteriara (iritsi) arte). Baina ez dugu uste hala ere inola ere txarra denik 2tzulek halakotzat ematen duen: [Autobusa] ez da geldituko Errenteriaraino (noski, Errenteriara (iritsi) arte, hemen ere).

2.2.3. arte ≈ bitarte

Ikuspuntu honen arabera arte-ren erabilerak maiz amaierako mugari baino areago tarteari, bitarteari egingo lioke erreferentzia, eta halakoetan, eta testuinguruaren arabera, parekatu ere bai maiz (beti?) bitarte(an) egituraren antzeko erabilerarekin leku erreferentzietan, honek are oraindik berezikiago begiratzen dion neurrian prozesuari, tarteari -abiada eta amaiera, bien artekoari-, eta ez hainbeste amaierari (nahiz honi ere, hau agerian aipatua denez geroztik). Horrela, goiko OEHko adibideak glosatuz:

• Plazatik atera ta / gaztelura arte / bide zakarra dago / bastante aparte. (azpimarra edo: gaztelura bitarte(an) (?))

• Huna non giren helduak. Angeluko elizatik auzo hurbil da, herriko‑etxetik oraino hurbilago, parrean, bide handia arte, Chalet Rouge erraiten dioten etxe ttipitto bat. (azpimarra edo: bide handia bitarte(an) (?))

• Josafateko zelaira arte. (azpimarra edo: Josafateko zelaira bitarte(an) (?))

• Kotxerua, jo itzik / zaldi oiek fuerte, / gelditu ere gabe / Tolosara arte. (azpimarra edo: Tolosara bitarte(an) (?))

• Arnaska, izerdiz, aurrera, alare, / gure bidazti leiala, / Amagana-arte atseden-gabe, / presaka, aurreratu-ala... (azpimarra edo: amagana bitarte(an) (?))

Guztiak, noski, hemen ere glosatu litezkeenak aditza erantsiaz: gaztelura iritsi bitartean…, baina prozesua, tartea, bitartea azpimarratuz, amaiera bera baino areago.

Halako erabilerak ere arruntak dira lekuzko erreferentziekin (OEHtik gainbegiratuan):

• Debatik asi eta / etxera bitarte. (Xenpelar)

• Gela ortatik atea bitarte, ukulluan, esne-bei, biantx ta txekor gorri lodiak. (Tx. Agirre)

• Lekunberrira bitarte kosta zitzaigun pixkat bat. (Salaberria)

• Ezker-eskubi mendi bi / erreka bitarte. (N. Etxaniz)

• Amaika bertso kantatu degu / andik onera bitarte. (Uztapide)

• Lau errealetik bostera bitartean. (Iztueta)

• Erriya ta Loiola bitartean dagon Olazko Ama Birjiñaren pareko tokiya. (J.I. Arana)

• Santandertik Donostiara bittartean, txalupa asko ondatu zirean ekatx aregaz. (Etxeita)

• Urkiolatik Legutianora bitartian. (Kirikiño)

• Eskatzetik portalera bitartean. (F. Bilbao)

• Bergaratik Oxintxura bitartean, antxe zegoen Etxeguren basarria. (N. Etxaniz)

• Aitzaren oñetik erpiñara bitarteko lau zatietatik iru igarotzean. (Iztueta)

• Veneciatik Genova bitarteko bide guzia. (J.I. Arana)

• Suatetik gizategira bitarteko iragotegi edo bidestuan. (Tx. Agirre)

• Izpegi mendatea bitarteko aldapa igo degu. (Lizardi)

• Etxahunia ta Hegiaphalia bitarteko sastraka batzutan. (Etxaide)

• Untzira bitarteko bideak. (Erkiaga)

Guztietan uste dugu aldagarriak direla (-ra) bitarte egiturak (-ra) arte edota -raino… egiturez, nahiz orduan seguru asko fokalizazio ñabardurak desberdinak eragin egitura bakoitzean amaiera bereziago azpimaratuz.

3. 2TZULeko hainbat adibideren inguru

Ikuspegi (berri?) honetatik agian hobeto ulertu litezke 2TZULeko zenbait adibide eztabaidagarri. Hala:

• Arrunta dateke, Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxeraino bezalako esaldia, hor itxuraz helmuga adierazteak baino ez duelako zentzurik (eta orduan gutxieneko (oso?) bitxi-edo Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxe(ra) arte). Baina seguru asko nahikoa litzateke esaldiari beste zeinahi ñabardura eranstea berau ezin arruntago bihurtzeko, ñabardura hauek prozesua, bidea, tartea edo bitartea gehiago azpimarratzen luketelako. Eman dezagun: Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxe(ra) arte ere, edo Hau, halako mozkorrarekin, ez da zutik ailegatuko etxe(ra) arte. Nahiz hauetan ere noski aukerako izan -raino-ren erabilerak: Hau, halako mozkorrarekin, ez da ailegatuko etxeraino ere, edo Hau, halako mozkorrarekin, ez da zutik ailegatuko etxeraino.

• Etxera arte ez naiz konturatu gurpila zulatuta neukala ontzat ematen da ‘etxera heldu arte’ glosarekin. Baina uste dugu esaldia hain ona litzatekeela -raino egiturarekin ere -zergatik ez?-: Etxeraino ez naiz konturatu gurpila zulatuta neukala; eta hau goikoa bezain erraz glosatu litekeela ‘etxera heldu (naizen) arte’ formarekin.

• 2TZULek Euskal Prosa Gaurreko corpusari (EPG) begiratzen dio bukaeraraino / bukaera(ra) arte erabileraren inguru, eta aurkitzen bertan -raino egiturak leku erreferentzia duen bitartean, (-ra) arte-k denborazko erreferentziak ote dituen. Ez da harritzekoegia, kontuan hartuz, batetik, bukatu aditza jatorriz (OEH) (ia) soilik giputz erabilerakoa dela (goi-nafarrerakoa ere), gaur egun hegoalde osora zabalduxea; eta bestetik, EPG corpusa azken hamar urteetako testuez-edo dagoela osatua, non urruti handirik gabe autore denek aldez aurretik ongi ikasi bide duten -raino eta (-ra) arte-ren arteko ustezko oinarrizko aldea.

OEHTCko tradiziozko testuetan berriz, 8 bukaeraraino ageri dira (batere ez bukaera(ra) arte). Eta 8 horietatik 7 (eta are 8ak) ezin denbora erreferentzia argiagoz. Agirre Asteasukoak darabil sei aldiz. Behin Pazkoako denboraren bukaeraraño, ezin denbora erreferentzia argiagoz, eta beste bostetan munduaren bukaeraraño esamoldea guztietan ere ezin denbora erreferentzia argiagoz (eta zuen artean nago, eta egongo ere naiz munduaren bukaeraraño gisakoak). D. Intzak ere zentzu berean darabil behin (ni zuekin naiz egun guztietan, lurraren bukaeraraño). 8. adibidea Mitxelenarena da, denborazko egitura baten barne (bukaeraraino heldu baino lehen), nahiz interpretatu litekeen agian leku erreferentzia gisa ere artikuluaren bukaeraraino.

2TZULek pareko proposatzen dituen amaiera edo azken hitzekin ere antzera gertatzen da OEHTCn. Azkeneraino eta antzekoak ia beti erabiltzen dira denbora zentzuan (Ta iraungo dabee mundubaren azkeneragino -F. Bartolome-, Abenduaren erditik azkeneraño edo Maiatzaren 13garrenetik Garagarrillaren azkeneraño -Orixe-, edo Mitxelenaren 1976.eko azkenetaraino lortu dena. Nahiz inoiz ere bai erreferentzia espazialean (Eta liburua azkeneraino irakurten baduzu -Oskillaso-). Amaieraraino bitan baino ez da ageri, behin zentzu espazialean edo (Uriarte), eta behin denborazkoan (Iraizoz).

• 2TZULek arrazoi izango du zerura arte eta zeruraino bereizketan hildako laguna agurtzean. OEHTCn 2 aldiz ageri da zeru(a/ra) arte… edo antzeko egitura. 100 aldi inguru zeruraino. Eta horregatik ere izango da arruntena, Suziria zeruraino igotzea (hau helmuga baita maiz), baina baita ere Suziria zerura arte bere indarrez igo da itxurakoetan -zergatik ez?-, esaldiaren helburua ez denean soilik edo hainbeste muga aipatzea, baizik beste zer edo zer (Suziria zerura (estratosferara) arte bere indarrez igo da eta atmosfera uzterakoan lehertu da edo antzeko).

Bestalde, eta zeru kontuetan ez dakit, baina niri ez zait ezinezkoa iruditzen norbait Bilboraino agurtzea, gero han ikusiko dugulakoan, nahiz bai eta ere Bilbo(ra) arte agurtu ahal izan.

• Ikuspuntu honetatik niri ez zaizkit ezinezkoak egiten hezurre(ta)ra arte bezalakoak (Hezurrera arte ireki zion izterra labanarekin; agian izterraren irekitzea azpimarratuz, irekiaren amaia bera baino areago). Hortzak/hortzetara arte (Behetik gora begiratu nion eta hortzak/hortzetara arte ez nion ezer berezirik aurkitu; Hortzak arte aurkitu genuen armaz betea). Kokotera arte (Pixkanaka-pixkanaka kokotera arte / kopetara arte joan nintzen kontu horiekin betetzen, lehertu nintzen arte).

• Tenperatura 180 gradura arte (bitartean) pixkanaka igo behar da, ezin hobea begitantzen zait (eta beraz bai eta ere bere soilean eta prozesuari, tarteari eta bitarteari begira Tenperatura 180 gradura arte (bitartean) igo behar da), nahiz eta posible, arrunta eta agian ohikoago izan hainbat testuingurutan Tenperatura 180 gradura(ino) igo behar da. Baita ere Lasai, isuna 1.000 eurora arte (bitartean) bakarrik igo dakizuke esaldia (eta beraz bai eta ere bere soilean eta prozesuari, tarteari eta bitarteari begira Isuna 1.000 eurora arte (bitartean) igo daiteke berehala ordaindu ezean), nahiz eta beti posible, arrunta eta agian ohikoago izan hainbat testuingurutan: Isuna 1.000 eurora(ino) igo daiteke berehala ordaindu ezean.

• RENFEk orduko 160 kilometroraino igo du bere trenen gehieneko abiadura, bai, baina zergatik ez, RENFEk orduko 160 kilometrora arte (bitartean) igo du bere trenen gehieneko abiadura (pixkanaka edo). Eta Herri barruko autobusa euro erdira(ino) jaisteko asmoa azaldu du Udalak, baina zergatik ez Herri barruko autobusa euro erdira arte (bitartean) jaisteko asmoa azaldu du Udalak (jaisten joateko edo)? Tenperatura zero azpitik 15 graduraino jaitsiko dela ere esan dute, baina baita ere Tenperatura (gauean zehar) zero azpitik 15 gradura arte (bitartean) jaitsiko dela ere esan dute, ezta?

• Hileroko kuota hiru pezetatik bost pezetara igotzea eskatu zen, bai, baina zergatik ez, Hileroko kuota hiru pezetatik bost pezetara arte (bitartean) igotzea eskatu zen (datozen hilabeteetan barrena)? Azken egunotan bokarta kiloa 50 eta 30 pezetaraino jaitsi da eta hau ez da errentagarria euskal arrantzaleentzat, bai, baina zergatik ez, Azken egunotan bokarta kiloa 50 eta 30 pezetara arte (bitartean) jaitsi da (joan da jaisten) eta hau ez da errentagarria euskal arrantzaleentzat?

• Zergen aurreko emaitza %15,4 hazi zen eta 36,2 milioi euroraino iritsi, bai, EPGko antzeko beste 20ak bezala, baina zergatik ez 2tzulen aipatu bai baino jaso egiten ez diren EPGko beste 6 -ra arte adibideen antzekoak?: Beste zenbaitzuk aurreikusi dute 30 eurora arte helduko dela; Inbertsioaren %100 finantzatzea eskaintzen du, betiere 1.000 eurora arte (BEZ barne); 1.200 euroraino familia ugarien kasuan; Frantziako Gobernuak jatetxeei gizarte kotizazioak langile bakoitzeko 120 eurora arte murriztuko dizkie; Zor publikoa ere ez da batere hobetu, 35.900 milioi eurora arte igo da 2004ko lehenengo seihilekoan; lau egunez jarraian behera egin ondoren, atzo gora egin zuen 2,32 eurora arte [petrolioaren prezioak]; Balantzea %27,4 handitu zen 6.435 milioi eurora arte.

• 2TZULeko urtera(ino) / urte(ra) arte adibideen iruzkinetik pentsatu liteke -ra(ino) egitura erabiltzen ote den «urte bezalako denbora-hitz bat ere neurri gisa erabili (…) eta, ondorioz, adiera espazialean hartu» denean edo (Hitzarmenaren iraupena hiru urtekoa izango da, eta sei urtera(ino) luzatzeko aukera dago, baina zergatik ez adibide honetan ere sei urte(ra) arte);[9] eta aldiz (-ra) arte soilik erabiltzen ote den «[d]enborazko garbiak» direnean edo (Hamasei urte(ra) arte herrian bizi izan nintzen; eta glosatzen du 2TZULek: ‘hamasei urte izan arte’; ez “hamasei urteraino”). OEHTCn 23 adibide-edo dira urte(ta)raino esamoldearenak, gehienak 2tzulek gaitzetsitako denborazko zentzu garbikoak (nahiz zentzu honetan ere agertu -nahikoa gutxiago- urte(ta/ra) arte egitura (26 aldiz edo OEHTCn), ondoko Eguzkitzaren adibidean bezala bi egiturak elkarren segidan: orain dala bi urteraño (Soroa); Irurogei ta bi urteraño / beti ezkongai egondu (Urruzuno); Eta eun urteraño bizi izan bazan (Arrese-Beitia); Lenengo aldian gudari gorrien agintzapeko baltsakeria 1921'garren urteraño; gero Nep eritxon ondasunen jaurkera barria 1925'garren urterarte (Eguzkitza).

• 2TZULek aztergai proposatzen ditu ondoko esaldiak: Elurra egin du hondartzara arte / Tenperatura 30 gradura arte igo da / Elurra 500 metrora arte jaitsi da / Belaunetara arteko elurretan ibili gara / Haginetara arte armaturik zeuden / Ehuneko 4 arte emango dizugu interesetan / Ehuneko 50 arteko deskontua / Ez dakit hori norarte den hori egia eta norarte asmatua. Eta iruzkintzen, esanez: «nire iritziz -raino dagokie gehiago, denboraren aztarrenik ageri ez denez».

Agian ulertu litezke esaldiak desberdin ikuspuntua zertxobait aldatuz guk proposatutako ildoan, eta jabetuz gero esaldi horiek darabiltzan hiztunak hain zuzen -ra arte… egituraren bidez saiatzen dela mezu hartzailearen arreta fokalizatzen prozesuan, tartean, bitartean (bitartean erabiliko bagenu bezala edo), eta ez hainbeste amaierako mugan, seguru asko gehiago lortuko lukeena -raino… egituraren bidez.

• Agian berdin pentsatu liteke (kalkoago edo kalko gutxiago) ondoko adibideekin ere: Auto horretan zazpi lagun ere sartzen dira, ongi, noski, baina zergatik ez, Auto horretan zazpi lagun arte sartzen dira, non -ra arte… egituraren bidez gehiago ikuskatu litekeen sartu litekeela lagun bat edo bi, hiru…, baina zazpi bitartean bakarrik, eta ez gehiago. Eta noski, ezin hobea ere gure ustez, Jasan dezakeen pisua: 500 kilo arte bezalako esaldia, hain zuzen 500 kilo bitarteko pisua jasan dezakeelako (eta ez gehiago), eta tarte horretara daramakeelako-edo mezu hartzailearen arreta.

3.1. arte… / -raino… egituren erabilera aditzekin

Ohar interesgarria egiten da 2tzulen arte eta -raino egituren erabileraz aditzekin hautsi arte eta hausteraino bereiziz, edo urratu arte eta urratzeraino. 2tzulek dio: «Noiz arte esaten dugu lehenbizikoan; bigarrenean, berriz, zenbat, zenbateraino.» Eta ez dakit hala den, nahiz enfatizazioak desberdinak izan 2tzulek proposatu bidean, ze hausteraino-k ere adierazten digu muga (Atea hausteraino aritu zen indarka), eta baita hautsi arte-k ere intentsitatea (Atea hautsi arte aritu zen indarka). Kontua da zail dela bi egiturak maila berean konparatzea, batak aditz partizipio bukatua darabilen neurrian (hautsi arte), bestea aditz partizipio burutugabearen (edo aditz izenaren) gainean eraikia dagoenean (hauste + -raino), eta lehenaren glosa hautsi zuen arte izan litekeen bezala, bigarrenarena gehiago hurbildu liteke haustera iritsi zen arte edo antzekora, non azpimarra berezia hartzen bide duen haustera iritsi bitarteko prozesuak. Gauza bera/berdina gertatuko litzateke Ahotsa urratu arte abestu genuen (hau da Ahotsa urratu genuen arte abestu genuen) esaldiarekin, Ahotsa urratzeraino abestu genuen esaldiaren parean (Ahotsa urratzera iritsi arte abestu genuen edo), non berriro azpimarra berezia hartu bide lezakeen ahotsa urratzera iritsi bitarteko prozesuak.

Hau da bi esaldi pareek fokalizazio ñabardura desberdinak dituzkete, baina ez hainbeste atzizkien egiturengatik, baizik eta hauek osatzeko hartzen duten aditz partizipioaren aspektuarengatik. Kontua da -raino… egiturarekin ez dela erabili ohi euskaraz aditz partizipio buruturik (*hautsiraino edo). Eta agian gehiegi ez ere arte egiturarekin aditz partizipio burutugabearen edo aditz izenaren gainean osatutako esamoldea. Baina hau konparaziorako behintzat posiblea da (nahiz arruntegia ez), eta ikusiko dugu agian bi esaldi pareen arteko aldea ez dela orduan hartarainokoa enfasi ñabarduretan ere: Indarka aritu zen, atea haustera arte / Indarka aritu zen, atea hausteraino; edo Ahotsa urratzera arte abestu genuen / Ahotsa urratzeraino abestu genuen.

Eta agian gauza bertsua gertatu dakiguke konparatzen baditugu aditz jokatu eta burutu bidezko esamoldeak arte… egiturarekin edota iparraldeko -(e)(i)no atzizkiarekin osatuak (kasuan -(ra)ino-ren familiako): Indarka aritu zen, atea hautsi zuen arte / Indarka aritu zen, atea hautsi zue(i)no; edo Ahotsa urratu genuen arte abestu genuen / Ahotsa urratu genue(i)no abestu genuen.

4. Ondorio edo

1. Hala -raino atzizkia (muga adlatibo amaierakoa edo), nola (-ra) arte… egiturak, biak erabili ohi dira, eta erabili litezke, bai denbora eta bai leku erreferentzietan.

2. Leku erreferentzietan zalantza gabe gehiago erabili ohi da -raino egitura. Agian arruntago delako leku erreferentzia hauetan amaierako muga bereziki azpimarratzea, abiada puntutik amaierakora dagoen prozesua, tartea edo bitartea baino (nahiz eta -raino-rekin hori ere egin litekeen eta egiten den).

Hala ere, leku erreferentzietan (eta noski ez denbora, ez leku, erreferentzia neutroagoetan ere), arrunta da euskara guztietan (-ra) arte… itxurako egitura ere erabiltzea, dirudienez hiztunaren aukerako borondatearen arabera erabilia beste mugarik gabe, eta agian honetan bereziago eraman nahiaz (eramanez) mezu hartzailearen arreta, amaierako mugara baino areago, bitarteko prozesura, tartera, bitartera, eta bide horretan iragaten diren leku edo denboretara, eta nahiz eta -raino-rekin hori ere egiten den.

3. Aldiz, denbora erreferentzietan gehiago erabili ohi da (-ra) arte… egitura (ia ezinbestean tartean aditz jokatugabea ematen denean, nahiz aditz jokatugabea erabiltzean euskalkien arabera -(e)n arte… edota -(e)(i)no atzizkiak partekatu). Agian denbora erreferentzietan ohikoagoa datekeelako mezu hartzailearen arreta eraman nahi izatea, amaierako mugara baino areago, hara bitarteko prozesura, tartera, bitartera, eta bide horretan iragaten diren denbora edo lekuetara (nahiz eta hori bera -raino-rekin ere egiten den). Hala ere arrunta da euskalki guztietan -raino… egituraren erabilera denbora erreferentzietan (baina guk testuetan ez dugu oraindik aurkitu esanahi ñabardura berezirik egitura bat eta bestearen erabileraren artean (hiru urtera arte ≈ hiru urteraino) denbora erreferentzietan).

Oharrak

[1] Zuzendu nahi dut nolanahi hasteko, 2tzuleko oharretan nahastera eraman lezakeen baieztapena, honek esaten duenean "Euskaltzaindiak sarean jarri berri duen Orotariko Euskal Hiztegian honako ohar hau egiten duela arte postposizioari buruz: «Se agrega a verbos y nombres de tiempo. Algunos abusan de él agregándolo a nombres locales: etxerarte, en vez de etxeragiño o etxeraiño, hasta casa»." Ulertu bailiteke hori Euskaltzaindiak esaten ote duen, edo OEHk berak, baina ez da hala, OEHn bertan ikusi litekeen lez. Hitz horiek Azkue preskriptibistaren hiztegikoak dira, OEHk jaso baino egiten ez dituenak, aurretik Harrieten hiztegiko beste batzuk jasotzen dituen bezalaxe. Ez Euskaltzaindiaren, ez OEHren iritzia.

[2] Nahiz eta zeharbidez bada ere honen erabilera gaitzesten edo baztertzen den denbora erreferentzietan nahikoa agerian eta oker. Hala, esaterako, dioenean: «Uste dut, beraz, beldur handirik gabe esan dezakegula arte denbora-nozio baten adierazpena dela (nahiz zenbaitetan toki-izen bat ondoan izan), eta -raino, berriz, toki-nozio baten adierazpena.»

[3] Hor sartu behar behintzat (2000ko HBko): egundaino…, noizdaino…, oraino…, oraindaino…, oraindino… (Bizk), orduraino… Gogoratu behar ere euskaraz eta euskalki gehienetan noiz arte edota noizdaino (eta antzeko)-en parean erabili ohi direla ere noiza edo noizera(t) itxurako galdegileak (egia da batez ere noiztik noiza/era(t) esamoldean), zalantza gabe -ra adlatiboa dutenak oinarri (ik. OEH, noiz).

[4] Euskaltzaindiak ikerlarien esku jarritako OEHko testu guztiak-edo arakatzeko Testu Corpus aukera.

[5] Nolanahi, EGLU-I-ek dio Axularrek ez darabilela inoiz arte denbora zentzuan (nahiz bai arteino edo arteraino), eta iradokitzen, badaudela euskalkiak hau erabiltzen ez dutenak denbora zentzuan. Eta egia da OEHn ez dela arte-ren halako lekukotzarik jasotzen iparraldean 1853ko Hiribarren bitarte (nahiz badiren iparraldean zentzu bereko/berdineko artean, arteraino…, artio eta antzekoen testigantzak Leizarragagandik ere hasita).

[6] EGLU-I (19852, 396): «Beraz, etxeraino, baina gero arte. / Hori orokorki hala da, eta erakusleetarik sorturiko aditzondoek ezin hobeki erakusten digute lekua adierazten duten sintagmei berez -raino dagokiela, ez arte; ikus hor goiko honaino, horraino, haraino; horien ordez inoiz ez da idatzi ez esan hona arte edo horren antzekorik ez eta galdetu nora arte, gaurko egunean hau ere entzuten den arren.». Kontuan hartu beharko da EGLU-I 1985ekoa-edo dela, eta geroztikoak OEHren lehen aleak edota honen corpusetako erabilera aukerak.

[7] Kontuan hartzeko ere segidako Larramendirena bezalakoak (hau arteraino), zuzenean erakuslearen gainean eraikia (hona arterainoren pareko edo): Zerura jaio baño len, kristau egin baño leen, graziaren mundu ederrean, au arteraño ezer ere etzanean. (Beti argudiatu litekeelarik noski hemen ere ezkutuko aditza ote dagoen tartean: hau gertatu arteraino edo).

[8] Baina baita ere -zergatik ez?- Autobus hau ez da Errenteriaraino geldituko itxurazko esaldiak, 2tzulek esaten duenaz bestela.

[9] F. Bartolomeren honetan bezalatsu edo: Urte bi, edo iru zitubeeneti amalau amasei urtera artian.

Nork: Bittor Hidalgo.2009/10/20 22:54:12.459 GMT+2

Errenferentziak:

... bitarteko biztanleak EIZIEren 2tzul blogean Elhuyarko kide den Patxi Petrirenak idatzitako lana duzue irakurgai eta zuen iritziak emateko aukera ere baduzue bertan. B...

Erreferentzia:  Hizkuntza Zerbitzuak » “Arte” eta “-raino” eztabaidagai 2009/10/23 15:44:39.050 GMT+2