«Hori lortuz gero» / «Hori lortzekotan» (Fernando Rey)

2009 Abendua 1

Urte mordoxka dira baldintzazko «eginez gero» eta «egitekotan» egiturak baliokideak direlako ustea hedaturik zegoela ohartu nintzela. 1987an, Iruñean, Joxe Bernardo Jauregi legorretarrak, irakasle euskaldun berri batzuen nahasmenari erreparaturik, mahai inguruan jarrarazi gintuen eta, lapitza eskuan, eskema bat egin zigun, behingoagatik uler genezan bi egitura horiek ez zirela sinonimoak, eta, beraz, ezin zirela erabili bata bestearen lekuan. Eta eskema hura dut oraindik ere oinarri.

Urteak pasatu ziren. Gaitza zabalduz joan zen eta, ez dakit nola, Patxi Petrirenarekin horretaz mintzatu, eta garai hartako Euskaldunon Egunkariak ateratzen zuen Orri debozionezkoan horri buruzko artikulutxo bat egiteko esan zidan. Esan eta egin. 1995eko otsailaren 3an argitaratu zen.

Eta zabalduz doa gaitza orain ere, eta gero eta gehiagotan ikusten ditut adibide okerrak. Baina lehenago euskaldun berri-berrion akatsa bazen ere, orain, berriena ez ezik, beste askorena ere bada, baita euskara maila ona dutenena eta euskara aberatseko zenbait idazlerena ere. A gripearen birusarekin gertatzen ari den bezala, pandemia bihurtu da, eta osasun oneko gazte eta helduak harrapatu ditu, ez bakarrik osasun andeatuko eriak.

Sinonimotzat hartze hori aspaldiko kontua da, ikaragarri zabaldua. Eskola eta euskaltegi askotan sinonimotzat hartzen ziren, eta, seguruena, gutako batzuek ere lagunduko genuen okerra hedatzen. Sarean aurkitutako webgune batean, adibidez, hauxe aurkitu dut, berridazketak egiteko gomendioen artean:

«Aldaketa batzuk automatikoak dira. Alegia, gramatika kategoria berari dagozkio eta, ondorioz, ñabardura batzuk gorabehera, antzeko esanahia duten egitura batzuk erraz ordezka daitezke:

  • baldin) ba-... / -(e)z gero = -tzez gero = tzekotan
  • ezik = ezean »

Balio dezatela adibidetarako egun bakar batean bila ibili gabe ikusi eta apuntatu nituen lau adibide hauek. Oker ez banaiz, lehenbizikoak foru aldundiren bateko aldizkari ofizialekoak dira, eta azkena Hizkuntza Eskubideen Behatokiarena:

  • Eskatzaileen familia liburuaren fotokopia aurkeztu behar da, seme-alabak dituztela egiaztatzeko, halakorik izatekotan.
  • Berdinketa egotekotan, diru-sarrera txikiena duenaren alde egingo da.
  • Izena behin baino gehiagotan agertzekotan, erregistro-zenbaki berriena duen eskaera baztertuko da.
  • Horren inguruko argibideren bat bidali nahi izatekotan, telefonoa@behatokia.org helbide elektronikora edota Behatokiko egoitzara helarazi.

Adibide guztietan, problema bera ageri zaigu, okerreko ustea, «izatekotan» eta «izanez gero» sinonimoak diren ustea alegia.

Baldintzazko esaldiak dira auziaren muina eta, zehatzago esanda, baldintzazko esaldi jokatugabeak.

Egia esanda, ez dut dokumentazio askorik lortu. Gramatiketan ere deus gutxi ageri da. Orotariko Euskal Hiztegian ere miaka ibili naiz, baita Ereduzko Prosan ere.

Problema honi buruzko beste aipamen batzuk aurkitu ditut, interesgarriak, baina haietako batzuek, nire ustea sendotu beharrean, zalantzak sortu dizkidate, eta susmoa piztu, nire eskema ere ez ote den sobera zorrotza, edo okertzat hartzen dudan molde hori ez ote den zenbait tokitako erabilera ona. Bestela esanda, ba al dago tarteko adibiderik? Ba al dago tokian tokiko erabilera «bitxirik»?

Blog honek eztabaida abiaraztea duenez helburua, neure eskema azaltzera ausartuko naiz. Datozela, gero, nahi adina aportazio eta kritika, hondarrean probetxuzko zerbait geldi dadin.

Han-hemenka aurkitutako adibide asko jarriko ditut. Barka dezatela egileek. Asmoa ez da, inondik ere, inor ere kritikatzea. Guztion artean auzia argitzeko baliabidetzat ditut. Eskerrik asko, beraz, aldez aurretik.

1. Baldintzazko perpausak

Beste egituraren bat ere aipa baliteke ere, hauek dira baldintzazko esaldiak sortzeko egitura erabilienak:

a) Euria egiten BAdu, arropa bustiko zaigu (baldintza erreala).

Eta haren molde bereko baldintza irreal edo hipotetikoak:

   Euria egin (izan) BAlu, arropa bustiko zen/zatekeen.
   Euria eginen/egiten BAlu, arropa bustiko litzateke.

b) Mikelek partida irabaziZ GERO, ni asko poztuko naiz.

c) Mikelek partida irabazi EZEAN (EZIK), ez dugu negarrik eginen.

d) JakiTERA, joanen nintzateke.

Eta haren moldeko bereko iraganeko esaldia:

   JakiTERA(t), ez nintzen hurbilduko.
   Jakin IZATERA(t), ez nintzen hurbilduko.

e) Lana bukatuko BAdugu, buru-belarri aritu beharko dugu.

f) Bihar mendira joaTEKOTAN, goiz jaiki beharko duzu.

g) Bihar mendira joaTEZ GERO(TAN), goiz jaiki beharko duzu.

h) Bihar mendira joaTEKOTZ, goiz jaiki beharko duzu.

Errazkerian erortzeko arriskua izanik ere, nik bi multzotan bereizten ditut molde horiek guztiak:

1.1. Baldintzadun esaldi ortodoxoak

Baldintzazko perpausak bi atal ditu, baldintzazko perpausa eta ondore perpausa, protasi eta apodosi ere deitu ohi direnak. Bien artean kausa-ondorio erlazioa dago, eta, beraz, lehenbizikoa betetzearen ondorio da bigarrena.

  • Euria egiten badu, arropa bustiko zaigu.

Arropa bustitzea euria egitearen ondorio da.

Eskema honi jarraitzen diote modu hauek guztiek:

A)    
     a-1)

  • Euria egiten badu, arropa bustiko zaigu
  • Euria egin (izan) balu, arropa bustiko zatekeen/zen.
  • Euria eginen/egiten balu, arropa bustiko litzateke.

     a-2) Ezezko esaldietan berdin:

  • Euria egiten ez badu, arropa ez zaigu bustiko.
  • Euria egin ez balu, arropa ez zatekeen/zen bustiko.
  • Euria eginen/egiten ez balu, arropa ez litzateke bustiko.

B)   
     b-1)

  • Mikelek partida irabaziZ GERO, ni asko poztuko naiz.

     b-2)

  • Mikelek partida irabazi EZEAN (EZIK), ez dugu ospakizunik eginen.

(berdin egin daiteke, jakina, baldintza irreal edo hipotetikoan ere)

C)

  • JakiTERA, joanen nintzateke.
  • JakiTERA(t), ez nintzen hurbilduko.
  • Jakin IZATERA(t), ez nintzen hurbilduko.

1.2. Helburuzko kutsua duten baldintzadun esaldiak

Bigarren multzo honetako baldintzazko esaldiek oso bestelako egitura dute, eta, ia-ia, baldintzazkoa ez baizik eta helburuzko esaldia dela esan genezake. Ez da betetzen aurreko esaldien eskema. Perpaus hauetan, ez da bigarren puska lehenbizikoaren ondorio, kontrakoa baizik. Alderantzikatua dago, eta lehenbiziko puska da bigarrenaren ondorio.

D) Lana bukatuko BAdugu, buru-belarri aritu beharko dugu.
E) Bihar mendira joaTEKOTAN, goiz jaiki beharko duzu.
F) Bihar mendira joaTEZ GERO(TAN), goiz jaiki beharko duzu.
G) Bihar mendira joaTEKOTZ, goiz jaiki beharko duzu.

2. Baldintzazko perpaus jokatugabeak

Azter ditzagun, labur bada ere, perpaus jokatugabe horiek:

2.1. -tuz gero

Egitura: partizipioa + -Z instrumentala + GERO postposizioa
Aldaerak: -TUZ GERO(Z, ZTIK)
Bi erabilera nagusi ditu:

a) Baldintzazko esaldia: gehienbat Hegoaldeko hizkeretan.

  • Mikelek irabaziz gero, asko poztuko naiz ('Mikelek irabazten badu, asko poztuko naiz').

b) Denborazko esaldia: gehienbat ekialdean eta Iparraldean.

  • Zu etorriz geroztik, ez dugu bakerik izan ('Zu etorri zarenetik, ez dugu bakerik izan).

Nabarmentzekoa da egitura honekin ezezko esaldia ere egiten dela, Nafarroako iparraldean behinik behin, baina ez dirudi bultzatzekoa denik.

  • Zu ez etorriz gero, ez dugu deus eginen (?).

2.2. -tu ezean / -tu ezik

Baldintzazko perpausa ezezkoa denean, egitura hauek erabiltzen dira. Gehienbat Hegoaldean eta mendebaldean erabili izan dira berriki arte.

Egitura: - partizipioa + EZIK (gehienbat mendebaldean)
           
- partizipioa + EZEAN (Hegoaldean, baina tradizio murritzagokoa da)

  • Zuk egin ezean, ez du inork egingo ('Zuk egiten ez baduzu, ez du inork egingo').

«Izan ezik» egitura salbuespena adierazteko zabaldu da batik bat.

«Ezean» baliatuz, partizipioaren ordez izen bat erabiliz, molde bereko esaldiak sortzen dira: «Urik ezean, besterik ezean, ardoa edanen dugu» ('urik ez badugu, besterik ez badugu, ardoa edanen dugu').

2.3. -tzekotan

Egitura: aditz izena + -KO + -TAN inesibo mugagabea. Ematen du zerbaiten elipsia egiten dela, izen bat isilean balego bezala.

Erabilera:

a) -tzeko zorian, -tzeko puntuan.

  • Erortzekotan egon nintzen.

b) -tzeko asmotan (asmoa)

  • Amari bisita egitekotan joan naiz.

c) Baldintzazko/helburuzko esaldia.

  • Bihar mendira joatekotan, goiz jaiki beharko duzu.

-tzekotan daraman perpausean esaten dena ez da ondore perpausa baino lehenago gertatzen, ez da kausa, alderantziz baizik. Kasu honetan, lehenbiziko perpausa bigarrena betetzearen ondorio izanen da (goiz jaikitzeari esker, edo horren ondorioz, joaten ahalko zara mendira).

Ez da zilegi, beraz, honelako esaldiak egitea:

  • *Bihar mendira joanez gero, goiz jaiki beharko duzu.

('Bihar mendira joatekotan, goiz jaiki beharko duzu'). Si mañana vas a ir, si has de ir, si quieres ir, si tienes intención de ir al monte, tendrás que levantarte pronto.

Azken batean, helburuzko esaldia da. Eta lasai esan genezake beste hau: «Bihar mendira joateko, goiz altxatu beharko duzu». Para ir al monte, tendrás que levantarte pronto.

Zein da, ba, problema? Nire ustez, erdaratiko kalko okerra da kontua, gaztelaniaz lasai asko esaten baitugu «si mañana vas al monte, tendrás que levantarte pronto», nahiz eta «si has de ir, si quieres ir, o tienes intención de ir, para ir» izan esanahia.

Modu berean, ez da zilegi, nik «baldintzazko esaldi ortodoxoa» deitu dudan horretarako, -tzekotan egitura erabiltzea, eta hau da azken urteotan gehien zabaltzen den okerra. Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • *Nekatuta egotekotan, eseri eta atseden hartu.

('Nekatuta baldin bazaude, nekatuta egonez gero, eseri eta atseden hartu').

  • *Nahi izatekotan, elkarrekin joanen gara.

('Nahi baduzu, nahi izanez gero, elkarrekin joanen gara').

  • *Hautagai bakarra egotekotan, ez da bozketarik egingo (EHAO. 2006-2-14)

('Hautagai bakarra baldin badago, egonez gero, ez da bozketarik egingo').

  • *Bozketan berdinketarik egotekotan, berriro bozkatuko da, eta berriro ere berdinketa egotekotan, Batzordeko buruaren kalitateko botoak erabakiko du (BAO, 116. zk., 2008, ekainak 18).

d) Zehaztapen lexikoa, errepikapenaren bidez.

  • Egitekotan, ongi egin.
  • Inori esatekotan, zuri esanen dizut.
  • Ezkontzekotan, zurekin ezkonduko naiz.

Lankide batek txistea egiten zuen azkeneko honen kontura.

«Si me caso, me casaré contigo». Batzuen joera, erdararen interferentziarengatik, «*ezkontzen banaiz, zurekin ezkonduko naiz», «*ezkonduz gero, zurekin ezkonduko naiz» esatea baita. Lankide honek grazia handiz azaltzen zuen «ezkonduz gero, ezkondua zaude jada, eta ezin zara ezkondu, poligamiarik onartzen ez bada behinik behin».

Beraz, okerrak dira, noski, honako hauek:

  • *Eginez gero, ongi egin (*Egiten baduzu, ongi egin)
  • *Inori esanez gero, zuri esanen dizut (*Inori esaten badiot…).
  • *Ezkonduz gero, zurekin ezkonduko naiz» (*Ezkontzen banaiz…).

Mota berekoa da euskaltegi batzuetan baldintzazko adizkiak behin eta berriz esanarazteko binaka egiten eta eginarazten genuen ariketa. Okerraren jatorria, honetan ere, erdaratiko kalko okerra da noski.

  • «Si fueras un ave, ¿qué ave serías?»

«*Hegazti bat izango bazina, zein hegazti izango zinateke?» galdetzen zuen batak. Eta besteak erantzun: «*Hegazti bat izango banintz, ni arranoa izango nintzateke».

Baina okerra da noski: «Hegaztia izatekotan, zein izanen zinateke?» esan beharko baikenuke.

2.4. -t(z)ez gero

Egitura: aditz izena + -Z instrumentala + GERO postposizioa.

Aldaerak: -TZEZ GEROZ, -TZEZ GEROTAN.

Erabilera: helburuzko/baldintzazko esaldia, -tzekotan bezalaxe.

  • Euskarak aurrera egitez gero, euskaraz bizitzen hasi beharko dugu.
  • Afaria egitez gerotan, norbaitek egin beharko du erosketa.

Modu hau Nafarroan eta Gipuzkoan oso erabilia izanagatik, testu gutxitan agertzen da. Ikusi besterik ez dago ez dela oso maiz agertzen Ereduzko Prosan. Corpus horretan begiratuta –ustez, behintzat, ongi begiratu dut–, bakar batzuek erabili dute literaturan (Xabier Mendiguren Elizegik, Karlos Linazasorok, Imanol Zurutuzak, Jon Arretxek, Xabier Olarrak, Juan Kruz Igerabidek, Joxe Azurmendik eta nik neronek). Ez dut adibiderik topatu Berrian.

2.5. -t(z)ekotz

Egitura: aditz izena + -KO + -TZ. Aldaerak: -TZEKOZ.

Erabilera: helburuzko/baldintzazko esaldia, -tzekotan eta -tzez gero bezalaxe.

Aurrekoaren parekoa da, Iparraldean tradizioa duena azken hau, eta Ereduzko Prosan bilatuz gero, ia-ia kasu guztiak Herria aldizkarikoak eta Iparraldeko idazleenak dira.

  • Parisen lehen eman hitza behar duela atxiki, han Afrikan bakerik eta batasunik egitekotz.
  • Elgarrekin bizitzekotz, arropa hori beharko duzue utzi.

3. Ereduzko Prosako adibideak

Bilaka ibili naiz Ereduzko Prosan, eta adibide asko topatu ditut. Testu hau ez luzatzearren, aparte jarri dut, nahi duenak ireki eta aztertu dezan. Hemen duzue: Ereduzko_Prosako_adibideak.doc

4. Problemari buruzko bi aportazio

4.1. Euskal Herriko Unibertsitatearen EHULKU zerbitzua

Modu grafiko eta ederrean azaltzen dute problematika, baina hara non -tzekotan egitura azaltzean, 3. erabileraren berri ematean, niretzat zalantzazkoa den adibide bat ematen duten (5. orrian).

«?Lan egiteari utziko diot, baina Gabonetako loteria egokitzekotan.

Horren bidez zera adierazten dugu:lan egiteari utziko diot, baina Gabonetako loteria egokitu behar zait, bestela ez».

Nire eskemari jarraikiz, «loteria egokituz gero» jarriko nuke. Horrelako adibideak aurkitzeak jarri nau, orain, ni ere zalantzan.

4.2. Euskal Gramatika Osoa. Ilari eta Entzi Zubiri.

Maiz jotzen dut nik Zubiritarren gramatika honetara, oso argia eta didaktikoa delako. Problema honi heldu diote, eta ongi azaltzen dute gaia, baina, berriz ere, nire eskema kolokan jartzen duen adibide bat ageri da -tzekotan egituraren balioa azaltzeko. Bigarren partean ematen dituen adibide guztiak oso egokiak iruditzen zaizkit, baina badago azalpen bat nik ongi harrapatzen ez dudana, edo, besterik gabe, nire eskemarekin bat ez datorrena:

«Egitura hau ‘-tzeko kasutan’ esapidetik dator, eta baldintzazko perpaus jokatugabeak egiteko erabiltzen da. Aurreko ataletan aztertu ditugun egituren aldean, balditu zenbait berezitasun. Ikus dezagun adibide baten bitartez:

a) Eginez gero, ondo egiten saiatu.
b) Egitekotan, ondo egin (bestela, ez egin).

Goiko adibidea baldintzazko perpaus arrunta dugu eta ‘Egiten baduzu, ondo egiten saiatu’ adierazten du. Bigarren adibidean, ordea, -tzekotan egiturak, inplizituki, ‘bestela ez’ edo antzeko zerbait adierazten du. Hona hemen beste zenbait adibide...».

Ondoren datozen adibide guztiak oso egokiak iruditzen zaizkit, baina posible al da a) hori? Esan al dezakegu ‘Egiten baduzu, ondo egiten saiatu’?

Ez dut harrapatzen ñabardura hori. Edo mendebaldeko moldea da hori?

5. Azken adibide bat

Nire zenbait lankiderekin gai honi buruz ari nintzela, orain aipatuko dudan adibide batek harrotu zituen hautsak: eskema desberdinak ditugulako, edo erabilera desberdinak daudelako, edo tokian tokiko erabilera guztiak ez datozelako bat. Batek daki. Balio dezala, nahi izanez gero, eztabaidarako.

  • Ezkontzen bazara, abisatuko didazu, ezta?

(«Ezkondu behar baduzu», adierazi nahian, jakina, ospakizunera joan ahal izateko). Batzuek ontzat jotzen zuten. Beste batzuek ez. Mugako kasu bat da? Eta orain arte azaldutakoen molde oker berekoa?