2010/12/27 23:03:08.132 GMT+1

«ZENBAT EUROAN» / «ZENBAT EUROTAN» «25 GRADUAN» / «25 GRADUTAN»

Noiz erabili mugatu singularra sintagma zenbatzailedunetan

Alfontso Mujika Etxeberria


Gai ezaguna itzultzaileentzat, eta gai ezaguna idazleentzat. Hala behar luke, behintzat. Hain da oinarrizkoa, ezta? Hala ere, eguneroko lanean ikusten dut —ikusten da, ikusiko zenuten— oraindik zalantza eragiten duen gaia dela, itzultzaile ez gutxiren praktikan irizpide argi-argi baten falta ageri dela. Eta —itzulpengintzaren esparrutik kanpora begiraturik— irakasmaila guztietako irakasle asko eta askoren lanetan, kazetari askoren lanetan eta idazle batzuen lanetan ere garbi ageri da ebatzi gabeko gaia dela. Kontuan izanik Euskaltzaindiak gai horri buruzko arau orokorrik ez duela eman (arauren batean gaiaren mutur bati heldu badio ere) eta tradizio bakarra ere ez dagoela (badira bi tradizio-edo), ez da harritzekoa gaiak zalantza eragitea.

Gaiaren ikuspegi ustez osatua azaldu, tradizioari begiratu, gaur egungo erabilerari erreparatu eta irizpide argi bat ematea —proposatzea— da saio labur honen helburua.

Jar gaitezen 1999. urtean. Euskaltzaindiari honela galdetu zioten:

'Bi metroko aldea dago hemendik hara', baina: 'bi metrotara edo metrora aurkituko duzu?' / Handik bost urtera edo urtetara? / handik bost kilometrora edo kilometrotara?'

Nola esan behar da: 'Hiru urtetan ala hiru urtean'? 'Hiru kilometrotara ala hiru kilometrora?

Eta Euskaltzaindiaren Jagon sailak, Miren Azkarateren bidez, honela erantzun zuen (Euskera, 44/1999, 2):

Ez da araurik edo gomendiorik eman oraindik gai honen gainean (...) Kilometro edo metro bezalako izenekin, tradizioa zein den aztertu gabe dago oraindik. Baina esango nuke denbora adierazten duten sintagmetan bezalaxe, euskalkien arabera, guztiak direla onartzekoak: bi metrora nahiz bi metrotara.

Erantzun salomoniko horrek dena zilegitzen du, baina pilota, orain, zure (gure) aldean dago: eta nik nola jokatu behar dut?

Euskaltzaindiak berariazko araurik ematen ez duen bitartean, nola idatzi, nola idatzarazi, nola zuzendu testuak? Zein da estandarra? Ez gara poesiaren eremuaz edo esperimentazioko literaturaz ari, eguneroko prosaz baizik.

Guztiok ikasi dugu izen batez eta zenbatzaile zehaztu batez osatutako izen-sintagma bat (izen-sintagma zenbatzailedun bat) deklinatu behar denean, mugagabea (bost etxe, bost etxetan, bost etxeri…) edo, testuinguru zehaztu berezietan, mugatu plurala (bost etxeak, bost etxeetan, bost etxeei…) erabili behar dela. Eta badakigu mugatu singularra ezin dela erabili (*bost etxea, *bost etxean, *bost etxeari…).

Zer gertatzen da, baina, zenbatzailearen ondoan dagoen izena unitate-izena denean?

Lehen begiratuan, ez da ezer aldatzen:

  • ZER: bi metro / bi metroak (*bi metroa)
  • ZERK: bi metrok / bi metroek (*bi metroak)
  • ZERI: bi metrori / bi metroei (*bi metroari)
  • ZEREN: bi metroren / bi metroen (*bi metroaren)

(...)

Baina leku-denborazko deklinabide-kasuetara iristean:

  • NON/NOIZ/ ZENBATEAN: bi metrotan ala bi metroan? / bi metroetan
  • NONDIK: bi metrotatik ala bi metrotik? / bi metroetatik
  • NORA: bi metrotara ala bi metrora? / bi metroetara

(pluraleko adibideak testuinguru mugatu bereziei dagozkie: bi metroetan = lehen aipatu ditugun bi metro horietan, lehendik ezagunak zaizkigun bi metro horietan).

Beste hainbeste NORAINO eta NORANTZ kasuetan ere.

Ikusi dugu, gorago, zer esan zuen Euskaltzaindiak, Miren Azkarateren bidez: euskalkien arabera, guztiak dira onartzekoak.

Baina gehiago ere esan du Euskaltzaindiak, eta ez iritzi gisa, arau moduan baizik, gaiaren azpiarlo batean baino ez bada ere. Duela 10 urte, 110. arauan (Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagmetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen), honela esan zuen, iraupena adierazteko inesiboko sintagmei buruz ari zela (azpimarratua nirea da):

(…) Mugagabea erabiltzea zilegi izanagatik, mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, inesiboaren bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean. Adibidez:

  • Hiru astean asko hazi da haurra.
  • Hiru urtean ikasi du euskara.
  • Lau urtean lan egin du Afrikan.
  • Hauetan denetan iraupena adierazten da.

Iraupenik adierazten ez denean, noski, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:

  • Lau urtetan antolatu dute tanborrada.

Tradizioa aztertuta eman du hobespen hori Euskaltzaindiak euskara estandarrerako. Hau da, nahiz eta onartu bi tradizio daudela (Iparraldean gehienbat mugagabea erabili izan da tradizioan; Hegoaldean, berriz, mugatu singularra), bat bultzatzearen aldeko agertu da.

1- Irizpidea

Hobespen hori eredutzat hartuta, eta arrazoibide berari jarraituz, gainerako kasuetarako “estrapolazio” orokor bat egin dezakegu (jakinik ere hizkuntzan estrapolazioak egitea zein den arriskutsu eta, maiz, alferrikako), eta irizpide bat, ustez biribil eta aski sendoa (tradizioarekin —Hegoaldeko tradizioarekin— bat datorrena) eraikitzeko erabili.

Hau da, Euskaltzaindiak denbora-unitateetarako (berak hala izendatu ez baditu ere, urte, aste, ordu eta abar denbora —magnitude fisiko bat— neurtzeko unitateak dira) eta inesiborako eman duen hobespena gainerako unitateetara eta leku-denborazko gainerako deklinabide-kasuetara hedatzea. Honela esplizitatuko litzateke irizpide hori:

Unitate-izenez eta zenbatzailez osatutako izen-sintagmak mugatu singularrean deklinatuko dira leku-denborazko kasuetan (NON, NORA, NORAKO, NONDIK, NORAINO eta NORANTZ kasuetan).

Nik inguruan ikusten, irakurtzen, aditzen dudanaren arabera, esango nuke inesiboa kenduta gainerako kasuetan mugatu singularra erabiltzea dela, gaur egun, joera alde handiz nagusia euskara batu estandarrean, zenbatzaile zehaztuen kasuari dagokionez behintzat. Baina nire iritzi subjektiboa alde batera utzita, corpusek egiaztatzen dute horixe dela errealitatea.

OEH Orotariko Euskal Hiztegiaren testu-corpusa arakatuta (metro, kilometro, legoa…), ikusten da Hegoaldean nagusi izan dela mugatu singularra. Adibidez, metrora 27 aldiz agertzen da (Orixe, Munita, Salaberria, Uztapide, Oskillaso, Ugalde, Etxaniz, Irigarai), eta metrotara 2 aldiz (Orixe); kilometrora 5 aldiz (Anabitarte, Goñi, Salaberria, Bilbao, Orixe), eta kilometrotara behin ere ez.

XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoan, berriz, mugatu singularra eta mugagabea askoz parekatuago ageri dira. metrora/metrotara eta kilometrora/kilometrotara bikoteen kasua, adibidez, esanguratsua da. Mende osoa hartuz gero, hauek dira datuak:

  • metrotara eta kilometrotara: 42 + 38 = 80 agerraldi; metrora eta kilometrora: 32 + 25 = 57 agerraldi. Hau da: mugagabea (kasu guztien % 58) eta mugatu singularra (kasu guztien % 42).

Hala ere, mende-amaiera besterik hartzen ez badugu (1991-1999), guztiz aldatzen da egoera:

  • metrotara eta kilometrotara: 0 + 11 = 11 agerraldi; metrora eta kilometrora: 17 + 17 = 34 agerraldi.

Hau da, mugagabea % 24 da, eta mugatu singularra % 76. Badirudi XX. mendearen amaieran nagusituz joan zela mugatu singularra.

ZTC Zientzia eta Teknologiaren Corpusean ere (gaur egun, 1990-2002 bitarteko datuak ematen ditu corpus horrek), mugatuaren erabilera zazpi bat aldiz handiagoa da mugagabearena baino, zientzialarien artean idazkeran batasun handia dagoen seinale. metrora/metrotara eta kilometrora/kilometrotara bikoteen kasuan, adibidez, hauek dira datuak (zenbatzaile zehaztuak eta zehaztugabeak batera hartuta):

  • metrora eta kilometrora: 96 + 126 = 222 agerraldi; metrotara eta kilometrotara: 18 + 13 = 31 agerraldi.

Ereduzko Prosa corpusaren datuei begiratuz gero (literaturan, 1998-2006 bitarteko datuak ematen ditu; prentsan, 2004-2006 bitartekoak Berrian, eta 2001-2005 bitartekoak Herrian), garbi ageri da zientzietako testuetatik aparte ere nagusi dela, alde handiz, mugatu singularra:

  • kilometrora: liburuetan: 147 agerraldi; prentsan: 396 agerraldi.
  • kilometrotara: liburuetan: 32 agerraldi; prentsan: 24 agerraldi.
  • metrora: 95 liburu (garraiobide-adierako “metro” kenduta); metrotara: 13 liburu.
  • metrotik: 30 liburu (garraiobide-adierako “metro” kenduta); metrotatik: 1 liburu.

Beraz, tradizioarekin eta gaur egungo erabilera nagusiarekin bat datorrela frogatu ondoren, gorago emandako irizpide hori aplikaturik, honelakoak idatziko ditugu:

- Handik 3 km-ra (3 kilometrora) dago.

- 127 V-etik (127 voltetik) 220 V-era (220 voltera) igo behar da tentsioa.

- Abiadura 50 km/h-raino (orduko 50 kilometroraino) iritsi zen berehala.

- Tenperatura 100 °C-rantz (100 gradurantz) hurbildu ahala...

- Korrontearen intentsitatea 5 A-tik (5 amperetik) jaisten bada…

- Handik 5 s-ra (5 segundora) itzaliko da argia.

- Bost urterako izango da baimen hori.

Baina, hortik kanpo, hau da, unitaterik ez dagoela, mugagabea dagokio. Adibidez:

- Hiru txorrotatatik irteten da ura.

- Lau nobelatarako gaia.

- Aurten, EAEko 9.000 etxetaraino eraman dute zuntz optikoa.

- Itzalaldi analogikoa Gipuzkoako 21 herritara helduko da bihar.

Eta bereizkuntza hori zergatik? Zertan dira desberdin, adibidez, (1) Hiru txorrotatatik ateratzen da ura eta (2) Intentsitatea hiru amperetik jaitsi da adibideetako hiru txorrotatatik eta hiru amperetik adizlagunak? Bien oinarrian zenbatzaile bat hiru eta izen bat txorrota/ampere dago. Zergatik, orduan, desberdin deklinatu?

Desberdintasunaren oinarria semantikoa da, izenaren izaerari lotua dago: izena unitate izatea edo ez izatea.

A) <hiru ampere> = balio bat <hiru ampereko balioa> (Intentsitatea hiru ampereko baliotik jaitsi da).

B) <hiru txorrotatatik> = <txorrota honetatik, txorrota horretatik eta txorrota hartatik> (Hiru txorrotatatik ateratzen da ura).

Uste dut A berridazketa nekez aplika dakiokeela (2) adibideari:

A) ?? <*Hiru txorrotako baliotik ateratzen da ura.>

Eta B berridazketa ezin zaio aplikatu (1) adibideari:

B) ?? <*Intentsitatea ampere honetatik, ampere horretatik eta ampere hartatik jaitsi da.>

Euskaltzaindiaren 110. arauak denbora magnituderako eta inesibo kasurako ematen duen arrazoi bera da, azken batean:

(…) mugatu singularra erabiltzea hobesten da (…) zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duena etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean.

Unitate-izaera, gehienetan, izen bakoitzak berez duen edo ez duen tasunetako bat da: ampere, berez, unitate-izena da, eta txorrota, berez, ez da unitate-izena. Hala ere, tasun hori ez da aldaezina. Adibidez, goragoko Lau urtetan antolatu dute tanborrada adibidean, urte ez da denbora-unitatea, ezin delako honela berridatzi:

<*lau urteko denboran antolatu dute danborrada>.

 Eta bai, berriz, honela:

<halako urtean, halakoan, halakoan eta halakoan antolatu dute danborrada>).

Eta alderantziz ere bai. Adibidez, etxe-sail ez da, berez, unitate-izena. Baina espazioa neurtzeko unitatetzat erabil dezakegu, hau da, distantzia bat adierazteko unitatetzat. Konparazio baterako:

Hemendik hiru etxe-sailera duzu jatetxe txinatarra.

Izan ere, honela berridatz daiteke:

<Hemendik hiru etxe-saileko distantziara duzu jatetxe txinatarra>.

Eta honela, berriz, ez:

<*Hemendik etxe-sail honetara, etxe-sail horretara eta etxe-sail hartara duzu jatetxe txinatarra>.

 

2- Eta inesiboan (NON/NOIZ/ZENBATEAN kasuan) ere bai?

Euskaltzaindiaren 110. arauan ondo aztertu da inesiboaren jokabidea denbora-unitateei dagokienez, eta garbi ageri da bi tradizio daudela, biak aski ongi errotuak; eta mugatu singularra, batez ere, Hegoaldeko tradizioan dela nagusi.

Denbora-unitatetik kanpo, oso erabilia da inesiboa diru-unitateekin. Galdetzeko, mugatu singularra, ZENBATEAN, erabiltzen da nagusiki, OEHn ikus daitekeen moduan (ZENBATETAN, berriz, ZENBAT ALDIZ da; dena den, Iparraldeko tradizioan, badira ZENBATETAN batzuk diru-kopuruen testuinguruan). Eta erantzuteko? OEHk erakusten du mugatua nahiz mugagabea erabili direla, eta mugatu singularrekoak Hegoaldean nagusi direla (bertsoetako adibideak ez ditut kontuan hartu, batzuk metri causa behartuak izan bailitezke).

Mugatu singularra:

- Laster saldu eben bei zarra berrogeta amabost dukatean. Echta Jos 242.
- Eman bearko diola (…), eta gañera urtean onenbeste edo ainbeste anega-gari iru dukatean anega. AA II 191.
- Milla pezetan erosi omen du.(G-azp) Gte Erd 143s.
- Zenbatean dezu? --Amar zentimuan, azkena, andria: begira zer ginga! EgutTo 1921 (Lotazilla).
- Mila duroan saldu nai du. ABar Goi 32
- Amar milla pezetan erositako zaldi mardo-mardoa bera! Bilbao IpuiB 221.
- Eunda berrogeita amasei errealean mandazaiai saldu zieten. Lard 49.
- Ogei ta amar milla pezetan egon zan salgai. Munita 64.
- Alaz guziz ere, amairu milla pezetan saldu mendian bertan. Munita 65
- Erosten ziran launa errealean. Gazta ere bai libra bost koartoan. Izt C 172.
- Iru edo lau errealean ifinten dute beste ainbeste legua bideko Erribilduetan. Izt C 54.
- Leintzeko herri baten egin du tratua: ogei errealean erosi astua. Noe 67.
- Milla ardi zarrak bakotxa ogei errealean, ogei milla erreal. Izt C 171.
- Etxean egindako sagardoa ikusi det Vitoriako kafean, iru txikiko bonbilla zazpi errealean saltzen. Izt C 144.

Mugagabea (eta mugatu plurala):

- Nahi bezala egin dut tratua, diozt: hameka pezetetan. JE Ber 48.
- Bortz durotan saldu dut. Aurten bortz egun besta. Bortz sos" Izeta Bhizt
 - Bost durotan pastelak erosi ditu (V-arr) Gte Erd 279.
- Bazkun batek erosi zuan Etxenaren lanik bikañena, milla libra esterlinaz (bost milla durotan). EEs 1915, 279.
- Sarrera 35 liberatan izanen da eta kitorik haurrentzat. Herr 20-2-1997.
- Hogoi ta bortz liberetan erosi ardiak hamabortzetan ezin sal, tokiaren gainean bederen. JE Bur. 119.
- Eta hemen hamasei, hamazazpi liberetan doidoia saltzerat heldu. JE Bur 120.
- Mila eta berrehun ta berroitamar liberetan biak. Zub 42.
- (…) erosi nuen hogoi eta bortz liberetan (oihal, gatz eta edergailuxkaz) herriko etxea. Prop 1896, 155.
- Behi hori, bere heinean, berrehun liberetan, merke da. Dv.
- Adixkide batek ekartzen dio, eta ixilka saltzen, 25 liberetan, tabako hosto bat gaitza. Barb Sup 64.
- 15 edo 14 liberetan. Herr 20-8-1970.
- (…) jauntzi beltx lerden eta pollita saldu zuen piltzarketariari berrehun liberetan. JEtchep 60.

Zenbaitetan, egileek ez dute beti berdin jokatu:

- Mila durotan. MEIG IV 58. / 2000 liberan bakoitza. MIH 130
- Berrogei ta zortzi milla durotan. Munita 65. / Esaten da 13 milla pezetan saldu dala. Munita 65.

Hori tradizioan. Eta gaur egun? Ereduzko Prosa corpuseko datuek erakusten dutenez, gaur egun ere bi tradizioak indarrean daude, baina orain arte Hegoaldean nagusi izan den mugatu singularra atzera doa, antza denez:

  • euroan: agerraldirik ez.
  • eurotan: 5 agerraldi (Jon Alonso, Hasier Etxeberria, Migel Angel Mintegi, Iñigo Aranbarri, Iñaki Heras).
  • dolarrean: 2 agerraldi (Anton Garikano, Edorta Jimenez).
  • dolarretan: 11 agerraldi (Koro Navarro, Pako Aristi, Edorta Jimenez, Bernardo Atxaga, Joxe Austin Arrieta, Jon Muñoz).
  • pezetan: 5 (Arantxa Iturbe, Gotzon Garate, Hasier Etxeberria).
  • pezetatan: 8 (Joseba Sarrionandia, Edurne Elizondo, Txillardegi, Jon Muñoz, Ramon Saizarbitoria, Joxemari Iturralde).
  • liberan: 6 (Karlos Zabala, Aingeru Epaltza).
  • liberatan: 7 (Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Patxi Zubizarreta, Pablo Sastre, Jon Muñoz, Jon Maia).

Gauza bera ikusten da Google bilatzailean “mila eurotan” (160 agerraldi) eta “mila euroan” (57 agerraldi) eskatuz gero.

Denbora eta dirua magnitudeetatik kanpo, nabarmen murrizten da sintagma zenbatzailedun eta unitatedunen maiztasuna hizkuntza arruntean. Hala ere, guztiz arruntak dira. Eta hizkuntza teknikoan ere, gainerako deklinabide-kasuetan baino gutxiago bada ere, maiz erabili behar dira. OEH hiztegian ez dago adibide askorik:

- Bere gerri zuzenak ondotik larogei ta iru metroan ez du adarrik. Munita
- Ertz-azpian, (…) kuiak egozan, eta brontzetegiari bira emoten eutsoen amabost metrotan. Ker 3 Reg 7, 24s.
- Lenengo egunean erabilli zuten [arria] milla kanan bezela, eta bigarrenean ekarri zuten (…). Zab Gabon 107.
- (…) euren senikeria amar edo ogei graduan urrun badao be. E.B. Akordagoitia EEs 1913, 262.
- Aldazek [laisterkariak] 57 minutu ta ogeitazazpi segundoan pasa zuan. Basarri 91.
- Nik emendik iru leguan dabilen basusoa begi-barruan artu badagit, zist!, yaurti gezi txiki zorrotz bat eta laster lur jo eragingo ddautsat. A EY II 323s
- Erromako kristauak artu zutenean San Pablo urreratzen zitzaien albista, batzuek emezortzi leguan, besteak amaikan bidera irten zitzaiozkan. Lard 530.

ZTC corpusean, berriz, adibide asko dago, normala den moduan. Eta adibideek garbi erakusten dute mugagabearen nagusitasun nabarmena:

  • metroan: 0 / metrotan: 16
  • kilometroan: 5 / kilometrotan: 55
  • graduan: 0 / gradutan: 18
  • segundoan: 7 / segundotan: 68
  • litroan: 0 / litrotan: 5

Izan ere, zientzia eta teknologietako gaiak euskaraz lantzen dituztenen artean, duela 5-6 urte arte aski monolitikoki, mugagabean deklinatzen ziren halakoak (Elhuyarren ere hala deklinatzen genituen). Baina joera hori ez da hizkuntza teknikoaren kasua bakarrik. XX. mendeko corpus estatistikoak ere antzeko datuak ematen ditu, adibideak gutxiago badira ere:

  • metroan: 2 / metrotan: 13
  • kilometroan: 1 / kilometrotan: 6
  • graduan: 0 / gradutan: 1
  • segundoan: 2 / segundotan: 4

Ereduzko Prosari erreparatuta, joera bera errepikatzen da: mugagabea da nagusi (eta ia molde bakarra da Iparraldeko idazleetan). Hona hemen datu batzuk:

  • metroan: 6 agerraldi (Juan Kruz Igerabide, Gotzon Garate, Monika Etxeberria, Juan Garzia, Iñaki Iñurrieta).
  • metrotan: 28 agerraldi (Patxi Zubizarreta, Xabier Montoia, Gotzon Garate, Pako Aristi, Pello Zabala, Unai Elorriaga, Josetxo Azkona, Marzel Etxehandi, Filipe Bidart, Eneko Bidegain, Jean Baptiste Etxarren, Ramuntxo Etxeberri, Xipri Arbelbide, Itxaro Borda, Piarres Aintziart).
  • kilometroan: 2 agerraldi (Jon Muñoz, Josu Zabaleta).
  • kilometroan: 25 agerraldi (Jon Muñoz, Pako Aristi, Xipri Arbelbide, Ramuntxo Etxeberri, Mitxel Oronoz, Marzel Etxehandi, Eneko Bidegain, Daniel Landart, Piarres Aintziart, Jean Baptiste Etxarren).
  • graduan: 3 agerraldi (Iñaki Iñurrieta, Jon Muñoz, Monika Etxebarria).
  • gradutan: 16 agerraldi (Pello Zabala, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia, Pablo Sastre, Joxean Agirre, Gotzon Garate, Josu Zabaleta, Patxi Zubizarreta, Jon Muñoz, Aurelia Arkotxa).
  • segundoan: 6 agerraldi (Fernando Rey, Xabier Olarra, Iñaki Iñurrieta, Joxan Elosegi, Karlos Zabala).
  • segundotan: 21 agerraldi (Joan Mari Irigoien, Joseba Sarrionandia, Iñaki Mendiguren, Pello Salaburu, Xabier Olarra, Eider Rodriguez, Jon Muñoz, Patxi Zubizarreta, Unai Elorriaga, Unai Iturriaga, Oskar Arana, Txema Ramirez de la Piscina, Joxerra Garzia, Andoni Egaña, J.M. Olaizola, Txillardegi, Josu Zabaleta, Filipe Bidart).

Horiek horrela, inesiboaren kasuan zailagoa da erabileraren itzalpean ebaztea auzia. Lehenik, Euskaltzaindiaren araua dugu: denbora-unitateetarako mugatu singularra hobesten du (bi egunean, hiru urtean, bost minutuan). Bigarrenik, diru-unitateetarako, galdetzeko orduan ZENBATEAN guztiz nagusi bada ere, erantzuteko orduan Hegoaldeko tradizioan nagusi zen mugatu singularra ez dabil gaur egun garai onenean, eta badirudi mugagabea nagusitzen ari zaiola. Hirugarrenik, gainerako magnitudeen kasua dugu (luzera, edukiera, tenperatura…). Azken kasu horretan, tradizioak ez du adibide askorik ematen, baina, ematen dituenetan, bi jokabideak ageri dira. XX. mendeko erabileran mugagabea nagusitu da, eta azken urteetako datuetan ere, hala prosa orokorrean nola prosa teknikoan, mugagabea da nagusi. Hala ere, azken-azken urteotan, badirudi mugatu singularra berragertzen hasi dela.

Datu horiek ikusita, nola jokatu, nola ondu irizpide taxuzko bat? Euskaltzaindiarekin eta erabilerarekin batera ezkondu nahi izanez gero, irizpide “poliedriko” bat eman behar litzateke: denbora-unitateak direnean, mugatu singularra; diru-unitateak direnean, nahierara; eta gainerako magnitudeen unitateak direnean, mugagabea. Nire ustez, itxuragabea litzateke, eta hain beharrezkoa dugun euskara estandarra eraikitzeko prozesuan oztopoa izango litzateke.

Horregatik, irizpide logiko bat —taxuzkoa, tradizio baten (Hegoaldekoaren) babesa duena, Euskaltzaindiaren hobespenarekin koherentea dena, leku-denborazko gainerako deklinabide-kasuekin ere koherentea dena eta ikasteko erraza dena— hau da: sintagman zenbatzaile zehaztuak daudenean, magnitude guztien unitateekin (berdin dio magnitudea denbora, dirua, tenperatura, presioa edo zer den) inesiboan ere mugatu singularrean erabiltzea.

Beraz, irizpide hori aplikatuz, honelakoak idatziko ditugu:

- Zenbatean dago dolarra gaur? 1,31 euroan.
- Zenbatean saltzen zen kiloa? Bi duroan.
- Eguzkian, adibidez,erreakzio hori 15 milioi graduan eta 100.000 atmosferan gertatzen da.
- Elur iraunkorren muga 1.050 metroan (= 1.050 metroko altitudean) zegoen.
- Errekorra 44 kilometro eta 247 metroan zegoen.
- Itsas hondoan, mendebaldetik ekialdera 3.000 kilometroan, geologoek ebaporita aurkitu dute.
- 20 minutuan bulkanizatzen du 169 °C-an.
- Itsasoko ura 11 graduan dago gaur.
- Oraingo honetan, 50 °C-an eta 95 °C-an dago ura, hurrenez hurren.
- Tutuaren mutur bat 20 °C-an dago, eta bestea 50 °C-an.
- Gero, fresa 56,87 mm-an gerarazi zuen.
- ...eta nitrogenoa du 144 K-ean.
- Ez da berdin 10 kg-ko gorputz bat 1 m-ko altuerara 5 segundoan edo 10 minutuan altxatzea.
- Markak aipatzen hasita, esan daiteke Renault horren kontsumoa 100 km-ko 6,54 litroan dabilela.
- Prototipoak Mach 6-ko abiadura 130 segundoan edo 180 kilometroan mantendu zuen.

Berdin unitatea 'jaten' dugunean ere:

- 50 milioian saldu zuen etxea ('50 milioi pezetan' esateko).
- Automobila bi milioi eta erdian erosi zuen, eta milioian saldu zuen handik bi urtera.
- Kilo bat onddo beltz hamabian erosi zuen Sorian, eta hogeita bostean saldu zuen Euskal Herrian.

Hortik kanpo, hau da, unitaterik ez dagoela, mugagabea dagokio, jakina. Adibidez:

- Bilboko 20.000 etxetan argindarrik gabe daude goizetik.
- Bi gizon atxilotu dituzte Azkoitian bi kamioitan gasolioa lapurtzeagatik.

Unitatearen ondoan zenbatzailerik ez dagoenean, inesiboa eta gainerako leku-denborazko kasuak mugagabean deklinatzekoak dira. Adibidez, Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak mugagabea hobetsi zuen 2001ean euroa zela-eta emandako irizpidean:

      (…) letra etzanean datoz Gramatika batzordearen ustez hobestekoak diren formak:

      a) Txanponak eurotan / Txanponak euroetan

      (…)

Beraz, honelakoak idatziko ditugu:

- Alda ezazu distantzia hori kilometrotatik miliatara.
- Luzera metrotan neurtzen da, eta bolumena metro kubikotan.
- Kalkulatu presio hori atmosferatan eta milibarretan.
- Distantzia hazbetetan eta milimetrotan adierazi behar da.
- Amaitzeko, adierazi tenperatura kelvinetan eta Fahrenheit gradutan.

3- Eta zenbatzaile zehaztugabeekin ere bai?

Euskaltzaindiaren 110. arauak, denborari buruz eta inesiboari buruz ari dela, zenbatzaileak aipatzen ditu, besterik gabe, eta ez ditu zenbatzaile zehaztuak eta zehaztugabeak (zenbait, asko, gutxi, anitz, hainbeste...) bereizten. Hala ere, arauaren testu zehatzean ematen dituen adibideetan zenbatzaile zehaztuak baino ez dira ageri, zenbatzaile zehaztugabe bat ere gabe. Beraz, Euskaltzaindiaren arauak interpretaziorako aukera uzten du. Interpretazio zuhurrak esango du adibideetatik ondorioztatzen dela zenbatzaile zehaztuetarako hobespena baino ez dela, eta interpretazio hertsiak esango du Euskaltzaindiak bereizketa ez egiteak esan nahi duela zenbatzaile guztietarako hobespena dela. Ni zuhurrarekin geldituko nintzateke, beste daturik ez balego. Baina badira beste datu batzuk: 110. arau horretan, amaierako testu zehatzean ez bada ere, araua osatzeko erabilitako adibidetegian agertzen dira zenbatzaile zehaztugabeak. Hiru adibidetan ainbeste illabetean agertzen da (Lardizabalen eta Txomin Agirreren adibideak dira). Beraz, ez dirudi ausartegia denik interpretatzea Euskaltzaindia zenbatzaile guztiei buruz ari zela hobespena eman zuenean. Ikus dezagun, dena den, zer erakusten duten corpusek.

OEHn badira adibideak mugatu singularrean, eta ez gutxi, denbora magnitudearekin:

- Erabaki ospatsu gogoangarri au ondo egiaztua eta zuzenkiro gordea izan zan urte askoan txit. Izt C 123.
- Lanbide maitagarri au urte askoan oi dago arras lagatua, uraren ekarlekuak begitaratzen dituelako. Izt C 90.
- Errikoxkor bateko auzoa zala, urte askoan Salamankan ikasle egona. Berron Kijote 134.
- Urte askoan bandoa berak egin zuan Donostiko kale-kantoietan. Alz STFer 127
- [Janariak] sendotzen du korputza, ta ala irauten du urte askoan bizitza. Mg CC 219.
- Urte askoan gaixorik zegoan. Gaizkiñak norbaitek sartu zizkala esaten zuten. Auspoa 49-50, 123.
- Urte askoan oiekin bizi izan zan, bere egunen ondorerako Esau oñordeko uzteko asmoan. Lard 31.
- Sarri aldatzen dan alkandorea ez da ain loi zetakatua egongo, nola egun edo ill askoan aldatu ez dana. Mg CC 191.
- Presondegi artan hill askoan zegoan. Arr GB 21.
- Anai au urte gutxian bizi izan bazan ere santutasunian asko aurreratu zan. Bv AsL 142.
- Zabalduaz gero ordu gutxian esan degun bezela beste leku guztietara zaplara gorri eta aundi batzuek. Aran-Bago ManMed 226.
- Egun gutxian [...] ederki ta nai bezala irakurtera gure txikiak eta andiak egingo dira. Cb EBO 19.
- Lan abek danak oso segundo gutxian egiten zituzten. Salav 82.
- Egiñ ziran gizon sonatuak egun gutxian. Urruz Urz 12.
- Patar zaleak urte gutxian bizi izaten dira. Ayerb EEs 1916, 14.
- Ainbeste urtean. Eg II 27
- Ainbeste urtian azpixango izan da gero, ez da erreza libre izaten ondo jakitzia" Etxba Eib.
- Berrogeta ainbeste urtian lorik egin ez daben Monja pobre bat. fB Ic II 296.
- Ainbeste urtian alkar ikusi ez, eta besakartu giñan bero eta lagunki. Etxba Eib.
- Tautik be ez ekixan ainbeste urtian Salamanka aldetik izanda" Etxba Eib.
- Ainbeste urtian urrin ibilliyagaitik. Kk Ab II 186.

- Ez eban besterik gura, ainbeste urtian ikusi ezdako semia besarkatu eta lastandutzia baño" Etxba Eib.
- Ta nok zaukaz oinian ainbeste urtian? fB Ic III 291.
- Ainbeste egunean erdi-ianean da gogamenakaz burruka bizian burua ezin iasorik egoan gizon zarra.
Ag AL 85.
- Ainbeste illabetean zai egonda. Ag G 120.
Dena den, adibide gehiago dago mugagabean:
- Ill askotan iraun zuen. Aran SIgn 104
- Urdinduko bere eztala [ogia] urte askotan egon arren. CrIc 53.
- Egon zalako urte askotan pekatu mortaleko bizitzan. Cap 88.
- Sagastiak eta gaztañadiak [...] urte askotan batere ez dute ematen. It Dial 65.
- Jainkoak urte askotan gorde zaitzala. Aran SIgn I.
- An urte askotan eruan eban bixitza bat, irudimen azkarrenak asmau leikiana baño itxalagua... Kk Ab I 49.
- Atiñaren atiñez aiek ibilpide erraza iritxi dute, itxu-mustuka urte askotan ibilli-ezkero. Ol EEs 1919, 26.
- Azkenik, ona mendi-zaitzan eta landaretzan urte askotan dabillen batek esana. Munita 43.
- Zauriren bat artu dabena ezta egoten egun askotan sendagille edo barberubari ots egin baga. CrIc 101.
- (…)
- Urte gutxitan aberastu da. ABar Goi 29.
- Badaki Jaunak, diru gutitan, oi! Judas orrek saldurik. Ox 75.
- Ordu gutxitan errauts biurtu / Gabon-gau bigarrenean, / ainbeste nekez euskal-fedeak / jaso zuna anbat urtean! SMitx Aranz 94.
- Ainbeste urtetan ibilli naz, gogoan beti dodala, nortzuk ete direan neure aittama legezko maitteak. Echta Jos 360.
- [...] ainbeste urtetan idazkitxo bat eta diru apurtxo bat noizbait amari ez bidaltzeaz. Echta EEs 1911, 254.
- Leaburuko nere eliza maite, nik ainbeste urtetan [...] apaindu zaitudan eliza lirain [...]. A Ardi 53.
- Ainbeste urtetan apurka-apurka ta nekiaren-nekez aurrezturiko eun ogerleko zuri ederrak. Kk Ab I 101.
- Ainbeste urtetan bere emaztearekin berotu zuan gela artara. NEtx LBB 56.
- Lotsagarria den Basaburuko alaba sasiezkontzan ainbeste urtetan bizitzea. NEtx LBB 58.
- Ez bakarrik sufritu egun batean, baizik ainbeste urtetan. Eg II 73 (27 ainbeste urtean).
- Txirrinbiko gaisoa, ainbeste urtetan eskuz-esku ibilli ondoren…. Erkiag BatB 112.
- Burulanean aritu zera ainbeste ordutan eta ori geiegi da. Vill Jaink 140.
- Onenbeste edo arenbeste ordutan lan-egin ondoren [...]. Erkiag Arran 116.
- Etsipen gizonezko sutan hainbeste urtetan irrikatu dudana. Azurmendi.
- Nik ez dut ezer garbirik ikusten, penagarri da hainbeste urtetan honelako lanetan ibili ondoren (...). Mitxelena.

Denbora magnitudeaz gainera, ia ez dago adibiderik (edo nik ez dut aurkitu, bestela):

- Bide txarrakin asita ainbat kilometroan balantzaka ginjoazen. Obeitxurarik ez. Anab Aprika 59.

Eta inesibotik kanpo ere, adibide gutxi. Dena den, gutxi horietako gehienak mugatu singularrean daude:

- Monje aren gorputzetik, andikan urte askora, Santu infernuak ezin ikusi zuanak, bota zuan kanpora diabrua. Beobide
- egiztatu zuen bezala berak andik urte askora bere ta emazte Francisca Mangaren ondasunakin. Arana
- ta andik egun gutxira San Franziskok berak eman zion Ordenako jantzi santua. Beobide
- Jaungoikozko erlijioso ura andik urte gutxira il zan ta obiratu zuten elizan. Beobide
- Ez ori bakarrik; andik egun gutxira, epaikari aurrera juezetara) deitu zuen Pernando. Gregorio Mujika.
- Etxe santutik legua gutxira arkitzen zirala. Arrue.
- Erremate txarra eraman zuan gure txakur ate-zai arek. [...] andik egun gutxira il zan. Salav 12.
- Andikan oso ordu gutxira / salgai zeuzkaten Bitoriñ. Basarri 114.
- Andik egun gutxira [beia] susaraldu bada, ezeren ajolik gabe estaltzera daramate. ZArg 1957, 335.
- andik eun ta zenbait urtera, Jaungoikuak eman zien lur santu ura guziya San Franziskoren semiai seni-parte bezela. Beobide.

Mugagabean daudenak oso gutxi dira:

- Andik urte askotara, aizpa zarraren alaba onen semea ta aizpa gazteenaren semearen alaba bat elkarrekin maitemindu ta ezkontzekotan ziran. Etxaniz.
- Andik zenbait egunetara, gizon ori noiz etorriko zai nengola, bertan agertu zitzaidanan. Orixe.

ZTC corpusean ageri diren datuak halako bereizketa bat erakusten dute inesiboaren eta gainerako kasuen artean. Inesiboan mugagabea da nagusi, alde handiz, baita beste corpusetan ere hain zabaldua dagoen urte askoan kasuan ere (adibideetan ez da kontuan hartu urte askoan! esamoldea). Datuak bat datoz gorago, zenbatzaile zehaztuen kasuan, esandakoarekin (zientzia eta tekniketako gaiak idazten dituen komunitatea trinkoagoa da —edo izan ohi da—, monolitikoagoa, idazle-komunitate orokorra baino, eta ohitura batzuk finkatuago eta zabalduago daude); kasu honetan, inesiboan, duela oso gutxi arte, mugagabean deklinatu dira —deklinatu ditugu—. Hona hemen datuak:

  • aste gutxian: 0 / aste gutxitan: 5; egun gutxian: 0 / egun gutxitan: 18
  • hilabete gutxian: 1 / hilabete gutxitan: 4; minutu gutxian: 1 / minutu gutxitan: 4
  • ordu gutxian: 1 / ordu gutxitan: 10; segundo gutxian: 0 / segundo gutxitan: 9
  • urte gutxian: 1 / urte gutxitan: 23
  • egun askoan: 0 / egun askotan: 8; kilometro askoan: 0 / kilometro askotan: 2
  • mende askoan: 0 / mende askotan: 13; ordu askoan: 0 / ordu askotan: 3
  • urte askoan: 12 / urte askotan: 94
  •  hainbeste urtean: 1 / hainbeste urtetan: 4; hainbat egunean: 1 / hainbeste egunetan: 8
  • hainbat orduan: 0 / hainbat ordutan: 2; hainbat urtean: 0 / hainbat urtetan: 28
  • zenbait egunean: 0 / zenbait egunetan: 14; zenbait orduan: 0 / zenbait ordutan: 5
  • zenbait urtean: 0 / zenbait urtetan: 13

Inesiboa kontuan hartzen ez bada, datuak aldatu egiten dira, batez ere gutxi zenbatzaile zehaztugabearekin (gainerako zenbatzaile zehaztugabeekin ez dago adibiderik, edo oso-oso adibide gutxi daude):

  • aste gutxira: 2 / aste gutxitara: 0; egun gutxira: 4 / egun gutxitara: 9
  • gradu gutxira: 1 / gradu gutxitara: 0; hilabete gutxira: 6 / hilabete gutxitara: 2
  • kilometro gutxira: 5 / kilometro gutxitara: 1; metro gutxira: 8 / metro gutxitara: 3
  • minutu gutxira: 3 / minutu gutxitara: 1; ordu gutxira: 3 / ordu gutxitara: 4
  • urte gutxira: 16 / urte gutxitara: 3
  • zentimetro gutxitik: 1 / zentimetro gutxitatik: 0; milimetro gutxitik: 1 / milimetro gutxitatik: 0
  • bira/min gutxitik: 1 / bira/min gutxitatik: 0; volt gutxitik: 0 / volt gutxitatik: 1
  • kilometro askora: 0 / kilometro askotara: 5; mende askora: 1 / mende askotara: 0
  • metro askora: 2 / metro askotara: 0; urte askora: 1 / urte askotara: 4

XX. mendeko Corpus Estatistikoan, denbora magnitudean badira mugatu singularreko agerraldiak, baina gehiago dira mugagabekoak (urte askoan da salbuespen bakarra):

  • hainbeste urtean: 0 / hainbeste urtetan: 14; hainbeste orduan: 0 / hainbeste ordutan: 1
  • hainbeste egunean: 0 / hainbeste egunetan: 1
  • zenbait egunean: 0 / zenbait egunetan: 8; zenbait metroan: 0 / zenbait metrotan: 1
  • zenbait kilometroan: 0 / zenbait kilometrotan: 1
  • urte askoan: 10 / urte askotan: 4; egun askoan: 0 / egun askotan: 8
  • urte gutxian: 1 / urte gutxitan: 15; minutu gutxian: 1 / minutu gutxitan: 3
  • ordu gutxira: 0 / ordu gutxitara: 3; urte gutxira: 1 / urte gutxitara: 0
  • metro gutxira: 1 / metro gutxitara: 3; kilometro gutxira: 1 / kilometro gutxitara: 2

Ereduzko Prosan (liburuetan bakarrik, prentsa kontuan hartu gabe), inesiboari dagokionez, garbi ageri da urte askoan oso zabaldua dagoela, gainerako denbora-unitateekin baino askoz gehiago erabiltzen baita hor mugatu singularra, urte askotan asko agertzen bada ere. Hala ere, gainerako unitateekin eta gainerako zenbatzaile zehaztugabeekin, gehiago dira mugagabeak mugatu singularrak baino. Aipatzekoa da, azterketa honen helburutik desbideratzea bada ere, maiz ikusten dela idazle berak bi moldeak erabiltzea, batean mugatu singularra eta, unitatea aldatzean, mugagabea; edo obra batean era batera eta beste obra batean beste era batera. Ezin jakin hor zenbateraino sartu den zuzentzailearen eskua edo zenbateraino den idazlearen beraren irizpide-aldaketa edo irizpide falta.

Datuak:

  • aste askoan: 3 / aste askotan: 0; urte askoan: 71 / urte askotan: 54
  • egun askoan: 5 / egun askotan: 37; ordu askoan: 4 / ordu askotan: 3
  • hilabete askoan: 1 / hilabete askotan: 3; mende askoan: 3 / mende askotan: 10
  • urte gutxian: 5 / urte gutxitan: 11; ordu gutxian: 1 / ordu gutxitan: 5
  • segundo gutxian: 1 / segundo gutxitan: 11; hilabete gutxian: 1 / hilabete gutxitan: 2
  • minutu gutxian: 1 / minutu gutxitan: 14
  • hainbeste urtean: 8 / hainbeste urtetan: 27; hainbeste egunean: 0 / hainbeste egunetan: 3
  • hainbeste orduan: 0 / hainbeste ordutan: 4; hainbeste kilometroan: 0 / hainbeste kilometrotan: 2
  • hainbat urtean: 3 / hainbat urtetan: 24

Inesibotik kanpo, ordea, gauzak aldatu egiten dira: zenbatzailearekin gehiago dira mugatu singularrak (denak NORA deklinabide-kasuan; gutxigutxitik eta gutxitatik ez dira ageri corpusean unitateen ondoan). Bestalde, asko zenbatzailearekin aldatu egiten da joera, eta mugagabea nagusitzen da, adibide-kopurua nabarmen txikiagoa bada ere. Gainerako zenbatzaile zehaztugabeekin adibide gutxi daude:

  • urte gutxira: 18 / urte gutxitara: 3; egun gutxira: 55 / egun gutxitara: 15
  • minutu gutxira: 25 / minutu gutxitara: 2; hilabete gutxira: 9 / hilabete gutxitara: 4
  • aste gutxira: 3 / aste gutxitara: 1; segundo gutxira: 6 / segundo gutxitara: 1
  • kilometro gutxira: 10 / kilometro gutxitara: 3; metro gutxira: 31 / metro gutxitara: 10
  • urrats gutxira: 6 / urrats gutxitara: 1; zentimetro gutxira: 4 / zentimetro gutxitara: 3
  • urte askora: 6 / urte askotara: 11; kilometro askora: 1 / kilometro askotara: 4
  • zenbait urtera: 1 / zenbait urtetara: 0; zenbait ordura: 0 / zenbait ordutara: 1
  • zenbait egunera: 0 / zenbait egunetara: 2
  • hainbeste urtera: 1 / hainbeste urtetara: 0; hainbat kilometrora: 0 / hainbat kilometrotara: 2

Datu horien aurrean, bi ondorio:

1- Zenbatzaile zehaztugabeekin, zilegia izanagatik mugatu singularra, ez dirudi tradizioan inoiz erabat nagusia izan denik, eta gaur egun ere ez da. Denbora-unitateekin, maiz erabiltzen dira zenbatzaile zehaztugabeak (batez ere, gutxi eta asko), baina, hortik kanpo, nabarmen gutxiago.

2- Datuak eta maiztasunak ikusita, behartuxea izan liteke zenbatzaile zehaztuen kasuan proposatutako irizpidea (sistematikoki mugatu singularra erabiltzea) zenbatzaile zehaztugabeen arlora hedatzea. Hala ere, kontrako irizpidea ematea ere (sistematikoki mugagabea erabiltzea) ez zait bidezkoa iruditzen, tradizioan eta gaur egungo erabileran errotua baitago mugatu singularraren erabilera denbora-unitate batzuetan. Beraz, oraingoz bi aukerak libre utz litezke. Ez naiz, hala ere, lasai gelditzen hori esanda. Bi aukerak libre uzteak ez du esan nahi biak txandaka erabiltzea edo gogoak eman ahala bata zein bestea erabiltzea. Gainera, idazle edo itzultzaile bat baino gehiago duten lanetan, komeni da irizpide estuagoak erabiltzea (ez naiz literaturaz ari, jakina). Horregatik, irizpidea sinpletzearren, zenbatzaile zehaztugabeekin ere berdin jokatzea iruditzen zait zentzuzkoena. Hau da:

- Denbora-unitateekin, sistematikoki mugatu singularra erabiltzea (Euskaltzaindiak 110. arauan ustez hobetsi duen moduan): urte askoan, mende askora, segundo gutxian, minutu gutxira, hainbeste egunean, zenbait egunera

- Gainerako unitateei dagokienez, asko, gutxi, hainbeste, hainbat, zenbait zenbatzaileekin mugatu singularra erabiltzea: metro gutxira, metro askora, volt gutxian, gradu askoan, hainbeste urtean, hainbeste euroan, zenbait urtean, hainbat orduan (Aitortu behar dut, dena den, niri gogortxo gertatzen zaidala zenbait zenbatzailearekin mugagabe singularra: zenbait orduan, zenbait euroan...).

Amaitzeko, ohar bat ZENBAT galdetzaileari buruz: mugatu singularrean deklinatuko dugu bakarrik doanean (zenbatean, zenbatetik, zenbatera, zenbateraino, zenbaterantz). Gainera, zenbatean eta zenbatetan desberdindu egingo ditugu (zenbatetan = zenbat bider).

Baina ZENBAT galdetzaileak ondoan unitate bat duenean, nola deklinatu izena? Mugagabean (zenbat eurotan?) ala mugatu singularrean (zenbat euroan?)?

Batetik, gorago esan badugu zenbatzaile zehaztuekin mugatu singularra erabiliko dugula (bi mila euroan), eta, bestetik, esan badugu bakarrik doala galdetzailea ere mugatu singularrean deklinatuko dugula (zenbatean?), badirudi logikoena dela zenbat euroan? hobestea.

Jose Ramon Etxebarriak, “Neurri-izenak eta neurri-esalmoldeak euskaraz” artikuluan (Euskera, 2006 , 51. liburukia), galdera hau egin zuen (azpimarra nirea da):

      Itxura batean, Euskaltzaindiak Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia izenburuko erabakia hartu ondoren, praktikan adostasun nahiko zabala lortu da diruaren kasuan mota honetako esamoldeak eratzeko:

      Litroa hamar euroan saltzen da.

    Hots, baztertu egin da «litroa hamar eurotan saltzen da» forma. Horrek berarekin dakarren zalantza, egin daitekeen «zenbat euro(t)an» motako galderari buruzkoa da. Nola behar du, «zenbat euroan» ala «zenbat eurotan»? Kontuan izan orain arte eurrez erabilitako «zenbat dirutan» forma.

Magnitudea denbora denean, pentsa dezakegu mugatu singularra dela forma normala, unitaterik gabeko zenbat denboran galdera ere mugatu singularrean egiten baitugu, eta ez mugagabean (OEHn: zenbat denboran 7 agerraldi, eta zenbat denboratan 0 agerraldi; ZTCn: zenbat denboran 14 agerraldi, eta zenbat denboratan 2 agerraldi; Ereduzko Prosan: zenbat denboran 16 agerraldi, eta zenbat denboratan 0 agerraldi). Gaur egungo erabilera-datuek, dena den, ez dute uste hori berresten:

  • ZTC: zenbat egunean 0 agerraldi, eta zenbat egunetan 11 agerraldi; zenbat orduan 0, eta zenbat ordutan 1; zenbat metrora 1 eta zenbat metrotara 0; zenbat segundoan 0, eta zenbat segundotan 2; zenbat urtean 2, eta zenbat urtetan 1)
  • EP: zenbat urtean: 0 / zenbat urtetan: 3; zenbat egunean: 1 / zenbat egunetan: 5; zenbat kilometrora: 3 / zenbat kilometrotara: 0

OEHn, dena den, mugatu singularra gehiago agertzen da mugagabea baino:

- Begira [...] zenbat urtean izan dezun oitura au; astean, edo illean zenbat bider egin dituzun. AA II 34.
- Arek auzo bixak, eten bako auzixetan dabiz ez dakitt zenbat urtian" Etxba Eib.
- Baziñakian zuk orduan jaioko ziñanik, edo zenbat egunean iraungo duan zure bizitzak. Agirre Asteasukoa.

Txirrita, Uztapide, Basarri eta Agirre Asteasukoak ere zenbat urtean erabili zuten. Bestalde:

- Lau edo nik eztakit zenbat urtetan ogean geldi-geldi. Alzola Atalak 67. Ogetaka.
- Ez dakit zenbat urtetan olan. Bilbao (Ipuin barreka).

Beraz, logikari eta tradizioari jarraituz, honelakoak idatziko ditugu:

- Zenbat euroan erosi du auto berria?

- Ezin da zehatz esan zenbat graduan egon behar duen olioak.

- Adierazi zenbat graduan esterilizatzen den material metalikoa, 135 °C-an ala 120 °C-an.

Amaitzeko, bi ohar:

1- Hemen estandarrerako proposatu dudan irizpideak —mugatu singularra sistematikoki erabiltzea zenbatzaile zehaztuekin nahiz zehaztugabeekin— Hegoaldeko tradizioan du babesa. Alabaina, garbi izan behar genuke badela beste tradizio bat ere. Alde horretatik, hobespen moduan ulertu behar da proposamena, estilo-hobespen moduan. Horrekin batera, esan behar dut tradizioaren itzal hori ez nukeela erabat-erabat orokortuko. Adibidez, egokia izango litzateke Hegoaldeko tradiziokoa ez den anitz zenbatzaile zehaztugabearekin ere mugatu singularra erabiltzea —anitzean, kasurako—, orain arte hala inoiz erabili ez bada ere?

2- Hemen proposatzen dudana ez da (zorionez) nire iritzi hutsa. Nik tradizioaren eta gaur egungo egoeraren berri eman nahi izan dut, eta, horretarako, corpusak arakatu ditut, baina proposatzen dudan irizpidea ez da “berria”. Irizpide horrek biltzen dituen atal batzuk (batez ere, leku-denborazko kasuetan mugatu singularrean deklinatzea zenbatzaile zehaztuak, baldin eta sintagman unitate-izenak badaude) gaur egun idazle askok erabiltzen dituzten berak dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ikasmaterialetarako lantzen ari den estilo-liburuaren barnean dagoeneko amaituta dauden eta laster kaleratuko diren beste bi atal badira: Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak, Patxi Petrirenak ondua eta dagoeneko Euskaltzaindiak oniritzia eman diona, eta Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak, lantalde batek ondua Jose Ramon Etxebarria buru. Bi lan horietan, erabat amaitu gabeko bertsioetan ikusi dudanaren arabera, irizpide bera proposatzen da —hobespen bera egiten da—. Azkenik, aipatu behar da Mitxel Kaltzakortak ere irizpide hori bera sutsuki aldeztu zuela duela urte batzuk artikulu batean (“Deklinabideko leku-denbora kasuak (eta II)” Hizpide, 52, 2003).

Nork: Alfontso Mujika.2010/12/27 23:03:08.132 GMT+1
Etiketak: | Permalink

Erantzunak

Irizpide oso egokia, argia eta erabilgarria iruditzen zait Alfontsok landurikoa. Oinarria ere oso ona du, egokiro arakatu baititu corpusak.
     Ni oinarri hori sendotzeko ikuspegi bat eranstera ausartuko nintzateke, ikuspegi filologikoa. Izan ere, «mugatu singular» terminologiak nahasmena eragiten du, nire ustez. Nahiago nuke «mugagabe berezi», «mugagabe arkaiko» edo «mugatzaile gabeko atzizki» esatea. Hain zuzen, azken hori darabil Alfonso Irigoienek "Deklinabideaz" artikuluan (Euskara 24 (1978), 737-759):

     http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/51155.pdf

Irigoienek jakingarri asko ematen ditu artikuluan, besteak beste, deklinabideko atzizkien eboluzioari buruzkoak. Hona pasarte bat aldatuko dut, esku artean darabilgun gai honekin oso lotuta baitago.

     «Artikuluduna den -an forma, ordea, leku denborazko beste kasuen artean erabiltzen da. Hei, alabaina, artikulu singularrik normalki berretzen ez zaienez gero, nahiz eta balute bezala har ditzakegun, artikulurik ez dagoela markatu ahal izateko aurrean -ta- elementua eransteko joera zabaltzen joan da. Besteon eraginez inesiboa ere kutsaturik gelditu da eta horrela -an delakoa desinentzia hutsa balitz bezala hartu izan da, mugatzailerik gabekotzat ere inoiz besteak bezala erabilirik, ondoan -tan ere baduela. Horrela esplikatzen da Lardizabal-ek, exenplo baterako, dakarren urte ascoan seme gabe egon ciran, ikus Test. edl 18, 387 orr., guk Bizkaian urte askotan esango gendukeela». (752. or.)

Nork: Asier Larrinaga.2011/01/21 12:19:08.803 GMT+1


    Dokumentazio lan bikaina eta ondorio logiko bezain egokiak. Guztiz bat zurekin, Alfontso. Zorionak!

Nork: Xabier Euzkitze.2011/02/28 22:26:41.714 GMT+1