2010/12/14 17:09:27.837 GMT+1

PARTIZIPIOA ALA ADITZ-IZENA

Iñigo Roque Eguzkitza


1. Atarikoa

Aditz laguntzaileen isiltzeaz aritu ginen duela urtebete inguru. Orain, berriz, aditz-izenen izen- eta kasu-marken galera hartuko dugu berbakizun. Aritu gintezkeen, gisa berean, erlatibo jokatugabeez edo bestelako aditz jokatugabeen jokamoldeaz, baina eremua nolabait zedarritu behar, eta aditz-izenak baizik ez ditugu jorratuko.

Aditz-izen edo nominalizazio deiturak hitzaren jokamolde bikoitza salatzen du, hein berean aditz eta izen baita. Ezagun denez, mendebalde-erdialdeko euskalkietan aditzago dira nominalizaziook, eta ekialdean, izenago. Osagarriei erreparatzea besterik ez dago:

(1a) Baimena eskatzera joan da (mendebalde-erdialdea).

(1b) Baimenaren eskatzera joan da (ekialdea).

Bistan denez, (1a) adibidean aditz-izenaren osagai zuzena aditz arrunten bera da; (1b) adibidean, ostera, genitibo objektiboa ageri zaigu, izenei berariaz dagokiena. Ezaugarri horrek erakusten digu, azken beltzean, ez dela hain bestelakoa kasu-markaren isiltzea aditz-izenetan eta izenetan, nahiz aditz-izenetan kasu-marka ez ezik izen-morfema ere aienatzen den, partizipioak ordezten baitu hura osoki. Izen-sintagmei buruz, Euskaltzaindiak emana du araua (111. araua), eta, ikusiko dugunez, ondo gogoan eduki behar genituzke han esanak, era batera edo bestera arrazoibide berak (edo antzekoak) azaltzen baitira auzi honetan.

Zuzenbidean bezala testugintzan ere, arau idatzirik ez den lekuan usadioa nagusitzen da. Hala, gaur egungo testuetan ohikoa da nominalizazioen partez partizipioa erabiltzea zenbait testuingurutan, berariaz halakorik arauturik ez dagoen arren. Horretan badira, nahasian, arrazoi pragmatikoak (osagaiak markatzea) nahiz estilozkoak (hizkuntzaren ekonomia). Batez ere testuinguru hauetan erabiltzen da partizipioa aditz-izenaren lekuan:

   Osagaiak mugarritzeko

(2a) Sagardotegira joan ginen [sagardo berria edan eta dastatzera].

(2b) Sagardotegira joan ginen [saiheskia jatera] eta [sagardoa edatera].

   Ekintzen kate lotua dela adierazteko

(3a) Azterketa prestatu zuen, irakasgaia gainditu, titulua lortu eta lanean hasteko.

(3b) Utz iezaiozu tabakoa erre eta etxe osoa kirasteari.

Halakoxea omen da joera. Agidanez, (2) adibideetan joskera doitu nahia gailentzen da, pragmatikaren izenean, gure kasu horretan logikak anbiguotasunerako tarterik utzi ez arren (ez da zalantzarik sagardoa dela edan eta dastatu beharrekoa). Semantikak gobernatzen du, ostera, (3) adibideetako jokamoldea, hain zuzen, denboran lotuak diren ekintzak (ondoz ondokoak) josteko. Batzuetan, haatik, (3a) adibidean bezala, pragmatikaren kaltean suertatzen da ekintzen katea osatzeko guraria, amaieraraino ez baita argitzen zer lotura duen kate horrek perpaus nagusiarekin; honela ere izan baitzitekeen: Azterketa prestatu zuen, irakasgaia gainditu, titulua lortu eta lanean hasi zen. Ez da gauza bera.

Lantto honen asmoa ez da, haatik, ikerlan xehe bat egitea, ezpada joera batzuk azaleratzea (lankideek eskertuko didate, barren). Alegiazko kontakizun bat onduko dugu, eramangarriagoa izan dadin datu-pilaketa. Ipuinak atsegin ez dituenak, hala ere, jo lezake, beldurrik gabe, ipuinondora, ondorio-laburpenaren bila. Historian atzera egingo dugu kontakizunean: gaurko literaturan has eta klasikoetan buka, lehengo mendeko kazetaritzatik iragan ondoan.

                                                             **********

Aurrena, muinotxo hau igoko dugu. Gu ez gara Petrarka, eta hau ez da Mont-Ventoux, bistan denez, baina esperantzaz beterik goaz maldan gora, ea zer ikus daitekeen handik goitik. Tontorretik aditz-izenen eremu osoa har omen daiteke begipean, aditz eta izenen arteko mugalde estuan. Gorakoan, hala ere, behe-lainoak estalia du dena, bai eta tontorra ere. Gailurra jotakoan, abiatu gara bestaldeko ibarrera, itsumandoka antzo.

2. Orainaldiko museoa

Iritsi gara arte garaikideko museora, mapak salatu bezala. Hitzordua egina genuen Joxeaustin Arrietarekin eta Koro Navarrorekin, Abuztuaren 15eko bazkalondoa eta Artistakume baten erretratua erakuts ziezazkiguten (bata, izadi hil horiztatua; eta bestea, erretratu zirraragarria), baina ohartarazi gaituzte haien lanetan ez genukeela deus interesekorik aurkituko gure ikerlanerako. Beharrik beste gidari bat etorri zaigun erakusketari buruzko azalpenak emateko. Joseba Sarrionandiak egin digu abegi, ustekabean:

Zer zarete moroak behe-laino artean ala?

—Bai, Joseba, behe-laino trinkoa zagok. Ez duk ezer garbi ikusten partizipioen eta aditz-izenen bitarte horretan.

—Museoan bi lan sorta zauzkaagu auzi hori zehatz lantzen dutenak; denak areto bakarrean: bata, Fernando Reyren Kondesa esku-guriaren bariazioak, eta, bestea, Fernando Aire Xalbadorren Odolaren mintzoko orri ttanttadunak.

—Goazemak, bada.

—Bazirudik aditz-izena aditz baten osagai hutsa delarik (izan subjektu edo izan objektu) eutsi egiten zaiela marka guztiei. Hara:

  • Esan nahi baita: itsasbazterretik asko urrundu, eta saiatzen da antzematen nolako sentimendua eragiten duen han urrutian ikusteak hondartza, pertsonak, bere semea, txiki-txikiak, eta itsaso urdin ilunaren erdian egoteak eta bera ez dela existitzen pentsatzeak. (Kondesa esku-guria)
  • [...] orduan halako mundu batean, litekeena da emakume biolin-jotzailea itzultzea eta auzoko berriz ere paretara ez hurbiltzea. (Kondesa esku-guria)

—Hala ere, ez fida —diosku Josebak—. Horretan ere bada-eta salbuespenik. Begira bestela Xalbadorren adibide honi.

  • Horren egitea edo norbaiten jo buruan eta botatzea, dituenen kentzeko, berdintsu zaut eni. (Odolaren mintzoa)

—Bai, hor badituk bi kontu: buruan horren kokagunea bitxia duk, aditz ostean; eta, gainera, ekintzen ondoz ondoko katea ageria zagok: lehenbizi buruan jo eta gero bota.

Kondesa esku-guriaren sailean ez dituk eskas halakoak, baina beti eusten zaiok nominalizazioari. Aletxo bat:

  • [...] eta esaten dio pentsatuko duela berak nola konbentzitu kondesak etxea ez handitzeko eta berari errentan uzten segitzeko [...] (Kondesa esku-guria)

—Bai, dena dela, ez duk hain agerikoa katea hor.

—Estilo-kontuak ere badituk horiek, erabat subjektiboak.

—Museora sartu aitzin, banian kezka, edo goganbeharra, ekialdeko euskalkietan aditz-izenaren izen-izaera nabariagoak eraginik ote zuen marken eranztean; alegia, partizipiora jotzea zailagoa ote zen.

—Ez zakiat, bada, ikus Xalbadorren odol-ttantta hori.

  • Beraz, urte bat inguru eman zuketen horren hasi eta bururatzen. (Odolaren mintzoa)

—Eta, hik, Joseba, izango duk heuretik zer erakutsi ere, ezta?

—Nik baliagarritzat diat osagaiak mugarritzeko molde hori.

  • Estatuaren barruan, gorengotik beherengora eta Boterea eman edo gozatu duten guztiek Ejertzitoari egozten diote errua, Amerika galdu ondoren, Afrikan eraiki nahi izan den enpresa usteldu eta hondatzeagatik. (Moroak gara behelaino artean?)

—Aditz laguntzailearen isiltzearekin bezala jokatzen diagu horretan: Enpresa usteltzen eta hondatzen da.

—Bai, antza, izen-lagunak osatzean ere ia ezinbestekoa duk jite hori.

  • 1922ko otsailaren 1ean, Sidi Mohand El-Khatabi Arrifeko emir proklamatu zuten, kristauen aurkako «gerla santua» aurrera eraman eta lege islamikoa ezartzeko mandatuarekin, hala zabaldu zen azoketan, meskitetan eta nahinon. (Moroak gara behelaino artean?)
  • Demokrazia tribala estatuaren egituran integratu eta gobernu moderno bat organizatzeko lehenengo pausoak eman zituen Mohamed ben Abdelkrimek Arrifeko lurralde moldagaitz haietan. (Moroak gara behelaino artean?)

—Inork gutxik egingo litizkek honen tankerakoak: gerla santua aurrera eramateko eta lege islamikoa ezartzeko mandatua? Ummm, ez diat garbi ikusten oraindik.

—Alde egin behar diat: badakik nola ibiltzen naizen. Ea hor zehar argibide hoberik aurkitzen duan.

—Mila esker, Joseba.

Betaurreko ilunak jantzi ditu Sarrionandiak, eta badoa albate batetik kanpora. Ez diot aipatu nola presentatu dituzten galeristek moroen saileko orriak: zetakaz beterik. Hura ere konturatuko zen, noski, inork esan beharrik gabe.


3. Atzoko bidaztiak

Kanpoaldean behe-laino itxi-itxia dago oraindik. Ez genituzke ikusiko metro batera hamahiru atso asto baten gainean ere, entzun ere ez dakit egingo genituzkeen, haiek tronpeta joz gero; hain da trinkoa lainoteria. Bideari lotu gatzaizkio, itsu-itsuan, eta halako batean topo egin dugu Juan Bautista Bilbao Batxirekin eta Jean Hiriart Urrutirekin. Batxi erasian hasi zaigu, bizi-bizi, Hau mundu arrano hauka; Jean, aldiz, mundua Gontzetarik jalgiarazia dagoelaka. Nondik gatozen azaldu diegu, zer ikusi dugun museoan eta zertan gabiltzan; eta, kazetaria orojakile izaten denez, ez ditugu askorik zirikatu behar izan, beren ikuspegia ager zezaten. Hori, bai, debaldeko erretorikarik gabe, lañoki eta klarki mintzatu dira.

—Ez zakiat osagaiak mugarritzeko baitezpadakoa den partizipio hori, gazte —hasi zaigu Jean, orri batzuk erakutsiaz batera.

  • Denarentzat ezagutzen bazinute, laguntza onik egin lezakezue, zuen sehien eskuratzeko, bidatzeko, zaitzeko baizik ezpalitz ere. (Gontzetarik jalgiaraziak)

—Hitz-jolas honetan ere baduk zerbait.

  • Bainan garbiki, behar du gizonak itsu izan, egundaino pitsik ikusi ez ikasi es dutenak bezen gibela izan behar du, ez onhartzeko eta ez ohartzeko ere, mintzai bat ikasi eztuenak eztakiela! (Gontzetarik jalgiaraziak)

—Ezin diat hori bestela irudikatu, Jean —arrapostu nik, ausart hiketan, hemen ez baitago ez eulirik, ez fraiderik, ez mugazainik; denak batuaz aritzen dira, eta bakoitzari egiten duen bezalaxe ihardesten zaio.

Batxi bazterretik so dugu, barre txikia ahoan.

—Nire paperetan, aldiz, denetarik zagok. Gehienetan, ordea, ez diat partizipiorik baliatzen halakoetan; ez, behintzat, ekintza-kateetan edo progresioetan:

  • Gero automobil bertan sartuta joan dira laurak, uste dot bakoitza bere etxeetara joan izango direla, apur bat berotzeko eta soineko lehorrak aldatzeko. (Hau mundu arrano hau!)
  • Behinik behinean garaile alemanek urtengo balebe be, ezin esan geinke euren burutasunak ondo urten deutsenik, ze euren ustea zen behingo batean Parisen sartzea eta handik sakelkadak atera ondoren harro-harro euren etxera joatea. (Hau mundu arrano hau!)
  • Gaur heldu gara kai honetara eta berehala jaitsi gara ontziburua eta neu lurrera, geure eta besteen sendiei gaztigatzeko telefonoz heldu garela, eta bide batez hark bere arazoak eta nik neureak egiteko. (Hau mundu arrano hau!)
  • Osterantzean nik apaizak gosaltzeko, eta lekaideak bazkaltzeko, eta lekaimeak bitarterako gitxi dodaz. «Viva la Republica! Abasso il...». (Hau mundu arrano hau!)

Jean marmarrean hasi da, gero eta ozenago:

—Framazona, gorria...! Apaizak gosaldu, errepublikari bibaka...! Halako afrunturik!

Tartean sartu gara, onezkoak egiteko.

—Adibide bat baizik ez zuan, Jean, lasai. Segi, Batxi, adibide onak ematen ari haiz eta.

—Framazona ni? Horixe behar genian... Tira, badiat beste adibide koxkor bat: sinonimo bikote bat.

  • Hau ikusirik, erregeak errukiturik agindu deutse egunkari denei egin daiela ahalegina hainbat hitzik gozoenekin albisteak argitaltzea, sendien bihotzak nahigabetu beharrean poztu eta atsegintzeko. (Hau mundu arrano hau!)

—Horixe ez nian espero, Batxi. Pozteko edo atsegintzeko, bai, baina hire hori.

—Lehengo denboretako estiloa duk hori, XVI. mendearen hondarra; ez gurea bakarrik, horratik. Begira hor zagok apaiz zaharren pausulekua. Han argibideak emango dizkiate; nahi baino gehiago ere bai, kalakari galantak dira eta.

—Zer? Berriro? Utz ditzagun bakean elizjendeak.

Horretan geratu dira gure bidelagunak, eskerrak eman ondoan.

 

4. Herenegungo apaizetxea

Zer? Argiago ikusten al dugu orain? Alor zabaletan barneratu gara. Hara, idi bikote gorri eder bat ikusi dugu, eta inguruan hiru gizon soro-lanetan. «Ildo artez-artezak! Bai horixe!», atera zaio, inpentsan, ibiltaunari. Gizonek, hitzok entzunda, gonbidatu egin dute arrotza goldatzera, haiek itaurreko harturik, aurkezpenak egin ondoan: Pedro Agerre Axular, Frantzisko Laphitz eta Pedro Añibarro dira haien graziak. Txantxak alboraturik, geure barne-kezka agertu diegu, eta berehalakoan gonbidatu gaituzte monasteriora, han ere artelan ederrak dituztela-eta, jakingarri eta sendagarri.

Piarres hasi da eleketan.

—Etorri ene gelaxka xumera. Hemen baditiat zenbait paper zahar, argi poxi bat egin dezaketenak. Sinonimo bikote horietarik batzuk badituk.

  • Baiña ene kontra dela dirudien arrazoin hunek beronek, ni esportzatzen eta aitzinatzen nau, hunek bihotz emaiten deraut, haur [hauxe] edireiten dut nik neure alde eta fabore, zeren enseiukarrean bezala egiten diren lehenbiziko obrek eta enseiuek, zenbait huts eta falta izanagatik ere, badirudi ezen, zeren lehenak diren, barkhakizun direla, eta bat bederak disimulatzeko, ez ikhusi iduri egiteko, eta are desenkusatzeko dituela. (Gero)
  • Baitirudi ezen asko behar lizatekeiela arrazoin haur ene gibelatzeko eta geldi arazitzeko ere. (Gero)
  • Halaber begiratu behar duzu emazteekin sobera solhastatzetik, konbersatzetik eta hitztun izaitetik.(Gero)
  • Zeren etsaiek geure faltak erranez, eta hetzaz eranzute eginez, emaiten derakute okhasino ernatzeko, iratzartzeko, falta eginen emendatzeko, erremediatzeko eta bai are aitzinerat gehiago egitetik ere begiratzeko. (Gero)

—Azken esaldi horretan, gainera, ekintza-kate halako bat zagok; ez oso argia, egia osoa esateko, baina...

—Horrelakorik ere badituk hemen... non edo non. Itxaron... Hemen berean. Itxuraz bistakoagoak dituk bestea baino.

  • Eta halatan hartu dut gogo, lehenbiziko parte hunen, lehenik benturatzeko, eta berri iakitera bezala aitzinerat igortzeko. Hunek zer iragaiten den, zer begitarte izaiten duen, eta nor nola mintzo den, abisu eman diazadan. Gero abisu haren arauaz [arabera] ethorkizunerat gobernatzeko: eta bigarren partearen kanporat atheratzeko, edo barrenean gelditzeko eta estaltzeko. (Gero)
  • Noeri, bertzeen abisatzeko, eta zeure etxekoen salbatzeko, eta halaber animalia suerte guztietarik haziaren eta arrazaren gelditzeko, eginen duzu untzi bat, barkha handi bat, erran den gauzako asko handi datekeien bezalakoa. (Gero)

Obligatu [behartu] eta enseiatu [saiatu] aditzen mendekoetan ere ez genian partizipiorik usatzen.

  • Nahi badugu urrikal gakitzan geure Iainkoari, enzun gaitzan, lagun dakigun, eta eduki dezan gutzaz miserikordia, enseia gaitezin gu ere geure aldetik, geure egin bidearen egitera, bekhatuetarik apartatzera, eta manamendu sainduen begiratzera. (Gero)
  • Hargatik da Teologoen errana, gizona adimendura heltzen den bezain sarri, pontu berean, obligatu dela bihotzaren Iainkoagana ailtxatzera, haren manamenduen konplitzeko gogo hartzera, eta arrazoiñ naturalaren arauaz bedere bizitzera. (Gero)

—Subjektu-lanean ere ibiliak ditiat aditz-izenak denean. Ikus:

  • Erraiten du Aristotelek, on dela, alferkeriaren herritik khentzeko, eta desterratzeko: eta herrien ere bere erregeren edo bertzeren kontra iaikitzetik begiratzeko, zenbait obra handiren hastea, zenbait dorreren edo gazteluren egitea, eta hetan iendearen enplegatzea (Arist. lib. 5 Politic. cap. 11). (Gero)
  • Zeren ederki beztiturik ibiltzea, eta mahai onaren ere edukitzea, badirudi eztela bekhatu handi, behintzat munduak eztaduka hala. (Gero)
  • Baldin obra miserikordiazkoak, nola baitira probeen faboratzea, biluzen beztitzea, gose eta egarri denari iatera eta edatera emaitea, bat bederak berak bere eskuz, bizi dela, irabazi handirik egitekotz, egin behar baditu: zenbatenaz berak bere eskuz ondokoetara utzi gabe, egin beharkoitu obra obligazinozkoak, iustiziazkoak, eta konzientziaz zor dituenak? (Gero)
  • Nola baitira ebatsien bihurtzea, zorren pagatzea, erauzi dituen falso testimonioen satisfatzea, eta eragin dituen kalteen eta gaixtakerien erremediatzea? (Gero)

—Aizak, Piarres, badakik Akademiak gomendatzen duela aditz-izenen komunztadurak singularrean egitea? Eta hik bietara egiten duk.

—Urdazubin ikasia izango duk hori, alajaina —trufari Pantxoak.

—Eta hik miztoa nondik ekarria? Arizkunetik ala Irisarritik? Aise uler daitekek, jaun hori: estilo-hautua duk, egintza bakoitzaren izatea nabarmendu nahi denetz.

—Eta aditz-izenen osagaiak zedarritzeko eginkizunaz, zer diok?

—Horietan ere, nominalizazioaz zerbitzatzen nauk, kasu-marka eta guzti.

  • Heken faboratzea da meritu handia, eta zeruko loriaren erdiesteko, eta are mundu hunetan ditutzun onen ere seguratzeko, berretzeko eta emendatzeko bide ona, zabala eta segura. (Gero)
  • Eta ongi gehiago egiten deraku probeak [pobreak] guri eskatzeaz, eta gureganik errezibitzeaz, guk hari emaiteaz egiten diogun baiño. (Gero)

—Aditz jokatugabeetan beti izan diat jaidura hori, gaur egungo idazleetan besterik ere ikusten dudan arren.

  • Baiña bekhatuz bethez gero, plegua hartuz gero, usatuz gero, eta usantza zahartuz gero, gaixtatzen da, ezansiatzen da, eta aldez aingiru gaixtoen berdin, deabruen paretsu egiten da. (Gero)
  • baiña behin abiatuz gero, adiskidetuz gero, trebatuz gero, eta elkharrekin solhasean, hitzketan, elheketan, presentketan, gosalketan, eta bisitaketan hasiz gero, peril handia da arimako, eta exenplo gaixtoa munduko. (Gero)
  • Bata da zenbait denboratakoa, zenbait denboraz ontasunean iraunez gero, eta bekhaturik egin gabe egonez gero, azken finean edo finera hurbiltzean faltatzen duena. (Gero)

—Hori beste baterako utziko diagu, Piarres, baina gogoan atxikiko diat kontseilua.

—Hari luzea dik gure Piarresek, solas errazekoa duk —dio Pantxoak—. Honezkero, akiturik izango haiz, eta ez duk kontu gehiagorik entzun nahi izango.

—Honainoko zidorra luze duk, baina informazio-gose gaituk oraindik. Esan, esan.

—Ezer gutxi erants nezakek nik, baina etorri nirera, ea zer kausitzen ahal dugun han.

Haren gelaxkara goaz, eta, bri-brau, zenbait adibide ematen dizkigu begietara.

—Osagaiak banatzeko egitekoaz den bezainbatean, Piarresek esanak berresten dizkiat.

  • Bere etxe-kantoin bat eman zioten iheslekhutzat, eta heien hazteko eta bizitzeko, karrikaz karrika, athez athe, ibili zen eske. (Bi saindu eskualdunen bizia)
  • Ez xollki bazohan heien ikhusterat, heien arthatzerat, bainan ezin zagokelakotz bethi heiekin, heien berriak egun guziez jakiten zituen, xeheki eta egunean ardura. (Bi saindu eskualdunen bizia)

—Hondarreko adibidean, heien errepikatu beharrak erakuts lezakek, hala ere, aurreneko aditz-izenaren ondoren berriro eman beharra dagoela objektu zuzena, bigarren aditz-izenari ere badagokiola segurtatzeko-edo.

—Ez diat uste, gazte. Heien ikhusterat eta arthatzerat eginez gero, aski zatekean heien batekin, battorekin. Ekintza-katearen erakusgarri badiat esalditxo bat.

  • Hiri guzia pekoz gain itzuli zuen bere predikuen eta berthuten indarraz; gortheko jaunak berak erakharri zituen zortzitik kofesatzerat eta komuniatzerat. (Bi saindu heskualdunen bizia)

Komuniatu aurretik bekatuak garbitu behar baitira.

—Uste diat argixeago ikusten dudala afera guztia —diotset hiru apaizei, gezurra den arren.

Pedrok, orduan, eskutik oratzen dit, hark ere zeresana baduela adierazi nahian.

—Ni beste garai eta leku batekoa nauk, eta nireak entzun ondoren, beharbada, segurtasun guztiak galduko dituk. Has gaitezen sinonimoekin, ni ere zale handia naiz eta. Nik bigarrenari baino ez zizkioat paratzen izen- eta kasu-markak.

  • Liburu santuak dira arimeari oraingo gau illunean bidea erakusteko zuzi argiak; dira arerio okerrak astindu, goiberatu ta apurtuteko esku arma zorrotzak. (Eskuliburua)
  • […] eta onek lorarik lora batuten daben legez eztia ta argizagia abai gozoa egiteko, alantxe nik bere egin bear nituzala aleginak, liburutxu baten arimeen onerako batzandu ta alkartuteko, liburu askotan zabaldurik eta deslai legez dabiltzazan adi-bide, eskaari ta deboziño-garri bearrenak. (Eskuliburua)

—Mugarri moduan ere erabiltzen ditiagu partizipioak. Hona:

  • Bai beintzat, liburu santuak dira zeruko su ederra biotzean biztuteko su-arri ta kaltzeru alazokoak; dira su ori azi ta eukiteko su-garria. (Eskuliburua)

—Gainerakoan, ekintza-katearena argitzeko, ezer gutxi esan niezaake. Zalantzazko adibide hau eman baizik ezin diat egin:

  • Bizkortu nagizu, banakutsu nagi epelik, adierazo eta ulertu eragidazu zer egin, eta zer itxi bear dodan Yaungoikoaren borondatea egiteko; gaurko egun au ondo emoteko; ta eriotza-giño bere grazian ta bakean irauteko. (Eskuliburua)

—Subjektuarena argi utzi ditek nire adiskideek, baina, badaezpada. Eutsi honi.

Da bapere on bagarik damuaren andiz amurratutea eta ernegetea; eta betiko alan egon bera izatea. (Eskuliburua)

Egon bera izatea? Jakingarria oso. Guk egotea bera egingo genikek. Mila esker eta bat gehiago.

Monasteriotik atera gara, eta berriro igo dugu muintxoa. Behe-lainoa saretuxea dago; argi ikus daitezke monasterioko soloak; harainoko bidea kirika begiets daiteke lainotza aienatzen hasiaren artetik; harago, museoko metalaren distirak hautematen dira, urrunxko. Ba al genekike orain atzerako bidea egiten zizeronerik gabe? Gizon bat inguratu zaigu haitz batzuen ostetik.

—Egun on!

Zirkinik ere ez du egin.

—Dembora presentea eta dembora pasatua / Acaso daude presente biac dembora futuroan, / Eta dembora futuroa contenituric dembora pasatuan —diosku ahots apalez, eta bet-betan suntsitzen da.

Eta hala bazen ez bazen, sar dadila kalabazan eta irten dadila zure herriko plazan.

 

5. Ipuinondoa

Ipuina entzun aurretik bezala al gaude? Ez dut uste. Alde batetik, badirudi denborarekin ugarituz joan dela partizipioaren erabilera, bai ekintza-kateak adierazteko, bai aditz-izenen osagaiak zedarritzeko, batez ere mendebaldean.

Hala, bi erabilerak zilegi dira, baina ñabarduratxo batzuk egin litezke; biga, gutxienik:

• Erregistro jasoetan joera txikiagoa dago partizipioak baliatzeko.

• Zilegi da pragmatikaren nahiz ekonomiaren izenean partizipioa erabiltzea. Hala ere, testugileak adi aztertu beharko du, batez ere ekintza-kateetan, aditz-izena (eta haren kasu-marka) gibelatzea kalterako edo mesederako den.

Bada zerbait, bederen.

Nork: Iñigo Roque Eguzkitza.2010/12/14 17:09:27.837 GMT+1
Etiketak: | Permalink

Erantzunak

Zenbait sintagma finkotan (terminoak direla esango nuke) bi aditz-izen lotzen dira, eta badirudi aukeran dugula bietako baten ordez partizipioa erabiltzea. Adibide bat etorri zait burura, eta aski deigarri gertatu zazkit Googlek aurkitu dituen kopuruak (alde handia dago):
  • bilatu eta atxilotzeko agindua (1.500 inguru)
  • bilatzeko eta atxilotzeko agindua (11.000 inguru)
Zer iritzi duzu halako kasuez, Iñigo?

Nork: Patxi.2010/12/22 12:57:40.738 GMT+1

Testuingururik gabe nekez antzeman dakieke jokamolde horien zioei. Nolanahi ere, ohiturak ohitura, funtsean bi aukera dituzkegu:
  • aditz-izenaren osagaiak isiltzea: auzipetua bilatzeko eta [hura] atxilotzeko agindua.
  • lehenaz gainera, aditzaren izen- eta kasu-markak ere isiltzea: auzipetua bila[tzeko]tu eta [hura] atxilotzeko agindua
Bigarren aukerak, ordea, batzuetan noragabe halako bat eragin lezake (aldi batez bada ere):
  • Espainiako gobernuak auzipetua bilatu eta atxilotzeko agindua [hartxila-murtxila] a. zabaldu du nazioartera [alegia, bilatu du eta agindua zabaldu du] b. eman du [alegia, bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du].
Bestetik, prosodiak laguntzen digu sintagma horiek harilkatzen, baina idatzian lepoa egingo nuke batek baino gehiagok atzera egin behar luketela bilatu hori behar bezala irakurtzeko.

Nork: Iñigo Roque.2010/12/22 13:25:10.258 GMT+1

Errenferentziak:

...dazkolako takatekoak 2010/12/15 08:29:22.518 GMT+1 Partizipioa ala aditz-izena Artikulutxo bat argitaratu didate 2tzul blogean:«Partizipioa ala aditz-izena»Eskerrik asko Patxi Petrirenari editatze- eta zuzentze-lanagat...

Erreferentzia: Partizipioa ala aditz-izena - Idazkolako takatekoak 2010/12/15 08:34:05.465 GMT+1

...ltzea zenbait testuingurutan. Adibidez, “titulua lortzeko eta lanean hasteko” ez ezik, “titulua lortu eta lanean hasteko” ere erabiltzen da. Ikus gehiago Archivado en: Erreferentzia:  EIMA INTRANET 2011/03/29 09:29:21.599 GMT+2

...dena bai struggle ki hunda mainu australia che 3 saal ho gye jnaaab te mere to wadh shayaad tenu v nai ptta hona k struggle ki hunda. &8230; PARTIZIPIOA ALA ADITZ-IZENA &8211; 2tzul14 Abe 2010 &8230; &8212;Bai, dena dela, ez duk ha...

Erreferentzia: Dena bai | Bibliyo 2011/07/23 01:00:51.356 GMT+2

...2010 &8230; Dena Bai. Style 1 Media. Marc Rosen Associates&8217; Kevin Marshall and Susie Pang with Natalie Grosdidier. Style 1 Media &8230; PARTIZIPIOA ALA ADITZ-IZENA &8211; 2tzul14 Abe 2010 &8230; &8212;Bai, dena dela, ez duk ha...

Erreferentzia: Dena bai | Godubli 2011/09/11 17:44:45.764 GMT+2

...ntza gutxiago sortzen da, oro har, eta lehenago jabetzen gara esanahiaz. Iñigo Roquek aukera hori aldeztu zue 2tzuL guneko artikulu honetan: Partizipioa ala aditz-izena (2010eko abendua). ...

Erreferentzia:  Agintzen eta sinatzen dut 2013/12/05 08:08:48.324 GMT+1