2010/03/25 00:28:46.899 GMT+1

SALBA DEZAGUN «BAT»

Juan Garzia Garmendia


Laburpena

Bat eta –a determinatzaileen arteko lehian, baten aurkako gehiegikeria nagusitzen ari da, hizkera batzuena baino ez den joera euskararen lege zorrotza balitz bezala aurkezturik. Hizkera horietan ere, gainera, testuinguru jakin batzuetan baino ez zaio nagusitzen -a bati.

Aurretik auzi hori argitzeko egin diren saioak osatzera dator nire hau. Helburu nagusia aipaturiko testuinguruak zehaztea edo behinik behin mugatzea da, dabilen gehiegikeria nabarmena agerian jarriz. Ia hizkera guztietakoak diren -a kasuak alde batera utzita, ez baitaude batekin lehian (erreferente zehaztua, interpretazio generikoa barne; sailkatze hutsezko atributuak…), ikusiko dugu nolakotasun nabarmendua dela gako nagusia auzian.

Hizkera batzuek (alternatibo esango diogu erabilera horri) erdararen antzera darabilte bat kasu horretan ere, izen-sintagma zehaztugabearen egitura bera baliatuz (irakasle BIKAIN bat aukeratu dute); zenbaitek eredu bakartzat daukaten joera nagusiko hizkerek, berriz, predikatu osagarriak ohi daraman mugatzailea proiektatzen-edo dute izen-sintagman: BIKAINa da aukeratu duten irakaslea > irakasle BIKAINa aukeratu dute.

Zilegi da, noski, bigarren eredu nagusi hori bultzatzea, baina kontuan harturik ez dela euskal hiztun guztiena, eta, batez ere, eredu horren esparruan ere mugatua dela joera, testuinguruz eta indarrez. Alegia, eredu hori bultzatzeak ez gintuzke eraman behar, gehiegikeriaz edo huts egiteko beldurrez, hizkera guztietan normalak diren gainerako bat guztiak edo gehienak artifizialki baztertzera.

Irakurleak –nirekin gehienetan bezala– pazientzia apur bat beharko du auzi bihurri(tu) horren zoko-mokoetan barrena egingo dugun bidaian, eta gidariaz fidatu beharko du (zer erremedio) haren iruzkinak gaitik apur bat desbideratuak begitantzen zaizkionean ere: ez ahal da, hala ere, hasieran baino galduago sentituko amaieran!

(Bi eranskintxo ere gehitu ditugu: Elhuyarreko zuzentzaileekin izandako iritzi-truke batean erabilitako apunte telegrafikoak. Gaia, hor, mugatuagoa zen: “X bat/-a da” lotura-perpusak soilik).

Egileak bereziki estimatuko ditu hemen azaldutakoarekin ongi egokitzen ez diren adibideak, eta, oro har, kontraesanak edo ahulguneak seinalatuz azalpena zorrozten lagundu dezaketen ohar guztiak.

Hamaikagarrenez: “etxe bat” ez da “etxea”

Mamu bat dabil Euskal Herrian barrena, bazterrak ikaraturik dauzkana: bat hitza ez omen da jatorra, non eta “1” lehen zenbaki kardinalaren balioa ez duen. Hori ikusirik, nor ausartuko da halakorik erabiltzen, jatorrezkeriazko delitua leporatzearen beldur?

Eta, hala, norberak ikusi arren “hitzarmena (sinatu dute)” eta “hitzarmen bat (sinatu dute)” ez direla sinonimo, lehena darabil hainbatek bi gauza desberdinok adierazteko. Tira, ez hainbeste: “(pozik sinatuko genuke) hitzarmena” eta “(pozik sinatuko genuke) hitzarmen bat” edozeinek bereizten ditu, ustez eta oraingoz, eta ez du bata bestearen lekuan erabiltzen.

Alegia, hitza galdegai denean dela auzia, eta ez mintzagai denean, ez eta (baina orduan ez da batik) ukapenaren kasuan, non harrigarria bailitzateke inork nahastea biok: “ez dute sinatu hitzarmena” / “ez dute sinatu hitzarmenik”.

Beraz, mirarien mirari, ezezka eta galdegaitik kanpo bereiztekoa dena –euskararen berezitasun noski jator baina harrigarriro bitxi batengatik edo– ez omen da bereiztekoa baiezkako galdegaietan. Gehiegikeria demasa adibidetuko dut lehenik, ez ikaratu, baina laster etorriko dira zalantzagarriago batzuk.

Aurreratuenen arabera, “Mutila dator” eta “Mutil bat dator” –bigarrenari bere desjatorrean hala ere euskal labela ukatzen ez bazaio– gauza bera dira, eta lehena omen da betiere hobesteko, zer ulertu ere: bat saihesten duena.

Jakina, galdegaien zaku berera datoz aurkezpenezko erabilera aditzik gabeak ere, hala nola izenburuak. Jakinago, izenburuak direnez testu batean nabarmenenak, are leku gutxiago geratzen zaio bat gaixoari halakoetan, lotsagarri bailitzateke hura denon bistan geratzea.

Hainbesteraino, non absolutibotik kanpo ere berdintzen baititu zenbaitek bi gauza guztiz desberdin: “Mundu berri baten alde” ari behar lukeenak, adibidez, “Mundu berriaren alde” dihardu euskaraz, nahiz inork ez jakin zein den delako mundu berri hori, egiteko den bat baita.

Egia bada hizkuntza bakoitzak berekin dakarrela bere mundu-ikuskera berezia, benetan berezia da halako euskararen berezitasuna: zoratzeraino berezia. Zein da gaitza? Bada, euskararen berezko joerak karikaturaraino eramatea, jatortasunean motz geratzeko beldurrez barregarri gertatzeraino. (Nire uztatik beste bitxikeria bat: barregarri eta negargarri sinonimoak dira maiz gurean, aldartea nolakoa).

Pentsa noraino gauden jota: bat ia klandestinitatean bizi den honetan, sindrome horren pean, ikaraz irakurri dut, bestek idatzia ikusirik, neuk ere halaxe emango nuena: “Hizkuntzen industria bat eraikitzeko bidean”.

Bistan da, “industria/mundua asmatzea” eta “industria/mundu bat asmatzea” ez dira inondik inora gauza bera. Baina horretarainoxe sartu zaigu oker-susmoa (susmo okerra). Hala ere, adibide horretakoa behintzat garbi geratu bada, goazen aurrera.

Orain artekoan, zer galderari zegozkion sintagma sinpleak ekarri ditugu hizpidera (“etxe bat”, “mundu bat”…). Zaku berean sartzekoak dira aurrekoaren moduko sintagma adjektibodunak, adjektibo hori izenlaguna izan (“hizkuntzen industria bat”) zein izenondoa (“mundu berri bat”).

(Generikotasuna tartean denean, jakina, mugatua balia daiteke: etxea/autoa erosi; telefonoa/antena jarri. Halakoetan, erdaraz ere ez da ageri un(a): comprar casa/coche; poner telefono/antena).

Aldiz, “hizkuntzen industria” eta “mundu berria” mugatzailedunek badute, bat erabiliz antolatuek ez bezala, zein (industria/mundu) galderari dagokion adiera bat (ez da adiera bakarra, baina utz dezagun orain hori geroko), eta horrek bereizten ditu, lehen-lehenik, bi sailok. Praktikan edonork ulertzen badu zein den alde nabarmena, ez gaitezen alferrik sar terminologia teknikoaren eztabaida-zingiran.

Garbi eduki behar dena hauxe da: bi gauza desberdin direla, izatez, “(hizkuntzen) antolamendu (berri) bat” eta “(hizkuntzen) antolamendu (berri)-a”.

Eta, beraz (hau da, hau, esan beharrik ez legokeena esan behar etengabea!), zorakeria dela, edozein hizkuntzatan –euskara barne, argitu dezagun badaezpada–, bereizkuntza hori ez egitea.

Mugatzailearen testuinguruak

Auzia horretarainokoa baino ez balitz, ez dirudi hain zaila: begiak, belarriak eta burua erne eduki, eta listo. Zer esan nahi dugun, huraxe adieraztekoa den moldea erabili, jator usteko zentsura etxekalterik gabe.

Auzia arazotsuago bilakatzen duen zerbait bada, hala ere. Gauza jakina da (eta ez nator ni inola ere hori ukatzera) euskarak baduela joera mugatzailea erabiltzeko inguruko erdarek erabiltzen ez duten zenbait testuingurutan (zenbait testuinguru diot, ezen ez hainbat, eta are gutxiago guztiak). Besteak beste, izenburuetan-eta, hots, aditzik ageri ez den aurkezpenezko erabileretan:
1) name/nome/nombre / izena (*izen)
Erabilera horretan, hala ere, ez da batik, ez euskaraz eta ez erdaraz, eta ez dirudi interferentzia eragin behar lukeenik, beraz, orain darabilgun auzian (egingo diogu, hala ere, kontu horri ere iruzkintxo bat aurrerago).

Erdaraz ez eta euskaraz mugatzailea erabiltzen den beste testuinguru tipiko bat predikatu-osagarri delakoarena da. Prototipikoki, izan lotura-aditzarekin doana: “ardoa da”.

Izenen adiera zenbakaitzean, erdaraz, berriro ere, mugatzailerik eza aurkitzen dugu hor: “it is wine”, “c’est du vin”, “ez vino”. Frantsesak partitiboa darabil halakoetan, baina ez hark ez beste hizkuntzek ere ez darabilte, ez mugatzailerik, ez (gure auzian interferi lezakeen) batik.

Egoera aldatu egiten da, ordea, izenaren adiera zenbakarrian, hor zenbatzaileak ager baitaitezke noski, eta, singularrean, jakina, bat, eta ez bakarrik zenbat galderari erantzuten dionean, baizik eta orobat, eta askoz ere sarriago, zer/nor galderari dagokiola, izenaren indibidualizazio hutserako eta ez kuantifikazio kardinalerako: “bertsolari bat da”.

(Bide batez, badira bertsolari bat sintagman bi interpretazio aukeran –kopuruarena alde batera utzita–, testuinguruak argitzekoak: bertsolari (zehaztugabe) bat / bertsolari (jakin) bat… Bistakoa da bat ez dela halakoetan kuantifikazio kardinala (zenbat: bat, bi, hiru…), hots, batzukekin osatzen duela hor taldea, eta ez zenbakiekin).

Berriro ere, berdin-berdinak dira horiek guztiak erdaraz zein euskaraz: ez gara beti (non eta horretantxe itsu-itsuan tematzen ez garen) hain bereziak, gu ere ustez gizakiak garenez zenbait hizkuntza-unibertsal berdin aplikagarri baitzaizkigu.

Jakina, jakina: “bertsolaria da” ere esamolde egokia da euskaraz, nork uka. Hemen argitzen ari garena, ordea, besterik da; alegia, “bertsolaria da” ez dela “es un versolari”ren ordaina (eta are gutxiago “bertsolaria dator” “viene un versolari”rena). Ez legoke esan beharrik, baina badirudi hortxe hasten zaizkigula interferentzia gaiztoak.

Irudika dezadan buru-mekanismo galgarria: euskaraz “bertsolaria da” aitzakiarik gabea denez (eta bat erabili baino nahiago dugunez hil), zergatik ez eman antzeko zer guztiak horrelaxe? Bada, ez erdaraz bakarrik, baizik eta euskaraz ere berdin, ez dutelako gauza bera adierazten “bertsolari(a) da” (“es versolari”) eta “bertsolari bat da” (“es un versolari”) perpausek (“es el versolari” interpretazioa alde batera utziko dugu).

(Joera galgarri hori galgarriagotzera dator genitiboetan ere bat(zuk) inoiz ez erabiltzea, esanahia esanahi. Adibidez, eta salbuespenez pluralera joz, Turkiar etorkinen semea da eta Turkiar etorkin batzuen semea da ez bereiztea. Garbi esan dezadan, hala ere: “etorkinen semea” ez da “hijo de emigrantes”, nahiz “etorkinak” “emigrantes” izan daitekeen: formaz mugatuak interpretazio inespezifikoa hartzea (emigrantes eta ez los emigrantes) absolutiboaren berezitasuna da (eta galdegaigunean bakarrik gauzatzen dena): “turkiar etorkinak dira/ditu gurasoak” eta “haien semea da”. Gure esaldi horretan, bestalde, pluralaren esanahia ezin da generikoa izan, turkiar etorkin zehaztu gabe bi baitira gurasoak: turkiar etorkin batzuen semea da).

Bidenabar, gauza bertsua dugu hor pluralean: “bertsolari(ak) dira” “bertsolari batzuk dira”. Pluralak, hala ere, baditu bere berezitasunak kontu horretan, eta beste baterako utzi beharko dugu, nahikoa lan dugu-eta singularrarekin. Sinetsiko ahal didazue ez ditudala gogo faltaz baztertzen hemendik.

Kualifikazioaren adarrak (nolakoa)

Oraindik ere falta zaigu elementu erabakigarri bat gure auzi honetan, baina hurbiltzen ari gara. Izan ere, predikatu-osagarrian (atributu, gramatika zaharrean), era askotako sintagmak joan daitezke, eta gu izenetatik abiatu gara. Izenek ere, ordea, ez dute guztiek beti portaera berdina, dagoeneko ere ikusi dugunez (zenbakaitz/zenbakarri…). Batzuk hurbilago daude adjektibazio kualifikatibotik beste batzuk baino: “oso bertsolari(a)” / “*oso ardoa/liburua”. Urrats bat harago, hitz batzuk ez dira hain erraz sailkatzen, izen zein izenondotzat balia baitaitezke: “langile” edo “gazte”, kasurako.

Gure auzian erabakigarri denaren test sinple bat hortxe aurreratu dugu: sintagmak graduazioa onartzen duen ala ez (oso, -ago, -en…). Beste gauza bat ere aurrera dezagun, berez aski nabaria: enfasia ere graduazioarekin oso loturik doa (eta graduazioa balioespenarekin); graduazio nabarmendua enfasia dela esan liteke.

Zein da, bada, falta genuen elementua? Bada, hain zuzen ere, balioespenarekin loturiko kualifikazioaren adierazpideari dagokiona. Hots, nolakotasun nabarmendua. Ikus, bide batez, nolako hitzak berak nola markatzen duen mugatzailearen beharra, izenlaguna izaki: nolako (etxe)a.

(Halakoetan ageri den -a hori mugatzailearen erabilera guztiz berezi bati dagokiola bide askotatik erakuts daiteke. Besteak beste, gure klasikoetariko askok “nolako da” darabilte; izan ere, mugatzailearen presentziak ez du hor esanahirik. Are nabarmenagoa da beste bereizkuntza arrunt hau: zer/zein etxe? / zer/nolako etxea! Edo nolakotasun nabarmendu guztia, doinuaren laguntzaz, -a soil-soilak markatzen duen beste erabilera hau: “SAKEA da [bikaina, egundokoa]!”)

Irizpide ziurrenetariko bat da, hain zuzen, hori: nolako galderari dagokiona bada halako sintagma, mugatzailea eramatea ohikoa izango da. Gogoan izan, hala ere, beste bidetik ere osa daitezkeela predikatu-osagarri sinonimo samarrak (hots, nolakoa zein zer izan daitezkeela galderak): “Egundoko astakeria da hori”/“Astakeria handi bat da hori”.

(Bidenabar. Izen batzuek beren osaeran daramate nolakotasun-enfasia, adjektibo espliziturik gabe ere: astakeria (gauza (guztiz) burugabea). Hortik honelako bereizkuntzak Elhuyarreko lagunek helarazi zidaten zalantzategian: “Bizitza huskeria [gauza hutsala] da”, “Bizitza kaleidoskopio bat da [metaforaz: bizitza = kaleidoskopio bat]”).

Hasierako adibideetara itzulirik, “hizkuntzen (industria)” izenlaguna adjektiboa da, baina ez nolako sailekoa, zein sailekoa baizik; “(industria) bikain(a)” izenondoa, berriz, nolako sailekoa da ezinbestean, eta ez zein sailekoa. Izenondo gehienek, berriz, nolako nahiz zein balioa izan dezakete, testuinguruaren arabera: “(industria) berria [nolakoa] da” / “(industria) berria [zein] ez dago arriskuan”…

Eta hor bai; hor, zalantza nabarmena dugu (badugu zalantza nabarmen bat). Erdarak ere (gaztelaniak, oraingoan) banaketa bitxia du halako esamoldeetan:
2) “(esa industria) es nueva” (*es una nueva)
3) “es una industria nueva” (*es industria nueva)
Alegia, nahiz nolako adiera izan garbi, eta adjektiboa soilik doanean un(a)rik ez agertu, un(a) erabiltzen du gaztelaniak izen+adj. egituran. Eta hortxe guk zalantza:
4) “(industria hori) berria da” (*berri bat da)
5) “industria berri bat da”, “industria berria” da
Izan ere, zer da eta nolako industria da dabiltza lehian, eta ikuspuntu-kontua da hori. Garbiago ageri da hori bi zatiak (zer eta nolakoa) bereiz ematen dituen joskera gaur egun ahantzixean: “industria bat berria (asmatu beharra dugu)”.

Joskera erdibitu hori hartuko bagenu abiapuntutzat, hain zuzen ere, aise uler genezake aukera-bikoiztasuna, ikuspuntua zertasunera lerratzen den (“industria [berri] bat”) ala nolakotasunera (“[industria] berria”). Kasu horretan, bi moldeen arteko aldea ñabardurazkoa da, beraz.

Hizkeren (eta erregistroen) arteko aldeak

Hain hurbil egonik, bada, ez da harritzekoa hizkera batzuek batera ala bestera jotzea nagusiki. Nabarmenenik, zenbat eta mendebalerago, orduan eta mugatzaile-zaleago ageri dira euskal hizkerak halako testuinguruetan (baina ez ultrazuzentzaileek nahi luketen bezain zale, oraingoz: “(oso) bertsolari handia”, “gezurti hutsa” baina “asto zati bat”, “ogi puska bat”…).

Jakina, jaidura horretako euskal belarriarentzat, oso gogor gertatzen da halakoetan bat erabiltzea, baina hizkera batzuek erabateko joera ageri dute beste joskeraren alde, are testuingururik markatuenetan: “bertsolari handi(-handi) bat da”, “bertsolari guztiz bikain bat”…

Halakoetan, bada, bi joeretariko bat baino ez da bakoitza: ez du batek arrazoia. Joera bakoitza aski markatua da, hala ere, eta hurrengo azalpenetan ere aipatu beharko dugu.

Hizkera hitz hain esanahi zabalekoa erabiltzen ari gara, baina, gai honetan bederen, ez da ulertu behar euskaren banaketa geografikoaz soilik ari garenik. Erabilera-esparruez ari gara, eta are hiztun batek berak egoeren arabera bereiz ditzakeen erregistroez.

Esate baterako, haurrekin (edo adimen eskas edo primitibokotzat jotzen ditugunekin, barka salaketa), izugarrizko joera dugu –unibertsala, ipuinetan atzeman daitekeenez– antonomasiara jotzeko, hots, mugatzailearen balio erreferentzial zehatza generikotasunez janzteko: “Otsoa dator”. Ipuinotan berotan ere, ordea, ez da ohikoa honela hastea: “Errotaria joan zen behin erregearen jauregira”, baizik eta “Behin (batean), errotari bat joan zen erregeren jauregira”. Hortik aurrera, hala aurkeztu dugun hori “errotaria” izango da, jakina, baina, horretarako, aurkeztu egin behar: “errotari bat”.

Hurrengo pausoa “errotari” oraindik zehaztugabe baina jada ez antonomasiko horri identitate zehatza ematea litzate, hots, izen berezi bat. Egin dezagun atzera, hala ere, hau ez baita ipuin(a):

Badirudi erregistro (eta pentsamendu) primitiboen eta lausoen horrekin identifikatzen duela zenbaitek euskara jatorra. Nekez uler liteke, bestela, nondik halako amorrua bat arruntari. Teorizazioa barregarria izaten da, aipatu dugunez (zenbakia omen, soil-soilik, euskaraz, bat) ez baita arrazoibide-kontua jokoan dagoena, eredu ultrajator horren aldeko barne-grina sutsua adieraztea baizik. Baina badakigu suak erraz garaitu ditzakeela argudioak, paperean zein bestela, eta hor ere izuturik dabil sen ona bera ere, argienak ere jaten baitu, badaezpada, halako errotarri bat baino gehiago, osorik zein puska bat.

Betor, bada, Otsoa, eta hil beza Ardia; ezin, baina, gauza handirik egin Artzaina ere jaten badu, beste artzain bat behar baikenuke, eta debekaturik baitago hori Antonomasilandian; hori, eta, ez pentsa, bat bazterturik ere, beste artzaina ere, Artzaina Artzaina baita, eta ez baitago besterik Antonomasialandian (eta, balego ere, ez baitzaigu aurkeztu).

Gatozen, ordea, mundu zehatzagora eta gure harira, eta balia dezagun aurreko ipuin-saltsa horren errematea: baten aurkako sutsuenentzat, hara, “beste artzaina” da “beste artzain bat” esateko modu benetan jatorra. Gero ez dela ezer ulertzen? Zer da guretzat eragozpentxo hori, jatortasunaren zerua irabaztearen aldean?

Alegia, baten (indibidualizazioaren adierazpenaren) aurkako joerarik muturrenekoenak, egoki direnean ere, ez direla erregistro bat baino, oso markatua. Eta (horixe ikusten ari gara) ez dira nonahi eta noiznahi egoki. Are gutxiago, arau bakartzat edo nagusitzat ezartzeko orotara.

Beste testuinguru batzuk

Orain arte, batekiko lehia horretan mugatzailea ager daitekeen testuinguru garbienean mugitu gara gehienbat: predikatu-osagarria. Izan ere, hor du leku prototipikoa nolako kualifikazioak (atribuzioaren mota nagusietarikoa izaki), enfasiak barne (nolako horren graduazio superlatiboa, nolabait).

Testuinguru horretatik kanpo, bada oraindik ere leku zabala nolako nabarmenduarentzat eta hari dagokion mugatzailearentzat. Besteak beste, existentzia-predikatu delakoan, aurreko esaldia bera adibide: “Bada(go) leku zabala [nolako lekua] horrentzat”. Jakina, zer galderari dagokiona ere aukerakoa da halako testuinguruetan: “Bada(go) leku zabal bat [zer] horretarako”.

Euskalkiei dagokienez, mendebaldeko joera areagotuz (edo alderantziz, joera horrek bultzatuta), existentzia-predikatuaren joskera bera aldatu da dagoeneko ia erabat hiztun gehienengan, galdegai posiziora aldaturik sintagma, existentzia-predikaziotik kanpoko esaldien analogiaz: “bada(go) su bat” > “su bat dago” (> “sua dago”).

Jakina, muturreko joeretaraino joan gabe ere, egokia da mugatzailea hor (eta antzeko testuinguruetan) baldin eta nolabaiteko zentzu generikoan ulertzen bada erreferentea: “Badute ogia/telefonoa”.

(Halako kasuen artean, aipatzekoak dira jabetza besterenezin delakoari dagozkionak: “Badut andrea, badut semea; alaba ere badut nik; osasun ona, batetik…”. Hor bai, bat erabiltzeak, kontrastez, zenbat adieraziko luke, eta ez zer. Teorikoki, hizkuntza logika hutsa balitz, bat baino egokiagoa litzateke halakoetan, hain zuzen ere, partitiboa: “Badute ogirik/telefonorik”. Ekialdeko hizkera batzuek, berriz, ez partitiboa eta ez mugatzailea, mugagabe soila darabilte halako batzuetan (adiera zenbakaitzean): “Badute ogi”. Hala ere, antonomasiazko-edo mugatzailea da ohikoa euskaraz halakoetan. “Badute ogia/telefonoa”. Hortik kanpo, ordea: “lili eder bat badut”…).

Gainerako testuinguruei dagokienez, hasieratik aipatu dugun moduan, ez da nahasbiderik izaten galdegaitik kanpo, hor mugatzaileak zer/zein adiera behartzen baitu: “Ez dakit noiz erosi ahal izango dugun etxea” / “Ez dakit noiz erosi ahal izango dugun etxe bat”; “Erosi dute etxea azkenean” / “Erosi dute etxe bat azkenean”.

Izan ere, nolako nabarmenduko adjektiboak nekez txertatzen dira zein adierako sintagmetan: *“Ez dakit noiz erosi ahal izango dugun etxe bikaina”, *“Ez dakit noiz erosi ahal izango dugun egundoko etxea”. Galdegai gisa, ordea, hain zuzen ere horrek ematen du aukera “Egundoko/izugarrizko etxe bikaina/ederra erosi dute” zein etxe adieran uler ez dadin, bestelako adjektiboekin gertatzen denez: “Hondartzako etxe zaharra erosi dute”.

Esana dugu, ordea, adjektibo asko direla bai nolako eta bai zein adierekin bateragarri, eta horrek sarri eragiten du anbiguotasuna:
6) etxe zaharra erosi dute [zein etxe]
7) etxe zaharra erosi dute [nolako etxea; zaharra da erosi duten etxea]
Bistan da, testuinguruak kontrakorik agindu ezean, mugatzailearen zein adiera nagusituko da hor. Oso kontuz ibili beharko da, beraz, nahasbiderik eragin nahi ez bada. Berriro ere, bada aukera nolakoa bereiz emateko:
8) etxe bat erosi dute, (zahar-)zaharra
Denbora adierazteko izenekin bereziki, aski ohikoa da hala banaturik ematea sintagma adjektiboa erlatibozko perpausa denean. Kasu (berezi) horretan, aukerakoa da (hizkera bakoitzaren joeraren arabera) lehen zatia batekin ematea zein mugatzailearekin (aposiziozko erlatibo-perpausak mugatzailea darama kasu bietan:
9) Etorriko da horretaz barre egingo dugun eguna.
10) Etorriko da egun/garai bat horretaz barre egingo duguna.
11) Etorriko da eguna/garaia horretaz barre egingo duguna.
Orain arteko testuinguru guztietan, absolutiboan eman ditugu betiere sintagmak. Izan ere, salbuespen guztiz bazterreko batzuekin, absolutibotik kanpo ez da lekurik nolako kalifikazioari dagokion mugatzailea ager dadin. Mugatzailea agertzekotan, zein adierakoa izango da:
12) Ondo bizi dira etxe zaharrean. [non, zein etxetan, *nolako etxean]
Salbuespen bakanak, espero izatekoa denez, galdegai diren sintagmetan aurkituko ditugu, aurkitzekotan, eta zein adierarekin lehia gogorrean:
13) Etxe zaharrean/txikian bizi dira. [non, zein etxetan]
14) ?Etxe zaharrean/txikian bizi dira. [?nolako etxean; “zaharra/txikia da bizi diren etxea”]
Hala ere, adjektiboa berez bada nolako adiera nabarmenekoa (balioespen enfatikozkoa bereziki), ez da arazorik hala uler dadin sintagma, eragotzita baitago orduan zein adiera:
15) Etxe bikainean bizi dira!
16) Sekulako autoarekin etorri dira.
17) Euskara ederrean
Enfasiak behartuko luke, hala ere, joskera hori, bestela bat baita ohikoena:
18) Etxe bikain batean bizi dira.
19) Sekulako auto batekin agertu zaizkigu.
20) Euskara eder batean
Absolutiboan ez bezala, hor ez da aukerarik nolakoa bereiz emateko:
21) *Etxe batean bizi dira, bikaina/bikainean.
Absolutibotik kanpo, bada, bat da aukera arrunta are nolako adiera nabarmeneko adjektiboekin, eta galdegai-enfasi bereziak baino ez dezake eragin baten lekuan mugatzailea agertzea:
22) Lanpostu zail batetik zetorren.
23) Oso lanpostu zailetik zetorren.
Genitiboa aipatu behar da hor bereziki, aski ohikoa baita akatsa:
24) #Mundu berriaren aldeko kanpaina. [Mundu berri baten aldeko kanpaina]
Akats hori, ultrajatorkeriak eragina eta nabarmena izateaz gainera, bikoitza da. Alde batetik, diogun moduan, absolutibotik kanpo dagoelako (eta galdegai-enfasirik ez delako), eta, bestetik, oinarrian lukeen esaldian ere, absolutibo eta guzti, bat delako noski egokiena, mugatzaileak beste zentzu bat emango bailioke sintagmari (#) eta enfasi berezikoa ez baitator hor harira (?):
25) #Mundu berria nahi dugu. [zein mundu (aukeran daudenetatik)]
26) ?Mundu berria nahi dugu. [nolako mundua (da nahi duguna)]
27) Mundu berri bat nahi dugu. [zer]
Hor, bistan da, esanahiak eragozten du joskera banatua, ez baitu zentzurik, testuinguru bereziren batean izan ezik, “Mundu bat nahi dugu(, berria)” esateak. Aposizio gehitua, berriz, aukerakoa da (galdegaitik atera behar, jakina):
28) Mundu berri bat nahi dugu, oraingo hau ez bezalakoa.
Izenburuetan ere bat?

Izen soilen kasuan, esana dugu mugatzailea agertzea dela ohikoena. Erdararekiko, mugatzailearen presentzia hori da aldea, aukerakoa baita, euskaraz (oro har) ez bezala, mugatzailerik gabe ematea sintagma:
29) Hielo / Izotza
Puntu honetan, horren haritik, apur bat desbideratuko gara batetik (lasai, berehala itzuliko gara). Izan ere, gurutzada zorrotza ez da soilik baten aurka, mugagabea ere harrapatzen baitu: hala, azken batean, den-dena mugatzailez ematea litzateke helburu zoroa.

Lehenbiziko oharra sinplea da eta bistakoa, baina aipatu beharra deritzot, ikusitakoak ikusita: Arau hautsiezintzat hartzen badugu, aukera estilistikoak murrizturik geratuko gara, berdin ematera beharturik “Hielo” eleberria zein “El hielo” dokumentala. Ez naiz luzatuko bide horretatik, baina bego esana.

Auzi hori areagotu egiten da izen/izenondo bitasuna ageri duten hitzekin, mugatzailerik (edo kuantifikatzailerik) ez eramateak bereizten baitu izenondo-adiera:
30) Extranjero [izenondo-adiera nagusi, atributu]
31) El extranjero [izen-adiera, izen-sintagma erreferentziaduna]
Kasu horretan bederen, garbi daukat nik “Arrotz” egin behar genukeela izenondo-adierakoa (“arrotz sentitu” eta halakoen ildotik).

Jakina (itzuliak gara, horrenbestez, harira), “Un extranjero” baldin bada izenburua erdaraz, euskaraz ere “Atzerritar bat” izango da, eta ez “Atzerritarra” edo “Arrotza”. Alegia, testuinguru horretan ere, erabakigarria dela baten eta mugatzailearen arteko oposizioa.

Hain ere erabakigarria, non erabateko esanahi-aldaketak baitakartza bata besteaz ordezteak: ez dira gauza bera “Konponbide bat” eta “Konponbidea”. Areago, adjektiboz (izenlagun zein izenondoz) lagundurik badator (nolako kualifikazioarenak alde batera utziko ditugu oraingoan, aski luze mintzatu gara-eta dagoeneko):
32) Krisiaren konponbide bat
33) Krisiaren konponbidea
34) Kafkaren lagun bat
35) Kafkaren laguna
36) (Kafkaren lagun/adiskide)
37) Ipuin errusiarren antologia
38) Errusiako/errusiar ipuinen bilduma/antologia bat
Halako batzuetan, genitibo mugatua ez erabiltzeak, izenaren aukera zuhurrarekin batera (idazlearen estrategiak, eta bereziki itzultzailearenak, globala izan behar du beti), hobeto eta argiago bil lezake adierazi nahi den esanahia:
39) Errusiar ipuin sorta
Dobla eta fini

Tira: uste dut hasierakora itzuli garela, baina ez ahal zen alferrik izango bidaia. Kontua labur-labur biltzekotan, eta erabilera bakoitzaren epaia alde batera utzita, hara mamua desmamutzeko sorgin-elea: bat eta -a ez dira sinonimo, testuinguru (eta erabilera) jakin (eta mugatu) batzuetan izan ezik.

Epaitxo bat, hala ere, zilegi izan daiteke:
  • Testuinguru jakin horietatik kanpo baten ordez mugatzailea erabiltzea okerra da. Ez zeruan hala idatzita dagoelako, baizik eta, lehenik (zenbaiten usteaz beste), tradizioaren kontra doan okerra (akatsa) delako, eta –bigarrenik baina ez hutsalenik– esanahiak desitxuratzea ere gauza okerra (makurra) delako.
  • Euskaraz biak aukerako (sinonimo samar) direnean bat aukeratzea, berriz, horixe da, aukeretariko bat: aukera (bat), ona zein txarra, baina ez okerra. Jakina, inor ez dago beharturik beste aukerari uko egitera, eta zilegi izan daiteke, are, mugatzailearen alde erabat egitea aukerako diren kasuotan. Hortik beste aukera gaitzestera, ordea, sekulakoa da jauzia: horretan gaude, baina.
Mamu bat dabil, bai, gure artean, izuak sorturiko izugarri bat: bat errugabe isilarazi askoren mamua.

Eranskinak

Elhuyarreko zuzentzaileekin izandako iritzi-truke batean erabilitako apunte pare bat, telegrafiko samarrak, beren horretan emango ditut, lagungarri izan daitezkeelakoan irakurle saiatuarentzat.

Nork: Juan Garzia.2010/03/25 00:28:46.899 GMT+1
Etiketak: nolako zer bat -a | Permalink

Erantzunak

Adiskide Juan, 2tzulzaleak. EiTBko Euskara Zerbitzuan aspaldi darabilgu «bat» zenbatzailearen eta «-a» artikuluaren arteko lehiari buruzko gogoeta, eta oso interesgarri egin zaigu «Salba dezagun "bat"» artikulua. Puntu batzuk garbi eduki ditugu lehendik, beste batzuk garbiago dauzkagu artikulua aztertu eta gero, baina beste batzuk ilun samar geratzen zaizkigu oraindino.

 

Interesgarri deritzagu puntu ilunak plaza honetan agertzeari, labur-labur, gaiaren gaineko hausnarketan lagungarri izango delakoan.

 

Aurretik, gaiari azalkeria-ukitu bat ematearren, kontutxo bat. Hainbat urtez Euskadi Irratira hizkuntza hobetzeko ikastaroak ematera etortzen izan zen euskaralari batek honela esaten zien kazetariei, gutxi gorabehera: euskaraz «-a» ipin daitekeen guztietan «-a» ipini behar da [eta «bat» baztertu].

 

Goazen, bada, orain puntu ilunak agertzera.

 

1. Artikuluan, sintagma sinpleen hurrengo pausotzat adjektibodunak aipatzen dituzu. Izen-elkarketa zein kategoriatan sartzen da?

 

            «Droga-sarea desegin dute» (Gaur Egun 1eko titularra, 2010.04.13)

 

            «Ardi-txakurrak haginka egin, eta hogei puntu eman behar izan dizkiote gure umeari hankan».

 

            «Senar-emazteak hilik agertu dira Urruñan» (beste titular bat)

 

Interpretazio inespezifikoa egin daiteke hor, sintama horiek bakuntzat hartuta? Lehen bi esalditako kasuak edo antzekoren bat posible izanda ere, hirugarrenean pertsona-izena izateak ez lioke debeku moduko bat ipiniko inespezifikotasunari? Ematen du ontzat zein txartzat emateko argudioak aurki daitezkeela kasu bietan.

 

 

2. «Etorkinen semea zen» txartzat eman duzu artikuluan, eta, badirudi hala behar lukeela. Baina ez dira arraro egiten «euskaldunen semea da» eta antzekoak.

 

 

3. Konturatuta gaude neurri-esapideetan oso zabalduta dagoela «bat» zenbatzailearen ordez artikulua ezartzea: «euroak dolarra eta 26 zentimo balio du», «lasterketa ordua eta 17 minutuan egin du», «pilotari honek metroa eta 74 zentimetro dauzka»... Oso zalantzagarria dirudi.

 

 

Poztekoa litzateke hiru puntuok gaiak oraindino dituen zailtasunak ebazten laguntzea. Hala eta guzti, ez hartu hau etxerako lantzat, gaur (2010.04.16) ostirala izanik ere.

Nork: Asier Larrinaga.2010/04/16 16:31:14.342 GMT+2

Eskerrik asko, Asier, artikuluari erantzuteagatik.
Hasierako suzedidotik hasita: «-a» ipin daitekeen guztietan ipintzea ondo egon liteke, eredu jakin bat bultzatzea zilegi den heinean (ipini “behar” hori legoke oker)... baldin eta noiz ipin daitekeen behar bezala zehazten bada.
Esate baterako, zehazte falta horregatik entzuten ditugu gero entzuten ditugunak. Esate baterako, Euskadi Irratiko albistegian joan den astean: “atseden txikia hartu dute”...
Zehazteko ahalegin horretan gabiltza. Orain, erantzuneko galderen erantzunak (har bitez guztiak iritzitzat, ez azken hiztzat):

1) Hitz-elkarteak , oro har, hitz soilak bezalakoak dira gai honetan. Eragiten dutenak beste kontu batzuk dira (besteak beste, artikuluan aipatuez gainera, predikatu bakoitzaren izaera). Adibideetan, hala ere, badira zer aipagarri batzuk:

a) “Droga-sarea desegin dute” zentzu espezifikoan baino ezin liteke har, berez (baina segi irakurtzen).

b) “Ardi-txakurrak haginka egin (dio)” ere espezifikoa da, izatez, baina, beharbada, justifika liteke mugatzailea, dela hiztunak jakintzat jorik erreferentea (nahiz entzuleak ezagutu ez), dela zentzu generikoa emanik: artikuluko “Otsoa” generiko-antonomasikoen molderako  erdibidean.


c) “Senar-emazteak (hilik agertu dira)” moldearen berezitasuna hitz biez plurala osatzea da (“batzuk” genuke hor lehian, ez “bat”); gainerakoan, aurreko kasuen antzekoa da, baina, titularra izanik, berriaren testua izan liteke, nolabait, erreferenteari espezifikotasuna ematen diona; hots, titularra logikoki berriaren ostean ulertzekoa balitz bezala.

Kontuan harturik a) adibidea ere titularra zela, azken azalpen hori aplika lekioke hari ere, baina uste dut ez dela nahikoa arrazoi halakoetara sistematikoki jotzeko. Mugatzailearen alde hor egin dudan teorizazioa bihurria da, eta ez dut uste benetan eragiten duena hori denik, baizik eta (quod erat demonstrandum), “bat” eta “batzuk” erabiltzearen aurkako aurreiritzi akritikoa.
Alegia, interpretazio inespezifikoko nahiz generikoko mugatzailea “ipin daitekeen guztietan ipintze” hori erokeria dela, baldin eta “guzti” horien barruan sartzen badira mugatzaileak nabarmen beste zentzua hartzen duen testuinguruak ere.

2) Izenak “tipo” orokor bat adierazten badu, adiera generikoa nagusitu daiteke espezifikoaren gainean, izenlagunak adierazten duena ondo ezkontzen bada generikotasun horrekin:
“ikusteko dagoen gauza da hori” = “ikusteko dagoen gauza bat da hori” = “ikusteko dago (gauza) hori”
“atzo esan zenidan gauza gogoratu zait” ? “atzo esan zenidan gauza bat gogoratu zait”

“talentu handiko emakumea da” = bat
“zuk bihar han ikusiko duzun emakumea da”  ? bat

“zuk aukeratutako emakumea da” [interpretazio biak: = bat (nolako emakumea), ? bat (zein emakume)]

“Tipo”aren adierazpen hori adiera guztiz orokorreko izen batzuek baino ezin dute bideratu:


???“talentu handiko alaba da”


Tipoen tipikotasun horretan, “euskal jatorrikoa zen” esapidearen sinonimoa litzateke “euskaldun semea” (interesgarriki, ez hainbestean “alaba”, “iruinseme” eta abarren simetria falta –zentzu batean baino gehiagotan– adierazgarriz).
Jakina, “turkiar jatorrikoa zen” nekezago sar genezake kodifikazio berean (“turkiar semea”!!!). Hori, erreferenteeen semantikari dagokionez.


Sintaxiari dagokionez, berriz, kasu bietan berdin, “-en” genitiboa plurala da, hots, mugatua, eta genitiboan (abosolutiboan ez bezala), mugatuak ezin dezake izan zentzu inespezifikorik. Duen zentzu espezifikoaren interpretazio generikoak ere ez du lekurik hori: inor ez da “turkiar/euskal guraso generiko” batzuen semea, noski.
Hala, euskaraz baliokide zuzenik ez duen “de turcos/vascos” horren ordain formalaren faltan (euskaraz ez dugu plural mugagaberik), “de los turcos/vascos” esanahia duena baliatu nahi dugu, baina, jakina, diogun horrek dioena digun, eta ez hor  ad hoc esanarazi nahi dioguna.


Itzulpenaren hastapen-hastapeneko gauza da, ordea, badela sarri samar halako ezegokitze-hutsunerik hizkuntza batetik bestera. Beraz, bide oker horretatik alferrik tematu beharrean, beste bide bat bilatu beharra dago adierazi nahi duguna adierazteko; esate baterako: “turkiarrak zituen gurasoak”...
Dena dela, kontu hori artikuluaren hari nagusitik kanpo geratzen da, eta bego horretan. Pluralaren kontua ere, nahiz “senar-emazte” horiekin egin dugun une batez topo, kanpoan utzia dut, berariaz. Hurrengo batean, beharbada, aurretiko kontuok argitzea lortzen badugu.

3) Adibideetatik ateratzen dut zalantza hori ez dagokiola honelakoen kasuari: “zenbat balio du litroak”, “zenbat denboran egiten du kilometroa” eta halako unitate-generikoen adierazpideari. Hortik kanpokoetan, mugatzaileak ez du lekurik, kuantifikazio peto-petoan ari baikara (analogia okerrez erabiltzen ditu zenbaitek hor ere halakoak, edo, zuzenean, “bat”en aurkako aurreiritzi gordinez): “hiru kilometro egin ditu”, “kilometro bat egin du”, “kilometro eta erdi egin du”, “kilometro bat eta hamazazpi metro egin du/ditu)... “dolar bat eta zazpi zentimo balio du”...

Kuantifikazio sintagma osoak, jakina, magnitudeei dagokien singularreko mugatzailea har dezake: “ordu bat/bete eta hogeitahiru minutuan egin du lasterketa”.

Nork: Juan Garzia Garmendia.2010/04/19 12:28:22.685 GMT+2

Errenferentziak:

... Links and tweets Tweets only Your email address (required): Topsy Retweet Button topsyWidgetPreload({ "url": "http://www.eizie.org/2tzul/salba-dezagun-bat", "title": "SALBA DEZAGUN «BAT» - 2tzul", "order": "count,badge,retweet" }) Add Topsy Retweet Button to ...

Erreferentzia:  Twitter Trackbacks for SALBA DEZAGUN «BAT» - 2tzul [eizie.org] on Topsy.com 2010/04/13 02:05:32.689 GMT+2