2011/02/15 23:36:26.743 GMT+1

TXORIZOAREN TORTILLA

Asier Larrinaga Larrazabal

 

OTOITZA

Erruki zakizkit, Jauna, ni baino mihigarbiagoak anatema egin dituen eremu batean ausartzera noan honetan. Idazu argia.

HILETA-DOINUA

Hitz elkartuetan zelan aska daiteke lehen osagaia, alegia, osagai mugatzailea zelan bihur daiteke sintaktikoki beregaina? Maileguetara joz. Hala, «gizarte-arazo» hitz elkartuan gizarte osagaia askatzeko, sozial maileguaz balia gaitezke. Baliabide horrek, dena dela, muga batzuk ditu, ez zehazten errazak, baina bai zeharkagaitzak.

Orain dela gutxi, adibidez, EITBko fonotekaren arduradunak kontsulta bat egin zigun: zelan esan daitekeen euskaraz «fúnebre». Fonotekan dauzkaten musika-piezak katalogatzen ari dira, eta hileta-doinuak izan barik ere aire tristea dutenei, dolu-giroa iradokitzen dutenei «fúnebre» etiketa jarri nahi zieten. Adjektibo hori bere horretan mailegatzea muga zeharkatzea zela iruditu zitzaigun, eta «doluminezkoa» etiketa proposatu genien.

Horrenbestez, «dolu-giro»-tik —zelan edo halan— «doluminezko»-ra heldu bagara, horrek esan nahi du mailegutzaz gainera euskarak eratorbidea erabil dezakeela hitz elkartuetako mugatzailea askatzeko. Izan ere, oso zabal dabilen ustearen aurka, euskarak baditu adjektibo erreferentzialak sortzeko atzizkiak. Nagusiak aipatzearren: -zko (goragoko adibidean ikusia), -tar, -dun, -tzaile...

Atzizki horietako bakoitzak bere ezaugarriak ditu: zer oin-motari eransten zaion, zer esangura duen, eta abar. Guk -zko atzizkiari emango diogu arreta, emankor samarra baita hitz elkartuetan mugatzaile sintaktikoki beregainak eratzeko: «semantikazko konponente» (Mitxelena), «fonetikazko lege» (Mitxelena), «linguistikazko teoria» (Mitxelena)...

-ZKO

Euskal eratorbideaz aritu direnek oso modu berdintsuan azaldu dituzte -zko atzizkiaren ezaugarriak. Luis Maria Mugicak (Origen y desarrollo de la sufijación euskérica), esaterako, hiru hitz-mota eratzen dituela dio.

            a) Izenak: «berazko», «gizonezko», «andrazko», «oinezko», «zaldizko», «bekozko», «onezko(ak)»...

            b) Materiaren berri ematen duten adjektibo erreferentzialak: «lurrezko», «berunezko», «urrezko», «harrizko»...

            c) Edozelako adjektibo erreferentzialak: «ametsezko», «zalantzazko», «hitzezko»,  «erazko», «ahozko», «taxuzko», «ustezko», «legezko»...

Guk alde batera utziko dugu (a) saila, ez baita emankorra gaur egun. Zalantzazkoa da, gainera, atzizki bakarra izatea saileko hitz guztietan ageri dena.

Beste sail bietako hitzak arreta apur batez aztertuta, ez zaigu iruditzen adiera aldetik ezberdintasun handirik dagoenik: denak dira adjektibo erreferentzialak. Gaztelaniara itzultzeko probak argiro erakusten digu hala dela, ordainetan adjektibo erreferentzialak sortzeko ohiko atzizkiak azaltzen dira eta: -eo, -ico, -oso, -al...

  • berunezko: plúmbeo
  • urrezko: áureo
  • ametsezko: onírico
  • legezko: legal
  • hitzezko: verbal
  • zalantzazko: dudoso

Azkenik, atzizkiaren subkategorizazio-ezaugarrien berri emateko, formula sinple bat erabil dezakegu:

       [[      ]N  __ ]A

non «N» izena baita, eta «A», adjektiboa. Horrek esan nahi du -zko atzizkia izen kategoriako oinarriei eransten zaiela eta adjektibo kategoriako eratorriak sortzen dituela.

Gramatikalari askok, ordea, eratorbidetik kanpo aztertu dute -zko atzizkia, eta sintaxiaren esparrura ekarri. Jesus Mari Agirrek (Euskal gramatika deskriptiboa) eta Martxel Ensunzak (Erdal adjektibo erreferentzialetarako euskal ordainak), esaterako, -zko daramaten sintagmak instrumentalaren gainean eraikiriko izenlagun modura analizatzen dituzte.

Analisi horren argitan ez du azalpen handirik behar -zko atzizkia izen + izenondo erako multzo bati atxikirik aurkitzeak Agirrek bildutako hainbat adibidetan (nik batuko grafian aldatu ditut hona): «harri zaharrezko horma», «haize garbizko karatula», «gogo gaiztozko lanak», «esker onezko begirada»...

Pentsa liteke Agirrek testu nahiko berriak arakatu dituela, baina Patxi Altunak (Leizarragaren zenbait izen sintagma) euskarazko testurik zaharrenetako batean aurkitu ditu era bereko adibideak (grafia eguneratu egin dut): «jendarmesezko banda bat», «aspik garbizko unguentu(a)»...

Horrenbestez, -zko hondarkia jatorriz baliabide sintaktiko bat dela esango dugu, eta gramatikalizazio-maila altua izatera heldu dela onartu. Izan ere, ez dago zalantzarik egiazko atzizki modura funtzionatzen duela lehenago ikusitako berbetan eta antzeko beste askotan: «baldintzazko», «zilarrezko», «azalezko», «zenbakizko»...

Nolanahi ere den, eratorbideko atzizki modura ulertuta ere, jatorria hartu behar dugu aintzat hainbat ezaugarri azaltzeko. Batetik, -zko atzizkia instrumentala onartzen duten kategoria guztiei eransten zaie, ez izenei bakarrik: «berezko», «guztizko», «ikus-entzunezko», «idatzizko»...

Bestetik, semantikari dagokionez, -zko atzizkiak adjektibo erreferentzialak sortzen dituela esaten segituko dugu, baina adjektibo horien muinean beti hautemango dugu instrumentalaren balioren bat: «irudizko adiera», «buztinezko lapikoa», «ustezko lapurra», «jendarmesezko banda» (Leizarraga), «ur-eztizko iturria» (Pouvreau), «haragizko tupina» (Duvoisin)...

ORAIN DATOR SALTSA

Egungo euskaran premia gorria da hitz elkartuetako osagai mugatzailea askatzea, eta, premia larritu ahala, asko ugaritu dira Leizarragaren, Pouvreauren eta Duvoisinen hiru sintagma horien ereduari jarraitzen dioten egiturak. Ereduzko Prosa Gaur testu-basean aztarrika eginez gero, zenbat-gura aurki daitezke: «gibel-orezko ogitartekoak», «erbinudezko ogitartekoa», «xingarrezko ogitartekoak», «limoizko freskagarria», «laranjazko freskagarria»...

Gorago esan dugu badirela beste atzizki batzuk, eta, badira, horrez gainera, baliabide sintaktikoak, baina, zalantzan ipinita ez daudenez, ez diegu arreta berezirik jarri testu honetan. Dena dela, adibide batzuk emango ditugu, gehienak Ereduzko Prosan aurkitu ditugunetatik moldatuak: «tortilla, txorizoduna», «koladun freskagarria», «ogitarteko bat txistor» «tortilla, txorizoarekin», «opil bat urdaiarekin», «txokolate kankaileko ogitartekoa»...

Instrumentalaren gainean eraikitako izenlagunetara itzulirik, batzuek eredutzat proposatzen dizkiguten arren, beste batzuek zalantzan jartzen dute era horretako sintagmen jatortasuna, egokitasuna, euskaltasuna. Eta epaia ere eman dute: «euskara txarra dira». Ematen du oso erratuta daudela. Patxi Altunak, behintzat, bestelako epaia eman zuen gorago aipaturiko artikuluan: «aspic garbizco unguentu precio handitaco, inolako esankizunik gabeko izen sintagma jator eta zuzena da alde guztietatik».

Ezetzean tematuta daudenei ez bide die balio argudio batek ere. Klasikoen Gordailuan ez da batere nekeza autore zaharren adibideak biltzea (grafia eguneratuta dago, eta sintagmak absolutibo mugatura ekarrita): «ardo-oliozko enplastoa» (Mendiburu), «ogizko, garagarrezko, oliozko eta eztizko ontasuntzeak» (Duvoisin), «ardo eta oliozko unguentu edo balsamo biguna» (Mogel), «ardozko libazioak» (Uriarte), «ogizko, ardozko eta oliozko ekoizpenak» (Arxu), «odolezko erreka bat» (Juan Mateo Zabala), «arrautza hutsezko tortilla» (Kamiñazpi), «txiaomi edo Arabia-garizko zukua» (Polikarpo Iraizozkoa), «pozoinezko edaria» (Oxobi), «kedarrezko binagre eta behazunezko edaria» (Kardaberaz), «ardizko eta idizko artaldeak» (Duvoisin)...

Testuek erakusten dute sasoi guztietako eta dialekto guztietako euskaldunek behar izan dutela osagai mugatzailea askatu «txorizo-tortilla» erako egituretan, eta eskura izan duten baliabideetako bat -zko erako izenlagunak direla.

Eta, hala ere, hizkuntza-ingeniaritza, frankensteinkeria eta horrelakoak entzuten segitzen dugu. Zer dauka txarra, baina, testuetatik biltzen ditugun adibideetarako azalpen gramatikala eman ahal izateak? Plazaratzen zailago egiten da logikarik eza, «tortilla, txorizoarena» onetsi eta, aldi berean, «txorizoaren tortilla» gaitzestea. Erabilera ez da argudio txarra, baina erabilera soilak, euskararen eremu osoan zabalduta egon barik, soluzio bakarra izan barik, eta gramatikak bermaturiko jatorri-ziurtagiri barik, lar nabarmen utz lezake kalkoa. Kalkoak berez ez dira ez txarrak, ez baztergarriak, ez ezer, baina zeharo zentzugabe egiten dute jatortasunaren argudioa.

Nork: Asier Larrinaga.2011/02/15 23:36:26.743 GMT+1
Etiketak: | Permalink

Erantzunak

Oso egokia azaldu dituzu guztiak, Asier, baina nik ñabardura bat, semantikazkoa, ikusi uste izan dut adibide sorta horretan:
  • «ardo-oliozko enplastoa» (Mendiburu),
  • «ardo eta oliozko unguentu edo balsamo biguna» (Mogel),
  • «ardozko libazioak» (Uriarte),
  • «odolezko erreka bat» (Juan Mateo Zabala),
  • «arrautza hutsezko tortilla» (Kamiñazpi),
  • «txiaomi edo Arabia-garizko zukua» (Polikarpo Iraizozkoa), «pozoinezko edaria» (Oxobi),
Osagai guztiak bistan dituzten sintagmak dira; alegia, Mendibururen enplastoan ardoa eta olioa baizik ez dago; Zabalaren errekan, ardoa baizik ez...

Nire ustean, ogitartekoekin, esaterako, bestela jokatu behar litzateke, txorizoarekin batera ogia ere baitugu. Bada zerbait horretan, bereizi egiten duena beste adibideetatik. Txokolate-palmerak ere berdin aipa genitzake. Horietan nik hiru aukera sumatzen ditut: txokolate-palmera, palmera txokolateduna eta txokolatearen palmera (azken hori erruz dabil jendearen aho-mihietan).

Iruditzen zait, ondo diozunez, erabilera guztiak onartzeko direla, erabiliak diren aldetik, baina, gero, eredua ere proposatu behar genukeela anabasa horretan zerbait taxuzkoa argituko badugu, erabilerak kontuan izanik, jakina.

Ergo:

  1. laranja-zuku (Laranja-zuku bat eskatu zuen tabernan), laranjaren zukua (Bi laranjaren zukua erabili behar da errezetan), laranjazko zukua (???) (laranjazko ukendu aise onar nezake, baina laranjazko zuku, ostera, izenlagunaren eta izenaren artean hain erlazio estua dagonez...)
  2. txorizo-ogitartekoa, ogitarteko txorizoduna, txorizoaren ogitartekoa (atzean nahiz aurrean azken hori).
Betor argia.
 

Nork: .2011/02/18 12:21:58.979 GMT+1

Azpeitiko Euskara Patronatuaren webguneak, erabili.com-ek, artikulu honen gaineko albistea atera du lehengo egunean, eta hura irakurtzean konturatu naiz guztiz ahaztuta eduki dudala gaia ekarri duen sintagma: «laranja-zukua». Ahazte larria da, ez baititut berdin ikusten «laranja-zukua» eta «txorizo-tortilla».

Ez dakit semantika den bien arteko aldea ondoen deskribatzeko modua, baina, perifrasietara joz gero, erraz sumatzen dira kontzeptu ezberdin bi.

· laranja-zukua: laranjak daukan zukua, laranjatik ateratako zukua
· txorizo-tortilla: txorizoz (eta beste osagai batzuez) osaturiko tortilla

Horregatik esaten ditugu honelakoak:

· lau laranjaren zukua
· lau txorizoko tortilla (inork inoiz horrelako tortilla eskergarik egin baldin badu, behintzat) / lau arrautzako tortilla / lau patatako tortilla

Horrenbestez, instrumentalaren baliorik ez baita inon ageri, «laranjazko zukua» ez dugu sintagma onargarritzat joko. Besterik da «laranjazko freskagarria».

Itzulera bidalitako mezuetan esanda zegoen «laranja-zukua» ez zela freskagarrien edo tortillen pareko kasua, baina nik tortillari ezarri nion hagina, eta ez nuen aintzat hartu zukua. Gosari oso desorekatua geratu zitzaidan!

Nork: Asier Larrinaga.2011/02/25 11:55:21.605 GMT+1

Tradizioa arakatzeaz gain, ez dut uste ahozko erabilera ere aintzat hartzekoa da, nire ustez. Hona aldatuko dudana zerbait inpresionista izango da, noski, han-hemen entzundakoa. Kontua da behin beaino gehiagotan, tabernaren batean ogitarteko batzuk eskatuta "Gáztana (tortíllana / txorizona...) norentzako da?" gisako esaerak entzun ditudala tabernariaren ahoan. Hau da, lehen osagaia bakarrik ematean NOREN kasura jotzen dela zenbaitetean. Hori bai, ez dakit halakoak noraino diren jatorrak, zaharrak eta abar, baina esan, esan egiten dira. Bizkor egon.

Nork: Jorge Etxague (Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofiziala).2011/03/13 15:10:45.164 GMT+1

"doluminezko" hori dela-eta, Etxeberri Ziburukoaren hiztegiak (Oihenartek E laburduraz hori adierazi nahi baldin bazuen behintzat) "deithorezco eresia, cantus lugubris" dakar, ederra, ezta?

Nork: Borja.2014/01/06 01:07:04.360 GMT+1