Hemen zaude:
 » 
Itzulpen lehiaketa 2011

Itzulpen lehiaketa 2011

LITERATURA UNIBERTSALA BILDUMA

Proiektuak aurkezteko epea

Epea 2011ko uztailaren 11n amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

Lehiatzaileak

Itzulpengintzan diharduten itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.

Lehiatzaile orok obra baterako edo gehiagotarako itzulpen-proiektuak aurkez ditzake, bakoitzari bere lema eta gutun-azal itxia erantsiz (ikus itzulgaien zerrenda).

Aurkeztu beharrekoak

  • 10 orrialdeko lagina aurkeztu behar da euskaraz, lau kopiatan eta orri zenbakituetan. Besterik aipatzen ez denean, liburuaren -ez hitzaurrearen- hasierako orriak itzuli behar dira (12 tamainako letra, lerro arteko espazioa 1,5).
  • Itzulpena egiteko erabilitako jatorrizko liburuaren fotokopiak (10 orrialdeko laginari dagozkionak), lau kopiatan.

    • Itzulpenen bat obraren jatorrizko hizkuntzatik egin ez bada, gutxienez bi sorburu-hizkuntza erabili beharko dira, eta horiei dagozkien orrialdeen fotokopiak aurkeztu.

  • Jatorrizko obraren bibliografi fitxa (jatorrizko titulua, edizioa, urtea, eta abar). Jatorrizko testua Internetetik jasoa baldin bada, helbide zehatza adierazi behar da.

  • Ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak gutun-azal itxi baten barruan adieraziko dira, eta horren azalean goiburu bera errepikatu. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Itzulpen-proiektua postaz bidali nahi izanez gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi behar da gutun-azalean. EIZIE elkartearen egoitzara bidali behar dira proiektuak (Zemoria 25, behea – 20013 Donostia).

Epaimahaia

Horretarako propio eratuko den epaimahaiak hartuko du itzulgaiak esleitzeko erabakia. Honela osatuko da: Eusko Jaurlaritzak izendaturiko itzulpen-munduko aditu bat, itzulpenen argitalpena egingo duen argitaletxeak proposaturiko bat, eta EIZIE elkarteak izendaturiko bat. Epaimahaikideek ezingo dute lehiaketan parte hartu. EIZIE elkarteak idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

Oharrak

Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei soilik emango zaie epaimahaiaren erabakiaren berri, eta liburu osoa itzultzeko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak. Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa da: 125 orri - 6 hilabete / 250 orri - urtebete / >250 - proportzioan kalkulatuko da.

Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei soilik emango zaie epaimahaiaren erabakiaren berri zuzenean, baina EIZIE elkartearen webguneko albistegian ere jakinaraziko da. Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena hainbesteko finko batean egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak.

Argibide gehiago jasotzeko, jo info@eizie.org helbidera edo 943 277 111 telefonora.

Itzulgaien zerrenda
Idazlea Izenburua Ordainsaria
Rodoreda, Merçè Mirall trencat 9.045 €
Calderón de la Barca La vida es sueño (1) 5.635 €
Carpentier, Alejo El siglo de las luces 9.960 €
Doblatov, Sergei Чемодан (La Maleta) 2.700 €
Lem, Stanislaw Solaris 8.700 €
Lispector, Clarice Felicidade Clandestina 3.375 €
Lobo-Antunes, Antonio A ordem natural das coisas 9.585 €
Malaparte, Curzio La pelle 11.340 €
Hesse, Herman Siddhartha 3.600 €
Canetti, Elias Die gerettete Zunge (La lengua absuelta) 13.200 €
Fournier, Alain Le grand Meaulnes 5.670 €
Sagan, Françoise Bonjour tristesse 2.970 €
Villon, François Le testament (2) 4.725 €
Shelley, Mary Frankenstein 6.345 €
Melville, Herman Benito Cereno eta Billy Budd (3) 5.535 €
Kincaid, Jamaica Autobiography of My Mother 4.725 €

(1) Lehiaketarako aurkeztu beharreko lagina honela amaitzen da: “Y por si acaso mis penas / pueden aliviarte en parte, / óyelas atento, y toma / las que dellas me sobraren. / Yo soy...

(2) Lehiaketarako, zati hauek itzuli behar dira: Hasierako I, II, III eta IV ahapaldiak eta “Ballade des dames du temps jadis”

(3) Lehiaketarako, Benito Cerenoren hasierako orriak aurkeztu behar dira. Proiektua esleituz gero, bi obrak itzuli beharko dira.

**************

Obrak itzultzeko epeak

Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa da: 125 orri - 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.

Ordainsariak

Sorburu hizkuntzaren arabera, orriko: gaztelania: 24 € / frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 € / gainerakoak: 30 €.

Itzulpena jatorrizko hizkuntzatik ez den besteren batzuetatik egiten bada, sorburu hizkuntzei dagozkien tarifen batez bestekoa erabiliko da.

Argitalpena

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena hainbesteko finko batean egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen ardura izango da liburuok argitaratzea, bilduma honetarako bat eginda).