Hemen zaude:
 » 
 » 
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarieen Elkartea - Lurdes Auzmendi

Inprimatu

Data: 1995eko urtarrila

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarieen Elkartea - Lurdes Auzmendi

Euskal Itzultzaileen Elkarteak aurtengo urtarrilaren 30ean egin zuen l.go Biltzar Nagusia eta hau urte bete luze batean egindako lanaren ondorioa izan zen.

Bederatzi hilabetetako bidea egin dugunean 130 bazkide gara lau arlo nagusitan banatuak, administrazioa, komunikabideak, literatura eta interpretaritza.

Bizitza motza duen arren, itzulpengintzak edozein kultura garatutan duen garrantzia izatera laister iritsiko garelakoan gaude, bai Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere Euskal Itzultzaileen Elkartearen pisua nabaria bait da iadanik.

Elkartearen Estatutoetan adierazten den bezala, bere xedeak dira, euskal itzultzaileen babes juridikoa lortzea eta berauen lan baldintzak hobetzea; honetarako Elkarteak bere egiten ditu 1976ko azaroan UNESCOren Biltzar Nagusiak itzultzaileen babes juridikorako egindako gomendioak. Beste xecle bat da euskarara edo euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaintzea, jatorrizko testuarekiko leialtasunez eta euskarazko kalitate minimo bat eskatuz burutuak izan daitezen.

Era guztietako obrak euskarara itzul daitezen ahalegintzea, euskal itzultzaileak prestatu eta hobe daitezen saiatzea eta euskal itzultzaileen interes ekonomiko eta sozialen sustapena eta defentsa dira Elkartearen beste helburu batzuk.

Lehenengo Biltzar Nagusia egin zenean Elkartean eta ondorioz Estatutoetan Zuzentzaile eta Interpretariei sarrera ematea erabaki zen eta honela Euskal Itzultzaileen Elkartea, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarte izatera pasatu zen. Elkartean sartzeko baldintzak hauek dira:

a) Azken bost urteotan euskarara edo euskaratik bi liburu itzuli eta argitaratu izana; edo beste horrenbesteko itzulpen kopuru bat burutu izana; edo eta -hau interpetarientzat baldintza da-, 50 orduz kabinan aritu izana.
b) edo Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpoko Itzultzaile edo Interpretari eskolaren bateko itzultzaile edo interpretari tituluaren jabe izatea.

Horiez gainera beharrezkoa izango da:

c) Zuzendaritza Batzordearen onespena,
d) eta Elkarteko hiru partaideren abala.

Elkartearen l.go Biltzar Nagusiak aukeratu zuen Zuzendaritza Batzordea bederatzi pertsonaz osatua dago: Lehendakaria, Juan Mari Lekuona; Lehendakariordea, Xabier Mendiguren; Idazkaria, Josu Zabaleta eta Diruzaina, Ramon Etxezarreta. Gainera itzulpen arlo bakoitzak bokal bat du Zuzendaritza Batzordean Administrazioa arloak salbu, honek bi bokal bait ditu itzultzaile kopuru handiari hobeto erantzuteko asmoz.

EIZIE Elkarte bezala eratu aurretik, zenbait euskal itzultzailek bazituzten harremanak beste Elkarte batzuekin. Elkarteak harreman hauek duten garrantzia ahaztu gabe, harreman horiek sendotzea erabaki zuen eta pauso batzuk eman dira.

Beste Elkarteekiko harremanei dagokionez ekintzarik inportanteena Madrilen maiatzaren 6 eta 7an burututakoa da. Estatuko hizkuntzen arteko literatur itzulpenari buruzko jardunaldiak ospatu ziren APETI, APTC/LC, ATG eta gure partaidetzarekin, literatur itzulpengintzaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertu zirelarik.

Jardunaldi hauen ondoriorik nagusienak hauek izan ziren: Estatuko itzultzaile eta interpretarien egoera aztertu ondoren Estatuaren eta Autonomien Administrazioen aldetik behar adineko laguntzarik ez dagoela eta, ekimen pribatua ez dela aski itzulpenaren eta interpretaritzaren mundua normaltzeko Estatu espainoleko hizkuntzetan. Horregatik, hizkuntzen arteko normalkuntzara iristeko behar diren bitartekoak jartzea eskatzen zaie aipatutako erakundeei. Azkenik, lau itzultzaileen elkarteek beren arteko harremanak areagotzea erabaki zuten helburu amankomun batera iristeko, Estatu espainoleko Itzultzaile eta Interpretarien Federakundea eratzearen bitartez.

Estatuko Itzultzaileen Elkarteekin dauden harremanetaz gain, Europako beste zenbait Itzultzaile Elkarteekin ere harremanetan gaude, batez ere Europako Itzultzaileen Etxeen bitartez.

Puntu honetan aipatu behar da baita ere FIT edo Itzultzaileen Nazioarteko Federazioa. Izenak adierazten duen bezala, munduko itzultzaileen elkarteen Federazioa da hau eta gaur arte Estatu espainoletik ordezkari bat dago, APETI elkartekoa hain zuzen. Estatu espainolari bi ordezkari dagozkio federakundean eta bertan hizkuntzen ordezkaritzari buruzko planteamendu berri eta zabalago bat egiten ez den bitartean, birekin jarraituko da, beraz urte honen buruan konpondu beharko da Estatu Espainoletik zein Elkartetako ordezkariak joango diren FITera.

Edozein herrik bere hizkuntzaren eta kulturaren normalkuntza lortu nahi badu, ezinbestekoa da ondare unibertsala itzultzea. Zentzu honetan EIZIEk proiektu bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari ondare hori itzultzeko eta argitaratzeko. Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi zuen proiektua eta denbora gutxian asko aurreratu dela esan behar da.

Elkarteak bere aldetik 100 titulu itzultzea eta argitaratzea proposatu du eta itzuli beharreko liburuak aukeratuta daude. Orain Jaurlaritzaren eta Argitaletxeen Elkartearen akordioa lortzea falta da proiektuari ekiteko. Ziur gaude askok eskertuko dutela pauso berri eta handi hau, eta ziur gaude baita ere batez ere irakaskuntza arloan euskara normalizazio bidera eramateko ematen ari diren pausoen ondorioz Unibertsitateraino beren ikasketak euskaraz burutzen ari direnek material preziatua izango dutela beren eskuetan.

Lehenago esan dudan bezala, hilabete gutxitako bizitza du Elkarteak, baina gai ugari tratatu eta erabaki behar izan ditu denbora horretan.

Itzulpen arlo desberdinen arabera, eta Elkartearen xedeetako bat betetzen hasiz, itzultzaile eta interpretarien prestaketarako zenbait pauso eman dira. Interpretarien batzordeak eratuta hiru egunetako mintegi bat ospatu zen ekainaren azken egunetan interpretaritzaren teoriaz eta teknikez. Hamabost interpretarik parte hartu zuten eta urte amaiera arteko mintegi programa bat ere osatu zuten, arlo honetan dauden hutsune nabariei Jaurlaritzak, Unibertsitateak edo beste instituzioek jaramonik ez dietela egiten ikusita.

Zentzu berean, literatur itzultzaileek urrian hasi eta urte amaiera arte sei mintegi egiligo dituzte literatur itzulpenaren teoria eta joera ezberdinak aztertu eta beraien arteko kontrasaketa lanari ekiteko asmoz.

Komunikabideetarako eta bereziki Euskal Telebistarako itzulpenak egiten dituzten itzultzaileak medioaren garrantziaz eta honetarako hizkuntz eredurik ez egoteaz kezkaturik, Jaurlaritzan hizkuntz politikarekin erlazionatutako sailei eta Euskal Telebistari alde batetik eta Euskaltzaindiari bestetik hizkuntz ereduak finkatzea eskatu diete, komunikabideetako hizkuntzak eta kasu horietan euskarak eragin zuzen-zuzena bait du herriarengan.

Hizkuntz ereduaren arazoaz kezkati ageri dira administrazioko itzultzaileak ere. Azken urteotan itzultzaile asko kontratatu dira administrazio publikoko arlo ezberdinetan, baina itzultzaile hauek hizkuntz eredu sendo eta bateratu bat gabe aurkitzen dira. Bestalde, itzultzaile asko eta asko itzultzaile lanak egiteaz gain interpretaritza. kultur animazio eta beste lan batzutara bideratzen dituzte. Guztien kasua zehazki ezagutu asmoz, inkesta bat egingo da administrazioko itzultzaileen artean planifikazio eta programazio serio bati ekiteke bidean.

Beste arazo batzuk:

  • Zinpeko itzultzaile edo interpretarien plazak.

Estatu espainoleko zinpeko itzultzaile edo interpretarien (traductor jurado) plazak ateratzea gobernu zentraleko Atzerri Ministrariari dagokio. Honen ondorioz lurralde autonomoetan arazoak sortzen dira hain beharrezkoa den mota honetako itzultzailerik ez dagoelako eta plazak konkurtsora ateratzeko, bertako gobernuek konpetentziarik ez dutelako.

Estatuko hizkuntzen arteko zinpeko itzulpenak egiteko plazak ateratzea Atzerri Ministeritzaren esku egotea zentzugabea da. Catalunyako Parlamentuak eta Eusko Jaurlaritzak akordioak hartu dituzte beren lurraldeetan plaza hoiek sortzeko, baina ez zaizkie gobernu zentralaren aldetik onartu eta beraz, soluziorik gabe jarraitzen da.

EIZIEren I Biltzar Nagusian onartu zen 88rako egitasmoaren ara bera, zortzi miloi pezetako defizita ateratzen zen. Elkarteak bere proiektuak burutzeko behar zuen dirua lehenik Eusko Jaurlaritzar eskatu zitzaion. Eusko Legebiltzarrean 88rako aurrekontuak onartu zirenean ElZIErentzat bi miloi pezetako laguntza onartu zen, Gobernuak Elkarte berria garela eta zer egiteko gai garen ez dugula azaldu argudiatu zuelarik. Beraz, bazkideen kuotetatik ateratzen dena gain, bi miloi pezeta izango ditugu.

Diru arazoei dagokionez Gipuzkoako Kutxak eskaini digun la guntza aipagarria da, Madrilgo itzulpen jardunaldietako gastuetarako laguntza eta interpretaritza mintegirako subentzio osoa eman baidigu.

Itzultzaile eta interpretarientzat titulazioa eta Tarazonako Itzultzailearen Etxea dira Elkarteak eskuartean izan dituen beste bi gai. Halere hauei buruzko berri zabalagoak beste orrialde batzutan aurkituko dituzue.

Azkenik, berri hau eskeintzeko erabiltzen den SENEZ aldizkariaz bi hitz. Dakizuenez, aldizkari hau orain arte Martuteneko Itzultzaile Eskolak argitaratzen zuen. Elkartea sortu zenean, itzulpen teoriaz eta itzulpenaren inguruko berrietaz arduratzen den aldizkaria Elkarteak bere eskuetan hartzea erabaki zuen.

Ikusten denez, EIZIE elkarteak gauza batzuk egin ditu, baina batez ere egin duena da, aspalditik erantzun zain dauden hainbat arazori irtenbideak emateko lanak martxan jartzea. Elkarteko bazkideen ahaleginarekin eta laguntza emateko interesaturik eta prest dauden guztiekin euskarari eta Euskal Herriari itzulpen eta interpretaritzaren bidez zor zaiona emango diolakoan dago EIZIE.