Hemen zaude:
 » 
 » 
Interferentzia ikustezinen xerkan - Juan Gartzia

Inprimatu

Data: 1994ko urria

Interferentzia ikustezinen xerkan - Juan Gartzia

Itzulpen munduan ibilitako zein ibili gaberi ez zaio noski arrotz gertatuko "interferentzia" hitza. Gurearen kasuan dagoen hizkuntza orori planteiatzen zaion arazoa dugu hori, baina gurearen ezaugarriek —isolamendu tipologikoa, txikitasuna, normalizaziorik eza...—neurri arruntez gain areagotzen dutena.

Hala ere, susmoa baino gehixeago badut, interferentzien aurkako borrokan—inorena izatekotan itzultzailearena den eginkizun ezinbesteko horretan—ez ote den gure kontzientzia, onenean ere, maila lexiko-gramatikalean bukatzen, eta askotan garbizalekeriaren jarrera azientifiko bezain antzuarekin nahasten: erdarazkoaren antzik duen edozein hitz baztertu, ZEIN erako erlatiboak guztiz kondenatu, Altuberen teoriak morrontza bihurtu, e.a. Jatorrismo horrek duen arrakasta ideologikoarekin, ordea, harritzekoa da zein kaso gutxi egiten zaion praktikan zuzenketa jatorrari, arrazoizkoa ezezik nabarrnena ere baden hainbat kasu behin eta berriro salatutan (batipat, uste izatekoa denez, lexikoki erdal itxurako elementurik ageri ez denean): "ustekabe handi bat eman zen", "bonba botako duenaren mehatxua", "astelehenean ere beste gauza bat gertatu zen", "area barruan sartzen denarekin batera". . . Halakoz eta bestelakoz (hitzen ordenamendu nahasi maneragabea, anaforikoen erabilera senez kontrakoa, elipsien elipsia...) josita dago gaurko prosa, idatzi zein mintzatua, eta komunikabideek onerako egin lezaketen indar bera egiten dute okerraren zabalkunde eta finkapenean. Horrenbestez, esango nuke garbizalekeria buru anitzeko munstroa dugula gure artean, hiztun-idazlea kikildu, erregistroa murriztu, eta gainera, erremediatu behar lukeen gaitza—hizkuntza interferentzia gaiztoz garbitzea—mailarik axalenetik itxuraz erauzi arren, sakonean lehenean iraunarazten baitu, berak alternatiba gisa plazaraturiko "mordoilo garbi"z berriturik batzuetan.

Ondoren datozen pentsakizunak, beraz, aurreko horretan aipatzen direnekiko kezka—eta haserrea—dutenei begira eginak dira, baina aipatu den maila lexiko-gramatikal horrez aurrerako alorra jorratu nahirik, zentzu zabalean "estilistika" deitu ohi dugunarena, alegia, hizkuntzaren erabilera espresibo bereziena. "Berezi" diogunean, ez dugu inolaz ere "ezohi" esan nahi, eta, hain zuzen ere, "hizkuntzaren beraren estilistika" deitu ohi dena dugu helbururik behinena, eta ez estilistika literarioari bereziki dagokiona. Pentsatzekoa denez, badute aztertuko ditugun puntuok hasieran aipatu direnekin zerikusirik, baina ezkutuago edo pasatzen dira, ez bait dira halako arau liburutan aurkitzen, eta, gure estilistikaren egoera dela eta, eztabaidagarriagoak ere gertatzen dira maiz.

Zoritxarrez hain barregarri ez den adibide bat eman dezagun, zertsu aztertu nahi dugun argitzeko. Bere ikastolaren propaganda latza egiten zuen zuzendari batek, honela azaldu zigun behin, bere ikastolaren lorpen izugarrien sekretuaren giltza luze-zabal azaldu ondoren, andereno baten lan arrunta: Haurrak bere inguruan dituela, bakoitzari esaten dio: "Ematen didazu gaileta bat?". Anekdotaren protagonista hortik atera litekeen baino euskaldun garbiagoa zen, dudarik gabe, eta agian hiperzuzenketaz edo egitea baliteke, baina hortxe dago okerra: esaldia gramatikalki zuzena izanik ere, astakeria espresibo latza, noski... latz bezain (ikusten ez duenarentzat) "ikuskaitza".

Irribarre sufizientea aterako zaio agian irakurleari, baina ez da kasu guztietan hain kontu erraza, ikusiko dugunez. Oraingoz, aditzaren erabileraren inguruan arituko gara, aldez aurretik garbi utzirik ez direla diren guztiak bilduko, eta adibide-balioa baino ez dutela. Irakurlearen senera gelditzen da, beraz, zertzeladok zabaldu eta kontrastatzea, bai aditzaren inguruko gorabeherak osoagotzeko, bai eta bestelako interferentzia estilistikoetara aplikatzeko ere.

Juxtu nahi dugunaren kontrakoa lortuko genuke, noski, inori, kezka sanoa piztu eta lagunpideren bat eskaini beharrean, harako "ezina ekinez egina" lortzera iristeko esperantza eta kemena lehenaz gain urriagotuko bagenizkio, ikusten ez zuen arazorik ikusarazirik... Zer egingo zaio!

Eta ausart jokatu nahi genuke, iritziak lotsagabe plazaratu, kikiltasuna nagusitu zaigun alor honetan; ez, noski, dudatzeko prest ez gaudelako, "dena ona"-ren teoria teorizaziorik ezaren seinale delakoan baizik.

Guzti-guztiaren azpian irizpide garbi bat dago, ustez ez oso eztabaidagarria: diskurtsuaren maila guztietan gertatzen denez, prozedura estilistikoak ere birformulatu, dekodifikatu eta birkodifikatu egin behar dira hizkuntzaz aldatzerakoan. Prozedura estilistiko horiek ez dute berez zertan berdinak izanik bi hizkuntzatan, eta areago tipologikoki urrun daudenean. Beraz, ezin dira kalko estilistiko sistematikoak besterik gabe onartu. Geure sisteman halakorik ez dugun kasuan kalkoaz baliatzeari printzipioz uko egin gabe, baliokide den modu propio naturalik ez ote dugun begiratu beharko genuke aurrenik. Begi kritiko horren faltaz gertatzen da, besteak beste, sortzezko idazkeran guztiz arrunta den hainbat egitura testu itzulietan ia sekula ez azaltzea (nahiz gure artean, egia esan, sortze lan asko ere ez den libratzen murritz eta arroztasunaren gaitz horretatik).

Hona, bada, adibide eta hausnargai batzuk, eta on deigutela denoi:

Orainaldia dela eta

Egia da gure forrna konposatuak gai direla, adizki trinkorik ez denean, ekintza puntuala adierazteko: "Oraintxe ikusten dut", baina begi-belarrien mingarri gertatzen da abusoa: "Agurtzen zaitut", "Zoriontzen zaitut", "Izenpetzen dut"... Formula magikorik ez da egongo, baina nekez uka liteke inperatiboaren egokiagotasuna: "Har ezazu nire agurrik...", "Bihoazkizu nire zorionik...", edo elipsiarena: "Hona nire izenpea". Bestelakoetan, nik neuk, sintetikoetara moldatzeko ahalegina egingo nuke aukeran: "Hemen bidaltzen dizut" baino senezko eta airosoagoa ez al da "Honekin batera doakizu" ? Hala ere, gaitza guztiz sartua dugu dagoeneko, eta pedanteria mailegatuak zale amorratuak dauzka: nork ez du, gaurregun, nahiz ez den euskararen tradizioan halakorik aurkitzen "Ez da ondo aurkitzen" erabiltzen, "Ondoezik dago" edo esateko, erdarakadaren bizioa dotoreziazko bertute bihurtu ustez? Idatzizkoetan baino kasu larriagorik topa liteke eguneroko elkarrizketa arruntetan: "Zazpiretan gelditzen gara... itxaroten didazu... eta gero joaten gara...". Eta esparrua zabaltzen ari garenez, eta alderantzizko bidea saiatuz, nola emango genuke erdaraz deskribapenetako gure "ageri da" zorionekoa?: "se ve", ezta?, ordain zuzenik ezean trebeak baikara, erdaraz, modulazioak ere aisa asko moldatzeko... Edo, beharbada, "puede verse" (hitzegingo dugu geroxeago "poder" aditzaz...). Ze demontregatik itzuli, hortaz, beti, "ikusten da" (edota "ikus daiteke"!)? Zer esanik ez, erdarak hain maite duen "deskribapen animatu" delakoaren kasuan: "asomaban", "se alza"... "Gurutze handi bat altxatzen da" ... bai horixe... Kalkoen mekanikotasunaren abantailak aipa litzake norbaitek, baina ortopedia sistematikoak frankensteinak sortzen dituela erantzungo nioke nik, eta esperantza dut literatur itzultzaiteek behintzat garbi edukiko dutela txurrero batek baino beren sormenetik gehixeago gastatu beharko dutela, ongi hezitako imajinazioz eta tanteoz, "Bai jauna: fidel eta jator" preziatu hori eraulkiko badigute. (Nire partetik, aholkutxo bat, guztiz debaldeko eta seguru asko alferrikakoa: ez ahaztu elipsiaren aukera... Ez horregatik.)

Abiatu garen bidetik, zer esan "presente historiko" delakoaren erabileraz? Bereizketa bat egin beharko litzateke:

Narrazio aktualizatua, batetik, ekintzarekin batera goazelako efektu "zinematografikoa" duena, literatura modernoan hain erabilia eta, bestetik, edozeinek nobela baten laburpenean, adibidez, edo filme bat kontatzean darabilena (nolabait, beti gertatzen ari bait dira; lehenaldiak, bestetik, "erreala" edo "sinistua" bihurtuko luke kontatua). Guztizko padura zingiratsuan sartzen naizelako kontzientzia osoz, esan dezadan ez dudala kasu honetan eragozpen berezirik ez eta bestelako aukera egiazkorik ikusten. Pasadizoen kontaera jatorrak orainaldi bukatua darabil askotan (elipsiarekin konbinaturik), baina ekintza kateak edo osatzeko, eta haien azken buruan, berriz, orainaldi puntuala: "Sartu da ba tipoa elizan, jo du apaizarengana, eskupetarekin apuntatu, eta hantxe doa tiroa"... nahiz "...eta hara non ikusten duen...", edota, besterik gabe, "...eta ikusten du..." Badirudi, beraz, hizkuntzon joera amankomuna dela kontaketa aktualizatuz dramatizatzea. Horrez gain, literatura zahar nahiz berriko emaitza seinalaturik ere badugu gure urrian, beren narrazio estilo berezia molde horretan tajutua duenik: Laphitz, Saizarbitoria. . .

Besterik da, ordea, kronika tankerakoa, akzio dramatikoaren partez gertakariak edo biltzen dituena, aktualizazioa bainoago preteritoen monotonia agudoa (literalki: azentuaz ere ari bait naiz) haustea duelarik, xede: "Nace. . . estudia en. . . ingresa en. .. se ordena..." (Probatu bestela: nacio, estudio...). Izan ere, futuroa ere erabili ohi da funtzio berdintsuan: "accedera luego a. . . y terminara por abdicar". . . Zer egin, beraz?: Nik futuroarena, geroko utzi gabe, naturaltzat daukat euskaraz ere: "osabarenean biziko da ondoren bi urtez, eta bere ikasketak han bukatu (ko ditu)" Bestea, berriz, ez, goian aipaturiko nobela eta filmen testuinguru beretsuko kasuez aparte (aipatzen direneantxe "gertatzen" bait dira gauzak, behin eta berriro). Pertsonaia historiko baten datu biografikoetan, nekez onar genezake, adibidez: "Napoleon. . . urtean jaiotzen da" . Elipsira joko genuke berriro: "...urtean jaio(a)", edota berezko denboran utzi: "...jaio zen", non eta ikuspuntu benetan narratibo batera aldatu nahi ez dugun, noski, aurreko atalekoen sailera pasatuz: "Jaio(tzen) da ba Napoleon... urtean, eta..."

Bitxia da, baina eskema honetan erabat logikoa, forma trinkorik duten aditzen portaera: semantikoki ekintza markatua adierazten duenak erraz onartzen du sintetikoaren erabilera narratibo hori ("badoa... eta hantxe dakar...", ustez, "joaten da..." eta baino egokiagoak); bestelakoak, berriz, "destrinkotu" beharra dauka ekintza adierazteko ("atean egoten da pixka batean", "ume bat edukitzen du"... besterik dira, noski, testuinguru horretan—deskriptibo hutsak—"dago" eta "dauka" ).

Kasu berezia dugu galderena. Ekintzak, galdetzen den unearen ondoren gertatzekoa denez, geroaldira (edo "behar", "-tzeko izan"... egituretara) jotzen du euskarak, erdirako presentea darabilela: "~~Hoy se quedan en casa?" Aditz trinko batzuk aisago onartzen dute, orainaldiaren halako erabilerarik: "Badator gurekin?") Proposamen eta eskaera galderak ez dira lehen eta bigarren pertsonako horren aplikazio berezia baizik: "Igoko gara mendira?", "Irekiko didazu atea?". Bi zentzuetako itzulpen literalek bestelako esanahia dute, denbora errealarena: "Etxean gelditzen dira?" (egunero edo), "~~Me abriras la puerta?" (gero). Bakarren bat goragoko "Ematen didazu gaileta" horrenaz jabetu ez bada (!), horra, bada, esplikazioa. Hutsegite galantagorik ere entzun liteke edozein tabernatan: "Zer, goazen beste batera?" (inperatiboa eta galdera mirakuloski bat eginez). "Zer, bagoaz?", galdera hutsa litzateke, alegia, "Mugitzen hasi dira jadanik besteak?" edo; proposamena, berriz, "Joango gara..."

Erdarazko presentearen beste erabilera batzu ere nekezago onar litezke euskaraz: "Para el ano que viene soy el jefe" (futuroaren aktualizazioa, presente historikoaren mekanismo paraleloz), "Bajo enseguida" (ingresiboa), "Si apareces, te parto la cara", "Tu te pones de rodillas ahora mismo!" (apelatiboa, inperatiboaren ordezkoa)... Guztietan ere, aldaera estilistikorik gabera jo beharko da (futuroa, inperatiboa...), edota elipsira edo: "Datorren urterako, neu ugazaba (!)" (Esan dezagun, bide batez, esklamazioen espresibidade berezia hobeto ezkontzen dela, orohar, elipsiarekin ezein aditz jokaturekin baino). Berriro ere, ez da guztiz berdina trinkoen eta ez trinkoen portaera: "Berehalaxe noa" bai, baina "Berehalaxe jeisten naiz" baino zuzenago dirudi, zentzu horrekin, "Berehalaxe jeitsiko naiz". Hala eta guztiz, ezin txartzat joko dugu honelako esaldirik: "Non jokatzen du Realak igandean?", "Benitok Beotibarren kantatzen du bihar"... Kasuotan, geroaldiko NOIZ hitzek eragozten dute interpretazio frekuentatiboa, goragoko adibidean ez bezala ("Berehalaxe joaten naiz" inolako dudarik gabeko frekuentatiboa litzateke, izatekotan: "Halakoetan beti berehalaxe joaten naiz"). Errazago onartzen da trinkoa zentzu frekuentatiboan, alderantziz baino: "Goizero lantegira doazenak".

Geroaldiaren inguruan

Ikusia dugu zenbait kasutan euskarak erdararen aldean futuroaz baliatzeko duen joera. Ez da, beraz, harritzekoa, erdarak futuroa estilistikoki darabilen kasuetan euskarak ere bide beretsutik jotzea.

Erabilera "potentziala" dugu, seguru asko, behinena, alegia, ziurtasunik eza edo adierazten duena: "Estara aburrido", "Tendra cinco o seis metros"... Ez dirudi eragozpenik dagoenik euskaraz ere halaxe emateko, bestelako aukerak gorabehera: "Asperturik egongo da" ("dagoke", "bide dago", "antza, itxura denez, dirudienez...") Ekintzaren egiaztapena litzateke kasu guztiotan geroan legokeena, eta hortik futuroa. Balio kontzesiboa ere har lezake: "Sera lento, pero..." Halakoetan, bestelako aukerarik badago, noski: "Baliteke geldoa izatea, baina...", "Geldoa zela, baina..." Berriro ere, matizatu beharra dago galderaren kasua. Duda adierazteko esaldiotan jatorrago dateke "ote" partikularen erabilera, jatortasun horretaz intentzionalki desmarkatu nahi ez dugula behintzat: "Etxean ote dago?", eta ez "Etxean egongo (ote) da?". Berriro ere aukeraz abusatuz, esan dezagun ez dela harritzekoa galderen estatus berezia, informazioaren zehaztasuna guztiaren gainetik zaindu behar bait da halakoetan, ahal denik eta anbiguetaterik gutxienez: "Egongo (ote) da?" (bihar). Estatus berezi bera dugu (genuen?) hitanoz, "Ekarri dik?" (hiri) eta "Ekarri du?" bereizten direlarik, nahiz "Ekarri dik" baieztapenetan anbiguoa izan.

Gainerantzeko kasuetan, nahikoa paraleloak dira erabilerak: apelatiboa ("Isilduko ahal haiz!"), mehatxuzkoa ("Ikusiko duk!"), ustekabezkoa ("Ez da izango!")... nahiz berdintasun oso-osorik ez egon beti: "No mataras" (debekua), "Usted dira..." (fatikoa). Edozein modutan, espresibitate bereziko kasuetan batipat, ez da soilik aditzaren denbora izango birformulatu behar dena: "Sera idiota este tio!..."

Lehenaldiaz

Orainaldikoez esan ditugun asko zuzenean aplikatzekoak dira preteritoetan: "Ageri zen" edo "Hantxe (zegoen)" ("Ikusten zen", "Ikus zitekeen" partez). Deskribapenetan larria da "-TZEN ZEN" egituraz arindu beharra, desegoki eta sen jatorraren kontrakoa ezezik, izugarri astuna ere gertatzen bait da. Ez gara luzatuko, baina ez kontuak garrantzirik ez duelako.

Erabilerarik idiomatikoenek, esan gabe, doa, ez dute orohar itzulpen mekanikorik onartzen: "Se llamaba usted...?" (fatikoa), "En este momento solo necesitabamos..." (nahikaria), "Ahora que tenia ganas. . ." (nahigabea) eta antzekoak. Dudazkoa gerta daitekeen erabilera bat aipatu besterik ez: "Al cabo de tres anos, se diplomaba en la Sorbona" (Ekintza sail baten ondoren halako azken buru—helburu—batera iristen garela adierazteko aldatzen bide da lehenaldi bukatua: "Nacio... estudio... Iograba"). Euskaraz ere normaldua dagoela dirudi: "Hamar eguneko setioaren buruan, Iruinera sartzen zen" (Izatez, orainaldi "zinematografiko"aren iraganeko forma baizik ez da).

Iraganaldi bukatuaz ez dago zer esan handirik. Narrazio denbora nagusia delarik (ez da historikoki hala izan beti: Leizarraga...), forma konposatua dugu, eta horrek areagotu egiten du monotoniaren arriskua: "Iritsi zen... ikusi zuen... eraman zuen..." Elipsiaz gain (eta aurreko zein atzeko aditz laguntzailea ezaba daiteke!: "Mutila ikusi, eta eskuaz agurtu zuen" nahiz "Mutila ikusi zuen, eta eskuaz agurtu" ), bada prozedura jator bat, estilo narratiboa markatzeaz bat, perpaus bukaeren berdintasuna hausten duena: aditza perpausaren hasierara ekartzea, alegia: "Jaitsi zen zalditik, luzatu zion eskua..." Horrek eta galdegai faltsuen erabilerak ("Han(txe) joan zen. . ." ), ekintza espresiboki azpimarkatzea dute helburu (monotonia bide batez hautsiz), eta halakoen eskasiaz iruditzen zaigu hainbat testu bizitasunik eta ritmorik gabea (Narrazioz kanpo ere bada, tamalez, "euskal joskera jatorra" perpaus guztiak aditzez bukatzea dela uste duenik...) Puntu honetantxe bide du euskal idazkerak—ez itzulpenak bakarrik—konpondu gabeko bere auzi nagusietako bat hau ere, berbaldiaren, jardunaren—diskurtsuaren— beste alderdi guztiz funtsezko batzuk bezala, "ikustezina" bait da, hitzetan eta gramatikarik axalenean itsuturik dagoenarentzat.

Pluskuanperfektoek, berriz, problematika berezia dute, ez bait dute ordain zuzenik. Nabardura garrantzitsua denean, egoki da "gelditua zen" tankerakoetara jotzea, baina, beharrik ez dela, testua halakoz josi gabe, ez bait du merezi testua astuntzea, testuingurua nahikoa izanik gehienetan.

"Preterito anterior" delakoa ("hubo llegado") bitxikeria da dagoeneko, eta are bitxikeriago haren ordain euskarazkoa ("ikusi ukan zuen"...)

Kortesiaren espresioaz eta bestez

Zenbaitetan, esamolde batzuk "zuzenegi", "lotsagabeegi" edt) sentitzen direnez, haien "atenuazio"a bilatzen da, hain gordin gerta ez daitezen. Erdaraz, honako korrelazio bat ezar daiteke, adibidez, gauza bat eskatzerakoan (tratamentu eta formula esplizitoez aparte): "Deme", "Me da?", "Puede darme?" ("GLe importa darme?".. .), "GMe daria?", "GPodria darme?" ("gLe importaria darme?"), eta are—kolokialki*—"GPodia darme?"... *Baita—semantikoki atenuatuz—"Quiero", "Quisiera", "Queria" eta antzekoak ere. Hor inperatibo gordinetik ihes egiteko dauden aukeretatik batzuk (galdera, denbora-modu aldaketa, atenuazio semantikoa...) berdintsu erabil ditzakegu euskaraz (kontutan hartu, hala ere, aurrez egindako oharrak). Ez dut uste, ordea, "poder" aditzaren perifrasiak kalkatzea zilegi denik, eta, bestetik, hori gabe ere badugu nahikoa saltsa ahalezko adizkiekin: "Pasa diezadakezu gatzontzia?", "Ekar zeniezazkiguke argazkiak?" (Ez dira, noski, agramatikalak, baina benetako "ahal izate"-az galde egiten dute, ez dira kortesiazko atenuazioak. "Pasako didazu?" eta "Ekarriko zenizkidake?" dira ordain naturalak).

Horretaz ari naizela, osa dezadan, eta zabaldu, "poder" aditzaren erabilera bereziez esan dudana. Eta horretarako, aurrez, bi ohartxo:

Bat: aditz perifrasiak bakanka baizik ez daitezke erdaratik bere horretan euskaratu: "Puedo ir", "Viene sucediendo", "Vuelve a llevarse"... Izan ere, era askotariko xehetasunak biltzen dituztela (modalak, aspektualak...), oso idiomatikoak ohi dira.

Bi: "ahal izatea" bi era desberdinez interpreta daiteke: gertagarritasuna ("gerta daiteke", "baliteke jakitea"...) edo ahalmena, gaitasuna ("egin dezake", "irakur lezake"...). Eta ez pentsa hain erraza denik beti, testuingururik gabe eta semantikoki bi aukerak onartzen dituen aditzaren kasuan, anbiguetate hori hausten: "Ibil liteke", "Irabaz lezake"... Badago erabilera ospetsu bezain madarikatu bat, hainbat buruhauste eragiten duena, lege eta administrazio arloko itzultzaile sufritu eta sufriarazleen artean batipat: erdarazko erlatibozko esaldi subjuntibozkoena, hain zuzen: "Los danos que pudieran producirse..." Guztiz aproposa dugu kasua interferentziak analisi bidez neutralizatzearen sistema batere sekretu gabe honen adibidetzat. Demagun garbi daukagula posible dela subjuntibozko formak erlatibo gisa txertatzea euskaraz ere (posible, diot, ez ohizko): "Gerta daitezen kalteak" ("Gertatzen direnak" besterik izan bait daiteke). Demagun, halaber, badakigula testuinguru horretan posible den forma bakarra orainaldia dela (esaldi nagusia orainaldian bait dago: ". . . ordainduko ditu" ), eta, era berean, "pudieran" hori "pudieren" formaren aldaera oso zabaldu baina ez normatiboa dela, eta "pudieren", berriz, "puedan" orainaldia-ren baliokide zaharkitua (subjuntibozko futuroa); berdin zaigula, beraz, "que se produzcan", "que se produjeren" nahiz "que se produjeran" (?). Frantsesak erruz darabilen "zurrumurru-potentzial" delakoa, galizismotzat gaitzetsi arren, gero eta zabalduago dago gaztelaniaz ere: "X serfa el candidato de la alcaldia por ...", "Se habrían producido varios actos de sabotaje.…". Ez dirudi inork tentaziorik izan lezakeenik hori ere kalkatzeko. Horren ordez gaztelania zuzenez bezalatsu lexikoki adierazten da "zurrumurrutasuna": "antza", "itxura denez", "dirudienez"; edota partikula bereziz: "omen", "bide"... Horretarako adizki berezirik ere badago, baina ez gehienon erabilera arruntean: "dateke", "duke" (ez, noski, "litzateke", "luke"). (Baldintzazkoetan ere sarturik dago nahastea: "Si vinieran, seran recibidos" (! "serian" eskatuko luke baldintza horrek), eta euskaraz ere—nola ez!—: "Epaimahaiak, hala baleritza,... erabakiko du" (!!! Ez al da, zuzen eta egoki ezezik, aski dotore "baderitza"?)... Guzti hori argi badaukagu, geratzen zaigun bakarra da jakitea ea ze demontre adierazten duen "poder" hitzak egitura horretan, eta horretarako, parean jartzea dukegu egokiena: "Los danos que se produzcan I que se puedan producir" *edota—aldaera estilistikoz, oker gramatikalez eta esaldi nagusiarekiko denbora-modu inkoherentziaz (halaxe erabiltzen bait da maizenik!)—: "Los danos que se produieran (?) I pudieran producirse, correran a cargo de..." Hain zuzen ere, desbiazio bitxi horrek argiago markatzen du ez garela ari benetako "ahal izate"az. Eta hortxe dago kakoa: esan nahi duena da balitekeela kalterik ez sortzea, halakorik gertatzen den kasurako ari dela ("En caso de que..."): "(Deskuidoan) kalterik sortzen bada (edota "sor badadi", arkaismo dotore bila dabilenarentzat), halakoak ordaindu beharko du" (Forma jokagabeek ere eskaintzen dute irtenbiderik, noski: "Kalterik gertatuz gero..." Bi kasuetan, bariazioren bat ere egin liteke: "Kalteak, halakorik bada, bezeroaren kontura joango dira". Ez dirudi, egitura gramatikalak gorabehera, alderik dagoenik itzuli nahi genuenetik. Graduatu nahi bagenu, berriz—ez dut uste halako premiarik legokeenik—zergatik ez egin, adibidez, "deskuidoan" eta "deskuido santuan". . . Nik neuk, lehenago joko nuke halako "herrikoikeri"etara, kalkozko okerrera baino, baldintzazkoetan ere, gorago adierazi dugunez, inkoherentea bait da "Kalterik sortuko balitz, halakoak ordainduko du", nahiz erdararen paralelismoz "normala" iruditu. Akaso deskuidatuta egongo naiz, baina "deskuido (santu)an" bezalakoak—erregistroak erregistro—aurreritzi nabarmenez baizik ez dauzkagu zakurraren salara boteak. Esan dut, hala ere, eta berresan dezadan, ez dagoela berez, erdararen (eta beti erdara horrexen) xehetasunak—eta are hutsegiteak—ridikuloraino sakralizatzen ez baditugu behintzat, ez graduazio guztiz paraleloa, ez eta egitura gramatikal berbera erabili beharrik beti, baliokidetasun egokia lortzeko. Askotan, ikusi dugunez, birformulazioak dexente "urrundu"ko gaitu, baina huraxe izango da itzulpenik hurbilen, doituena, eta ber-bertako itzulpena, berriz, kalko traketsa. Asmatzea da, noski, kontua. Ez da, hala ere, nik esana: "Nor den itzultzaile ona?: itzulgaitik ahal bezain gertu eta behar bezain urruti doana".