Klasikoen itzulpen plana dela eta
Juan Garzia

Euskal Gobernuak klasikoen itzulpengintzarako eratu duen lehiaketan epaimahaiko gertatu izanak eragin dizkidan zenbait burutazio ekarri nahi nituzke orriotara, hain errebindikazio zahar sentitua mamitzen hasi den honetan, nondik abiatu garen eta zertara behar genukeen interesatu guztion artean berandu baino lehen erabakitzen laguntzeko asmoz.

Antolaketari dagokionez, ohi bezala, epeak gainera etorri eta azkenean prozesu guztia behar litzatekeen baino presa handiagoz burutu ote den nago. Burokrazi arazorik ere izan da tartean, lizentzia fiskalen gorabehera zela eta, eta kontu hori negoziatu aurreko eta ondorengoak bi txandatan onartu dira, bakoitzean zentzuak eskatzen duen baino asti-patsada gutxiago izan delarik epaitzerakoan lan bakoitzari zor zitzaion arreta guztia eskaintzeko. Hizkuntza "exotiko"-etatiko itzulpenak juzkatzeko arazoa ere ez dago behar bezala konpondurik. Plana abiarazteko premiak barkagarri egingo ahal ditu akatsok.

Aurkezturiko lanen kalitateari dagokionez, hona nire iritzia (nire-nirea, noski):

Badago itzultzaile mordoska bat plangintza horrek ustez bete behar lituzkeen gutxieneko baldintzak ziurtatzeko gauza dena, alegia, orain arteko euskal itzulpenen izen txarrari buelta emateko baliogarri izan daitekeena. Gure itzulpen bekatu ohizkoak hauek dirateke:

  • Testu itzuliak "ez du funtzionatzen", ez da irakurketarako baliagarri. Baina bada oraindik "nolanahi" itzul daitekeela uste duenik, eta halako irakurle espartano bat eskatzen duenik, bere bihurrikeriak, ezinbestekoak izatez gain, irakurlearen arazo balira bezala jokatzen duenik. Gure egoeran, alderdirik larrientzat daukat nik hori, gure asmoak itzulpenok liburu-apaletan hautsa biltzetik harago badoaz, behintzat.

  • Estiloaren gehiegizko neutrotasuna. Testu teknikoetan ohiturik edo, hainbatek tonu berbera darabil edozertarako. Ez hinkuntz maila, ez erregistro, ez dramatismo, ez bizitasun narratiborik... Bakarren bat oraindik konturatzeke badago, garbi esan beharko da ez dagoela tresneria eta trebakuntza berdinez testu pragmatiko bat eta literatura itzultzerik, paretak pintatzeko egoki den brotxa lodi arruntez matiz delikatuzko koadrorik nekez egin litekeen moduan. Hau ere garrantzizko kontutzat daukat, bai itzulpen konkretu bakoitzaren kalitaterako eta bai gure literatur mundutxoaren aurrerabiderako. Izan ere, sortze lanetan ere horretan hain eskas gabiltzanez, itzulpen bidez zabaldu eta aberastea genuke aukera aproposa.

  • Jatorrizkoarekiko leialtasunaren gorabehera. Orohar, badirudi kasu honetan bekatu zaharra garbitzeko bidean bekatu berritara makurtu ote garen. Jatorrizkora gabe gaztelerazko itzulpena oinarri hartu eta hari estu-estu loturik ohituak ginen, jakina. Fideltasun asmo berberak dirau, eta egoki da hala izan dadin, jatorrizkotik ari garela. Kontua da ea "estu-estu loturik" hori nola hartzen den, zeren itzulpen leialtasuna baliokidetasun kontua bait da, literaltasun kontua bainoago. Lehengo tarteko itzulpenaren errebotezko desbideratze bitxiak ebitatzen badira ere, literalegitasunak ez dio mesederik egiten itzulpenari. Zoritxarrez, baliokidetasun ez literalak egokiagoak bilatzeak sena eta imajinazioa eskatzen dute —bai eta denbora ere—, garesti dabiltzan jeneroak izanik (itzulpenon prezioaz ere balegoke zer esanik...).

  • Hankasartze arruntagorik ere egon ohi da gure itzulpenetan, eta badago aurkeztu direnetan ere: ortografia, morfosintaxia, joskera, espresioa, itzulgaia oker ulertze eta okerrago ematea... baina isil ditzadan, hipokritenak ere aitortua bait du gure egoeraren eskasa, inori koloreak ateraraz ez diezazkiodan. Tamalgarri zait, hala ere, bestela itzulpen egoki direnak ere, arreta handiagoz orrazten ez badira, oker arrunt puntualez apainduak argitaratuko direla pentsatzea: ez dakit munduan beste herririk dagoen praktikan hizkuntz zuzentasuna hain axola gutxi zaionik. Nik neuk, korriente dabilen jarrera anarko-zabarzalearen kontra, zuzentzailearen figura errebindikatzen dut berriro lerrootatik, bai bait dirudi idazle eta itzultzaileentzat gehiegiko zama dela zuzen idazten ere (!) jakitea.

Esana dut gorago, badagoela —edo hala iruditu zaidala— itzultzaile multzo bat onik ateratzen dena azaldu dugun oztopo-froga horretatik. Euskal Gobernu eta gizarteak benetako asmo sendoa balute euskal kulturaren premia horri behar bezala erantzuteko, hala ere, ongi pentsatu beharko lukete nola jokatu etekinik onena ateratzeko. Hasteko, onak gutxi dira, eta lehiaketak ez du onartzen itzulpen bana baizik ematerik. Aukeratuenek behintzat, hain genero bakana izanik, mereziko lukete —etekinak mereziko lukeela esan nahi dut— dedikazio osoan jardutea, ez orain askotan bezala ia enblematiko gertatzen diren lan mekanikoetan, literatur itzulpengintzan baizik. Horixe bait da oraingo martxa: halakoak udal aktak edo itzultzen, eta literatur itzulpena, berriz, bi sosetan egiteko prest dagoen edozeinen eskutan.

Antolaketak antolaketa, eta itzultzaileon alderdiak boterera iritsi zain, bagenuke guk ere, Elkarteak eta norberak, erantzukizun eta egitekorik. Plangintzaren lehen entrega honek aitzakia polita ematen digu geure literatur itzulpengintza konplexurik gabe kontrastatu, eztabaidatu eta irizpide bateratze bat saiatzeko. Halako mintegi batek, bide batez, mesede egin liezaguke, ez bakarrik geure itzulpen lanetarako, baizik eta besterenak epaitzeko ere. Hala beharko bait dugu, goragoko katedrarik ez dagoen bitartean behintzat.