AGENCIA EFE, Manual de español urgente, 5. argitalpena, Catedra, Madril 1989.
Koldo Biguri

Efe Agentziaren Manual de Español Urgente hau (MEU aurrerantzean), atariko orrian dioenez, gazteleradun komunitatean argitaratu direnetatik aintzinakoena da, bai eta zabalduena ere. Haren bidez halako konponbide bat eman nahi zaie kazetaritzaren hizkuntzak —eta ez bakarrik kazetaritzarenak, gehitu beharko genuke guk, zeren eta alor horretatik haruntzago ere aise iristen bait da— dituen arazo larriei, Espainiako Hizkuntz Akademiaren Hiztegia berriz noiz argitaratuko zain egoterik ez bait dute. Hitzaurrean gehiago zehazten da betekizun hori, esanez gerta daitezkeen hizkuntz-okerrei aurrea hartu, zalantzak argitzeko laguntza eman, eta gaur egun hizkuntzaren alorrean dagoen iraunezkortasun handia dela bide hitz berrien erabilerari buruzko irizpide bateratuak eskeintzen saiatzea dituela helburu.

Eskuliburu hau 1976an plazaratu zen lehen aldiz, eta dagoeneko bosgarren argitalpenera iritsi da, datu nahikoa argigarria haren balioaz eta arrakastaz. Gaur gaurko gaztelaniaren beharrak erabakitzen eta hizkuntza modernoaren auzien korapiloa askatzen gehienetan geldo samar ibiltzen den Hizkuntzaren Akademiari aurrea hartu eta halako edo bestelako bide bat seinalatu izanak eman eta ematen diote balioa MEU-ari; lantegi horretan baditu filologo talde bat, eta batzorde aholkulari bat, Efe Agentziak eskeintzen dituen albisteen hizkera findu eta orrazte lanetan, batez ere gaztelaniaren esakera jatorren tokian erabiltzen diren alferreko hitz arrotzak baztertu eta gaztelaniaren beraren erabilera okerrak zuzentzearren. Antolakera horren seriotasunaren frogagarri, aski da aipatzea batzorde aholkularia osatzen dutenen artean Manuel Alvar, Real Academia Espanolako zuzendaria, eta Fernando Lazaro Carreter eta Valentin Garcia Yebra, akademiakideak biak, daudela.

Esan bezala, MEU-aren eginkizuna, edo baliagarritasuna, kazetaritzaren munduko hizkuntzatik haruntzago iristen da, eta gaztelaniaren beste hainbat alorretara zabaltzen; izan ere, liburuaren helburua aurkezteko orrietan adierazten denez, "gaur egun askoz eragin handiagoa dute hizkuntzaren baitan prentsak, irratiak eta telebistak, hezkuntz sistemak berak baino". Horrela, ematen diren adibideetatik eta zuzentzen diren erabilera okerretatik hainbat eta hainbat i a hizketa molde arruntetara ere pasa direla baiezta daiteke.

Halako oinarriak eta abiaburuak izanik, liburua zazpi zati nagusitan banatuta dago:

  • Idazketa: ortografia, morfologia, lexikoa eta gramatika, azken hau preposizioen bidezko esamoldeen zerrenda batez osatua.
  • Alfabeto arrotzen transkribapena.
  • Leku-izenei buruzko oharrak: gaztelaniaz tradizioa dutenei eusteko beharra azaltzen da batez ere ("Pekin" erabiltzeko, eta ez "Beijing", esaterako); eta bestelakoak grafiaren aldetik nola gazteleratu ("Azerbaiyan", eta ez "Azerbaidzhan" ).
  • Okerbide gerta daitezkeen jentilizioak: dexente zabaldu da pasarte hau —ia hamahiru orri gehiago; lehenago bakarra zeukan—; euskaldunoi dagokigunik ere bada, ezen nork daki Miarritzeko biztanleei nola deritzaien gazteleraz?—Gobernu eta nazio buruen zerrenda: aldakorra izanik berez, hau ere aldatu da bosgarren argitarapen honetan.
  • Sigla eta laburdurak: asko zabaldu da, zazpi orritik hogeitalaura hain zuzen.
  • Lexikoa: liburuaren pasarterik luzeena izanik, edizio honetan askotxo handiagotu da hau ere: 60 orritik 82ra, 267 sarrera berri dituelarik —1.700dik gora ditu guztira—. Gauza ohargarria da sarrera berri horietatik laurdena baino gehiago ingeles hitz mailegatuen ordez proposatzen diren esamoldeei dagokiela; lehengo argitalpenetik oraingora igaro diren sarreretatik ere beste horrelako hainbat daude. Argi dago, beraz, nondik datozkion gaztelerari ajeak. Bestalde, lehenagoko edizioko sarrera batzuetan okerrekotzat jotzen ziren zenbait esamolde onartu egin ditu Akademiak bere hiztegiaren azken argitalpenean, eta MEU-an hala jaso da.

Hemengo erreseina honen helburua ez da, ordea, berrargitarapen honen albistea emate hutsa, baizik eta eskuliburu honek guri, euskal itzultzaileoi, eta euskaraz idazten dugunoi ere esan beharko, ematen dizkigun ikaskizunak agerian jarri eta goraipatzea. Ezen elebidunak garen aldetik, eta erdaraz baliatzen ohituak, gureak ere bait dira neurri oso handian liburu honetan salatzen diren okerrak, eta ez bakarrik gaztelaniaz ari garenean, baita erdal testuak euskaratzen ditugunean eta, orobat, euskaraz idazten dugunean ere.

Neure esperientziak eta eskarmentuak erakutsi didatenez, eta niri bezala beste hainbati ere bai, administrazioan aritzen garen itzultzaileoi oso testu kaskarrak eta era guztietako okerrez beteak iristen zaizkigu haiek euskaratzeko aginduaz. Eta ez bakarrik administrazioan aritzen garenoi, ez bada. Horregatik, on da tankera honetako liburuen laguntza gure esku edukitzea, kaskartasun eta oker guzti horien arriskuetatik begira gaitezen, euskarara ere aldatu eta sustraiak aterako ez badituzte. Eta hainbatek atereak ditu jadanik, tamalez, segituan ikusiko dugunez.

Adibideetara igaro aurretik, interesgarria izango da gogoratzea gure artean ere honelako lanik agertu izan dela; Pello Salaburuk eta Xabier Kintanak 1984. urtean argitaratu zuten Euskara hobean hobe liburuaz ari naiz, jakina. Izan ere, liburu honen sorrera ere antzekoa da, parte batean behintzat, haren lehenengo zatia, Salabururen ardurapekoa hain zuzen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio-Zientzien Fakultateko euskaldun ikasleen idaztankera lantzeko apunteek osatzen bait zuten; bestetik, gainera, Kintanak tajuturiko pasartean gaur egungo euskaran dauden trakeskerien artean erdarakadei zor zaizkienak ugari dira. Tamalez, liburu hark bost urteotan ez du argitalpen gehiagorik izan, eta bere balioa ia lekukotasunaren mailan geratu da horrenbestez.

Dena dela, ez liburuska hartan, ez geroxeago Gotzon Garatek plazaratu zuen Erderakadak luzeagoan, ez da ezer aipatzen erdaraz ere gaizki eratuak diren erdarakadei buruz, eta horiexek nabarmendu nahi ditut nik oraingoan. Egiazki, ezin esan daiteke euskaldunon artean irizpide-batasunik dagoenik erdarakaden auzian ere; alferrik ez bait da euskal esamolde jatorra "herrik bere lege, etxek bere haztura"; baina zerbaitez bat etorri behar badugu, erdaraz ere erabili behar ez direnak tintontzian uzteaz etorri beharko gutxienez. Hona hemen horietako batzu.

a. Ortografia eta morfologiaz

  • Datak: astegunen eta hilen izenak, eta bai urte-sasoienak ere, letra xehez idatzi behar dira, eta urteak punturik gabe; beraz, ezin da idatzi "26 de Noviembre de 1.989" baizik eta "26 de noviembre de 1989". Ez da alferreko gauza izango Kintanak berean ez duela lege hau betetzen aipatzea, hil izenak letra xehez emateari dagokionez behintzat.

  • Hamarkadak: hamarkadei deitzeko ez da zuzena "los treinta" edo "Icvs nolxenta" esatea, ingelesaren moduari jarraituz; hortaz, "9Oak urrian hasten dira" arestiko hauteskundeen lelo gisa dexente aldiz entzun eta ikusi genuen hura ere linboan utzi beharko. Era berean, MEU-ak ez du ontzat ematen esandako haren ordez erabiltzen den "los anos treinta" ere, guretzat oso ohizkoa izan arren, eta bai, ordea, "el tercer decenio del siglo XX" edo berriagoa den "la tereera decada...". Akademikoek erabakiko dute horren zuzentasunaz. Euskaraz ere buruhauste usua izaten da hori, denetarik ikusten bait da, eta ez dena urre-legezkoa —ez behintzat "hirurogeigarren hamarkada" erruz entzuten bada ere—.
  • Maiuskulak: edo letra larriak, noski. Gehiegi erabiltzen dira, eta gero eta gehiago, letra larriz jartzen den izenari ohore edo egin nahian; nere eritziz, MEU-ak ez du behar bezain luze jorratzen puntu hau, eta horretarako, J. Mtz. de Sousa-ren Dudas y errores de lenguaje (Paraninfo argitaletxea) gomendatzen dut, maiuskula/ minuskula gora beheraren inguruko zalantzen zerrenda oso samarra bait dauka.

b. Gramatikaz

  • Aditz perifrasiak: gero eta gehiago ikusten dira aditz partizipio soilen ordez "aditza + osagarria" moduko itzuliak; MEUak dionez, zentzurik ez du "dar comienzo" edo "darse por terminado" nahiago izateak, "comenzar" eta "terminar" baino. Euskaraz ere ugaltzen ari dira honelakoak, jadanik hil ez baina "hilda suertatzen" direnak lekuko.

  • Esaldi pasiboak: gaztelaniaz perpaus pasiboak guztiz jatorrak izanik ere, ingelesaren eraginez neurririk gabe ari dira ugaltzen, beharrezkoak ez direnean, hau da, era aktiboko perpausa erabiltzerik badagoenean; horrela, "Un crédito ha sido votado por el Congreso para los damnificados..." esan ordez, gaztelania ez bait da, "El Congreso ha votado un credito..." ipin zitekeen besterik gabe. Euskaraz are kontu handiagoz ibili beharko genuke honelakoak itzultzean, jakineko arrazoiengatik behar ere.

  • Gerundioa: sarri askotan erabiltzen da gaizki erdaraz, batez ere gerundioz agertzen den menpeko esaldiak esaldi nagusiko ekintzaren ondorengo zerbait azaltzen duenean —"gerundio de posterioridad" esaten zaio—: "El agresor huyo siendo detenido a las pocas horas" oker egina dago, eta "El agresor huyó y/aunque fue detenido..." esan behar zen haren ordez. Beste horrenbeste gertatzen da "gerundio del BOE" deitzen denarekin: "Se publica un decreto regulando la exportacion de vinos","que regula..." esan ordez. Euskaraz ere maiz ikusiko ditugu honelakoak: "Lehen pausoa ikastoletako esperientzia elebidun ezberdinak jasotzea izan zen, horretarako inkesta bat prestatuz". Baita BOEko gerundioaren euskal kimuak ere: "Foru-Erabakia, 1989.eko otsailaren 14ekoa, Erakunde Harreman eta Toki Administrazioko Zuzendaritzarena, Autonomia Elkarteko udalerrien izen ofizialak argitara emanez"- Alegiazko geroa: ez da erabili behar gaztelaniaz "condicional del rumor" deitzen dena, hau da, zalantzazkoa den edo ustez gertakizun dagoen zerbait adierazteko erabiltzen den baldintzazko aditz forma; esate baterako: "El gobierno estaría dispuesto a entablar negociaciones con los sindicatos", edo "Según fuentes del Pentágono, un grave accidente nuclear habría tenido lugar en...". Frantsesetik datorren erabilera hau behin eta berriz azaltzen da albisteetan, eta euskaraz ere agertzen hasia dago: "Gobernua prest legoke sindikatuekin negoziaketan hasteko". Erdaraz bezala euskaraz ere hori bera adieraziko dugu "Parece ser que el gobierno esta dispuesto a...", edo "prest omen dago" esamoldeekin, konparazio baterako.

d. Lexikoaz

MEU-ak arreta berezia ematen die gaztelania modernoan, esan edo idatzitakoari halako goi maila eman ustez, erabiltzen diren sasiteknizismoei, eta ez du lotsarik horiek "pedantesco" edo "abominable" bezalako deituraz bataiatzeko. Itzultzaileak garen aldetik, hau da inork egin duen testu bat beste hizkuntza baten hiztunengana helarazteko beharrezko diren bitartekari hutsak, iristen zaizkigun hitz-esaldiak zuzentzeko uzkur ibiltzen gara, haiekin batera ideiak ere aldatuko ditugulakoan; eta hori pekatu da. Alabaina, ez zaizkigu gaizki etorriko erabilera horiei buruz EFE Agentziaren eskuliburuak azaltzen dituen iritziak eta jarrai-bideak ezagutzea.

Ziur nago gutako askori aspaldidanik ez zaigula egokitu halako arautegi, egitasmo, txosten edo dena delakorik filosofia batean oinarrituta ez dagoenik, edota ondorioetara iristearren nola edo halako parametroak eta premisak kontutan hartzen ez dituenik.

MEU-ak dioenez, badirudi jadanik ahuleriak jota daudela irizpideak, ikuspegiak, funtsak, eta abar ezertxoren oinarri izateko; eta, beste horrenbeste, alferrik ditugu arrazoiak, zertzeladak, gertakizunak edo gorabeherak "La opinión pública cambia con arreglo a parámetros imprevisibles" euskaratu behar dugunean. Txakur txiki batek adina balioko digute uste, iritzi, baldintza edo planteiamenduek halako "La valoración de lo producido bajo estas premisas no es tarea fácil" bat aurpegiratzen digutenean.

Dotore usteko hizkuntzarekin jarraituz, begien bistan dago gure gizarte dohatsu honek aspalditik ez duela problemarik, baina ez gaitezen alaitu, problematikak barra-barra dituelako: gazteriaren problematika, emakumeena, edo "hirugarren adineko"ena, puripurian daudenak aipatzearren. Eta okerrago dena, arazo guzti horiek konpontzeko moduak, bideak eta abar aski ez izan, eta metodologiak baino ez zaizkigu geratzen, gu dohakabeoi. Ez erdaraz, ez euskaraz ere.

Nolanahi ere, gaztelerari esker esandako horiek guztiak gero eta gutxiagotan ari dira gertatzen Euskal Herrian, edo Gipuzkoan, edo estatuan: denak Euskal Herri mailan, Gipuzkoa mailan eta estatu mailan gertatzen dira eta. Gainera, denak ez dira munta handiko gorabeherak, eta bakanka azaltzen dira, edo jende gutxiri dagozkio; bada, horiekin ez dezagun irtenbide, neurri edo ezer berezirik erabil, inondik ere ez, neurri espezifikoak behar ditugu eta. Horiek horrela —testuinguru honetan, barkatu—, Jaungoiko errukitsuak lagun gaitzala gure lege-antolakuntzaren markuan —hau da, gure legedian edo gure legeen artean— horrelako kinka larrietarako konponbideak aurrikusten duen dekreturik ez badugu eskura —konponbideak erabaki, ezarri, aipatu edo esatea ez zaio nahikoa dekretuari—. Horrelakorik gabe, agintariak nekez inplementatuko ditu behar direnak; nekezago betearaziko ditu, edo abian jarriko, edo...

Horrelako bidegabekerien aurrean, hobe du itzultzaile ohar-gabeak —euskalduna izan zein beste edonongoa— alferreko hiztegien ondoan Manual de español urgente hau eduki, larrialdietarako hain zuzen ere. Zerrenda luzea osa genezake: dimensionar, economicidad, emblemático, especulación, dimensionar, nucleizar, retroalimentar, redimensionar, vehicular, versus...

Bukatzeko, badira beste oker batzuk euskarara ere igaro direnak, baina ez dagozkionak hizkera "pedante" horri, izatez ez behintzat. Horrela, gutxik dakite polfglota edo autodidacta emakumezkoak baino ezin direla izan, eta, ohitura ez izan arren, "polígloto" eta "autodidacto" esan behar dela, are gehiago halakoen eraginez horren alderantzizkoak, "amigos/as" esaterako, barra-barra ugaltzen ari direlarik. Probetxugarria izango zaigu jakitea, halaber, "encuentro" hitza (gure "topaketa" ospetsua) ez dela zuzena gaztelaniaz, oraingoz behintzat; edo "al objeto de", gaizki egoteaz gainera —"con el objeto de" esan behar bait da—, "para" batekin konpon daitekeela lasai-lasai, eta guk ere ez dugula "-tzeko xedez" itsusi horren beharrik, batzuk nonahi sartzeko zazpi ahaleginak egin arren.

Bada, erdi barrez erdi serio, hona hemen esandako eskuliburutik ateratako ohar bakan batzuk, haietaz baliatu nahi direnentzat. Ase geratu ez denak badaki nora jo.