|
Egin klik inprimatzeko | Itzuli artikulura Senez 11 (1991). Data: 1993ko urtarrila Itzulpena eta interpretaritza: Komunikaziorako eta normalizaziorako tresnaIazko abuztuko azkeneko egunetan albiste honek duen izenburu berbera zuen ikastaroa izan zen Donostiako Miramar jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroen barruan, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak antolatuta. Ikastaro horrekin batera Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren eginkizunak betetzeko, Federazio horretako Hizkuntza Txikietako Itzultzaileen Batzordea bildu zen, Federazioaren hurrengo Mundu Batzarra bitartean (Plymouth, 1993) egitekoak zehaztu eta horretarako bideak jartzeko. Ikastaroa Ikastaroa osatzen duten ponentziak batzen dituen ardatza, ikastaroaren izenburuak berak aditzera ematen duen bezala, itzulpenak eta interpretaritzak hizkuntzen normalizazio prozesuan eta hedadura txikiko hizkuntzak dituzten herrialdeen harteko harremanetan duten eta izan duten eragina aztertzea zen. Gauza frogatua baitirudi historian zehar hainbat hizkuntzen normalizazio prozesuan itzulpenak berebiziko eragina izan duela, hasieran batez ere. Euskararen beraren kasua ere ez da, puntu honi dagokionez, inolako salbuespena; eta adibideak lerroak adina multiplika daitezke. Itzulpenak Hedadura txikiko hizkuntzetan duen eragina —orohar, eta alde guztietatik— aztertu nahi bada, badirudi beraz, gertaera hori aztertzeko oinarrizko ikuspegietako bat hauxe da hain zuzen: itzultzaileek hizkuntzaren normalizazio prozesuan duten lehen mailako protagonismoa. Orobat, hedadura txikiko hizkuntzetan itzultzaileek duten estatusa eta onarpena ere, hizkuntza horien normalizazio prozesuan duten protagonismoari legokiokeena, aztertu nahi izan zen ikastaroetan. Gure artean maila honetan egiten den topaketa honetan, ez zegoen —nola bada?— gaiak agortzeko asmorik, gai horietarako lehen hurbiltzea egitea baizik. Ikastaroaren zuzendaria Josu Zabaleta izan zen (EIZIEko idazkari orokorra eta Hedadura Txikiko Hizkuntzetako Itzultzaileen Batzordeko lehendakaria, Itzultzaileen Nazioarteko Federazioan. Ikastaroaren gaiak era honetara banatu ziren.
Ikastaroan izan ziren parte hartzaileen aldetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen antolatzaileek esan zutenez, ikastaro honek izan zuen Donostian antolatu ziren ikastaro guztietan ikaslego zabalena, 115 ikaslek hartu bait zuen parte bertan. Hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen batzordearen bilera Goian aipatutako ikastaroak irauten zuen bitartean Hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen batzordeak zenbait bilera egin zituen arratsaldeetan —Udako ikastaroak goizez baitziren—. Bilera horietan Itzultzaileen Nazioarteko Federazioaren hurrengo mundu biltzarrera bitartean batzorde honek burutu beharreko lana finkatu eta antolatzen ahalegindu zen batzordea. Labur-laburrean adierazteko, hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen artean informazio sare bat antolatu, elkarrekiko laguntzak bilatu, eta hizkuntza horietan itzultzaileek duten estatuta eta eginkizuna aztertzu eta sistematizatu ahal izateko inkesta zabal bat egitea erabaki zen. Nolanahi ere, Senez honen hurrengo zenbakian osorik jasoki dira aipatu uda ikastaroan emandako hitzaldiak, eta zehazki eta luze adieraziko dira hedadura txikiko hizkuntzetako itzultzaileen batzordearen bileretan hitzegindakoak. Gai horiei buruzko ale monografikoa izango da beraz.
| |||
|
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org Tel. +34943277111 Fax +34943277288 Eizie.org © EIZIE | |||
|