EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Aurkezpena
Duvoisin eta atzizkibidea - Karlos del Olmo
Alemaniarren itzulpen tradizioa - Xabier Mendiguren
Joxe Austin Arrietarekin solasean - Lurdes Auzmendi
Txekieratik euskaratzeak sortzen dituen hainbat buruhauste - Carlos Cid
FITeko munduko kultura ministroei deia-Beatriz Zabalondok itzulia
Iuvan Xestaloven gutuna - Eva Thót
Oker ez banago-Gotzon Egia
Caleco biarguiñac... edo eguneroko kontuak euskaraz eman ezina gezurtatzen duen testua - Begoña Azpiri
Itzulpenari buruzko zenbait aldizkariren berri ematea
Lino Akesolo-Manu Ormazabal
Jose Inazio Berasategi-Kaxildo Alkorta
Jose Inazio Berasategi. Oroitzaz eta doluz-Eneko Oregi
Premio Nacional de Traducción 1991-Xabier Mendiguren
Expolingua 91-Antton Elosegi
Itzulpena eta interpretaritza: Komunikaziorako eta normalizaziorako tresna
Klaudio Otaegi-Iñaki Zubizarreta
Euskal administrazio izkribu zahar batzuk - Gotzon Egia

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 11 (1991) »  Aurkezpena

Inprimatu

Data: 1993ko urtarrila

Aurkezpena

Zenbaki hau aurkeztean, lehen-lehenik esan behar da doluz plazaratzen dela, Lino Akesolo eta Jose Inazio Berasategiren heriotzengatik. Lehena EIZIE elkartearen ohorezko bazkidea zen, joan den urtetik, eta bigarrena elkartearen beraren sortzaile eta SENEZ aldizkari honetako erredakzio batzordekide eta baita suspertzaile ere. Bataren eta bestearen omenez eta oroimenez, zenbaki honetako lehen lerroak haiei buruzkoak izango dira, eta zenbakia bera haiei eskainia izatea nahi dugu, eskaintza xumea bada ere.

Ondoren, oraingo honetan irakurlearen esku utzi ditugun gaietara igaroz, Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaile ezagunak 1991ko Euskadi Itzulpen Saria jaso duela eta, hari eginiko elkarrizketa bat dator, zeinetan bere itzulpen lanaz gainera, gure arteko itzulpengintzaz ere halako gogoeta batzuk ezagutzeko aukera izango dugun.

Gero itzulpenari buruzko hausnarketak jarraituko du Xabier Mendigurenek Alemaniako itzulpen tradizioaz eginiko artikuluarekin; izan ere, euskal itzultzaileontzat ere guztiz baliagarria izango da alemaniarrek zientzia honetan jorratutako bidea ezagutzea, eta konparazioak eginez eta haien eskarmentua ezagutuz gure ikaskizunak ateratzea.

Funtsezko asmo berarekin sortuak dira ondorengo bi artikulu nagusiak ere, lehena Duvoisin kapitain euskaltzale eta itzultzaile handiari eskainia, 1991an bere heriotzaren mendeurrena egokitu delako; eta bigarrena, maila pragmatikoago batera jaitsiz, txekieratik euskarara itzultzeko lanaren inguruko zailtasun batzuei buruzko iruzkinak eskaintzen dizkiguna. Aldizkari honen asmo eta helburuetako bat, hain zuzen ere, itzultzaileok geure lanetik ikusi eta ikasitakoaz gogoeta egin eta gainerantzeko lankideei eskaintzea izanik, uste dugu interesgarriak direla era honetako esperientziak erakusten dizkiguten lanak ezagutzera ematea, azken finean itzulpen praktika bera da, nola ez, bide erakuslerik onena.

"Puntuz puntu" sailaren barruan, aldiz, lehen-lehenik bi manifestu agertuko zaizkigu, lehena mansi herri txikiko idazle batek mundu osoari egina, hizkuntza “txiki” edo –modan dagoen bezala– “hedapen mugatuko”-en egoeraren islagarri; eta bigarrena, itzulpenaren inguruan Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak mundu osoko kultura ministroei egina, itzulpenaren aldeko deialdi gisa.

Haiekin batera, euskarazko testu zahar batzuk ere azalduko zaizkigu, biak itzulpengintzarekin oso lotuak, edota itzultzaileoi zer ikasi franko ingura diezaguketenak; eta, baita ere, penitentzia moduan, etorkizunerako eginiko okerrak zuzentzeko burubidearen erakusgarri, eta itzultzaileen bidelagun –ez oso atsegin– izaten diren akats edo intxisu gaiztoen ispilu, SENEZ aldizkari honen zenbaki batzuetan lerratutako akats handi eta txiki batzuei buruzko aitorpena, argi asko geure burua zuzentzeko ahaleginak erne egon behar duela azaltzen diguna.

Aldizkaria ixten da ohizko atalekin, hau da, itzulpenaren inguruko berri eta albiste batzuk, eta zenbait aldizkariren berri emanez eta bibliografi iruzkin batzuk eskainiz.


Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net