Agur hitzak
Mari Karmen Garmendia

Egunon. Aspaldiko lagunak asko, zenbait ikasle-ohi ere hemen aurrean ikusten dut, kanpotik etorri zaizkigun lagunak eta lankideak, eta baita ere irakasle aditu eta jakintsuak.

Euskal Herrian itzulpengintzak bide luze samarra jadanik egina du. Ez dakit nor aipatzetik hasi beharko ote nukeen: beharbada Albreteko Juana erregina aipatu beharko nuke, bera itzultzaile izan ez bazen ere, ahalegin berezia egin zuelako garai hartan alor horretan. Eta beste inor aipatzekotan ere, zenbait izen eman litezke, baina beste bat aukeratuko nuke, aurten mendeurreneko ospakizunetan gabiltzalako; kanpotik etorritakoa, baina euskal itzulpengintzan zerikusia izan zuena: Luis Luziano Bonaparte printzea. Eta beste zenbait izen ere aipatu beharko nituzke, baina ez naiz hortan hasiko.

Dena den, zera esan nahiko nuke: ibilbide luze horretan, garai eta egoera desberdinak izan dituela, euskalgintzaren beste zenbait alorrek bezala, itzulpengintzak ere. Eta gure belaunaldikooi zenbaitetan hutsetik hasten ote ginen edo iruditu baldin bazaigu ere, aipatu ditudan izen horiek lekuko, gure aurrekoek ere zenbait lan egina zuten, eta ekimen handia ere izan zuten alor honetan.

Bistan da, gerrak, beste zenbait ekintzatan bezalaxe —hezkuntzan, edo literaturgintzan— ikaragarrizko etena sortu zuen itzulpenaren alorrean ere. Eta geroztik, horregatik esaten nuen hutsetik hasi ote garen uste hori izan dugula, geroztik eten horrek ekarri duena nozituz egin behar izan da hemen ere hainbat eta hainbat lan. Gaur egun, hala ere, iruditzen zait esperientzia aberats baten jabe zaretela, zaretela diot nik neure burua ezin bait dut itzultzailetzat jo. Esperientzia hori batzen ari zarete, eta beste gai askotan bezalaxe, itzulpengintzari ere iritsi zaio, euskalgintzari oro har begiratuta esan dezakegun zerbait: generalisten belaunalditik espezialisten belaunaldira pasa gara; lehen denoi tokatzen zitzaigun denetik egitea; gaur egun, zorionez, nere ustez, jadanik adituak baditugula esan dezakegu, eta gainera, aditu horien jardunak koalifikazio maila handi batera garamatza. Beraz, gertakizun garrantzitsua dela esan dezakegu aipatu dudan hau, generalistetatik espezialista edo adituetara pasatu ahal izateko garaira iritsi izatea.

Hortaz aparte, Jesus Zabaletak zioen orain dela tartetxo bat, desafio bezala planteatu duzuela itzultzaileok kurtso edo mintegi honen antolakuntza. Nik uste dut benetan oso garai edo une interesgarrian gaudela, bai horretan eta bai beste puntu askotan ere. Euskararen legeak datorren urtean hamar urte beteko ditu. Aurten, iaz eta orain bi urte ikastola askok eta askok zilarrezko eztaiak ospatu dituzte. Besteak beste, datorren urrian Euskaltzaindiak bere egoitza nagusia inauguratzeaz gain, Bonaparteren omenezko nazioarteko biltzar bat egingo du Dialektologiaz. Beraz, momentu honetan esan genezake, nahiz hizkuntza gutxitu baten jabe izan, nahiz beste hizkuntza handiz inguratuta egon, nahiz euskara, onerako eta txarrerako, ahaidetasunik gabeko hizkuntza isolatua izan, momentu honetan erronka handi baten aurrean gaudela. Eta iruditzen zait erronka horretan, etorkizunaren erronka horretan irabazle ateratzeko itxaropena ere izan dezakegula, arazoak arazo, izkutatu behar ez diren arazoak ere kontutan ditugula. Bestetik, garrantzi handikoa iruditzen zait Miramarko bilera honetan egin duzuen planteamendua, hau da, leihoa ireki bertan gure artean egiten denaren berri kanpora ezagutarazteko, baina baita ere, aldi berean, kanpoan, eta gurearen antzeko egoeretan egiten den horren berri guk geuk ere jakiteko. Eta hemen ditugun gonbidatuak eta partaideak horren lekuko bizi-biziak dira.

Beraz, egun hauetako lanaren emaitzak ziur nago aberasgarriak izango direla, onura ekarriko digutela denoi, kanpokoei eta bertakooi, eta seguru asko beste zenbait gaitan bezala, bidegurutze edo mugarri baten antzeko izan litezkeela, bai gai aldetik, eta bai etorkizunerako egin daitezkeen konpromezu edo harremanen aldetik. Beraz, alderdi horretatik, batetik zorionak eman nahi dizkizuet, eta bestetik esan adore izan dezazuela, gauzak, bere hortan utzi gabe, aurrera begira planteatzeko.

Ez nituzke hitz hauek bukatu nahi, Jose Inazio Berasategi gogoan hartu gabe. Berarekin izan nuen azkenengo elkarrizketa, hain zuzen, jardunaldi hauei buruzkoa izan zen, ekainaren 14ean, oraindik gogoan dut. Nik handik bi egunetara bidaia batera irten behar nuen ia hiru astetarako, eta irten aurreko gure azkenengo gauzen artean hauxe zegoen; bada, dakizuenez, subentzio eskea, antolakuntza kontuak, hitzaldi baten eskea, hori nola planteatu, etab. Behin gehiagotan, beste gauza askotan bezalaxe, Joxe Inaziorengana jo nuen aholku eske, eritzi eske eta baita ere beste zenbait gestioren ardura izan zezan eske. Bueltan etxera nentorrela, artean etxera etorri gabe, jakin nuen bere heriotzaren berri. Zuetako askok bezala, nik neuk ere esan dezaket elkar estimatzen genuela, lagun ona izan nuela, eta lankide ona izan nuela. Eta euskaltzale eta abertzale bezala, benetan gizalegezkoa izan genuela. Zabaletak bere omenezko bezala planteatzen zuen oraingo jardun hau; nik uste dut beraren alde edo bere omenez egin dezakegun gauzarik onena, berak amets zituen hainbat eta hainbat gauza hezurmamitzen saiatzea dela. Dena dela, gertatu zena gertatu izan ez balitz, gaur gure artean izango genuen, eta gainera, behin gehiagotan, ziur nago, adoretsu eta lagun, bake emaile eta elkartzaile izango genuen.

Kanpotik etorri zaizkigunoi ongi etorria, eta egun hauek izan daitezela beraientzat ere gogoangarri. Besterik ez.