Etnozentriko versus arroztaile?
Juan Garzia

Imajina dezagun honako esperimentu hau:

X testua A hizkuntzan sortua delarik, B hizkuntzara itzultzen dugu. B hizkuntzako testu itzuli hori A hizkuntzara berritzuli, gero atzera B hizkuntzara, gero A hizkuntzara berriz... eta horrela nahi adina bider.

Pesimistenek, bigarren pausurako itzultzailerik arruntenak ere kontrol minimotzat beti nolabait kontutan hartu behar duen eragiketa dena, bestetik zalantza gogor samarrak lituzkete testuen baliokidetasunaz eta itzulgarritasunaz beraz ere, orohar. Optimistenak, berriz, harako "transitus ad infinitum" Santo Tomasentzat logikazkontrako haren bertsio frogaezin baina sinesgarria suposa lezake: "translatio ad infinitum" nolabaiteko bat posible dela, alegia, hizkuntz bikote baten ordez, hizkuntz katea beti luzagarri bat ere suposa liteke eta zenbaitetan (infinitora gabe, baina), gertatu ere, gertatu da.

Tamalez, gure translagailu esperimental hori balizko hutsa dugu; besteak beste eta emaitzen ebaluazio-arazo ez nolanahikoak alde batera utzirik oraingoz, dispositiboak itzulgin betiberdin bat suposatzen du makina bat behar luke, pertsona bat ez-bezala, aurreko itzulpausoko memoriaz hustu litekeena, edo, bestela, itzultzaile identikoz osaturiko talde bat.

Honezkero susmagarri samar gertatuko zitzaizuen itzultramankulo hain badaezpadako honen ajeen zerrenda luzatzeke, gera gaitezen balizko makinez ere fidakaitz itzultzaileen identikotasun horren ideia ahogozo horrekin.

Alfergurak edo aurre-nekeak baino lehenago ere, logikak Santo Tomasenak eta gureak (edo Santo Tomasena eta gurea denak) itzultzaile identikoen kopuru infinitu bat bilatzetik gibelatzen gaituenez, eta, Abraham-en pasadizo ezagun hartan ez-bezala, honetan bat bakarra topatzea aski ez zaigularik nahiz itzultzaile bakarraren autoidentikotasunaz ere gogoeta politik egin daitekeelakoan gauden, gutxienez bi aurkitzearekin konformatuko ginateke horrenbestez.

Identikotasun hori bere erabatekotasunean ulertzen badugu, jakina, absurdoarekin egin dugu topo, eta alferrik litzateke bide horretan logikaz aurrera egin nahi izatea. Erlatibotasun apur batez jokaturik, berriz, ez litzateke zentzugabekeria baliokidetasun soil bat bederen posibletzat jotzea. Horiek horrela, eta gure itzulgailu ahaltsu dotore haren gutxieneko bertsio apal honetan, formula dezagun azkenik auzia: zein teoria edo jokabidek emango lituzke emaitzarik onenak, etnozentrikoak ala arroztaileak?

Zuzenean erantzun aurretik eta ez bakarrik suspentsearen legeei men egitearren, esan dezagun, lasai erabakitzekotan, aurren-aurrenik jarreren inguruko karga bihozkorra ahalbait arindu behar litzatekeela. Izan ere, joeretako bat "etikoa" dela esaten badugu, nekez posizionatuko zaigu inor kontrakoaren alde. Ildo beretik, eta halako eklektizismo inpresionista eta inpresionante bat nabarmenduz, sikoanalisiz jazten bada auzia, nork hartuko du bere gain, bestelako itzulpen erizpide batzu defenditzeagatik, hizkuntz-edipo lotsagarri baten akusazioaren zama? Bi kontuok agertzen dira, ordea, erlazio estuan agertu ere, Antoine Berman-en idatzietan, Bestea Beste dela aitortzen, Arrotza Arrotz gisa onartzen ez dugun heinean (itzulpen arroztaileak egiten ez ditugun neurrian, alegia), itzulpengintzarako ezezik etikarako ere gai ez garen gixaki amazulo heldugabetzat kondenatzen baikaitu.

Bigarrenik, garbi egon beharko luke oposaketak, zehatz definitzen delarik zertan eta zenbateraino arroztu behar den itzulgaia eta horretarako, XHren derrigortasun eta aukeren muga (dinamikoa bederik ere) markatu. Berman-en eskutikako koadro teoriko inpresionista hori, ordea, laino erromantikoz bilduegia dago xehetasun zakarretan erreparatzeko, eta laino horiexen gainetik hain goratasun olinpikora hegaldatzen den pentsamentua, bestetik, ez dago egina lur apaleko koska arruntetan ibiltzeko. Horregatik, hartara makurtzen denean, bi muturretarantz lerratzen zaio teoria: "itzulpen-deformazioaren sistematika", batetik, zeinean hitzaren kutsu peioratiboaz gain, "ezintasun eta traizio", hamalau buruko krimen munstrosotzat jotzen den itzulpen ohizkoa ez da guztiz garbi ikusten itzultzea ezinezkoa dela frogatzen ari den, ala debekatzeko eskatzen duen; eta, bestetik garai bateko filosofiako eskola liburuetan bezala, "benetako soluzio"-tzat aurkezten zaiguna, bere arauerako itzulpen "etikoa": bortxak bortxa, arroztasunari eusten diona.

Badirudi, hala ere, azkenean kontsentsu tribial batera irits gintezkeela: izan ere, "chercher à situer la part nécessairement ethnocentrique et hypertextuelle de toute traduction" omen da kontua, alajainena.

Eta orduan konturatzen gara, berriro ebaluazio baten beharrarekin topo egiteaz aparte, konkrezio horren aldetik ere eta batipat horretan huts egiten zigula gure ametsetako itzul-makina trakets-mandoak. Hasteko, zer zen itzuli behar zena? Eta norentzat itzuli behar zen? Eta zertarako? Zein zen SHaren eta XHren arteko distantzia (espaziala, tenporala, kulturala, tipologikoa...)? Eta hizkuntza bakoitzaren egoera, zertan zen?

Izan ere, halako konkreziorik gabe, kondenatuak baikaude ezinbestean jeneralizazio oker nahiz alferrikakoetara. Esate baterako eta autorez aldaturik, Nida/Taber-en zenbait errezeta, hala nola ahozkoak idatziarekiko behar omen duen lehentasuna, ondo konkretuak diren zer-nori-zertarakoetan bakarrik izan liteke erizpide baliagarri, eta ez bestetan, non eta ez den baieztapena tribialtzen, idatzi orok ahozkoari dion zorraz filosofatuz, adibidez. Orobat, Berman-en hausnarketak zentzu kabalagoa luke, teoria orokor baterako baino, frantses eta aleman hizkuntzetako literatur-itzulpen konkretu izaeraz eta funtzioz konkretu batzurekiko postura-hartze gisa.

Adibidez eta barka halako Pello-egiak aldarrikatu beharra, hau euskara ez da, ez erromantizismo garaiko aleman burujabe mundura irekia, ez garai bereko frantses edipoti besteren-jalea, ez eta beste inoizko ez inongo hizkuntza beregain inolakoa, diglosia gorrian nolabaitbizi den mintzaira gure bekatuetako hauxe baizik. Ez beregain, eta ez ondorioz normal (normaltasuna buruaski eta aske izatearekin identifikatzen baldin bada behintzat, zeinak ez baitirudi, haatik, munduan normalena).

Konkretutasun faltaren bekatu neuk oraintsu salatu horretan bertan eror ez nadin, hala ere, ohar bat egin beharra daukat segi aurretik. Euskararen normaltasunik—ez horrek ere ez du izan nahi nire asmoetan normaltasunik—ez orokorrago baten inolako paradigma. Besteak beste, eta hurbileneko diglosia egoerekiko, esate baterako, gainean dauzkan hizkuntzekiko tipologia-urruntasunak alde nabarmenak eragiten ditu. Uler bedi, beraz, segidan datorrena bestelako pretentsiorik gabe, nahiz libre den bakoitza, noski, nahi dituen paralelismo, proiekzio eta estrapolazioak egiteko. Halakoak derragun molde klasiko bezain zelebrean, berak du egiten hautua, ez nik hartaratua.

Zer itzultzen dugu euskarara, eta nondik? Jeneralizazio merkeegietan erori gabe, esan dezakegu testu pragmatikoak direla nagusiki; eta, are hankasartzeko bildur gutxiagoz, gehien-gehienak gazteleratik itzultzen direla guk geuk erdaraz sortutakotik sarri askotan, autoitzulpenez.

Ondorio garrantzitsuak atera litezke datu horietatik; ez baitirudi, adibidez, itzulpen arroztaileak egiteko alorrik aproposena eskolarako liburuena denik kontutan har bedi, gainera, literatura ere zirkuito horretan erabiltzen dela hein handi batean, edota kazetari elebidun nolabaitekoek egindako autoitzulpen ortopedikoa denik gurea "besterenez" aberasteko biderik egokiena. Zentzu horretan, gazteleraren interferentziaz jositako mordoiloa estaltzeko teoria aukerakoa dugu etnozentrismoaren superaziotzat aurkezten den hori, hizkuntza jakinarekiko morrontzaren miseria halako aberastasun kosmopolita baten itxura prestigiotsuz estali nahirik. Marabilen marabila, batera joan litezke eta doaz; ETBren kasuan, adibidez joera hori (har bedi "jo" aditza behingoz bere zentzurik literalenean) eta hitz-garbizalekeriarik etnozentrikoena. Izan ere, txapuzerismoa ere eklektikoa izan daiteke, eta hala izan behar du, gainera, paradoxa teoriko guztien gain-azpitik, bere eginkizun makurra zintzo burutzeko ahalbide guztiak profitatu nahi baditu.

Eskain diezaiokegun lekua baino zabalagoa merezi luke, bestetik, gaztelerak frantsesaren kaltetan duen nagusitasunak; kasu horretan, NONDIK ezezik (bateko eta besteko elebidun-itzultzaileen pisu-desoreka nabarmena delarik), NORENTZAT itzultzen den ere ez baita usuenik aintzakotzat hartzen, teorian bederen euskaldun guztientzat diratekeen hizkuntz agerpenik orokorren eta neutralenetan ere.

Eta hortik ere heldu behar genioke arroztasunaren zezen horri galderon adarretatik: nor eta zer da hemen arrotz, eta norentzat? Gaztelaniaren diglosiapeko euskaldunarentzat, arrotz hitza bestelako arrazoiz bazterturik ere, exotikoa bederen gertatzen zaio bestaldeko anai-arreba frantses-euskalduna; eta alderantziz, jakina, nahiz zer esan eta nork entzun gutxiago duen Iparraldekoak. Horretara gabe ere, euskaldunik batu-usteenari ere, arrotz zaizkio hainbat euskalki, berbeta eta mintzaje. Klasikoei, berriz, "idazle zahar" esaten diegu, eta hargatixe edo aitortzen Hirugarren Adin Urrezkoan daudenei bezain ohore handia, eta atso-agure Asiloan atzerriratuei baino kaso gutxiago egiten. Hiztun adoleszenteak ditugu, beren burua ere arrotz zaien mukizu mediterraneo-deskubritzaile bipilak, eredu eta maisu-maistra. Areago, gure elebitasunaren desoreka dela-eta, gazteleraren bide-saria ordaintzen ez duen euskara barka bekizkit adjetiboak jator, garbi erran nahi baita interferentzia nabarmenik gabe, beregain-funtzional, naturala, arrotzago zaio euskaldun askori, korriente dabilen euskañola baino. Bestetik, ortografiarekin ere asmatzen ez dutenak ditugu idazle; lerro zuzenik idazten ez dakitenak estilista; erredaktatzen ere sekula ikasiko ez dutenak literato... Eskerrak kritikotzat dihardutenak maila horretara iristeko dauden oraindik. Halaxe da, bai, geu gara arrotz geure buruarekiko. Hutsa litzateke otoi, uler bedi esapidearen zentzu irudizkoan soil-soilik gazteleraren euskal dialektu edo hibrido koherente samar eta bateratu bat sortu balitz, ideologi eskakizunak betetzeaz gain, elebidun euskaltzaleen arteko komunikazioa ziurta lezakeenik; baina mesede badaezpadako hori ere ez digu egin sarkinak, erakutsi diogun abegi onaren truke. Gure baitako arrotz hori ez da, beraz ez gaitezen engaina, gurean ostatu hartzen duen aldian aldiko bisitari eleanitza, geure etxeko maizter itxura-huts bihurtu gaituen apopilo bakar lotsagaldua baizik.

Eman dezagun, hala ere, eragozpen guzti horiek gaindituak dituen euskal hiztun saldo bat badela. Ez ote litzaioke, hala ere, bere barrutiko alor asko ezinbestean arrotz gertatuko, behar beste edo behar bezala landu gabe daudelako? Eta orduan, euskaldun gizabanako nahiz talde bakoitzak beretik bete nahiko ditu hutsuneak, kemen txalogarriz, baina gidaritza baten bururik eta sistematikotasun baten hankarik gabe; eta, hala ere, emaitza baliagarrietara irits baledi, non dago hura gomendatuko duen autoritatea? Non jendartean zabalduko duen gizarte-zirkuitua? Berez, milagrorik ere ez: horra esaera zahar asmatu berria. Herri honetan, ordea, Kexua pregoilari izanagatik, Berez dugu alkate, Ojala lehendakari... eta Horkonpon euskaltzainburu; ezen nagusitu diren interferentzia fonetiko, morfosintaktiko, lexiko-semantiko eta diskurtsiboez gain, erdarakada instituzional bat dugu buru, hau ere nola ez auzo jakinetik hartua (eta ez gurearen antzeko egoeran dagoenen batetik): euskararen Akademiak Espainia-Frantziakoen eginkizun bertsua omen du. Ekin eta jarrai, garbitzen, finkatzen eta distirarazten... aulkiak noski.

Normatibizazioarekin eta normalkuntzarekin zerikusirik duten bestelako erakundeek ere, Taifas-erreinu urrunen kalko arrotza dirudite, elkarri Bizanziokoak eta bost aurpegiratzeko justu-justu juntatzen direlarik inoiz.

Gauzak horrela utz dezagun oraingoz horrenbestean gure haserre estrukturalen letania, itzultzaile ere izateko patua duen euskaldun urrikalgarriak (lasai: ez naiz lan baldintzez arituko) ez du betebehar makala, itzulpen-etikaren gailur siko-metafisikoetara gabe ere, badenik ere zalantzan jar litekeen hizkuntza gordin honetan burutzeko berez ere ezinezko samartzat jotzen den zorioneko eginkizun madarikatu hori. Gaitasunak gaitasun, bere gain hartzen du normalitatez tokatuko litzaiokeenez harago, aipaturiko arrazoiak eta beste batzu tarteko direla, itzulpen zirkuitu guztiz dorpe baten sorgin-gurpil setatia hausteko ahalegina, esperantza apur bat bilduz bere ilusio hainbestetan hondoratuetatik, agian, euskaldun errealek normal antzean irakurtzeko moduko itzulpen alderdi bietatik leialak lortuz gero, irakurlegoa ere normalagotuz joango dela, eta hala hizkuntzaren esparrua ere, orohar, aberastuz, eta hala gain nahiz azpiegiturak... Eta, zergatik ez, egunen batean, akaso, arrotzen arrotz anitzen kemen literarioez bortxatu-ernaldua ezen ez izorratua izateko sasoi beteagoan egongo dela ama hizkuntza gaixoa, bere umeei berei hain arrotz izango ez zaien garai hain desiratuan. Eta berak ere izan lezakeela, gaur imajinatzerik ere ez dugun denbora amestuan, inor euskal arroztasun aberasgarriz izorra uzteko ahalmen eta aukera. Amen.

... Edo "hala biz", ezen bietara esan izan baita euskaraz, kasualitatez gain-hizkuntzetan hurrenez hurren "amen" eta "ainsi soit-il" esaten den elebidun-eremuetan. Halakoetan ohi denez, gaur egun arauzkotzat ezartzeko zorian dagoena balia bekit kasu askoren argigarritzat "hala bedi" ez arroztaile eta ez jatorra dugu, edozein forma erdalkontrako eta, beraz, erdalmenpeko, nahiz debaldeko asmakeria baldarra izan, abantailan baitago, lege izkutu bitxi bat medio, bai maileguarekiko eta bai usadiozko molde jatorrarekiko. Izan ere, zail da oso, askotan, teoriak eta ideologiak bereizten.

Kontuak kontu, etnozentrismo porrokatuaren aldekoek ere eremu elkorra dute euskararena, koinea oraindik egosten ari delarik, jatorrismo txokozalea lokalismo bilakatzen baita ia ezinbestean, eta auzoarentzat arrotz. Izan ere, guztion artean eraiki beharreko ez-euskalki (eta, hortaz, mintzaira arrotz) amankomun (eta, beraz, etnozentriko) hori litzateke eta oraindik, izan, ez da erreferentzia ezinbestekoa beste ezerekiko. Prozesu horretan, zer esanik ez, beste ez gurea eta ez interferentzi sortzaile nagusia diren hizkuntzen arroztasun jatorrak mesede handiak egin litzake, inertzia eta ikuspegi-mehartasuna gainditzeko lagungarri gisa. Bestela, exotismoz eta bitxikeriaz ederki osaturik gaude lehendik ere, inora bila joan beharrik izateko.

Jokatzen dena ez baita edo ez baitzait niri behintzat iruditzen itzultzean teoriaren bati arrazoia eman edo kentzea, ez eta debruak delibra gaitzala gaitzetik! horretarakoxe egokituriko teoria batez jaztea norberaren praktika. Teoriaren leku eta egitekoa inolaz ere ukatzeke, azken finean, ezerk ez du liberatuko itzultzailea bere erantzukizun pertsonaletik, ezein mekanismorena baino inteligentzia orohartzaileagoz eta inolako teoriarena baino sentsibilitate doituagoz baliatu behar baitu, onik aterako frogatik. Edota, formula laburragora bilduz, sentsibilitate inteligentea du itzultzaileak bere alor eta inguramendu konkretura aplikatzen jakitea ere barne delarik lanabesik funtsezkoen eta ezinbestekoa. Irakurleak ere jakingo baitu orduan, ernetasun sentibera berdinez ordaindurik, "etnozentriko" itzulki arroztaileak eta "arroztaile" forma etnozentrikoak osatzen duten bikote paradoxikoa, ez dela inolako irizpide fidagarriz "jatornahi" eta "etnofugo" hitz pare alternatiboa baino, ez desegokiago eta ez aproposago, eta itzulpenaren etikaren oinarria eta, bide batez, haren estetikaren giltza ez datzala hainbestean kultur sikoanalisian edota bestelako metafisikaren batean, nola betebehar konkretuen kunplizio xuxenean. Lana baita, azken finean, itzulpengintza; egin egiten dena, eta hobeto edo okerrago burutu daitekeena. Aukeran arroztaileegia izan liteke bat, erraztailea bestea; erruztailea gertatu da, berriz, harako hura; herriztailea?; harriztailea?; irriztailetzat jo liteke beste hori, barre-eragiletzat; irristaile samarra omen da beste hau, labanegia... Azken finean, arroztaileari etnofugo eta etnozentrikoari jatornahi ere esan dakieke, mutatis mutandi.

Etiketak etiketa (eta etikak etika?), itzulpen-kritikara ausart dadinak, hala ere, ez beza ahantz, Leizarraga zein Olabide, nahi duen bertsioan delarik ere, Bibliako aholku zuhur hura: obretan ezagutuko dituzue. Obrak baitira amore, eta ez kontu ta lore.

Ongi botatako harrikadak buruan hartu, eta ordainak txerrimuinetan.