Itzulpena, Kulturaren oinarri
Ewald Osers

(Artikulu osoa hemen)

Laburpena

I. HURBILPEN HISTORIKOA

"Kultura" eta "zibilizazio" kontzeptuek berengan ukan dute, betidanik, gizabanakoen arteko eta gizamultzoen arteko komunikazioaren a prioria. Ez da pentsatzekoa, komunikazio hori, itzulpen edo interpretaziorik gabe lor daitekeenik. Mendebaleko kultura edo Europako zibilizazioa bera itzultzaileei zor zaie hein handi batean. Horren adierazgarri, beste askoren artean, adibide bi:

  • Errenazimenduaren oinarriak, bi mende aurrerago, Espainia hegoaldeko jakintsu eta poeta arabiar, judu eta kristauen itzulpen lanek jarri zituzten, zeinak filosofo, astronomo eta matematikari klasikoen pentsamendua ezagutzera eman bait zuten.
  • Biblia kristaua mundu osoko literaturan libururik itzuliena dugu.

II. ITZULPENAREN FUNTZIO KULTURALEN ARTEAN, GUTXIEN IRAGARRITAKOEI BURUZKO IRUZKINAK

Literatura batetik bestera itzultzeak bigarren kultura horretara dakarren zuzeneko etekinaz gain, bada bestelako onurarik ere, atezuan jartzen diren hizkuntza-sistema eta kultura-sistema desberdin horien arteko ondorio dena. Mende erdialdetik hona egindako literatur itzulpenaren hobekuntza kualitatiboaren arrazoietako bat izan daiteke itzultzailea zerari buruz jabetu izana, makro-testua itzulgarria den bitartean, mikro-testuaren zenbait elementu, aldiz, ez direla zuzenean itzulgarri. Izan ere, itzuli beharreko elementu kulturalak ez bait dira, askotan, XHra aldagarri.

Bestalde, aitortu beharra dago halaber bizi dugun kulturak arras eurozentrikoa izaten jarraitzen duela. Kristautasunak Europan zehar aintzinatetik egikaritutako monopolioak Asiako kulturen harrera eragotzi izan digu. Inork ez du, antza denez, dudarik egiten kultura horien aberastasunaz; non dira, ordea, itzultzaileak? Eta aipaturiko zibilizazio erraldoi horren berririk, itzulpenaren bitartez behintzat apenas badugu, zein aukera geratzen ote zaie, orduan, herrialde edo eta talde etniko txikiei, mundu zabalean ezagutzera emateko?

III. LITERATUR ITZULPENAREN ETORKIZUNA

Literatur itzulpenaren beste alderdietako bat argitalpenei dagokiena da. Egun, Britainia Handiko liburudendetara, duela berrogeita hamar urte baino liburu gehiago iristen da. Horien artean asko itzulpenak izanagatik ere, portzentualki, itzulitako literatur kopurua lehen bezain txikia da.

Egun, ordea, argitalpen mundu horretako fenomenorik kezkagarriena, "best-seller" direlakoen merkatu sistema bera dugu. Argitaletxeek liburu gutxi batzutara biltzen dute beren ahalegin osoa. Itzulitako lanak iristen zaizkienean, duda egiten dute beti argitarazleek ("best-seller" autoreen obrak salbu, noski); izan ere, itzulitakoak, SHan kaleratutako liburuen aldean, askoz garestiago gertatzen bait dira. Hori dela eta, itzulitako obrak argitaratuko badira, nolabaiteko diru-laguntza behar izaten dute; itzultzearen kostua kitatzeko adinakoa bai, behintzat.

Hedadura Mugatuko Hizkuntzetan (HMHetan) produzitzen den literaturak berriz, badu, oraindik, bestelako ajerik; izan ere, etorkizunean nork itzuliko du literatura berezi hori? Arestirarte, Europako herrialdeek jasandako hondamendiek (hala nola, goseteak, mundu-gerrak, etab.) eragindako migrazioak kanpotar ugari erakarri izan du mendebaleko demokrazietara, usu, HMHdunak, zeinetariko asko herrialde berriko hizkuntza ikasi-hala itzulpen lanetara jartzen bait ziren. Hedadura Handiko Hizkuntzak (HHH) nork itzuliko, ez da, oraingoz, inoren kezka; hizkuntzok eskoletan irakasten bait dira anitz herrialdetan. HMHek berriz, nahiz eta eskualde elebidunetan beti izango duten nork itzulia, hizkuntza bakarra diren lurraldeetan hainbat zailtasunekin egingo dute behaztopa. Horien ebazpiderako, bestalde, orainarte erabili izan diren medioekin ez da atarramendu onik atera:

  • Poesia mailan lankidetzan aritu izan dira egilea bera eta, normalean, HHHarako itzultzailea; bietarik inork ez duelarik bere lana diruz ordainduko zaionaren esperantzarik izaten. Edonola ere, prosa lanetarako, garestiegia eta geldoegia gertatzen da metodo hori.
  • Sobietar Batasunean, HMHetako literatura bertako beste HMH batean emateko, errusierara itzuli izan dira lehendabizi lanak. Bi urratsetako metodo horrek, ordea, ez du inola ere bermatzen azken produktuaren kalitatea.