EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Aurkezpena - Koldo Biguri
Anjel Lertxundirekin itzulpengintzaren jiran - Juan Garzia Garmendia elkarrizketatzailea
Itzulpen historia baterako apunteak - Agustín García Calvo
Itzulpenera hurbiltzea (I) (Zenbait errezeta) - Karlos del Olmo
Poesia itzuli - Pello Zabaleta
Itzulpena Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan
Espainiako itzulpen eta interpretaritzaren estatutu profesionala
Itzulpengintza masterra: planifikazio baten beharra-Mikel Garmendia
Deustuko Postgraduko Itzulpen Masterra
Euskara ikasten-Iñaki Zubizarreta
Literatur itzulpenezko mintegia-Aintzane Ibarzabal
Beti mirariak egiten-Koldo Biguri
KLASIKOAK, euskal hizkuntza eta kulturaren zutabe
Pushkin itzultzaile-Ivan Igartua
Manu Lopezen Aliceren itzulpena IBBYren ohorezko zerrendan-Koldo Biguri
Premio Nacional de Traducción 1992-Xabier Mendiguren
Literatur itzulpena graduondoko irakasgai Beljikan-Koldo Biguri
EIZIE Europako literatur itzultzaileen elkarteen kontseiluan onartua izango da-Koldo Biguri
Bibliografia-Xabier Mendiguren/Lurdes Auzmendi
Huts aitorpena

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 13 (1992) »  Literatur itzulpena graduondoko irakasgai Beljikan-Koldo Biguri

Inprimatu

Data: 1993ko urtarrila

Literatur itzulpena graduondoko irakasgai Beljikan-Koldo Biguri

Literatur itzulpena eskola eta unibertsitate askotako lizentziaturen barruan lantzen bada ere, 1991etik hasita lehen aldiz irakasten da graduondoko lizentzia bezala, CETL (Europako Literatur Itzulpenerako Zentrua) delakoak, Bruselasko Institut Supérieur de Traducteurs et Interprètes de la Communauté Française-ren babesarekin, unibertsitate-ondoko prestakuntza ziklo bat (hirugarren zikloa) antolatu bait du filologian, hizkuntzetan, hizkuntzalaritzan edo itzulpengintzan lizentziatuta daudenentzat. Frantsesa da xede-hizkuntza bakarra, eta sorburu-hizkuntzak sei: holandera, alemaniera, ingelesa, gaztelania, italiera eta errusiera; dena dela, frantses hiztun ez diren ikasleek aukera osoa dute azterketara aurkeztu, eta beren memoria-lana ama-hizkuntzan idazteko.

CETL-ean ez dira "ex-cathedra" moduko ikastaroak eskaintzen, baizik eta literatur itzulpen praktikoa jorratzen duten mintegi eta lantaldeak, teoria hutsa alde batera utzirik. Horrela, ospe eta esperientzia handiko itzultzaileak, bai Beljikakoak, bai kanpokoak ere, dira horien ardura daukatenak.

Ikasketak astean bi egunekoak dira (hiruna ordu) eta osagarrizko hirugarren egun bat gaineratzen da hamabost egunero, eta ziklo osoa hirurehuna orduko bi sei-hilabetekotan banatzen da: lehenengoan, literatur itzulpenaren oinarrizko arauak eta teknika nagusiak irakatsi nahi zaizkio ikasleari; irailean azterketa bat egiten da, eta gutxienez hamarretik sei puntu lortu behar dira bigarren urtera igaro ahal izateko. Eta bigarren sei-hilabetekoak genero berezien (antzerkia, poesia, narrazioa, zientzia-fikzioa, etab.) itzulpena du ardatz, giza zientzietarako hurbilpena ere egiten delarik. Bigarren urtearen bukaeran ere egiten da azterketa, eta zazpi puntu behar dira ikasketa-amaierako memoria-lana (ikasleak berak eginiko itzulpen oso bat, berari buruzko iruzkinekin) aurkeztu ahal izateko; lan hori ahoz defenditu behar da gero, itzultzailez eta argitaratzailez osaturiko epaimahai baten aurrean, eta aukera eman lezake argitaletxe batekin itzulpen hori plazaratzeko kontratua egiteko.

Graduondoko ikastaldi honen filosofiari dagokionez, Françoise Wuilmart, proiektuaren arimak dio literatur itzultzailearen talentua ere irakats daitekeela, pianojole batena irakatsi eta hobe daitekeen bezalaxe. Bere eritziz, talentua beharrezkoa da hasiera-hasieratik, baina bakarkako autoprestakuntzaren bide zail eta gogorra labur daiteke, hasteko, aurreko tradizioa ezagutuz, horrela ikasleak jakin dezan zeintzuk diren saihestu beharreko akatsak, eta beren neurri zuzenean epai ditzan bere aurrekoek hartutako erabaki eta irtenbideak. Ondoren, bere talentua hobeto fintzen lagunduko dioten tresnak eskuratu behar zaizkio ikasleari, oinarri teorikoak emanez, bai, baina batez ere hainbat eta hainbat ariketa praktiko egineraziz.

Wuilmart andreak baiezten duen bezala, anarkiarik handiena da nagusi literatur itzulpenean, hainbat arrazoirengatik: itzultzailearen prestakuntza eskasa, lanari ematen zaion balioespen eta ordainketa txarra, argitaratzaile askoren axolagabekeria, etab.; horregatik, askoz gehiago dira literatur itzultzaile txarrak eta, beraz, itzulpen txarrak, onak baino, eta horrek "bestearen kulturaren triskantza" ekarri du, eta ekartzen du oraindik ere. Gauzak horrela, kulturarteko eztabaidaren gai funtsezkoa izan behar du literatur itzultzailearen prestakuntzak, gainontzeko itzultzaile eta interpretariena den bezala.

Literatur itzulpena orain arteko autodidaktismoaren esparrutik ateratzeko saio honek arrakasta handia lortu du berehala, lehendabiziko urtean hirurogeita hamabost ikasle inguru matrikulatu izanak frogatzen duen bezala.


Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa [a bildua] eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net