Literatur itzulpena graduondoko irakasgai Belgikan
Koldo Biguri

Literatur itzulpena eskola eta unibertsitate askotako lizentziaturen barruan lantzen bada ere, 1991etik hasita lehen aldiz irakasten da graduondoko lizentzia bezala, CETL (Europako Literatur Itzulpenerako Zentrua) delakoak, Bruselasko Institut Supérieur de Traducteurs et Interprètes de la Communauté Française-ren babesarekin, unibertsitate-ondoko prestakuntza ziklo bat (hirugarren zikloa) antolatu bait du filologian, hizkuntzetan, hizkuntzalaritzan edo itzulpengintzan lizentziatuta daudenentzat. Frantsesa da xede-hizkuntza bakarra, eta sorburu-hizkuntzak sei: holandera, alemaniera, ingelesa, gaztelania, italiera eta errusiera; dena dela, frantses hiztun ez diren ikasleek aukera osoa dute azterketara aurkeztu, eta beren memoria-lana ama-hizkuntzan idazteko.

CETL-ean ez dira "ex-cathedra" moduko ikastaroak eskaintzen, baizik eta literatur itzulpen praktikoa jorratzen duten mintegi eta lantaldeak, teoria hutsa alde batera utzirik. Horrela, ospe eta esperientzia handiko itzultzaileak, bai Beljikakoak, bai kanpokoak ere, dira horien ardura daukatenak.

Ikasketak astean bi egunekoak dira (hiruna ordu) eta osagarrizko hirugarren egun bat gaineratzen da hamabost egunero, eta ziklo osoa hirurehuna orduko bi sei-hilabetekotan banatzen da: lehenengoan, literatur itzulpenaren oinarrizko arauak eta teknika nagusiak irakatsi nahi zaizkio ikasleari; irailean azterketa bat egiten da, eta gutxienez hamarretik sei puntu lortu behar dira bigarren urtera igaro ahal izateko. Eta bigarren sei-hilabetekoak genero berezien (antzerkia, poesia, narrazioa, zientzia-fikzioa, etab.) itzulpena du ardatz, giza zientzietarako hurbilpena ere egiten delarik. Bigarren urtearen bukaeran ere egiten da azterketa, eta zazpi puntu behar dira ikasketa-amaierako memoria-lana (ikasleak berak eginiko itzulpen oso bat, berari buruzko iruzkinekin) aurkeztu ahal izateko; lan hori ahoz defenditu behar da gero, itzultzailez eta argitaratzailez osaturiko epaimahai baten aurrean, eta aukera eman lezake argitaletxe batekin itzulpen hori plazaratzeko kontratua egiteko.

Graduondoko ikastaldi honen filosofiari dagokionez, Françoise Wuilmart, proiektuaren arimak dio literatur itzultzailearen talentua ere irakats daitekeela, pianojole batena irakatsi eta hobe daitekeen bezalaxe. Bere eritziz, talentua beharrezkoa da hasiera-hasieratik, baina bakarkako autoprestakuntzaren bide zail eta gogorra labur daiteke, hasteko, aurreko tradizioa ezagutuz, horrela ikasleak jakin dezan zeintzuk diren saihestu beharreko akatsak, eta beren neurri zuzenean epai ditzan bere aurrekoek hartutako erabaki eta irtenbideak. Ondoren, bere talentua hobeto fintzen lagunduko dioten tresnak eskuratu behar zaizkio ikasleari, oinarri teorikoak emanez, bai, baina batez ere hainbat eta hainbat ariketa praktiko egineraziz.

Wuilmart andreak baiezten duen bezala, anarkiarik handiena da nagusi literatur itzulpenean, hainbat arrazoirengatik: itzultzailearen prestakuntza eskasa, lanari ematen zaion balioespen eta ordainketa txarra, argitaratzaile askoren axolagabekeria, etab.; horregatik, askoz gehiago dira literatur itzultzaile txarrak eta, beraz, itzulpen txarrak, onak baino, eta horrek "bestearen kulturaren triskantza" ekarri du, eta ekartzen du oraindik ere. Gauzak horrela, kulturarteko eztabaidaren gai funtsezkoa izan behar du literatur itzultzailearen prestakuntzak, gainontzeko itzultzaile eta interpretariena den bezala.

Literatur itzulpena orain arteko autodidaktismoaren esparrutik ateratzeko saio honek arrakasta handia lortu du berehala, lehendabiziko urtean hirurogeita hamabost ikasle inguru matrikulatu izanak frogatzen duen bezala.