Terminologi lanak. Bideak zabaltzen
Araceli Diaz de Lezana

Sarrera

1990eko abenduaren 20an UZEI eta HAEE/IVAP erakundeek hitzarmen bat izenpetu zuten. Hitzarmen horren helburua, bi erakunde horiek, euskararen normalizazioaren eta modernizazioaren alde egiten ari diren ahaleginak koordinatzea eta bateratzea da.

HAEE/IVAPen aldetik Itzulpen Zerbitzu Ofiziala da hitzarmenaren garatzeaz arduratzen dena.

Geroztik, hitzarmenak esandakoari men eginez eta berau ahalik eta azkarren garatzeko asmoz, aipatu erakundeek hitzarmenaren punturik garrantzitsuenak betetzeari ekin diote. Hona hemen pausoz pauso orain arte egindakoak:

  • Hitzarmeneko 6. puntua: Lotura-Batzordea osatu da, Euskaltzaindiak eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak ordezkari bana eta UZEIk eta HAEE/IVAPek bina ordezkari dituztela.
  • Hitzarmeneko 1. puntua: HAEE/IVAPek, SPRITEL telematika-sarearen bitartez, herri-administrazioei (udalak, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako sailak) EUSKALTERM terminologi bankurako sarbidea eskaini die. Dagoeneko bi deialdi egin dira guztira 67 konexio daudelarik. Sarbidea, PC terminal batetik egiten da, modem bat telefonoari konektatu ondoren.

HAEE/IVAPen asmotan dago, pixkanaka-pixkanaka, herri-administrazio guztiek lan-tresna hori eskuratu arte, deialdiak egiten jarraitzea.

  • Hitzarmeneko 3. puntua: HAEE/IVAPek bere lanak EUSKALTERM terminologi bankuan sartuko ditu erabiltzaileek kontsulta ditzaten. Biltegiratze eta bateratze prozesuaren lehenengo urratsa honako hauxe da: UZEIk eta HAEEk termino bera proposatzen dutenean, terminoaren ondoan, fitxan, (B) ponderazio-marka agertuko da. (U) ponderazioa agertuko da terminoa UZEIn erabilia denean, eta (H) ponderazioa HAEE/IVAPen erabilia denean. Helburua (B) ponderaziora iristea da. Horretarako etengabe aztertu eta landu beharko dira terminoak, txostenak eginez, zenbait adituri kontsultatuz, e.a.
  • Hitzarmeneko 4. puntua: "Euskal Autonomi Elkarteko Herri-Administrazioek metodologia nahiz erabilitako terminoei buruzko proposamen eta ekarpenak egin ahal izango dizkiote UZEIri eta baita terminologi zein hustuketa-fitxak helerazi ere, beti ere Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzulpen-Zerbitzu Ofizialaren bitartez". Puntu hau garatzeko, 1992ko ekainaren 10ean Donostian, eta ekainaren 17an Gasteizen, ikastaro bat antolatu zen EUSKALTERM zerbitzuaren erabiltzaileentzat. Ikastaroaren helburua erabiltzaileei metodologia eta hustuketa-fitxaren eredua azaltzea zen. Izan ere, denok, eguneroko ihardunean, arazoak izaten ditugu termino eta unitate lexikalak ulertzeko edo dekodetzeko eta beren baliokideak euskaraz edo gaztelaniaz aurkitzeko. Oztopo horiek, bakoitzak ahal duen moduan gainditzen ditu. Hori dela eta, bide bateratua urratzea proposatzen dugu: denon artean sare bat osatzea, eta horrela batek egindako lana, besteentzat probetxuzkoa izan daiteke.

Bide bateratu hori artikulu honetako II. puntuan aurkeztuko dugu.

Baina lehenago, terminologi hustuketa zertan datzan azalduko dugu.

I. Terminologi hustuketa

Terminoen aukeraketak eta zedarriztapenak arazoak sortzen ditu maila teorikoan zein praktikoan. Arazo guztiak konpontzeko ez da beti irtenbiderik aurkitzen.

Hain zuzen, testu batean agertzen diren elementuak izaera desberdinetakoak izaten dira: hitzak, hitz-elkarketak, esamoldeak, lokuzioak, izen propioak, unitate lexikalak, terminoak, unitate terminologikoak, itzulpen-unitateak, esaldi-unitateak.

Guk, elementu horietatik, terminoak eta unitate terminologikoak bakarrik hartuko ditugu kontuan. Baina lehenago gogoraraziko dugu zer diren "terminologia" eta bere objektua den "terminoa":

Terminologia: "Giza ihardueraren esparru berezituetakoak diren kontzeptuen izendapen sistematikoa, hauek beren funtzionamendu sozialean hartuta". Eremu horietako bakoitzari talde sozioprofesional batek erabiltzen duen eta hiztegi berezitu bat osatzen duen termino-multzo egituratua dagokio.

Terminoa: "Eremu baten barruan era unibokoan nozio bakarra izendatzen duen unitate linguistiko oro, dela bakuna dela konplexua". Terminoaren funtzio nagusia izendapena da, hots, errealitate (zehatz edo abstrakto) baten eta hizkuntza-zeinu baten artean erlazioa sortzea.

Terminologiak honako kategoria lexikal hauek ikertzen ditu:

a) izenak eta izen-sintagmak

b) adjetiboak eta adjetibo-sintagmak

c) aditzak eta aditz-sintagmak

Beraz, gramatika-hitzak eta elementu sintaktikoak kanpo gelditzen dira.

Bi unitate-mota aurkituko ditugu terminologi hustuketa egiterakoan:

  • Unitate bakunak: ez dute zedarriztapen-arazorik sortzen, oso argiak bait dira.

    Ad: errekurtso.

  • Unitate konplexuak, edo izendapen-sintagmak: bi edo hiru hitzek (edo gehiagok) osatutako multzoak. Ezin dira banatu, bestela esanahia aldatu egiten da. Erreferentzi bakarreko sintagmak dira beraz; nozio bakarra adierazten dute, eta adierazitako nozioak izendapen hori du. Unitate konplexuak lexikalizatuta daudela esan ohi da. Nomenklatura batean osorik idatzirik azalduko dira.

    Ad: eu aurkeztu gabearekiko epai
    es sentencia en rebeldía
    fr arrêt par défaut
    en judgment by default

Nomenklatura bat egitean oso zaila da sintagma baten lexikalizazio-maila zehaztea. Hustuketa-garaian, unitate konplexuak bereiztuko dira, eta bigarren urrats batean aztertu egin beharko dira.

1.1 Terminologi testuen azterketaren arazoak eta metodoak

Terminologi ikerketa sistematikoan, termino eta nozioen bilketa orokorra, bi dokumentu-mota diferentetatik egiten da: lexikografikoetatik (orokorrak eta berezituak) eta ez lexikografikoetatik (entziklopediak, katalogoak, aldizkari espezializatuak, e.a.)

1.1.1 Terminoen bilketa

Hustuketaren bidez egiten da. Gehien erabiltzen den metodoa honako hauxe da: hustu beharreko testuaren lehenengo irakurketan ustezko unitate terminologikoak azpimarratzea. Eragiketa horrek, terminologoari metodologiari buruzko eta lantzen ari den eremu edo azpi-eremuari buruzko hainbat ezagupen eskatzen dio.

  1. 1.1.1 Unitate terminologikoaren lokalizazioa

Bereizten jakin beharko da: unitate terminologikoa, hitza eta hizkuntza arrunteko esamoldea.

Terminologoak eremua ezagutu behar du pixkat, horrela zenbait arazo baztertu ahal izango du, kasurako:

a) Terminoak ez diren hitzak edo esamoldeak terminotzat hartzea.

b) Terminoak diren formak eta esamoldeak aintzakotzat ez hartzea.

Lehenengo urrats hori terminoen lokalizazioa da.

  1. 1.1.2 Terminoen zedarriztapena

Ez da nahikoa terminoak lokalizatzea; oso garrantzitsua da horien zedarriztapena ondo egitea.

Hustu beharreko edozein testutan (testu berezitua, CST-koa[1], e.a.), hiru kategoria gramatikaletan (izena, aditza eta adjetiboa) adierazirik, honako forma linguistiko hauek aurki ditzake terminologoak:

a) Hizkuntza arrunteko hitz bakunak. b) Hizkuntza arrunteko esamolde sintagmatikoak. c) Espezialitate-hizkuntzetako diskurtsoko sintagma-multzoak. d) Espezialitate-hizkuntzetako sintagma-multzo lexikalizatuak (erreferentzi bakarrekoak). e) Termino bakunak.

Lehenengoek eta azkenek ez dute zedarriztapen-arazorik sortzen. Lokalizazioa da arazoa.

Besteek, ordea, lokalizazio eta zedarriztapen arazoak sortzen dituzte.

Bigarren kasuan, hau da, esamolde sintagmatikoen kasuan bi esaera-mota aurki daitezke. Adibidez:

  • "Eritzia eman" bezalako esamoldeak; testuinguruaren arabera, hots, erabileremuaren arabera, hizkuntza arruntekoa nahiz espezialitate-hizkuntzakoa dela (zuzenbide-arlokoa, adibidez) esan daiteke.
  • "Parte hartu" bezalako esamolde sintagmatikoak. Hori bakar-bakarrik hizkuntza arruntekoa izan liteke; hori bezalako sintagmen kasuan, arazoa lokalizazioa izaten da eta ez zedarriztapena.

Hirugarren eta laugarren puntuetan, aipatutako terminoek zedarriztapen-arazo handiak sortzen dituzte batzutan. Azterketa zehatza eskatzen dute.

  1. 1.1.3 Termino sintagmatikoak eta hapax-ak

Temino sintagmatikoa termino konplexua da; morfema-konbinazioa: zenbait morfema terminologikoz osatutako terminoa. Hitz-elkarketa, edo hitz-taldea (= lokuzioa) izan daiteke.

Termino sintagmatikoek bi bide har ditzakete: hapax nahiz sintagma lexikalizatu bihurtzen dira.

HAPAX-a: denbora gutxi irauten duen terminoa. Sortu eta berehala desagertzen dena. Sarritan termino edo hitz multzoa da; "CST"eko momentoko erabilera batean elkartzen da, baina gero ez da finkatzen.

SINTAGMA TERMINOLOGIKO LEXIKALIZATUA: Kontrakoa da; berau osatzen duten hitz edo terminoen arteko lotura semantikoa oso sendoa eta egonkorra da. Sintagma finkoa da, zatiezina, erreferentzi bakarrekoa.

Lan terminologikoa honetan datza: sintagma terminologikoak, diskurtso-sintagmak biltzean, hapax-ak alde batera utzirik. Gerta liteke, sintagma bat bi horietako batean nahiz bestean egotea. Kasu horretan, terminologoak testuinguruari begira bereiztu beharko du. Dena dela, badaude bi erizpide nagusi horrelako kasuetan aplikatzeko:

a) Erizpide semantikoa: sintagma terminologiko lexikalizatuen kasuan, elementuek, soilik hartuta, ez dute berariazko balio semantikorik, eta sintagma horren baitan dagoen nozioa ezin liteke adierazi sintagmaren elementu bakar batzuren bitartez.

Ad: eu nazio-produktu gordin (NPG)
es producto nacional bruto (PNB)
fr produit national brut (PNB)
en gross national product (GNP)

Termino sintagmatiko horren elementuak banan-banan hartuta nahiz bat bakarrik kenduta, nozioa desagertu egingo litzateke.

b) Dokumentazio-erizpidea: sintagma terminologiko lexikalizatuak, normalean, lan lexikografikoetan edo espezializatuetan egoten dira erregistraturik (neonimoa ez bada, hau da, azken denboraldian sortutako terminoa). Izen handiko hiztegi espezializatu batean etortzeak, autore ezberdinek sintagma hori erabiltzeak, terminoaren lexikalizazio-maila altua dela adierazten dute. Zalantzarik izanez gero, aditu batengana jo daiteke beti.

1.1.2 Sintagma terminologikoak bereizteko erizpide objetiboak

Subjetibitatea ahalik eta gehien baztertzeko, zenbait erizpide objetibo hartu behar da kontuan sintagma terminologikoak aukeratzeko orduan:

  1. Konplexutasun-mugak: sintagma luzeegia bada, segmentutan ebaki behar da.
  2. Sintagma ez da definizioarekin nahastu behar. Adibidez terminotzat jo al daiteke: "ildoak eginez lurrak lantzeko balio duen nekazaritzarako tresna"? Galdera horren erantzuna ez da erraza, ezta berehalakoa ere. Ikus daitekeenez, izendapena baino gehiago deskripzioa da.
  3. Oinarri bakarra: unitate konplexuak oinarri sinple bakar batean oinarriturik garatzen dira. Ad: ordenagailu bidezko itzulpen (azken termino hau da oinarria)
  4. Erizpide fonetikoak: entonazioa, abotsaren geldialdiak izan daitezke terminoen aukeraketa eta zedarriztapenaren determinatzaileak.
  5. Erizpide grafikoak: gehienetan, honako elementu hauek erakusten digute, termino baten aurrean gaudela : marratxoek (-), komatxoek (" "), eta italikoak; eta era honetako esaldietan agertzen diren terminoek: "X" edo "Y" objektua "Z" deituko duguna...
  6. Determinatzaile-kopurua: terminologian unitate konplexuak oso ugari dira. Alemanierari buruz egindako inkesta batean erakusten zen, hizkuntza horren hiztegi teknikoaren %85a sintagmak direla.
  7. Maiztasuna: testuetan sintagma bat maiz azaltzeak terminoa dela adierazten du, batipat autore diferenteek aipatzen badute.
  8. Sistemarekiko erlazioa: espezializazio-eremu bakoitzean, hizkuntzak termino mikrosailak eskaintzen ditu elkarren aurkakoak zein osagarriak direlarik.

    Ad: eztanda-motore, motore elektriko, Diesel motore, motore birakari (motore-mota guztiak)

  9. Sinonimoak: Terminotzat jotako unitate baten ordez beste bat erabili ahal bada, bigarren unitate horri ere termino-balioa aitortu behar zaio. Sinonimo-nozioak, laburdurak eta siglak ere hartzen ditu.

    Ad: Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ)

    (Bi hauek sinonimoak dira)

  10. Lexikalizazio-maila: Lexikalizazioa, sintagma bateko elementu ezberdinen arteko lotura-maila da. Elementu berririk gehitzerik ez badago, lexikalizazio-maila sendoa da.

    Ad: hari eroale; Koloniako ur

  11. Determinatzaileen izaera: sintagma terminologikoak oinarri batez (ik. azpiatal honetako 3. puntua) eta determinatzaile ezberdinez osatzen dira. Ikusi behar da, determinatzaile horiek zer-nolako erlazioa duten oinarriarekin, hau da, erlazio egonkorra eta funtsezkoa duten ala momentukoa.

    Ad: eu zirkulazio-sistemazko koipeztapen
    es engrase por bomba y circulación de aceite
    fr graissage sous pression à circulation continue
    en flood lubrication

  12. Itzulpena: unitate terminologiko bat bereizteko lagungarri izaten da, beste hizkuntzetako terminoekin parekatzea, itzulpena sinonimia-mota bat da eta.

    Ad: eu muga-zerga bateratu
    es arancel aduanero común
    fr tarif douanier commun
    en common customs tariff

  13. Esanahia: Terminoa esanahi-unitatea da; eremu zehatz batean, nozio bakarra argi eta garbi adierazten du. (erreferentzi bakarrekoa). Zatiezina da. Ad: gizarte-segurantza
  14. Esanahiaren kalkulua: sintagma terminologikoaren esanahia ez da osagai dituen terminoen edo hitzen esanahiaren batuketarena.
  15. Neologismo-izaera: errealitate berri baten izendapena, hasiera batean, deskriptiboa edo esplikatiboa izaten da. Azkenean erabilerak termino laburragoak finkatzen ditu. Ad: chemin de fer métropolitain - METRO
  16. Premiak: erabiltzaileen premia funtzionalak erizpidetzat hartu behar dira terminoen aukeraketa eta zedarriztapena egiteko.

Ondorioak

Gorago aipatutako erizpideetatik, batzuk formalak dira, eta besteak semantikoak. Banan-banan harturik, erizpide horiek ez dira baliagarri termino sintagmatikoak bereizteko; bateratu egin behar dira, eta hala eta guztiz ere zedarriztapen-zalantzak agertuko dira.

1.2 Termino bakoitzari buruz jaso behar diren datuak

  1. Kategoria gramatikala (izena, adjetiboa, aditza).
  2. Erabileremua: oso zaila da hustuketa-garaian termino baten benetako erabileremua jakitea. Behin-betiko erabileremua, terminoa erabiltzen den azpi-eremu guztiak harrapatzen dituen eremu generikoa izango da. Oso garrantzitsua da lanaren hasieran egin den eremu-zuhaitza kontuan hartzea.
  3. Definizioa: definizioak zehatza, argia eta laburra behar du izan, eta landutako terminoaren eduki nozionala adieraziko du.

    Definizioa dokumentaziotik aterako da; definiziorik egokiena eta osotuena edukitzeko, definizio ezberdinak bilduko dira, lantzen ari diren mugen barruan. Askotan terminologoek, adituen laguntzaz eta bildu diren definizioetan oinarrituz, behin-betiko definizioa osatu beharko dute.

  4. Testuingurua/k: terminoaren erabilera, eta bere benetako esanahia argi eta garbi erakustea da testuinguruaren arrazoia. Batzutan testuingurua definizioa izaten da.

Testuinguruak:

  • zehatza baina osoa izan behar du,
  • lantzen ari den termino edo unitate terminologikoa eduki behar du,
  • iturri fidagarritik ateratakoa izan behar du.
  1. Irudiren bat: definizio edo testuinguruaren osagarria, eta askotan beraiek baino adierazgarriagoa.
  2. Iturriak: aurreko datuak ateratzeko, terminologoak erabili duen dokumentazioa. Iturririk gabe (idatzizkoa zein ahozkoa) ez dago informazio fidagarririk.
  3. Sarrerako terminoarekin era batera edo bestera erlazionaturik dauden terminoak: sinonimoak, quasi-sinonimoak, antonimoak, laburdurak, siglak, hiperonimoak ...
  4. Hustuketa-garaian interesgarritzat jotzen den informazio oro oharrean jasotzea komeni da.

II. Terminologi hustuketa-fitxa

Aipatu dugun bezala, atal honetan ikusiko dugun hustuketa-fitxa eredua, EUSKALTERM zerbitzuaren erabiltzaileei banatu zitzaien beren ekarpenak EUSKALTERMera egin ahal izateko. Hona hemen UZEI eta HAEEren helburua:

a) Terminologien erabileraren jarraipena etengabe egin ahal izatea errebisioak eginez, adituekin batera aztertuz, terminoen arrakasta eta terminoekiko jarrerak ikusiz..., eta pixkanaka-pixkanaka terminoei ponderazio-marka jarriz, erizpideak finkatuz alegia.

b) Eremu berezituetako euskal terminologia bateratzea eta ondorioz normalizatzea.

Horretarako, honako hau eskatzen genien EUSKALTERM zerbitzuaren erabiltzaileei: eguneroko ihardunean azaltzen zaizkien termino edo unitate berriak, inon agertzen ez direnak edo hiztegietan ez bezala erabiliak ikusten dituztenak, fitxan jasotzeko; hau da, horrelako egoeratan, bakoitzak bilatu behar duen irtenbidea, eta bere ikerketaren pausoak eta emaitzak fitxan batzeko eta guri bidaltzeko.

Bi kasu bereizten ditugu:

a) Hustuketa elebakarra: euskaraz dagoen testu batean termino edo unitate ezezagunak azaltzen dira, edota ezaguna den termino batek kontzeptu edo nozio berria adierazten du, hots ohiz kanpoko adieran agertzen da.

b) Hustuketa elebiduna edo eleaniztuna: itzuli beharreko testu batean dagoen termino baten baliokidea (xede-hizkuntzan) ez da inon aurkitzen eta itzultzaileak baliokidea aurkitu behar dio.

Bi kasu horietan hustuketa-fitxak betetzea eta guri bidaltzea da kontua. Bidalitako fitxak aztertu egingo dira, trataera terminologikoa aplikatu eta ondoren EUSKALTERMen sartuko dira guztion eskura egon daitezen.

Laburbilduz, proposamena ez da terminologi ikerkeka-lan sistematikoa egitea, ikerketa puntualak ez galtzea baizik. Ikerketarako erabili diren iturriak, idatzizkoak zein ahozkoak (idatzizkoak hobetsiko) jasotzea ezinbestekoa da.

2.1 Hustuketa-fitxa

Fitxa-eredua

1. taula_Diaz de Lezana.jpg

2.2 Edukinaren deskripzioa

1. Sarrera: terminoa, esaldia, hitza

Hustuketa-hizkuntzan jasoko da. Aukeran, sarreraren atzean ohar gramatikala (ikus ohar gramatikalak) eta erabileremuaren kodea (ikus sailen kode-taula) zehaz daitezke.

2. Fitxaren edukiaren kodea.

T testuingurua
D definizioa
B baliokidea
IK ikusa[2]
O oharra[3]
IT iturria

Hustuketa egiterakoan, aurreko kodeen atzean hizkuntzaren laburdura jarriko da:

eu euskara
es espainiera
fr frantsesa
en ingelesa
de alemaniera
it italiera

3. Fitxaren edukia.

Jaso nahi den datua: testuingurua, definizioa,...

4. Toki hau betetzea nahitaezkoa da. Fitxan jaso den datuaren iturria jarriko da: egilea, izenburua, argitalpena eta argitalpen-urtea, eta orrialdea. Ahozko iturria bada osorik idatziko da.

ERANSKINAK

1. eranskina: EUSKALTERM sailen kode-taula

A: MATEMATIKA ETA ESTATISTIKA
B: KIMIKA ETA FISIKA
C: BIOLOGIA
D: GEOLOGIA
E: MEDIKUNTZA
F: NEKAZARITZA, ARRANTZA
G: INFORMATIKA
H: GARRAIOA, POSTA, TELEKOMUNIKAZIOAK
I: ERAIKUNTZA ETA HIRIGINTZA
J: HISTORIA, MILITARRA
K: INDUSTRIA
L: IHARDUERA GREMIAL KOMERTZ.
M: ADMINISTRAZIOA
N: ZUZENBIDEA
O: EKONOMIA ETA ENPRESA
P: POLITIKA, SOZIOLOGIA, ANTROPOLOGIA
Q: GEOMETRIA
R: FILOSOFIA
S: ERLIJIOA
T: PSIKOLOGIA, PEDAGOGIA
U: HIZKUNTZALARITZA, LITERATURA
V: INFORMAZIO-ZIENTZIAK, DOKUMENTAZIOA
W: ARTEAK
X: KIROLA, JOKOAK, AISIA
Y: IZENAK, TITULUAK
Z: LABURTZAPENAK

2. eranskina: Ohar gramatikalak

iz.= izena
adj.= adjetiboa
ad.= aditza

3. eranskina: Adibideak

1.- Baliokidea espainieraz/Testuingurua espainieraz eta euskaraz.

2.- Testuingurua espainieraz.

Eranskina 1_Diaz de Lezana.jpg

Eranskina 2_Diaz de Lezana.jpg

3.- Definizioa espainieraz.

4.- Baliokidea frantsesez eta ingelesez

Eranskina 3_Diaz de Lezana.jpg

Eranskina 4_Diaz de Lezana.jpg

5.- Definizioa frantsesez.

6.- Sinonimoa espainieraz/Baliokideak frantsesez eta ingelesez.

Eranskina 5_Diaz de Lezana.jpg

Eranskina 6_Diaz de Lezana.jpg

HUSTUKETA-FITXA

KONTZEPTU-ZENBAKIA:
FITXA-EGILEA:
EGUNA:

Eranskina 7_Diaz de Lezana.jpg


Oharrak

1. CST: communications scientifiques et techniques (zientzi eta teknika-arloko komunikazioa).

2. Honako kasu hauek hartuko dira kontuan: sinonimoak (sin.) antonimoak (ant.) hiperonimoak (termino generikoak) (hiperon.) laburdurak siglak

3. Ikerketarako interesgarritzat jotzen den informazio oro jasoko da toki horretan. Hustutzaileak bere proposamenak egin nahi baldin baditu, hor du tokia, beti ere arrazoituak. Behar izanez gero, fitxaren atzealdea ere erabil daiteke, edo/eta hurrengo fitxa batean jarraitu.