Itzulpengintza masterra: planifikazio baten beharra
Mikel Garmendia

Itzulpengintza Masterrari buruzko balantzea egiteko aguro samar izango bada ere artean kurtso bukaerako lana aurkeztu berria baitugu aldizkari honetarako zenbait lerro jartzeko eskaria jaso dut.

Besterentzako utziko ditut, batetik, masterrean emandako-ez emandako ordu kopuru, diru-kontu, asistentzia eta horrelakoak, bestelako ikusmolde batetik heldu nahi bainioke esku artean dugun gaiari. Bestetik, Unibertsitatearen, HAEE-IVAP eta EIZIE-ren arteko tirabira eta antolamendu etab.-i buruzkoetan ere ez naiz sartuko, urrun antxean gelditzen baitzaizkigu ikasle sufrituoi "palaziyoko" kontu horiek.

Dakigunez, edozein balantze egiterakoan, botila erdi hutsik ala erdi beterik ikus daiteke. Nik, kostako bazait ere, erdi beterik ikuste aldera egingo dut. Baina hasieratik esanda uztea komeni da: botila erdi beterik ez baina osotara beterik eskaintzea da xedea. Has gaitezen, horretarako, masterra egiten eman ditugun bi urteotan somatutako gabeziak aipatzen, horiei behar bezalako erantzuna emanez baitatorke aurrerabidea.

Bi sailetan bana ditzakegu bi urteotan landu (jaso?) ditugun ikasgaiak. Parentesi artean diot jaso zeren horretantxe baitatza ikasgaiak bi sailetan banatzearen zergatia: landu ditugunak eta jaso edo, besterik gabe, entzun ditugunak.

Lehenengo sailean sartuko genituzke estuago itzulpengintzari lotu zaizkionak: literatur itzulpena, itzulpenaren historia, alderantzizko itzulpena, itzulpen teknikak, praktika eta testu idatziaren analisia, itzulpen juridikoa, administrazio hizkuntza... Esan behar, sail honetako ikasgaiei dagokienez, euskal itzulpengintzako punta-puntako irakasleak izan ditugula eta nekez aurki zitekeela, alde horretatik, jaso duguna baino eskaintza hoberik. Era berean esan behar, ordea, sail honetako ikasgaien arteko mugak ez direla beti argi gelditu eta behin baino gehiagotan elkar nahastekatu eta errepikatu direla hainbat jakintza gai. Koordinazio kontua denez ez dirudi horrelakoak konpontzeak aparteko zailtasunik sortu behar lukeenik.

Masterreko hiru espezialitateek (ingelesa, frantsesa eta euskara) amankomunean izan ditugun ikasgaiek osatuko lukete bigarren saila: Ekonomiarako sarrera, Zuzenbidea, Informatika, Nazioarteko Zuzenbidea... Ikasgai horiek, arestian aipatu dudanez, gehiago izan ditugu entzutekoak lantzekoak baino. Bestela esanda, klase horiek hitzaldi gisakoak izan ditugu eta ez da erraza izan, halakoetara entzule gisa gindoazenontzat, entzundakoen eta itzulpengintzaren arteko loturari antzematea, nahiz eta badakigun itzulpena zernahirekin erlazionatzen erraz dela.

Bi sail horien arteko mugan kokatuko nituzke, bestalde, bigarren kurtsoaren bukaera partean jaso genituen terminologia, dokumentazioa eta arlo bereko beste zenbait ikasgaiz osatutako "poutpourri" hura. Klase horien inguruan despistea nagusitu zelakoan nago eta lehenik eta behin itzulpengintzari estu-estu lotutako gai behar luketenak bigarren saileko ikasgai amankomunen pareko bilakatu zirela esango nuke. Nahiz eta, hori bai, nola bibliotekarien hala dokumentalisten, nola terminologoen hala artxiberoen amankomuneko ezaugarri izan den informatikarekiko mirak erdi marabillaturik eduki gintuen. Lortu baitzuten, lortu ere, gu aho zabalik eta txunditurik uztea, baina badakigu horrelako emozioaldiek ez dutela luzaroan irauten baldin eta praktikara eramaten ez badira behintzat.

Guztiz bestela gertatu zen, nik uste eta horrelakoxe iritzia da nagusi ikasleen artean, hasieran ikasketa-programaren barruan ez bazegoen ere azken orduan programaratu eta gauzatutako interpretaritza-ikastaroarekin. Ordu asko izan ez ziren arren, gogotik ekin genion lanari eta argi eta garbi gelditu zela esango nuke itzulpengintza-ikasketetan ikasgai bat nola irakatsi eta landu behar den.

"C" hizkuntzari dagokionez, nork bere iritzia izango du, batzuk ingelesa eta beste batzuk, berriz, frantsesa izan baikenuen halakotzat. Frantsesari banagokio, ikasgai hori jaso ez ezik landu ere landu egin genuela esango nuke, nahiz eta, akats gisa, klasetik klasera izandako denbora-tarte luzeegiak aipatuko nituzkeen. Bistan da planifikazio on batek konpontzen dituela horrelakoak.

Botila erdi beterik ikusten saiatuko ginela esan dugu hasieran eta aurreko datuek horretarako bide ematen dute, hobetu beharrekoak hobetuz gero, noski. Bada, ordea, aurreko datu, edo neronen inpresio huts ere izan daitezkeen horietaz kanpo, gaiari bere osotasunean helduz gero, kezkatzeko moduko arrazoirik. Hona duela hiru urte, masterraren sorrera atarian hortaz, J. Zabaletak aldizkari honetan berean plazaratutako jarrera:

"Optimismoa libre da, eta obligazioa batzutan baikor izatea; esperantzari leku eman behar zaio, bada, honetan, unibertsitateaz kanpo nekez ikusten bait da, dagoeneko emanik diren pausuak emanda, itzultzaile ikasketentzako lekurik. Barrutik eta kanpotik eskatu eta estutu beharra izango da, ikasketa horien inguruan eratzen den ikerketa eta irakaskuntz antolamenduak euskal itzulpenak eta euskal itzultzaileek dituzten premiei erantzun diezaien"[1].

Ez zebilen oker aurreko hitz horiek idatzi zituena, gaur egun itzulpen ikasketak ia erabat Unibertsitatearen ildotik baitoaz, horixe baita seguruenik itzulpen ikasketen lekua. Ikerketa ere aipatzen da aurreko hitzetan eta, jakina, munduko optimismorik handienak ere ez gaitu libratuko alor horrek zegoen-zegoenean jarraitzen duela esatetik. Halaxe baita, izan ere, eta halaxe jarraituko baitu itzulpen ikasketen birplanteamendu sakonik egiten ez den artean. Bi urtekoa aski tarte zabala da ikerketa-lan serio samarren bat egiteko, eta nik behinik-behin ez dut aparteko eragozpenik ikusten masterraren hasieratik beretik edo bigarren kurtsoarenetik, berdin dio segida luze samarreko eta gerorako probetxugarri izan daitezkeen ikerketa-lanak burutu ahal izateko. Horrek, aurrean aipatutako beste akatsak konpontzeko bezalaxe, gauza bat besterik ez du eskatzen: planifikazioa.

1. Zabaleta, Josu, in SENEZ, 74. orria, 1-2 zenbakiak, 1989.