Itzulpenera hurbiltzea (I) (Zenbait errezeta)
Karlos del Olmo

Itzulpenaren inguruan ari garelarik, edota, zehazkiago esatearren, itzulpengintza teorizatu beharraz dihardugularik, askotan maila teorikotik ezin igarota geratzen gara. Bestetan, zergatik ez esan, kontrara ere gertatzen da, hau da, urte luzeetako praktika ezin aberatsagoak nola teorizatu ez dakigula gabiltza. Egia esan, itzulpengintzak ezagutu ditu teorilari eta teoria ugari azken urteotan. Horrela, esango duguna atzo arratsaldekoa ez dena jakin arren, itzulpenaren ezintasuna aldarrikatzen dutenetatik itzulpengintzaren hainbat alderdi teoria bihurtu dutenenganainoko eritzi eta proposamenak aurki daitezke. Azkenetariko bat dugu Peter Newmark teorilari (eta itzultzaile) ingelesa. Ingeleserako eta ingelesetikako itzulpenak aztertu ditu, helburu nabarmen biri begira:

a)Itzulpenaren inguruko zientzia edo jakintza-alorrei maila zientifiko beharrekoa ematea eta...

b)Kasuz kasuko azterketa "praktikoa", hau da, ingelesak itzulpenaren aurrean daukan kasuistikarako soluzio praktikoen "bildumatxoak". Itzultzaile ezagun bati mesprezuzko hitz batzu entzun nizkion behin, "errezetak"baino ez zirela zioelarik. Nik neuk, itzulpengintzan maisu eta aditu ez naizen aldetik, sukaldari onen errezetak nahi nituzke, saio apalen bitartez jaki goxoak lortzen ahalegintzeko, beren mailaraino inoiz (noizbait) heltzeko esperantzak bultzatu eta adoretuta.

Estilistika euskal itzultzaile eta idazle askoren burukomina izan da urte askoan (euskaraz estilorik ez dagoela esateraino heldu bait gara). Egia da "estilo libururik"edo "eskulibururik" ez daukaguna (bidean zerbait datorkigu!), eta horrek arlo hura sakondu beharra areagotzen du, interferentziak, zehaztasun ezak eta abarrek itotzerai-noko egoeretan jartzen gaituzten bitartean.

Jarraian doakizuena Peter Newmark profesorearen Approaches to Translation liburuko zenbait pasarteren laburpentxo bat baino ez da, zehazkiago, bigarren atalari dagokiona. Zenbait ohar oso baliagarriak dira ingelesetik itzultzeko orduan, eta areago, edozer itzultzeko orduan. Euskaraz badira antzeko lan aipagarriak (adibidez, J. Garziaren "Interferentzia ikustezinen xerka", Senez-en argitaratua). "Filologoz" beteriko geure fakultateotan "euskal itzulpenaren" (euskararen, finean) nondik-norakoak aztertu beharraz ohartuko denik agertuko delakoan, hona hemen "hausnarketarako" (zenbaitek berba hori gustoko izan ez arren) zenbait belar goxo:

Itzulpenaren linguistika:

1. Ordena eta konbinaketa onargarriak

"Sorburu hizkuntzan konbinaketa onargarriren bat dagoenean, itzultzaileak bere baliokidea aurkitu eta erabili beharko du xede hiz-kuntzan, egonez gero." (114. or.) Esan beharra dago Newmark irakasleak konbinaketa berba erabiltzen duela honako hau adierazteko: hitz edo hitz-multzo batek osatzen duen ohizko metaketa (adibidez: "Lur jota (egotea)").

Konbinaketa, normalean, bi edo hiru hitzek osaturik egoten da, gramatikalki lotuak.

"Lur jota (egotea)" konbinaketa bat da "jo" aditzak eduki ditzakeen esangura guztiak bakar batera mugatuta daudelako. "Lur", berez, ez da asko aldatzen, bere ohizko erabileratik baztertu samar agertzen bada ere. "Txano bat erostea" ez litzateke konbinaketa bat, "txano" eta "erosi"-ren adierek elkar mugatzen ez dutelako.

Konbinaketak sintagmatikoak (horizontalak) ohizko egiturak zein paradigmatikoak (bertikalak) izan daiteke. Bigarrenak soilik bihur daitezke konbinaketa sintagmatikoki ordenatzen direnean.

Sintagmatikoak zazpi taldetan sailka daitezke:
a) Berboa + berboaren izen osagarria (ingelesez): euskal ordena justu alderantzizkoa da: "hitz egitea", "meza ematea", "euria dakar". Itzultzaileak aditzaren baliokidea aurkitu beharko du (tengo frío = hotz naiz). Horrelako konbinaketetan aditzak funtzio operakorra izaten du eta izenak, maiz, ez du, berez, ekintzarik adierazten.

b) Determinatzailea + adjektiboa + izena (Ing.): euskal ordenamendua kontrakoa da. Izen bakoitzarentzako adjetibo egokia aurkitu behar da. a) baino aukera zabalagoa dugu bigarren mota hau eta duen indarra beste hizkuntzekiko kontrastean baino ez da ikusten. "a large apple", "une grosse pomme", "una manzana grande/hermosa", "una gran manzana", "sagar ederra/handi(-a, bat)".

Jakina, euskaraz orden bakarra egoten da ohizko adjektibazioan, horrela zenbait gauza korapilatzen direlarik, besteren batzu erraztu arren. Gogoratu beharrik ez dago behin baino gehiagotan entzun izan dugun eztabaida: "Mutilak, euskaraz, ez dira ederrak", edo erdal"tonto" itzultzeko orduan sortu izan diren desegokitasunak.

Zenbait izenek adjektibo-aukera zabala izaten dute alor semantiko askotan, batez ere ezaugarri fisikoei dagokienez (emakume: beltzarana, gaztea, luzea, ederra, azkarra, lotsatia...), beste batzuk, aldiz, aukera mugatuagoa izaten dute (lege: behin-behinekoa, derrigorrezkoa, mamitsua...). Jakina, tradiziozko erabileren gainean ari gara, literatur usadioz landa.

c) Adberbioa + Adjektiboa (Ing.): Klitxeak izaten dira ("immensely important"). Adberbiorik egokiena aurkitu beharko du itzultzaileak. Erromantzeetan ez da oso egitura arrunta (beste batek ordezkatzen bait du: "adjektiboa + izena": "de una inmesa importancia"). Euskarak ingelesaren antzera jokatzen du: "ondo polita da", "bereziki adierazkorra").

Aurreko konbinaketa mota biak baino askoz ere gutxiagotan agertzen da.

d) Berboa + adberbioa edo adjektiboa (ing.): euskal ordena alderantzizkoa litzateke. Kategoria mugatuagoa. Adberbioa edo adjektiboa ordezkatu behar lirateke ("feel well": "gustora/ondo egon/sentitu...", "work hard": "gogor/gogotik lan egin...").

e) Subjektoa + berboa: bi talde bereiz daitezke:

e1: Izenek eta aditzek elkar erakartzen dutenekoa: "The dog barks" ("Txakurrak zaunka egiten du"). Askotan animalien kasuan, batez ere berboak ez du beste subjektorik edukitzen. Pareko esamoldea aurkitu beharko da.

e2: Subjekto baten ostean aditz jakin bat agertu ohi da ohizko usadioetan. Kasu horietan, berbo egokia aurkitu beharra dago: "the door creaks" ("ateak kirrika egiten du").

f) Izen zenbagarria + kopurua adierazteko izena: aipatu beharra dago kasu honetan ingelesa eta euskararen ordenak berdin-berdinak direla. Itzultzaileak esamolde baliokidea aurkitu beharko du, hizkuntza bakoitzak bide desberdinak aukeratzen bait ditu: "a cake of soap" ("pastel bat xaboi"), "pastilla de jabón", "xaboi-zatia/alea/granoa".

g) Izen kolektiboa + izen zenbagarria: euskaraz, atzera ere, ordena desberdina da. Izen kolektiboa aurkitu beharko da: "bunch of flowers", "lore sorta bat".

Klitxeak, estilistikoki zein semantikoki, konbinaketen azpimultzo bat dira. Osagarrietariko bat erredundante bihurtu edo baliogabetu egin da. Klitxea ohizkoa den egitura batez ordezkatzen saiatuko da itzultzailea, edukia distortsionatu gabe argitzerik badago.

Konbinaketa paradigmatikoak ondo zehazturiko hierarkiak ditu oinarri: ahaidetasuna, koloreak, taxonomia zientifikoak, hierarkia instituzionalak (aita-ama, esmeralda berde distiratsu mota bat izatea, zuzendaria, zuzendariordea, idazkaria). Objektu extralinguistikoa usu berbera den arren, kultura bakoitzak bere esamoldeak garatzen ditu. Batzutan, hizkuntza gehienetan onargarriak diren sinonimo eta antonimoz inguratzen dira. Antonimoen artean hiru talde egin daitezke:

a) Elkar osatzen duten objektuak, talde bat (zeru-lurrak) edo serie bat (zuzendaria, irakaslea, ikaslea) eratzen dutelarik.

b) Kualitateak (adjektiboak edo adberbioak): kontrakoak direnak edo kontraesanguratsuak direnak. Termino kontrakoak formalki erakusten dira: hotz/bero, gazte/zahar. Testuetan alternatiba gisa agertu ohi dira: "iluna edo argia"...

c) Ekintzak (berboak edo izenak). Termino bikoetan, bigarrena aurrekoaren erantzuna izaten da: "joan/etorri". Hirukoteetan, bigarren eta hirugarren terminoak lehenengoarekiko erantzun positibo eta negatiboak izaten dira: "eskaini/onartu/gaitzetsi". Ekintzek elkar osa dezakete a) kasuan bezala: "ibili/korritu, lo egin/esnatu".

Badira bi konbinaketa sinonimozko:

a) Besarkatzailea:

a1) "Generoa/espeziea/subespeziea" motako hierarkiak, item baten mailaketa adieraz dezaketelarik (oso orokorra izatea ala oso zehatza), adibidez "metala orkesta barruan".

a2) Sinekdokea.

a3)Metonimia: "Gasteiz" = "(Eusko) Jaurlaritza", termino aldagarriak.

b) Bigarren mota oso idiomatikoa izaten da, eta buruko minak eman ditzake: "zor nahiz lor" eta "cueste lo que cueste" esamoldeek ez daukate bana-banako baliokidetzarik.

Konbinaketak hizkuntzaren burdinbide lexikoak dira. Itzultzaile batek konbinaketa baliokideak aurkitzen dituenean, derrigorrez erabili beharko ditu, testu/itzulpenaren osagai aldaezinak bait dira. Faktualak zein extralinguistikoak izan daitezke, termino instituzionalak zein linguistikoak. Itzultzaileak kontuz jokatu behar du, haiei jarraitzeaz gain, sorburu hizkuntzan apurtuak izan direnean xede testuan apurtzen jakiteko, ildotik behar beste aterako delarik.

2. Pentsamendu baten erdigunea: egitura logikoa

Itzultzaileak azaleko egitura nahasi eta ilun bat aurkitzen duenean, sakoneko egitura aurkitzera jo beharko du (ez dago zertan Chomskyk proposaturiko azterketa egin, lagungarria izan badaiteke ere). Newmark-en aburuz, lehenengo lana subjekto logikoa aurkitzea litzateke, berboa bigarrenik eta, hirugarrenik, beste elementuak dagoz-kien lekuetan kokatzea. Oinarrizko egitura honako hau litzateke:

Subjekto biziduna (gizakia) + operadorea (berbo iragankorra) + osagarri zuzen bizigabea. (Jakina, orden hori ingelesarena litzateke, euskararena subjektoa + objektoa + berboa bait da.)

Egitura hori, hain zuzen ere, bilatu behar luke beti itzultzaileak, ezer baino lehen.

3. Hiru serie kategoria semantikozko

Lexiko-osagaiek hiru kategoria semantiko mota eduki ditzakete. Itzultzaileak item edo osagai bakoitza kategoria guztietan kontrastatu beharko du, testuinguru bakoitzean ze egitura duen jakiteko.

  • Lehenengo serieak sei aplikazio-kategoria dauzka:

a) Adiera primarioa edo nuklearra (semema): hitz hutsak, bakarrik edo testuingururik gabe dagoelarik, iradokitzen duen lehenengo eta berehalako adiera. Hitz gehienek badaukate adiera bat, aditu eta hiztun gehienek onartua. Lehenengo adiera, zentzua, erabilerak berak baldintzatzen du. Xede-hizkuntzan duen adiera hori ez da nahastu behar sorburu-hizkuntzan zeukan (daukan) adierarekin maileguen kasua ("sanidadea", esaterako) edota bere adiera etimologikoarekin.

Garai batean gehien erabiltzen den zentzu edo adiera izaten da. Askotan, aspaldiko adiera etimologikoaren gainetik, badira beste bi gehiago. Hitz batek bi adiera dauzkanean (konkretua eta figuratua), zehatzena da nuklearra. Adiera kontzeptualak dauzkan hitz askok jatorrizko adiera konkretuak galduta eduki ohi ditu.

b) Bigarren adiera: serietan edo konbinaketetan zehazten da maiz. "Denbora" absolutua izan daiteke filosofian, musikan oso kontzeptu berezitua, eguraldia zenbait lekutan, luzea, laburra, garai historiko bat, denbora bidaltzea, denbora pasatzea, denbora ematea e.a.

c) Bigarren adiera eratorriak: bigarren zentzuen aldakiak edo adardurak dira. Bigarren adierak besteen gainetik jartzen ez diren bitartean, beren deribatuak sinonimoak izaten dira, zelan edo halan ("beldurtzea", "ikaratzea", "izutzea",...).

d) Noizbehinkako adierak: konbinaketa batean agertzen direnak: "esku-zabal"...

e) Adiera berriak: neologismo semantikoak (formalekiko oposaketan). Hitz baten adiera berriak: "oreka", adibidez (zabalkuntza semantikoa).

f) Hapax-adierak: adibide edo aipu bakar batean baino agertzen ez direnak.

Testua bereziki adierazkorra ez bada, itzultzaileak ez du neologismo semantikorik edo hapaxik sortu edo erabili behar azaldu gabe.

  • Bigarren seriea (kualitatiboa):

a) Fisikoa edo konkretua: forma materiala daukate eta zentzumenek hauteman ditzakete.

b) Kontzeptuala edo abstraktua: gogoak hauteman ditzakeenak.

c) Figuratiboa edo metaforikoa: oinarri-oinarrian, fisikotik kontzeptualera igarotzean datza. Zer esanik ez, oso multzo zabala da eta itzultzaileak arazoak izan ditzake maiz, zeren eta honako hauek ager bait daitezke: hitz soilak, (similak, metonimiak, e.a.), esamoldeak, esaera zaharrak, parabolak, alegiak, alegoriak...

Zentzuari eusteko egin beharreko aldaketa guztiak egingo ditu itzultzaileak.

d) Teknikoak edo berezituak: hitzaren adiera mugatu bat estandarizatu egiten da arlo edo jakintza motaren batean. Kategoria hau guztiz berezia da, hitzaren beste adiera eta sinonimoetatik isolatzen delako.

e) Kulturala: talde berezi baten usadioak baldintzatzen du adiera: "gay", "programazioa", "kolega", "berdeak", "kaletarra"... Itzultzaileak, batzutan, hitzaren konnotazioei buruzko oharrak eman beharko ditu.

f) Famili/lagunartekoak, slang...: askotan, konbinaketetan baino ez dira agertzen.

g) Hutsa: konbinaketetako zenbait hitzen esangura, askotan, irentsi eta huts bihurtzen da: **"gau-pasa 'egitea'"**.

Item singleek adierak eduki ditzakete a) eta b)-n edo a) eta c)-n, baina ez b) eta c)-n, d)-ko batzu a)-n ere egon daitezkeelarik. "Akatsa", esaterako, lagunartekoa izan daiteke, baina baita zientifikoa edo kultur alorrekoa ere.

Itzultzaileak, askotan, hankasartzeak egiten ditu kategoria okerretik aukeratzen duenean. Mikrotestuinguruak ilunak direnean, makrotestuinguruak erabaki beharko du.

Esan behar da aplikazio konkretu eta figuratiboak ez direla nahastu behar lehenengo eta bigarren adierekin, askotan adiera konkretu eta figuratiboak adiera nagusi bihurtu bait dira.

  • Hirugarren seriea (logikoa). Lau aplikazio semantikok osatua:

a) Denotatiboa (testuala): hitz baten esangura espezifiko eta zuzena, argazki, diagrama edo irudi baten bitartez argi erakuts eta termino behagarrietan deskriba daitekeelarik. Adiera kognitiboa, alegia.

b) Intentsioa (extra-kontestuala): termino batek adierazten duen ezaugarria edo ezaugarri-multzoa, izendaturiko gauzari berezko zai(zki)ona(k). Horrela, "Auschwitz"-en intentsioa "Poloniako hiriburu bat" izan daiteke, baina hitz horrek esaldian ze funtzio duen aztertu beharko du itzultzaileak. Intentsioaren menpean egongo lirateke, beraz, analisi semiko eta konponentzialak eta beharrezkoak dira hitzez hitzeko itzulpena ezinezkoa denean eta xede hizkuntzan terminoa ulertuko ez delako, itzultzaileak transliteratu nahi ez duenean.

c) Estentsioa (extra-kontestuala): termino batek denotatzen dituen gauza guztiak, terminoa aplikagarri zaien gauza guztien multzoa, hitz batek har dezakeen hedapen osoa.

"Auschwitz" hitzak ez dauka estentsio denotatiborik, baina bere estentsio konnotatiboa "Dachau, Mauthausen, Treblinka, ..." eta beste horrenbeste izan daitezke.

d) Konnotazioa (kontestuala): hitz edo hitz-multzo baten esanguraren alderdi batek igorle edota jasotzailearengan eragiten dituen sentimendu edo ideietan oinarritzen da. Kolokiala izaten da eta esangura hitzak esplizitoki adierazi edo izendatzen duenaz atetik egoten da. Botere handi edo txikiagoko inplikazio bat da, oso zehatza zein oso zehazkabea izan daitekeelarik. Batzutan, hitzaren adiera arrunta gaindi dezakete: "Auschwitz": "genozidioa, hilketa izugarria, ..."

  • Laugarren kategoria bat adjektibo eta berboei dagokiena da, honako hauek aipatzen dituztenena, hain zuzen ere:

a) objektuak, b) pertsonak eta c) ekintza, kualitate eta substantzietatik datozen kontzeptuak. Den-denak pertsona, gauza eta horietatik eratorritako ezaugarriei ezar dakizkieke.

a) "errepide izugarria", b) "gizon izugarria", c) "hilketa izugarria"

4. Hizkera ebaluatzailea

Hizkuntza gehienetan, eritzi eta balorazioak egiteko hitz desberdinak erabiltzen dira, hitz mota desberdinez, gainera. Itzultzaileak eritziak eta balore moralak adierazten dituen hizkera aurkitu eta baloratu behar du, horren bitartez, idazle, irakurle edo giza-aldra baten eritzi eta balio inplizito zein esplizitoak adierazten bait dira, testuinguru sozio-kultural baten ingurukoak, alegia. "Ona/ondo", "polita", "izugarria", "guztiz ona" eta horrelako hitzek ez daukate oso esangura zehatzik idazlearen edo taldearen erabilerak sortzen duen eskalan kokatzen ez diren bitartean. Hitzak, beraz, xede-hizkuntzan baliokide direnen eskalako baloreetara itzuli behar dira. Beste zenbait hitzek bi alderdi izaten dituzte: alde batetik, informatiboak baino ez direnak leudeke, bestetik, balorazioak egiten dituztenak ("txakurrak" = poliziak). Hizkuntza gehienek sorta desberdinak dauzkate honelako eremuak adierazteko: hil, gizona, emakumea, amodio/maitasuna, jatea, edatea, e.a.

Bada hirugarren multzo bat, itxuraz informatzaileak izanda, kultur testuinguruan adierazkor bihurtzen diren hitzek osaturikoa: "demokrata", "burgesa", "atzerakoia", "aurrerakoia", "komunista", "formalista", "bilbotarra", "errebisionista", "giputza", e.a. Adiera edo balore hori xede hizkuntzan ez balego, itzultzaileak oharrak eman behar lizkioke irakurleari, jatorrizkoaren eritzi-edukia gordetzearren. Areago, idazleak egindako ebaluazioaren subjektibitate-maila ebaluatu behar luke itzultzaileak.

5. Hizkuntz intentsitatearen eskala

Hizkuntza ebaluzio zein intentsitate-eskala baten arabera idazten da; kualitateak eta ekintzak adierazten dituzten hitz guztiak gradaturik daude indarra eta ahultasunaren artean, energia eta geldotasunaren artean. Intentsiate-gradua ebaluatzea subjektiboa izan daiteke. Zaila da "mild hostility" bezalako esamoldeak itzultzea, "mild" arina eta moderatua denaren arteko kontzeptua den aldetik.

6. Erregistroa eta gizarteak baldintzaturiko hizkera

Idazleak propio erabiltzen du bere-berea duen hizkera adierazkorra, dauzkan ikuspegiak eta eritziak emateko, inkontzienteki maiz.

Psikolinguistikan erabiltzen den "erregistro" terminoa oso zabal eta mugagabe bihurtu da eta gizarte barruko usadioek baldintzaturiko erabileretarako erabiltzen da. Zenbait rol eta egoeratan jendeak hizkera berezi bat erabiltzen du, ahozkoan zein idatzizkoan, fonologiko, sintaktiko eta lexikologikoki berezia den hizkera bat, erabiltzaileen diskurtsoan errepertorio hori marginala edo garrantzirik gabekoa izan daitekeelarik.

Gehien eragiten duten faktoreak honako hauek lirateke: adina, sexua, klasea, lanbidea, kasta, erlijioa, jaioterria, belaunaldia, lurraldea, eskolaratzea, ezagupen kulturalak, elebitasuna, e.a.

Bestalde, deskribatzen den gertaeraren modua eta egoerak ere eragingarriak dira, sozialki baldintzatuak bait dira.

Erregistroek itzultzailearentzat eduki dezaketen interes nagusia honako puntu hauek laburbiltzen dute:

  • Eremu lexiko bat ematea, kasurik onenean. Irakurketa egokia eskaini beharko da.
  • Zenbait hitzen desitxuraketa.
  • Zenbait erabilera sintaktiko berezi.

Erregistroa hizkera edukatu estandarretik oso urrun badago, itzultzaileak informazioaren itzulpena egin behar luke, zehar-estilo moduko bat sortuta. Hizkuntzaren ezaugarri hori sozialki baldintzatua izatea oso garrantzitsua da antzerki-literaturan eta publizitatean. Normalean, itzultzaileak ez ditu klase edo lurralde-erregistroak imitatu behar (berea izan ezik) eta ez du, sistematikoki, bere estiloa "zahartu" behar klasikoak itzultzeko orduan: hankasartze batek lekuz kanpo jarriko luke itzulpen osoa eta itzulpenak oso ukitu artifiziala har lezake. Iragarkietan irudiak sorburu-testuak baino hobeto eman ohi du itzulpenerako giltza.

7. Lengoaia eta erreferentzia

Literarioak ez diren pasarte eta esaldi gehienak, aldi berean, lengoaia, kanpoko-errealitatea, zentzua, erreferentzia, pragmatika, estilistika eta kognizioa dira. Linguistikoki zaila den esaldia bana-banako itzulpena ezinezko gertatzen deneko hura dela esan genezake, itzulpen-unitatea, azken finean, esaldi osoa bait da. Itzultzaileak funtzio informatiboak espresiboa eta bokatiboa gobernatzen dituela onartzen badu eta erreferentzia ezin hobeto ulertzen duelakoan badago, orduan, jatorrizko hizkuntzako sintaxia hartuta, esaldiaren lexia argitzera joko du, askotan oposaketak eta osagai dialektalak indartu/erraztu beharko dituelarik. Egitura argitu ondoren, esaldiaren itzulpenak ez du burukominik eman ohi.

Bestaldean, erreferentzialki zaila edo anbiguoa den pasartean, itzultzaileak batez ere egileari galdetzeko aukerarik ez badauka ziurtasunaren aldeko apostua egingo du, literaltasunari eutsita, ahal izanez gero, anbiguotasunak gorde beharko dituelarik. Orripeko oharren bat emango du beharrezkoa denean. Sorburu-testuko gertaerak ahalik eta zehatzen eta osoen eman beharko ditu itzultzaileak.

8. Anbiguotasunari buruz

Esaldi gehienek anbiguotasun lexiko eta gramatikal neurri bat dakarte, linguistikoa zein erreferentziala izan daitekeelarik.

Anbiguotasun horiek guztiak mikro eta makrotestuinguruan argitu behar dira. Anbiguotasuna makrotestuinguruan agertzen bada, itzultzaileak erreferentziala, linguistikoa ala mutur bion artekoa den erabaki beharko du. Anbiguotasuna erreferentziala izanez gero, eutsi egingo dio, dagokion itzulpena emango duelarik, adituren baten eritzia eskura ez badago. Anbiguotasun linguistikoak testua aberasten du eta itzultzaileak anbiguotasuna ematen saiatu beharko du. Ezinezkoa bada, adieretarik bat baino ez du emango, besteak alde batera utzita. Anbiguotasun lexikoak maiztasun handikoak dira. Anbiguotasun gramatikalak esaldi baten barruan hitzen arteko erlazioak argiak ez direnean agertzen dira, "zer zerekin doan" ez argitzea erraza ez denetan.

9. Lengoaia: kode eta sistema

Itzultzailea etengabe egoten da lengoaiaren izaera funtzionala eta estrukturalaren artean. Apurtu behar ez duen kode orekatu bat da lengoaia itzultzailearentzat, osorik oratu ezineko sistema bat, lexikoki infinitoa bait da. Gehien-gehienez, suposizioak egin ditzake, hiztunek garai bakoitzean eraikitako sistemaren arabera: suposizioak, hitzen adierak bezala, etengabe ari dira aldatzen.

Askotan, hain txikia den errealitate extralinguistiko eta hain handia den anbiguotasun horien aurrean egoten da. Hitzak askotan, beren ohizko lekuetatik kanpo egoten dira, beren esangurak klitxe bihurtzen dira...

10. Interferentzi motak

Itzultzaile onaren ezaugarrietariko bat interferentziaren aurrean duen sentsibilitatea dugu, terminologian zein lengoaian eragiten duelarik. Interferentziaren bederatzi alderdi hauek aipa daitezke:

a) SH-n eta XH-n antzeko forma baina esangura desberdina duten konbinaketa edo lexemak.

b) Goian bezala, baina adiera berberaz, itzulpen zuzena egin daitekeelarik (beraz, ez dira interferentziak).

c) SH-ko egitura sintaktikoak XH-an desegokiro gainezarririk egotea.

d) SH-ko hitz edo esaldi-ordena XH-an desegokiro emana.

e) Itzultzaileak ezagutzen duen hirugarren hizkuntzetatiko interferentzia.

f) Hitzaren esangura nagusiak kontestu-adiera oztopatzea.

g) Itzultzailearen gogoko erabilera estilistikoak.

h) adiera nagusiak garrantzitsua den adiera bigarrenkari bat oztopatzen du, guztiarekin ere, azkena oso bat ez datorrelarik XH-an aukeraturiko hitzarekin.

i) Itzultzailearen idiolektoa, bere lurraldeko eta dialekto sozialak barne daudelarik.

Horiei alde egiten saiatzen dena, itzultzaile ona izateko bidean dago. Bestalde, itzulpen onaren lengoaia ez dago interferentziak oso kutsaturik.

11. Konnotazioa eta denotazioa

Itzultzailearen lana, azken finean, faktore bat bestearen aurka neurtzean datza. Lantzean behin, unitate lexiko baten osagai semantiko konnotatibo eta denotiboaren artean aukeratu beharko du.

12. Metafora

Itzultzailea metafora klitxetuen bitartez emaniko SH-ko irudien esangura eskaini beharraren aurrean dagoenean, adierak, normalean, zenbait elementu semantiko dauzkala izan beharko du gogoan. Beharrezkoa izanez gero, analisi konponentziala egingo da, eremu semantikoko ezaugarri desberdinak kontrastean jarri eta egon daitezkeen aukera desberdinak hautatuko dituelarik. ("une route riante": "beautiful country road", "scenic route", "ikuspegi ederra eskaintzen duen (erre)bidea").

Kontuan izan behar da lengoaia, diakronia aldetik, metaforek osaturik dagoela. Metafora hilek adiera metaforikoa galdua izaten dute, adiera "normal, arrunt" bihurtu direlarik. Metafora gisa ez dute arazorik sortzen itzultzeko orduan eta, ahal delarik, hitzez hitz emango dira. Metafora-hizkeraren ezaugarria hizkera literalak baino adiera-aukera zabalagoa izatea da. Normalean, metafora originalek klitxetuek baino iradokimen handiagoa izaten dute, hasiera batean, behintzat; askotan hain zehatzak ez direlarik. Nola itzuli, adibidez "Kafka Iran-en" bezalako metafora bat? Kafka XH-ko kulturan ondo ezaguna bada, ez da arazorik egongo. Osterantzean, beste bideren bat hautatu beharko du: XH-ko kulturan erroturiko irudiren bat.

Desberdintasunak elkartzeko edo bereizteko trebetasunaren adierazgarri izaten dira metaforak, baita eguneroko bizitzan gertatzen den asmatze etengabearen hizkuntzazko islada ere.

Itzultzaileak, sormen-lanen bat izan ezean, gehiago jo beharko du adiera ematera XH-n metafora berriak sortzera baino.

13. Irudikoa (simila), metonimia, sinekdokea

Irudikoak metaforak baino zehatzago eta mugatuagoak izaten dira, eta ez hain muturrekoak eta konprometituak, objektua eta irudiaren arteko lotura ezaugarri bakar batera mugatzen bait da. Beraz, metaforak baino itzultzen errazagoak izaten dira eta arazorik garrantzitsuena kulturala izaten da, moldatu beharra suertatzen denean.

Metonimiak; objektu baten izena objektuari loturiko beste gauza bat izendatzeko erabiltzeak; XH-ko kultura ondo ezagutzea eskatzen du normalean. Adibidez, zer gertatuko litzateke euskaraz "ohea" erabiliko bagenu sexua edo ezkontza adierazteko, ingelesez bezala? Agian, amildegi kulturala ez litzateke oso handia izango, tradizioa gora-behera. Baina "ohea" ezagutzen duen kultura batekoentzat... Askotan, azalpenak beharko lirateke.

Bestalde, metonimia originalak oso bakanak izaten dira, eta izen eta objektuaren arteko lotura ezagutzea eskatzen dute, alderdi komunikatiboari erreparatuz itzuli beharko direlarik maiz. Beti bezala, hartzaileak dauka giltza: nolako hartzailea, halako itzulpena.

Sinekdokea (zatia osotasunaren ordez edo alderantziz ematea) antzera landu behar da eta, nahiz eta beren osagai metaforikoak fosildurik egon, normalean ezin dira hitzez hitz itzuli.

14. Esakerak

Esakeren adierak ezin dira, orokorrean, osagarrien adiera isolatuak elkartuta berreraiki. Beraz, ezin dira hitzez hitz itzuli. Esakerak oso kolokialak edo slang mailakoak badira, oso zaila izango da SH-n bertan informalitate maila bereko beste esamolderen bat aurkitzea, areago XH-n. Nahiko arin galtzen dute gaurkotasuna eta horregatik ez dituzte hiztegiek jaso ohi eta, jasoz gero, berehala baliogabetzen dira.

Itzuli behar duen hizkuntzarekiko harreman zuzena duen itzultzaileak kontu handiz jokatzen du, esakeren iragankortasunaz oharturik. Baina badira bestelako jokabide "jatorrak", esakeren menpean egoten direnenak, alegia, askotan esakeren ezaugarriak ahazten dituztelarik: literarioak, arkaikoak, oso erabilera murritzekoak izatea, e.a.

Jende askok hizkera literala erabili nahiago izaten du, tarteka-marteka metafora originalen bat gehitzen duelarik.

15. Berba atzekoa

Berba aurrekoan esan bezala, norbaitek errezeta-bilduma balio gutxiko eritziko dio goikoari. Agian. Litekeena da. Askok antzeko eritziak izaten ditu literatur kritikaz: literatura egin eta dastatzeko da, besterik ez. Gainontzekoa unibertsitari eta kazetari zapuztuen lan alferra baino ez da.

Hori egia balitz ere, itzulpenaz arduratzen diren zientzia eta jakintza-alor guztiek literatur-kritikak ibilitako tarte berdina ibiliko balute, ez litzateke aurrerapausu makala.

Itzulpenak itzultzailearen mugak (baita hizkuntzarenak berarenak ere) agerian jartzen ditu, gogoeta eta teorizazio sakonak egitera bultzatzen duelarik. Linguistikak eta traduktologiak elkarrengandik edan behar lukete, esku artean gai bera darabilten aldetik.

Bego, oraingoz!