Euskara ikasten
Iñaki Zubizarreta

1992ko martxoaren 25ean hasita, hilero, solasaldi jakingarriak izaten ditugu komunikabideetako sailekoek Ibon Sarasolarekin EIZIEren bulegoan. Berarekin ikasitakoen eta solasaldi hauetan sortutako zalantza eta premien laburpentxo bat eskaini nahi nizueke lerro hauen bidez.

Has gaitezen premiak aipatzen. Hiru azpimarratu nahi nituzke batez ere: Euskal Gramatika, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Hitzen Hiztegia. Azken biek gerora Euskaltzaindiaren Hiztegia osatuko lukete beste hizkuntzetan bezala. Badakigu hirurak lortzeko oraindik ere bide luzea ibili beharra dagoela, baina ez al legoke zerbait aurreratzerik, behin-behineko lantxo batzuk argitaratuz, batez ere Euskal Gramatikarenak eta Euskal Hitzenak, besteari dagokionez Hautalanerakoa oso baliagarri zaigun bezala?

Eguneroko zalantzan ibili beharrak asko nekatzen du. Euskal hitzak al dira honako hauek: exekutatu, zirujau, distraitu, extra, aktore, ekipo, herbizida, aprobetxatu, tortura, errezibua, tentsioa, misioa, definizioa, derrota, intseminazio artifiziala, mobilizatu, inbaditu, okupatu, postrea, entxufea, etab. luze bat?

Nik uste hiru premia hauek betetzen ez diren artean, damurik, zalantza ugarian ibili beharko dugula, eta bitarte horretan komunikabideetakoek saiatu beharko dute berriz ere euskara ikasten informazio iturrietara joaz, gramatikagintzan eta hiztegigintzan ari direnengana, alegia. Asmo honekintxe egiten ditugu solasaldi hauek, ikasteko asmoz. Hona hemen ikasitako zenbait puntu.

Azkenaldian gehiegi begiratu diogu gaztelania hutsari, nazioartekoari begiratu ordez, eta besterik ez bada, ez dugu askotan gutxienekoa betetzen, frantsesari eta gaztelaniari begiratzea, alegia, ea antzekoak diren hitzak bietan, Euskal Herria ipar eta hego baita. Horra hor beste zalantza iturria ere! Nola esan gaztelaniaz soilik erabiltzen diren hitzak: guión, traje, listín, almohadilla, rotulador, cita, equipaje, etab.? Baina bietan esaten bada eta euskal ordain jatorra ez badugu aurkitzen, orduan badirudi har daitekeela.

Euskal ordain jatorra daukagunean, ez dago erdal hitzetara jo beharrik. Adibidez, molestatu: eragotzi; paisaia: ikuspegi; isolatu: bakartu; diseinu: marrazki; dibertigarri: jostagarri; dibertitu: jostatu; cohete: suziri; leienda: elezahar, etab. Horrekin batera gogoratu behar da ez garela gu hasi euskaraz hitz egiten eta aurretik erabilitako hitzei eutsi behar diegula, beti asmatzen ibili gabe. Honela, ez zegoen urpekuntzi-aren bila ibili beharrik, Kirikiñoren itsaspeko-arekin gogoratuz gero.

Hitzekin batera, euskal esaera jatorrez adierazi behar ditugu noski beste hizkuntzetako esaerak, eta horien artean esaera sarri erabiliak, nahiz batzuetan ez hain erraz gertatu aurkitzen. Adibidez, I miss you edo te echo de menos. Bide hauetatik jo beharko genuke: zure falta sentitu/nabaritu/somatu. Edo faltan bilatzen/aurkitzen zaitut. Edo baiezkoan: gogoan zaitut. Edo zure mina/mira izan, agian? Hemen aipa genezake hegoaldean hain sartua dagoen segun-ena ere: segun zeinekin, segun eta zer egiten duen... Iparraldean ez dago segun-ik, eta badirudi hegoaldean ere ez dugula behar handirik. Segun zeinekin: zeinekin den; segun eta zer egiten duen: zer egiten duen/egiten duenaren arabera.

Solasaldi hauetan argitasun ugari ere jaso dugu eta mordoxka bat bilduko dut hona, baliagarri izango direlakoan. Hitzaldiren batean entzuna genuen ezer erosten ez badugu, erretzen ez baduzu esan behar zela beti, baina zorionez ez badugu ezer erosten, ez baduzu erretzen esaten edo idazten dutenek lasai jarrai diezaiokete bere ohiturari.

Bukaerako "n"aren zalantza ere argi xamar geratzen da: zain = ain; arrazoi, pozoi = oi. Eta ondorengo hauek beste honetara behar lukete; guzti hau: hau guztia, hau dena; guzti hori, hori guztia, hori dena; guzti horrekin: horrekin guztiarekin; guzti horretaz: horretaz guztiaz.

Badira, bestalde, gutxi izan arren, Hautalanerakoan aldatu beharrekoak ere, eta behin betiko argitalpenean aldatuko direnak: dotore: doktore, gustu/gustura: gusto/gustora.

Eta honako hitz hauetan ere bigarrena hartu beharko genuke: Ministrari: ministro; Ministeritza: ministerio; Monastegi: monasterio; Laborategi: laboratorio.

Solasaldi hauek beste abantailatxo bat ere ekartzen digute, Euskaltzaindiaren azken eztabaidez eta erabakiak nondik joango diren jakiteratzea. Adibidez, "-z gero"rena. Ekarriz gero, sortuz gero; baina hamabiak ezkero, harrezkero, honezkero.

Bada bestalde, gure herrian ohitura, behin ez dakit zeinek esan duela eta, denak atzetik joatekoa. Adibidez, Pedro eta biok esatea eta idaztea ondo dago baina ez da gehiegitu behar, Pedro eta nik baztertzeraino. Hizketa mailaren arabera dator bata edo bestea aukeratzea. Eta bada azkenaldiko beste ohitura: "-keta" eta "-aia" bukaerak gehiegi sartzea, betiko "-tze"ren ordez: kamuflatze, ispilatze, etab. Lerro ere gehiegi sartzen dugu gaztelaniazko linearen ordain gisa. Nazioarteko hizkuntza gehiagori begiratu beharra dago euskarazko ordain egokia bilatzeko.

Beste alde bat ere kontuan hartu beharra daukagu. Txokokeria gehiegi sartzeak nahasmasa handia sor lezake. Badira noski esanahi aberatseko hitzak eta esaerak eskualde eta herrietan, baina ahal dela, batez ere komunikabideetan, ezin da alde horretatik gehiegikerian erori.

Solasaldi hauen haritik asko luza gintezke argitasunetan, baina lantxo honetarako nahikoa delakoan, azkeneko bat azalduko dugu hemen, ri dagokiona. Badirudi ez dugula hain beharrezko, eta nahikoa dugula horrela: zer liburu ekarri dituzu? Zein etorri dira? Nor dira horiek niri agintzeko?

Orain dela urte batzuk gertatutako istoriotxo bat gogoratuz bukatu nahi nuke lantxo hau, mezu jakingarria duelakoan guztiontzat.

Iruñean Euskaltzaindiak gramatikari buruzko biltzarra antolatu zuen eta han geunden hitzaldi batean, eskolako gela luze batean, binaka ikasmahaietan. Aurreko mahaian neukan Koldo Mitxelena, ezkerrera. Eta han ari ziren hitzaldi ondoko elkarrizketan bat eta beste: "Bai, Mitxelenak esan zuen bezala", "bai Mitxelenak idatzi zuenez", etab. Halako batean han altxatzen da Koldo, mahai gainean kolpe ederra joaz, oihu bizian: "zer Mitxelena eta zer arraio? Hori guztia hizkuntzan dago; euskara aditu eta ikasi egin behar da!".