Egin klik inprimatzeko  |  Itzuli artikulura

Senez 15 (1994). Data: 1994ko iraila

Metaforaren itzulpena - Fred Van Besien, Katja Pelsmaekers


Laburpena

Artikulugilearen arabera, itzulpen teoriak ez dio behar adinako arretarik eskaini metaforak hizkuntzan dituen funtzio desberdinei, ezin baita literatur testuetara soilik mugatu edota gonbarazio hutsa izatera murriztu. Artikulu honetan, metaforak hainbat funtzio desberdin bete ditzakeela, baita literatur testuetatik kanpo ere, erakusten da. Metaforak hizkuntza teorietan izan duen isladari errepasua eman ondoren, egileak dio metafora edergarri soila baino areago izan daitekela hizkuntzaren erabilera ez literarioetan, hala nola testu zientifikoetan. Hortaz, ikuspegi horretatik, baliabide honek testu zientifikoetan eta hizkuntzaren beste erabilera-esparru batzuetan ere duen funtzioak garrantzi handia izan dezake itzulpen estrategiari dagokionean.




Artikuluaren itzultzailea: Javi Cillero

1. Sarrera

Metafora ez da fenomeno marginala gure hizketa eta pentsamenduetan Lakoff eta Johnsonen arabera (1980), gure sistema kontzeptualak izatez oinarri metaforikoa du: kontzeptu metaforikoen bidez pentsatu eta egiten ditugu gauzak, honetaz zuzenean ohartzen ez bagara ere. Hitz egiten dugunean, metaforek sistema kontzeptual hori isladatzen dute. Paprotté eta Dirvenek (1985), era berean, metaforaren ubikuitatea nabarmentzen dute: metafora hortxe kokatzen da, alegia, «gizakiak eta errealitateak elkarri eragiten dioteneko prozesurik sakonen eta orokorrenetan, mundua asimilatu eta bertara egokitzean» (viii or.).

Azken urteotan izugarri aldatu da metafora kontzeptuari heltzeko modua: metafora jadanik ez da hartzen oroz gainetik fenomeno semantikotzat, baizik izatez eta hein handi batean arazo pragmatikotzat.

Metaforaren itzulpenari dagokionez, itzulpengintzaren teoriari buruz irakurri dugunak pentsarazten digu metaforaren funtzioa ez dela behar bezala aintzakotzat hartzen. Bestalde, gehienetan arazo hori testu literarioei lotuta agertzen da eta metafora askotan ulertzen da gonbarazioaren alderdi bat bezala.

Gure aldetik, metaforak funtzio ezberdinak («testu mota» beraren barnean egon arren) izan ditzakeela erakusten saiatuko gara eta funtziook garrantzitsuak direla itzulpena egiteko. Gainera, argi geratu beharko da metaforak funtsezkoak izan daitezkeela testu ez-literarioetan ere, eta metaforak ez direla derrigorrez interpretatu behar simil laburtuen antzekoak bailiran.

2. Zer da metafora?

Metafora aztertzeko moduak bitan banatzen dira: hurbilpen semantikoak eta hurbilpen pragmatikoak. Metaforari buruzko teoria semantikoen arabera, metafora gonbarazio mota berezi bat da, baina ideia biren arteko elkarrekintza erabiltzailearen buruan sortua. Teoria pragmatikoek metafora esaldiaren esanahiarekin lotu barik, mintzaldiaren esanahiarekin lotzen dute eta interes handia hartzen diete esakune batek esaldian izan ditzakeen esanahi literalen eta mintzaldian izan ditzakeen esanahi metaforikoen arteko harremanei.

2.1. Gonbarazioaren teoria

Metafora aztertzeko ikuspunturik hedatuena gonbarazioaren ikuspuntutik datorren joera da eta Aristotelerekin hasten da, baina azken garaiotan ere badira ikuspuntu honi eutsi diotenak (e. b. Henle 1958; Miller 1979). Gonbarazioaren teoriaren ideia nagusia hauxe da: metaforaren oinarria bi gauzaren arteko analogia bat da eta elementu gonbaratiboa (bezala) ezabatuta daukan similtzat jo daiteke. Honela, bada, honako hauek dira metaforaren osagaiak: topikoa, hau da, mintzagaia, eta bitartekoa, hots, topikoa aurkezten digun irudia edota analogia. Topiko eta bitartekoaren ezaugarri amankomuna metaforaren funtsa da. Ondorengo metaforan, «ugazaba aita da guretzat», «ugazaba» topikoa da, «aita» bitartekoa, eta ezaugarri amankomuna «ondo zaindu eta maitatzea» da. Metafora dela medio, hauxe adierazten dugu: X (topikoa) berdin Y (vehicle) Z (funtsa)ri dagokionez.

Ohizko ikuspuntu tradizional honen arabera, metaforak errazak dira parafraseatzen hitzez-hitz, similaren bidez, ezertan galdu gabe edukin kognitiboari dagokionez. Beste modu batez esanda, metaforak batez ere funtzio edergarria du eta ustekabe atsegina suertatzen zaie irakurle-entzuleei.

2.2. Elkarrekintzaren teoria

Metaforari buruzko elkarrekintzaren ikuspuntua (cf. Black 1962) Richards-ek (1936) egin zuen planteamenduari lotuta dago. Honen ustez, metafora erabiltzen dugunean, bi subjektu ezberdinen bi pentsamendu ezberdin elkarrekin aktibatzen ari dira, nahiz eta guk hitz (-multzo) berbera erabili bi pentsamenduetarako. Hitz(-multzo) honen esanahi berria bi pentsamendu hauen arteko elkarrekintzaren ondorioa da.

«Txiroak Europako beltzak dira» adierazpen metaforikoa hartzen badugu, Europako txiroei buruz eta Amerikako beltzei buruz ditugun ideiek elkarri eragiten diote eta beste esanahi bat suertatzen da. Honela, bada, Europako txiroei buruz eta Amerikako beltzei buruz ditugun ideien elkarrekintzak adierazpen metaforikoaren interpretazio berri batera bultzatzen gaitu, zeren «beltzak» hitzak beste esanahi bat jasotzen baitu. Esanahi berri hau ulertu behar da «beltzak» hitzaren testuinguru berriak ezartzen duen esanahiaren luzapen baten antzera. Metafora honek irakurle-entzuleengan duen eragina «beltzak» hitzak duen lehen esanahiaren eta oraingo esanahi (zabalduaren) arteko elkarrekintzaren ondorioa da.

Nola sortzen da esanahiaren zahalkuntza mota hori? Honelako metaforan, «Gizona otsoa da», Blacken arabera (1982), bi subjektu ageri dira: «gizona» oinarrizko subjektua eta «otsoa» bigarren mailako subjektua. Otsoen gainean ezer ez dakien irakurle/entzuleak ez du ulertuko esaldi horren esanahia. Hala ere, hartzaileak ez du zertan jakinik «otso» hitzaren esanahi enziklopediko zuzena, ez osoa ere. Jakin behar du eguneroko berbaldian otsoei normalean dagokien ezaugarri multzoa, hau da, otsoen ezaugarri estereotipikoak (Black-ek «topiko elkartuen sistema» deitzen duena), hala nola, «anker», «haragijale», «traidore», etab. «Otso» hitzak ezaugarri estereotipiko multzo bat dakar gogora, hertsiki mugatu gabea, berari buruz adostasun handia badago ere. Beraz, «gizona»ri metafora bidez otsoa deitzen zaionean, irakurle/entzuleak beste batekin elkartzen du, alegia, jendeari erasotzen dion batekin; pertsona hori ankerra da, gosetia, etengabe borrokan dagoena, etab. Bestela esanda, irakurle/entzuleak beste ezaugarri multzo bat eraikitzen du «gizon» oinarrizko subjektuarentzat: otsoaren hizkuntzara bihur daitezke giza ezaugarri guztiak hanpatzen dira; otsoei ezin egokitu zaizkien giza ezaugarriak ezabatzen dira. Otso-metaforak, honenbestez, gizakiari buruz dugun ikuskera iragazten du, eta gure ideia oinarrizko subjektuaren gainean antolatzen du.

Metafora guztiek ez dute horrela funtzionatzen, Blacken iritziz: metafora ez hain konplexuak erraz azal litezke gonbarazioaren bidez zein ordezkapen soilaz ere. Metafora arrunt hauek hitzez hitz parafraseatzen dira inolako galerarik gabe edukin kognitiboaren aldetik. Elkarrekintzako metaforak, ordea, ezin dira hitzez hitz parafraseatu zeren bigarren mailako subjektua erabiltzeak subjektu bien ezagupena eskatzen baitu irakurle-entzuleak oinarrizko subjektua hobeto ezagutuko badu. Saia gintezke elkarrekintzako metaforak parafraseatzen subjektu bien arteko erlazio garrantzitsuak laburbilduz, baina hitzez hitzeko proposizio multzo honek ez dauka, Blacken arabera, metaforak duen indar berbera: metaforan irakurle-entzulearen beraren esku dago ekartzea subjektu bien arteko elkarrekintzaren inplikazioak eta ematea dagokien pisu erlatiboa. Parafrasian inplikazio guztiak argi eta garbi emanda daude eta pisu berbera dute.

2.3. Hurbilpen pragmatikoa

Metaforaren hurbilpen pragmatikoak honetan hartzen du oinarri: adierazpen metaforiko baten esanahia ezin da eratorri interpretazio semantikoaren oinarrietatik. Interpretazio semantikoak adierazpen metaforikoaren esanahi literalaren karakterizazioa besterik ez du ematen (cf. Levinson 1983).

Searle-ren arabera (1979), metafora ironia eta zeharkako estiloaren kategoria berean sartzen da: kasu guztiotan hiztun-idazleak esan nahi duena komunikatzen du, nahiz eta berak esaten duen hitzaren esanahiek zehazki eta hitzez hitz ez adierazi berak esan nahi duena. Bestela esanda, metafora hausturaz sortzen da, alegia, hiztunaren esanahiaren (hau da, hiztunak esan nahi duena hitz egitean) eta esaldiaren esanahi literalaren artekoaz.

Honek berekin dakar izatez esanahi aldaketarik ez gertatzea adierazpen metaforikoaren elementu lexikaletan: adierazpenak esanahi bakarra du, c.q. esanahi literala; haatik, hiztun-idazleak bestelako zerbait esan nahi du haien bitartez. Metaforaren teoriak, beraz, honako eginkizuna du: esaldiaren esanahi literala eta adierazpenaren esanahi metaforikoa elkartzen dituzten oinarriak aurkitzea.

Gricek (1975) eskaini du oinarri orokorra halako funtsak aurkitzeko. Idazle honek iradokitzen du metaforak probetxatu eta hausten duela Kualitatearen araua («saiatu zeure ekarpena benetakoa izan dadin; ez esan ezer gezurra dela uste baduzu; ez esan ezer egiaztapen egokirik gabe» 48 or. ), hau da, argi eta garbi egindako huts egitea da hizketako arau bat betetzen berataz baliatzeko hizketaldiari begira. Honek arazotan sartzen du entzule-irakurlea, zeren -Griceren arabera- mintzakideak «elkarri laguntzeko printzipioa»-ri jarraikitzen baitzaizkio, eta honenbestez, espero dute trukaketak informatiboak, benetakoak, egokiak eta zalantzabakoak izango direla. Kualitatearen araua hausteak honako galdera hau egitera behartzen du entzule-irakurlea: «Nola ulertu behar da esan duena, ustez elkarri laguntzeko printzipio orokorra zaintzen ari bada?» (49 or.).

Metafora guztiak ezin dira azaldu Kualitate arauaren hausketaren bitartez «Freud hemen bizi izan zen» bezalako adierazpen metaforikoa benetakoa izan liteke bai hitzez hitz (leku honetan bizi izan zen) bai metafora bidez (bere teoriak leku horretan bizirik zaindu ziren) (cf. Levinson 1983).

3. Metaforaren funtzioa

Hala testu zientifikoetan nola literarioetan metaforak funtzio ezberdinak ditu. Lehenengoetan, zenbait metaforak teoria zientifikoaren zati funtsezkoen funtzioa dute; beste batzu, ordea, baliabide pedagogiko gisa erabiltzen dira. Era berean, literaturan metaforak esanahi definitiboaren aldaketa errazteko erabil badaitezke ere, beste egoera batzuetan ezin dira parafraseatu eta bakarrik dira garrantzitsuak testuinguru jakinetan.

3.1. Metaforaren funtzioa testu literarioetan

Itxura denez, metaforak ez du funtzio bateraturik testu literarioetan. Aristotele, Longinus, Aquino, Hobbes, Gottsched eta beste batzuren idazkiek iradokitzen dute literatura aurre-erromantikoan metaforak edergailu estilistikotzat edota tresna didaktikotzat jotzen zirela. Honek ez du esan nahi metaforak bana daitezkeenik testuaren egitura eta efektuari begira: Erdi Aroko alegorietan metaforak batzuetan esanahi zehatzeko multzo jakinetara zabaltzen ziren, baina ezin ziren ordezkatu testuan parafrasien bitartez. Knapp-en arabera (1976) XV. mendeko prosan erabilitako metaforak ia erabat «objetibizatuak» ziren (hau da, bakarrik esanahi jakin, ondo zehaztuei lotuak), baina, halaber, askoz ere lotuagoak ziren zenbait testuingururi. Literatura aurre-erromantikoan orokorrean irakasteko erabiltzen bazen ere, batzuetan metaforak kontrako helburua zuen, tabu erlijiosoak edota sexualak eragindako kasuetan bezala. Rorich-ek (cf. Pausch 1978 13 or.) aurkitu zuenez, herri literatura, esaera zahar, esamolde eta kantetan metaforak sarritan erabiltzen ziren termino sexualak saihesteko. Eta Aquinoren Summa Theologica-ren Bederatzigarren Artikuluan honako hau adierazten da: «egiaren ezkutatzea irudien bidez baliagarria da buru azkarraren sendotzeko, bai eta sinisgabeen trufaren aurkako defentsa gisa ere, honako erran zuhurraren arabera: "ez eman ezer sakraturik txakurrei"».

Metaforaren funtzioari buruzko ikuspuntu neo-klasikoa ondo laburtua duke Gottsched-ek bere Critische Dichtung liburuan: literatura lehenik eta behin benetakoa izan beharko litzateke, hau da, naturaren antzekoa, filosofia bezala. Egia batzuetan nekez edota zail baita ulertzen, literatura metaforaz baliatu beharko litzateke, «die hauptsachlichste Gattunng verblumter Redensarten», kontu gaitzak edertzeko «fur den gemeinen Verstand unstudierter Leute» (Graefe 1976).

Literatura erromantiko eta post-erromantikoan metaforak ez dira jadanik aurrez asmaturiko egiak edertzeko edota irudikatzeko tresnak. Metaforek askotan sinboloaren funtzioa dute eta agertzen diren poemaren antolamendu edota sistematik jasotzen dute beren «esanahia». Ezra Pound-ek poema modernoa Txinako ideogramarekin gonbaratu zuen, irudi konplexua adierazten baitu elementu multzo bat elkarrekin jaulkiz predikamendurik gabe (cf. Frye 1957). Bere lankide neo-klasikoak ez bezala, poeta modernoak «ez du hautatzen gai abstraktu bat gero xehetasun jakinez edertzeko», baizik ere bilakatzen ditu bere gisako irudiak «eta haien bidez sor dezakeen edozein esanahi orokor atzematen du» (Brooks 1951). «Esanahia» oso zabal ulertu behar da hemen, zeren W. B. Yeatsek adierazi zuenez, «metaforak oso sotilak izan daitezke enteleguarentzat» eta «beste edonolako moldapen bidez sortu ezin daitekeen hunkipena sortzen dute».

3. 2. Metaforaren funtzioa testu zientifikoetan

Boyd-en ustez (1979) zenbait metafora oso garrantzitsuak dira teoria zientifikoen garapenerako, ez bakarrik zientzia baten fase aurre-teorikoa edo aurre-zientifikoan, baita zientzia helduak direlakoetan ere. Honelako metaforen funtzioa terminologia zientifiko berria eskaintzea da honela egintza nahiz hipotesi berriei egokitzeko aukera emanez hizkuntzari. Honelako metaforak, «teoria osatzeko metaforak», beste metafora batzu ez bezalakoak dira, testu zientifikoetan maizago agertzen direnak, hain zuzen ere, metafora «exegetiko» edota «pedagogiko» izenekoak.

Azken mota honetakoak parte hartzen du dagoeneko bide ez-metaforikoaz formula daitezkeen teorien irakaskuntzan eta azalpenean. Metaforak, bai eta simil eta analogiak ere, baliabide pedagogiko gisa erabili izan dira behin eta berriro gizakiaren lehen idazkiez geroztik. Platonen elkarrizketak (kobaren metafora Errepublika-n) eta Biblia dira adibide klasikoak. Metafora pedagogikoen balioa beren trinkotasun eta bizitasunean datza (cf. Ortony 1975).

Metafora pedagogikoek halaber sustatzen omen dute informazioaren oroimena, eta ulermena hobetzen dute, zuhurrago eta pertsonalago bihurtuz. Bidea errazten dute informazio ezagunetik informazio berrira, irakurle-entzuleari gai berria ulertzen laguntzen baitiote hobeto ezagutzen duen gaiarekin elkartuz.

Teoria osatzeko metaforek funtzio ezberdina dute, garrantzitsuagoa zientziaren filosofiaren ikuspuntutik. Metafora hauen funtzioa -aldi batez, behintzat- teoria zientifikoaren zati ezinbestekoa izatea da. Metafora hauek ezin dira (oraingoz) berriz formulatu hitzez hitzeko parafrasiaren bidez. Metafora pedagogikoek irakurlea gai berria gai ezagun baten argitan ikustera gonbidatzen dute; teoria osatzeko metaforak, berriz, haruntzago abiatzen dira: irakurlea gonbidatuta dago ikertzera gai bien arteko antzekotasun eta analogiak, hau da, gai berriaren aspektu oraindik ere deskubritu edo erabat ulertu gabeak. Honela, bada, metafora ondorengo ikerketara gonbidatzeko modua da.

4. Ohizko ikuspuntuak metaforaren itzulpenari buruz

Esan daiteke metaforaren itzulpenari buruz idatzi den literaturak bi angelu ezberdinetatik ikusi ohi duela arazoa: hurbilpen «tradizionala» (Nida 1964, Kloepfer 1967, Reiss 1971, Dagut 1976, Newmark 1981) batez ere itzulpenaren praktikari egokitzen zaio eta planteamendu arauemaileak egiteko joera dauka, nola itzuli beharko liratekeen metaforak gaitzat hartuta; bestalde, hurbilpen «berriago»aren helburua, batez ere, egungo metaforaren itzulpena deskribatzeko ereduak ezartzea da (Van den Broeck 1981, Toury 1985).

4.1. Hurbilpen «tradizionala»

Nahiz eta denak arduratu itzultzeko estrategia «zuzen»en formulazioaz, lehen aipaturiko autoreak ez datoz bat inola ere metaforaren itzulpenak duen zailtasun mailari dagokionez.

Batzuk (Kloepfer 1967, Reiss 1971) adierazten dutenez, metaforak ez dira jadanik bestelako hizkuntzak baino problematikoago, gizakien artean ustez unibertsalak diren imagineriaren alorrak eta irudimenaren egiturak direla medio. Beraz, metafora hitzez hitz itzuli beharko litzateke (Reiss 1971).

Metafora zenbat eta ausartagoa (hau da, konbentzio gutxiagokoa) orduan eta errazagoa litzateke (Kloepfer 1967).

Beste batzuk (Nida 1964, Dagut 1976, Newmark 1981) metaforaren berezitasun kultural eta metaforaren jatorriekin lotzen dute metaforaren itzulpenaren zailtasuna. Gehienak eszeptikoak dira metafora hitzez hitz itzul ote daitekeen. Nidaren arabera ia ezinezkoa da eta esaten du itzulpenean simil bidez ordezkatzea hurrengo gauzarik onena dela (baldin eta adierazpenaren esanahi literala eta esanahi metaforikoa sartuta badaude xede hizkuntzako diskurtsoaren unibertsoan).

Dagut-en arabera, metaforaren itzulgarritasun (literala) neurriz egokitzen zaio, bai sorburu hizkuntzan, bai xede hizkuntzan, inplikatutako esperientzia kulturalen eta erabilitako elkarketa semantikoen arteko gainezarpenari.

Newmark-ek metaforak beren «adin» edo lexikalizazio mailaren arabera sailkatzen ditu. Kloepfer-i darraikio metafora ausartak direlakoen kasuan, baina zazpi «prozedura nagusi» bereizten ditu «gordailuko» metafora horiek itzultzeko (hots, hizkuntzaren tradizioaren baitan daudenak) Dagut eta Nida-ren ikuspuntua hartuta, Newmark-ek uste du metaforak antzekotasuna adierazten duela; horregatik, prozedura nagusienetakotzat jotzen du similaren erabilera itzultzean. Bere hitzetan, «hauxe da modu nabarmena metaforaren eragina aldatzeko» (89 or.) eta honen ostean «simila metafora baino murritzago eta zientifikoagoa da» (ibid.).

4.2. Hurbilpen deskriptiboa

Van den Broeck-ek (1981) aipatzen du metaforaren erabilpen eta funtzioa itzulgaitasunaren parametro garrantzitsuak direla. Metafora «sortzaile» eta «edergarri»ak bereizten ditu, eta aurrera eginez elkartzen ditu testu literario eta informatibo-zientifikoekin, hurrenez hurren. Amaitzeko, Van den Broeck-ek itzulgarritasunaren legea ezartzen du, honela ulertu behar baita: «gutxiago edo gehiago gerta daitezkeen erlazioei buruzko planteamendu hipotetikoa»: itzulgarritasuna alderantzizko proportzioan dago bai metaforak adierazten duen informazio kopuruarekin eta bai beste gauza batekin ere, informazio hori zenbateraino egituratzen den testu batean» (84 or.).

Touryk (1985) planteamendu hauek kritikatzen ditu nahikoa deskriptiboak ez direlako: inork ez luke teoriarik egin beharko zein modutan itzul daitezkeen metaforak soluzioak «benetan diren moduan» deskribatu barik. Lan deskriptibo hutsa eginez gero, problema berriro definitu ahal da. Touryk areago adierazten du: aurreko hurbilpen guztiek huts egin dute metaforen erabilpena azaltzean «ezin baitute aurrera egin xede sisteman sortutako zenbait arau direla kausa, baina ez metafora sortzaileek berez duten funtsezko ezergatik ere» (27 or.).

4.3. Azken oharpenak

Orokorrean, teorikoetariko inork ere ez die arreta handirik ematen metaforak testuan dituen funtzio ezberdinei. Van den Broeck-en bereizketa (sortzaile eta edergarrien artean) ilun samarra da eta agian ez egokia; beste autore batzuk, berriz, metaforak fenomeno lexiko/semantikotzat jotzeko joera dute, beraiek erabiltzea garrantzi handirik gabea delarik itzultzean.

Metaforak similak bezala itzul daitezkeelako planteamendu errepikariak iradokitzen du metafora oraindik ere askotan hartzen dela antzekotasunaren adierazletzat. Oso zail eusten zaio planteamendu honi metafora «sinboliko»-en kasuan (cf. supra) poesia modernoan edota teoria osatzeko metaforetan zientzian.

5. Metaforaren itzulpenaren berrikuspena

Metaforak ez du zertan adierazi behar antzekotasunik. Honela, bada, metafora itzultzeko simila erabiltzeak ez du merezi itzulpengintzaren teoriak orain arte eman dion egoera pribilegiatua.

Itzultzaileak agian kontutan hartu beharko luke metaforak agertzen diren adierazpen/testuan baizik ez direla metaforak eta adierazpen lexikal berberak funtzio ezberdinak izan ditzakeela testu ezberdinetan; honek itzulpen lanari eragingo dio baliokidetza pragmatikoa bilatuko bada.

Metaforak funtzio edergarri soila baino areago izan dezake, eta testu literarioei dagokienez hau ezagutu bada ere, itzulpengintzaren teorikoek aspalditik ukatu izan diete metaforaren alderdi hori hizkuntzaren beste erabilera batzuri, hala nola, testu zientifikoei. Honenbestez, testu zientifikoetan ere metaforaren funtzioak garrantzi handia izan dezake itzulpen estrategiari dagokionean.

Touryri jarraikiz, ados gaude berarekin puntu honetan, alegia, ezin dela inolaz ere orokorrean hartu metaforaren itzulpena espekulaziotan sartu barik, baina atentzioa eman diezaiekegu testuetan metaforaren funtzio ezberdinei, itzulpengintzaren egiazko teorikoek puntu hori aztergai izan dezaten.

Bibliografia
AQUINO, TH., «Whether Holy Scripture Should Use Metaphors», from: Summa Theologica (trans. Dominican Fathers, 1927) reprinted in: H. Adams, Critical Theory Since Plato, New York, Harcourt Brace Jovanovich 1971, pp. 116-119.

BLACK, M., Models and Metaphors, Studies in Language and Philosophy, Ithaca, Cornell University Press, 1962.

BOYD, R., «Metaphor and Theory Change: What is 'Metaphor' a Metaphor for?», in: R. Ortony (ed.) Metaphor and Thought, Cambridge University Press, 1979, pp. 356-408.

BROOKS, C., «Irony as a Principle of Structure», 1951, reprinted in: H. Adams, Critical Theory Since Plato, New York, Harcourt Brace Jovanovich 1971, pp. 1041-1048.

DAGUT, M.B., «Can metaphor Be Trasnlated?» in: Babel, 22, 1976, nº 1, pp.21-33.

FRYE, N., «Ethical Criticism: Theory of symbols», from: The Anatomy of Criticism, Princeton University Press, 1957, reprinted in H. Adams, Critical Theory Since Plato, New York, Harcourt Brace Jovanovich 1971, pp. 1118-1147.

GRAEFE, U., «Die rationalistische Kontrolle der Metaphor in der kritischen Poetic Gottscheds», in: H.A. Pausch, Kommunikative Metaphorik, Bonn, Bouvier, 1976, pp. 81-95.

GRICE, H.P., «Logic and conversation», in: P. Cole & and J.I. Morgan (eds.) Syntax and Semantics, Vol. 3, Speech acts, New York, Academic Press, 1975, pp. 41-58

HENLE, P., «Metaphors», in: P. Henle (ed.) Language, Thought and Culture, University of Michigan Press, 1958, pp. 173-195.

KNAPP, G.P., «Die bedingte Metapher. Ein Beitrag zum frühneuhochdeutschen Roman», in H.A. Pausch (Hrsg.) Kommunikative Metaphorik, Bonn, Bouvier, 1976.

KLOEPFER, R., Die theorie der literarischen Übersetzung, München, Fink, 1967.

LAKOFF, G. & M. JOHNSON, Metaphors We Live By, Chicago University Press, 1983

LEVINSON, S.C., Pragmatics, Cambridge University Press, 1983.

MILLER, G.A., «Images and Models», Similes and Metaphors, in: R. Ortony (ed.) Metaphor and Thought, Cambridge University Press, 1979, pp. 202-250.

NEWMARK, P., Approaches to Translation, Oxford, Pergamon Press, 1981.

NIDA, E., Towards a Science of Translating, Leiden, Brill, 1964.

ORTONY, A., «Why Metaphors Are Necessary And Not Just Nice», Educational Theory 25, 1, 1975, pp. 45-53.

PAPROTTÉ, W. & R. DIRVEN (EDS.), «The Ubiquity of Metaphor and Thought», Cambridge University Press, 1979, pp. 92-123

TOURY, G., «A Rationale for Descriptive Translation Studies», in: T. Hermans (ed.) The Manipulation of Literature, London, Croom Hlem, 1985, pp. 24-38.

VAN DEN BROECK, R., «The Limits of Translatibility Exemplified by Metaphor Translation», in: Poetics Today, vol. nº 4, 1981, pp. 73-87.

 

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org | Tel. +34.943277111
Eizie.org EIZIE

Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net