Hemen zaude:
 » 
 » 
Senez 16 (1995)
Data: 1995eko iraila

Senez 16 (1995)

Aurkezpena - Koldo Biguri

Irakurle lagun hori:

SENEZ aldizkaria itxuraberriturik eta gogoberriturik aurkituko duzu hemendik aurrera; itxuraberriturik, erakargarria izan nahi duelako mamian bezala azalean ere, itzulpenari buruzko gogoetak ez duelako zertan erudizio-ariketa gordina izan; eta gogoberriturik, bere edukia lehen baino esparru gehiagotara zabaldu nahi duelako,eta, batez ere, aukera eman nahi diolako itzulpen lanaz aritzera edo bere itzulpen lana erakutsi edo aztertzera ausartu nahi duenari asmo hori betetzeko, orriotan parte hartzen dutenak gero eta gehiago izan daitezen, hemen jorratzen diren gaiak itzultzaileon eguneroko lanetik hurbilago egoteko asmoz.

Izan ere, itzulpenaren inguruan hainbat eta hainbat esperientziaren jabe bihurtzen ari gara han-hemenka sakabanaturik, norbere lantokian dihardugun itzultzaile-interpretari-zuzentzaileok, eta esperientzia horiek, diren xume eta apalenak ere, merezi dute, bai, guztion ondare bihurtzeko ahalegina egitea. Aldizkari honek ez du inoren curriculum akademikoa gizentzeko helbururik, eta bai ordea gure lanari buruz hitz egitea, gure lanean aurkitzen ditugun arazoak eta haien irtenbideak elkarri ezagutzera ematea; edota, zergatik ez, gure lana besteen begien aurrean jartzea ere.

Horregatik, itxura berri honekin, era askotako artikuluek eduki dezakete sarrera SENEZ berrian: motzak eta apalak bezala, luzeak eta mamitsuak ere. Itzulpen komentatuek ere zerikasi handia eman diezagukete, eta horregatik haiei ere zabaldu nahi dizkiegu orriak. Era berean, itzulpena nagusiki langintza praktikoa izaki, itzulpenak ere sartu nahi ditugu, zuek irakurleok bidali nahi dizkiguzuenak: poesiak, ipuin edo kontakizunak, besteen artikuluak edo zernahi ere, labur izateko baldintza bakarrarekin. Badira, izan ere, testu interesgarri asko euskarara itzuliak izatea merezi luketenak, eta agian non argitaratu ez dutenak, laburrak direlako edo; bada, SENEZ honetantxe aurki dezakete agertokia.

Aldizkari hau itzultzaileona eta itzultzaileontzat izatea da gure nahia, lan eder honetan aritzen garen guztiontzat zabalik egotea, ez bakarrik irakurtzeko, baina baita idazteko ere. Azken finean, nonnahi topa daiteke jakinbidea. Guztion gustukoa izan dadila.

AURKIBIDEA

Zenbait Poema - Yehuda Amicha´
Ibon Sarasolarekin berbetan - Koldo Biguri
William Shakespeareren antzerki-lana euskaraz - Xabier Mendiguren Bereziartu
Shakespeareren sonetoak itzultzen - Juan Garzia
Bukowski itzultzen, lexiko mediatiko-hondakinezkoaren beharra - Josu Lartategi
Itzulpenera hurbiltzea. Zenbait errezeta (III) - Karlos del Olmo
Hura eta bera. Haren, beraren eta bere - Jose Morales
Itzulpena eta sorkuntza - Mikel Garmendia
Itzulpenarekiko beldurra - Koldo Biguri
Itzulpengintza eta hizkuntza perfektua - Umberto Eco
Liburuak - Xabier Mendiguren Bereziartu