| EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH | ||
![]() ![]() |
||
| Albisteak Argitalpenak Jarduerak Tresnak Elkartea Itzulpen katalogoa Intranet | Mapa |
|
HEMEN ZAUDE: EIZIE » Argitalpenak » Senez » Senez 16 (1995) » Hura eta bera. Haren, beraren eta bere - Jose Morales |
||||||
|
Data: 1995eko irailak Hura eta bera. Haren, beraren eta bere - Jose MoralesLerro hauetan hirugarren pertsonako izenordainez arituko naiz aurrena. Batetik, genero-markarik ezak buruhauste politak ematen dizkigu, bestetik baina, hura eta bera-ren erabilera argi araututa dago eta ez dugu arazo handirik izaten. Beraz, aitaren batean garbituko ditut horiekikoak. Hurrena, hirugarren pertsonako izenordainen genitiboen auzia zertan den laburbiltzen saiatuko naiz. Gehiago luzatuko naiz horretan. Izan ere, nahaste-borraste izugarria dago haren, beraren eta bere izenordain genitiboek osatzen duten zorioneko hirukote horren erabilerari dagokionez. Lehengo garai batean, artean eskarmentu handirik gabea eta laino samarra zelarik, itzultzaile sufritua noraezean ibili zen oihan zabartsu horretan galduta. Sastrakaditik onik aterako bazen zirt edo zart egin beharra zuen berandu baino lehen eta, halatan, bidea ebakitzeari ekin zion. Ereduzko iritzi zien testu batzuk aukeratu eta bertan izenordainen genitiboak nola erabiltzen ziren aztertu zuen aurrena. Ondoren, zenbait hizkuntzalarik horretaz esandakoak bildu eta, azkenik, hori guztia kontuan hartuta, erabilera bat aukeratu eta besteak baztertu zituen. Artikulu hau azterketatxo horren emaitza da. Seguraski, orri hauetan ez duzu ezer berririk aurkituko, handik eta hemendik hartutakoak bildu besterik ez baitut egin. Ez dut ia ezer okertzat joko, baina bai erabilera bat hobetsiko. Eta erabilera hori zergatik aukeratu dudan argitzen ahaleginduko naiz, baten bati baliagarri bazaio. Filologi ikasketarik ez dut, ez naiz hizkuntzalari, eta baliteke erabiltzen dudan terminologia guztiz egokia ez izatea. Alegia agian ez dut termino zehatzekin asmatu. Barkatuko ahal dit bekatutxo hori irakurle zorrotzak! Baina gatozen harira. Hura eta bera Kontua da gure inguruko hizkuntzetan hirugarren pertsonako izenordainek generoaren marka dutela (besteak beste, él, ella gaztelaniaz edo he, she ingelesez). Horrek izugarri errazten du nortaz ari garen zehaztea, errepikatuaren errepikatuaz ia oharkabe bihurtu diren eta esaldia batere zamatzen ez duten hitzen bidez. Beste hizkuntza batzuk, gainera, are espezializatuago daude horretan: errusieraz, esaterako, iraganean aditzak berak hartzen du generoaren marka, eta izenordainarekin batera agertu ohi den arren, zilegi da izenordaina ezabatzea batere informaziorik galdu gabe. Euskara, aldiz, ez dago espezializatuta horretan; hau da, izenordainek ez dute genero-markarik. Eta horrek arazoak sortzen dizkigu hainbat testu itzultzean. Nortaz ari garen, nork hitz egin duen edo ekintza nork egin duen argi geratuko bada, sarritan, nola edo hala konpentsatu beharra dago genero-markarik eza. Izenordaina barik, beste zerbait jarri beharko dugu anafora gisa, besteak beste: - Sexua eta adina (gizona, emakumea, neska, mutila...) - Ama, semea, aitona, izeba... - Ogibidea - Antezedentea zein den argituko duen beste zerbait. Aukera zabala dago eta, izenordainak han-hemenka sakabanatutako banaka batzuk besterik ez direnean, erraz konpontzen da arazoa. Hori bai, itzultzaileak zuhur jokatu behar du beti: konpentsazioa egiteko erabilitako hitzak ahalik eta neutroena edo markatugabeena izan behar du, helburua antezedentea argitzea baita, eta ez hari buruzko iruzkinak egitea. Demagun, esaterako, gizon zahar, argal, garai, begi-beltz eta burusoil bat daukagula eta aurreneko aldiz agertu dela liburuan. Itzultzean, aukeran, honelakoak erabiliko ditugu izenordain anaforikoa ordezteko: esan zuen gizonak, esan zuen gizon zaharrak, esan zuen gizon argalak... Baina ez honelakoak: esan zuen begi-beltzak, esan zuen gizon burusoilak... baldin eta, jakina, egileak ez badu horrelakorik egin. Gehienetan, pertsonaiak izen eta guzti agertzen dira behin baino gehiagotan liburuetan. Beraz, egokiena bakoitzaren izena erabiltzea da edo, bestela, eta haiei buruz egileak eman dituen datuen arabera, tankera honetako bikoteak: mutila/neska, ama/semea... Gabriel García Márquez-en Koronelari ez dio inork idazten liburuko pasarte honetan, esaterako, Tomas Sarasolak koronela eta andrea hitzak erabili ditu él eta ella izenordainen tokian. Izan ere, idazleak el coronel eta la mujer (koronelaren emaztea alegia) erabiltzen du gehien-gehienetan. Él encendió la lámpara para localizar la gotera en la sala. (...) Ella rió en voz baja. «Ya ni siquiera me acuerdo de los monicongos», dijo. El coronel trató de verla a través del mosquitero. - ¿Cuándo fuiste al cine por última vez? - En 1931 -dijo ella-. Daban La voluntad del muerto. - Bi urte falta dira -esan zuen andreak.
Orain Mikhail Jurevitx Lermontov-en Gure garaiko heroia itzultzen ari naiz Literatura Unibertsala bildumarako. Bada, lehengo egunean tankera horretako pasarte bat egokitu zitzaidan. Itzulita emango dizuet hemen: Beraz, itzultzaileak izena erabiliko du nagusiki, baina batzuetan egileak berak zabalik uzten dio atea beste hainbat aukeraz ere balia dadin. Azken batean, senak esango digu kasu bakoitzean zein den irtenbiderik egokiena. Arazoa ez da makala. Hona zer esan zuen itzultzaile batek horretaz: Erabilerari dagokionez, hura-bera bikoteak ez du arazo handirik sortzen. Hura izenordain arrunta da, nagusiki erabiliko duguna. Bera, berriz, izenordain arruntaren forma indartua da eta seinalatzen duen pertsona aurretiaz aipatua bada erabiliko dugu. Hori dela eta, bi joera dago: ekialdean, ordezten duen pertsona esaldi berean agertzen bada erabiltzen dute. Mendebaldean, ordea, aurretiaz noizbait aipatua izan bada erabiltzen dute, beste esaldi batean delarik ere. Nire ustez, garrantzizkoena ez da, besterik gabe, aurretiaz aipatuta agertzea, bera horrek nor ordezten duen argi egotea baizik. Izan ere, baliteke aurretiaz aipatua izatea baina horren ondoren beste pertsonaia batzuk agertu izana tartean. Orduan, ez legoke argi bera esatean nortaz ari garen. Beraz, laburbiltzeko, esan dezakegu bi baldintza bete behar direla bera erabili ahal izateko: antezedentea aurretiaz aipatuta egotea (esaldi berean zein beste batean) eta argi egotea zein pertsona ordezten duen. Dena dela, hura erabiliko dugu bi kasuotan: b) Erakusleak erakusten duen pertsona gehiagoren arteko bat bada. Ikasleetako batek zuzendariarengana jo zuen azterketa berriro zuzentzeko eskatzera. Hura (ikaslea) urduri jarri zen bulegoko atea itxi orduko. Inguruko hizkuntza gehienek ez-bezala euskarak forma bihurkaria du, hau da, besteak baino espezializatuago dago honetan. Baina erabilerari dagokionez nahaste izugarria dago eta mota guztietako erabilerak ikusten dira. Baina azter dezagun pausoz pauso auzi hau zertan den. Batetik, forma arrunta dugu eta, aukeran, forma indartua: haren eta beraren. Hura eta bera nola erabili behar diren azaltzean aipatu ditugun arau berberak bete behar dira. Bestetik, forma bihurkaria dugu: bere. Eta arau argi bat dago bere noiz erabili behar dugun esaten diguna: Erabilerari buruzko ataltxo hau bukatutzat eman aurretik aipatu beharra dago batzuetan anbiguitatea gertatzen dela. Esaterako: Koldok Miren bere etxera eraman du. Horrelakoetan, ekialdeko idazle zaharrek bere erabiliko lukete Koldoren etxeaz ari garela adierazteko eta haren, berriz, Mirenen etxeaz ari garela argitzeko. Hauta-Lanerako Euskal Hiztegiak honakoa dio bere sarreran: Horra hor, bada, nahastearen gakoa. Bi bere ei daude: bihurkaria eta indartua. «Mendebaldeko» euskalkietan bere = beraren (indartua). Bere-k bera izenordain indartuaren genitiboaren lekua hartzen du. Hona zer dioen EGLUk: Baina gero arituko gara horretaz. Oraingoan, dagoen bezala balio digu argibide gisa. Koldo aurretiaz aipatuta ageri denez eta nortaz ari garen badakigunez, goian aipatutako arauak zorrotz betez, honakoa ere egin dezakegu: Beraz, mota guztietako erabilerak ikusten dira: - Haren (arrunta), bere (bihurkaria). Beraren inoiz ere ez. (Kasurako: Otto Pette) - Haren (arrunta), bere (indartua zein bihurkaria). Beraren inoiz ere ez. - Bere (arrunta, indartua zein bihurkaria). Haren eta beraren inoiz ere ez. Koldo ohean eserita dago eta aita zutik bere aurrean. Gizon bat hilik agertu da ibaian, baina poliziak oraindik ez du bere gorpua identifikatu. Ni neure aurrean nago. Nik oraindik ez dut neure gorpua identifikatu. Izan ere, hori nire etxea da, hori zure etxea da edo hori gure etxea da esaten dugu denok. Beraz, kateari jarraiki, berez dator hori haren etxea da beharko lukeela. Eta, halatan, honako hauek hobetsiko nituzke: Koldo ohean eserita dago eta aita zutik haren aurrean. Gizon bat hilik agertu da ibaian, baina poliziak oraindik ez du haren gorpua identifikatu. EGLUren ikuspegitik bi erabilerak zuzenak izateaz gain, tradizio luzea eta zabala dute biek ala biek ere. Jo dezagun berriz ere Orotariko Euskal Hiztegira, bere sarrerara: Dena zilegi izanik ere, hainbaten iritziz, idazkietan orokorrean eta literaturan bereziki ekialdeko euskalkien erabilera bultzatu beharko litzateke. Gainera, badirudi joera hori indartzen ari dela egunetik egunera (ikus besteak beste, bi liburu bikain hauek: Elizen arteko biblia eta Otto Pette). Arazoa ez da atzo goizekoa. Forma arruntaren, indartuaren eta bihurkarien erabilerak biziki kezkatu du aspaldidanik hainbat hizkuntzalari. La declinación del vasco literario común liburuan Villasantek argi eta garbi azaltzen du arazoa zertan den, baita horri buruzko iritzia eman eta irtenbidea erakutsi ere. Alda dezagun hona, bada, liburu horretako zenbait pasarte. «En realidad, la distinción de sencillos e intensivos (alegia, bihurkariak) es común a toda la lengua y se debe tender a restablecer su recto empleo.» (72. or.) «¿Cuándo se debe emplear la forma sencilla y cuándo la intensiva? Creo que ha sido Gabriel Aresti el primero en darse cuenta de una regla que regula este uso en los autores antiguos. Podríamos expresarla así: Cuando la misma persona a la que se refiere el posesivo entra en el verbo, dicho posesivo adopta la forma intensiva (mejor dicho, reflexiva, pues tal parece ser su función). (...) Esta regla parece observada por Axular con regularidad. Dígase lo mismo de Leizarraga.» (72-73. or.) «Los navarros y vascofranceses observan indefectiblemente una regla bien precisa que regula el uso de "haren" y de "bere". (...) Cuando la misma persona a que se refiere el posesivo entra en el verbo, dicho posesivo adopta la forma intensiva (es decir, bere, no haren). (...) Pero como en castellano se usa para todo el "su" indistintamente, dando lugar a grandes anfibologías, los vizcaínos y guipuzcoanos, olvidando su propia tradición, echan también mano del "bere" en todos los casos. Sería de desear la vuelta a la tradición general, que tan bien guardan los navarros y vascofranceses. (...) En la función eucarística de reserva del Santísimo Sacramento suelen recitarse unas alabanzas en reparación por las blasfemias. "Bendito sea Dios, bendito sea su santo nombre", etc. En las iglesias de Navarra este "su", conforme a la tradición genuina, se traduce por "haren"; en las de Vizcaya y Guipúzcoa, ordinariamente por "bere". «Bedeinkatua izan bedi haren izen santua». La vuelta a la genuina tradición que un día fue universal y que aún hoy está viva en una parte importante del país, parece exigirla el impulso unificador. Axular jamás se equivocaba en este punto. (...) En suma, al hablar de los otros pronombres intensivos dijimos que no es lícito o justo que el sencillo invada el campo del intensivo, o viceversa. Lo mismo, ni más ni menos, decimos aquí: "bere" que es un intensivo, no debe usurpar el dominio que corresponde al sencillo ("haren", y a sus dos hermanos "honen", "horren").» (86-88. or.). Dena dela, kontuan izanik bi erabilerek tradizio luze eta sendoa dutela, erabilera zuzenaz eta okerraz hitz egin beharrean, bi erregistroz edo bi hizkuntz mailaz aritu beharko genuke. Haren, beraren, bere elkarren osagarri gisa, bakoitza bere zereginerako eta, bereziki, bere bihurkari soil gisa erabiltzea jasoagoa eta zehatzagoa da eta, beraz egokiagoa literaturarako eta hobestekoa batasunerako, inori ez dio-eta ulertzeko arazorik ekartzen. Zehaztasuna oso eskertzekoa da itzulpengintzan. Horretarako ditugun baliabide guztiak erabili beharko genituzke, eta euskarak arlo horretan duen espezializazio handiari etekina atera. Adibide bat jarriko dut hori erakusteko. Koldok liburu bat dauka eta Mirenek beste bat. Hau da, liburu bana daukate, nork berea. Kontua da Koldok liburua galdu duela. Eta Mirenek ere bai. Bila eta bila ari direla, halako batean Gainera, nire gusturako euskara batuko literatur hizkuntzaren eredutzat hartzekoak diren zenbait testu ikusita (Elizen arteko biblia eta Otto Pette besteak beste) badirudi joera hori nagusitzen ari dela. Beraren-en ordez bere forma indartu gisa erabiltzea, berriz, erabat gaitzetsi barik, hizkuntza informalerako gorde liteke, lagunarteko erregistro moduan edo. Argi gera bedi, dela dela, honako honetan euskara batuko literatur hizkuntzaz soilik ari naizela eta horretarako eta ez beste ezertarako hobesten ari naizela erabilera jakin bat beste guztien artean. Hori bai, nik behintzat baztertu egingo nuke haren forma arruntaren ordez bere erabiltzea. EGLUk dioenez, bigarren bere hori bera izenordain indartuaren genitiboa edo izango litzateke eta bera erabiliko dugun baldintza beretan erabiliko dugu. Baina inon ez da esaten hura izenordain arruntaren genitiboa edo izango litzatekeela eta hura erabiliko dugun baldintza beretan erabiliko dugula. Beraz, badiruri benetako okerra hor dagoela eta nahaste hori dela baztertzekoa. Horiek guztiak gorabehera, arauak argiak izanik ere, badira hain argiak ez diren kasuak. Batzuetan zail da araua aplikatzea eta, gainera, arau guztiek bezala, hauek ere badute makinatxo bat salbuespen. Itzultzailearen esku geratzen da, beraz, arauaren mamia zein den ahaztu gabe, kasu bakoitzean irtenbiderik egokiena bilatzea. Azken ohartxo bat: lagunekin arazo honetaz aritu naizenean, zenbaitek esan dit hura edo haren horrek sujetua urruntzen duela: irudi luke ekintzaren edo kontaketaren esparrutik harago gelditzen den hirugarren batez ari garela. Nire ustez, hori gertatzen da hura oroz lehen erakusletzat hartzen delako: hau, hori, hura (gaztelaniazko aquél). Baina kontuan izan behar da ezen, erakuslea izateaz gain, hura hirugarren pertsonako izenordaina ere badela: ni, hi, hura, gu, zu, zuek, haiek. Maiztasunaren azterketarik egin gabe ere, nago ohikoagoa eta ugariagoa dela hura izenordaina hura erakuslea baino. Bestetik -eta oraingoan ez diot erabilera-motari erreparatzen- izenordainak (arruntak, indartuak zein bihurkariak) gero eta maiztasun handiagoz erabiltzen dira. Maizegi, esango nuke nik, sarri askotan haien premiarik ez badago ere. Uste dut ugaritasun hori murriztu beharko genukeela eta euskarak berezkoago dituen beste bide batzuk baliatu. Azkenik, orain arte esandakoak kontutan hartuta eta arazoa hausnartu ondoren itzultzaile honek hartu zituen erabakiak laburbilduko ditut hemen. a) Nagusiki forma arruntak erabili. Forma indartuak edo bihurkariak ezinbestekoak direnean soilik baliatu. Hona zer dioen Altubek: c) NOR-NORK edo NOR-NORI-NORK aditz jokoak erabili genitiboak saihesteko. Hona zer dioen Villasantek Orixez ari delarik: d) Kontuan izan sarri askotan izenordainen genitiboak ez direla beharrezkoak eta euskarak ezabatzeko joera duela. (Jakina, beti ere, argi badago norena den). (Zure) semearekin zaude. Koldo (bere) gurasoekin bizi da. (Bere) etxera joan da. (Bere) txanoa jantzi zuen. Etxe bat ikusi zuen (bere) begien aurrean. Oin hotsa entzun zuen (bere) atzean. f) Deklinabidea. EGLUn gauzak oso argi ez daudenez, Villasantek La declinación del vasco literario común liburuan agertzen dituen deklinabide-taulei heldu diet nik. Bera: bera, berak, berari, beraren, berarentzat, berarekin, berarengan, berarengandik, berarengana... Bere: bere, beretzat, berekin, beregan, beregandik, beregana... Eta, amaitzeko, hona hemen esaldi sorta bat nik aukeran hobetsi dudan erabileraren erakusgarri. Beraz hunelatan arrazoinekin edukiko dugu guk ere fidantzia handia eta esperantza beroa geure Iainkoa baithan eta haren miserikordian. (Ax. 84) Hola, adiskidea, orai zuk soñean darabiltzatzun arropa horiek, zuk baino lehen erabili zituen bere bizkarrean ardiak, zeren haren illeaz eginak baitira. (Ax, 270) Aita eta haren semea heldu ziren. (Lafitte) Wade izeneko gizon baten bila nabil, jauna. Bere etxetik aldeginda dabilen alkoholiko aberats bat. Haren historialak pentsarazten du modu egokian zaindu dezakeen leku diskretu batean izkutatu dela. (Ez adiorik) Milaka istorio kontatzen zuten haren aurrean, beraren lepotik asmatuak. (Longaina) (...)-erantzun zidan borreroburuak, haren gorputz kankailuari guztiz arrotz eta bitxi zitzaion ahots mehe batez. (Otto Pette) Grazibelek zuen oraingoan bizkarra kadira-bizkarraren kontra laxatuta eta haren aurrean nengoen ni. (Otto Pette) -Hoa, hoa atzera! -zapuztu zitzaidan, beti ere haren ezpataren punta nire giltzurdinean. (Otto Pette) -Non da juduen errege jaio berria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz. (Biblia) Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz. (Biblia) Jesusek hitzaldi hau amaitu zuenean, haren irakaspenez txunditurik gelditu zen jende guztia. (Biblia) Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenbizi Simon -Pedro deritzana- eta haren anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta haren anaia Joan; (Biblia) Beraz, Satanasek Satanas botatzen badu, zatiturik dago eta bere buruaren aurka ari da; nola iraun dezake haren erreinuak?. (Biblia) Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak... (Biblia) Joanen ikasleek haren gorpua [Joanena] jasotzera etorri eta lur eman zioten; (Biblia) Ondoren, Pedroren etxera joan zen Jesus, eta haren amaginarreba oheratua aurkitu zuen sukarrez. (Biblia) Hala Ninive hiri handi hartako erregeak ere entzun zuenean haserre zela haren eta harenen kontra Jainkoa... (Biblia) Oraindik Jesus jendeari hitzegiten ari zela, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziren, berarekin hitzegin nahian. (Biblia) Horrela borrokatu ziren Bakidesen kontra, eta garaitu egin zuten. Bakides erabat lur jota gelditu zen, beraren asmo eta erasoek porrot egin zutelako. (Biblia) Santua izanen da Jerusalen, eta hamarrenak eta zergak ordaintzetik libre, baita beraren lurralde osoa ere. (Biblia) Joanek bihozberritzearen ezaugarri zen bataioa ematen zuen, baina herriari beraren ondoren zetorrenagan, Jesusengan alegia, sinesteko esanez. (Biblia) Bethi berekin eduki zuen. (Ax. 165) Deitzeintu beregana. (Ax. 312) Hori entzutean, Demetrio erregea, biziki haserreturik, abiatu eta Ptolemaida hirira etorri zen. Gotorlekua inguratzeari utzi eta Ptolemaidara berarekin mintzatzera ahalbailehen etortzeko aginduz idatzi zion Jonatani. (Biblia) Demetriok berarekin [Demetriorekin] mintzatzeko agindu zion Jonatani. (Biblia) Gero, harrapakin ugari berekin zeramatela, Jerusalenera itzuli ziren. (Biblia) Guzti horren ondoren, itzuli zen Trifon, Antioko mutikoa berekin zekarrela. (Biblia) Salomonek tenplu bat eraiki zuen Jainkoarentzat eta beste bat beretzat. (Biblia) Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori. (Biblia) Gainontzekoak liburu hauetatik hartu ditut: - Elizen arteko biblia. Bibli Elkarte Batuak eta Euskal Elizbarrutiak. - Longaina. Nikolai Gogol. Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu. Erein. - Ez adiorik. Raymond Chandler. Itzultzailea: Xabier Olarra. Igela. |
||||||
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org Tel. +34943277111 Fax +34943277288 Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr |
||||||
|
||||||