Hemen zaude:
 » 
 » 
Itzulpenarekiko beldurra - Koldo Biguri

Inprimatu

Data: 1995eko iraila

Itzulpenarekiko beldurra - Koldo Biguri

Itzulpena herri eta garai guztietan aurkitzen dugun fenomenoa da, hizkuntza idatziaren aurrekoa, nahiz eta gureganaino iritsi diren antzinateko lekukotasun bakarrak idazketari lotuta bakarrik agertu. Zer esanik ez, Euskal Herria ez da inoiz horren salbuespena izan: euskaraz argitaratutako lehen liburua 1545ekoa bada, lehen itzulpena 26 urte beranduagoko egin zen, eta, nola ez, Testamentu Berria da; bestalde, erruki handi samarrez Euskal Literatura deitzen dugun horren aro klasikoan, alegia XVI. mendetik XIX. mendearen azken aldera arte, argitaratutako liburuetarik ia erdia itzulitakoa da, eta beste erdiko asko eta asko, ordea, nola edo halako moldapenak. Bistan da horren arrazoia: gure literatura klasikoa osatzen duten liburu gehienak erlijiosoak dira, gaztelaniaz, frantsesez edo gaskoieraz ez zekien herri bati arimarako hazkurria eman beharrari erantzuten ziotenak.

Baina itzulpenak euskal munduan izandako eragina ezin dugu mugatu idatzizko literaturara, beronek nahiko pisu erlatiboa baino ez daukalako herri xehe eskolagabearen hizkuntzan, ohituretan eta pentsamoldean. Euskal Herria herrialde itxi samarra izan da arrazoi askorengatik, haietako bat bere geografia, eta bestea, nola ez, bere hizkuntza, ingurukoekin ahaidetasunik gabekoa; baina horrek ez du esan nahi bere kultura ere itxia izan denik, ezta antzina ere. Euskal kulturak berezko eta kanpoko osagaiak ditu, gureak eta gureganatuak eta, beraz, munduko beste kulturen antzera, ekarpen ugariren bilgunea eta mestizaketa baten ondorio da, hori izan da beti, nahiz eta batzuk orain bakarrik konturatu edo, behintzat, aitortu. Gure mitologia zaharrean bertan, askorentzat hain jator eta aparta den sineste-multzo horretan, badaukagu, besteak beste, Tartalo, gure ziklope partikularra, lamiak dauzkagu (nahiz eta gure artean politagoak diren -hori ere esan behar-, ahate-oinak dauzkaten emakume ederrak direlako, eta ez emakume-burua duten herensuge lazgarriak; gainera, lamia horietako bakarren bat baserritar batez maitemindu eta guzti egiten da gure herri-ipuin batean); badago, orobat, Errolan, gizon erraldoia (hortik omen dator hitza), Chanson famatuko Roland edo Roldán (lehenagokoa, noski) heroiaren euskal bertsio zertxobait aldatua. Badauzkagu gure gnomoak ere, galtxagorriak, eta jentilak, isipu-kolpeka desagertu ziren arte Euskal Herrian bizi zen beste herria, euskaldunoi garia lantzen eta zibilizazioko beste hainbat huskeria irakatsi omen zizkiguna. Bestalde, ahozko literaturan ere ez zaizkigu falta beste herrietako ahozko tradizioen aztarnak, eta adibide apur batzuk ipintzearren, hor dauzkagu kapitain batzuek bahitzen duten neskatilaren edo amaginarreba gaiztoaren baladak, mutil jantzitako neskaren kontakizuna, etab. Mito eta istorio hauek guztiak nonbaitetik iritsiak dira Pirinioetako bazter hauetara inork idazten jakin aurretik, eta gureganatze horretan ere ikusi behar dugu itzulpen mota bat, bai behintzat ulertzen badugu itzulpena herrien unibertso sinbolikoa elkarrengana hurbiltzen duen mailebu bat bezala (mailebua, hizkuntzalaritzan jasotzen duen zentzuan), hau da: kanpotik iritsitakoa gure etxean hartzea, geure modura moldatu eta guretzea, eta horrela gure mundu txikia aberastuz joatea. Izan ere, itzulpena zerbait bada, gurea kanpokoarekin aberastea da eta ez, ordea, gurearen ordez kanpokoa hartzea.

Aurrekari hauekin, zalantzarik ez dago, beraz, euskaldunok aspaldidanik atera diogula etekina kanpoko herriekiko harremanari, harreman horietan -baketsuak zein gatazkatsuak izan- elementu material eta kulturalak trukatzen dira, eta hizkuntza ekarpen berrietarako irekita egoten da; Europako hizkuntzak estatuen muga aldakorren gainetik egon dira kontaktuan, eta kontaktu horrek aberastu egin ditu, hurbildu egin ditu, eta euskara ere, zorionez, ez da egon egitate horretatik kanpo, besteak beste, itzulpenagatik. Inork gutxik garbi aitortzen ez duen arren, neurri handi batean itzulpenari esker iraun du bizirik gure hizkuntzak; seguru aski, aurreko mendeetako itzultzaileek eginiko ahalegin eskergarik gabe (gogoan izan euskaldunak batik bat nekazariak zirela eta euskara ez dela mende honetara arte -mende honen hondarretara arte, ia-ia- eskolan irakatsi) ezinezkoa izango zitzaion euskarari, baita gure belaunaldiraino iritsi balitz ere, gaur egungo gizarte modernorako beharko zituen baliabide lexiko, sintaktiko eta pentsamenduzkoak bereganatzea eta, hortaz, baliagarria izatea.

Tamalez, euskaldunok geure hizkuntzarekin izan dugun harremana anbiguo samarra izan da, maitasunezkoa batzuetan, gorrotozkoa beste batzuetan, eta hori alde batera utziz euskal erakunde historikoen utzikeria eta bazterkeria lotsagarria. Euskal Herria ez da, noski, irla bat, baina irla txiki baten antzerakoa izan da bere hizkuntza dela medio. Euskarak ez dauka inguruko hizkuntzen antzik («lengua-isla» deitzen zaio), ulertezina da beste hizkuntzetako hiztunentzat, eta, horregatik, elebitasun pasiboa deitzen den hori ezinezkoa izan da hemen; horrela, hemen aipatzera ez noan beste hainbat arrazoirengatik, elebitasunaren ordez hizkuntz ordezkapena jasan izan dugu aurreko mendeetan, eta oraindik ere ari gara jasaten, non gehiago, non gutxiago. Elebitasunaren ezintasun horrek ondorioak eduki ditu, nola ez, bai guregan, bai auzoengan ere.

Has gaitezen, lehendabizi, geure etxean gertatuarekin.

Esan bezala, euskaldunok aspalditik eduki dugu halako irlatasun-konplexu bat, alde askotatik begiratuta kaltea egin diguna: batzuk, irla hori Baratariakoa baino pobre eta estuagoa izanik, haren mugen barruan ezin kabitu eta kanpora irten direlako; beste batzuek, aldiz, geure itxitasuna askietsi, eta kanpokoari hesia ipini nahi izan diotelako, geure zilborrarekin liluraturik. Lehendabizikoentzat, euskararen mundua txikiegia zen, arloteegia, eta horregatik utzi egiten zuten, kanpoko mundu zabaleko ustezko urrezko lapikoaren bila joateko. Haientzat, euskara traba bat zen, soinetik kendu eta bota beharreko jantzi zahar zarpailtsu bat (Euskal Herritik aparte ba ote da inon Unamuno bezain intelektual itzaltsurik, bere herriari zer eta bere hizkuntza ahaztea gomendatu dionik?). Bigarrenentzat, aldiz, euskara Babelgo dorrearen jainkozko suntsipenetik heldutako hizkuntza garbi ia aingeruzkoa zen, ezin zezakeen kanpoko kutsurik eduki, berez perfektoa zen, euskaldunen zainetatik dabilen odola bezain garbia, eta horregatik gure paradisu txikitik egotzi behar ziren erderaren (halako sasi-etimologia baten arabera, erdi hizkuntzaren) hitzak eta haien bitartez iristen zitzaizkigun ideia arrotz eta, beraz, gure jatortasunaren endekagarriak ere. Beren testuinguruan ulertu beharrekoak diren arren, hona hemen Larramendiren hitzak (XVIII. mendean idatziak: ez dezala inork pentsa politiko jeltzale ezagun batek esanak direnik):

El bascuenze siempre fue lengua adulta y perfecta, como sugerida en fin del mismo Dios en la división de las lenguas, y una de las setenta y dos primitivas y matrices. Entre el bascuenze y otras lenguas que oy se precian de cultas ay la diferencia que huvo entre la formación de Adán y sus descendientes. Otras lenguas son formadas por el ingenio de los hombres y por esso susceptibles de ages, yerros e inconsequencias, efectos de achacoso origen. El bascuenze fue lengua formada por solo el ingenio de Dios, que como infinitamente perspicaz se la imprimió a los primeros padres del bascuenze tan bella, tan ingeniosa, tan philosophica, consiguiente, cortés, dulcíssima, y con otra prendas de tan honrado principio.

Jakina, norbere aberri edo hizkuntzaganako maitasun neurrigabe honen antzeko adibideak topa genitzake Europako beste herrialde guztietan, eta ia beti, seguru aski, bestearen hizkuntza eta kultura gutxiesteko erabiliak, bidenabar.

Hortaz, bai batzuek, bai besteek ere, euskara uztearen aldeko arrotz-nahiek eta arroztasunaren kontra euskara harresi bezala erabili nahi izandakoek uko egin diote ezberdinen elkartzeak dakarren aberastasunari, uko egin diote mestizaketari. Lehendabizikoen eraginez, euskara ahulduz eta galduz joan da; besteen eraginez, ordea, garbizaletasuna errotu zen gure lurrean, hizkuntzaren alorrean eta kanpoan, eta harekin batera kanpoko munduarekiko mesfidantza ere sortu edo indartu zen; ikusmolde estu horrek buztan luzea eduki du, oraindik astintzen gaitu eta.

Eta ikus dezagun orain gure etxetik kanpo gertatutakoa.

Hemen ere antzeko jarrera errokoak topatzen ditugu historian, eta bat gogoratzearren, hona hemen jadanik XVII. mendean Juan de Marianak idatzitako perla bat:

Sólo los vizcaínos (euskaldunek, alegia) conservan hasta hoy su lenguaje grosero y bárbaro, y que no recibe elegancia, y es muy diferente de los demás...

Hots, ezberdin dena itsusia da, barregarria (gogoratu Espainiako literaturako «vizcaíno» pertsonaia), ondorioz gutxiesgarria eta, azkenik, baztertu beharrekoa. Hauek ere uko egiten diote ezberdinen elkarbizitzari, hizkuntz borroka beste biderik ez dute uzten. Baina bi mutur horien arteko borrokan indarrak ez daude parekaturik, eta orduan asimilazioa da irtenbide bakarra, norabide batekoa soilik, noski: indartsuak ahula irenstea, ezberdintasunak suntsituz. Eta ondotxo dakigu nolako ondorio gaiztoak eduki dituen pentsamolde horrek -hemen bakarrik gertatu ez denak, gogoraraz dezadan berriz, inor nahas ez dadin.

Baina, egon zaitezte lasai, ez naiz hona etorri hizkuntz borrokaz hitzegitera. Itzulpengintza euskararen munduan nolako errealitate eta giro istilutsuan sortu eta garatu den ilustratzeko egin nahi izan dut gaiaren kokapen luze hau, iruditzen baitzait deskribatu dudan testuinguru historiko honek eragin begibistakoa eduki duela iharduera honi gure artean eman zaion harrera, oro har, nahiko txarrean.

Esaten den bezala, gaur goizera arte ospe txarreko lana izan da euskarazko itzulpengintza, euskalgintzaren bigarren edo hirugarren mailako iharduntzat hartu da, onenean ere, eta txarrenean euskararen beraren kalterakotzat, eta hori hainbat arrazoirengatik, bi nagusienak honako hauek:

- Hizkuntzaren jatortasuna (gure betiko lehen kezka) kutsatzen duelako eta, beraz, euskara arriskuan jartzen.

- Gure hizkuntzaren ahulezia salatzen duelako: euskara salbatu ahal izateko (gure betiko bigarren kezka), jatorrizko sorlanak behar dira; hau da, oraindik dirauen halako uste bati jarraituz, sorlanaren nagusitasun zenbakizkoaren arabera neurtzen da hizkuntzaren osasuna.

Irizpide horren arabera, itzulpena onargarria da itzulpen kutsurik ez duenean, arrotz zaporerik ez duenean, eta baldintza hori betetzen duen itzultzaileari bakarrik ematen zaio euskal letretarako pasaportea. Orixe izan da uste hauetakoen itzultzaile eredua; baina Orixeri beti goraipatu zaio euskararen ezagutza sakona, bere hizkuntzaren aberastasuna, beti ere arroztasunik ezaren arabera epaitua. Bestalde, paradoxala bada ere, mende honetako zati handi batean, itzulpen klase oso jakin bat baino ez zaio onartu euskarari, munduko klasiko handiena: Platon, Shakespeare, Cervantes, Homero, etab., baina gero euskal literaturari buruzko eskuliburuetan zokorik zokoenetan baino ez dira agertzen hauen aipamenak, agertzen direnean. Eta obra handi horiek euskaratzen zituztenek txintxo-txintxo bete behar zuten garbizaleen jarrera endogamikoaren baldintza. Jakina, itzulpen horiek ez zuten helburu komunikatibo edo literario handirik betetzen, lau aditu baino ez baitziren horiek irakurtzeko gauza.

Norbaitek esango du aldatuz joan direla azken urteotan euskal liburugintzaren jokamoldeak, gero eta itzulpen gehiago agertzen direla liburudendetan, baina, halere, oraindik irauten du jarrera endogamiko horrek hainbat eta hainbatengan; adibidez, duela gutxi esan zuen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikarako Idazkari Nagusiak euskarak ez duela itzulpenaren morroi izan behar. Eta neronek entzun izan dut Donostiako liburudenda batean nola emakume batek Atxagaren liburu bat eskatzen zuen euskaraz, baina galdetuz ea itzulpena ote zen, itzulpena izanez gero ez baitzuen nahi. Bestalde, euskarazko itzulpenek merkatu eskasa dute, gutxi saltzen omen dira, eta argitaletxe askok erakundeen laguntzarekin baino ez dituzte atera nahi izaten. Horra: lehenagoko garbizalekeria iraganaren atzaparretan geratu zaigu, zorionez, baina itzulpenak susmoak pizten jarraitzen du. Zer gertatzen da, bada? Garbi dago, ene ustez: euskarazko liburugintzaren merkaturik zabalena irakaskuntzan egonda, itzulpenek berealdiko oztopoak aurkitzen dituztela euskal eskola, institutu eta euskaltegietan sartzeko: euskara jatorra ikasi ahal izateko, irakasleek sorlanak nahiago dituzte, haien kalitatea gora-behera. Gainera, vox populi da euskal itzulpenak zailak direla, lan handia eskatzen diotela irakurleari, norbere euskara motzetik eta eguneroko hizkuntzaren mugarte txikitik aterarazten gaituztelako. Askok diote euskal literaturak erraza behar duela izan, euskara ikasteko eta irakasteko behar dela erabili; non geratzen da, orduan, irakurtzeko plazerra? Non, kanpoko mundu literario horiek geure hizkuntzaz ezagutzeko parada?

Noski, ezer baino lehen, itzulpenak ona izan behar du onartua izateko (itzulpen guztiez ari naiz, baina literarioaz batez ere), eta horretarako itzultzaile onak behar dira, hizkuntza erabiltzen idazleak bezain trebe direnak, eta hori ez da lortzen horretarako azpiegitura batzuk ipini gabe: argitalpen-politika duina, itzultzailetzan aritzeko baldintza duinak, itzultzaileak prestatzeko bitarteko egokiak, eta, are zailago dena, euskara bera normaltzea. Izan ere, nor izan daiteke itzultzaile ona Euskaltzaindiak oraindik erabaki ez badu boligrafo hitza bera eta beste asko onartu ala ez? Gainera, Anjel Lertxundik dioen bezala, euskal idazleak bazter batean utz ditzake arazoak ematen dizkieten hizkuntz prozedurak, itzulinguruak erabil ditzake bere ezjakintasuna edo ezina estaltzeko; eta hori ondo egiten badu idazle ona izaten jarrai dezake; aldiz, itzultzaileak ezin du horrelakorik egin, eta bere ezjakintasuna ondo estalita ere beti hartuko dute itzultzaile txartzat.

Barkatuko duzue Euskal Herrira kanpotik etorri zareten horiek nire mintzaldia gure hemengo arazoei lotuegia egon bada, baina horrela taiutu dut uste dudalako gure esperientzia ez dela gure ondasun hutsa, txakurrak kanpoan ere dabiltzala oinutsik, errefrauak dioen bezala, eta, ildo horretatik, ikasbidea ere atera daitekeela. Nire hitzekin azaletik irudikatu nahi izan dut itzulpenaren haziak hemen aurkitu duen lur zikoitza, eta beharbada ate barruko nire jendearentzat hitzegin dut batik bat, nire ustez itzulpenarekiko jarrera ezkor hori arriskugarria delako euskararen iraupenerako, are gehiago euskaldunon betiko ajeetako bat arroztasunarekiko jarrera defentsiboa izanik; literaturatik borroka egin beharko dugu, gure Herrietan elkar ulermena sustatzeko, arroztasunaren onarpena zabaltzeko; baina horretarako, euskal idazleek hasi beharko dute lehenik beren etxea garbitzen: bizitzen jarrai ote dezake, akaso, euskal literaturak itzulpenik gabe? Jarrai ote dezakete euskal idazleek kanpoko literatura euskaraz (edo euskaraz ere) ezagutu gabe? Jarrai dezakete euskal irakurleek beste herrietako literatura gazteleraz edo, Iparraldean, frantsesez bakarrik irakurtzen?

Hitzak hizpidea eman dit, eta nonahi aurkitzen dugun beste jarrera oker bat gaitzesteko aukera daukadanez gero, aprobetxatu egingo dut. Literatur itzulpenari ezin zaio merezi baino tratu txarragoa eman, hainbat gutxiago, nik uste, zuen aldetik, idazleen aldetik. Nahi nuke itzulpena ez dadin Literaturako ahaide pobrea izan, itzultzailea ez dadin har idazlearen itzal ikustezintzat (gure izena oso txiki geratzen da hitzaurregilearen, argitaratzailearen, azalgilearen eta irudigilearen azpian, edota inprimatzailearen, ISBNaren eta Legezko Gordailuaren artean ezkutaturik); eta zenbat aldiz ez da esaten, gainera, idazle frustratuak garela! Bada ez; gure txikian, gure lanaren handitasuna aldarrikatu nahi dut.

Izan ere, bilkura honetako aztergai nagusietako batera itzuliz, esan dezadan kultura mestizaketaren tresnetako bat literatura bada, itzulpena dela, nire ustez, horretarako tresnarik berehalakoena. Kundera parafraseatuz, itzulpenak egin ditu Europa eta bere literatura, eta itzulpenak egin beharko ditu gure Herriak, Euskal Herria, Katalunia eta Galizia, eta gure literaturak ere; bai eta Espainia eta literatura espainiarra ere, ezen eta itzulpenaren bitartez mestizaketa zabaltzearen alde mintzatu natzaizue, baina, kontuz, horrek joan-etorriko bidaia izan behar du, hartu-emana, euskaraz esaten dugun bezala. Gu ezin gara geratu kanpoko munduari bizkarra emanda, baina kanpoko mundu horrek ez gaitu baztertu behar: hari zer eskainia dugun bitartean, kanpora jalgi ahalko gara, ezagutzera emango dugu geure burua, gure nortasunaren alderdirik onena erakutsi ahalko dugu, eta ezagutzen bagaituzte errazago onartuko gaituzte garen bezala; mestizaketa ez da izango, berriro ere, arrain handiak txikia jatea.

Nire azken hitzak zuentzat dira, idazketaren bitartez hainbat istorio zoragarri kontatuz bizitza edertzen diguzuen horientzat, literatur itzultzaileoi gure lanaren handitasunaz harro egoteko motibua ematen diguzuenontzat. Utzidazue esaten literatur itzultzaileok zuen behar dugula lanean aritzeko, baina ez ezazue ahaztu itzultzailerik gabe izugarri pobrea izango litzatekeela gaur literatura, idazleon lanak garrantzi, eragin eta irismen gutxiago edukiko lukeela, eta ezezagunagoak izango liratekeela mundua osatzen duten herriak. Literaturarik gabe ezin da literatur itzulpenik egon, baina berau gabe hark ere ez luke arnasa luzerik izango.

Egileak 1995eko Galeuzcan irakurritako artikulua.