Terminologi lanaren metodologia
Araceli Diaz de Lezana

Eremu edo azpieremu bati buruzko terminologi lan sistematikoa, hau da, hiztegi berezitu bat edo glosario bat egin nahi dutenei argibide teknikoak eskaini nahi zaizkie artikulu honen bidez. Izan ere, euskaraz egiten ari den ikerketa terminologikoaren esparruan lanak sistematizatu eta metodoak bateratzea komeni da.

Terminologiaren teoria alde batera utzita, diziplina praktikoa erakutsi nahi da hemen, hain zuzen ere arloko terminologia edo terminologia sektoriala. Beraz, terminologiaren ikerketa puntuala ez da kontuan hartuko, hori beste baldintza batzuetan egiten baita. Arloko terminologiaren helburua eremu tekniko edo zientifiko bateko terminoak modu egituratuan aurkeztea da.

Quebeceko P. Auger eta J. L. Rousseau autoreek idatzitako Méthodologie de la recherche terminologique liburuak sistematizatu zuen terminologi lanaren metodologia. Bestalde ISO (International Organization for Standardization) erakundearen CT/37 Terminologiaren Komiteak aspaldi eman zituen arauak eta gomendioak terminologi lana eta terminologi lanak aurkezteko moduari buruz.

Horiek oinarri hartuta, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak eta premiak aztertu behar dira eta aipatutako metodologia, arau eta gomendioak ahalik eta hoberen egokitu.

Hurrengo pausoa kasuan kasuko hizkuntzak dituen arazo terminologikoei (terminoak zedarritu, baliokideen eta sinonimoen tratamendua, neologia e.a.) buruzko azterketa teoriko zehatzak egitea izango litzateke.

Lanaren urratsak

Terminologi lana nozio-sistema bat eta izendapenak ezartzean datza, ondoren aldez aurretik erabakitako printzipio eta metodoen arabera terminologiak aurkezteko.

Batez ere ikerketa-lana da. Espezialitate-eremu zehatz batean erabiltzen diren nozioak eta terminoak biltzea eta aztertzea du helburu.

Terminologi lan-ikerketa elebakarra, elebiduna edo eleaniztuna izan daiteke.

Terminologi lan bat egiten hasi aurretik komeni da:

  • landu nahi den eremuari buruz argitaraturik, argitaratzear edo egiteko asmotan zenbat lan dagoen jakitea,
  • eremua orokorrean zehaztea,
  • eremuan interesgarritzat jotzen diren hizkuntzak erabakitzea,
  • lantaldean parte hartuko dutenak finkatzea,
  • baliabide eskuragarriak zehaztea, eta
  • lanak hartuko duen denbora finkatzea.

Lau urrats nagusi bereizi behar dira terminologi lanean:

1. Lanaren prestakuntza.

2. Benetako lan terminologikoa.

3. Lanaren antolaketa eta aurkezpena.

4. Berrikuspena eta normalizazioa.

Lana hasi baino lehen, lanaren jarraipena egin ahal izateko, lantaldea, adituak eta lanean parte hartuko dutenak bilduko dira irizpideak ondo finkatzeko. Dena den, urrats bakoitza amaitu ondoren lan-bilerak egingo dira.

1. Lanaren prestakuntza

Urrats honetan ikerketaren premia, terminologi lanaren oinarriak eta helburuak egiaztatu eta zehaztuko dira, informazioa bildu eta ikerketa egituratuko da.

1.1 Eremua aukeratzea eta aztertzea

Langai den eremua edo azpieremua aukeratu eta gero, ikerketa eta terminologi erabakiak hartzeko orduan lagungarri izango den eremuari buruzko ikerketa txiki bat egin behar da; hori izango da eremuarekiko lehenengo hurbilketa.

Kontzeptu-azterketa

Adituek lagundurik, eremuaren kontzeptu-antolaketara hurbildu. Azterketa hori eremu-zuhaitzaren oinarria izango da.

Errealitate profesionalaren azterketa

Eremuaren antolaketa profesionalaren azterketa: inplikaturik dauden arloak, horiek ordezkatzen dituzten erakundeak, terminologiak zabaltzeko dauden zentroak, e.a.

Aholkularien aukeraketa

Eremuko adituekin harremanetan jarri, lana burutzeko laguntza eman dezaketen pertsonak aukeratzeko. Beti ere espezializazio-mailak eta ordezkapen-esparruak kontuan harturik.

Terminologi lana, terminologoek eta adituek osaturiko lantaldeak egin behar du. Horretaz gain, kontsulta puntualak eta lanaren berrikuspena egiteko lantaldetik kanpo dagoen adituren bat edukitzea komeni da. Besteak beste honako hauek dira adituak aukeratzeko orduan interesgarri diren irizpideak: eremu edo azpieremuan duten espezializazio-maila, eremua bere osotasunean ondo ezagutzea, lan-esperientzia, gizartean adituak duen prestigioa, eta lanarekiko interesa eta jarrera positiboa.

Errealitate linguistiko, soziolinguistiko eta psikolinguistikoaren azterketa

Lantzen ari den eremuan hizkuntzaren egoerari buruzko ikerketatxoa —corpusa zein erabilerari buruzkoa— eta, era berean, eragin dezaketen beste hizkuntzei buruzkoa.

Hizkuntzak neologismoak onartzeko duen jarrera ere aztertu beharko da.

Ikerketa bibliografikoa

Bai landu nahi den hizkuntzan bai beste hizkuntzatan egindako lanen inbentario erabilgarria egin behar da.

Hiru multzotan sailkatzea komeni da:

a) langai den eremu edo azpieremuari buruzko testu berezituak: lan zientifikoak eta teknikoak, aldizkariak, eskuliburuak, arauak, katalogoak, e.a. Ikerketa terminologikoan, hau da, terminoak eta nozioak hustutzeko orduan, dokumentu horiek dira fidagarrienak, erabiltzen diren testuinguruan agertzen baitira;

b) lantzen ari den eremu edo azpieremuari buruzko lan terminologikoak (edo hurbileko eremuei buruzkoak): hiztegiak, lexikoak eta glosarioak.

Nahiz eta laneko hizkuntzak ez izan, interesgarriak dira beste hizkuntzetan egindako terminologi lanak, batez ere definizioak badituzte;

c) langai den hizkuntzan egindako lan lexikografikoak: hizkuntza arrunteko hiztegiak, hiztegi entziklopedikoak eta entziklopediak.

Lan terminologikoak eta lexikografikoak dokumentu baliagarriak dira erreferentzi corpus moduan. Nomenklatura egiteko ezin dira oinarritzat hartu, baina ondorengo urrats batean hustutako datuak osatu, konparatu eta berrikusteko erabil daitezke.

Termino bakoitzaren txertatze-maila jakiteko, landu nahi den hizkuntzan dauden lan lexikografikoak kontsultatu beharko dira sistematikoki. Hizkuntza baliokideetan, lan lexikografikoak kontsultatzeak zalantzak argitzeko balio behar du.

1.2 Eremua egituratzea eta kontzeptuak zedarritzea

Eremua ezaguturik, kontzeptu-egituraketa edo eremu-zuhaitza egin daiteke.

Egituraketak eremuaren sailkapena erakutsiko du. Terminoak lana egiten den bitartean sailkatuko dira adarren barruan. Horrela, errazago ikus daitezke terminoen artean dauden erlazioak, eta non kokatzen den termino bakoitza kontzeptu-sistemaren barruan.

Eremu-zuhaitzak ikerketa bideratuko du, eta gainera, ondoren zehazten denerako balio izango du:

  • lana mugatzeko,
  • hustuketa-plan sistematikoa egiteko,
  • terminoen pertinentzia egiaztatzeko,
  • fitxak sailkatu eta ordenatzeko,
  • eremuko unitate terminologikoak era logikoan eta sistematikoan definitzeko.

Eremu-zuhaitzean oinarriturik, eta eremuaren azterketaren emaitzak kontuan harturik, ikerketaren helburu izango diren atalak zehaz daitezke. Atal horien arabera lanaren egileak termino pertinenteak zeintzuk diren erabaki ahal izango du. Zuhaitzari esker, eremu bereko edo ondoko eremuetako terminoak ikusterik izango da, halaber.

Egindako egituraketa alda daiteke, ikerketan zehar ikusten bada ez datorrela bat eremuaren terminologi errealitatearekin.

1.3 Helburuak eta lan-plana zehaztea

Hiztegia edo glosarioaren termino-kopurua eta jasoko diren datu sistematikoak (hizkuntza baliokideak, definizioa, irudiak, e.a.) zehaztea komeni da. Ondoren ikerketan zehar eta lanaren ondorengo urratsetan eskuragarri izango diren baliabide material eta pertsonalen balioespena egingo da: datu-baseak, testu-tratamendua, adituak, terminologoak e.a.

Eremuaren azterketa egin ondoren lan bakoitzerako ikerketa-helburu erabilgarriak eta errealistak finkatuko dira, hots, eremuak eta erabiltzaileek dituzten ezaugarrien eta premien araberakoak.

2. Benetako lan terminologikoa

Bigarren urrats honetan gauzatzen da terminologi lana; beti ere, lehenengo urratsean egindako azterketa eta bildutako dokumentazioa abiapuntutzat hartuta.

Hustuketaz eta fitxagintzaz hitz egin behar da.

2.1 Hustuketa

Hustuketa-corpusa

Eremu-zuhaitzaren atalak kontuan harturik, hasierako urratsean bildutako dokumentazio-materialik interesgarriena aukeratuko da hustuketa egiteko. Zabalegia izan gabe, interesatzen diren atalak aztertzeko balio izango duen materiala hain zuzen. (Beraz erreferentzi lanak ez dira kontuan hartuko momentu horretan.)

Corpusa laneko hizkuntza bakoitzerako aukeratuko da. Idatzizko zein ahozko testu berezituak izan daitezke (hitzaldiak, telebistako programak, adituei egindako elkarrizketak, e.a.). Idatzizkoei emango zaie lehentasuna.

Hustutzeko eskuratu behar den dokumentazioa egungoa, jatorrizko hizkuntzan idatzitakoa (gure hizkuntzaren kasuan nahitaez itzulpenez baliatu behar), zabalduena eta terminologo eta aholkularien aburuz hizkuntza eta teknikaren aldetik gehien balio duena aukeratuko da.

Hustuketa-corpusa osatzen duten lanak zein erreferentzi lanak kodetuta egotea komeni da. Baita ahozko iturriak ere. Kodeak datuen erreferentziak emateko erabiliko dira.

Hustuketa

Testuetatik ustez eremukoak diren terminoak beren testuinguruekin ateratzea eta hustuketa-fitxetan jartzea da (hustuketa-fitxaren eredua finkatu behar da).

Eremu-zuhaitzean sailkatu ezineko terminoren bat edo termino-multzo bat agertzen bada, eta eremukoak direla uste bada, urrats honetan biltzea komeni da. Hustuketa bukatutakoan egiaztatuko da pertinentzia.

Termino bati buruz hainbat datu jasoko da. Fitxan terminoa —aurkitu den moduan—, iturriaren erreferentzia eta interesgarritzat jotzen diren argibideak agertuko dira, bakoitza bere tokian.

Terminoa, fitxan sarrerarako uzten den tokian jasoko da, baina testuinguruko gramatika-markarik gabe. Horrela terminoa izena bada singularrean hartuko da (lema), aditza bada infinitiboan, e.a.

Testuinguru baten barruan terminoak zedarritzeko zalantzarik izanez gero, formarik zabalena hartu behar da. Terminoa fitxa terminologikoak betetzerakoan erabakiko da.

Terminoaren esanahiari edo erabilerari buruzko informazioa ematen duten testuinguruak dira terminologiari interesatzen zaizkionak; ez, ordea, ilustrazio hutsa diren testuinguruak, nozioa zedarritzen laguntzen ez dutenak alegia.

Puntu horretara iritsita, komeni da lanaren egileek terminologi lana nola aurkeztu behar den jakitea.

Hustuketaren emaitza informazio desberdina (testuinguruak, definizioak, baliokideak, sinonimoak, oharrak, irudiak, e.a.) duten fitxa-multzo heterogenoa da. Termino bakoitzeko fitxa bat baino gehiago egitea gomendatzen da; beti ere informazio berria edo termino baten erabilera-maiztasuna jaso nahi baldin bada.

Dena den, komeni da hustuketa terminologikoari buruz idatzitakoa irakurtzea eta bereganatzea (RONDEAU, G.; Introduction à la terminologie): unitate-motak, unitateak identifikatzeko irizpide objetiboak eta semantikoak e.a.

Fitxak eremu-zuhaitzaren arabera ordenatuko dira; horrela, hustuketa fitxetatik aterako da behin-betiko nomenklatura abiapuntu-hizkuntzan, ikerketa bideratuko duena.

2.2 Fitxa terminologikoak

(Fitxa-eredua aldez aurretik definitu eta finkatu behar da.)

Fitxak betetzen hasi aurretik, terminoen lehenengo berrikuspena egingo da: hustuketa-garaian hartutako terminoak lanaren helburuarekin bat ez badatoz edo egindako eremu-zuhaitzaren arabera pertinenteak ez badira ezabatu egin behar dira.

Termino bati buruz landu nahi den hizkuntzan egindako hustuketa-fitxa guztiekin terminologi fitxa bakarra beteko da. Fitxa horretan beharrezkotzat jotzen diren datuak sartuko dira.

Gerta liteke hizkuntza-forma batek aztertutako espezializazio-eremuan esanahi bat baino gehiago izatea. Kasu horretan nozio bakoitzeko fitxa bat osatuko da.

Urrats honetan hustuketatik datozen datuak berritu edo egokitu daitezke. Kasurako, terminoari ez dagokion elementuren bat kendu, bi definizio batean elkartu, sailkatutako termino bat tokiz aldatu, sinonimiak ezarri, e.a.

Abiapuntu-hizkuntza ez bada landu nahi duguna, abiapuntu-hizkuntzan hustuketa-garaian hartutako datuekin beteko da fitxa, eta gure hizkuntzari dagozkion laukiak zuriz utziko dira. Fitxero hori abiapuntu-hizkuntzaren arabera ordenatuko da.

Ondoren hiztegian edo glosarioan aurkeztuko diren terminoen inbentarioa edo nomenklatura egingo da eta behin-betiko kenduko dira pertinenteak ez direnak.

Nomenklaturak bateratzea

Hustuketa-fitxetan oinarriturik, abiapuntu-hizkuntzak izan ez direnen baliokideak jasoko dira orain fitxa terminologikoan. Korrespondentziak jartzeko terminoen esanahia hizkuntza guztietan ezagutzea komeni da; bestalde ez da ahaztuko terminologia egitea ez dela itzultzea.

Baliokiderik aurkitzen ez bada hutsik utziko da tokia fitxan. Urrats honetan, oso sarritan, fitxa terminologikoak oraindik osatu gabe daude, hustuketa-garaian jasotako datuekin bakarrik lan egiten baita.

Fitxa terminologikoen azterketa

Fitxak banan-banan berrikusiko dira eta oso egokitzat jotzen ez diren datuak kendu edo zehaztu egingo dira. Horretarako lan lexikografikoak, terminologikoak, espezializatuak eta adituak kontsultatuko dira.

Lantzen ari den hizkuntzan, kontzeptu bat izendatzeko terminorik aurkitu ez bada dokumentazioan, terminologoak, adituen laguntzaz, neologismo-proposamena egin dezake.

Hiztegiak edo glosarioak definizioak eraman behar baldin baditu, batetik, lan terminologikoek eta espezializatuek ematen dituzten definizioak hartuko dira kontuan, eta bestetik, definizioak egiteko dauden arauak.

Fitxategia, nahiz eta hasiera batean abiapuntu-hizkuntzaren arabera ordenatu, lanaren urrats honetan, hau da fitxa terminologikoak osatu ondoren, landu nahi den hizkuntzaren arabera ordena daiteke. Dena den, gaur egun hori antolatzea ez da lehen bezain zaila informatikak izugarri laguntzen duelako, eta erabiltzen diren softwareek zerrendak edozein hizkuntzaren arabera prestatzea onartzen dutelako.

Egindako inbentarioaren barruan egon daitezke terminologia edo hizkuntzaren arauei jarraitzen ez dieten terminoak. Hori dela eta, lantzen ari garen hizkuntzako terminoei ponderazio-marka jarriko zaie. Horrek berrikuspena erraztuko du (sistema ezberdinak erabili ohi dira).

Teminologi lanaren urratsaren emaitza, bukatu ondoren, aukeratu eta berrikusitako datuak dituen fitxategi terminologikoa da.

3. Lanaren antolaketa eta aurkezpena

Hirugarren urratsean, lanaren aurkezpenari begira, datu terminologikoak behin-betiko ordenatu eta orraztuko dira .

Informatikak izugarri laguntzen du fitxa terminologikoetako datuen tratamenduan, zuzenketak onartzen baititu eta lanaren ordenatze-prozesua eta aurkezpena azkartzen baititu.

Terminologian terminoak sistematikoki ordenatuta aurkeztea gomendatzen da, hots, eremu-zuhaitzaren arabera. Hiztegiaren corpusaren barruan, terminoek alfabetoaren ordena diskontinuoari jarraituko diote (dena den hori aukerakoa izaten da).

Bukaeran aurkibide alfabetikoak sartuko dira: lehenengoa abiapuntu-hizkuntzarena, eta gero lanean dauden beste hizkuntzenak.

Lanari azken forma emateko, horren gainean dauden arauak aintzakotzat hartuko dira (ISO).

Ez da ahaztu behar: terminologi lan batek izan behar dituen atalak; atal bakoitza garatzeko arauei eta gomendioei jarraitzea, eta estandarizatutako formak eta sinboloak errespetatzea.

4. Berrikuspena eta normalizazioa

Terminologoek (askotan terminologi zentroa egon arren, terminologi lanak beste erakunde edo talde batzuek egiten dute) lanaren berrikuspena egingo dute, eta kontzeptuei buruz zein terminoen onargarritasun-mailari buruzko zalantzak eremuko adituekin argituko dituzte.

Terminologoek arazoak sortu dituzten formei buruzko txostenak egingo dituzte. Hiztegia terminologoek egin badute arazoak ondo aztertzeko balio izango dute txostenok, eta besteren batek egin badu, aldaketak edo proposamenak aurkezteko bidea izango dira. Lan-bilerak egingo dira.

Toki askotan badago terminologi arloan erabakiak hartzeko ahalmena duen batzorde bat. Aurrean aipatutako pausoak burutu ondoren, terminoen zerrenda (inbentarioa) prestatuko da batzorde horrek azter dezan.

Neologismo guztiek ez dute arazorik sortzen, baina batzuetan, berrikusi eta hizkuntza-arloko agintariek onetsi egin behar dituzte. Arazoak sor ditzakete, adibidez, beste hizkuntzei hartutako maileguek, eta ez hizkuntzaren baliabide morfologikoei esker sortutako neologismoek (beti ere irizpide finkorik ez badago).

Azterketa sakonagoa —formarena zein kontzeptuarena— egin behar izanez gero, erabakia erraztearren, ahalik eta dokumentaziorik zabalena aurkeztuko da. Material horri, behar bezala ordenaturik eta aurkezturik, normalizazio-txostena esango zaio.

Normalizazio-txostenak kontzeptu bat izendatzeko dauden proposamenak, beren alde eta kontra den guztiarekin, jasoko ditu. Txostena, erabaki behar dutenei aurkeztuko zaie. Txostenean datu guztiak arrazoituak agertuko dira.

Arazoak sortzen dituen termino bakoitzeko normalizazio-txostena aurkeztuko da. Beti ere lanaren jarraipena eta berrikuspenaren barruan.

4.1 Kontzeptuen normalizazioa

Adituei edo aditu-taldeei dagokie definizioen balioa, gaikako sailkapenaren pertinentzia eta terminoek izan dezaketen arrakasta edo onarpen-maila adieraztea. Beraz, azken saioa egin ondoren (ahalmena duen batzordearekin) normalizazio-saio gehiago egingo da.

4.2 Formen normalizazioa

Terminologi arloan erabakiak hartzeko ahalmena duen batzordeak, arazoak sortzen dituzten terminoen behin-betiko forma erabakiko du. Hainbat kasutan, forma bat baino gehiago utz daiteke, lehentasunak adieraziz edo adierazi gabe. Terminoren bat erabaki gabe uzten bada, argitalpenean ager daiteke, baina beti, marka baten bidez erabakitzeke dagoela adieraziz.

Batzordeak onartu ondoren, lana zabalkunderako prest dagoela esan daiteke, eta ondorioz, sortutako neologismoak normalizatutzat jotzen dira.

Argitalpena prestatzeko, oso komenigarria da eredu bat finkatzea. Hala eta guztiz ere, ez dira ahaztu behar nazioarte-mailan, normalizazio-bidean, ISO erakundeak terminologiaz eta terminologi lanak aurkezteko moduaz eman dituen gomendioak (ikus bibliografia).

Terminologi lana euskaraz

Ikusi dugun metodologia gure lan sistematikoan aplikatzeaz gain, beste baldintza batzuk beharko genituzke lan normalizatuak egiteko:

  • Koordinazio-gune bat beharko litzateke egiten ari diren edo egiteko asmotan diren lanen berri izateko, interferentziarik egon ez dadin.
  • Aurrekoarekin bat, metodologia eta irizpide bateratuak erabili beharko lirateke lan guztietan.
  • Batzorde bat, terminologien berrikuslea, beharko litzateke (Kataluniako "Consell Supervisor"en antzekoa): premiak detektatzeko, lehentasunak finkatzeko, metodologia aplikatu dela ziurtatzeko, irizpideak finkatzeko, azken erabakiak hartzeko, terminologi produktuak zabaldu, normalizatu eta gomendatzeko. Horretaz gain, jarraipena eta ebaluazioa ere egin beharko luke.
  • Terminologi zentro ofizialik ezean (Kataluniako TERMCATen antzekoa), "batzorde berrikuslea"k (izena alda daiteke), egin beharko luke lan guztien jarraipena, egiten hasten direnetik bukatu eta zabaldu arte. Lanaren egileekin lanaren urrats bakoitzaren ondoren bildu eta egiaztatu metodologia eta pixkanaka-pixkanaka finkatuz joan diren irizpideak aplikatzen direla.

TERMINOLOGI LANAREN METODOLOGIA

Lanaren urratsak

Aurretik:
- eremuari buruzko informazio orokorra
- eremu horretaz dauden lanak
- hizkuntzak
- lantaldeak
- baliabide eskuragarriak
- denbora

1. Lanaren prestakuntza

1.1 Eremua aukeratzea eta aztertzea
- Kontzeptu-azterketa
- Errealitate profesionalaren azterketa
- Aholkularien aukeraketa
- Errealitate linguistiko, soziolinguistiko eta psikolinguistikoaren azterketa
- Ikerketa bibliografikoa

1.2 Eremua egituratzea eta kontzeptuak zedarritzea

1.3 Helburuak eta lan-plana zehaztea

2. Benetako lan terminologikoa

2.1 Hustuketa
- Hustuketa-corpusa
- Hustuketa

2.2 Fitxa terminologikoak
- Nomenklaturak bateratzea
- Fitxa terminologikoen azterketa

3. Lanaren antolaketa eta aurkezpena

4. Berrikuspena eta normalizazioa

4.1 Kontzeptuen normalizazioa

4.2 Formen normalizazioa

Bibliografia

AUGER, P.; ROUSSEAU, L.J. (1978) Méthodologie de la recherche terminologique. Office de la Langue française. Québec, Éditeur officiel du Québec.

CABRÉ, M.T. (1992) La terminologia. La teoria, els mètodes, les aplicacions. Editorial Empúries. Barcelona.

RONDEAU, G. (1983) Introduction à la terminologie. Chicoutimi (Québec): Gaëtan Morin.

ISO 704 Principes et méthodes de la terminologie.

ISO 1087 Vocabulaire de la terminologie.

ISO 1951 Symboles lexicographiques, particulièrement pour l'emploi dans les vocabulaires systématiques à définitions.

ISO 6156 Format d'échange sur bande magnétique des données terminologiques et/ou lexicographiques (MATER).

ISO/DP 4466 Présentation des vocabulaires systématiques unilingues.

ISO/R 1149 Présentation de vocabulaires systématiques multilingues.

ISO/R 639 Indicatifs de langue, de pays et d'autorité.

ISO/R 860 Unification internationale des notions et des termes.

ISO/R 919 Guide pour l'élaboration des vocabulaires systématiques (exemple de méthode).

TERMCAT Centre de terminologia (1990) Metodologia del treball terminològic. Generalitat de Catalunya, Departament de Cultura. Barcelona.