Kultur hitzen itzulpena literatura testuetan
Javi Cillero

Sarrera

Kultur hitzen itzulpena berri samar irudi lekioke egunero-egunero euskarazko egunkaria irakurtzen duenari. Izan ere, oraintsu arte ez dugu aukerarik izan euskal egunkaririk irakurtzeko, eta hitz arrotzen uholdea prentsan nabaritzen da inon baino indartsuago: Mossos d'Esquadra, Sinn Fein alderdia, sare pelagikoak, Caliko cartela, play-offak... Kultur hedapena dela medio, hainbat hitz arrotz sartu zaizkigu hedabideetan barrena, hizkuntz adierazpideei lagundu edota eraso egiten dietenak. Ezaguna da alde horretatik ingelesaren indarra. 

Nolanahi ere, eta Bibliako itzulpenak alde batera utzita, aspalditik erreparatu zioten arazo honi literatura unibertsaleko lanak euskaratzen trebatutako idazleek. Izan ere, literatura unibertsala itzultzean idazle baten ikusmoldea plazaratzen dugu, baina horren atzean, askotan kultura baten agerpidea ere badugu, estaliago edo agerianago[1].

Hona hemen, adibidez, Jose Basterretxea Oskillaso idazle eta itzultzaileak (Oskillaso: 123) The Cask of Amontillado ipuinaren itzulpen-atarian egindako aitorpena: "Irakurgai huntan ikus diteke zelan komeni dan askotan beste hizkuntzetako hitzak nork bere idazkietan sartzea euren orthographia errespetaturik. Inglesez idatzita egonarren, iphuin huntan palazzo hitza italianoz dago (ingelesez palace idazten da). Palazzo idazten duan bakhoitzean Edgar Poe'k Itali'ko aizeak ekarten dizkigu."

Bestalde, aurrerago Oskillasok roquelaire frantsesezko hitza (kapa moduko bat) aipatzen du, "ezta euskerazko irakurleentzat inglesezkoentzat baino arrotzagoa", eta gainera, hauxe gomendatzen du: "Heraldikaz mintzatzen geranean ere, eztugu esan behar urrezko, urdina, gorria, eta abar, d'or, d'azur, eta de gueules baizik, bestela ukuiluetako gauzetaz mintzatzen gerala irudituko baitu." Mirandek ere argitaratua zuen Poeren ipuinaren itzulpena 1952an, eta termino arrotzak erabili zituen.

Kultur hitzen arazoak eta ebazpideak anitz dira, eta ezin dira inolaz ere mugatu artikulu xehe batean. Neologismoak, maileguak, kalkoak, egokipenak eta beste nahas-mahas agertzen zaizkigu eguneroko hizkuntzaren zirimolan eta begi zolia erabili behar dugu direnak eta ez direnak bereizteko. Bestalde, hizkuntza etengabe bilakatuz doa, eta egun arrotza dena bihar gure artekotzat jo genezake. Era berean, denboraldi bateko modak iragankorrak dira, eta hitz arrotz asko berez iraungitzen dira beroaldia igaro ostean. Itzultzailearen eginkizuna da hitz eta termino horietako asko galbahetik iragazi eta hondar baliagarriak bereiztea hizkuntzari sendo eta bizi eustearren.

Itzultzaileak nola edo hala erantzun behar izaten die arazo horiei. Era askotakoak dira irtenbideak, baina oro har, marra bat egin genezake, bi alde bereizteko. Alde batera jotzen badugu, kultur hitz arrotzak barra-barra hartzen dituen itzultzailea dugu, barbarismoak-eta onartzeko zaletasun ikaragarria duena. Beste aldera joz gero, ordea, garbizalea topatuko dugu, inolaz ere kanpoko hitzik onartzen ez duena, beti ere euskal ordainen bat aurkitzen baitie. Bistan dago mutur horien artean kokatzen dela balizko itzultzaile orekatsua, hizkuntz jatortasunaren zalea, baina orobat murgildua hizkuntza eraberritzeko ahaleginetan. Kontuak kontu, hortxe dago koxka: noiz eta nola egin alde batera edo bestera itzulpenak taiutzean?

Itzultzaileon kezka ez da harritzekoa, zeren kultur terminoen itzulpena gehienetan itzulpengintzaren oinarrizko mailari lotua baitago. Bestela esanda, itzulpen arazo horrek zerikusi handia dauka hitzez hitzeko itzulpenarekin eta haren inguruko eztabaidekin. Kultura jakin bateko termino bereziren bat itzultzean, batzuetan ezinezkoa da XHn hitz egokirik aurkitzea eta bestelako irtenbideak bilatu behar izaten dira: mailegua, kalkoa, azalpena, parafrasia... Irtenbideak egon badaude, eta kontua da jakitea zertan den arazoa eta nondik nora doazen konponbideak. Hemengo lana, batez ere, kasu praktikoei begira eginda dago, han-hemenka irakurritako adibideez hornitua. Argi utzi behar da, beraz, azaltzaile dela, eta ez bide-erakusle. Dena den, ondo etorriko zaizkio oharrak eta gogoetak, eta handik sor litezkeen artikulu osatuagoak.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi nizkieke 1995-96ko EIZIEren Literatura Itzulpenari buruzko Mintegian parte hartu zuten guztiei. Hona hemen partehartzaileak, hainbat ohar eta aipamen baliagarri eskaini zizkidatenak: Koldo Biguri, Karlos Cid, Mikel Garmendia, Juan Garzia, Idoia Gillenea, Aintzane Ibarzabal, Iñaki Iñurrieta, Fran Ispizua, Gerardo Markuleta, Xabier Mendiguren, Juan Mari Mendizabal eta Joseba Ossa.

Kulturaren definizioa eta arazo orokorrak

Hizkuntza hitzez beteta dago: teknika arloko hitzak, pentsamendu arlokoak, hitz afektibo zein neutroak... era guztietako hitzak bizi dira elkarrekin hizkuntzaren altxorrean. Hori dela eta, argitu beharrekoa da zer den kultur hitza, nola bereizten den beste hitz klaseetatik, eta zernolako funtzioa daukan itzulpenean. Newmarkek honela definitzen du kultura: hizkuntza jakin bat adierazpide gisa erabiltzen duen komunitatearen bizimodua, eta bizimodu horrek dakartzan adierazpen multzoa. Horrenbestez, kulturak sortzen dituen adierazpen edota espresabideak definitzeko (adierazteko) erabiltzen ditugun hitzak dira kultur hitzak.

Testu literarioetan agertzen diren kultur hitzak itzultzean, itzultzaileak arazo jakin batzuei aurre egin behar izaten die. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar du kultur hitzen eremua ez dela gizabanakoaren hizkuntza edo idiolektoa, ezta hizkuntza unibertsala ere. Hizkuntza unibertsalean kultura guztietan ezagututako kontzeptu, tresna eta errealitateak sartzen dira: ispilua, mahaia, hil. Kontzeptu eta tresna horietariko batzuk kultura jakin batean sortuak dira, baina dagoeneko hedatuta daude kultura gehienetan, eta izendatzen dituzten erreferenteak unibertsalak dira.

Gizabanakoaren hizkuntza edo idiolektoa, berriz, norberak egindako aukeraketa estilistikoa da. Pertsona guztiek erabiltzen dituzte, gogoz edo usadioz, bi hornidura linguistiko: eguneroko mintzaira, norberaren alfabetizazio mailari dagokiona, eta bakoitzaren altxor pribatua. Azken hau subkontzientearen atala da, eta oroitzapen adieraziena, hala nola bakoitzaren nortasun somatiko eta psikologikoaren batuketa berezi eta berebizikoa. Beste izenez, idiolektoa deritzogu (Steiner: 46). Dickensek Coriolan nose (Koriolanoren antzeko sudurra) hitzak erabiltzen ditu Garai latzak-eko pertsonaia baten aurpegia deskribatzean, metaforikoki ezaugarriren bat azpimarkatzeko. Halaber, Robert Luis Stevensonen pirata batek honela hitz egiten du Altxor uhartea liburuan: «...hauxe, orduan, niretzako moduko amarralekua...». Honela, idazle bakoitzak sortutako metafora eta esapideak literatur lanaren ezaugarri bihurtzen dira, bana-banakoak eta bereizgarriak.

Era berean, hitz teknikoak ez dira kultur hitzak, kontzeptu unibertsalak islatzen dituzten aldetik: telefonoa, faxa, etab. Hala ere, teknika alorrean sortzen diren zenbait hitz kultur hitzen eremuan sartzen ziren hasieran, harik eta mundu osorako bidea urratu zuten arte: damaskinatua.

Beraz, aukeran kultur hitzak bereizteko, alde batera utzi behar dira termino unibertsalak (definizio unibertsalei dagozkienak) edota termino tekniko-zientifikoak (definizio teknikoei dagozkienak). Era berean, bazter utziko ditugu idazlearen espresabide bereziak, metaforak eta baliabide estilistikoak, idazlearen idiolektoa osatzen dutenak. Horrela, kultur hitzak kontzeptu espezifikoak izendateko erabiliko dira, beti ere kultura jakin bati dagozkionak: estepa, chef, datxa. Hala ere, chef  hitza aztertzean ikusten denez, kultur hitzak ere termino unibertsal bihurtzen dira batzuetan.

Hizkuntza berean azpikulturak izan litezke (croft; mordida), baina hitz dialektalak ez dira kultur hitzak, termino unibertsalak izendatzen dituztenean (ukuilu, korta; loch, lake; lift, elevator). Hor argitu egin beharko genuke zer den hitz dialektala eta zer ez.

Bestalde, kultura bakoitzak alor bat edo beste jorratzen du bereziki, handik hainbat analogia, metafora eta erreferentzia hartzeko. Kultur foku horiek hainbat alorretan sortzen dira, hala nola kirolean, faunan, eguraldian eta abarretan. Hortxe ditugu, adibidez, kale egin (bola-jokoan, bola biren artean bat ere bota gabe igaro), edota lur jo (bola-jokoan, lurrera egin, ohola jo barik), metafora fosilak. Horrek arazoak sortzen dizkio itzultzaileari, hizkuntzen arteko ezberdintasunak direla eta. Offside, ateko sakea, etab. termino zabalduak dira gaur egun, komunikabideen eragina dela medio. «No ha gozado esa pelota», berriz euskaratik gaztelerara zabaldutako esaera dugu.

Hitzak deskribatzen

Zaila da neurtzen hitz batek dituen esanahi mota guztiak, nola osatzen diren hitzak semantikoki, nola deskribatzen diren, eta zernolako eragina duten hiztunengan. Hainbat metodo erabili izan dira eginkizun honetarako, baina ez dirudi guztiz argituta dagoenik kontua. Beraz, nork bere kategoriak erabiltzen ditueno, gorabehera handiak izango dira deskripzio lexikoetan.

Esaterako, honela definitzen du Mona Bakerrek hitzaren esanahi lexikoa In Other Words itzulpen eskuliburuan: sistema linguistiko jakin batean duen balio espezifikoa, eta sistema horretan erabileraren erabileraz hartzen duen «nortasuna».

Bestalde, Cruseri jarraiki, Bakerrek honako ezaugarriak biltzen ditu esanahi lexikoari dagokionez: esanahi proposizionala, esanahi espresiboa, esanahi ustezkoa (hautazko murriztapenak, kolokazioak), esanahi ebokatiboa (dialektoa, erregistroa; geografikoa, denborazkoa, soziala; diskurtsoaren eremua, partehartzaileen arteko harremanak, diskurtsoaren eginkizuna eta komunikabidea) (Baker: 12).

Esanahi proposizionala harreman bikoitz batetik sortzen da. Alde batetik hitza dugu, eta bestetik, hitz horrek errealitatean edo irudimenezko munduan adierazten edo deskribatzen duena. Bestalde, kontuan hartu behar da hitz hori hizkuntza jakin batean sartuta dagoela, eta hiztunak hizkuntza horretatik ateratzen duela hitza. Beraz, horretan funtsatuko gara adierazpenak benetakoak ala gezurrezkoak diren erabakitzeko. Adibidez, alkandora hitzak honako esanahi proposizionala du: gizonezkoen jantzia, soina eta besoak eta gehienetan lepoa estali eta aurrealdean botoiak dituena. Hori dela eta, zentzugabea litzateke alkandora erabiltzea oin-zangoetan erabiltzen den arropa adierazteko. Itzulpenetan, oinarrizko esanahitzat hartzen da esanahi proposizionala, eta ondo betetzen ez bada, okertzat jotzen da itzulpena.

Esanahi espresiboa, berriz, ezin da nolanahi ere benetakotzat edota gezurrezkotzat jo. Izan ere, esanahi espresiboa hiztunaren sentimendu edota joerei lotuta dago, eta ez errealitate objetiboari. Beraz, bi hitzek esanahi proposizional berbera izanda ere, baliteke esanahi espresibo ezberdinak izatea. Bestalde, hitzaren esanahi espresiboa mailakatu egiten da; izan ere, sentimendu eta joera berdinak adierazten dituzten hitzak graduazio horren barruan daude. Horrela bereizten dira hitzak bata bestearengandik: unkind eta cruel hitzek esanahi espresibo antzekoa daukate, biek jokaera ezatsegina adierazten dutelako, baina cruelek adierazten duena askoz ere bortitzagoa da.

Batzuetan, hitzak bi motatako esanahi horiek biltzen ditu, bai proposizionala, bai espresiboa: beamer (BMW autoa). Beste batzuetan, esanahi proposizionalari dagokio soilik: book / liburua. Bestalde, badira esanahi espresiboari soilik dagozkion hitzak: bloody hitza, bestelako birao eta indargarri guztiak. Kontuan hartzekoa da, bestalde, esanahi espresibo soila duten hitzak itzulpenean ezabatzen badira, ez dela aldatuko testuaren esanahi proposizionala, hau da, oinarrizko esanahi identifikatzailea. Hala ere, testuaren kalitate espresiboak galera handia nozituko du.

Esanahi ustezkoa hizkuntz murriztapenei lotuta dago. Horra hor, adibidez, hitzak berez aukeratzen dituen bikoteak, hautazko murriztapenak eta kolokazioak. Hautazko murriztapenak esanahi proposizionalaren funtzioetan kokatzen dira, hizkuntzaren isilpeko legeak balira bezala. Hizkuntzak berak erabakitzen du langile adjetiboari izen bizidunen bat lotzea, eta karratu hitzari izen bizigaberen bat elkartzea. Hala ere, irudizko hizkuntza edo figuratiboan nahita hausten dira legeak, poesiaren zereginetariko bat horixe baita.

Kolokazioak, berriz, murriztapen semantiko eta arbitrarioak dira, hitzaren esanahi proposizionalarekin zerikusirik ez dutenak. Adibidez, erabakiak hartu egiten dira euskaraz, baina ingelesez you have to make a decission. Nolanahi ere, kolokazioak eta hautazko murriztapenak ez dira beti hain erraz bereizten.

Esanahi ebokatiboa dialektotik eta erregistrotik sortzen da. Dialektoa hiztun komunitate edo talde batek erabiltzen duen hizkuntz barietatea da. Dialektoak sailkatzeko hiru irizpide erabiltzen dira: geografikoa (EEBB-etako lift / Britainia Handiko elevator); denborazkoa (talde bereko hiztunek adin ezberdinetan erabilitako hitz eta egiturak, edota historian zehar erabilitakoak: verily eta really), eta soziala (klase ezberdinetako hiztunek erabilitako hitz eta egiturak: scent eta perfume). 

Erregistroa egoera jakin batean hiztunak egokitzat jotzen duen hizkuntz barietatea da. Erregistroa zehazteko hiru elementu aztertu behar dira: diskurtsoaren eremua, partehartzaileen arteko harremanak eta diskurtsoaren eginkizuna.

Diskurtsoaren eremuak hiztunaren aukeraketa linguistikoa baldintzatzen du. Izan ere, hiztunak eremu batean kokatzen du bere burua hitz egitean, eta horrenbestez aukera linguistiko jakin batzuk egiten ditu. Ez du modu berean hitz egiten futbol partidu batean nahiz tabernan futbolaz hitz egitean.

Diskurtsoan parte hartzen duten hiztunen arteko harremanak erabakigarriak dira erregistroa zehazterakoan: seme-alabek ez dute berdin hitz egiten elkarren artean eta aita-amekin hitz egiten dutenean. Formaltasun mailak oso kontuan hartzekoak dira testuak itzultzerakoan, zeren SHn agertzen diren ñabardurak XHra eraman behar dira, eta kasu batzuetan kulturak oso bestelakoak dira hiztunen arteko harremanak erabakitzean.

Diskurtsoaren modua hizkuntzaren eginkizunari dagokio (mintzaldia, saiakera, argibideak, etab.); halaber, transmisio moduari lotzen zaio (ahozkoa, idatzizkoa). Diskurtsoaren moduak aukeraketa linguistikoei eragiten die. Adibidez: idazkietan yours sincerely edota mes salutations distinguées agertuko zaizkigu askotan inor agurtzeko, baina ez ditugu hizketan erabiliko gauza bera adierazteko.

Faktore hauek guztiek eragiten diote mezuari, eta horrenbestez, itzulpenean ere nola edo hala agertuko zaizkigu. Itzultzailearen zeregina da faktoreak orekatzea eta mezua zuzen ematea. Nolanahi ere, hiru esanahi mota horien artetik proposizionala eta ustezkoa errazagoak dira aldatzen hizkuntza batetik bestera. Esanahi bi horiek oinarrizkoak dira hitzak zertan diren ulertzeko, izan ere, hitzaren definizioa adierazten digute, bai eta zein posizioa duen sisteman ere.

Hiru esanahietarik, oro har, esanahi ebokatiboa askoz ere lausoagoa eta neurgaitzagoa da besteak baino. Esanahi ebokatiboa oso erroturik dago SHren eremuan, eta hainbat elementuz osatuta agertzen da. Gainera, baliteke aldatuz joatea denboraren poderioz. Adibidez, bobby hitza: Sir Robert Peelen poliziak ziren hasieran, beraz, harreman zuzena zeukaten poliziburuarekin. Geroago, ostera, harreman hori galdu egin da eta beste konnotazio batzuk hartu ditu: Britainia Handiko polizia-laguna izan da bobby, batez ere armarik erabiltzen ez duena. Gaur egun, berriz, gizartea bilakatu ahala, bobbyren irudia alda liteke, menturaz gogorrago bihurtzeraino (gogora dezagun orain dela urte batzuk Britainia Handiko meatzariek egin zuten greba), eta agian hitza bera ere aldatuko da, konotazio berriak hartuz, edo beste batez ordezkatuko da.

Kultur hitzak itzultzean sortzen diren arazo orokorrak

Mona Bakerrek zenbait arazo bereizten ditu maila lexikoan; izan ere, askotan gertatzen da XHk hitz zehatzik ez izatea SHko termino bat ordezkatzeko. Bakerrek aitortzen duenez, ezin da estrategia multzo finkorik antolatu honelako arazoak konpontzeko, zeren testuinguruak eta itzulpenaren helburuak guztiz baldintzatzen baitituzte itzultzeko teknikak (Baker: 17). Bestalde, baliokidetza kontzeptuaren arabera jokatu beharko dugu, eta kontzeptu hori oraindik ere argitu gabe dago. Horrenbestez, hitzez hitzeko itzulpena egitean sortzen diren arazo horiek hala-hola egokituz gero, honelako arazoak azalduko zaizkigu kultur hitzak itzultzerakoan: 

a) SHko kulturari lotutako kontzeptu ezezagunak itzuli beharra. SHko hitzak adierazten duen kontzeptua guztiz ezezaguna izan daiteke XHko kulturan. Kontzeptuak abstraktuak edo konkretuak dira; kultura sozial, material, edota erlijiosoari dagozkio. Horrelako kontzeptuak SHko kulturari lotuta daude ezinbestean. Adibidez: privacy, speaker, prom. Horrelako kontzeptuak oso-osorik dagozkio SHko kulturari, eta ikusmolde berezi baten adierazgarri dira. Hori dela eta, itzulpena nekez izango da pare-parekoa; gehienean ere, hurbildu egingo zaio SHko hitzak duen oihartzun indarrari. Prom hitzaren ordez (kurtso amaierako) dantzaldia erabiliz gero, oinarrizko esanahia ulertzen dugu, baina konnotazio guztiak galtzen dira: EEBB-etako institutu eta unibertsitateetan kurtsoaren amaieran ospatzen diren dantzaldi formalak dira, horrelakoetan gazteak trajez jantzita joaten dira, eta harreman sozialerako abagune aproposa suertatzen zaie. Era berean, Britainia Handiko Parlamentuaz ari garela, speakerak dituen funtzioak eta karguari lotutako konnotazioak oso bestelakoak dira Eusko Legebiltzarraren presidentearen irudiaren aldean.

b) SHko kontzeptua ez dago lexikalizatuta XHn. SHko hitzak adierazten duen kontzeptua ezaguna da XHn, baina ez dago lexikalizatuta. Adibidez: standard / estandarra. Horrelako bidea egiten dute hitz askok hizkuntza batetik bestera, hasieran mailegu gordina izatetik XHko altxorreko hitz bihurtzeraino. Kontzeptua inportatzean, XHko kulturak SHko ikusmoldearen zati bat ere bereganatzen du, beraz, okerrenean hor badago kolonizazio edo ezarpen arrotzaren arriskua, eta onenean, berriz, mestizajea.

c) SHko hitza oso konplexua da semantikari dagokionez. Askotan gertatzen da SHko hitzak esanahi semantiko konplexuak izatea. Horrela, morfema bakarreko hitz batek esaldi batek bezainbeste esanahi dauzka. Horrelako joera oso arrunta da hizkuntzetan, halako kontzeptuak garatzen dituelako zenbait gauzatan. Adibidez, Altxor uhartea liburuko hitz hau: klabua[2]. Halako kasuetan, badirudi oharrak eta glosategiak direla biderik zuzenenak esanahi konplexu hori itzultzeko. Nolanahi ere, parafrasia ere badugu.

d) XHk ez dauka termino generikorik. XHk dituen termino zehatzei hiponimo deritzete, eta generikoei superordinate (ingelesez). Batzuetan, SHko termino bat itzultzeko ez dago termino generikorik XHn, baina badira hainbat hiponimo errealitatea deskribatzeko. Adibidez, facilities (cooking facilities / sukaldea; conference facilities / batzargela; facilities for the disabled / elbarrientzako sarrera edo zerbitzuak). Euskarak zehatzetara jotzen du, ingelesak bezala, baina frantses eta gazteleratik itzultzean termino generiko gehiago beharko ditugu. 

e) XHk ez du termino espezifikorik. Beste batzuetan, XHk baditu hitz generikoak, baina ez ditu bereizten SHko hitz zehatzagoen esanahiak. Adibidez, house hitz generikoa da ingelesez, eta etxea ematen du euskaraz. Alabaina, badira house horren zenbait ñabardura, hala nola bungalow, cottage, croft, chalet, lodge, hut, mansion, manor, villa, hall etab. Agi danez, kultura bakoitzak bere gisan bereizten ditu esperientziaren eremuak eta ezin dira kasu guztiak parekatu.

Termino generiko eta espezifikoak itzultzean, sarri askotan XHko hitzak inguratu egiten ditu SHko hitzen esanahiak, prozedura metonimikoen bitartez. Baliabide estilistiko horiek oso erabiliak dira eguneroko hizkuntzan, eta itzulpen teknika ezagunak dira.

f) Esanahi espresiboaren ezberdintasunak. XHko hitzak SHko hitzaren esanahi proposizionala betetzen badu ere, ez du guztiz adierazten esanahi espresibo berbera. Arazoak larriagotu egiten dira testuinguruaren arabera: errazagoa da esanahi espresiboari indarra ematea itzulpenean, indarra kentzea baino. Horrela, XHko hitza neutralagoa bada, itzultzaileak elementu ebaluatzaileak gainera ditzake, hala nola adberbioak edota modifikatzaileak. Adibidez: batter aditzaren ordez jo aditza erabil dezakegu, baldin eta ñabarduraren bat eransten badiogu, gogor jo, krudelki jo, basaki jo edota sakaildu. Korapilatsuagoa da kontrako kasua, alegia, XHko baliokideak esanahi espresibo indartsuagoa duenekoa. Beti gertatzen dira halakoak gai «tabuetan»: erlijioa, sexua, politika... Queer (homosexual) hitza da adibidea. Homosexuala neutral samarra da, baina queer hitzari hitz parekidea bilatu nahi bazaio zaila da asmatzen: maritxu eta horren antzekoak gutxiesgarriak dira. Era berean, ausartuko da inor drag queen kontzeptua mari-erreginaren bidez edo itzultzen?

Kultur hitzen sailkapena eta itzultze-irizpideak

SHko enuntziatuak XHko esperientzia linguistikora eramateaz bestalde, enuntziatuen irudia edo errepresentazioa ere eraman behar da XHko kulturak garatutako mundu ikuskerara. Batzuetan ezinezkoa da, mundu ikuskera anitz daudelako gure munduan, hau da, "kulturak" (Mounin: 81).

Zibilizazio berean badira esperientzia sozialaren munduak oso bestelakoak direnak bata bestearen aldean; hori dela eta, mundu batetik bestera itzultzen denean, nozioak ez dira erraz igarotzen. Batzuetan, ezinezkoa da itzulpena (Mounin: 86).

Honezkero, Nida eta Newmarkek urratutako bideari jarraiki, hainbat sailkapen egin dira kultur eremuak bereizteko, eta itzultze-irizpideak finkatzeko. Funtsean, halako deskripzioa eginez gero, bospasei eremu nagusi agertzen zaizkigu kulturaren mapa honetan: ekologia, kultura materiala, kultura soziala, erakundeak, termino historiko-artistikoak eta kultura erlijiosoa.

Ekologiak honako terminoak biltzen ditu: landareak, animaliak, haizeak, mendiak, errekak. Herri guztiek dauzkate izendapenak izadiko elementuak identifikatzeko. Zein herritatik datozen eta zernolako berezitasunak dituzten hartu behar da kontuan. Garrantzitsuak badira, eta urrutitik badatoz, transferitu egiten dira (montzoi, tundra, siroko), eta beste termino labur eta neutroa eransten zaie, hala behar denean (simun haizea). 

Egia esan, ekologian errotutako kultur hitzak eta esapideak oso lausoak gertatzen dira XHko kulturan. Gaztelerazko «ir al campo», adibidez, oso esaera mugagabea da, guretzat mendira joan edo adierazi nahi lukeena. Mendi, sierra, monte, eta abarren esparrua nola mugatu? Horra hor mendilerro, mendizerra... Zenbaitetan, SHko hiztunak ere ez dira ados jartzen zer esan nahi duen hitz batek. Bush ingelesezko hitza dugu adibiderik nabarmenetako bat: Australian kokatutako nobela batean mendia edo izan liteke, lekukoen arabera, eta marrazki bizidunetan, berriz, ematen du oihana edo basoa dela[3].

Animalia edota fruituen kasuan, berriz, kontuan hartu behar da XHko lexikoan daukaten garrantzia, merkatal ikuspuntutik. Ezezagunak badira, naturalizatu egiten dira: ahuakat / aguakate, pomelo (arabi sagarra), mango, papaia.

Tokian tokiko landare-animaliak kulturalak dira, eta ez dira termino berrien bidez itzultzen (orkidea, koala, kanguroa) baldin eta ez badira XHko ingurunean agertzen beste izen batekin. Orduan usadiozko terminoaren bidez itzultzen dira: cod / makailua.

Kultura materialari honako alorrak dagozkio: janaria, arropak, etxebizitzak, herriak, garraioak. Berez, SHko terminoa gordetzen da, azalpenak eta argibideak izanez gero (errezetak, etab.) Batzuk, honezkero egokituta daude: kruasan (EEL)... Baina beste testuinguru batzuetan transferituta daude: croissant (HE), roastbeefa... Pastak direla eta, espainoletik edota frantsesetik jasotzen diren produktuak gorabehera, besteak azaldu egin beharko dira: lasagna, ravioliak. Nolanahi ere, maileguak oso bereziak dira, eta eguneroko egia estaltzen dute: ez dago dena mailegatzerik, ezta dena kalkoen bidez ematerik ere (Mounin: 84). Adibidez, gaztak, ogia, ardoa, etab. Mouninek hirurogeita lau ogi mota bereizten ditu Frantziako herrialde batean.

Jantziei dagokienez, neologismoz beteta dago hiztegia: jeans, galtza bakeroak (unai prakak). Jantzi nazionalak ez dira itzultzen: sari, kimonoa, kilta... Arropari lotutako hitzen bat kultur hitz bihurtzen denean, hobe da argitzea, izen generikoaren bidez: baggy prakak. Batzuetan argibideak lekuaren arabera edota materialaren arabera ematen dira: botas camperas / larruzko (basoko) botak, mink coat / larruzko (bisoi-) berokia.

Herrialde jakin bateko etxeen izendapenak zuzen-zuzenean hartzen dira (palazzo, bungalow), nahiz eta beste batzuk euskarara itzuliak izan (hacienda / etxaldea).

Garraiobideak, halaber, ez dira itzultzen tokiko hizkera emateko erabiltzen direnean: troika, bou, galeoi... Autoa izendatzeko modu asko daude, hasi antzinetik datozenetatik gaur egungoak arte. Sinonimoen arazoa dugu hemen: EEBBetan hainbat modu daude termino bera adierazteko (car), denak konnotazioz beteak. Bestalde, garai bateko garraioak agertzen direnean, testua girotzeko erabil daitezke, beraz, ez dira itzultzen: hansom, coupé... Marka izenak tartean direnean, transferitu egiten dira: Chevrolet, Rolls Royce, BMW... baita hegazkinen izendapenak ere: DC10, Concorde, Jumbo...

Kultura materialak mundu ikuskeren arteko aldea zabaltzen du, bizimodu materialaren arteko ezberdintasunak direla medio, bai eta teknologia ezberdinei esker ere (Mounin: 82). Kultura materialak ez dira elkarren artean estaltzen. Izan ere, zibilizazio handiko hizkuntzetan ere hitz arrotzak sartzen dira kanpoko kulturaren erakusgarri, hala nola yard, dollar, troïka, etab. frantsesez. Hori dela eta, kultura materialak ez dira zehatz-mehatz itzultzen (Mounin: 83).

Kultura sozialari dagozkio gizakien arteko harremanetatik sortzen diren merkatalgune, ekintza eta iharduerak, lanaren eta astialdiaren inguruan biltzen direnak. Honelako terminoak itzultzean arazo konnotatibo eta denotatiboak daude: charcutería, droguería, chocolatería, patisserie. Transferentziak, kalkoak edota definizio funtzionalak egin daitezke: txarkuteria / urdaitegia, drogeria, txokolategia, goxodenda / gozotegi / gozotoki. Beste arazo batzuk sortzen dira merkataritza-guneak eta inguruko kontzeptuak itzultzean: shopping center, saltoki-gune, zentro komertziala... Horretan, kalkoak eta deskripzioak erabiltzen dira: zone piétonnière, oinezkoen alderdia, delicatessen edo deli (EEBB-etako dendatxoak).

Astialdia betetzeko kirolak, jokoak eta jolasak era guztietakoak dira: cricket, petanka, bowling / bola-jokoa, hockey, squash, badminton, poker.

Kultura sozialak are eta zailago egiten du itzulpen lana, objetu ukigarririk ezean (Mounin: 85). Gizateriari lotutako hitzak: the masses, proletariat, working class... aspalditik geureganatu ditugu: masak, proletalgoa, langileria.

Beste alor bat kultura soziopolitikoari lotuta dago: erakundeak, usadioak, ideiak, prozedurak, kontzeptu politiko-administratiboak itzultzeko bidea ematen du. 

Estatu-burua, gobernu-burua edota parlamentuaren izena nazioarteko morfemaz osatuta badaude, hau da, erraz itzultzekoak, hitzez hitz itzultzen dira: Assemblée Nationale / Asanblea Nazionala, Senate / Senatua. Legebiltzar hitza Euskal Herriari omen dagokio, ordea. Parlamentuaren izena zail samarra bada (Bundestag), itzulpen ofiziala eman behar da administrazioko agirietan, baina askotan transferitzen da irakurle jantziarentzat, edo bestela azalpena gaineratzen zaio erdi mailako irakurlearentzat (Alemaniako Parlamentu Federala). Batzuetan, kale edota etxearen izena ematen zaio erakundeari, prozedura metonimikoa erabiliz: Downing Street, Ingalaterrako Lehen Ministroaren egoitza, White House, Etxe Zuria. Ministerioak, deskriptiboak izanez gero, hitzez hitz itzul daitezke: Ministère de la Jeunesse et des Sports / Gazteentzako eta Kiroletako Ministerio frantziarra.

Erakundearen izena argia bada, hala nola Les Postes et Télécommunications, bi motatako itzulpenak daude, argitalpen arruntetarako kultur baliokidea (PTT edota Frantzia-Suitzetako Posta Zerbitzua) eta argitalpen jasoagoetarako transferentziak edota hitzez hitzeko itzulpena (Posta eta Telekomunikazio Zerbitzua).

Erakundearen izena iluna bada, hala nola British Council, Instituto Cervantes, itzultzaileak ikusi beharko du ea dagoeneko itzulpen ezagunik dagoen, eta gero irakurleak ondo ulertuko ote duen testuinguru honetan. Testu informatiboetan, dena den, izena transferitu eta kultur baliokide neutroren bat erabil daiteke, baina hobe da baliokide funtzionala edo deskriptiboa ematea: British Council, ingelesa irakasteko eta zabaltzeko erakundea.

Dena den, batzuetan ez dago hori egiterik, batez ere, itzulpena testuinguru jasoago batean gertatzen bada: Bachelor's Degree, EEBBetako unibertsitateen lehen zikloa (lau urtekoa) amaitzean eskuratzen den titulua. Testu kolokialagoetan, berriz, kultur baliokidea eman daiteke, besterik gabe: Bachelor's Degree / lizenziatu titulua. Herri mailako erakundeak transferitu egiten dira, termino bereziak direnean edota tokian tokiko hizkeraren berri emateko: arrondissement.

Orohar, zenbat eta adituago izan irakurlea, hainbat eta errazagoa da transferentzia. Tituluak, tratamenduak... batez ere, testu jasoetako hitz oinarrizkoetan, parentesi artean emango dira, definizioaren ondoan. 

Bestalde, termino historikoak, nazioartekoak, erlijiosoak eta artistikoak (Duma, Belle Epoque), ez dira itzultzen, baldin eta jadanik itzulpen ezagunik ez badago (Siècle des Lumières / Argien Mendea). Batzuetan bikoteak sortzen zaizkigu, zeinek bere tradizioa duela: Berpizkunde (Aroa) edo Errenazimentua. Ohar gaitezen batez ere hitz eratorrietan sortzen zaigula arazoa: renacentista / errenazentista. 

Nazioarteko erakundeak akronimoen bidez ezagutzen dira, baina badituzte itzulpen ezagunak ere: WHO (OME, Osasunerako Mundu-Erakundea). UNESCO, berriz, ezagunagoa da akronimoari esker.

Erlijio hizkerako terminoak era askotakoak dira: fumata zuria... Erlijiozko terminoak transferitu egiten dira: adbentistak, baptistak.

Arte munduan agertzen diren izenak irakurlearen kultur mailaren arabera itzultzen dira. Izendapen ilunak ez dira itzultzen: Dresdeneko Staatskapelle. Izendapen argiak badira, itzuli egiten dira: Berlingo Orkestra Filarmonikoa. Museoak, antzokiak, opera-antzokiak eta abar transferitu eta itzuli egiten dira: Covent Garden, Metropolitan Museum of Art, Tate Gallery, Uffizi jauregia... Unibertsalak bihurtzen direnean, naturalizatu egiten dira: modernismoa, kubismoa, fauvismoa.

Itzulpen prozedurak

Mailegua, transkripzioa

Mailegatze prozesua bizpahiru urratsetan erabakitzen da, baina oso bilakaera luzea izan dezake. Mailegu gordinetik hasita, naturalizaziora edota kalkoa sortzera jotzen da. Askotan hitz berria eta zaharra bizikide gertatzen dira, eta erregistro bana hartzen dute, hala nola hizkuntza berezia (cash-flow) eta hizkuntza arrunta (irabazi eta amortizazioak). Hitza zabaldu ahala, hiztun komunitatearen onespena jaso eta hiztegian sartzen da. Ordurako, erregistroa galduta dago gehienetan.

Mailegu lexikoek hizkuntzaren altxorra aberasten dute, bai formalki, bai semantikoki. Alde batetik, transliterazioaren bidez, SHko hitzaren forma XHko sistema fonologikoari egokituko zaio, hitz berriaren funtzio guztiak betetzea ahalbidetuz: hitza deklinatzea, beste batzuekin elkartzea, etab. Bestetik, XHk alor semantikoan izan dezakeen hutsunea bete egiten da, hau da, XHko alor semantikoa zabaldu egiten da, zehatzago eta adierazkorrago bihurtuz.

Maileguari dagokionez, badira zenbait prozedura SHko kultur hitzak itzultzeko:

a) Transferentzia. SHko hitza gordin-gordin hartzen da, inolako aldaketarik gabe. Testuak definitzen du terminoa, transliterazioa edota XHko sasiterminoa erabiliz, benetan ezer esan nahi ez duena, adibidez, British Council, Britainiar Institutua (?).

b) Etiketa. Termino arrotza kakotx artean jartzen da: "cappuccino"a. Gaur egun, letra kurtsiboa edo etzana erabiltzen da horretarako. Kontuan hartu behar da zein den hitzaren bukaera, etiketa jartzerakoan: whisky sour, sour(ra), sour-a. Lehenengo aldiz agertzen denean, badago gidoia jartzea, izena ondo mugatzeko, baina behin agertutakoan, erre hizkia bikoiztu egiten da testuan. Izen arruntekin arazoa dugu: marra, letra etzana kendu... Hitzaren zati bat (letra etzanaz idatzia) hizkuntza emaileari dagokio, eta beste zati bat hizkuntza hartzaileari. Estetika arazoa ere bada. Beraz, honelako konbentziora iritsi beharra dago[4].

c) Naturalizazioa. SHko hitza bereganatu egiten du XHk, transliterazio legeen bidez: check / txeke. Transliterazioa dela eta, euskal sistema erabili beharko genuke hitzak eta soinuak naturaltzeko (jurta / yurta), orain arte euskarara isuri ez diren soinuak egokitzeko. Bi eginkizun ditugu naturalizazioa aurrera eramateko: hotsak nola eman, eta transliterazio sistemak antolatu.

d) Neutralizazioa. Termino arrotzak neutralizatu egiten dira definizioaren edota azalpenaren bidez: British Council, ingelesa irakasteko eta zabaltzeko erakundea. Horrela, testuan azalduko da SHko terminoa eta honi lotutako azalpena, unitate osoa bailitzan, aposizioa edota erlatibozko esaldiaren bidez osatua. Ikus ditzagun honako adibideak:

- Aposizioa: ...Mikado operetaren doinu maitagarri horretan...

- Erlatibozko esaldia: Charliek pneumatique bat, zerbitzu bereziaz igortzen den eskutitza, aurkitu zuen...

- Partizipioa: dodoa, Maurizio irletan bizi zen hegazti iraungia.

- Parentesiak edo gidoiak, termino transferitua hitzez hitz itzultzeko: Tira, Doctors' Commonsera (Londresko Abokatuen Elkartearen egoitzara) joan beharko zenuke kereila jartzera... 

Neutralizazioa oso baliagarria da mailegua eta errezetak batera emateko: Gustura hartu zituen pancakesak, irin-opil frijituak. Spam, urdaiazpikozko fianbre-potea. Whisky soura, azukrea eta limoia erantsitako edaria. 

e) Izen sailkatzailea. Izen arrotzari erantsitako izen generikoa, terminoa mugatzeko: baggy prakak, jeans prakak. SHko erreferenteen forma eta funtzioak oso bestelakoak direnean XHko terminoen aldean, testuinguruko markatzaileak sartu behar izaten dira pasarte biblikoak argitzeko, Nidaren arabera. Literatur itzulpenetan, berriz, kontu handiz erabili behar dira, jatorrizko testua ez aldatzeko.

Elementu sailkatzaileak oso lagungarriak dira SHko terminoak ezezagunak direnean: rubi izeneko harribitxia, bataioaren erritoa, gameluak izeneko animaliak... izan ere, rubia, bataioa eta gamelua ezezagunak izan daitezke kultura jakin bateko jendearentzat (Nida: 150). Nolanahi ere, beti aurkituko ditugu termino ezezagunak itzulpenak egitean: palio izeneko ospakizuna Sienan egiten dute urtero, eta hala ere, jende askok ez daki zer den telebistaz ikusi arte. 

Testuinguruko markatzaileak erabiltzean, itzultzaileak bere arrastoak uzten ditu jatorrizko lanean. Hori dela eta, zilegi da galdetzea zenbateraino alda daitezkeen edota aldatu behar diren SHko terminoak itzultzean. Nidaren ustez, hiru baldintza bete behar dira aldaketak egiteko: 1) testua gaizki ulertzeko arriskua egotea, 2) testua zentzugabea suertatzea edota 3) itzulpena astunegia gertatzea.

f) Bikoizketa. Hitz itzuliari erantsitako aukerako hitza: road-movie edo errepideko filmea. Bitarteko urratsa da mailegua onartzeko edota XHko hitza nagusitzeko, aukeran uzten baitzaizkio biak irakurleari. Kasu honetan, bi bikoizketa mota ditugu: hitz batetik beste batera igarotzea (bistro edo taberna), edo bestela hitz elkarketa, kalkoaren bidez konpontzen dena: Karlomagnoren Gurdia, edo Hartz Nagusiaren gurdia.

g) Oharrak. SHko terminoak azalpen luzea behar duenean, edota testuan txertatzerik ez dagoenean oin-oharrak erabiltzen dira: Squire[5]; «Goizez etorri naiz Parlamentu-trenaz»[6]

Bestalde, esaldi osoak itzultzeko ere oharrak erabiltzen dira, eta era berean, kantak, aho-korapiloak eta otoitzak azaltzeko: «Gradgrindar gaztetxoetariko inork ez zuen behin ere ulertu lelo tuntun hori, twinkle, twinkle, little star; how I wonder what you are!»[7] Nolanahi ere, kanta ezagun-ezagunak badira (Allons enfants de la patrie...) beren hartan utz daitezke, testuan oharrik tartekatu gabe. Horrelako kasuetan irakurlearen kultur-ezagupen maila kontuan hartu behar da. Gainontzeko kasu guztietan, berriz, kanta eta ahapaldiak hitzez hitz itzuli ohi dira, eta aukeran dago oin-oharrak jartzea (originala erakusteko) edo ez: Jesus, ez dut ahaztuko nola askatu ninduzun![8] 

Halaber, STan atzerriko esaldiak sartzen direnean, egoki da oharra erabiltzea: "Was wir Juden schon alles mitgemacht haben"[9], zioen maisu jaunak..."

Beste batzuetan, oharra testuan bertan txertatzen da, atzerriko hitz edo esaldiaren ostean. Hitzez hitzeko itzulpena izaten da, STan atzerriko hitzak oso markatuta daudenean.

Bi motatako oharrak bereizten ditu Nidak, Bibliako itzulpenez ari dela (Nida: 151). Batetik, egoera historiko jakinak aipatzen dituztenak. Kasu honetan azalpenak eta gertakizunak orri berean agertu beharko lukete; bestetik, ohar orokorrak, glosategian biltzeko modukoak, hala nola fariseoak, saduzeoak eta aipatzen dituztenak, edota pisu-neurriak biltzen dituztenak.

h) Glosak. Esamoldeak eta hitzak oso arrotzak badira, ezinbestean antolatuko dugu glosategia. Hitza lehenengoz agertzen denean, izar edo markaren bat agertu ohi da, baina gero testuan txertatu beharko litzateke. Bestalde, aipatu egin behar da orain arte euskaraz prestatutako glosategi gehienak euskarazko hitzak berak ulergaitzak direlako prestatu direla, hala nola Larrakoetxeak prestatutako hitz bilduma Shakespeareren antzerki lanen itzulpenean, edota Jokin Zaitegik apailatu ohi zituen glosategiak Sofoklesen tragediak itzultzean. 

Nidaren arabera, SHko testuan inplizituki agertzen diren elementuak explizitatu egin daitezke XHko itzulpenean, baldin eta testua astunegi bihurtzen ez bada. Nolanahi ere, batzuetan mezua ulertzeko behar den informazioa ez dago inplizituki SHko testuan. Horrela, informazio hori SHko kulturaren baitan dagoenean, ez da bidezkoa XHko testuan sartzea. Hobe da testutik kanpo aurkeztea informazio hori, bai glosategietan, sarritan erabilitako terminoak bilduz, bai oin-oharren bidez, ulertzeko zailtasunak agertu ahala (Nida: 219). Honelako zerbait egin dute Elizen Arteko Biblian, adibidez, ezkontza lebiratu-legearen arabera azaltzean. 

i) Azalpena. Maileguari laguntzeko azalpena bikoizketaren antzekoa da, baina luzeagoa izan daiteke: Ez du ordaindu copyright ik, hau da, egile-eskubiderik.

Ikusten denez, mailegua erabiltzeko modu asko dira, eta ezinbestez etorriko zaigu burura honako galdera: mailegu gehiegi erabiltzen ote ditugu? Baliteke hala izatea, hedabideetan txango eginez gero, behintzat. Nolanahi ere, honetan bat gatoz Julio Cesar Santoyorekin. Irakasle espainiarrak dioenez, hizkuntzak bizirik daude eta hitz arrotzak bereganatzeko joera badute ere, hau ez da erraz gertatzen (Santoyo: 35). Lehenago, hitz arrotzak bere bidea urratu egin behar du, eta frogatu behar-beharrezkoa zaiela XHko hiztunei. Bestela, hizkuntzak behar ez dituen hitzak kanpora botatzen ditu, edota testu zaharren artean lurperatu.

Egia esan, euskarak askoz ere indar ahulagoa dauka gaztelera eta frantsesak baino, hitz arrotzei aurre egiteko. Auzo erderek alde guztietatik erasotzen diote: ingelesezko hitzak gazteleratu eta handik euskarara igarotzen dira, edota bestela frantsesa bitarte heltzen zaizkio. Bestalde, gaur egun maileguak ingelesetik bertatik hartzeko joera berariazkoa dago. Non gelditu zaigu Santoyok eskaintzen duen konponbidea, hau da, XHk berak altxorreko hitza ekarri edo sortzea, geroago hiztunek erabaki dezaten mailegua onartzen duten ala ez?

Arazo honetan atzera egin genezake eta garbizaleen urrutizkinera itzuli, nahiz eta oso adibide egokia ez izan telefono kultur hitzaren ordezko hutsala baita. Alabaina, latin eta grekeratik hartutako hitzak alde batera utzita, behar beharrezkoa da gaurko hiztunek ordezko hitzak aurkeztea maileguei aurre egiteko. Bestela, alferrik ibiliko gara hiletak jotzen. Hizkuntzak berak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz, zenbait aukera ditugu kultur termino berriak sortu edota egokitzeko. Aukera horien artean bi nabarmentzen dira:

a) SHko hitzak lehenagotik ere XHn baliokiderik badu, hau da, XHko hitza eta SHko hitza esanahi berekoak badira, XHko hitza erabiltzea SHko hitzaren ordez. Horrela jokatzea gomendatzen du Rafael Lapesak maileguari dagokionez.

Hori dela eta, Vidal Alva de Diegok DRAEtik hartutako zenbait adibide proposatzen digu, bai eta termino baliokideak ere (De Diego: 646). Guk euskarara egokitu ditugu, eta beste batzuk erantsi: record / errekor / marka; sandwich / sandwich / ogibitarteko / otarteko; comic / tebeo / komiki; chauffeur / txofer / gidari; boom / boom / hazkunde azkarra; hobby / hobby / zaletasun; yuppie / yuppie / exekutibo / hirietako gazte profesionala; abioi / hegazkin / aireko.

Horren gainean zerbait aipatu behar da. Izan ere, gure ustez, atzerriko hitzen ordez proposatzen diren hitz guztiak ez dira esanahi berekoak. Adibidez, sandwich eta ogibitarteko: lehena, bereziki, moldeko ogiarekin egiten da, beraz, ogibitartekoa hitz generikoa dugu; sandwicha, berriz, azpikategoria batean sartuta dago. Bestalde, yuppi eta exekutibo (gazteleraz halako mailegua proposatzen dute bestearen ordez) ez dira gauza bera, funtzio eta konnotazioei begiratzen badiegu: besteak beste, yuppi gazte profesionalei dagokielako, eta exekutiboa enpresa-zuzendaritza taldeko kideei. Bestelako kontua da yuppi eta sandwich hitzek luzerako bizitza izango duten ala ez. Euskal hiztun komunitateak erabaki beharko du baliagarri, erabilgarri edota bestela ere, apaingarri eta arbuiagarri ote diren[10]. Zenbat eta unibertsalagoa izan kontzeptua, orduan eta onargarriagoa izango dugu euskaraz.

b) Aldez aurretik XHn dauden unitateak semantikoki egokitu, SHko hitzaren esanahia har dezaten. Adibidez: kondoi / preserbatibo (gaztelera dela medio), detektibe / ikerlari (Egunkariaren Estilo Liburua).

Hala ere, bigarren sail horretan berriz ere ageri dira latinetik jasotako hitzak, (detective = detectare, ingelesa dela medio), eta izen propio egokituak (XVIII. mendean bizi izan omen zen Condom izeneko doktore ingelesa). Beraz, lehengo gomendiora itzuliz gero, esan genezake ez dagoela zertan ordezkatu hizkuntza klasikoetan errotutako hitzak. Gainera, kasu hauetan sortzen zaizkigun hitz berriak ere anbiguoak dira, eta gehienez ere hitz zaharraren ondoan kokatzen dira, inolaz ere itzaltzen ez dutela: ikerlari (agian hobe litzateke ikertzaile) mota asko daude, hala nola Marie Curie eta Pasteur, baina Philippe Marlowe detektibea da hainbat hizkuntzatan, eta preserbatibo mota asko daude kondoiaz bestalde. 

Edozein kasutan, badirudi hitz pareok bizi-bizirik daudela, eta geroak esango digu zein gailentzen den. Batzuetan, bi terminoak atxiki daitezke, zein bere esparruan kokatuta, adibidez, preserbatiboa medikuntzarako utziz eta kondoia eguneroko hizkuntzan erabiliz. Honetaz, betiko moduan, hiztunek dute azken hitza, inongo gomendioak gorabehera. 

Euskal hitz berriak eratzeko mendebalde zein ekialdeko hiztunak hartu behar dira kontuan. Horrenbestez, nola erabaki maileguak gazteleratik edota frantsesetik hartu behar ote diren? Printzipioz, badirudi jatorrizko hizkuntzatik hartu behar direla, eta hori gehienetan ingelesa omen da. Beste kasu guztietan, frantsesa eta espainola tarteko, korapiloa zailagoa da askatzen. Azken urteotako hiztegietan islatzen denez, Iparralde eta Hegoaldearen arteko bideak banatzen ari dira, eta horrek arazo larriak ekarriko dizkigu orotariko hizkuntza ulergarriari begira.

Kalkoa

Honela definitu ohi da kalkoa: SHko egitura lexikoa XHko elementuen bidez kopiatzea. Hala ere, batzuetan XHko elementuak erabili arren, esanahia eta elementuen ordena SHkoa da. Nolanahi ere, XHko unitate berria sortzen du, gehienetan hitz soila baino konplexuagoa: Thanksgiving / Eskerregite Eguna.

Kalkoa errazago sartzen da XHn, batez ere fonologikoki eta grafikoki egokitu behar ez delako. Hori barik, XHko elementuez baliatzen gara kalkoak egiteko, baina konbinazio berezien bidez. Hori dela eta, hitzez hitzeko itzulpenaren adibiderik argiena dugu kalkoa, jadanik hiztegian ditugun hitzez osatua: White House / Etxe Zuria.

Nolanahi ere, kalko guztiak ez dira hitzez hitz egiten: Berlin Wall / Berlingo harresia. Izan ere, hitzez hitzeko bertsioa desegokia denean, edota konnotazio bitxiak dakartzanean, aldaketak egin behar izaten dira: photo-finish / helmugako argazkia; mesa redonda / mahai inguru; skyscraper, gratte-ciel, rascacielos, zeru-harraskari / etxeorratz; kindergarten (al.) / kindergarden (ing.) / jardín de infancia (gazt.) / haurtzaindegia.

Kontuz ibili behar da kalko lexikoarekin. Zenbaitetan, presaka egindako kalkoak lehendik ere itzulitako hitzak estaltzen ditu: Chamber of Representatives / Ordezkarien Ganbara (EEBBetako Kongresua da itzulpen onartua, dagoeneko).

Bestalde, kalkoak ez dira berez gertatzen: hain zuzen ere, SHko neologismo edo hitz konbinazio berri baten itzulpenak dira. Hori dela eta, kalkoa ideia berri baten adierazpena da, ordura arte erabili ez den hitz-elkarketa baten bidez adierazia (Santoyo: 41).

Beraz, askotan ez beti, ordea kalkoak hitz elkarketa berria dakar SHn bertan. Kalkoaren mekanismoak metafora eta honelako baliabide estilistikoak dakarzkigu gogora; oso elementu antitetiko eta kontrastekoak ditu barne egituran, hizkuntza arruntean ezer esan nahi ez dutenak. Bestela, nola ulertu marea beltz edota saskibaloiaren esanahia? Zer ote da zesta punta hitzez hitz ulertuta, "saskimuturraz" bestalde? EEBBetan hala ulertu bide dute, izan ere, jai-alai metonimiaren bidez izendatzen baitute euskal pilotaren modalitate hori.

Metafora txikiak diren aldetik, kalkoak ez dira inolaz ere euskarara egokitu behar. Oso bestelakoak dira metafora fosilak, hau da, hizkuntzaren baitan pilatutako esamoldeak (pull somebody's leg, adarra jo), esapideak (as a matter of fact, egia esan) eta kalkoak (new wave, uhin berria).

Kalkoek ez dute kultura baten nagusitasuna adierazten, ez baitira oso lotuak hizkuntzaren jatortasunari. Lehen esan dugunez, metaforaren antzeko baliabide estilistikotzat jo genitzake. Hori dela eta, SHn bertan, kalkoak ulertezinak dira lehenengoz irakurtzen duen irakurlearentzat: zer esan nahi zuen black tide (marea beltza) kalkoak Eskoziako nekazari batentzat orain dela urte batzuk, lehenengoz erabili zenean? Arazo nagusia SHko egitura eta XHko egitura ezberdinak izatea da: science fiction, zientzia fikzioa, ciencia-ficción da gazteleraz gaizki eratutako bikotean, baina hala ere bidea egin du hizkuntza horretan eta gainera beste kalko batzuei atea ireki: politika fikzioa etab.

Kalkoak XHn bere bidea urratzen badu, fosilizatu egingo da, eta osagai lexikoak zein antolaketa sintaktikoa ordezkaezinak izango dira: gerra hotza bai, baina ez dugu gerra berorik. Bestalde, kalkoei larregizko beldurra ez izateagatik, esan dezagun oso baliagarriak direla Europako hizkuntzen estilo komuna garatzeko. Alde horretatik, nabaritzen da gure komunitateko hizkuntza gehienetan kalkoak ametitzeko joera.

Kalkoak egiterakoan jatorrizko hizkuntzari begiratu behar zaio. Tradizioak agindutakoaren bidetik: zinemagintzaren hizkera ingelesetik hartzen da, arte munduko hitz asko italiera eta frantsesetik, etab. Hori dela eta, auzo erdara batean (gaztelera, frantsesa) sortzen diren formulak itzultzeko, abantaila izango dute mendebaldeko edota ekialdeko hiztunek, kasuan kasu. Har dezagun, adibidez, faroltxo gorria (farolillo rojo / lanterne rouge) esamoldea. Kirolan erabiltzen da, batez ere, txirrindularitzan, eta aski zabalduta dago hedabideetan. Txirrindulari lasterketetan erabiltzen da, baina lehenagotik dator. Dirudienez, lanterne rouge Frantzian zabaldutako hitz-elkarketa da, ibilgailu zaharren mundutik kirol ihardueretara eramana, ekintza jakin batean azkena dabilena adierazteko: Dans une course, un classement, celui qui occupe la dernière place, par allusion à la dernière voiture d'un convoi, signalée par une lanterne rouge (Larousse: 2962).

Badago ordainik euskal kulturan egoera eta kasu berean erabil daitekeenik? Bestela ere, kalkoa dugu irtenbiderik errazena. Jatorrizko esamoldea frantsesetik datorrenez, lanterne rouge hitz-elkarketa euskaratu beharra dago esamoldea osatzeko. Kalkoaren elementurik argiena rouge hitza da, gorri koloreari baitagokio. Ikus dezagun, bada, nondik datorren beste hitza, lanterne: Lanterna (latina) (< etruskoa) < Lampter (grekoa) (lanpara, argia). Nolanahi ere, tresna berezi baten izendapena da, hain zuzen ere, barruan argia duen kutxa-antzekoa. Aukeran zenbat hitz ditugu hitz hori ordezkatzeko: argimutil, eskuargi, argiontzi, kriseilu, argi gorria... Ikus ditzagun definizioak:

Argimutil: Kandelaren edo beste edozein argiren euskarria. 

Argiontzi: Argi egiteko erregairen bat duen ontzia[11].

Eskuargi: Beirazko ontzi batean jartzen den argia, eskuan eramaten dena.

Farol: Material garden batez osatutako kutxa-antzekoa, barnealdean duen argia itzal ez dadin balio duena. 

Kriseilu: Oliozko argiontzi metxaduna, zintzilikatzeko gako bat duena; kandela sartzen den ontzi gardena, zintzilikatzen dena edo zintzilik eramaten dena.

Horrenbestez, kalkorik zuzenena farol gorria izan liteke, gaztelerazko faroltxo gorria alde batera utziz. Bestela, euskal altxorreko esamolde parekoren bat bilatu eta erabiltzen hasi. Nolanahi ere, horrelako eztabaida kamutsetan dihardugun bitartean, hiztunek hautua egin dute eta kalkoa txertatuta dago komunikabideetan eta hiztegietaraino heldu da. Adibidez, faroltxo gorria Hiztegi entziklopedikoan ageri da, eta EITBeko emankizunetan barra-barra entzuten da[12]. Izan ere, kalkoak zabaltzekotan, ezinbestekoa da hiztegiek eta hedabideek eskaintzen duten laguntza. Berriz ere, arretaz begiratu behar zaie euskarazko prentsa eta hedabideei, hizkuntz egoeraren berri ematen digutelako, hala indarra nola ahulezia erakutsiz.

Analisi konponentziala, definizioa eta parafrasia

Honelako baliabideak erabiltzen dira SHko terminoak hobeto azaltzeko. Mailegu edota kalko hutsaz haratago daude, baina ez dira egokipenak ere.

a) Analisi konponentziala. Itzulpengintzari gagozkiola, honela egiten da analisi konponentziala: SHko hitz bat eta XHko hitz baliokide bat hartzen dira, elkarren arteko elementu komunak aztertzeko. Hitzok antzeko esanahia dute, baina ez dira guztiz baliokideak. Azterketa honetan hitz bien osagai komunak agertuko dira lehen, eta gero bata bestearengandik bereizten dituztenak. Gehienetan, SHko hitzak esanahi espezifikoagoa du XHkoak baino, eta itzultzaileak osagai semantikoak erantsi beharko dizkio XHko hitzari baliokidetza lortzeko. Adibidez: yukata / kotoizko kimono xumea, batez ere udan erabiltzen dena.

b) Definizioa. Neutralizazioaren antzekoa da, baina kasu honetan termino arrotza ezabatu egiten da itzulpenean. Horrela, testuan azalduko da SHko terminoari lotutako azalpena, unitate osoa bailitzan: Halloween / Domu Santu egunaren bezpera; Yom Kippur / Garbai Eguna; Thanksgiving Day / Eskerregite eguna. Hitzez hitzeko itzulpena izan daiteke, edo bestela azalpena ematen duena, ospakizunen izen deskribatzailea: Memorial Day / Maiatzaren azken astelehena, gerran hil direnei EEBBetan egiten zaien omenaldi eguna.

c) Parafrasiak bi motatakoak dira: a) Hitz eratorriak erabiliz egindako parafrasia: Terraced gardens / implantés en terraces / terrazatan kokatutako lorategiak; b) Hitz solteak erabiliz egindako parafrasia: You can even dine 'al fresco' in the summer on our open air terrace. Gainera, udan gure terrazan eseri eta kanpoaldean afal daiteke.

Nidak zenbait muga ezartzen dizkie testuan egiten diren parafrasi eta gehikuntzei. Inolaz ere ez dira itzultzailearen gogora erabili behar: dagokion pasartean inplizituki agertzen dena baizik ez da azaldu behar testuan. Ezin dira erantsi datu kulturalak, nahiz eta interesgarriak izan, itzultzen den pasarteko hitzen zentzuan isladatzen ez badira. Halaber, ezin dira erantsi testuaren beste pasarteetatik hartutako informazioak, eta are gutxiago kanpoko testuetakoak. Nida Bibliako itzulpenaz ari da, baina azalpen horiek oso egokiak dira literatur lanetarako ere (Nida: 152).

d) Mailegua + edukiaren aipamena: hainbat hilabetez ez zen joan mikvahra bere burua garbitzera. Azken hiru hitzak gaineratu zaizkio itzulpenari, mikvah horren funtzioa azaltzeko. Kulturen arteko arazoa da hori, eta esanahia argi uzteko, ezaugarri nagusia esplizitatu egiten da. Fauna eta flora oso bestelakoak badira, irakurleak ez dauka errealitate horren presentziarik. Gauza bera gertatzen da adjetiboak esplizituki azaltzen direnean, nahiz eta jatorrizkoan ez ageri: las mariposas de Muzo / Muzoko tximeleta urdinak (Nerudaren poema baten itzulpena).

Lehen ere ikusi dugunez, Nidak zabalkuntza lexikoak onartzen ditu testuan agertzen diren elementu arrotzak markatzeko edota sailkatzeko. Itzultzaile estatubatuarrak honela sailkatzen ditu zabalkuntza lexikoak: 1) sailkapenak, 2) ordezkapen deskriptiboak, 3) berregituraketa semantikoak.

Sailkapenak sarritan erabiltzen dira, beti ere jatorri arrotzeko hitzen bati erredundantzia semantikoa emateko, irakurleak hitzaren forma edo funtzioa uler dezan: Jerusalem hiria, fariseoen sekta. Ordezkapen deskriptiboak SHko esapideak baino luzexeagoak izaten dira, zenbait elementu lexiko elkartu behar baitira dagokion objetu edota gertakizunaren forma eta funtzioa deskribatzeko. Hala, sinagoga hitza "juduek kulto erlijiosorako erabiltzen duten etxea" deskribatzen da. Hala ere, SHko esapide batzuk oso trinkoak dira, eta zabalkuntza handiagoa behar dute XHn. Honelakoetan, egitura semantikoak itxuraldatu egiten dira, azalpenak emanez edota bestela, oharren bidez (Nida: 218).

Egokipena

Egokipena XHko kulturaren erreferentziak erabiltzea da SHtik datozenak ordezkatzeko, inolako aipamenik egin gabe. Oro har, egokipena haurrentzat edo irakurle berezientzat prestatutako testuetan agertzen da. Euskal itzulpengintzak badu alor berezia jorratua honetaz (Irakurmendi saila Elkarren, Mikoleta saila DDBn). Berez, ez da literatur orokorraren prozedura, baina batzuetan topo egiten dugu berarekin. Nolanahi ere, egokipen prozedura batzuk literatur testu guztietan agertzen dira:

a) Kultur baliokidea: Bachelor's Degree / lizentziatu; coroner / forentse; sandwich / ogibitarteko.

b) Hitz generikoa erabiltzea (egokipen semantikoa): Shampoo the hair / Ilea shampooz garbitu. Condom / preserbatibo.

c) Hitz neutroagoa erabiltzea (egokipen semantikoa): He lives in a croft. / Etxola batean bizi da.

d) Itzulpen onartua: Basque Studies Program / Renoko (Unibertsitateko) Euskal Mintegia. Itzulpen finkatua erabiltzean konnotazio eta denotazioen arazoa dugu, haren bidez kultura bakoitzaren izakera agerian jartzen baita.

Batez ere, testu neutro eta zabalkunde mailakoetan erabiltzen da egokipena, kulturaren zama hain astuna ez denean. Literaturan, berriz, egoerak eta gertakizunak markaturik ez dauden narrazioetan. Jatorrizko testuaren pertsonak, lekuak, erakundeak-eta fantasiazkoak direnean, errazagoa da egokipena. Horra hor, adibidez, umeentzako ipuinak eta haur literaturaren jolasak: zenbatzeko formulak; hitz arrotzak (vicar / bikario hitzaren ordez, apaiza hitz generikoa erabili). Haur literaturako itzulpenetan, adibidez, askotan aldatzen zaie izena pertsonaiei, SHn hitz jolasak eta egiten direnean.

Bestelako testuetan, testuingurua zenbat eta neutroagoa izan, hainbat eta errazagoa da egokipena. Horra hor A cup of tea in Pamplona, Robert Laxalten eleberriaren izenburua. Kafea hartzea Iruñean itzuli behar izan da, esaldiaren testuinguruak hala behartzen duelako: mugazainak kontrabandista bati galdetzen dio ea zertara doan Iruñera, eta erantzuna xumea bezain ironikoa da: kafea hartzera. Gure artean nahikoa bitxia litzateke tea hartzera joatea Iruñera, Hemingwayren pertsonaiaren bat ez bada, behintzat. Horrenbestez, kultur arteko hutsunea zegoen eta esaldia egokitu egin behar izan da.

Hala ere, testuingurua oso markatuta badago, arazoak sortuko zaizkigu. Errealitate historikoa oso garrantzitsua da testuak ulertzeko. Hori dela eta, ez dago aldatzerik pertsona, leku edota erakunde historikoen izena.

Bestalde, egokipena testuinguru kultural batean oso markaturik agertzen bada, anakronismoak gertatzen dira: Orixek hala egin zuen, Kanaango ezteietan txistulariak zirela esanez. Testuinguru ahistoriko batean, egin liteke, kokapen historiko-geografikotik kanpo badago. Bestela, kakofonia erreferentziala da.

Honetaz ari garela, Nidak sinbolismoaren arazoa dakarkigu gogora. Gertakizunen esangura historiko eta sinbolikoa oso kontuan hartzekoak dira teknika markatzaile eta zabaltzaileak aztertzean. Sinbolo unibertsalak, hau da, analogiaz zabaltzen diren egoerak adierazten dituztenak ez dira zertan hitzez hitz itzuli. Kasu honetan egokipenak bilatu behar dira eta beste kultura batean ondo txertatzen diren sinboloak, hala nola Bibliako mahatsen kontuan (Jn 15). Beste batzuetan, berriz, herri jakin bateko sinboloak direnean, hau da, herri batek garatu duen egoera sinboliko baten adierazgarri, tokian tokiko izendapenak atxiki behar dira, hala nola pikondoa (Mt 11, 12-14) juduen ugalkortasun ezaren sinboloa baita. Beste horrenbeste gertatzen da ardiak edota antxumeak aipatzean, juduen sakrifizioetan eginkizun nagusia betetzen baitute (Nida: 150). 

Egokipenak egitean sortzen den beste arazo bat baliokidetzarik eza izaten da. Nola egokitu: he has a sincere, Abraham Lincoln voice? Kasu honetan, gainera, jatorrizko pertsonaia ezaguna da, baina ezezaguna denean, askoz ere zailagoa da identifikazioa. Abraham Lincoln voicek ikaragarri iradokitzen du, beraz arriskutsua da halako gauzak argitu nahi izatea[13]. Hori bai, ohar batean azal dezakezu Abraham Lincoln nor den, ezezagunegia bada. Baina autoreaz aparte, eta autoreak berak ere bere iritzia izan dezake, nork esan dezake zein eduki semiko daukan Abraham Lincoln voicek, zein da horren analisi konponentziala? Literatura horretan oinarritzen da. Testuak ez dira monosemikoak, interpretazio bakarrekoak: horretan datza literaturaren subjetibitatea.

Beste batzuetan aldaketa horiek lexikalizatuta daude: Perogrullo, Pernandoren egiak, pellokeriak esan... hor lexikoan sartuta daude. Tarteko gauzak ere badira: Don Juan, Casanova eta Rasputin. Badute elkartasunik, baina historikoki oso bestelakoak dira, eta batzuetan funtzionatzen dute, besteetan ez.

Kultur terminoak egokitzekotan, jatorrizko erreferentea identifikatuta egon beharko da. Batzuetan, identifikazio zehatza lortzeko, SHko terminoa eta definizioa elkarrekin agertuko dira, hala nola EEBBetako kalifikazio sisteman: A+, bikain, A, oso ongi, etab. Termino juridikoen itzulpena egiteko, adibidez, gehienetan itzulpen morfologikoaren bidez egiten da, edota definizioa erantsiz: District Attorney / Barruti fiskala.

Bestalde, ez da ahaztu behar testuan erabilitako prozedurari eutsi egin behar zaiola. Ez da komeni testu berean egokipenak hemen, hitzez hitzeko itzulpenak hor eta jatorrizko hitzak han aurkitzea pertsonaia eta erakundeen kasuan, adibidez.

Nolanahi ere, badirudi egokipenak batzuetan arrakasta izaten duela, eta hortaz, halako elementu berriak sortzen dituela XHn, elementu zaharren bidez adieraziak. Horrelakoetan, konnotazio ezberdinak ez badituzte, elementu berriak itzulpen kasu berezitzat hartzen dira. Bestalde, onartutako itzulpen ezagunak hizkuntzaren altxorrean sartzen dira: Supreme Court: Epaitegi Nagusia (EEBB). Basque Studies Program: Renoko (Unibertsitateko) Euskal Mintegia. 

Bestelakoak

a) Irudiak erabili. Erreportaietan eta komunikabideetan erabiltzekoa. Babes grafikoak azalpenak ematen ditu, eta batzuetan ez dago zertan itzuli kontzeptua. Haur literaturan ere erabilgarria da, batez ere, parafrasi luzeak ez erabiltzeko.

b) Ezabakuntza (elipsia): elementu linguistikoak (metaforak eta indartzaileak) kendu testu arruntetan. Esanahi proposizionala aldatzen ez duten elementuak ezabatu egiten dira, testuak informazio-galerarik jasan gabe. Literatur testuetan, berriz, kontuz ibili behar da elementuak ezabatzerakoan. Kanpoan utz daitezke erredundantzia soilak, hau da, elementu sintaktiko eta lexikoak diren aldetik, baina kultur elementuak badira, ahaleginak egin beharko dira nola edo hala emateko.

c) Testuinguruaren arabera itzuli. Hitz batek esanahi anitz dituenean, kasuan kasuko itzulpena eman dakioke. Alabaina, hitz esanguratsuak testuaren giltzarri bihurtzen badira, orduan oinarrizko kontzeptuei egokituta itzuli behar dira. Halako zerbait gertaten da kontzeptu filosofikoekin.

Baliokidetza deskriptibo-funtzionala (ohiturak eta keinuak)

Bi bide ditugu keinu eta ohitura arruntak itzultzeko: deskripzioa eta funtzioa. Keinu edota ohituraren funtzioa anbiguitatea argitzeko emango da: kapela ikutu baietz esateko, erpurua atxiki zeozer ondo dabilela esateko. SHko kultura eta XHkoa elkarrengandik aski urrunduta badaude, honelako azalpenak ezinbestekoak dira: 

«...etxeko garbiketa gainerako Urte Zahar egunetan baino askoz arinago amaitua zegoela ohartu zen»[14]

«...aurpegia ur gaztetan igurtzi ondoren...»[15]

Hainbat ohitura eta usadio, hizkuntza arruntaz deskribatuak, baliokide deskriptibo eta funtzionalen bidez ordezkatu behar dira, zeren hitzez hitzeko itzulpenak zentzu okerra emango bailuke. Adibidez: nod aditz ingelesa, baiezkoa egin zuen, baietz egin, buruz baiezkoa egin edo halako zerbaitez deskribatu ahal da; hitzez hitzeko itzulpena, berriz, buruari gora eta behera eragitea da.

Hizkuntza batzuk besteak baino deskriptiboagoak dira. Horrela, hizkuntzaren maila hori zaindu egin behar da, handik aurrera ez pasatzeko. Esaterako, dijo, exclamó, etab. alemaneraz askoz esplizituagoak dira, eta ingelesera pasatzerakoan ez dira denak igarotzen. Hizkuntza bakoitzak zenbait konbentzio sartu ditu. Azkenaldion idazleak konbentzio horiek lantzen ari dira, eta itzultzaileok ezin gara joan askoz aurrerago. Idazleak ere sortzen ari dira itzulpenetatik edo behartuta, eta denok ari gara gauza bera lantzen. Ez dugu gelditu behar tradizioan, baizik aurrera egin, dosifikatuz, ea testuak ondo korritzen duen. Gauza bera egiten da ingelesetik euskarara: say sei aldiz agertzen bada, aldatu egingo dugu. Testuak ez luke nabarmendu beharko, euskal prosagintzan normal korritzen duena beharko genuke. Nolanahi ere, aukera estilistikoak ere badira: Carverren Katedrala.

Esamoldeak

Esamoldeek eta atsotitzek kultur hitzen esparru berezia osatzen dutela esan genezake. Izan ere, kultura jakin baten antolaketa eta mundu ikuskeraren berri ematen digute, nahiz eta kultur hitzak eta hitz unibertsalak nahasian erabili. Hain zuzen ere, gehienetan elementu unibertsalez osatutako sintagmak dira, baina guztiz esanahi bereziak dituzte, metafora, hiperbole eta bestelako baliabide estilistikoen antzera: it's raining cats and dogs / goian behean euria ari du.

Argi bereizi behar ditugu esamolde eta atsotitz horien esparrua eta kalko eta esamolde berriak. Batez ere, kultur zama handia daukaten esamoldeez ari gara, baliokide errazik ez daukatenak.

Kalkoak elementu berritzaileak dira hizkuntzaren bilakaeran; esamoldeak eta atsotzitzak, berriz, elementu finkatzaile bihurtu dira denboraren poderioz. Izan ere, kultura bakoitzak eremu bereziak aukeratzen ditu bere mundu ikuskera adierazteko, eta hortik sortzen dira hainbat konparaketa, esapide eta esamolde. Horrenbestez, esamoldeek metaforaren antzeko funtzioa daukate, nahikoa adierazgarria, eta sarri askotan hitzez hitzeko itzulpenetik urrundua: it's a piece of cake / oso erraza da.

Honetan itzultzaileak lan handia egin behar du XHko baliabideak ondo ezagutzeko. Hiztegiak, zerrendak eta era guztietako tresnak erabili behar ditu, XHko sistema ahulduko ez bada SHko esamolde arrotzek higatua. Beraz, usadiozko esamolde eta atsotitzak aurkituz gero, hizkuntzaren altxorrera jo beharko dugu antzeko esamoldeen bila.

Bestalde, kontuan hartu behar da esamoldeak etengabe berriztatzen direla, berriak sortu eta zaharrak finkatu (edo desagertu) ahala. Esamolde berri asko klitxe hutsak dira, eta ez dira usu erabiliak literaturan. Esamolde edo klitxe horiek batez ere kazetaritzan erabiltzen dira, eta funtzio adierazgarria galdu dute.

Newmarkek metafora topiko edo klitxeak deritze. Ikertzaile horren arabera, klitxe horiek ez dute eginkizun estilistikorik, baina konbentzio huts bihurtu dira SHn bertan. Horrenbestez, XHn honelako konbentzioak erabili edo asmatu beharko dira parekotasuna lortzeko. Besterik ezean, zentzuzko itzulpena egin daiteke, SHn ere metaforak indarra galdu duelako: a politician who had made his mark / bere aztarna utzi duen politikaria, eragin handiko politikaria, ospe handiko politikaria izan daiteke. Halako zerbait gertatzen da askotan hedabideetan. Literatura itzultzean, berriz, oso garrantzitsua da SH finkatuaren eremua ondo bereiztea, honelako eremua euskaraz ere finkatzeko.

Atzerriko hitzak jatorrizko testuan

Idazleek askotan erabiltzen dituzte atzerriko hitzak literatur lanetan. Helburuak, ustez, estilistikoak dira, eta beti ere efektu bereziren bat lortzeko irakurlearen gogoan. Horra hor, adibidez, kultur maila jasoagoa adieraztea: ingelesek frantsesa erabiltzen dute horretarako. Bestalde, pertsonaiak karakterizatzeko erabiltzen da. Halaber, atzerriko kulturaren lekuko izateagatik edota kulturen arteko hutsuneak eta berezitasunak nabarmentzeko. Nolanahi ere, idazlearen zeregina gehienbat estilistikoa denez, XHko irakurleak nekez antzemango dio itzulpenean, baldin eta itzultzaileak horren baliokiderik aurkitzen ez badu.

Baliokide zehatzaren bila eta bila ibilita, itzultzaileak bi motatako arazoak topatuko ditu aurrean: alde batetik, SHko testuan lortutako efektua aurkitu, neurtu, baloratu, eta deskribatu (zernolako eragina duen, batez ere); bestetik, XHak eskaintzen dizkion baliabideak aztertu, SHkoekin konparatu eta erabaki ea baliokideak diren. Har dezagun dilettante italierazko hitza: ingelesak dilettante mailegutzat hartu du, frantsesak ere dilletante, eta gaztelaniak diletante; euskaraz beste horrenbeste egin dezakegu: diletante mailegua hartu.

Hala ere, askotan hitz mailegatuak bere bidea egiten du, jatorrizko esanahitik aldendu arte. Orduan, false friends, faux amis, edota adiskide aizunak deritzenak sortzen zaizkigu: sensible (Ing.) arrazoizkoa edota zentzuzkoa da, eta ez sentibera; espanto / espantu, retórica / erretolika, fantasía / fantasia, acción / azio.

Zientzian kontzeptu berriak izendatzearren (modem) erabiltzen dira hitz arrotzak. Hizkuntza arruntean, berriz, baliokidetzarik ez dagoelako. Egia esan, zenbat eta unibertsalago izan hitza, hainbat eta aukera handiagoa izango da baliokidea aurkitzeko: (cus-cus, kefir, porridge / olo-ahia). Talo hitza generiko bihurtu da, dela artirinezkoa zein galirinezkoa... Edozein kasutan, idazleak jatorrizko lanean erabiltzen dituen hitz arrotzak berdin eman genitzake itzulpenean, galera estilistikorik ez sortzekotan.

Local color (Tokian tokiko hizkera)

Ikusi dugunez, tokiko hizkera jasotzearren hitz arrotzak erabiltzen dira. Halaber, giro literario eta markatuaren ezaugarriak isladatzeko, jatorrizko elementu linguistikoak gordetzen dira: a) tratamenduak, lanbideak eta tituluak: Mr., Mme., Herr, gendarme, Lord... b) tokien izen generikoa: Oxford Street, Madison Avenue... c) beste hizkuntza batetik datozen pertsona-izenak: Moshé, Sri Thanonchai... d) agurra, kortesia-formulak, zinak: bye, ciao, danke... e) hitz kuttunak (familia, erlijioa): mamusha, mom, ma... f) neurriak: miliak, yardak, librak, oinak; monetak: zentaboa, lira, libra... g) izen berezi eta markatuak: Abraham Lincoln, sincere voice...

Testu gehienak markaturik daude: garaia, lekua eta kultura jakin bati dagozkio. Ezaugarri horiek badute zerikusirik estilo eta esanahiarekin. Toki-denborazko markatzaileek bizitasuna eta adierazkortasuna ematen diote kontakizunari (Altxor uhartea), edota esanahiaren osagai funtsezkoak dakartzate testura (Jivago doktorearen Errusia). Itzultzean elementu markatzaile horiek hein batean gordeko dira. Beste batzuetan, neutralizatu egiten dira, eta zenbaitetan, egokitu ere bai (antzerkia, haur literatura, publizitatea). 

Markatzaileak agertzeko arrazoi nagusia estiloa da. Markatzaileak gutxitu eta egokitzeko arrazoia, berriz, irakurlearen ulermena. Esaterako, yiddishez idatzitako nobela bat ondo ulertuko dute EEBBetako juduek (adina eta jatorria gora-behera). Ingelesezko bertsioa ongi samar ulertuko dute ingelesez mintzatzen diren judu estatubatuarrek, baina beste iparramerikarrek ez hain ondo, jatorrizko erreferentziak beren hartan uzten badira, behintzat. Era berean, Atxagaren Obabakoak ondo ulertuko dute euskaldunek, eta nahikoa ondo gazteleraz edo frantsesaz dakiten euskal herritarrek, baina ez hain ondo gazteleraz eta frantsesez irakurtzen duten irakurle espaniar edota frantziarrek. Arazoak askoz ere larriagoak lirateke Garoa edota Peru Abarka itzultzean (baita gaur egungo euskaldun askorentzat ere). Beste adibide bat, Robert Laxalten eleberriena da. Sweet Promise Land (Dominique, euskarazko itzulpenean) ondo ulertuko dute ingelesez irakurtzen duten EEBBetako euskaldunek, bai gaiagatik, bai hizkuntzagatik. Beste irakurketa maila izango da euskarara itzulita, euskaldunek jasotzen dutena. Beste maila bat, agian tartean dagoena, ingelesez irakurtzen duten euskaldun estatubatuarrek osatua da. Nola ulertuko dute ingelesez dakitenek eta euskaraz dakitenek? Zer esanik ez, gaztelerara edo frantsesera itzuliz gero, frantses eta espainiar irakurleek ñabardura franko huts egingo lukete.

Ondorioak

Hasieran aipatu dugunez, kultur hitzen esparruak beste bi multzo ditu bere ondoan: hitz unibertsalak eta idazlearen idiolektoa. Idazlearen idiolektoa espresabide berezia denez, figura literarioz hornitua agertu ohi da. Horrenbestez, kultur hitzak eta hitz unibertsalak bereiztean sortzen dira arazoak. Esan genezake kultur hitzek mundu ikuskeraren arazoa dakarkiotela itzultzaileari, kultura jakin bateko adierazpideak nabarmenarazten dituztelako. Tokian tokiko hizkerak kultur bizitasuna ematen dio itzulpenari. Zenbaterainokoa den neurtzea bestelako kontua da, ordea. Emaitzak oso aldakorrak dira, generoak eta erregistroak anitzak direla kontuan hartzen bada. Horra hor, bestalde, jarrera etnozentrikoa, egokipenaren bidez dena konpontzen duena.

Era berean, gaur egun gero eta arruntagoa da hainbat hitz nazioarteko agertzea hizkuntza guztietan. Kulturen arteko lehia eta elkarbizitza dela medio, kultur hitz asko unibertsal bihurtu dira: faxa, vodka. Noiz aldatzen dira hitzak kategoria batetik bestera? Ibilbide honetan garrantzi handia dute hitzaren erreferenteak eta testuinguruak. Honela, erreferente zehatza duten hitzak (sandwich) nola edo hala deskribatu ahal izango dira, egokitu edota maileguaz ordezkatu. Nolabait esateko, erreferentearekin batera sartuko da hitza XHn. Alabaina, hitz abstraktuak edota iritzizkoak (perestroika) testuinguruan kokatu beharko dira, edota oharren bidez azaldu, eta nekez txertatuko dira XHn erreferente ukigarririk ezean.

Halako bilakaera astirotsuagoa zein lasterragoa izan daiteke, hainbat gorabeheraren arabera. Nolanahi ere, ibilbide horretan sartzen dira bi bitartekari nagusi: mailegua eta kalkoa. Kalkoa eta mailegua elkarren ondoan bizi dira, eta ez dago beti jakiterik zein den egokiena. Gainera, hizkuntza batetik bestera aukerak ere aldatu egiten dira. Esaterako, aizkolariak woodchoppers dira ingelesez, baina aizcolaris gaztelaniaz. Bestalde, (eskuko) pilotariak handball players dira ingelesez eta pelotaris gazteleraz. Euskaraz ihardunbide hitz elkartua (XIX-XX. mendea) sortu da Iparraldeko prozedura (XVIII. mendea) esateko. Era berean, chemin-de-fer frantsesetik abiatuta burdinbide eratu da, trenaren alboan tirriki-tarraka dabilena.

Kalkoak hizkuntzen arteko komunikazioa errazten du, hizkuntzak elkarrengana bultzatzen dituelako. Hala ere, prozesu horretan hizkuntza indartsuen nagusitasuna nabarmentzen da, alegia, ingelesa, frantsesa eta, geure kasuan, gazteleraren nagusitasuna. Ikusteko dago euskara higatuegi ote dagoen hainbeste kalkoren artean, baina gaur egun ezinbestekoa da kalkoak erabiltzea hizkuntza berezituetan, behintzat: hedabideetan, zineman, teknikan, administrazioan. Abstrakziora egiten duten hizkuntza mota horietan kalkoa da biderik zuzenena hizkuntza batetik bestera itzultzeko. Izan ere, kontuan hartu behar da premiazko hizkuntza ekintzak egiten direla aipatu hizkuntzetan, inolaz ere akademiaren erabakien zain egoterik ez daukatenak.

Bestelakoa da literatur sorkuntza eta herriko hizkeraren kasua, baita zuzenean egiten diren irratsaioena ere. Agian hor euskarak bere gisako esparrua du, eta horregatik azaltzen du bere mamia, hizkuntzaren muinetik datorkiona. Horri eutsi egin behar zaio, eta horretarako daude hamaika esamolde eta adierazpide, hitzetik hortzera entzuten ditugunak. Nolanahi ere, gaiak hala behartzen bagaitu, kalkoak eta hitz berriak ekarri beharko ditugu hizpidera, tentuz ekarri ere. Oso zaila da, dena den, orekari eustea, batez ere, eguneroko hizketaldietan interferentziak ezinbestekoak direlako. Hiztuna erregistro batetik bestera igarotzen da, eta batzuetan ustekabean erabiltzen ditu kalkoak eta maileguak behar ez den erregistroan.

Maileguaz baliatzea erabakiz gero, kontuan hartu beharko da zernolako tratamendua ematen zaion hitz arrotzari. Ikusi dugunez, transferentzia soila eginez gero, letra etzanaren arazoa daukagu: noiz eta nola markatu neologismoa edota barbarismoa, nola deklinatu, etab. Bestalde, mailegua transliterazioaren bidez egokitzean, euskararen fonologi legeak gorde behar dira. Era berean, ortografiari buruzko gomendioak Euskaltzaindiak plazaratutako txostenetan ageri dira.

Horrez gainera, horra hor zenbait faktore eragile kanpoko hitzak onartzeko baldintzak erraztu edo zailtzen dituztenak: Euskaltzaindiaren erabakiak, hiztegi arauemaileak, hedabideak, egoera soziolinguistikoa, literatur tradizioa, hizkuntz baliabideak, etab.

Euskarak eguneroko erronkei aurre egingo badie, hainbat alorretan garatu beharko du hiztegia, hitz unibertsalak bereganatuz eta kalkoak sortuz. Besterik ezean, hizkuntzaren baitan dauden baliabideak erabiliz, esamolde berriak sortuko dira hizkuntzaren bizigarri. Kontuak kontu, galdera asko egin litezke horren gainean: zein da euskararen erabilera eremua gaur egun, eta euskal hiztunen esparru nagusia? Nork sortu behar ditu halako esamoldeak: Euskaltzaindiak, batzorde bereziren batek, hedabideetako langileek edota idazle-itzultzaileek? Nondik atera behar dira paralelismoak: kiroletik, baserritik, hiriko mundutik, lan mundutik, bertsolaritzatik edota literatura klasikotik?

Euskaraz baliatzen garenon esparrua nahikoa mugatua denez, hitz batek bere bidea urratuko badu, hobe du inoren autoritatean bermatu munduan zehar ibiltzeko. Euskararen kasuan, besteak beste, hona hemen autoritateak: Euskaltzaindia, hiztegigileak, hedabideak, eta, azken baina ez hutsen, idazleak.

Sailkapen horretan ez dira itzultzaileak ageri. Izan ere, leku guztietan sakabanatuta daude. Hedabideetako lan gehiena itzulpena da, hala nola hiztegi eta entziklopediak paratzea, bai eta idaztea bera ere kasurik gehienetan. 

Agidanez, euskarak ere baditu hizkuntzaren sortzaileak eta hedabideak hitz edo kalko berriak sortu eta egokitzeko. Gainera, hizkuntz politika hartara egokitu, eta dauden baliabideak (datu-baseak, hiztegi informatizatuak, testu-prozesatzaileak, hedabideak, euskaltegiak, akademiak, bazkunak) zuhur erabiliz gero, hitzen bizitza bermatuta egongo da. Izan ere, hiztegia nora idazleak hara, edo bestela esanda, euskararen inguruko erabakiak nora, idazle-itzultzaile-irakasle-eta abar guztiok hara. Beraz, kanpoko uholde arrotzari muzin egin baino lehen, abian jarri beharko ditugu eskuartean ditugun baliabide guztiak, hizkuntzaren pobretze horretan eroriko ez bagara.

Bukatzeko, hala nola hitz unibertsalak eta kultur hitzak bereizi egin behar baitira, halaber bereizi behar dira hedabideetako euskara eta literatura hizkuntza. Literatura testuetan zilegi dira eguneroko hizkuntzan gertatzen ez diren anbiguetate, arroztasun eta ñabardurak. Bakerren sailkapenaren ildotik, esan dezagun hizkuntza literarioak indar gehiena hartzen duela esanahi espresibo eta ebokatibotik. Hedabideetako hizkuntza, ostera, esanahi proposizionalari atxikiagoa da. Hori dela eta, hizkuntz jolasak askoz ere ausartagoak izango dira literaturan, kazetaritzan baino.

Nolanahi ere, hiztunen ikuspegia eta hizkuntzaren erabilera eremuak zabaldu ahala, argiago geratuko da mailegu eta kalkoen eragina eguneroko hizkuntza landuan. Bitartean, haztamuka ibiliko gara, ateak itxiz mesfidantzaz kalko eta maileguei, beharrezkoak badira ere, edota kontrako muturrean, uraga irekiz hitz arrotzen uholdea parrastan sar dadin.

Adibideak

Altxor uhartea

- ...ohol gaineko paseoak(*)... (Itsas-lapurrei ezarri ohi zitzaien zigorra).

- ...beste arriza bat zabaldu(*)... (Belamenduaren zabalera haunditzeko maniobra).

- ...lugger(*) (Hiru mastako itsasuntzia).

- ...Bizarbeltz.

- Trinketa Muinoa, Eskeletu Uhartea, Katalexuko Muinoa, Mesana Muinoa, Bolinako Punta.

- ...Aingura Zahar ostatua...

- ...Admiral Benbow untzia...

- ...Royal George ostatua...

- ...Katalexu ostatua...

- Gila azpitik pasaeraztea(*)... (Inor uretan arrastaka eramatea, soka bati lotuta, itsasuntziaren gila azpitik).

- ...Old Bayleko(*) epaile bat... (Londreseko auzitegia).

- ...Bow Streeteko(*) polizia bat... (Londreseko polizia etxe nagusia kale hartan zegoen).

- Bietako bat txistuka ari zen Lillibullero(*) izeneko kanta. (Katolikoen kontrako balada bat, XVIIgarren mendearen bukaera aldera kantatzen zena).

- ...biok iola(*) hartu eta lehorrera joan... (Untzi txiki eta arina, arraun nahiz bela bitartez mugitzen dena).

- ...Silverrek Jolly Roger(*) altxatuko zian... (Piraten bandera beltza, kalabera eta bi hezur gurutzaturekin).

- ...porridge(*) delakoa balitz bezalaxe... (Ur edo esneari, irakiten daudela, zerealen bat, gehienetan oloa, gaineratuz prestatutako platera).

- ...Davy Jonesen(*) ondora bidaliko zaituztedala. (Itsasoko izpiritu gaiztoa, Ingalaterrako mariñelen artean).

- ...coracle(*) bat ikusi gabea nintzen,... (Txalupa txiki, arina, zume edo ihiz egina eta larruz estalia).

- ...goardialdi txikian(*)... Bi ordutako goardia txanda motza, lauretatik seiak arte edota seietatik zortziak arte.

- ...klabua(*) batekin... (Mariñel korapiloa, bi soka bueltarekin egiten dena, halako moldez non sokaburuak gurutzatuta geratzen baitira).

- Miristika(*) berdeekiko arboladiak zeuden... (Intxaur muskada ematen duen zuhaitza).

- ...txanpon inglesak, frantziarrak, espainiarrak, portugaldarrak, jorgeak eta luisak, dobloiak eta ginea bikoitzak eta moidoreak() eta zekiak(),... () Portugesezko moeda d'ouro-tik datorren hitza, hau da, urrezko txanpona. (**) Urrezko txanpon garai batekoa, hamarren bat pezetaren balioa zuena, eta Europako zenbait Estatutan akuinatzen zena, batez ere Venezian. Afrikako komertzioan ere erabilia, arabiarrek eman zioten izen hori.

Garai latzak

- Gradgrindar gaztetxoetariko inork ez zuen behin ere ulertu lelo tuntun hori, twinkle, twinkle, little star; how I wonder what you are!(*) (Herri anglosaxoietako haur kanta: "egin dizdiz, egin, izartxo horrek; benetan jakin nahi nuke zein zaren").

- ...Karlomagnoren Gurdia(*) (Hartz Nagusiaren gurdia izendatzeko beste modu bat).

- Atzerriko dantzariez hitz egin beharko nuke, Londongo West Endez, May Fairrez,(*) jaun-andereez eta nobleziaz... (West End Londreseko alde dotorea da. May Fair West Endeko alde ospetsua da, aspaldian maiatzeko feria ospatzen zen lekua, gaur egun antzoki eta zinemaretoez betea).

- Erreginaren Batzorde Pribaturik Ohoragarrienean sartzeko - B zerrenda(*) osatzen zuen lagun taldean... (1846 gai zerrenda bat sortu zen Ingalaterrako irakaslegaiek hartu behar zituzten ezagupenez osatua. B zerrenda Erreginaren Kontseiluaren azpibatzorde batek erabaki behar zuen).

- Tira, Doctors' Commonsera(*) joan beharko zenuke kereila jartzera, arazo zibiletako epaitegira joan beharko zenuke kereila jartzera, Lorden Batzarrera joan beharko zenuke kereila jartzera, eta Parlamentuko dekretu bat lortu beharko zenuke berriz ere ezkondu ahal izateko... (Londreseko Abokatuen Elkartearen egoitza).

- Goizez etorri naiz Parlamentu-trenaz(*)... (1845ean Parlamentuak onartutako legeaz, tren konpainia bakoitzak egunero miliako penny bat balio zuen tren zerbitzu bat ezarri behar zuen).

- Erregeren beka batekin joan zen Westminster Schoolera(*),... (Westminster abadiari atxekitako eskola, Londresekoa, Henry VIII erregeak eta berriz ere Elizabeth I erreginak birreraikia).

- ...backgammon partida bat...

- ...alderneytar(*) ederra zen... (Kanaleko Irletako esne behi moeta bat).

- Lancashire erako burruka(*) egiteko... (Borroka mota honetan aurkariari heltzeko hainbat modu zilegi dira).

Arratsaldeko atoiuntzia

- ...zetazko yukata(*) jantzi zuen... (Kotoizko kimono xumea. Batez ere udan erabiltzen da).

- ...etxeko garbiketa gainerako Urte Zahar egunetan baino askoz arinago amaitua zegoela ohartu zen(*). (Urte amaieran etxeari goitik beherako garbitu bat emateko usadioa dago, hartara urte zaharrarekikoak egin eta Urteberriari abegi ona behar bezala egin ahal izateko).

- ...aurpegia ur gaztetan(*) igurtzi ondoren... (Hala deitu ohi zaio Urteberri edo Urtats egunez iturritik hartu ohi den urari).

- Bi milioi yeneko libreta eta zigilua(*) eman dizkizu? (Japoniako banketxeetan-eta, sinaduraren ordez nork bere zigilua erabili ohi du).

- ...Lao Chu(*) sorta bat dastatu zuen... (Txinako ardo mota bat da, alkohol askoduna. Hotz nahiz bero edan daiteke, baita azukre pittin bat botata ere).

- ...Pelican estilografika bat... 

- ...Lancôme markako ezpainlapitza bat...

BIBLIOGRAFIA

Alba de Diego, Vidal: 1995, "El problema del préstamo y su adaptación", in Rafael Martín-Gaitero (ed.): V Encuentros Complutenses en torno a la traducción, Complutense, Madrid, 641-649.

Askoren artean: Grand Larousse de la langue française en sept volumes. Tome quatrième, IND-NY. Paris, Librairie Larousse, 1975.

Baker, Mona: 1992. In Other Words: A Coursebook on Translation. Routledge, London.

Bostak Bat lantaldea: 1996. Adorez 7: Hiztegia 3000. Bostak Bat, Bilbo.

Dickens, Charles: Garai latzak, Ibaizabal, Euba, 1994 (itz. Javi Cillero).

Egunkaria: 1995. Estilo liburua. Euskaldunon Egunkaria, Donostia.

Elhuyar: 1996. Elhuyar hiztegia. Euskara-Gaztelania / Castellano-Vasco. Elhuyar, Usurbil.

Elhuyar: 1993. Hiztegi Entziklopedikoa. Elhuyar, Usurbil.

Euskaltzaindia: 1986. Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak. Euskaltzaindia, Bilbo.

Mayoral, Roberto: 1994, "La explicitación de información en la traducción intercultural", in Amparo Hurtado Albir (ed.): Estudis sobre la traducció, Castelló, Publicaciones de la Universitat Jaume I, D.L., 73-96.

Mishima, Yukio: Arratsaldeko atoiuntzia, Ibaizabal, Euba, 1994 (itz. Hiromi Yoshida).

Mounin, George: 1971. Los problemas teóricos de la traducción. Gredos, Madrid.

Newmark, Peter: 1992. Manual de traducción. Cátedra, Madrid.

Nida, Eugene A. y Russell, Charles: 1966. La traducción, teoría y práctica. Cristiandad, Madrid.

Palazio, Gorka J.: 1994, "Kazeta-hizkera eta neologismoak", in Gorka J. Palazio (ed.): Hedabideetako euskara, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, Bilbao, 131-141.

Palazio Arko, Gorka: 1991, "Euskal komunikabideetako euskara". Uztaro 1, 105-114.

Poe, Edgar Allan: Upel bethe amontilado, Egan, 1963 (4-6), (itzul. Oskillaso) 123-130.

Santoyo, Julio Cesar: 1988, "Traducciones, calcos lingüísticos y español actual", in Vicente López Folgado (ed.): Actas de las Jornadas de Traducción (28-31 de octubre 1985), Facultad de Letras, Universidad de Castilla-La Mancha, Ciudad Real, 31-43.

Sarasola, Ibon: 1984. Hauta-lanerako euskal hiztegia. A-Aurten. Gipuzkoako Aurrezki-kutxa Probintziala, Donostia, 25-39.

Steiner, George: 1977. After Babel. Aspects of Language and Translation. London, Oxford University Press.

Stevenson, Robert Louis: Altxor uhartea, Ibaizabal, Euba, 1991 (itz. Maria Garikano).


Oharrak

1. Bestalde, kontzeptu batzuk zabaltzen ari dira, EAS delakoa, European Average Standard hizkuntza komuna, zenbait herritako idazmolde paraleloak biltzen dituena, nolabait esateko, nahiz eta oraindik ere halako baieztapenak baikorregiak izan. 

2. Marinel korapiloa, bi soka bueltarekin egiten dena, halako moldez non sokaburuak gurutzatuta geratzen baitira.

3.Bush hitzaren deskripzioa dela eta, ikus Anthony Pymen Epistemological Problems in Translation and its Teaching, Caminade, Calaceit (Teruel), 71-73 orr.

4. Pertsona izenak direnean, batzuetan izen generikoa eransten zaie: Brodsky jaun, idazle, filosofo... Hauxe da helburua: batez ere hitzaren bukaera nolakoa den garbi jakin dezala irakurleak.

5. Nekazari arteko noblezia tituloa, bereziki distritu batean lur sailik haundienak zituenari zegokiona (Altxor uhartea).

6. 1845ean Parlamentuak onartutako legeaz, tren konpainia bakoitzak miliako penny bat balio zuen tren zerbitzu bat ezarri behar zuen egunero (Garai latzak).

7. Herri anglosaxoietako haur kanta: "egin dirdir, egin, izartxo horrek; benetan jakin nahi nuke zein zaren" (Garai latzak).

8. Zoaz mendira aldarrikatzera. James Baldwin / Juan Mari Mendizabal (itz.). Ibaizabal, Euba, 1996. James Baldwinen eleberriaren pasarte honetan ez dago oin-oharrik. Eleberriaren jatorrizko titulua bera ere, alegia, Go tell it on the mountain, gospell kanta ezaguna da.

9. Zenbat sufritu dugun guk juduok! (Šoreckyren ipuinak, behin-behineko izenburua). Josef Šorecky / Karlos Cid Abasolo (itz.). Alberdania, Irun, 1996.

10. Kasu batzuetan badirudi eremua nahikoa erabakita dagoela: aireko hitza 1956 agertu zen Iparraldeko testuetan hegazkina izendatzeko, baina ez da ia inoiz erabiltzen Hegoaldeko testuetan.

11. Letra etzanak guk eginak dira.

12. Elhuyar Hiztegiak (Gaztelera/Euskera), berriz, honako hitzak dakartza farolillo rojo itzultzeko: atzen, azken, azkeneko (sailkapenean, bereziki txirrindularitzan). Hiztegia 3000: farolillo rojo: azkena.

13. Xabier Mendigurenen oharra.

14. Xabier Mendigurenen oharrak.

15. Urte amaieran etxeari goitik beherako garbitu bat emateko usadioa dago, hartara urte zaharrarekikoak egin eta Urteberriari abegi ona behar bezala egin ahal izateko (Arratsaldeko atoiuntzia).