Hemen zaude:
 » 
 » 
Senez 20 (1998)
Data: 1998ko urtarrila

Senez 20 (1998)

Aurkezpena - Koldo Biguri

Barkatuko du irakurleak zenbaki berri honen aurkezpena ikuspuntu pertsonaletik hasten bada, baina, aldizkariaren zuzendaritza karguari uztera noan honetan, ezin gal dezaket aukera hau aldizkari honen ardura hori neure gain hartu nuenetik igaro diren bederatzi urteei atzera-begirada egiteko, datorren zenbakitik aurrera zuzendari berria izango den Gotzon Egiaren eskuetan utzi aurretik.

Bederatzi urte nahikoa epe luzea da halako ibilbide-azterketa bati ekiteko, igarotako denbora horretako gazi-gozoak gogoetagai harturik. Zorionez, errepaso azkar batean, gozo gehiago ageri da gazi baino, bai aldizkariaren beraren barrura begiratuz, bai euskal itzulpenaren esparru zabalera so eginez. Aldizkariari dagokiolarik, zalantzarik ez dago Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearentzat harrotzeko modukoa dela, elkarte profesional txiki bat izanda, era honetako aldizkari bat argitaratzen jarraitzea hamalau urtez segidan, batez ere bertan idatzi dutenen kemenari eskerrak; harrotzekoa, diot, Elkarte hau ez delako ikerketa-erakunde bat, ikerketak egiten dituen arren, ez delako orobat itzultzaile-ikastegia, ikaspenak eta irakaspenak ematen dituen arren, eta ez delako kultur elkartea, kulturlan handia egiten duen arren. Gizon-emakume saiatu eta gogotsu apur batzuen fruitua dugu hori dena, bai eta aldizkari hau ere.

Gozoarekin segituz, euskal itzulpengintzak oro har, eta esparru guztietan, urteotan izan duen zabalkundea eta loraldia ezin aipatzeke utzi, arrazoirik ez delarik falta etorkizunari itxaropentsu begiratzeko; hori dena, gainera, neurri handi batean Elkartearen proiektuan bildu garenon lanaren eta elkarlanaren emaitza eder dela jakinik.

Gazirik ere bada, noski, denok dakigunez. Aurrerapauso handiak egin dituen arren, euskal itzulpengintzari oraindik ere falta zaio gizarte normalizatuetan duen funtzio eta onarpen maila berbera erdiestea, oraindik ere sektore batzuentzat alboraturik edo behar bezain balioetsi gabe jarraitzen duen jarduera baita; ildo horretatik jarraitu behar da lanean, bistan denez. Baina hori ez da itzultzaileon ardura bakarrik.

Bestalde, bederatzi urteotan, itzulpen ikasketa ofizialetan sartuz, EHUren Itzulpengintza Masterra baino ez da geratzen, eta, unibertsitate ikasketa bihurtu arteko pausoa eman gabe jarraitzen du, nahiz eta pauso hori hurbil dagoela dirudien. Horrek berekin dakar, besteak beste, gure Unibertsitatean ez dela egiten euskal itzulpengintzari buruzko ikerlanik, horien beharrean egongo ez bagina bezala; eta, hain zuzen ere, aldizkari honetan argitaratzen diren artikuluak eta EIZIEk antolatzen dituen azter-mintegiak -EHUk Elkartearen bidez noizean behin antolatzen dituen udako jardunaldiekin eta EIZIEko kideek UEUren barruan ematen dituzten ikastaroekin batera- dira hutsune hori nolabait betetzen duten ahalegin xume bakarrak, ahalegin derrigorrez apalak halako egiteko erraldoiaren aurrean. Euskal itzulpengintzak, behin eta berriro esango dugu, unibertsitate ikasketak behar ditu, unibertsitate mailako prestakuntza duten profesionalak behar ditu, zientzia oinarri sendoko azterlari eta azterketak behar ditu, orain arte egindako aurrerakadaren sustraiak indartuko eta zabalduko badira. Aldizkari honen beronen etorkizuna ere zelai horretan joka daiteke.

Bien bitartean, ordea, gure bidetik jarraitzen dugu, baita zenbaki honetan ere. Bertan, joan den urteko Euskadi itzulpen-saridunarekiko elkarrizketa bat, EIZIEk antolatzen dituen mintegietako emaitza diren artikulu batzuk, elkarteko kideek bidalitako kolaborazio zenbait eta Vasos Comunicantes aldizkariak translatologiaren kontura egindako testu zirtolari bat ere irakurri ahalko dituzu.

Bukatu baino lehen, alderdi pertsonalera berriro etorriz, eskerrak eman nahi dizkiet nire zuzendari-epean neure eskari premiagarriek bultzaturik edo beren kasa aldizkarian idatzi duten guztiei; espero dut -ziur naiz, egia esanda- zuzendari berriarekin ere nirekin bezain ulerbera eta lankide on izaten jarraituko dutela.

Adiorik ez.

Koldo Biguri, 1998ko uztaila.

AURKIBIDEA

Jose Morales, itzulpen alorreko 1997ko Euskadi Sariduna - Koldo Biguri
Alda gaitezen jadanik, jarrai dezagun oraindik - Karlos Cid
Itzultzailea, ugazaba biren morroia - Karlos del Olmo
Alemaniera euskararentzat eredu? - Elena Martínez Rubio
Aposizioak - Jose Morales
Medikuntzako testuetako zenbait okerbide eta balizko aje - Roberto Manjón
Itzulpenaren teoria ludologiko baten oinarriak - Wilhelm Neinzig, Martin Kreutzer
Lafontaine euskaraz: alegia, ez duzula iturri beretik ere birritan ur bera edanen - Juan Garzia
Laurece Sterneren «Bidaia Sentimentala» - Josu Barambones