Aposizioak
Jose Morales

Aposizioek itzultzaileoi ematen dizkiguten buruhausteez jardungo dut orriotan. Filologo-garmatikalari-hizkuntzalari ez izaki, ezin azalpen teoriko ganorazkorik eman, eta, besterik ezean, itzultzaile gisa dudan eskarmentuan oinarriturik ekingo diot gaiari. Aposizioen eremu hain zabal eta sasitsu hori zeharkatzeko aukeratu dudan bidezidorra nondik nora doan erakusten saiatuko naiz, adibideak erabiliz eta hor-hemen aposizioei buruz irakurritakoak aztertuz. Batzuetan, "gramatika"ren bide niretzat labainera lerratuko naiz ezinbestean: barkatuko ahal dizkidazue okerrak kontu horietan ni baino adituagoak zaretenok! Tira, kontuak kontu eta okerrak oker, gatozen, behingoz, harira.

Batzuetan, izen bati buruzko informazioa emateko, beste izen bat ipintzen dugu haren ondoan. Hori da aposizioa. Aposizio batzuek izen bat zehaztu edo mugatu egiten dute, beste batzuetatik bereizteko. Gramatika-liburu gehienetan "murrizgarria" esaten diote aposizio horri, baina badirudi egokiagoa litzatekeela, esaterako, "zehaztailea" deitzea, ez baitu izena murrizten, zehazten baizik. Beste aposizio batzuek, aldiz, izen bati buruzko informazio osagarria ematen dute, ezaugarri berezi edo aipagarriren bat nabarmenduz. "Ez-murrizgarria" deitzen diote aposizio horri, baina zuzenagoa litzateke, beharbada, "ez-zehaztailea", "azaltzailea" edo horrelako zerbait dela esatea. Nolanahi ere, hainbatetan, zaila izaten da bi aposizio-mota horiek bereiztea edo, bestela esanda, aposizioaren zeregina zein den zehaztea, eta, zuhur eta zuzen jokatu ezean, esaldi nahasgarriak edo erabat ilunak egiteko arriskua dago. 

1. Aposizio zehaztaileak ("murrizgarriak")

1.1. Izen propioen bidez zehaztea

Aposizio zehaztaileetan, izen propio bat eta izen arrunt bat elkartu ohi dira. Izen propioak izen arrunta zehazten du.

Euskaltzaindiaren LEF batzordeak hainbat multzotan sailkatu ditu aposizio zehaztaileak (Ikusi Hitz-elkarketa/3 eta Hitz-elkarketa/4 liburuak). Hona hemen, laburbildurik:

a) Izen propioa + izen arrunt bizigabea

a.1) Ebro ibaia moduko ezker-hedapen biluziak.

Aralar mendia, Bidasoa ibaia, Dato kalea, Arriaga antzokia, Xalbador ikastegia, Arrate irratia, Gerediaga elkartea...

a.2) Garaziko herria moduko ezker-hedapen jantziak.

Bilboko hiria, Iratiko basoa, Oizko mendia, Ziateko gaina, Nafarroako erresuma, Gasteizko udala, Bizkaiko jaurerria, Zumalakarregiren etorbidea, Foruen plaza, San Bizenteko eliza, Kursaaleko zubia...

"Aurrekoa baino gutxiago erabili ohi bada ere, aski ezaguna da izenlagunezko aposizio-hedapen hau". (Hitz-elkarketa/4. 90. or.).

Batek baino gehiagok gaitzesten dituzte horrelakoak, erdararen kalko gordinak edo "erdarakadak" direla leporaturik, eta, horrenbestez, Garazi herria edo Bilbo hiria moduko ezker-hedapen "biluziak" nagusitu dira, itsusiegitzat baitauzkagu -ko edo -ren janzki zarpail horiek. Baina, Orotariko Euskal Hiztegiak frogatzen duenez, garai, euskalki eta maila orotako idazleek ezker-hedapen jantziak erabili dituzte oraintsu arte:

"La expresión -ko herria (Belengo herria, Gipuzkoako herria, etc.), que algunos tratadistas han rechazado como calco (cf. p.ej. Gte Erd 152), se encuentra en autores de todas las épocas, dialectos y niveles. Su alternativa, Belen herria, Gipuzkoa herria, es muy minoritaria". (Orotariko Euskal Hiztegia. VII. lib. 206 or.).

Beraz, ez da bidezkoa orain, goizetik gauera, ustezko jatortasun ilun baten izenean, aposizio jantzi horiek legendunen leizezulora egoztea, erro sakonak egin baitituzte aspaldi gure letren erresuman. Aurreiritzirik gabe aztertu behar ditugu, beraz; bide bakoitzaren alde onak eta txarrak ikusi, eta, horren arabera, egokiena aukeratu behar dugu, gure testuen argitasuna eta zehaztasuna beste jomugarik ez dugula. Nik, oro har, larrugorritan nahiago ditut leku-izenak, batere eranskinik gabe, alegia. Itzultzaileak, sarritan, irakurle aurruntarentzat guztiz ezezagunak diren leku-izenak aurkitzen ditu jatorrizko testuan. Borodinoko herria idatziz gero, batek baino gehiagok uste izango du arrazoiz, gainera Borodinoko deritzon herri batez ari garela. Borodino herria idatziz gero, ordea, argi dago Borodino dela herriaren izena. Gainera, itsusi samar geratuko litzateke Errusiako Borodinoko herria. Beraz, bi formak zilegiak izaki, uste dut hobe dela "biluziak" erabiltzea, argiagoak dira eta. Nolanahi ere, ez dut inolako eragozpenik Gasteizko udala, Nafarroako erresuma edo Bizkaiko jaurerria esateko: forma horiek guztiz finkaturik daude, eta bitxi samar geratuko lirateke beste era batera (Gasteiz udala, Nafarroa erresuma, Bizkaia jaurerria). Batzuetan, gainera, aposizio jantziak dira aukera bakarra: ez dago esaterik Erroma inperioa, Erromako inperioa behar du, edo, aukeran, erromatarren inperioa (inperio erromatarra erabat zabaldurik dago, baina badirudi ez dela egokia jentilizioa horrela erabiltzea).

b) Izen propioa + izen arrunt biziduna

Uztapide bertsolaria moduko ezker-hedapen biluziak.

b.1) Kargua, lanbidea edo nortasuna adierazten dutenak.

Agirre lehendakaria, Santa Kruz apaiza, Antso Abarka erregea, Isaias profeta, Job saindua, Agustin deuna...

b.2) Begirunezko deiturak (jauna, andrea, laguna, adiskidea).

c) Izen arrunt biziduna + izen propioa

maisu Juan moduko eskuin-hedapenak.

c.1) Kargua, lanbidea edo nortasuna adierazten dutenak.

Errege David, profeta Isaias, Birjina Maria, apaiz Lorenzo Izagirre...

c.2) Ahaide-izenak.

c.3) Begirunezko deiturak (jauna, andrea, laguna, adiskidea, Frai, San, Santa, Jondoni, On, Sor, musde, maisu...).

1.2. Izen arrunten bidez zehaztea

Ikusi dugunez, izen propio bat eta izen arrunt bat elkartzea da ohikoena. Baina, batzuetan, izen arrunt bat erabiltzen dugu beste izen arrunt bat zehazteko.

"Si digo El Profeta Rey, quiero especificar el Profeta que fue rey, distinguiéndolo de los otros profetas aposición restrictiva. En vasco, Errege Profeta". (Villasante. Estudios de Sintaxis Vasca. 139. or.).

"En el castellano moderno existe un tipo de aposición especificativa o sea, restrictiva, en el que el segundo elemento se toma con valor de adjetivo. (...) Hasta la fecha este estilo no se ha aclimatado al vasco". (Villasante. Estudios de sintaxis vasca. 141. or.).

Honakook aipatzen ditu Villasantek: "lengua sierva", "el hombre masa", "un día perro", "noticia bomba", "obra cumbre", "palabra clave", "hombre luz", "Niño Dios" eta "ciudad dormitorio".

Villasanteren liburu hori argitaratu zenetik hogei urte igaro direlarik, ikus dezagun zer gertatu den bitarte horretan eta gaztelaniazko aposizio zehaztaile horiek nola ekarri ditugun euskarara. Berriro ere, Euskaltzaindiaren LEF batzordearen lanak hartuko ditut oinarritzat. Hitz-elkarketa/3 eta Hitz-elkarketa/4 liburuetan ikus daitekeenez, bi bide erabiltzen ditugu nagusiki: aposizioa eta hitz-elkarketa.

a) Aposizioa

Euskaltzaindiak "aposizio-elkartea" deitzen dio horri, nik, atrebentzia handia ez bada, "aposizioa" deituko diot besterik gabe, nire iritzia emateko erosoagoa zait eta.

"Aposizio-elkarteetan bereizgarritzat jo dugun bakartzea ez da lortzen izen propioaren laguntzaz soilik, izen arrunta ere erabil daiteke hurrengo izen arruntaren deitura gisa". (Hitz-elkarketa/3. 97. or.).

Hona hemen Euskaltzaindiak azalpentxo horren ostean bilduriko adibideetako batzuk:

analfabeto hitza, "apartheid" politika, "cuarta" gaitzizena, "ghetto" espiritua, katoliko izena, feed-back mekanismoa, solido zurrun kontzeptua, A puntua, X izpia, D bitamina...

Nabarmentzekoa da, batetik, aposizio horietan guztietan agertzen diren bi izenak bizigabeak direla, eta bestetik, berriz, lehen hitzak bigarrena mugatzen duela, horixe baita euskarazko aposizioen ezaugarri nagusia ("el río Deba" itzultzeko erabiltzen dugu prozedura berberaz baliatzen gara "la palabra analfabeto" euskaratzeko: Deba ibaia, analfabeto hitza).

b) Hitz-elkarketa

LEF batzordearen lanetan ikus daitekeenez, Villasantek aipatzen dituen gaztelaniazko aposizio zehaztaile horiek, gehienetan, hitz-elkarketaren bidez euskaratzen ditugu, ez aposizioen bidez. Nagusiki, bi elkarketa-mota erabiltzen dira: atributu-elkartea eta koordinazio-elkartea.

b.1) Atributu-elkartea

  • harri zilindro modukoak: emakume deabru, gizon asto, andre sendagile, neskatila zerbitzari, Jainko aita, artzipreste pintore, ume aingeru... 

"Euskal hitz-elkarketaren mugatzaile / mugakizun segidaren aurka, lehen osagaia da hitz-elkarte hauetako sintagma-buru. Bigarren osagaiak, aldiz, adjektibo-lana egiten du". (Hitz-elkarketa/4. 85. or.).

Bereiz idaztea gomendatzen du Euskaltzaindiak, eta, adibideak ikusirik, badirudi izen bizidunekin erabiltzen dela batez ere (ez dugu esaten dekretu legea, etxe kuartela edo etxe eskola).

  • baserri-etxe modukoak: bonba-kotxe, dorre-etxe, eskola-etxe, patruila-kotxe, lege-dekretu, afari-merienda, inude-abioi, kuartel-etxe, giltz-hitz, otso-zakur, zisterna-kamioi, garabi-kamioi...

"Euskal hitz-elkarketaren mugatzaile / mugakizun segida bere horretan errespetatzen du eramolde honek: bigarren izena da, kasu honetan, sintagma-buru. Pentsatu ere egin daiteke, menpekotasunezko izen elkartuen azpimultzo bat ez ote den (cf. eguzki-lore)". (Hitz-elkarketa/4. 85. or.).

Euskaltzaindiak ontzat jotzen du hala marraz nola bereizirik idaztea. Adibideak ikusirik, badirudi izen bizigabeekin erabiltzen dela nagusiki (ez dugu esaten deabru-emakumea, pintore-artziprestea edo aita-Jainkoa), hala ere, horrela osatu ohi dira landare eta animalien izenak (ezpata-arraina, kriskitin-sugea, iturri-belarra).

b.2) Koordinazio-elkartea

makina-erreminta modukoak: bidazti-olerkari, errege-profeta, erretor-bikario, konde-duke, hargin-meatzari, alkate-idazkari, armario-biblioteka, irrati-iratzargailu... Buru biko sintagmak dira.

Euskaltzaindiak berak aitortzen duenez, askotan zaila izaten da zein elkarte-mota erabili behar dugun erabakitzea edo, alderantziz, hainbat sintagmaren esanahi zehatza zein den jakitea. Barkatuko didazue aipu honen luzea, baina uste dut interesgarria dela "el profeta rey" nola euskaratu behar dugun argitzeko:

"Ez da askotan erraza izen elkartu jakin bat, Atributu elkarte edo Koordinaziozko elkarte den erabakitzea. Alkate-idazkaria, esaterako, Koordinazio elkartea dela esan dezakegu, pertsona berak bi eginkizunak, alkatearena eta idazkariarena, betetzen dituelako. Era berean, Atributu elkarteen artean sartu dugun artzipreste-pintore hemen (koordinazio elkarteen sailean) koka zitekeen, pertsona beraren bi alderdi adierazten dituela esanez. Baina 'artzipreste'az gainera 'pintore' ere badenaz ari garela ulertzen badugu, Atributu elkarteen artean utziko genuke. Halaber, armario-biblioteka zer da: 'armarioa, biblioteka ere badena' ala 'bi eginkizunak aldi berean betetzen dituen haltzaria'? Eta kapitain pilotu ez ote 'norbait' aldi berean kapitain eta pilotu, bi lanbideak bereganatzen dituena, eta horrenbestez, Koordinaziozko elkarte?

Eta, alderantziz, sack-bar, ezin ote daiteke pentsa 'bar' denik, 'snack' ere badena, Atributu elkartea beraz? Beste horrenbeste esan daiteke napar euskaldun, napar erdaldun edo prantses euskaldun izenez.

Guzti honen ondorioa honakoa izan daiteke: Atributu elkarteak eta Koordinaziozkoak, teorian, definizio mailan, bereiztea ez da zaila. Adibide jakinak sailkatzerakoan, bi osagaien arteko erlazioa nolakoa den (biak maila bereko, ala bata nagusi) erabakitzean egon daitezke (eta egon ohi dira) ikuspuntu desberdinak. Eta hortik sortzen dira zalantzak". (Hitz-elkarketa/3. 84. or.).

Eta, zalantzak zalantza, itzul gaitezen harira: nola esan euskaraz "el profeta rey"? Villasantek dio errege profeta behar duela. Hori al da modurik egokiena eta, batez ere, argiena? Ahantz dezagun, une batez, Villasantek dioena eta saia gaitezen beste bi izen arrunt bizidunekin. Har ditzagun, esaterako, errege eta idazle hitzak, eta elkar ditzagun: errege idazlea. Hori irakurrita, zer datorkizue burura? Niri, "liburuak idazten dituen errege bat" edo "errege izateaz gain idazle ere baden errege bat". Hala ere, errege profeta "el profeta rey" bada (aposizioa), errege idazlea "el escritor rey" da. Baina inor gutxik interpretatuko luke horrela. Aposizioaren bidetik baztertu eta hitz-elkartearena harturik, hiru aukera ditugu "el rey escritor" itzultzeko:

- idazle-erregea (baserri-etxe moduko atributu-elkartea, alegia). Baina badirudi elkarketa hori izen bizigabeekin erabiltzen dela batez ere. Bazter dezagun, beraz.

- errege idazlea (harri zilindro moduko atributu-elkartea). Horixe da ohikoena izen bizidunekin.

- errege-idazlea (makina-erreminta moduko koordinazio-elkartea).

Ñabardura kontua da azken bi horien arteko aldea. Errege idazlea esaten badugu, nagusitasuna ematen diogu errege izateari. Errege-idazlea esaten badugu, aldiz, maila berean jartzen ditugu biak.

Halatan, bide horri jarraiki, idazle erregea "el escritor rey" da. (Aposizioaren bidetik joz gero, ordea, "el rey escritor" litzateke).

Horrenbestez, gaztelaniazko aposizio horiek itzultzeko orduan, gehienetan (batez ere bi izenak bizidunak badira) hobe da aposizioen bidetik baztertzea eta hitz-elkarketara jotzea. Eta, Villasantek dioenaz bestera, "el profeta rey" profeta erregea esan beharko genuke, edo, aukeran, profeta-erregea (edo errege-profeta, biek pisu berbera izanik ez baitu garrantzirik aurrean bata edo bestea jartzeak).

2. Aposizio azaltzaileak ("ez-murrizgarriak")

Aposizio zehaztaileen kasuan "erreferente" askoren (edo, hobeto esanda, bat baino gehiagoren) arteko zeinez ari garen zehazten dugu. Erreferente bakarra ez dagoenez (bi egotea aski da), zehaztu beharra dago.

Nilo ibaiak 6.700 km ditu. Ibaia da erreferentea, baina, munduan ibai asko dagoenez, zein ibaiz ari garen zehaztu behar dugu. Nilo da zehaztailea.

Aposizio azaltzaileen kasuan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Izen propio baten ondoan jarritako azalpenak izen propio horrek bakarrik daukan ezaugarri edo berezitasun bat jasotzen du.

Nilok, munduko ibairik luzeenak, 6.700 km ditu. Munduan ibai asko dago, baina bat bakarra da luzeena. Beraz, ez dago bat baino gehiagoren arteko zeinez ari garen zehaztu beharrik. Aposizio zehaztailean, ibai hitzari erantsi diogu Nilo izena; aposizio azaltzailean, aldiz, Nilo izenari itsatsi diogu muduko ibairik luzeena. Hori dugu, hain zuzen ere, aposizio azaltzaileen ezaugarri nagusia: azalpenak "bakartu" egiten du erreferentea.

Hona adibide batzuk:

Peru, Anaren senarra, Bilbon bizi da.

Moskuk, Errusiako hiruburuak, 9 milioi biztanle ditu.

Leopold Eiharts, lehen euskal astronauta, gaur abaituko da MIR estaziora. (Euskaldunon Egunkaria).

Lapita, Tesaliako leiendako herria, (...). (Luzio Apuleio. Urrezko astoa. Juan Kruz Igerabide eta Anjel Lertxundiren itzulpena. 103. or.).

Kontxan, Donostiako hondartzarik politenean, jende asko biltzen da udan.

Etxeparek, gure lehen idazleak, ezin hobeto azaldu zuen hori.

Xaxana Gusmao, Fretilineko lider nagusia, (...). (Euskaldunon Egunkaria).

(...) esan zuen Akram Jurik, Jerusalemgo mufti eta hiriko aginte islamiko gorenak. (Euskaldunon Egunkaria).

Horregatik, jakin nuenean gazta berri gozo-gozoa saltzen zutela Hipata-n, Tesaliako hiri nagusian, (...). (Urrezko astoa. 21. or.).

Koma artean jartzen dira gehienetan, baina marratxoak erabil daitezke komen ordez.

Hortik lortu zuen Parisek Helena Menelaoren emaztea eskuratu, eta berekin Troiara eramatea. (Urrezko astoa. 121. or.).

Aposizioen betekizunak eta kasuan kasuko jokabideak

Aposizio zehaztaileak izen bat zehazteko erabiltzen direla esan ohi da. "Si digo Deba ibaia, el nombre propio antepuesto especifica o distingue a un río determinado de todos los otros" (Villasante. Estudios de sintaxis vasca. 138. or.). Eta izan, hala da, baina, horrekin batera, beste zeregin batzuk ere betetzen dituelakoan nago.

Deba ibaia esaten badut, izen propioak ibai bat bereizten du gainerako ibai guztietatik (zein ibaiz ari naizen zehazten du, alegia). Baina, aldi berean, Deba delako hori zer den argitzen digu: ibaia. Idaztean, askotan, izen propioaz bakarrik aipatzen dira mendiak, ibaiak, pertsonak eta abar. Zergatik? Bada, inondik ere, idazleak uste duelako irakurleak badakiela haien berri eta aski duela izen propioa irakurtzea dena delako hori zer den asmatzeko. Euskarazko testu batean, esaterako, ez dugu Gorbeia mendia idatzi beharrik, Gorbeia aski ezaguna baita euskal irakurleentzat. Baina Agirre soilik esaten badut Euskadiko lehendakari izandakoa aipatzeko, gehienetan lehendakari hitza erantsi beharko diot ezinbestean, zeren bestela, munduan Agirre asko dagoenez, irakurleak ez baitauka jatikerik hizpide daukadan Agirre izeneko hori zer edo nor den. Jose Antonio Agirre idazten badut, ordea, ez dago besteren beharrik (are gutxiago Jose Antonio Agirre Lekube esaten badut). Testuinguru jakin batzuetan, gainera, aski da Agirre esatea Euskadiko lehendakari izandakoaz ari garela jakiteko (lehendakariei buruzko hitzaldi edo idazki batean, esaterako). Baina gerta liteke izen horiek erabat ezezagunak izatea beste kultura, herri edo hizkuntza bateko irakurleentzat. Horregatik, itzultzean, izen arrunt bat eransten diegu jatorrizkoan besterik gabe ageri diren izen propio batzuei, argibide gisa (Gud mendia, Baidar ibaia, Ermolov jenerala...). Argi dago gure helburua ez dela Gud delako hori beste mendietatik bereiztea, Gud delako hori mendia dela jakinaraztea baizik. Hau da, esan liteke Gud izena mendi hitzari erantsi beharrean (edo horrekin batera) mendi hitza erantsi diogula Gud izenari (aposizio azaltzaileetan egiten den bezala, baina, hori bai, komarik gabe!). Gainera, sarri askotan, deklinatzean sortzen diren arazoak konpontzen dizkigu horrek (Gudek, Gud-ek. Baidarrek, Baidar-ek).

Eta, azkenik, bidenabar bada ere, izen bereko bi entitateren arteko zeinez ari garen ere argitzen digu izen propio bati erantsitako izen arruntak. Washington hiria esaten badut, zein hiriz ari naizen argitu eta Washington delako hori hiri bat dela argitzeaz gain, bide batez, izen berbera duen estatutik bereizten dut. Dena dela, ia nahi gabe egiten dugu hori, berez datorren kontua da. Gure helburu nagusia izen bereko beste batetik bereiztea balitz, beste era batera jokatuko genuke, esaterako: Washingtonen (hirian, ez estatuan) hau eta hau gertatu da.

Horra, bada, nola nahasten diren azaltze-funtzioa eta zehazte-funtzioa aposiziorik arruntenetan ere. Gramatika-liburuetan aposizio zehaztaileei buruz ematen dituzten azalpenak gorabehera, ausartuko nintzateke esatera zehaztailetzat jotzen ditugun aposizioetan azaltze-funtzioak zehazte-funtzioak baino pisu handiagoa duela askotan.

Lehenago esan dugunez, aposizio zehaztaileen kasuan izen propio batez eta izen arrunt batez osaturik egon ohi da izen-sintagma. Izen propio horri elementu bat baino gehiago eransten badizkiogu, bete-betean sartzen gara atribuzioaren eremuan. Aposizioa zentzu atributiboan erabiltzen dugu, ez zentzu zehaztailean. Izen propioa zenbat eta atributu gehiagoz hornitu, orduan eta gehiago urruntzen gara aposizio zehaztaileen eremutik eta, horrenbestez, gero eta gehiago barneratzen gara aposizio azaltzaileen edo atribuzioaren eremuan. Izen propioari, besteak beste, izen arrunt bat erantsi ahal diogu, edo beste izen propio bat, edo adjektibo bat, edo horiek guztiak, edo horietako batzuk bakarrik. Ikus dezagun, bada, nola jokatu behar/ahal den hori gertatzen denean (zoratzekoa litzateke gerta daitezkeen konbinazio guztien zerrenda egitea, eta, labur beharrez, ohikoenak bakarrik aztertuko ditugu).

a) Izen propioa + izen arrunta + adjektiboa.

Fernando I.a errege ausarta.

Gabriel Aresti idazle emankorra.

Novgorod hiri zaharra.

Nilo ibai luzea.

Zerrendatxo horretan bildu ditudan sintagma horiek guztiak argiak dira eta ondo funtzionatzen dute. Ondo antolaturik daude horrela, ez dago beste aukerarik.

Idazle emankor, hiri zahar eta ibai luze asko dagoenez, ez da zuzena aposizio horiek koma artean jartzea (adibidez: Gabriel Aresti, idazle emankorra, 1933an jaio zen). 

b) Izen propioa + izen propioa + izen arrunta (izen propioetako batek kasu-marka daramala).

Fernando I.a Aragoiko erregea.

Gaston IV.a Biarnoko bizkondea.

Boris Jeltsin Errusiako lehendakaria.

Gabriel Aresti Bilboko idazlea.

Horiek guztiak zuzenak dira, baina beste era batera ere antola ditzakegu. Areago esango dut: batzuetan, hobe dugu beste era batera antolatzea, argitasunaren mesedetan. Ikus dezagun nolako aukerak dauden kasu bakoitzean.

  • Errege-erreginak

Errege-erreginen kasuan, sarri askotan, tituluaren barruan sartzen da nongo errege-erreginak diren.

"El rey Fernando I de Aragón": Fernando I.a Aragoikoa erregea.

Batzuetan, ordea, nongo errege-erreginak diren ez da tituluaren barruan sartzen. Euskaraz ere badugu ñabardura hori jasotzea:

"El rey de Aragón Fernando I": Fernando I.a Aragoiko erregea.

"Fernando I, rey de Aragón": Fernando I.a Aragoiko erregea.

"Fernando I, el rey de Aragón": Fernando I.a, Aragoiko erregea.

(Azken adibide horretan, "el" artikulua narbarmendu du gaztelaniazkoan, eta koma, berriz, euskarazkoan. Izan ere, horixe baita, nire ustez, auziaren gakoa eta euskaraz aposizioekin egiten ditugun akats gehienen sorburu nagusia. Labur esanda: gaztelaniazko artikulu horrek koma eskatzen du, ezinbestean, euskaraz; eta gaztelaniazko artikulurik ezak, aldiz, komarik eza euskaraz).

Dena dela, nongo errege-erreginak diren tituluaren barruan sartzen bada, lasai asko ken daiteke errege edo erregina hitza.

Fernando I.a Aragoikoa.

Karlos I.a Espainiakoa eta V.a Alemaniakoa.

Hala ere, horrek ez du beti ondo funtzionatzen:

Alfontso I.a Borrokalaria Aragoikoa. (!?)

Honela beharko luke:

Alfontso I.a Borrokalaria Aragoiko erregea.

Eta badago, azkenik, beste bide bat:

Aragoiko errege Fernando I.a. ("Fernando I, rey de Aragón". Ez du balio "El rey Fernando I de Aragón" esateko).

Aragoiko errege Alfontso I.a Borrokalaria.

Kretako errege Minosen alaba. (Urrezko astoa. 39. or.).

Dirze Tebasko errege Likoren emazte zen. (Urrezko astoa. 177. or.).

  • Bestelako tituluak

Gaston IV.a Biarnoko bizkondea. ("Gastón IV, vizconde de Bearne").

Edo, bestela:

Biarnoko bizkonde Gaston IV.a.

1449an, Foixko bizkonde Gaston IV.aren laguntzaz Mauleko gaztelua hartu zuten frantsesek. (Euskal Hiztegi Entziklopedikoa. Harluxet. 1166 or.).

  • Karguak

Boris Jeltsin Errusiako lehendakaria.

Errusiako lehendakari Boris Jeltsin.

Beste aukerarik ez dago.

Errusiako Boris Jeltsin lehendakaria. ("El presidente Boris Yeltsin de Rusia"). (!?)

Boris Jeltsin lehendakari errusiarra. Esaldi hori zuzena da, baina ez du adierazten nongo lehendakaria den, non jaio den baizik. Gaztelaniazko "el presidente ruso Boris Yeltsin" esaldiaren itzulpen egokia Boris Jeltsin Errusiako lehendakaria edo Errusiako lehendakari Boris Jeltsin da, ez Boris Jeltsin lehendakari errusiarra.

Euskaldunon Egunkarian gero eta maizago erabiltzen dituzte Errusiako lehendakari Boris Jeltsin-en tankerakoak:

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako idazkari nagusi Josune Ariztondo.

Bill Clinton EEBBetako lehendakariak horren berri eman zion Australiako lehen ministro John Howardi.

Gipuzkoako batzorde eragileko kide Manuel Huertaren ustez...

Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide diputatu Jose Julian Irizarrek azken egunotan prentsan egin dituen adierazpenak salatu zituen Huertasek.

  • Lanbideak

Gabriel Aresti Bilboko idazlea.

Bilboko idazle Gabriel Aresti. (Zilegi da horrelakoetan ere hori egitea?)

Ahal izanez gero, jentilizioa erabiltzea dugu egokiena:

Gabriel Aresti idazle bilbotarra.

Beste aukerarik ez dago.

Bilboko Gabriel Aresti idazlea. ("El escritor Gabriel Aresti de Bilbao") (!?)

Fernando I.a Aragoiko erregea edo Andolin Eguzkitza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria bezalakoak koloka daude aposizio zehaztaile eta azaltzailearen arteko muga lauso horretan. Aragoik hamaikatxo errege izan ditu historian zehar, eta Euskal Idazleen Elkarteak hainbat lehendakari. Baina ez dituzte aldi berean bi errege edo hiru lehendakari. "Bakarrak" diren kargu guztiekin gertatzen da hori (gobernuburuak, sailburuak, alkateak, zuzendariak, idazkari nagusiak...). Gehienetan, horrelakoak aipatzean, garai bakoitzean den edo izan den errege edo lehendakari bakarraz aritzen gara. Beraz, badirudi ez dagoela eragozpen handirik aposizio azaltzaileen arlora jotzeko eta, horrenbestez, koma artean jar ditzakegula.

Andolin Eguzkitzak, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, ...

Gainera, nahi izanez gero, aise argi dezakegu oraingo edo iraganeko batez ari garen:

Andolin Eguzskitzak, Euskal Idazleen Elkarteko oraingo lehendakariak, ...

Urlia, Euskal Idazleen Elkarteko lehen/bigarren/azken/aurreko lehendakariak, ...

Eta, hona iritsirik, zabal dezagun une batez Euskaldunon Egunkariaren Estilo liburua. Laburki bada ere, oso argi azaltzen du nola eta noiz erabili behar diren komak aposizioetan. Honakoa dio 56. idaztarauak:

"Izenak aposizioz lagunduta agertzen dira sarri. Aposizioa laburra bada, izenaren eskuinean doa, tarteko komarik gabe. Kasu honetan, aposizioak darama deklinabide marka, amaieran.

Robert Hue PCFko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du.

Bestela, aposizioa koma artean jar daiteke, eta kasu horretan, deklinabide marka ezartzen zaio bai izenari bai aposizioari.

Robert Huek, PCFko idazkari nagusiak, dimisioa aurkeztu du.

Bigarren formula beharrezkoa da aposizioa luze samarra denean, edo nahasgarri gerta daitekeenean.

Politika utziko duela adierazi du Robert Hue PCFko idazkari nagusi dimititu berriak. (kaskarra)

Politika utziko duela adierazi du Robert Huek, PCFko idazkari nagusi dimititu berriak. (ondo)". (Euskaldunon Egunkaria. Estilo liburua. 24. or.). 

Oro har, bat nator aholku zuhur horiekin, baina, dena dela, kontua ez da aposizioa luzea edo laburra izatea, baizik eta, gorago esan dugun bezala, aposizioak adierazten duen berezitasuna pertsona batena edo gehiagorena izatea. Esaterako: HBren Mahai Nazionala hainbat lagunez osaturik dagoenez gero, aposizioa luzea izanik ere ez dago esaterik Tasio Erkiziak, HBren Mahai Nazionaleko kideak, zera jakinarazi du.

Kontuak kontu, Euskaldunon Egunkaria-ko kazetariek komadunak zein komagabeak erabiltzen dituzte, luzera gorabehera. Ikusi adibide batzuk:

Mikhail Txigir-ek, Bielorrusiako lehen ministroak, dimisioa aurkeztu zuen atzo.

... azaldu zuen atzo Mikel Baztanek, LANE erakunde ekologistako presidenteak.

... esan zuen igandean Francisco Vazquezek, Galiziako PSOEko idazkari nagusiak.

... adierazi zuen Benjamin Netanyahuk, Israelgo lehen ministroak

... aurkeztu zituen atzo Bilbon Rosina Gomez Baezak, ekimenaren zuzendariak.

... adierazi zuen atzo Rosina Gomez Baeza arte garaikideko azokako zuzendariak.

Rafael Vera Segurtasunerako Estatu Idazkaria.

Jesus Cardenal Estatuko fiskal nagusia.

Roland Dumas Kontseilu Konstituzionaleko presidentearen aurka justizia ekitaldia hasi zen herenegun.

Sadam Hussein Irakeko lehendakariari herenegun Bill Clinton EEBBetako presidenteak ohartarazi zion ...

Beraz, badirudi salbuespentzat hartu beharko genituzkeela tankera horretakoak, eta, eskuzabal jokatuz, zilegitzat jo komarik gabe zein koma artean idaztea. Hala ere, koma artean idazteak hainbat arazo sortzen ditu. Pertsona bat bakarrik aipatzen denean, ez dago eragozpen handirik; baina koma horiek nahaste erabatekoa eragin dezakete hainbat pertsona elkarren segidan aipatzen direnean. Euskaldunon Egunkariatik harturiko bi argazki-oin jarriko ditut horren erakusgarri:

Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Jose Luis Larrea Euskalteleko presidentea, Juan Maria Urdangarin Vital Kutxako presidente eta Euskalteleko aholkularia eta Pedro de Torres Simo Retevisioneko presidentea.

Zuzena eta argia da. Baina horrelakoek ere badituzte alde txarrak: bi izen propio elkarren ondoan egonik, batzuetan ez dago jakiterik non amaitzen den bata eta non hasten den bestea (nik behintzat ez dakit Simo hori Pedro de Torres-en bigarren abizena den edo enpresa Simo Retevision deitzen den). Irtenbide bakarra bururatzen zait:

Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Euskalteleko presidente Jose Luis Larrea, Vital Kutxako presidente eta Euskalteleko aholkulari Juan Maria Urdangarin eta Simo Retevisioneko presidente Pedro de Torres (edo Retevisioneko presidente Pedro de Torres Simo).

Eta hona beste adibidea, komaz josia eta erabat iluna:

Iñaki Uria, Egunkariako kontseilari-ordezkaria, Amagoia Gurrutxaga eta Garbiñe Ubeda, faszikuluen egileetako bi, eta Anjel Olalde, Korrikaren koordinatzailea.

Esaldi hori argazki baten azpian dagoenez, badakigu lau lagun direla guztira, baina, nire ustez, nahasgarria da koma mordo hori. Honela egin genezake:

Iñaki Uria Egunkariako kontseilari-ordezkaria, Amagoia Gurrutxaga eta Garbiñe Ubeda faszikuluen egileetako bi eta Anjel Olalde Korrikaren koordinatzailea.

Edo honela:

Egunkariako kontseilari-ordezkari Iñaki Uria, Amagoia Gurrutxaga eta Garbiñe Ubeda faszikuluen egileetako bi eta Korrikaren koordinatzaile Anjel Olalde.

Beste batzuetan, nahasgarriak ez badira ere, enbarazu besterik ez dute egiten, esaldia alferrik eteten baitute behin eta berriro. Komak jarrita, ikusi nola geratuko liratekeen lehen aipatu ditugun esaldietako bi:

Bill Clintonek, EEBBetako lehendakariak, horren berri eman zion John Howardi, Australiako lehen ministroari.

Sadam Husseini, Irakeko lehendakariari, herenegun Bill Clintonek, EEBBetako presidenteak, ohartarazi zion ...

Koma arteko aposizioek, bestetik, arazo larriak sortzen dituzte galdegai direnean. Aditzaren eta galdegaiaren artean ezin da koma arteko aposiziorik sartu, baina, tamalez, oso zabaldurik dago akats hori. Geroxeago hitz egingo dut horretaz, baina, auzia hizpidera etorri zaigunez, ezin eutsi adibidetxo bat jartzeko gogoari:

Hillary Rodhamek, Bill Clinton EEBBetako lehendakariaren emazteak, hartu du bere gain 'Lewinsky aferari ' aurre egiteko ardura. (Euskaldunon Egunkaria).

Beraz, badirudi zuhurragoa dela horrelakoak komarik gabe idaztea, edo, aukeran dela bi izen propioren arteko mugak ilun geratzen direlako edo dela hainbat aposizio daudelako bata bestearen atzean, Errusiako lehendakari Boris Jeltsin-en tankerakoak erabiltzea. 

Nolabait esatearren "kargu bakarra" adierazten duten horiek salbuespentzat harturik, gainerako kasuetan zorrotz bete beharko genituzke arau hauek: aposizio zehaztaileak komarik gabe; aposizio azaltzaileak koma edo marratxo artean. Hain zuzen ere, arau hori urratzea dugu akatsik ohikoenetako bat. Begien bistakoa da honakook erabat okerrak direla:

Bilbok, hiriak, 368.710 biztanle ditu.

Axular, idazlea, Urdazubin jaio zen. 

Jakina, inork ez du horrelakorik egiten. Baina aposizioan zenbat eta elementu gehiago egon, orduan eta handiagoa da akats hori egiteko joera. Ez da zaila honelakoak entzun-irakurtzea:

Xabier Mendigurenek, idazle ospetsuak, hau eta bestea esan du.

Urliari, Lekutako Unibertsitateko irakasleari, halako saria eman diote.

Esan bezala, horrelako esaldiek zentzu atributiboa dute zehaztailea baino gehiago. Horregatik, zilegi da komak jartzea, baina ez horrela, besterik gabe. Koma arteko tarteki horietan beste zerbait jarri behar dugu artikuluak daukan indar "bakartzailea" neutralizatzeko:

Xabier Mendigurenek, idazle ospetsu horrek, hau eta bestea esan du.

Boris Jeltsini, lehendakari vodkazale horri, ... 

Fernando I.a erregeak, (zeina) ausarta baitzen, hau eta bestea egin zuen.

Fernando I.a erregeak, ausarta izaki, hau eta bestea egin zuen.

Gabriel Aresti idazleak emankorra bera hainbat liburu idatzi zituen.

Beraz, nire ustez ez da zuzena Euskaldunon Egunkaria n irakurritako hau:

Jose Ramos-Horta, Bakeraren Nobel sariduna, New Yorken izan da.

Esaldi hori honela itzuli beharko genuke gaztelaniara:

José Ramos-Horta, el premio nobel de la paz, ha estado en Nueva York.

Baina, inondik ere, kazetariak beste esaldi hau zeukan buruan:

El premio nobel de la paz José Ramos-Horta ha estado en Nueva York.

Eta horrek, jakina, honela behar du euskaraz:

Jose Ramos-Horta Bakeraren Nobel sariduna New Yorken izan da.

Euskaldunon Egunkariara mordoka heltzen zaizkie aposizioak teletipoetatik, eta aitortu beharra dago gehienetan ondo ekartzen dituztela euskarara. Baina akatsen bat edo beste lerratzen zaie noizean behin, eta nago ez didatela kargu hartuko hanka-sartze bakan horietaz baliatzeagatik nolako okerrak egin ohi diren erakusteko. Hona hemen, bada, jokabide zuzenaren adibide batzuk:

Baltasar Garzon Entzutegi Nazionaleko epaileak ...

Jesus Cela Seoane GRAPOko kidearen bahiketa ...

Jerzy Semkow maisu poloniarrak ...

Luzeak izanik ere, ulertze-arazorik gabe irakurtzen dira gehienetan. Hona adibide bat:

Anjel Figueroa euskal preso eta Bizkaiko Batzar Nagusietako partaide ohiaren senitartekoek ... (Euskaldunon Egunkaria).

Hona beste bi, lehena zuzena eta bigarrena okerra, biak Euskaldunon Egunkaria tik hartuak:

Jose Luis Santos 37 urteko ustezko igerleak ...

Fernando Elejalde Tapia, 28 urteko donostiarra, ...

Eta aposizio zehaztaileak koma artean jartzea bezain okerra da aposizio azaltzaileak komarik gabe ipintzea.

Elurra egin du Mosku Errusiako hiriburuan.

Oiz Bizkaiko mendirik altuena 1.029 m garai da.

Egia esan, gutxitan ikusten dira horrelakoak, baina hara zer idatzi zuten orain dela gutxi Euskaldunon Egunkariako argazki baten azpian:

Tasio Ardanaz gaur epaituko duten intsumiso-desertore iruindarra. (Izan ere, intsumiso-desertore iruindar bakarra epaitu baitzuten egun horretan).

Honakoa, ostera, zuzena da:

Bi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Coruñako Auzitegi Militarrak Iñaki Ardanaz 'Tasio' intsumiso-desertore iruindarrari. (Izan ere, Tasio ez bide baita intsumiso-desertore iruindar bakarra).

Oso zabaldurik dagoen beste akats bat da erlatibo zehaztailea erabiltzea aposizioen ordez.

Nilo ibaiak, Egipton dagoenak, ...

Horrela, dislokaturik, disimuluan pasatzen da. Okerra are nabarmenago geratzen da honela:

Egipton dagoen Nilo ibaiak ...

Errusiako lehendakari(a) den Boris Jeltsin ...

Halako saria irabazi duen Berendia ...

Esan bezala, izugarri zabaldurik dago erlatibo zehaztailearen erabilpen oker hori, idazkera behar adinako ganoraz jagoten ez duten ez duten hedabide eta liburuetan batez ere.

Nazio Batuetako Errefuxiatuentzako Komisariatu Nagusiko (UNHCR) bulegoko burua den Vincet Cohetel bahitu zuten atzo Ipar Osetian. (Egin).

Kanpo Arazoetarako Ministerioko bozeramailea den Yves Doutriauxek adierazi zuenez. (Egin).

PSOEko Politika Autonomikoko idazkaria den Ramon Jauregik atzo jakinarazi zuenez. (Egin).

Dena dela, hemen ez dugu erlatibozko esladien arloa jorratuko, beste batzuek hartu baitute horretaz luze eta sakon hitz egiteko nekea. Besteak beste, biziki gomendatzen dizuet Juan Garziaren Joskera lantegi liburu mardul bezain argigarria irakurtzea.

Komunztaduraren auzia

Aposizio zehaztaileetan, komarik ez dagoenez, kasu-marka bakarra ipintzen da, izen-sintagma osoaren amaieran. Baina zer egin aposizio azaltzaileetan? Kasu-marka errepikatu beharra dago? Nire ustez, bai. Baina bestelako aukerak ere ba omen daude. Azter ditzagun.

a) "Gehienetan badirudi aski dela kasu marka behin bakarrik ezartzea, izen sintagma osoaren azkenean". (EGLU I, 208. or.).

Campion, euskaltzale fin hark, sarritan esaten zuen... (EGLU I, 208. or.).

Andoni, nire lehengusuari, gauzak gaizki atera zaizkio. (EGLU I, 208. or.).

Niri, egia esan, bitxi samarrak iruditzen zaizkit horrelakoak. Ergatiboan ez dira oso nabarmen geratzen, baina gainerako kasuetan bai, honelakoak egingo baikenituzke:

Oiz, Bizkaiko mendirik altuenean, txori asko dago.

Koldo, zure aitarekin, ondo moldatzen naiz.

Eta ordena aldatuz gero, are bitxiago geratzen dira:

Gauzak gaizki atera zaizkio Andoni, nire lehengusuari.

Txori asko dago Oiz, Bizkaiko mendirik altuenean.

Ondo moldatzen naiz Koldo, zure aitarekin.

b) "Arazo horien aurrean, gaur egun, indarra hartzen ari da corpus honetan atzeman dugun prozedura bat: hots, aposizioa bere hartan uztea, baina atzizkia ezabatuz edo, bestela esanda, aposizioko sintagma nominatiboan jarriz". ("Erdarazko erlatiboen itzulpenaz", Koldo Biguri, in SENEZ, 15. zbk.).

Villasantek ere hala egin daitekeela dio. Bi aukera ematen ditu: kasu-marka errepikatzea edo aposizioa nominatiboan (edo absolutuan, kasu-markarik gabe) uztea (ez du aipatzen EGLUk "hobesten" duen aukera,).

"Hay otro tipo de aposición en que el determinante es libre. El caso del sintagma en aposición es el caso del núcleo, o bien, es el nominativo. El lugar de la aposición es relativamente libre: puede seguir inmediatamente al núcleo o bien estar separada de él por otros sintagmas". (Estudios de sintaxis vasca, 142-143).

Sinesten dut Jainko Aita Ahalguztiduna baitan, zeru-lurren egilea. (Op. cit.).

Jakin genuen karteroengandik, herriko gizonik jakintsuena. (Op. cit.).

Txori asko dago Oizen, Bizkaiko mendirik altuena.

Gauzak gaizki atera zaizkio Andoniri, nire lehengusua.

Ondo moldatzen naiz Koldorekin, zure aita.

Niri, egia esan, bitxi samarrak iruditzen zaizkit horiek ere. Eta ordena aldaturik, are bitxiagoak:

Andoniri, nire lehengusua, gauzak gaizki atera zaizkio.

Oizen, Bizkaiko mendirik altuena, txori asko dago.

Koldorekin, zure aita, ondo moldatzen naiz.

Egokiena, nire ustez, kasu-marka errepikatzea da. Nik behintzat hala egiten dut. Ez diot inolako eragozpenik ikusten eta, gainera, badirudi hori dela joerarik zabalduena. Hona, berriro, Euskaldunon Egunkariatik hartutako batzuk:

... azaldu zuen atzo Mikel Baztanek, LANE erakunde ekologistako presidenteak.

... esan zuen igandean Francisco Vazquezek, Galiziako PSOEko idazkari nagusiak.

... adierazi zuen Benjamin Netanyahuk, Israelgo lehen ministroak.

Eta hona, berriz, Urrezko Astoa liburutik hartutako hauek:

Horregatik, jakin nuenean gazta berri gozo-gozoa saltzen zutela Hipata-n, Tesaliako hiri nagusian, (...). (21. or.).

(...); izan ere, bezperan, Lupok, neurri handiko sal-erosketak egiten dituen batek, eroskizun osoa bereganatu baitzuen. (21. or.).

Emakume on hori eta zorigaiztoa izan dituk lehentxeago nengoen egoerara, hik heuk ikusitakora, eraman nindutenak. (23. or.).

Hain ederra omen zen, non Hadesi, lurrazpiko munduetako agintariari, berealdiko grina piztu baitzion. (80. or.).

Edipok, horien aitak, intzestua egiten du (...). (288. or.).

Galdegaia eta aposizioa

Aditzaren aurrean dagoen sintagma batek oso nekez eraman dezake aposizio bat. Galdegaia baldin bada, erabat ezinezkoa da. Galdegaiaren definizioan dago bera eta aditzaren artean pausarik egin ezina. Zer egin, bada, galdegaiak aposizio bat daramanean? Argi dago ezin dela galdegaiaren arau nagusia besterik gabe urratu aposizioa koma eta guzti hor jarrita. Honelakoak, esaterako, ez dira onargarriak:

Ozeano Pazifikoaren hegoaldean, Txileko Pascua uhartearen parean, erori ziren espazio-zundaren zatiak.

Profeta faltsuez ere, hau da, Jaunak bidaliak izan gabe haren izenean herriari hitz egiten diotenez, mintzatzen da Biblia.

Burua nekatu beharra dago irtenbide egokien bila, egon badaude eta. Hona hemen banaka batzuk.

a) Aditza aurreratzea (ahal izanez gero, jakina).

Sinesten dut Jainko Aita Guztiahaltsua baitan, zeru-lurren Egilea. (Villasante. Estudios de sintaxis vasca. 143).

Jakin nuen karteroengandik, herriko gizonik jakintsuena. (Villasante. Estudios de sintaxis vasca. 143).

b) Aposizioa aditzaren atzean jartzea.

Espazio-zundaren zatiak Ozeano Pazifikoaren hegoaldean erori ziren, Txileko Pascua uhartearen parean.

Biblia profeta faltsuez ere mintzatzen da, Jaunak bidaliak izan gabe haren izenean herriari hitz egiten diotenez alegia.

Bere errainarekin bizi zen, Sadik-en emaztearekin. ("Alegia"jar genezake amaieran).

Aizkolari asko bildu dira Tolosan, herrialde guztietatik etorriak. ("Galdegai arrunta eta aposizioak" Juan Garzia, in Administrazioa euskaraz, 14. zbk.).

Gizon bat ikusi nuen geltokian, antzinako arropa dotorez jantzia. ("Galdegai arrunta eta aposizioak" Juan Garzia, in Administrazioa euskaraz, 14. zbk.).

c) Aposizioa marratxo artean jartzea.

Marratxo arteko akotazioa ez da etentzat jotzen eta, beraz, zilegi da aditzaren aurrean, baita galdegai bada ere.

d) Aposizioaren eta aditzaren arteko koma ezabatzea.

Nik behin baino gehiagotan egin dut hori.

Horren ondorioz, Mikhailovskoiera, amak Pskov probintzian zeukan etxaguntzara bidali zuten. (Kapitainaren alaba. 11. or.).

1830eko abuztuan Bolodinora, aitaren herrira joan zen. (Kapitainaren alaba. 12. or.).

1831n Natalia Gontxarovarekin, San Petersburgeko emakumerik ederrenetako batekin ezkondu zen. (Kapitainaren alaba. 12. or.).

Harrezkero bere herrian bizi izan zen, Simbirsk eskualdean, eta Avdotia Vasilievna Ju. neska gaztearekin, bertako aitonen seme behartsu baten alabarekin ezkondu zen. (Kapitainaren alaba. 21. or.).

Egia esan, zalantzak izan nituen, zilegi ote den koma hori ezabatzea. Dena dela, bilatzen hasita, tankera horretako hainbat esaldi aurkitu ditut han-hemenka.

(...) lotu zion txamarra burniari zatar-lokarri aien bidez, eta gero oera, len zegoan tokira itzuli zan. (Santa Kruz apaiza. 36. or.).

Jose Barrionuevok, Garraio, Turismo eta Telekomunikabideetako ministroak hitz egin du Kongresuan. (Egunkariaren estilo liburua. 1. edizioa. 74. or.).

Iasser Arafat, Palestinaren Askapenerako Erakundearen presidenteak esan duenez. (EITB. Euskarazko albistegietarako esku-liburua. 60. or.).

Hori guztia don David Freire Angulok, Badajozeko kartzelako oraingo kapeilauak bidaltzen dit. ("Erdarazko erlatiboen itzulpenaz", Koldo Biguri, in SENEZ, 15. zbk.).

Zeusen seme, jainko horrek Alkmenarekin, Anfitrionen emaztearekin izandako harremanetatik. (Urrezko astoa. 88. or.).