EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Senez 31 (2006)
Senez 30 (2006)
Senez 29 (2005)
Senez 28 (2005)
Senez 27 (2004)
Senez 26 (2003)
Senez 25 (2002)
Senez 24 (2002, ale berezia)
Senez 23 (2001)
Senez 22 (2000)
Senez 21 (1999)
Senez 20 (1998)
Senez 19 (1997)
Senez 18 (1996)
Senez 17 (1996)
Senez 16 (1995)
Senez 15 (1994)
Senez 14 (1993)
Senez 13 (1992)
Senez 12 (1991)
Senez 11 (1991)
Senez 10 (1990)
Senez 9 (1990)
Senez 8 (1990)
Senez 7 (1989)
Senez 6 (1986)
Senez 5 (1986)
Senez 4 (1985)
Senez 3 (1985)
Senez 2 (1985)
Senez 1 (1984)

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 22 (2000)

Data: 2000ko urria

Senez 22 (2000)

Aurkezpena - Gotzon Egia

Euskal itzulpengintzaren mugarri batekin bateratsu dator, hala nahi izan gabe, hogeita bigarren zenbakia daraman Senez hau: aurten abiatuko dira, mende berriaren atari, itzulpen eta interpretazio ikasketa ofizialak Euskal Herriko Unibertsitatean. Berantetsirik datoz, batzuen aburuz, ikasketok, zalantzaz josirik, besteen iritziz, euskal itzultzaile gehienen lan iturriari (gaztelera eta euskararen arteko itzulpengintzari, alegia) gibel egindako ikasprograma dirudielakoan... Bego, behingoz, geure lanbidea «jakite hegoek igoa», maila akademikoraino igoa alajaina, eta geroak esan beza badugun kemenik aski gaizkia hobetzeko, okerra zuzentzeko, bideari bide emanez, bidea urratsez urrats eginez.

Itzulpenak zabaltzen du, aurrekoan bezala, gure aldizkaria. Anje Duhalde kantaria jalgi da oraingoan itzultzaileon plazara, ausarki jalgi ere: George Brassens poeta eta kantari frantsesari poema sorta hartu dio maileguan, une batez bederen poemok zuzenean geureganatzeko. Haien hautapena egin dugu, poema samurtasunez beterikoak, irri sakon eta gaiztoak, koblakari zaharraren begirada zorrotzaren hariaz josiak.

Azterketa luze-sakonago baten laburpena dakarkigu Manu Lopez Gaseni gasteiztar irakasleak, erdaretatik euskarara aldatutako haur eta gazte literaturan itzulpengintzaren zeregina eta xedea argitzeko lagungarri. Ikuspegia da, besteak beste, irakasbide: haur literatura sorkari modernoa ez den bezala, euskal itzulpengintza aspaldidanik saiatu izan da gazteentzako literaturaren ura geure errotara biltzen. Zaharragoek nola jokatu zuten, egungoen aldean izan zituzten gabezia eta hutsuneak ikertzea, horra hor langintza mesedegarria garaiotako itzultzailearentzat.

Kalitate arauak erabili zaharrak dira produkzioaren eta zerbitzuen esparru askotan, berrikiago sartuak dira itzulpengintza bezalako jarduera intelektualetan. Karlos del Olmok gogoz ekin dio bide horri, lehendabizi 1999an Udako Euskal Unibertsitatean egindako ikastaroa gai horri oso-osorik emanik, eta orain kalitate arauen azterketa luze bezain sakona eginik.

Itzulpen munduko berri, iritzi eta hausnarketa saila dator gero, hiru ataletan bildurik: Koldo Bigurik 1998an Verines-eko idazleen bilkuran irakurritako hitzaldia (Mari Jose Kerejetak euskaratuta); Antton Garikano itzultzailearekin izandako elkarrizketa; eta José Saramagoren Lisboako setioaren historia liburuaren aurkezpenaren kronika laburra, Jon Alonso itzultzailearen hausnarraldiarekin batera.

Azkenik, Senez aldizkariak omen egin nahi izan dio joan den udan zendutako Jose Luis Etxeberria «Txigua» itzultzaileari. Administrazioan eta esparru ofizialetan itzultzaile aitzindari izandakoa, Eusko Legebiltzarrean ari zen lanean azken urteotan. Haren lankideei esker argitaratzen dugu hemen Jose Luis Etxeberriak idatzitako artikulua.

AURKIBIDEA

Brassens euskaraz - Anje Duhalde
Euskaratutako Haur eta Gazte Literaturaren azterketa: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak - Manu Lopez Gaseni
Kalitate arauak itzulpengintzan: jaio dira berriak - Karlos del Olmo
Egile, irakurle, itzultzaile - Koldo Biguri
José Saramagoren Lisboako Setioaren Historia liburuaren aurkezpena - Jon Alonso
Antton Garikanorekin solasean - Gotzon Egia
Jose Luis Etxeberria «Txigua»-ren omenez

Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net