EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Aurkezpena
Ametsak dantza - Itxaro Borda
Zenbait izenburu itzultzearen gainean - Augusto Monterroso
Itzultzaileak - Victor Hugo
Dena da itzulpen, denok gara itzultzaile - José Saramago
-KO ez da (inolaz ere) -EN - Juan Garzia
Ordenagailuz lagundutako itzulpena eta itzulpenaren kalitatea * - Itziar Bernaola, Ana I. Morales eta Irune Payros
Interpretazioa: alor eta mota berriak Euskal Herrian - Lurdes Auzmendi
Interpretazioaren bide berriak: interpretazio soziala - Erika Gonzalez
Xabier Olarrarekin solasean - Gotzon Egia, Fernando Rey
Pailazo baten aburuak - Pello Zabaleta

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 26 (2003) »  Aurkezpena

Inprimatu

Data: 2003ko abendua

Aurkezpena

Aurkezpena - Gotzon Egia

Aurtengo Senez aldizkariaren alea euskal itzulpengintzaren eta EIZIEren zereginen adierazle jator bat dela esatera ausartuko naiz. Poema itzuliak, itzultzaileen gaineko itzulpenak, itzulpen pragmatikaren muin-muineko azterketak, informatika eta kalitatearen arteko loturak, interpretazioaren etorkizuneko norabideak, itzultzaile eskarmentu handi batekiko elkarrizketa, eta itzulpen aitzindari baten kritika jasotzen ditugu, irakurle, eskuartean duzun ale mardul honetan.

Itxaro Borda poetaren lan oparoari ale eder batzuk kendu dizkiogu, berak euskaraz idatzi ondoren frantsesez emanak, eta geroago Flo Larochek frantsesetik gaztelerara itzuliak. Susa Argitaletxeari (http://www.susa-literatura.com) eskerrak ematen dizkiogu, aleok era honetan argitaratzeko eman digun erraztasunagatik.

Hari biko batek lotzen ditu hurrengo hiru artikuluak: itzulpenak dira, eta itzulpengintzaren gainekoak dira. Karlos del Olmok euskaratu ditu, alde batetik, Augusto Monterroso-ren iritzi labur bezain trinko bat, literatur izenburuen itzulpenaz; eta bestetik, Victor Hugo-k itzultzaileei buruz idatzitako kritika (eta ohore) errukigabea, testu klasikoen itzulpenaren haritik. Gisa berean, Jose Saramagok itzultzaileen biltzar baten aurrean, aurten Buenos Aires-en, egindako hitzaldia euskaraturik dator gero.

Euskal itzulpengintzak, pragmatikaren ikuspegiaz, bere-berea duen arazo bat aztertu du, ohi bezain zoli, Juan Gartziak: -ko/-en hauta beharra, erdal preposizioen ordain. Irtenbide ustez orohartzaileen eta beti-bateko formula berdintzaileen antzutasuna erakusten digu, burutsuki erakutsi ere.

Aurreko aleetan zirriborratu dugun gai bat dakarkigute, berriz, Itziar Bernaolak, Ana I. Moralesek eta Irune Payrosek: ordenagailuz lagundutako itzulpen lanabesak, bereziki itzulpen memoria sistemetan oinarri hartuta.

Interpretazioari, itzulpengintzaren aldaera funtsezkoa denez, leihoa zabaldu nahi izan diogu ale honetan, ez dezagun ahantz geure elkartearen sigla palindromearen bigarren -i- hori interpreteei dagokiela. Lurdes Auzmendiri eskatu diogu sarrera bat egin dezala, interpretazioak Euskal Herrian izango dituen eginkizunen inguruan, eta aurkezpen horren ondotik dator Erika Gonzalezen ekarpena, interpretazio soziala deitutakoari buruz.

Azken urteotako usadioari jarraiki, lanbidearen alderdi eta aieka gehienak ongi ezagutzen dituen Xabier Olarra EIZIEkide eta editorearekin izandako solasa bildu dugu gure orriotara.

Amaitzeko, geure oroigarria egin nahi izan diogu 2003ko apirilaren 12an zendutako Jose Antonio Azpiroz Ormazabal, euskal itzultzaile eta EIZIEko kideari. Azpirozek Heinrich Böll alemaniar idazlearen Ansichten eines Clowns eleberria euskaratu zuen (Pailazo baten aburuak, 1986, Donostia:Elkar), eta lan horren iruzkina eskatu diogu Pello Zabaletari, itzultzailearen izena eta omena goratzeko erarik zintzoena horixe delakoan, hain zuzen: haren lanak aintzat hartzea.


Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net