Senez-ek 20 urte bete ditu
Fernando Rey


Zenaz eta denaz hizketan orain arteko hiru zuzendariekin

Senez aldizkariak 20 urte egin ditu. 1984an ilusioz eta gogoz, itzultzaileen eta itzulpengintzaren premiez ohartuta, aldizkari hau sortzeko lehenbiziko pausoak eman zituztenek nekez imajinatuko zuten, segur aski, oraingo une hau. Bizitzan eta lanean ona da noizean behin geldialdi bat egin eta atzera begiratzea. Gazi-gozoak ditu egindako lanak. Komenigarria da, beraz, egunean eguneko, zenbakian zenbakiko neke eta zailtasunak ahantzita, begiratu lasai bat ematea egindako bideari, une zailetako gaziek gain har ez diezaguten, une errazetako gozoek lasaikeriara eraman ez gaitzaten.

Elkarrizketa honetan, bada, aldizkariaren beraren historiari egin diogu lekua, emandako pausoei erreparatuta, orduko egoera eta helburuak gogoan, aldizkariak aurrera segi dezan itzultzaileen eta itzulpengintzaren mesedetan.

Josu Zabaleta, Koldo Biguri eta Gotzon Egia iruditu zaizkigu egokienak gogoeta-lan honetarako, haiexek izan baitira Senez-ek orain arte izan dituen zuzendariak. Haiek izan dute, arduraz gain, lan karga nagusia. Zein egokiago, beraz, ibilbideaz hitz egiteko?

Senez: Hogei urte joan dira sortu zenetik. Senez sortu zenean, nik dakidala, honako helburuok ezarri zizkion bere buruari: lehenik, itzulpen lanetan ari direnentzako gogoeta eta erreflexioa eskaintzea; bigarrenik, itzulpengintzaren eta terminologiaren arloan ari direnen problemak eta kezkak plazaratzeko eta elkarren berri izateko gunea izatea; hirugarrenik, kanpoko teorizazioetatik baliagarri izan daitekeen guztiaren berri ematea. Ona izanen litzateke agian gogoraraztea nola sortu zen aldizkaria, nolakoa zen orduko egoera, zer izan gogo zuen Senez-ek.

Gotzon Egia: Aldizkariaren sorreran egon zirenek dakite hobekien nola eta zertarako sortu zen. Josuk asko esan diezaguke, baina nik dakidanaren neurrian esango dut hastapeneko urte haietan aldizkaria itzulpengintzaren «abangoardian» zegoela; niri, behintzat, hala iruditu izan zait beti, baina indar bereziz hasierako urteetan.

Gogoan dut 1984an edo 1985ean -ez naiz oso ongi oroitzen- Koldo Mitxelena zenari hitzaldi bat entzun niola aurrezki kutxaren aretoan, euskararen egoerari buruz. Garai hartan, bizi-bizirik zegoen UZEIren hiztegigintzaren inguruko eztabaida, eta Mitxelenak berak kritika zorrotzak plazaratuak zituen hiztegigintza molde jakin baten aurka, gauza gogorrak esanez gainera. Hitzaldi hartan kezka bat azaldu zuen: hizkuntza bat ez daiteke «normala» izan bere testu ekoizpenaren hirutik bi itzulpen bidez egina baldin bada. Arrazoia izango zuen, noski, errenteriar maisuak, batez ere lexikografiaren nazioarteko arauez gaindi eginak ziren hiztegi baldarrak orpoz orpo sinestea dogmatzat hartua zeukaten itzulpenei eta itzultzaileei buruz.

Hogei urte igaro dira eztabaida haietatik, bide luzea egin du euskarak modernizazioaren bidean, eta euskal itzulpengintzak, berriz, jauzi ikaragarria egin du alderdi guztietan. Ez dut uste, inolaz ere, gaur euskarazko letretan hirutik bi itzulpen bidez eginak direnik, ez gara halako mailara iritsiko ziurrenik, baina hala izango balitz ere, ez zait iruditzen Mitxelenak orain dela hogei urteko iritzi bera izango zuenik. Gure garaiotan, hiztegigintza asko hobetu den arren, gutxi izango dira hiztegien esanak besterik gabe jarraitzeko prest diren itzultzaileak. Prestakuntzan aurrerapen izugarria egin dugu, eta iruditzen zait Senez aldizkariak, eta EIZIEren jardunak oro har, guztizko eragina izan dutela itzultzaileon aitzinamendua eta lanbidearen estimua hobetzeko. Senez tresna aitzindari bat izan da beti, nik hala ikusi izan dut behintzat, euskal itzultzaileon lanbidearen etorkizuneko bidea markatu izan duena.

Josu Zabaleta: Helburuak horiek ziren, bai, zuk galderan aipatu dituzunak. Dena dela, iruditzen zait garai hartako testuingurua eta beste zenbat datu xeheago ezagutzeak pixka bat lagunduko digula ulertzen Senez aldizkariaren lehen garaia egiaz zer izan zen eta aldizkari honen sorrerak zer ekarri zuen.

Aldizkaria sortzeko erabakia eta ekimena Martuteneko Itzultzaile Eskolak hartu zuen bere gain. Martuteneko Itzultzaile Eskola 1980an sortu zen, Euskaltzaindiak, Joan San Martin jagon-sailburuaren bitartez, emandako bultzadaz, Senez aldizkaria sortu baino lau urte lehenago. Ikastaro normalez eta ikastaro laburrez gainera, Martuteneko Itzultzaile Eskolak bideratu zuen ekimen nagusietako bat izan zen beraz. Lau urte horietan, egia da, Martuteneko Itzultzaile Eskola euskal itzultzaileen erreferentziarik garrantzitsuenetako bat bilakatua zen. Eskolak ez zuen, ordea, «bere» aldizkari bat sortu nahi, Eskola bera euskal itzultzaileen elkargune bihurtu nahi zuen bezala, aldizkaria ere euskal itzultzaileen elkargune izateko asmoz sortu nahi izan zuen, bere kabuz ibili eta biziko zen elkargune bezala hain zuzen.

Horregatik, hain zuzen, lehen ekimena Martuteneko Itzultzaile Eskolarena izan bazen ere, Senez aldizkariaren lehen alearen lehenengo orrialdean berean ikus daitekeenez, Martuteneko Itzultzaile Eskolarekin batera, UZEI eta Elhuyar elkarteak ere partaide izan ziren aldizkari honen sorkuntzan. Une hartan, Itzultzaile Eskolarekin batera elkarte horiek, itzulpengintzan eta batez ere terminologiari zegokionean, nahitaezko erreferentziak baitziren. Hala, bilera batzuk egin ziren elkarte horietako arduradunekin, eta Senez aldizkaria sortzea, haren izena, formatua eta erredakzio taldea erabaki ziren. Niri eman zidaten zuzendaritzaren ardura; Itzultzaile Eskolaren izenean ordezkaria neu izan nintzelako eta lehendik eta orduan ere argitalpenen munduan (Hordago argitaletxean) ari nintzelako inondik ere.

Senez: Eta aldizkaria sortzeko zer ereduri jarraitu zenioten? Zein ziren zuen erreferentziak?

Josu Zabaleta: Aldizkariaren eredua une horretan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak argitaratzen zuen Quaderns de Traducció i Interpretació aldizkaria izan zen. Hori egiaztatzeko ikusi besterik ez dago orrialdeen formatua bera, adibidez; haren kopia ageri-agerikoa da. Azala, berriz, Laura Esteve donostiar margolari eta diseinatzaile ezagunak egina izan zen.

Lehenengo zenbaki hori aurkezpen zenbakia izan zen batez ere: aldizkaria argitaratzeko ekimena hartu zuten elkarteen aurkezpena, euskal itzulpenak hartzen zituen eremuen aurkezpena, eta aldizkariak gerora hartuko zuen tajuaren erakusgarria.

Senez: Baina oker ez banago, berehalaxe gertatu ziren lehenbiziko aldaketak, ez da hala?

Josu Zabaleta: Bai. Bigarren alerako, UZEI elkarteak alde egin zuen aldizkariaren bultzatzaile taldetik, eta hala egiazta daiteke bigarren ale horren lehen orrialdean. Erabaki horren berri ematean garai hartako UZEI elkartearen gerenteak adierazi zidanez, elkarte horretako zuzendaritza batzordeko zenbait kide ez bide ziren oso-oso ados elkarte horrek aldizkari honetan maila horretan parte hartzearekin. Hala ere elkarte horretako zenbait kidek, nork bere izenean, Senez-en parte hartzen jarraitu zuten. Une horretatik aurrera, beraz, Martuteneko Itzultzaile Eskola agertu zen aldizkari honen arduradun bakartzat, beste elkarte batzuetako kideen partaidetzarekin.

Egia esan, Senez aldizkaria argitaratzea pertsona bakar baten ekimena izan da ia beti, zuzendariarena. Horretan badu antza zenbait eskoletan izan ohi diren aldizkariekin: zuzendari «factotum» baten fruitua izaten dira; hark hartu behar izaten du ia guztiaren karga: artikuluak eskatu, eginarazi, telefonoz deitu, eta gainerako guztiak. Lehenengo garai horretan, hala ere, antolamendu lan gehiena pertsona bakarraren gainean egonagatik, haren atzean Martuteneko Itzultzaile Eskola, eta UZEI eta Elhuyar elkarteetako kideak eta beste zenbait pertsona egon izan ez balira, ez dut uste Senez aldizkariak izan zuen maila eta maiztasuna izan ahal izango zituenik; ezinezkoa izango zen. Haiei esker argitaratu zen aldizkaria, eta geroago, EIZIE sortu zenean, garbi ikusi zen EIZIE zela Senez aldizkariari bere izatez zegokion lekua.

Senez: Elkarte bat sortzen denean, maiz bere aldizkaria argitaratzeko premia ikusten du. Baina gure kasuan, harrigarria, alderantzizkoa izan zen prozesua, beraz.

Josu Zabaleta: Bai, gogoratzekoa da EIZIE bera sortzeko ekimena ere Senez aldizkari honetan egindako proposamen baten inguruan mamitu zela. 1986ko apirileko zenbakian euskal itzultzaileen artean egindako inkesta baten emaitza jakingarriak argitaratu ziren, eta horrekin batera gure inguruan ziren beste zenbait itzultzaile-elkarteren berri eskaini zen, gure artean horrelakoxe elkarte bat sortzeko gonbita garbia eginez. Hartutako erantzuna kontuan hartuta, itzultzaile zirela frogatzeko inoren bermerik behar ez zuten 25 itzultzaile bildu ziren, eta haiek osatu zuten EIZIEko lehenengo kide taldea.

Inkesta hori egin zen unerako Senez aldizkari honek euskal itzultzaileen artean zer leku betetzen zuen ezagutzeko, aski da gogoratzea inkestari erantzun ziotenek itzulpenari buruz aipatzen zuten bibliografian lehenengo lekuan ageri zela, alde handiarekin.

Senez: Nolako balorazioa, nolako oroitzapenak dituzu, Josu, lehenbiziko etapa hartaz?

Josu Zabaleta: Nire iritzian, oso denbora laburrean euskal itzultzaileen erreferentzia bihurtu izanak, haiei itzulpenari buruzko gogoetarako bideak zabaldu izanak (bertan pentsatutako artikuluen bidez, itzulpenen bidez eta beste liburu eta aldizkarien aurkezpenak eginez) eta euskal itzultzaileak elkarte batean antolatzen lagundu izanak nahikoa eta gehiago justifikatzen dute aldizkari honek egindako lana, zein gizatalde urrian sortzen zen kontuan hartuta batez ere.

Aldizkariak kanpora begira izan zezakeen irudiaz zerbait esateko, kontuan hartu behar da itzultzaileen munduaren antolamendua oso urria zela zentzu guztietan gure inguruan, Espainian batez ere. Baziren itzultzaile elkarte batzuk: APETI, galegoen elkartea, Kataluniako itzultzaileen elkarte bat, gero desagertu zena; oso unibertsitate gutxitan irakasten zen itzulpena; orduantxe hasi zen irakaskuntza hori zabaltzen, neurriz goitik zabaldu ere, agian. Testuinguru horretan oso harreman gutxi zegoen hizkuntza bateko eta besteko, edo alde bateko eta besteko itzultzaileen artean, eta Senez aldizkaria kanpora ere bidaltzen bazen ere, ez zen askorik ezagutzen; ezagutzen zutenak, ordea, txunditurik zeuden. Pasadizo batek argitu dezake zenbateraino: Valentziako unibertsitatean kongresu bat egin zen itzulpenaz, haiek ere tentatuta baitzeuden filologian itzulpen adar bat zabaltzeko. Senez aldizkariaren bilduma bat eraman genien; bildumaren tamaina ikusi zuten arte ez ziguten kasurik egin, baina kasu, egiaz kasu, kongresura itzulpenaren «guru» bezala gonbitatua zuten Julio Cesar Santoyo jaunak, gu ezagutzean, bere aurkezpenean Senez-ekoei buruz «no sabemos qué dicen, porque escriben solamente en euskara, pero son los que más publican sobre traducción en España; su revista es la revista de traducción más gruesa del mundo» esan zuenean egin ziguten.

Gure inbidia Traduire, Babel, Meta, Contrastes aldizkariak eta horrelako beste batzuk ziren. Haien mailara ez ginen iristen, bistan da, baina haiek genituen beti begien aurrean. Garai hori, gurean ez ezik, mundu osoan zen, itzulpenaren munduan, gogoeta garaia. Itzulpenaren irakaskuntza sistematizatua ia hasi berria zen munduan, esateko; ez gure artean bakarrik. Sobiet Batasuneko eta haren inguruko herrialdeetan aurretatuxeagoa zegoen itzulpenaren irakaskuntza, eta harekin batera itzulpenari buruzko gogoeta; baina handik kanpora oso gauza gutxi aurki zitekeen; Espainian, adibidez, García Yebraren eta Vázquez Ayoraren liburuez aparte, ezer gutxi. Aldizkari horiek ziren, beraz, itzulpenari buruzko gogoeta mamitzen ari zen gunea, eta benetan itzultzailearen begiak bere lanbidearen eremu askotarako zabaltzen zituzten gogoetak eskaintzen zituzten. Gure inguruan ere itzulpenari buruzko gogoetak eta intuizioak formulatzen eta sistematizatzen ari ziren unea zen.

Gure kasuan oraindik ere nabarmenagoa zen, beharbada, prozesu hori. Egia esan, kasu berezia ere bazen. Beste pasadizo batek argitu lezake ongi ikuspegi hau: oraindik ere gogoan dut itzulpenari buruzko nazioarteko bilera edo topaketa batean -ez naiz gogoratzen zeinetan- Jean-René Ladmiral edo Henri Besse frantses teorialarietakoren batekin -bietakoren batekin- hizketan, euskal itzultzaileon egoera, gure langintza eta euskararen normalizazio prozesuan genuen pisua azaltzean, harrituta eta ia inbidiaz begiratzen ziguten: «mais vous vivez dans un laboratoire!». Eta ez zen gezurra, esaten ari zirena. Gogoetaren begiak zabalik eta pentsamenduan behar beste dioptria zituen edonork begien aurre-aurrean zuen, gure artean, itzulpenaren eragina nabarmen-nabarmen erakusten ari zen esperimentua: itzulpenak lehen mailako protagonismoa zuen hizkuntz normalizazio prozesu bat, oso egitura desberdineko bi hizkuntza -bi batez ere, une hartan: gaztelania eta euskara; oraindik ere halaxe jarraitzen du; baina esan beharra dago zenbait alorretan, literaturan eta abar, bitasun hori asko zabaldu dela geroztik-, bi hizkuntza kateatzen zituen itzulpengintza batek gogoeta asko eskatzen zuen baina inprobisatzen ari ginen itzultzaileak urratzen ari ginen lanbide bat -bazirudien hizkuntza normalizatu batean prestamen normala zuen itzultzaile batek eman zezakeen kalitate maila bera emateko, berebiziko artista izan behar zela gure artean-. Pauso guztiak ez ziren zuzen emanak izango, jakina; baina ongi emanak gehiago izan ziren gaizki emanak baino, antza denez, zeren nork egiten du dudarik gaur egun gure itzulpenaren egoera, oro har, nahikoz hobeto dagoela orain orduan baino.

Senez: Aldizkariak zure ardurapean egin du denbora gehiena. Zuk ere, Koldo, asko duzu esateko, noski.

Koldo Biguri: Nik 1989an hartu nuen nire esku, eta 1998ra arte iraun zuzendaritzan; bederatzi urtez, 8. aletik 20.era, biak barne. Denbora gehiena, beraz, nire esku pasatu du. Tarte horretan, gainera, itxuraberritu ere egin zen.

Hasieran, bazegoen erredakzio batzorde bat, noizean behin bildu eta gaiak proposatzen zituena; baina gero zuzendariak behar zituen martxan jarri: artikulugileari deitu, konbentzitu (ez beti gauza erraza) zerbait idazteko; ondoren, jaso, zuzendu, txukundu eta argitaratzeko moldean jarri. Zuzendaria beti izan da «factotum» bat Senez-en; eta hori arazo handi bat da, jendea nekatu egiten duelako; gainera, ez da hain erraza artikulugileak aurkitzea: jende gehiena EIZIE barruko kide eta itzultzaileak izanik, gutxik dute euren lanari buruzko gogoeta idatzirik egiteko kemena; askok uste dute beraiek ez direla nor, edo ez dutela ezer interesgarririk edo maila egokia duenik esateko.

Gauza bitxia da Senez: itzultzaileek berek egindako gogoeta-gune bat, baina ez, beste aldizkari asko diren bezala, traduktologoek egindakoa; eta desberdina da itzultzaile izan edo traduktologo izan. Gaur egun, honelako aldizkarietan artikuluak idazten dituzten gehienak horixe dira, traduktologoak. Vasos Comunicantes aldizkaria bakarrik izango da gurearen modukoa. Eta era honetako aldizkariek denbora eskatzen diote ateratzen dituenari: errazago da hori Unibertsitatean aurkitzea (traduktologoen artean, alegia), geure etxean baino.

Senez: Hasieran, behinik behin, erredakzio talde baten sostengua bilatzen zen, ezta? Ez du funtzionatu egitura horrek?

Koldo Biguri: Antolamenduari eta egiturari dagokionez gauza bat aitortu behar dugu: erredakzio talde bat zegoen, baina kontuan izan denbora dexentean «erredakzio talde» birtual samarra izan zela. Zuzendaria aritzen zen bakarrik lanean.

Aurrekoarekin lotuaz, arazo larriena zen halako jarraitasun edo programazio bat egitea: hasieran, halako «gai nagusi» bat egon zen, eta baten batzuk animatzen ziren horren inguruan idaztera. Baina denborarekin, oso zaila bihurtu zen, eta artikulu solteak edo elkarrekin zerikusirik gabekoak argitaratzen ziren, zer etorri, huraxe jasotzen baitzen, bestela ez baitzen ezer aterako.

Bestetik, aprobetxatzen hasi ginen, baita ere, antolatzen genituen ekitaldietan aurkezten ziren materialak (adibidez, EHUren Udako Ikastaroetan aurkeztu zirenak, euskaraz ez ezik, beste hizkuntzetan ere bazirenak; ale berezi bezala atera genituen).

Senez: Zu zara, Gotzon, oraingo zuzendaria. Zu arduradun egon zaren denboran zer balorazio egiten duzu? Zein dira zure agintaldiko datu esanguratsuenak?

Gotzon Egia: Nik aldizkariaren zuzendaritza hartu nuenean, 1999an, Senez-en 20 zenbaki kaleratuak ziren harrez gero; beraz, ongi finkatua zegoen. Aurreko zuzendaritza taldeek lan bikaina egina zuten, batez ere hastapeneko garaietan, askoz ere egoera zailagoan. Euskal itzulpengintzaren esparruan dena egiteko zegoen garaian, iruditzen zait EIZIEko aitzindariek lan handia egin zutela, lehenik gure itzulpengintzaren historiaren irakasbideak azaltzeko, eta bestetik euskal itzultzaileei prestakuntza profesionalerako tresnak eskaintzeko. Garai biziak izan ziren, adiskide arteko langintzaren bitartez elkartea, aldizkaria eta Martuteneko Itzultzaile Eskola aitzinera eramateko adorea izan zuten EIZIEren sortzaileek.

Eta hasierako etapa goraipatu behar den bezala, iruditzen zait bigarren aro bat zabaldu zela 1992an, aldizkaria urtekari bihurtzea erabaki zuenean EIZIEk. Koldo Bigurik eta bere taldeak bederatzi urtez egindako lanari esker, euskal itzultzaileon lanbidearen muinean ongi errotutako aldizkari profesional sendoa bihurtu zen Senez.

Beraz, gauzak errazago izan dira atzetik etorri garenontzat; zailena aurreko mailari eustea dela iruditzen zait, kale ez egitea, Senez-ek lortua duen esparrua behar den bezala lantzen jarraitzea.

Garaian garaikoak, iruditzen zait teknologiak itzulpengintzara, bizitzaren beste alderdi gehienetara bezala, ekarri dituen aldakuntza sakonei adi egon beharra daukagula, ikerketaren eta prestakuntzaren gaiak atzera utzi gabe, noski.

Senez: Urtean hiru-lau aldizkari ateratzetik urtekaria izatera pasatzea, ez duzu gauza txartzat hartzen?

Gotzon Egia: Urtekaria da orain Senez, eta uste dut hori dela bere pausaera naturala, hori dela EIZIEren antolamenduak eta jardunbideak eman dezakeen neurria. Hortik gora joaten saiatuko bagina, ziurrenik ez genuke aldizkariaren mailari eusterik izango.

Orain urtean 120 bat orri argitaratzen ditugu, eta ez da gutxi! Batez beste, 6-8 artikulu izaten dira, horietatik «finkotzat» jotzen ditugun hastapeneko poema itzuliena eta amaierako elkarrizketa. Aldizkaria uda aurretik ateratzeko ahaleginetan saiatzen gara urtero, biziki saiatu ere, baina nik 21. zenbakian zuzendaritza hartu nuenez geroztik, ez dugu inoiz lortu. Beraz, esan daiteke ekainerako asmoz azaroan kaleratzen den urtekaria dela Senez.

Aspaldiko ohitura bat ere berreskuratu dugu joan den bi urte hauetan: erredakzio batzorde batek eztabaidatzen ditu aldizkarian argitaratu beharreko gaiak eta artikuluak; nolabait ere, urteko zenbakiaren norabidea erabakitzen du batzordeak. Iruditzen zait formula osasungarria dela, aldizkariaren leihoak zabaltzeko modu bat baita, eta artikuluen edukia hobeki aztertzeko bidea.

Ale berezi bat kaleratu genuen 2002an, ingelesez eta frantsesez, euskararik ez dakienari, eta geure kultur esparrua hurbiletik ezagutzen ez duenari, euskal itzulpengintza zertan den aditzera eman nahirik. Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluak (CEATL) urteko batzar nagusia Donostian 2002ko urriaren 2tik 5era bitartean egitearekin bat argitaratu genuen ale berezia, eta uste dut oso harrera ona izan duela. Azken urteotan Senez-en argitaratutako artikuluen bilduma bat jasotzen du ale berezi horrek, frantsesez eta ingelesez emana.

Argitalpen elektronikoari 1999an ekin genion. Aurreko urtean, 1998ko udazkenean, zabaldu genuen lehenengoz gure webgunea, eta hurrengo zenbakitik aurrera paperezko edizioarekin batera sareko argitalpena egiten dugu. Aldizkariaren eduki osoa jartzen dugu sarean, testu gisa eta, hala behar den guztietan, irudi gisa. Tamalez, paperezko edizioaren aldean, ez dugu Juan Azpeitiaren lan bikaina jasotzen edizio elektronikoan, gure orriei zama kentzearren. Aldiz, argitalpen elektronikoak alde on asko ditu, besteak beste, aldizkariaren edukietan bilatzeko aukera. Gainera, sareko argitalpena ez dugu zenbaki berrietara bakarrik mugatu; atzera ere egin dugu, zenbaki zaharretan barna, eta lerro hauek idazterakoan 10. zenbakitik aurrera (1990az hona) zenbaki guztiak sarean dira. Hortik atzera ere egingo dugu laster, eta gauzak ongi direla, lehen zenbakiraino helduko gara 2005. urtearen erdirako.

Senez-en beste alderdi bat nabarmendu nahi dut: aldizkariaren grafismoa. Juan Azpeitia marrazkilariak egundoko lan bikaina egiten du guretzat. Aldizkari gutxi izango dira, gure inguruan, halako maila grafikoa dutenak; zer esanik ez, begiratu besterik ez dago Europan eta munduan barrena diren itzulpen aldizkariak. Iruditzen zait «ohitu» egin garela, normaltzat hartzen dugula zenbaki bakoitzean halako kalitatezko portada eta irudiak izatea, baina gure gisako aldizkariekin alderatzen baditugu, ohartuko gara zer eratako pribilegioa daukagun.

Senez: 20 urteotako historiari eta ibilbideari begiratuta, balorazio orokor bat egin beharko bazenute, zer esanen zenukete? Egin behar du Senez-ek aldaketa kualitatibo edo kuantitatiborik?

Josu Zabaleta: Senez zabalkunde txikiko aldizkari handi bat izan da, da eta izan daiteke aurrerantzean ere; horretarako gaia, pertsonak eta kemena badu. Hitz gutxitan esanda, nik hala ikusten dut.

Gotzon Egia: Bai, hala da. Senez ez da inoiz aldizkari «handi» bat izango; ez zen horretarako jaio, eta iruditzen zait bere eragimena ez dela bakar-bakarrik banatutako ale kopuruetan neurtu behar. Euskal itzultzaileen mundua ez da, kopurutan begiratuta, oso mundu zabala, EIZIEko kideak asko ez diren bezala.

Hala ere, Senez-ek zalantzarik gabe lortu du bere esparru naturalean onarpena eta eragina izatea, itzultzaile profesionalen artean, alegia. Aldizkari profesional on bat dela uste dut, behar den eremu guztietara (itzultzaileak, esparru akademikoak, liburutegiak...) ongi heltzen dena. Alde horretatik uste dut gauzak ongi daudela.

Ez zait iruditzen Senez-ek ahalegindu behar duenik harpidedun edo irakurle kopurua handitzen kosta ahala kosta. Eginkizunak alderdi kualitatiboetan ditugula uste dut: euskararen munduan lan egiten duten itzultzaile profesionalen beharren arabera jokatzea, bide-urratzaile izatea, euskal itzulpengintza hobetzeko aitzindari, ikerle eta sustatzaile izatea, horra nola ikusten dudan datozen urteetako langintza.

Zorionez, EIZIEren barnean talde ona daukagu, lantegi horretan saiatzeko borondatea adina prestakuntza baduena. Beraz, urtez urte aldizkaria hobetzeko aukera profitatu behar genuke.

Koldo Biguri: Lehenago esan dudan bezala, itxura zientifikoa duen aldizkari amateurra izan da, eta da, neurri handi batean; horrek ez du esan nahi, ordea, ona ez denik. Alderantziz, nire ustez, dagoen onenetarikoa da. Hainbat itzultzaile jarri ditu pentsatzen beraien lanaz, euskal itzulpenari buruzko lehen lan teorikoak argitaratuz: eta lan horiek itzultzaileek berek eginak dira, ez Unibertsitateko zientzialari, hizkuntzalari edo traduktologo esperientziagabeak. Baina, horrek badu berekin ifrentzua: lanean diharduen itzultzaileak asti gutxi izaten du, bai eta prestakuntza teoriko doi-doia. Beraz, traduktologoak ere behar dira euskaraz, eta horretarako Unibertsitatea dago. Gaur egun, badago lizentziatura bat, eta espero izatekoa da hortik itzultzaile ondo prestatuak ez ezik, euskal traduktologo onak ere irtengo direla. Itzulpen praktikak badu teoriaren beharrik ere, eta horretarako prestakuntza berezia behar da; eta gutako askok ez daukagu. Hortik ikusten diot etorkizuna, baina hori bai: horretara soilik mugatu gabe.

Senez, produktu bezala, oso ona iruditzen zait, baita alderdi estetikotik ere. Baina, nolabait «profesionalizatu» beharko litzateke, iraungo badu; ezin du jarraitu borondate oneko «amateurren» esku soilik. Maila zientifikoa ere segurtatu behar zaio, orain arteko ibilbideari eusteaz gainera.

Horretarako, Itzulpen karrerako ikasle eta irakasleen laguntza eta ekarpena beharko da; nik hortik ikusten diot etorkizuna. Baina horretarako, Unibertsitatean dihardugun irakasleok ere behar dugu partaide sentitu; edo sentiarazi: badaudelako «pentsatzeko astia» (zientzia egiteko astia, alegia) duten irakasleak, eta beste batzuk, aldiz, ez daukagu horrelakorik, ezta orain ere: irakasle lanaz gain, jarraitzen baitugu itzultzaile lanarekin. Troppo lavoro!

Harrera aldetik, esango nuke mugatu samarra izan dela beti: itzultzaileak, batez ere bazkideak gainera... Oraingo ikasleen artean ere esango nuke asko ez dela zabaltzen ari. Ahalegintxoren bat egin beharko litzateke zentzu horretan.

Antolamenduari dagokionez -hirurok esan dugu nik ustez-, zuzendari kementsu bati esker ateratzen da, ia bakarlanean; eta horrek asko nekatzen du. Nire ustez, Unibertsitatearekiko inplikazioa bilatu beharko genuke, baina alderdi zientifikoaz arduratuko den ondo prestatutako irakasleren batekin edo batzuekin: irakasle-ikasleek egiten dituzten lanek, horrela, aldizkaria elikatzen jarraitzeko balioko lukete, adibidez.

Josu Zabaleta: Esperientzia hori hor dago oraindik, prozesu horretan parte hartu dugun guztion oroimenean: oroimenean ez ezik, gure eguneroko esperientzian ere bai, oraindik. Gertatu den guztia gogoetaren lapikoan egosi eta, bertako eta kanpoko esperientzien eta gogoaren argitan, behar diren lezioak ateratzeak asko lagundu dezake oraindik aurrerabiderako. Lapiko hori berotuko duen sua izatea du, beharbada, oraintxe eginkizun nagusia aldizkari honek. Astia eta kemena behar da horretarako. Zuk ere aipatu duzu astiaren kontua, Koldo. Astia, itzultzaile lanbideak ez du asko-asko uzten -unibertsitateak, agian...-; kemena, nork beretik jarri behar du. Euskal Herriko Unibertsitateak martxan jarria du itzultzaile karrera (bazenekiten?...); unibertsitatearen aldetik ez dakit nola sentitzen den lanbidearekiko lotura; lanbidearenetik badut susmoa nola sentitzen den lotura hori: urrun eta hotz. Ez dut uste batere ona denik, ez unibertsitatearentzat ez gure lanbidearentzat, elkarrekiko arroztasun hori. Nire iritzirako, Senez aldizkari hau elkargune egokia izan daiteke; elkargune ez ezik, topaketaren eragile ere bai; eta gogoetaren (unibertsitateko eta bestelako gogoetaren) eta lanbidearen arteko elkargune izatea izan daiteke, orobat, nire iritzian, aldizkari honentzat aurrerako biderik egokiena ere; komunikazio hori ez badago, nekez zuzenduko dute gogoetak esperientzia, eta esperientziak gogoeta, eta batak eta besteak lanbidearen irakaskuntza. «Sinergia» ez zaio esaten horri?

Senez: Senez-en lehenbiziko zenbaki hartan, aldizkaria nork, nola eta zertarako egiten zen adierazi baino lehen, euskarazko itzulpenaren eta terminologiaren nolabaiteko diagnostikoa egiten zenuten, ongi kontuan hartuta, gainera, normalizatu gabeko hizkuntza zela gurea, eta itzulpengintzak berak ezaugarri bereziak zituela hori zela-eta. Orain dela 6 urte Koldo Bigurik, 20. zenbakian, zuzendari-karguari agur esatean, honela esaten zigun: «Aurrerapauso handiak egin diren arren, euskal itzulpengintzari oraindik ere falta zaio gizarte normalizatuetan duen funtzio eta onarpen maila berbera erdiestea, oraindik ere sektore batzuetan alboraturik edo behar bezain balioetsi gabe jarraitzen duen jarduera baita. Ildo horretatik jarraitu behar da lanean, baina ez da itzultzaileon ardura bakarrik». Diagnostiko berdina egiten duzue? Sumatzen duzue aldaketarik?

Gotzon Egia: Egia da ez dela itzultzaileon ardura bakarrik; guk zer esango dugu, bada, geure lanbideaz... gauza onik ez bada. Aldaketak, batez ere jendeak gertaera sozialen eta kulturalen inguruan duen ikusmoldeetan, ez dira goizetik arratsera gertatzen, ez dira hutsetik osorainoko aldaketa bat-batekoak izaten. Arian-arian gertatzen dira gehienetan, eta beharbada aldaketaren lastertasuna itzultzaileok nahi genukeen adinakoa ez delarik, irudi luke lehengo lekuan gaudela beti, baina ez da egia. Aurrera goaz, ez bakarrik itzultzaileen prestakuntza eta profesionaltasuna hobetzen, antolamendua trinkotzen, baliabideak ugaritzen, teknologien esparruan sakontzen. Aurrerapen horiez gain, uste dut urratsak ere egin direla itzulpengintzaren irudipen soziala ere hobetzen: orain ez da lehen bezain sarritan ikusten itzulpena bigarren mailako testutzat. Idazle batzuek, argitaldari batzuek, erakunde eta enpresa batzuek ikasi dute itzulpen on bat bereizten eta preziatzen; ikasi dute, baita ere, halako itzulpen bat ez dela zerutik jausten, baldintza egokiak eman behar zaizkiola itzultzaileari, itzulpen ona egingo badu. Hor, idazleen artean batez ere, baditugu aliatu batzuk, ongi zaindu beharrekoak.