Hemen zaude:
 » 
 » 
IZOko zuzenketa-prozesua - Kaxildo Alkorta, Joseba Urkia, Antton Burgoa

Inprimatu

Data: 2004ko urria

IZOko zuzenketa-prozesua - Kaxildo Alkorta, Joseba Urkia, Antton Burgoa

Kaxildo Alkorta

Aurkezpena.- Lehenengo ordubete honetan HAEE-IVAPeko IZOko (IZO = Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala) hiru lagun arituko gara. Hemengo gehienek ez duzue motiborik gu ezagutzeko eta aurkeztu egin behar:

  • Joseba Urkia, IZOko interpreteetakoa eta interpreteen arduraduna da; itzultzen eta zuzentzen ere jardun behar izaten du;
  • Antton Burgoa itzulpen zuzentzaile dugu, itzuli ere egin behar izaten du, nahikoa gainera. Eta
  • ni neu, Kaxildo Alkorta, IZOko interpreteen eta itzultzaileen arduraduna.

(Hirurok jardun behar izaten dugu zuzentzen; itzultzen ere bai) .

Testua itzultzeko enkargatzera gugana jotzen duenarekin -lana enkargatzen digunarekin, bezeroarekin- izaten dugun lehenengo harremanetik hasi eta testua itzulita entregatzen dugun arte, bitarte horretan zer egiten dugun, hori da hemen azalduko duguna.

Hiru ataletan banatu dugu gaia, eta gu hirurotako bakoitzak atal baten gainean jardungo du:

  • aurreneko atala testuaren ibilbidea dugu: testua jaso, itzuli, itzulpena zuzendu eta entregatu bitarteko urratsak; bulegoko administrazio-lana ere bada, baina ez bulegoko administrazio lan hutsa, kudeaketa hutsa. Horretaz neu arituko naiz;
  • ondoren lehenengo zuzenketa izango du hizpide Anttonek; itzultzeko jasotzen dugun testua da gai: bai gaztelaniatik euskarara pasatzekoa, bai euskaratik gaztelaniara itzuli beharrekoa, eta
  • azkenean zuzenketa-mailak, itzulitako testuarena, hori izango du mintzagai Josebak.

Testuaren ibilbidea. Hona, bada, gure jarduteko modua:

1- Itzultzeko testuak

1-1 Hizkuntza:

  • gaztelaniatik euskarara itzuli beharrekoak: %95 edo gehiago (?)
  • euskaratik gaztelaniara itzuli beharrekoak: %5 (?) (helburukoek ulertzen ez-eta IZOra bidaltzen dizkigutenak: epaitegietan euskaraz jasotako erreklamazioak, Gizarte Segurantzari egindako eskariak, erreklamazioak..., saltegi handiek (kexak: tratuarengatik, euskara ez erabiltzeagatik) bidaliak, beketako eskariak beren kurrikulu, proiektu eta guzti...)
  • EBko hizkuntzaren batetik (ingeles, frantses, italiera...) gaztelaniara itzulita datozkigunak guk euskaratzeko.

1-2 Bezeroak

1-2-1 Zein?

  • Administrazioak: Jaurlaritza (sail askotatik) :

Jaurlaritzaren Lehendakaritza (28/2002)
Presidencia del Gobierno

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza (213/01)
Vicepresidencia del Gobierno

Ogasun eta Herri Administrazio Saila (211/01)
Departamento de Hacienda y Administración Pública

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila (222/01)
Departamento de Educación, Universidades e Investigación

Herrizaingo Saila (207/99, 250/01)
Departamento de Interior

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila (223/01)
Departamento de Industria, Comercio y Turismo

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila (36/02)
Departamento de Vivienda y Asuntos Sociales

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila (36/02)
Departamento de Justicia, Empleo y Seguridad Social

Osasun Saila (220/01)
Departamento de Sanidad

Kultura Saila (34/02-46/02)
Departamento de Cultura

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila (230/01)
Departamento de Ordenación del Territorio y Medio Ambiente

Garraio eta Herri Lan Saila (21/02)
Departamento de Transportes y Obras Públicas

Nekazaritza eta Arrantza Saila (215/02)
Departamento de Agricultura y Pesca

  • udalak (UEMA) ,
  • epaitegiak,
  • Estatuko Gobernua (Barne Ministerioa: arma-txartela, inportazio-esportazioetako inprimakiak...; Ingurumen Ministerioa: portu eta itsasertzetako lanak, gas-bideak...; Gobernuko Ordezkaritza) ,
  • Generalitatea...
  • Administraziokoak ez direnak: enpresa handiak: Telefónica, RENFE, Notarioen Elkartea, saltegi handiak... bezero partikularrak.

Testuen jatorriak eta gai-motak zerikusi handia dute elkarrekin: Hezkuntza Sailetik datozkigunek hezkuntzako zerbait izango dute gaia, Lurralde Antolamendutik jasotakoak hirigintza e.a.

1-3 Maiztasuna

  • Ohiko bezeroak ditugu asko, lana egunero, astero edo sarritan enkargatzen digutenak. Horiekin lan-martxa jakina dugu, ohiturakoa da, horretarako bide ematen du-eta gaiak ia berak edo antzekoak izateak; badakite gainera nolako martxan jarduten dugun.
  • Tarteka, behin edo behin azaltzen zaizkigunak. Epe-arazoak izaten ditugu batzuetan, gauzak berehala edo guk ahal baino lehenago nahi izaten dituzte-eta.

1-4 Nolako testuak dira?

  • Administrazioa arrautza asko berotzen dituen oilo loka da: gaiak, arlo guztietakoak eta era guztietakoak dira (jendeak irakurriko dituenak ere bai) : hezkuntzakoak, kulturakoak...
  • testu landuak (liburu edo lan baten aurkezpena, lehendakariaren edo sailburuen hitzaldiak, Hezkuntzako zenbait idazki)
  • irudimenez itzultzekoak (esloganak, e.a.; Emakunde, Etxebizitza, ONCE... horietatik enkargatuak)
  • begi-testuak (esaldiak osatu beharrik gabekoak: programetako orduak, tokiak e.a., ia komunztadurarik gabeak...)
  • automatikoki itzuli daitezkeen ereduak eta behin eta berriz ia osorik errepikatuta daudenak edo zati handiak errepikatuta dituztenak (Industriako eta Kontsumoko testu asko) itzulpen-memorian gordetzen dira (TRADOS)
  • zenbait akta: udalen bateko hurrengo bilerarako badaezpada ere prest egon behar dutenak, aspaldi pasatakoak...

1-5 Nolako epeak jarri nahi izaten dizkigute?

Geuk jartzen ditugu ia beti; geu epeak jartzen ikasten eta bezeroak ohitzen ari dira. Hala ere tarteka gogorarazi egin behar izaten zaie bote, jagi edo punpa luzeko pilota dela gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu beharreko testua. Enkarguarekin batera honelako oharrak etortzen dira: «Te adjunto un archivo para su traducción; Buenos días, XX, te remito una resolución para que, por favor, me traduzcas lo que se encuentra señalado en rojo; Te escribo de la XX para traducir este texto de una guía didáctica que envío en archivo adjunto. Cualquier duda nos envías un correo, tiene bastante prisa, un saludo; Te envío el documento XX para su traducción. Como siempre, es urgente, así que ya me dirás para cuándo puede estar». Eta euskaraz ere bai: «Bi itzulgai bidaltzen dizkizut. Presazkoak dira. Jakinarazi, mesedez, noizko egon daitezkeen. (Zuzendari batek esaten zigun Administrazioan ez dela hilabetean zain egon ezin den gai edo arazo premiazkorik, baina berak presa zuenean...) . Ahal bada, kasu egiten da; ezin bada, ez».

Adibidez, presa handia duen testua etorri zaigu eta ohar hau dakar: 30 orrialde... etzi behar dugu. Kalkulua hau da:

  • 30 or.: 5 or. egunean = 6 egun lagun batek
  • 30 : 10 = 3 egun bi lagunek (+ bateratu egin behar = denbora gehiago)
  • 30 : 15 = 2 egun 3 lagunek (+ bateratu egin behar)

Behin edo behin, oso gutxitan, hartuko da horrelako lanen bat, baina ez behin eta berriz.

1-6 Nolako kalitatea eskatzen digute? Nolako kalitatea nahi dugu?

Oso kalitate ona!, jakina.

Baina kontuan izanda nolakoak diren testuak, epeak, nork irakurtzeko diren edo non geratuko diren lozorroan edo betiko bakean...

...askotan opilgintza industrialeko pastelak bezalakoak edo sukaldaritza industrialean prestatutako jatekoak bezalakoak izango dira itzulpenak, pastelero finaren gustua, etxekoandrearen sukaldeko goxotasun hura faltako zaie; eta ez da maila txarra hala eta guztiz ere (non eta, jaterakoan, krematan botoiren bat edo intxaur azalen bat azaltzen ez zaigun) .

2- Jaso dugu itzuli beharreko testua

2-1 Zer egin?

2-1-1 Oharrik dakarren ikusi (lehen ere esan dugu) : dena itzuli behar den, lehen ere itzulia dagoen... enkargua egiten digunak zer adierazten digun kontuan hartu.

2-1-2 Testua gainetik ikusi: hiztegi berezia duen, ulergaitza den, anbiguoa nahita edo nahi gabe den, oztoporik duen, aldrebesa den, erraza den. Itzultzaileen kexak jasota zerbait ikasi dugu horretan. Zer dela-eta kexak?

  • hasiera batean uste izan baino testu zailagoak ere agertzen direlako: paragrafo mariagarriak, sintagma-zerrenda ulergaitzak, laburdurak... (Anttonek azalduko du hau) .
  • lan-banatzaileak denborarik ez duelako testu guztiak osorik irakurtzeko; argi dago hori... eta, horrelakoetan, itzultzaileak egiten du topo testu barruan han edo hemen -edo han eta hemen- dauden koxkekin (aizkolariak ere, enborrean espero ez duen begia gertatzen bazaio, denbora gehiago behar izaten du lana amaitzeko eta ez du izaten gustuko) eta hortik kexak.

2-1-3 Behar izanez gero, testua argi idazteko esan bezeroari. Txarren txarrez atzera bota ere egin izan dugu testua (bestela ere ez gara-eta, burukomin faltan)

2-2-4 Zer nora bidali:

a) itzulpen-enpresekin eginda ditugun kontratuen arabera:

  • administrazioko gaiak: dekretuak, aginduak, itunak, inprimakiak... enpresa batera
  • hedapen handiko testuak (zenbait artikulu, foileto, gidaliburu, e.a.) eta Hezkuntzan sortutako testu teknikoak (ikastetxeetako curriculumak, plangintzak, ...) beste batera
  • informatikako gaietakoak, EJIEk (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Erakundea, zerbitzu publikoa) bidaliak: erabilerako gidaliburuak, programa informatikoak... beste batera.

b) IZO barruan, geure artean, zer nori eman. Gure taldekook edozein gaitako testuak itzultzen ditugun arren, testu-mota jakinak direnean, nor zertan ibili izan den kontuan hartzen dugu; hori ez da lehen bezain beharrezkoa, gaur egun itzulpen-memoria dugu-eta.

2-3 Epeak jarri. Bezeroak eskatua gogoan izaten da ahal bada (laster ezagutzen dira negartiak, beti presako lana dutela eginaz dabiltzanak) . Itzuli behar duenari ere galdetzen zaio zenbaitetan.

2-4 Dokumentuaren fitxa egiten da: espediente-zk., dokumentuaren datak (urtea, urteko zenbatgarrena den, nondik bidali zaigun... (Josebak azalduko du fitxa nolakoa den) . Noizko behar dugun ipini eta itzultzaileari ematen zaio edo itzuli behar duen enpresara bidaltzen da.

3- Jaso dugu itzulitako testua:

3-1 Zuzenketaren edo berrikusketaren arduradunak itzultzaileak oharrik egin duen ikusi. Oharrak era askotakoak izaten dira: siglaren batek zer esan nahi duen, testu ulertezinen bat argitzeko modurik izan ez eta bere hartan itzuli dela; osatu beharreko testu batean, lehendik itzulita dauden lerroetan okerrak ikusi direla...

3-2Zuzentzaileari (berrikusleari) eman ikus dezan. Gaur egun IZOko itzultzaile eta interprete guztiak zuzentzen ere ari dira.

3-3 Berrikusi ondoren:

  • ondo itzulita dagoela?, aurrera pasa
  • zuzendu beharreko zeratxoak dituela?, zuzendu eta aurrera pasa
  • akats batzuen berri eman behar zaiola itzultzaileari edo itzulpen-enpresari?, argi adierazi
  • barkatu ezin diren hutsak dituela?, atzera bota...

3-4Zuzentzeko irizpideak? (Josebak azalduko ditu) .

3-5Dokumentu bakoitzak bere fitxa du. Orain arteko urrats guztiak egin ondoren fitxa behar bezala betetzen da (Josebak azalduko du hori) .

3-6Bezeroari bidaltzeko moduan gaude behin hona helduz gero.



Antton Burgoa

Donostiako jardunaldiak amaitu ondoren idatzi dut testu hau. Gogoan hartu dut zelan egun horietan beste hainbat lagunen esanetan ere bazuela indarrik nik sarrerakoan egin nuen proposamenak, eta beste askoren ardura ere bazela. Hain zuzen, halako eta bestelako testuak atzera bota, eta bat ere itzuli gabe bihurtu beharko genituela esateraino, juramentua tarteko.

A- Baieztapena

Baieztapen hau bota nuen maiatzaren 5eko goizean: itzulgaia dela, hau da, eskuetara iritsi zaigun testua dela lehenengo zuzendu behar duguna, hainbat eta hainbat kasutan.

Nolanahi ere, testu guztiak ez dira berdinak beren zailtasunean, eta itzultzailea bera ere ez da beti egoera berberetan aurkitzen. Horretara, hiru mailatan jarriko ditut zuzendu beharreko testuok.

A-1 Lehenengo eta behin itzultzaileak beste inoren laguntasunik barik berak konpondu ditzakeenak, edo bestela esanda, berak testuari ukiturik egin gabe ere, testua ondo ulertu eta egoki itzultzeko moduan egin dezakeen lana.

Testu osoa irakurri ondoren jabetuko gara arazoez, irakurri osotasunean egiten dugulako, ez txatalka, nahiz eta adibide honetan zatika aurkeztu dudan testua, bigarren irakurketa analitikoari jarraituz.

«Se solicita».

Aditz horrek ez luke aparteko arazorik sortu behar.

«Se solicita la inclusión».

Objektua gehitzeak ez luke, berez, ezer larririk ekarri behar, baina norbaitek (norbaitzuek) nominalizazioa antzemango dute, eta erne datorrenari.

«Se solicita la inclusión en el Catálogo».

Pasarte honetan ez dago berri berezirik, aurrekoan ikusi ez denik.

«Se solicita la inclusión en el Catálogo de los elementos arqueológicos».

Orain koska berriak nabaritzen ditugu.

Lehenengo eta behin, badakigu esaldia amaitu gabe dagoela. Hala ere, katalogoari lotu behar ote dizkiogu arkeologiako gaiak? Naturala dirudi, eta funtzionatzen duela. Baina, nondik dabil lehen aipatutako nominalizazioaren kasu hori?

«Se solicita la inclusión en el Catálogo de los elementos arqueológicos señalados en el texto».

Aurreko tartetxoan argi-edo zegoena, ilundu egin zaigu, gaizki uler baitaiteke testuan aipatutako osagai partikularrekin katalogo orokor bat osatzea. Berriro, nominalizazioaren arrastotik.

«Se solicita la inclusión en el Catálogo de los elementos arqueológicos señalados en el texto que en breve se pretende declarar Monumento».

Testua al da monumentu izendatu nahi dena? Ala katalogoa? Inklusioa, agian? Galderak piloka datozkit. «Breve» bera ere dagoen tokian egonda, bere ondoan dagoen aditzari ote dagokio? Ala besteren bati?

Hala ere, ustez, itzultzaileak ez luke arazorik izan behar testua ulertzeko, eta azpian honako testuren bat dagoela esateko:

«Solicitamos que en el catálogo se incluyan los elementos arqueológicos señalados en el texto, ya que (erlatibo horren zentzua kausala izan daiteke) pretendemos que en breve sean declarados monumento».

A-2 Hurrengo adibidea lege-aurregitasmo batetik hartu dut. Tituluaz barik, artikuluaren testuaz dihardut.

Artículo 36.Entidades acreditadas en investigación y recuperación de suelos

1- La acreditación será requisito imprescindible para poder realizar las investigaciones de la calidad del suelo, el diseño y la ejecución de las medidas de recuperación que se contemplan en la presente ley.

Lehenengo irakurraldian badirudi testuak ondo funtzionatzen duela, ez duela aparteko oztoporik, ez duela etenik sortzen; amaierara arte ondo joan da.

Baina, itzultzen hasi, eta seko, diseinua arazo. Zelako diseinua, zerena? Non dira zehaztasunak?

Horretarako, aditzak markatzen du hurrenkeraren hasiera; badirudi hiru direla aditzari zintzilika jarri zaizkion objektuak. Lehenengoa eta hirugarrena, argiak. Erdikoa (diseño) , aldiz, hanka motz.

Kasu horretan egilea aurkitu nuen, eta argigarriak eskatu nizkion. Oso jarrera ona berea (hori ere ez da beti lortzen) , eta testuan esan nahi zuena azaldu zidan.

Hona puntuz puntu zehaztuta:

  • para poder realizar
  • las investigaciones de la calidad del suelo
  • para poder realizar
  • el diseño de las medidas de recuperación
  • para poder realizar
  • la ejecución de las medidas de recuperación diseñadas».

Eta bestetik, «que» erlatibozkoaren barruan, «las investigaciones» eta «las medidas» zeudela.

Ez dut uste testuak horretarako ematen duenik. Erreparatu, bestalde, zer den «realizar la ejecución».

A-2-1Ondorengo adibidea ez nuen Donostian jarri. Zaila eta iluna da didaktikoa izateko, baina bere balioa du, batez ere, zelako egoeran iritsi zitzaigun gogoratzen badugu.

Negoziazioetan ari ziren lehendakaria eta alderdi politikoak, itun bat egiteko, eta prentsari iragarri zitzaion testua hurrengo goizean izango zuela eskuetan, negoziazioak amaitu ondoren gaueko orduetan itzuli ostean. Gaueko hamaikak edo hamaika eta erdiak ziren, gu testuarekin borrokan, eta inor ez telefonoan gure galderei erantzuteko. Egoera planteatzeko ekarri dut hona. Testua norberak azter lezake, konponbiderik aurkitzen ez badio ere.

Estas circunstancias, unidas a la nueva fase política que vive nuestro pueblo, Euskal Herria, en la cual la búsqueda y desarrollo de espacios y métodos en los que la capacidad de decisión y la voluntad de construcción de su propio futuro por parte de todos los vascos y vascas pueda manifestarse libremente y encontrar los cauces adecuados para su democrática plasmación resulta un objetivo irrenunciable.

A-3Hirugarren mailako zailtasunean jartzen ditut egile ezagunik ez duten testuak, edo egile horietara iristerik ez dagoenean gertatzen diren egoerak mahai gainean jartzeko.

Testu bi hauek Europako Erkidegoa eratzeko Itunaren itzulpenean egokitu zitzaizkidan. Gaztelaniazko testuarekin batera beste hiru erdaratako testuak ere izan nituen, beherago ikusten den bezala.

A-3-1 Lehenengo adibidean parentesi artean jarri dut testuak berak ez zekarren sintagma (y de su banco central) . Itzulpena beste itzulpen oker baten gainean egiterakoan, itsuak daraman itsuaren galbidea berarentzat. Horrek ez dauka konponketarik, albotik beste makuluren batzuk lagungarri izan ezik.

«La exclusión de este Estado miembro (y de su banco central nacional) de los derechos y...» (es) EEIko 122.3. art.

«Líesclusione di detto Stato membro e della sua banca centrale nazionale...» (it) ;

«L'exclusion de cet état membre et de sa banque centrale nationale...» (fr) ;

«The exclusion of such a Member State and its national central bank...» (en) ;

«Erkidegoko estatu hori eta bere banku zentrala...»

A-3-2Hirugarren mailako bigarren adibide honen arazoa lausoagoa da. «Reconocido prestigio» esatean, berba bi horiek balio positiboa dute, eta behar dela ulertzen da Europako Banku Zentraleko kide zenbait aukeratzerakoan. Baina, zelakoa da behar duten «experiencia profesional» delako hori? Ez dauka inolako baloraziorik; badakigu, inozoak ere ez gara-eta, txarra barik onak beharko duela. Testuak, ordea, ez du ezer esaten.

Baina, eta hemen dator goian aipatu dudan makulua, konparatu frantseseko testuarekin (gaztelaniak ingelesa izango zuen eredu pluralgilerik eta generorik ez duen «recognised» horren orpotik) , eta erlatiboaren irtenbidea izango zuen argiagoa: dont (cuyos) reconnues (reconocidos) .

«... entre personas de reconocido prestigio y experiencia profesional en asuntos monetarios o bancarios...» (es) (EEI 112,2,b) art.) .

«... persons of recognised standing and professional experience in monetary or banking matters...» (en) .

«... persone di riconosciuta levatura ed esperienza professionale nel settore monetario o bancario...» (it) .

«... personnes dont l'autorité et l'expérience professionelle dans le domaine monétaire ou bancaire sont reconnues...». (fr) .

«Diru-gaietan edo bankuko gaietan ospe eta lanbide-eskarmentu handia lortu duten pertsonen artean izendatuko dira...»

B- Galdera

Hasierako baieztapen haren ondoren, galdera bat egin nuen. Egiten ditugun testuak ikusita, zein dira jatorrizko testutik xede testura bidean gure buruetan gertatzen diren interferentziak?

Zalantza ez da itzultzeko gai ote garen, gaizki itzultzen ote dugun, itzultzen badakigun edo ez. Maila horretatik barrurago dago arazoa. Itzulpenak oso ondo frogatzen du itzultzen badakigula, hizkuntza ere ondo erabiltzen dugula.

B-1Lagun gutxi egongo da ezezkoa baiezkoan eman ez duenik, handia txikia egin, goikoa behean jarri eta berria zahar bihurtu ez duenik. Ohituta gaude halakoetara. Eta adibide honetan ere beste horrenbeste. Hala eta guztiz ere, hilen izenekin gertatu denak, atzera-aurrerako ibilian, urtarrila zena azken (?) hamar hilabeteetako lehena bihurtu da, eta azkenak bere izena du, urria, hurrenkerako azkenari kasurik egin gabe.

«Los resultados de los primeros diez meses del año 2003 (enero-octubre) ...»

«2003. urteko azken hamar hilabeteetako emaitzak (martxoa-urria) ...»

B-2Buruan interferentziaz gertatutako etenaren beste adibide bi orain datozenak.

Sukarrak gaixotasuna adierazten du.

Testuak ere sukarrak bezala, buru barruko arazoak azaleratzen ditu.

Badirudi begiekin barik, belarriarekin itzuli direla.

«... cuyo pago la Junta Administrativa ha pospuesto hasta la finalización definitiva de los trabajos»;

«... Administrazio Batzarrak, lanak erabat bukatu bitartean, ordaintzea proposatu duena». (00-12-05) .

«Segregar de la parcela nº 533... una porción de 269,39 m2, para su venta a D. Fernando»;

«533 zenbakiko lursaila Landa-Katastrotik banatzea... 269,39 m2ko proportzioa, alegia». (00-12-05)

Hor gelditzen da, bada, galdera. Zer gertatzen da gure buruan halako saltoak egiteko?

Pozik irakurriko nuke erantzuna.



Joseba Urkia

Aurreko guztiak entzun ostean, niri euskarazko itzulpena esku artera iristen zaigunean zer egiten dugun azaltzea egokitu zait, eta horretarako, hasteko, gure zerbitzuan erabiltzen dugun zuzenketa-orriari buruzko azalpen batzuk emango ditut, orri horretako datu batzuek gure lanaren nondik norakoaren berri erakusten baitute.

Hona hemen zuzenketen berri emateko dugun orria.

Orri horretan zein atal jarri diren ikusita, egiten dugun lanaren nondik norako orokor samarra izateko aukera behintzat badugu: dena zuzentzen den edo testuaren zati bat aztertuta nahikoa den, gutxi gorabehera zer nolako akatsak izatea aurreikusten den, testua berriz ere itzultzailearengana bidaltzea zerk eragin dezakeen... Testua itzultzerakoan jatorrizkoa ulertzeko arazoak egon daitezkeela jakinda, «aditua» izeneko atala ere ageri da, dena delako pertsonak testuan ilun dagoena azal diezagun.

Dena den, zuzenketa-orrian kontu asko ageri dira batera, nahas-mahas, eta teorian behintzat kontua argiago izateko, ondorengo mailak bereiztuko nituzke gure lanean:

Lehen maila

Zuzentze-lanari buruz ari garelarik, askotan pentsatu izan dugu lan horretan maila bat baino gehiago dagoela, eta berariaz inolako bereizketarik egiten ez badugu ere, uste horrek eragin du hitzaldiaren izenburuan zuzenketa-mailak aipatzea. Izan ere, gure zerbitzuan behin baino gehiagotan iruditu izan zaigu zuzendu beharko ez genituzkeen kontuak zuzentzen ari ginela, eta ez, hain juxtu ere, testuak premiarik ez zuelako, ezpada ze zuzentzen genituen gauza horietako asko itzultzaileak berak inolako zalantzarik gabe zuzen idatzi beharko zituzkeen kontuan zirelako. Asko dira, dagoeneko, Euskaltzaindiak araututa eta zehatz araututa dituen kontuak: azken 10 urteotan Euskaltzaindiaren karpeta lodikoteetan hainbat arau eta gomendio jaso dituzte (lehenago esandakoez gainera) , eta baita hiztegi arauemailea osatzen duen zerrenda luzea ere. Beraz, esanda eta garbi esanda dagoena zuzentzen ez genuke denborarik galdu beharko. «Zero» puntua ere deitu izan diogu kontu horri. Nolabait esan, maila horretako akatsak ez dira aukerakoak, ez dago itzultzailearen esku aldagai bat edo bestea hartu, bide batetik edo bestetik jo. Ortografia-akatsek ez dute aitzakiarik, komunztadura kontuek ez dute aitzakiarik, labur esanda, beste ezertan hasi aurretik zuzen behintzat idazteak ez du aitzakiarik; beste kontu bat izango litzateke terminologia arloan erabaki gabe edo joera/aukera bat baino gehiago dagoenean zalantzan ibiltzea, baina hor ere termino bat aukeratu bada, testuan behintzat koherentziari eutsi beharko zaio, eta ez nahas-mahas ibili, orain hau eta gero bestea hartuta.

Bigarren maila

Bigarren mailan Euskaltzaindiaren araugintzaz haratagoko proposamenek erakusten digutena kontuan hartuta jardungo dugu. Azken urteotan hainbat liburu argitaratu da euskaraz idazterakoan sortzen den/dugun nahasbide edo galbide asko txukuntzeko asmoz, eta ezinbestekoa da euskaraz idazten duenak liburu horietako gomendioen berri izatea. Hauek dira aipatzen ari garenaren berri ematen duten liburu nagusiak: Senez aldizkariko zenbait artikulu, beste batzuen artean: Koldo Bigurik erlatibozko esaldiei buruz idatzitakoa; Jose Moralesek erakusleei buruz eta aposizioei buruz idatzitakoak eta Juan Garziak erakusleen gainean Jose Moralesek esandakoari erantsitakoa. Joskera Lantegi (Juan Garziarena) ; Euskal Estilo Libururantz (Xabier Alberdi, Ibon Sarasola) ; Euskara batuaren ajeak (Ibon Sarasola) ; Egunkariaren Estilo Liburua.

Horietan guztietan euskarazko testuetan behin eta berriz ikusten ditugun arazoen inguruko irtenbideak proposatzen dira. Egia da maila honetako kontu batzuk lehenengo mailakoak baino «aukerakoagoak» direla, hala esaterik baldin badago behintzat, baina euskaraz txukunago, egokiago eta hizkuntzaren berezko horretatik gertuago ibiltzeko aukerak eskaintzen dizkigute. Ipar garbirik gabe edo inolako iparrik gabe darabiltzagun kontuetarako jarraibideak eskaintzen dizkigute. Ez dute, beharbada, Euskaltzaindiaren sendespenik, baina hizkuntza langai dutenen eskarmentutik ateratako ondorioak eskaintzen dizkigute, nora eza ahalik eta txikiena izan dadin. Hor sartzen dira, gorago aipatutako kontuez gainera, puntuazioa zuzen erabiltzeko jarraibideak, esaldi menderatuen nondik norakoak, nominalizazioak dakartzan morrontzak, galdegaiaren inguruko uste, teoria, sasi-teoria e.a. Kontuan izan behar da Euskal Estilo Libururantz liburuan 67 gai jakin aipatzen direla, nahiz eta horietako batzuk Euskaltzaindiak dagoeneko argituta dituen arazoen ingurukoak izan; hau da, badago zertaz arduratu.

Lehenengo bi maila hauetako akats edo arazoak euskaraz sortutako zein euskarara itzulitako testuak zuzentzerakoan ikusten ditugunak dira, hau da, nahiz eta gure eguneroko lanean itzulitako testuekin jardun, sarri ikusten ditugu ustez euskaraz sortuta daudenetan ere, askotan ez baitago garbi zer den euskaraz sortutakoa ere.

Hirugarren maila

Hirugarren mailan, zuzenean itzulpengintzak eragindako arazoak ditugu. Hau da, hizkuntza batetik besterako joan-etorrian ari garela, beti dago hizkuntza-maila guztietako interferentziak gertatzeko arriskua, berez hizkuntza batekoak ez diren aukerak bestera eramateko joera, eta hor itzulpen-teoriek diotena eta itzulpen-teknikek eskaintzen dituzten aukeren berri izanda jardun behar da, albait. Batzuetan hitzez hitz itzuliko dugu edo itzuli beharko dugu, beste batzuetan transposizioaz edo modulazioaz baliatuko gara, beti baliokide ahalik eta berezkoenaren bila joko dugu, sarritan mailegua hartu beste modurik ez da izango, hurrengo zalantzak jota ibiliko gara, baina ahalik eta gutxienetan oharkabe eta ematen ari garen ordain horri aparteko jaramonik egin gabe. Beti izan beharko dugu gogoan itzultzen ari garela, eta aukera bat ala bestea egiteak ondorioak izan ditzakeela.

Mailarik subjektiboena da hirugarren hau, askotan ez baitugu garbi jakingo zergatik egiten dugun hautu bat eta ez bestea, eta zuzenketa modurik zailena izango da.

Garbi utzi nahi dut hiru maila hauek bereiztea neurri handi batean nahierazkoa dela, ez guztiz kontu zehatza, baina eguneroko lanean gertatzen denak eragindako ondorio garbia da. Bigarren eta hirugarren mailako kontu asko berdin-berdin izan daitezke maila batekoak zein bestekoak, baina bereizketa hori eginda zer adierazi nahi dudan garbiago dagoela iruditzen zait.

Ondorengo arazoak sartuko nituzke hirugarren maila honetan: hizkuntza batek menderakuntzaz edo koordinazioaz baliatzeko joera handiago edo txikiagoa izatea (joskerari dagokio) ; kalko eta maileguekin sortzen diren zalantza guztiak; esaldi barruko osagaiak antolatzean sortzen diren arazoak; gure inguruko hizkuntzek preposizio bidez duten konplementazio-sistema osoa euskaraz emateak sor ditzakeen arazoak (beti ere izen sintagmaren konplementazioaz ari naiz) . Hitz berriak sortzerakoan atzizki edo aurrizkiak zuzen erabiltzeko sortu izan diren arazoak, hizkuntza bateko hizkera metaforikoa egokitzeak sortzen dituen arazoak. Azken batean era guztietako interferentziak daudenez, horiei neurria hartzea da kontua, eta interferentziok itoferentzia ez bihurtzen saiatzea (Juan Garziarena da hitza) .

Orain artekoan guk egiten dugun lanean ikusten ditugun arazoak nola edo hala sailkatzen saiatu naiz; baina zer da benetan gertatzen dena?

Horren berri emateko, hasteko gure zerbitzuari eskatzen zaionaren %75 inguru kanpoko enpresetan itzultzen dela esan behar da, eta gu lan horren guztiorren zati handi bat zuzentzen saiatzen gara, dena zuzentzea ezinezkoa baita. Eta egoera hori izanik, azaldu nahi dudan ideia nagusietako batera iritsi gara: gorago egin dudan sailkapen horretako lehenengo zuzenketa-mailan trabatuta egoten gara testu askorekin. Gure ustez profesional batek itzulitako testu batean inondik ere agertu beharko ez liratekeen akatsak konpontzen ibiltzen gara, eta horrek nonbait zerbait behar bezala ez dabilela erakusten digu.

Gai horren inguruan, otsail-martxoko Argia astekariko elkarrizketa batean Ibon Sarasolak euskara zuzen eta egokiari buruz esan zituenak etorri zaizkit gogora. Euskara zuzen, egoki eta komunikatiboaren arteko bereizketa egiten du, eta gaur egun sarritan Euskaltzaindiaren arauak baino betetzen ez dituen euskara-modua bultzatzen dela/dugula dio, nahiz eta posible izan euskara txar eta zuzena idaztea. Sarasolak esaten duenez, gaurko euskararen arazoa ez da Euskaltzaindiaren arauak betetzen dituen edo ez, eta ados nago ideia horrekin, nola ez, baina zoritxarrez, bada gure eskuetara iristen diren testu batzuen arazoa. Ez ginateke gutxi poztuko esku artera datozkigunek gutxienez errazena den hori, hau da, Euskaltzaindiaren arau gehienak behintzat bete eta gero guk, zuzentze-lanaren bidez, euskara egoki eta komunikatibo horretara iristeko egin beharko genituzkeen aldaketan egin behar izango bagenitu (hain zuzen ere, nik 2. eta 3. mailako zuzenketen artean sailkatu ditudan kontuak) . Baina oraingoz ez gaude hor. Eta ez da ahaztu behar gu ia beti itzulitako testuez ari garela.

Egoera horretan egonda, zeintzuk izan daitezke irtenbideak?

Hasteko, arazoaz jabetu beharra dagoela uste dugu, ez baita posible behin eta berriz antzeko kontuekin topo egin eta oraindik askotan testu onartezinak jasotzea. Eta horrekin lotuta, askotan (gehienetan) guk geuk sartzen ditugu egindako aldaketak testuan, itzuli duen pertsonari horren berri eman gabe. Hor ere lan egiteko modua aldatu behar dugu, eta egindako aldaketak guztiak itzultzaileari jakinarazi, testua hobeto uzteaz gainera itzultzaileak gure lanaren berri izan eta dituen akatsak konpontzea komeni baitzaigu.

Gure zerbitzuko lanari dagokionez, garbi ikusten dugu guretzako itzulpen-lanak egiten dituzten enpresekin guztiz zehaztu beharrean gaudela zer den onartzeko modukoa eta zer inondik ere pasatuko ez duguna. Kalitatearen inguruan beste herrialde batzuetan egiten denari buruzko zertxobait irakurri eta behin eta berriz agertzen da akatsa zer den objektibatzeko premia, hau da, itzulpen-lana egiten duen enpresak aldez aurretik jakin beharko du zer izango den akats arina, zer larria eta zer lana atzera botatzeko modukoa. ISO eta DIN arauetan esaten denaz bezainbatean, batez ere prozesuak hobetzeko moduak zehazten dituzte, lana itzultzeko eskatzen denetik itzulita bueltan bidali arte jarraitu beharreko pausoak hobetzeko moduak, baina ez zehazki eta zuzenean testua kalitatezkoa izatea lortzeko biderik (egia da itzultzailearen prestakuntzaz ere badihardutela eta esaten dutena kontuan hartzeak hobera egitea lekarkeela, baina esan bezala ez dira gure arazo nagusia konpontzeko kontuez ari) . Beraz, guk izan beharko dugu gure neurriko irtenbidea modutu beharko dugunak.

Gogoan izan beharreko zenbait kontu

Administrazio-hizkera

Ez da ahaztu behar administrazio-hizkeraz dihardugula, eta horrek ezaugarri jakin batzuk dituela; horien artean garrantzitsuena mezuak beste ezerk baino indar handiagoa izatea, eta horri esker, itzultzaileok beste hizkera/idazkera modu batzuetan baino askatasun handiagoa izatea aldatu beharrekoak aldatzeko, horrek mezua hobetu ulertzea ekarri behar baldin badu. Dena den, eta aurrekoa orokorrean gogoan hartu beharreko kontua izanik ere, ez da gauza bera Ibarretxeren plana itzultzea, igeltsero edo mediku lanpostua betetzeko hautagaientzako azterketak itzultzea, testu-liburu bat itzultzea edo telebista zein irratiko iragarkia euskaraz jartzea. Guztiak izan daitezke, asko gutxi, administrazio hizkera, baina alde handiak daude batean eta bestean aukeratu beharreko hizkuntza-ereduan.

Bezeroa

Enpresa pribatuetan bezeroak indar handia du, hala diote, bezeroa gustura geratu ezean hurrengoan lanik gabe geratuko delako enpresa, eta, jakina, hori jakite hutsak beharrezko neurriak hartzera bultzatzen ditu arloan arloko erakundeak. Itzulpengintzan ere beste horrenbeste gertatzen da, baina ez guri beste administrazio batzuek itzultzeko eskatzen dizkiguten testuen kasuan (eta horiek dira gure lanaren zatirik handiena) . Zoritxarrez, gure itzulpen-lana ez dago bezeroak adieraziko duenaren presiopean. Bezeroak itzuli beharra dagoela esaten du, baina batez ere legeak hala egiteko eskatzen duelako; gehienetan berdin dio ondo edo gaizki egongo den, gehienetan lana irakurri ere ez duelako egingo. Zer esan nahi dut horrekin? Guk jarriko dugu maila, gure eskuetan egongo da zenbaterainoko ahalegina egin nahi dugun. Lan duina, txukuna egin edo nola edo hala aurrera egiteko moduko testu zabarra bidaltzea gure esku egongo da. Azken batean, oso gutxitan egongo gara kritikaren presiopean, eta hori ere arriskutsua izan daiteke.

Kalitatea/prezioa/denbora aldagaiak

Denok ikusten dugu lanak azkar eta ondo egitea oso zaila dela, baina garbi izan behar dugu zenbait akats-moduk ez duela inolako zerikusirik presaka aritzearekin. Askotan arazoaren berri izatea baino ez da kontua. Hasieran aipatutako 1. mailako akats horietan, denborak ez du ia inolako eraginik: badakizu edo ez dakizu. Beste kontu bat da testua berrikusteko denbora izatea, behar bezala zuzentzeko aukera izatea, baina horrek ez du edozein gauza zuritzen.

Zuzentzea ­ berriz itzultzea

Askotan pentsatu izan dugu, arrazoi osoaz gainera, hobe dela zenbait testu zuzentzen hasi baino berriaren berri berriz itzultzea, baina hori ezinezkoa da kasurik gehienetan, batez ere testuak luzeak edo oso luzeak izaten direlako; bestalde, arazoari ihes egitea da. Gerta liteke testu laburra izanda irtenbide hori baliagarria gertatzea, baina beste kasu guztietan, kontua larria bada, itzultzailearekin harremanetan jarri eta egoeraren berri eman beharko zaio. Hutsuneak non dauden erakutsi, irtenbideak proposatu eta hortik aurrerakoak berriz ere itzultzailearen kontua izan beharko luke.

Bukaerakoa

Artikulu honetan ez dut inondik ere kontu berririk aipatu, eta hori da, hain juxtu ere, azpimarratu nahi nuen gauzarik garrantzitsuena: orain arte beste batzuek erabaki, esan, gomendatu, iradoki edo proposatu dutena txukun antzean beteko bagenu óeta ez zait hainbesteko lana iruditzen hizkuntza bizibide duen bati hori egiteko eskatzea, betebeharra da, hastekoó, esku artera datozkigun lan asko ez lirateke hain maila kaskarrekoak izango. Hizkuntzari buruzko proposamen zentzuzkoenen mailaren eta eguneroko itzulpen-lanen arteko jauziak harritu beharko gintuzke. Askotan entzun izan dugu kontu hau edo bestea erabakitzeke dagoela, euskaraz idaztea nolabaiteko guruzbidea-edo dela, eta badakigu zenbait kontu beharbada ez daudela gure auzo-hizkuntzetan bezain garbi zehazturik (hizkuntzazkoek baino soziolinguistikako eragileek izango dute pisu handiagoa, ziurrenik; corpus kontua baino, estatus kontua areago, gaur egun) . Baina hori hala izanik ere, esku artera iristen zaizkigun hainbat eta hainbat testu zuritu ezinekoak dira. Ez dut hainbeste liburu aipatu, eta bakoitzeko aztergaietako asko batean eta bestean errepikatzen direnak dira. Horietan guztietan ikusten den joeraz jabetu, eta ez zait iruditzen lanbidea itzulpengintza duen batentzat hain zaila behar duenik gutxienekotik gorago ibili ahal izatea.

p.s.: Joseba Sarrionaindiak Berria-ko elkarrizketan idazkerari buruz aipatutakoak aurrera egin izanaren adierazle iruditzen zaizkit: gutxi gorabeherako kanona zehaztu ostean gauza ederra behar du hizkuntzarekin jolasean edo erdi burlaka ibili ahal izatea; dena den, idazle batzuen lizentzia izan ohi da hori, ez administrazioko testugileen aitzakia erraz.