Javi Cillerorekin berriketan
Carlos Cid Abasolo


Javi, laburtuko zenuke zeure biografia 59 segundoan?

Bilbotarra naiz, eta Bilbon igaro nituen txikitako eta gaztetako urteak. Bertan ikasi nuen kazetaritza, eta, lizentziatu ondoren, euskara irakasten hasi nintzen Ulibarri euskaltegian. Itzulpengintza masterra egin ondoren, Reno aldera egin nuen, Basque Studies Program-en doktore-ikasketak egitera.

Renotik Genevara aldatu nintzen, eta egun hantxe nabil lanean, Nazio Batuen Erakundeko itzultzaile gisa. 2000. urtean Renora itzuli nintzen tesia aurkeztera.

Eta Bilbon, Renon eta Genevan, ikasketak eta lana literatur itzulpengintzarekin eta sorkuntza lanekin tartekatu ditut beti. Esan daiteke literatura afizioz itzultzen dudala, eta burokrazia kontuak ofizioz.

Hara, hogei segundo ditut soberan.

Zer moduz moldatzen dira Javi itzultzailea eta Javi egilea?

Batzuetan ondo eta beste batzuetan txarto, Jeckyll doktorea eta Hyde jauna bezala. Tira, itzultzaile/egile dikotomia ez dut hain garbi ikusten batzuetan. Hau da, batzuetan iruditzen zait itzultzailea berez egilea dela, eta egilea askotan itzultzailearena egiten ari dela. Adibidez, itzultzaileak egile baten lan ezaguna hartu eta euskaratzen duenean, askotan lan egin behar du erreferentziarik gabeko esparru zabal batean, egileak idatzitako pasarteak itzultzeko.

Orduan, itzultzaileak beste mundu bat sortu behar du euskaraz, nahiz eta oinarrizko materialak eta gaiak egilearengandik jaso. Alabaina, itzultzaileak oinarrizko ekaia taiutu, moldatu eta egokitu beharko du euskarazko testu egoki bat sortzeko. Eta jarduera horretan egilearen arropak janzten ditu nahitaez: esaldiak antolatu, hitzak neurtu eta baloratu, balio semantikoak transferitu eta oro har, estiloa osatzen duten osagai guztiak landu. Alde horretatik, ez dago zalantzarik itzultzailea sorkuntza lanean ari dela, nahiz eta gehienetan berak sortutako materiala ez izan oinarritzat.

Eta alderantziz ere, literatura sortzen duenak badu itzultzailetik zeozer, ezta?

Bai horixe, euskal literaturaz ari garela, egile askok ere itzulpenak egiten ditu inkontzienteki. Hau da, literatura unibertsalaren berri apur bat dakienak bereganatu egiten ditu beste hizkuntzetan idatzitako lanak berezko unibertsoa sortzeko edo aberasteko. Izan ere, egun, behintzat, oso bakanak dira kanpoko erreferentziei uko egiten dieten idazleak (baldin eta halakorik badago).

Areago, nik esango nuke betidanik gertatu dela hori: Orixek berak latinezko klasikoak hartuko zituen aitzindari eta gidari, Lauaxetak Frantziako sinbolistak eta abar, eta Axularrek ere bere garaiko idazle gorenak, antzinako klasikoekin batera. Gehienetan erreferentzia horiek itzulpenen bidez jasotzen dira, eta zuzenean jasotzen direnean ere, egileak euskaratu egin behar ditu bere lanetan erabiltzeko. Hau da, mundu bat sortu behar du erreferentzia horiek erabiliz, eta horretarako euskarazko hitzak eta esamoldeak erabili beharko ditu.

Literaturan ez ezik, eguneroko bizitzan ere eragin handia du itzulpengintzak. Haren esparruak oso zabalak dira...

Ez dakit konturatzen garen zenbateraino baldintzapetzen gaituzten itzulpenek. Inguruko erdaretan bizi direnak ere itzulpenaren menpe bizi dira hein handi batean, nire ustez. Adibidez, har ditzagun gaztelerazko edo frantsesezko hiztunak. Zenbat ordu ematen dituzte telebisioko mezuak jasotzen eta telebisioko telesail amerikarrak ikusten? Bada, saio horiek guztiak itzulita daude, eta gainera eragin egiten diete herri horietan egiten diren saio autoktonoei (horrela sartu dira «cool», «mon job» eta halakoak Frantzian, adibidez). Egunkarietan nazioarteko berriak denak dira itzuliak, eta beste hainbat atal ere bai. Beharbada, jendeak kirolak baino ez ditu irakurtzen eta han ez da hainbeste nabaritzen itzulpenaren eragina, baina hala ere... Publizitatea ere askotan kanpotik etortzen da, kanpaina handietan, behintzat, nahiz eta hor herri bakoitzeko publizitarioek indar handiagoa egiten duten berezko esamoldeak erabiltzeko.

Eta literaturan, zer esanik ez: nondik datoz best-sellerak? Gehienak, ingelesez idazten dira eta gero beste hizkuntzetara itzultzen. Beraz, itzulpenaren eragina, edota atzerriko hizkuntzen eragina, nahi bada, hortxe dago, inguruan daukagu eta goitik behera blaitzen gaitu.

Nola zeureganatu zenuen hizkuntza literarioa?

Oso prozesu bitxia bizi izan nuen nire hizkuntza literarioa osatzeko, hitz harroputzak erabiltzekotan. Hau da, nik euskaltegian ikasi nuen euskara, eta gero irratitik ateratako erreferentziak, liburuetatik eskuratutako txatalak eta kalean (gutxiago) aditutako esamoldeak neureganatu nituen hizkera saltsa hori atontzeko.

Ez nioke inori gomendatuko nik egindakoa egin dezan, baina hauxe izan zen: joan Diputazioko liburutegira, atera euskal testu klasikoak eta banan-banan irakurri, ea zer atera zitekeen. Eta oharrak hartu, hiztegi zerrendak egin, esamoldeak bildu, hitzak aztertu, idazleen estiloak erkatu eta batzuetan buruz ikasi esaldiren bat edo beste, baliagarri izango zirelakoan. Bai, geroago jakin nuen horixe bera gomendatzen zuela Xabier Mendigurenek bere eskoletan, adibidez, euskal testuen zerrenda bat emanez (eta literatura unibertsaleko beste bat, bide batez esanda).

Diputazioko arratsaldeetan (bai gogorrak uda aldean, ez hainbeste udazkenean) hainbat testu polit irakurri nituen, argitaletxeen katalogotik kanpo zeudenak (Klasikoak bilduma atera baino lehen izan zen hura). Bada, denok dakigunez, euskal literatura deritzogun testu bilduma historikoa itzulpenak dira gehienetan, eta handik ikusi nuen zenbateraino ahalegintzen ziren idazleak euskarari tonu egokia ematen, erlijioaren oinarriak traditu gabe —denok dakigunez, euskal literatura deritzogun testu bilduma historikoa erlijio eskuliburuak dira, artaldea onbideratzeko. Digresio txiki bat eginda, maite nuke ikustea nola moldatuko liratekeen gaur egun kristautasunaren dogma defendatzen zutenak gayen arteko ezkontzez aritzeko sermoi klasikoetan, adibidez, Frai Bartolome Santa Teresa bizkaitar sutsua.

Esan bezala, bada, testu asko eta asko erlijioaren gainekoak ziren, eta ez ziren aspergarrienak, bada. Horra hor berriro Frai Bartolomeren testu gatzozpinduak berak. Alabaina, bazegoen beste korronte bat, Mogeltarrengandik hasita, klasikoen aldera lerratu zena. Fabulak, kontakizunak, eta solasaldiak, adibidez. Bada, korronte horren ondorengoak, gerraondoko belaunaldikoak, nolabait esateko, itzultzaile prestu eta adoretsuak ziren: Ibiñagabeitia, Zaitegi, Amezaga, Larrakoetxea eta beste batzuk (barkatu, oroimenak huts egiten dit). Oroz gain, Zaitegiren itzulpenak maite nituen, Greziako antzerkiarenak zirelako. Kosta ahala kosta, behin eta berriro sartu nintzen Sofoklesen tragedietan Zaitegiri esker. Gaur, berriz, eskura dauzkagu itzulpen horiek Interneten, eta ez dugu zertan ibili liburutegiz liburutegi adibide bila.

Zein itzulpen egin izana damu duzu? Zein itzulpen (oraino) egin ez izana?

Aspaldian egin nituen lan batzuk, bada, herren gelditu ziren hainbat konturengatik. Kontua da haietariko batzuk ez nituela argitaratu, egile eskubideen kontuengatik eta bestelako arrazoiengatik. Hori dela eta, orain aterako balira, goitik behera aldatuko nituzke, batez ere, azken hamabost urteotan gauza asko aldatu direlako euskal itzulpengintzan eta euskal literaturan, oro har.

Garai batean erresumina hartu nuen itzulpen batzuk burutu ez nituelako. Hau da, erdi eginda edo gaizki eginda gelditu zirelako, zorrotik atera ezinik. Orain, berriz, esango nuke bidean agertu ziren harriak, oztopo izan beharrean, eraikinaren oinarriak zirela. Hau da, kili-kolo ibili ostean, urrats sendoagoak egiten ikasteko modurik onena.

Lehenengo itzulpena Hemingwayren ipuin batzuk izan ziren, Deustuko itzulpengintza masterrean ari nintzela. Xabier Mendigurenek eskatu zigun itzulpen proiektu bat aurkezteko edo, eta nik horixe aukeratu nuen. Xabierrek esaten zidan, bada, beharbada komeni zitzaidala Doris Lessignen Black Madonna edo beste testu eramangarriago bat hartzea, baina ni tematu egin nintzen Hemingwayrekin.

Garai hartan irakurriak nituen idazle estatubatuarraren ipuin batzuk eta zarrasta handia egin zidaten. Eta garai hartan, erreflexu automatikoaz-edo irakurgarri gozo guztiak itzuli nahi nituen euskarara. Uste dut garai hartako itzulpen defizita betetzearren hartzen genuela halako jokaera, nahikoa utopikoa, jakina. Begiak luma baino handiagoak genituen, dudarik gabe. Hori dela eta, nobela beltza eta nobela poliziakoak irakurri, eta esango nion neure buruari, «hori euskaratu beharko nikek». Raymond Chandler zela edota Ellery Queen zela, era guztietakoak.

Bestalde, garai hartan ere baziren beste nobela batzuk nik itzuli nahi izango nituzkeenak, adibidez, Truman Capoteren Gonbidatua, Iñaki Iñurrietak itzulitakoa, edota Chandlerren Betiko loa, Iñaki Ibañezek itzulia. Eta jakina, Jim Thompsonen 1280 arima, El Viejo Toporen ale batean Espainiako idazle batzuek (Montalban, Marsé, Mendoza) gogokoen aitortu zuten nobela beltza, Xabier Olarrak euskaratua.

Zenbait arrazoi zirela eta, Hemingway amesgaizto bihurtu zitzaizun. Eta Twaini esker lasaitu ederra hartu zenuen.

Bai. 1990.eko hamarraldiaren hasieran Eizieren Literatura Unibertsaleko proiektua abiatu berria zen eta pil-pilean zebilen euskal itzulpen mundua. Azkenean, Hemingwayren dozena bat ipuin itzuli nuen, baita F. Scott Fitzgeralden narrazio batzuk ere, baina ez nuen argitaratzerik izan. Oso zail egin zitzaigun Hemingwayren ondorengoen abokatuekin harremanetan jartzea.

Nik ez dakit ondo zer gertatu zen, baina ez ziren fidatzen Espainian egindako itzulpenekin, eta euskaldunok ere zaku berean sartu gintuzten: ez zizkiguten eskubideak saldu nahi izan. Ez dakit non daukadan abokatuak bidalitako karta, baina esan dezaket adurra zeriola abokatuari zenbat dolar emango genizkion eskubideen truke. Aitzitik, geroago Xabier Olarrak errazago eskuratu zituen egile eskubideak Hemingwayren ipuin batzuk euskaratzeko, eta elkarrekin plazaratu genuen bildumatxo bat Igelan. Beraz, fin ibili behar da abokatuekin eta agenteekin negoziatzen.

Hori dela eta, hurrengo itzulpen proiektuari ekitean, egile eskubiderik ez zeukan idazle batengana jo nuen: Mark Twain. Egoki iruditu zitzaidan, bada, idazle estatubatuarra aspaldian hila baitzen eta ez baikenuen soka-tiran ibili beharko oinordekoekin. Egia esan, gogoko nuen Twainen nobela labur bat, «Hadleyburg usteldu zuen gizona», eta neure kabuz hasi nintzen itzultzen, argitaletxeekin harremanetan ibili barik.

Kontua da garai hartan Renon bizi nintzela, EEBBetan, eta ez neukala harreman handirik euskal argitaletxeekin. Joseba Zulaikak Anjel Lertxundi ezagutzen zuen, (Ereinen zebilen garaiaz ari naiz), eta itzulpena bidali nion argitaletxera. Ustekabe ederra hartu nuen erantzun zidanean, esanez narrazio hura oso gogoko zuela eta inoiz aipatua ziola Inazio Mujikari-edo egunen batean euskaratu beharko zela.

Hori zela eta, Anjel berehala jarri zen zuzenketak egiten eta testua prestatzen argitaratzeko: ilusio ikaragarria egin zidan Bartleby sailean atera zutenean. (Bide batez esanda, Bartleby izkiriatzailea ere itzultzeko gogoa neukan, nahiz eta gero Juan Garziaren itzulpena irakurtzean poztu naizen itzuli ez izanaz). Ahaztu zait aipatzea, bestalde, Anjel Lertxundik berak zuzendua zidala Hemingwayren Kilimanjaroko elurtza izeneko ipuina, Bartleby sailerako, baina lehen esan bezala, ez zen argitaratu egile eskubideen kontuagatik.

Zergatik itzuli? Zergatik tematu testu batekin?

Nire ustez, liburu bat itzultzea oihuka ibiltzea da mundu guztiaren aurrean, liburu hori oso gustuko dugula-eta. Hau da, guk geure egoari begiratzen diogu, eta nahi dugu besteok ere maitatzea guk maite dugun liburua, besterik gabe. Bada, zarrasta bizia egin diguten liburuekin hauxe gertatzen zaigu, berehala itzuli nahi dugula euskarara. Nire ustez, liburuarekin denbora gehiago pasatu nahi dugulako gertatzen zaigu hori, eta itzulpena azken batean aitzakia baino ez da liburuarekin gora eta behera ibiltzeko. Edo liburua guk geuk idatzi nahi izango genukeen, baina ez ginen gai horretarako, edo idatzita zegoen lehendik. Hori dela eta, liburua itzultzea da geratzen zaigun irtenbidea.

Esan behar da, bestalde, liburuak itzultzean benetan zukua ateratzen zaiola liburuari, jatorrizko testuari. Itzulitako liburu bat irakurtzen duenak ez daki zenbateraino landu duen testua jatorrizko idazleak, azken batean, xede hizkuntzan jasotzen duelako lana. Era berean, ingelesezko liburu bat ingelesez irakurtzen duen ingelesezko hiztun batek ez daki zenbateraino landu duen hizkuntza eta testua idazleak, bada, berarentzat normala delako hizkuntza batean oinarrituta dagoelako.

Ez al da gehiegikeria oraintxe esan duzuna?

Bai, baina utz iezadazu azaltzen kontua. Azken batean, baliabide estilistikoak eta hizkuntzaren posibilitateak neurtzen, nabaritzen eta harrapatzen dituena itzultzailea da, beste inor baino gehiago. Kritiko literarioak ere funtzio hori betetzen du, liburua irakurleen aurrean plazaratzean, eta kritiko zorrotzek badakite zenbateraino landu duen testua idazleak, zernolako hutsuneak dituen erritmoan eta idazkeran, eta ezaugarri tekniko horiek guztiak.

Alabaina, kritiko literariorik zorrotzenak ere ez du ematen urtebete edo urte erdia ere liburu bat aztertzen, tesi bat idazten ez badabil, behintzat. Ezta hilabete osoa ere. Gehienez ere, astebeteko kontua izango da kritikoarentzat azterketa. Eta hori kritiko fidagarrienen kasuan, zeren beste batzuek arratsalde batean irakurriko dute liburua.

Itzultzaileak, berriz, abantaila bat dauka, aitzakia ez esateagatik: denbora luzeagoa ematen du liburuarekin. Badakit orokorrean ari naizela, eta batzuetan itzulpenak nahi baino arinago egiten direla: emaitza eskasak begi bistan daude. Horrela, bada, itzultzailea idazlearen ondoan dabil, haren bidaide/gogaide bihurtuz aldi batez. Bada, nire tesia hauxe da: itzultzaileak ere irakurketari eragiten dio, nahitaez.

Hainbat urte Euskal Herritik kanpo bizi izan arren, euskal itzulpengintzaren sukaldean "egosten" ari denaz oso jakitun zaude. Nola ikusten du euskal itzulpengintza Suitzan bizi den itzultzaile bilbotar batek?

Bada, beharbada gehiegi esatea da oso jakitun nagoela euskal itzulpengintzaz. Urrutitik ikusita, esango nuke gero eta aukera handiagoak daudela beste hizkuntzetako testuak euskaraz irakurtzeko. Hori nabarmena da, hain zuzen ere, argitaletxeek badakitelako itzulpengintza defizitarioa dela; beraz, eskertzekoak dira argitaletxe batzuek egin duten apustua eta itzultzaile batzuek egindako lana.

Ez dut uste ale kopurua eta zifrak nabarmen aldatuko direnik etorkizunean. Kontuan hartu behar da, adibidez, irakurlegai asko galtzen ari dela egunotan Internet, bideojolasak eta kanpoko jarduerak hortxe daudelako lehian. Baina azken batean, irakurtzeak beti izan ditu alboan lehiakide gogorrak, eta beharbada ez da hiletak jotzen hasteko momentua.

Zorionez, itzulpengintza lizentziatura sortuta, prestakuntza antolatuago dago, nahiz eta ikusteko dagoen zenbateraino eragingo dion horrek benetako lanari. Ez da gauza txarra itzulpengintza Unibertsitatean sartzea: horrek bideratuko ditu harremanak eta elkarlana beste herri batzuetako itzultzaile eta erakundeekin, Unibertsitatearen bidez. Ikerkuntzan lan handia dago egiteko, eta Unibertsitatea alor aproposa da horretarako.

Bestalde, literatur itzulpenari dagokionez, Unibertsitateak beharbada ez du hainbesteko eraginik izango. Literatur itzulpena ez da batzorde baten inguruan antolatzen; aitzitik, itzultzaile bakar batek egindako lana da batez ere. Hori bai, itzultzaile bakoitzak beste itzultzaile batzuen laguntza behar du testua hobetzeko, aztertzeko eta zuzentzeko. Baina funtsean nork bere lanari ekin behar dio, adorez eta gogoz. Eta begi bistan dago mundu osoko itzultzaile literarioek aje berdinak pairatzen dituztela: lan baldintza eskasak (baldin eta lanik badago), tresna desegokiak eta konkurrentzia maltzurra.

Dena den, konparazioak oro nahiko makurrak dira, beti ere, gu baino hobeto bizi denari begiratzen diogulako.

Susmatzen dut ez dugula biziko halako eztandarik, hau da, itzultzaile pilo bat bat-batean plazara atera eta liburu asko itzultzea. Zergatik? Bada, merkatuak hala agintzen duelako: argitaletxeek nekez eusten diote produkzioari. Nik dakidala, argitaletxe batzuek zuloak estaltzeko erabili izan dute itzulpena, bertoko lanak gutxitzen ziren garaietarako, adibidez. Eta itzulpenak ateratzeko konpromiso sendoa hartu duten beste argitaletxe batzuk, adibidez, Igela eta Alberdania, edota Susa poesian, kili-kolo dabiltza irakurleak harrapatu ezinean.

Beraz, ez dirudi itzultzaile berriak ametsezko esparru arrosatxo batera sartuko direnik, ezta? Aukeran, sasietan ibiliko dira hastapenetan, bidea urratu arte. Hori dela eta, Literatura Unibertsala bezalako ekimenak behar-beharrezkoak izango dira aurrerantzean ere. Beharbada, hor egon liteke konponbide txiki bat itzulpenetarako, hau da, irakurle berezitu bat lortzea, Susak poesian egiten duen moduan. Tributan banatzen da orain mundua, eta irakurleen tribuak ere osatzen ari dira, zalantzarik gabe. Kontua da jakitea euskaraz irakurtzen direnak zenbat tributan banatzen diren, eta ea posible den horrela irautea.

Beste kontu bat aipatu nahi nuke, azken urteotako literatur itzulpena dela eta. Orain dela gutxi irakurri nuen artikulu batean, bada, Literatura Unibertsalaren proiektuan egin ziren lehenengo itzulpen batzuk zurrun samarrak suertatzen direla, egosgaitzak, nolabait esateko, gaurko irakurlearentzat. Sintaxi eta lexiko arazoak omen daude hasierako itzulpen horietan, susmatzekoa denez.

Bai, egia esan, ez naiz harritzen, kontuan hartzen badugu itzulpen guztiek iraungitze data bat daukatela, jogurtak bezala, gutxi gora-behera. Izan ere, ez da gauza bera XX. mendearen erdialdean egindako itzulpen bat irakurtzea eta gaurko itzulpen bat irakurtzea.

Har dezagun, adibidez, Zaitegik edo Mirandek itzulitako testuren bat.

Odiseu'k.– Neoptolema, Akileu'ren seme ta eladetarren arteko guraso kementsuenaren aldaska ori! Itsasoak artu ta illenume batek ere zapaldu ez, ta inor ere bizi ez dan Lemno eskualdeko izpazterra auxe duzu. Beinola, buruzagiek egiteko eman-aginduak beterik, bertan bera ementxe utzi nun Poianta'ren seme meliarra, oina zauri bizi zornatsuak iota zula; ixuriketarik ezta oparirik ere narerik egiten ezpaitzigun uzten, gudarizelai osoa, ordea, etenbageko zoritxarpean zeukan, alarao basatiz beti garraxika ta zinkurinka.

(Piloktete, Sofoklesen antzerkia, Zaitegik itzulia)

Fortunato'ren amaikatxo kalteginak al nuen obekien jasan nituen, bainan iraintzera ozartu zitzaitanean apenduko nintzala zin egin nuen. Zuek ene arimaren izaera ain ondo dazaguzutenok, ayer zerate ez nuela orratio meatxu bat ere atera. Azkenenkotz apenduko nintzan; ori zan bein-da-betiko erabakitako arazo bat-bein-da-betiko erabakitzeak berak, ordea, irrisku oro baztertzen zuen. Ez nuen zigortu bear, bakarrik, baizik ere neu damutzeke zigortu. Oker bat ez dago zuzendurik zuzentzalleak ordaindu bear ba'du. Zuzendu gaberik dago alaber apentzalleak ez ba'du irixten, bere burua zar apentzalle antzo nabarmeneraztera oker-egileari.

(Amontillado upela, Edgar Allan Poeren ipuina, Mirandek itzulia)

Berehala konturatuko gara testuotako hitz batzuk ez direla oso arruntak, edo, hobeto esanda, oso literarioak direla, jatorrizko testuak aginduta, jakina. Hala eta guztiz ere, gaurko testuak oso bestelakoak dira, edozein ikuspuntutatik begiratuta. Eta ez naiz kalitateaz ari, zeren bai Zaitegi bai Mirande itzultzaile trebeak dira, eta hizkuntzaren maisuak, adituek esaten dutenez.

Kontua da euskara bera ere eta euskararen erabilera nabarmen aldatu direla azken urteotan, bai kalean bai liburuetan. Gizarteak bultzatutako mugimenduak eta ohiturak, kaleko hizkerak-eta liburuetan islatzen dira, eta gaurko liburuetan ez da usaintzen garai horietako euskara berbera. Garo usaina zeriola leporatzen zitzaion lehen euskal literaturari. Bada, gaur egun beharbada klarion usaina (eskola-ikastolak), erredakzio gelaren usaina (komunikabideak) edota konputer usaina (Interneteko blogariak) dariola esan genezake.

Hori dela eta, itzulpenetan erabiltzen diren egiturak, moldeak eta hitzak berak ere gizartean indarrean eta nagusi den joeraren isla dira, hein batean. Gizarteari eragiten dioten indarrak egongo dira hitz horiek moldatzen eta itxuraldatzen. Anjel Lertxundik aipatzen zituen hainbat hitz artikulu batean, guztiz bestelakotu direnak: «banandu», «iraultza»... boterearen bozgorailuak aipatuz.

Beraz, argi dago bestelako begiez irakurriko ditugula aspaldiko itzulpenak (eta jatorrizko liburuak ez? Har dezagun, Leturiaren egunkari ezkutua, Egunero hasten delako, Zergatik, panpox? edota Hamaseigarrenean aidanez) gaur egungoen aldean. Hori beste hizkuntzetan ere gertatzen da. Adibidez, Agatha Christieren gaztelerazko itzulpenak irakurtzean barre egiten genuen pertsonaia aristokratiko horietako batek bere izeko zaharrari aitortzen zionean, hain zuzen ere, «amodioa egin» nahi ziola beste pertsonaia bati. Jakina, «make love» garai bateko espresio sotila zen, hau da, norbait gorteiatzea.

Bada, hortxe egon ziren espresio horiek liburuetan hainbat urtez, eta ez dakit oraindik ere ez ote diren egongo. Beste adibide bat aipatzearren, horra hor espainieraz klasiko bihurtu den liburu bat, Lazaro Carreterren El dardo en la palabra, non gaizki erabilitako hitzak eta esamoldeak pikotan jartzen zituen akademiko espainiarrak. Bada, gizonak 1981. urtean «analista» hitza gaitzesten zuen, politika aztertzen zuen jendeari ezarrita. Bada, gaur egun, hitz hori Espainiako Akademiaren hiztegian sartuta dago adiera horrexekin.

Kontua da euskaraz askoz ere arinago gertatu dela fenomeno hori, eta are eta arinago euskal itzulpengintzan. Miranderen eta Zaitegiren garaitik hona aldaketa nabarmena izan da, hau da, hiztegi orokor bat sortzeko bidean dago. Jakina, inor ez dago poz-pozik dauden hiztegiekin, euskarazkoak direla edota elebidunak direla. Hala ere, orain idazleak (itzultzaileak barne) badu non begiratu hitzak testuinguruan kokatzeko, bere zilborrera edo bere amonaren sukaldeko txokora baino haratago. Hau da, mundu moderno honetako hitzak eta kontzeptuak trebeki azaltzeko tresnak eta gordailuak baditugu euskarazko hiztegigintza modernoan. Bai eta euskaraz idatzitako entziklopediak ere, mundu osoaren erreferentziak gurera dakartzatenak.

Funtsean, hauxe esan nahi nuke: hitzak ez dira testuetan galduta egoten, itsasoko irla txikien antzera. Orain, badute testuinguru bat, kokatuta daude munduan, erakusleihoan daude. Nork bere erara erabil ditzake, jakina, baldin eta testuingurua errespetatzen badu. Testuingurutik kanpo ere erabil ditzake, era surrealistan, eta esperimentalean, baina lehenago testuinguruan erabili beharko du, mundu osoko literatura guztietan egiten den moduan.

Interesgarria iruditzen zait erakusleihoaren kontu hori.

Bai, niri oso esanguratsua iruditzen zait hitzekin gertatutako kontu hau, erakusleihoak agertzearena, alegia. Hau da, hitz bat hainbat testuingurutan agertzea, hainbat hiztunen ahotan, hainbat ekintza komunikatibotan, hainbat jarduera ludikotan, hainbat esparru praktikotan. Kontuan hartzen badugu hizkuntza egunero erabiltzen dela hainbat bozgorailutan, batez ere, irratian, telebisioan eta egunkarietan, indar osoan antzematen ditugu hitz batzuk erakusleiho horiei esker. Hori, Interneteko eragina ez aipatzeagatik, nahiz eta azken hau oraindik ere neurtu gabe egon.

Miranderen garaian «apentzaile» hitza aditzekotan, liburu jakin batzuetara jo beharko zuten irakurleek. Beste horrenbeste gertatuko zen Zaitegik erabilitako «izpazterra» edo «nare» hitzekin, beharbada. Oro har, hitz asko eta asko zabaldu gabe zeuden euskal irakurleen artean, eta itzultzaileek senez aukeratu behar zituzten, askotan asmatuko ote zuten jakin gabe. Gaur egun, berriz, Literatura Unibertsaleko itzulpen bat hartu (Robert Musil-en Törless ikaslearen nahasmenduak, Koldo Moralesek itzulia) eta honako hau ikusten dugu:

«Törlessek ez zituen artean bere ekintzak menperatzen. Jezarrita gelditu zen une batez, isilik, lotan zegoenaren aurpegiari finko erreparatuz. Antzeko egoeretan ohikoak diren pentsamendu laburrek eta ordenarik gabeek zeharkatzen zioten garuna, norbaiti oreka galtzean, amiltzean edo eskuetatik zerbait kentzen diotenean gertatzen zaion bezala. Eta gogoetak egiteke Basiniren sorbaldari heldu eta esnatzeraino eragin zion.»

Ulertuko ditugu hitz horiek? Dudarik ez. Askotan entzuten eta irakurtzen ditugulako «ekintzak», «finko», «erreparatu», «egoera», «ordena», «oreka», «gogoeta» eta «eragin». Era berean, gaur egun hainbat hitz geureganatu ditugu hedabideei esker, hainbat esparrutatik etorrita. Adibidez, hartu dut gaurko Berriaren lehen orria eta honako hauek irakurri ditut: «entzierro», «institutu», «eztanda», «zauritu», «garatu», «nazioarteko», «atxilotu», «auzitegia», «ordutegia», «oporrak», «euskarri», «eraikina».

Areago, atzelikadura prozesu baten bidez indartu dira hitz batzuk, eta gaur egun gertu-gertukoak ditugu. Ikusteko dago zer gertatuko den hitz askorekin, ea iraungo duten edo ea iraungiko diren.

Adibidez, azken urteotan asko aurreratu da zenbait konbentziotan: akotazioak, izenordeak erabiltzea, erlatibozko esaldiak (nahiz eta hor, zoritxarrez, beti ere herrenka gabiltzalako sentipena izan), aposizioak, elipsiak eta aditz laguntzaileak nola erabili.

Orain badirudi itzultzaile askok elkarri begiratzen diotela itzultzean, eta kontsentsuzko eredu batzuk sortu direla poliki-poliki. Hau da, nahi duen bidea harteko askatasuna izanda ere, itzultzaileak badu non begiratu urratsak bideratzeko.

Kontua da ikustea zenbateraino eutsiko dieten gaur egun egiten diren itzulpenek, obsoleto bihurtu baino lehen. Nire ustez, hainbat kasutan jatorrizko testuak baino luzaroago iraungo dute euskal itzulpen batzuek, hizkuntzan errotuago daudelako, nolabait esateko. Ez da jatortasun kontua, ez da kalitate labela edukitzea (hori ere berez gertatzen bada ere kasu askotan). Kontua da sustrai sakonak egin dituztela hizkuntzaren lur goxoan, eta hortik elikaturik sortu direla hainbat testu itzuli, bizimodu luzea iragartzerainokoak.

Dudarik gabe, baliteke itzulpen batzuk orraztu eta berrargitaratzea —Xabier Olarrak hala egin du Postariarekin— baldin eta liburuak irakurriko badira. Baina ez dira gutxietsi behar egindako itzulpenak, nahiz eta batzuetan guk nahi baino traketsagoak izan. Edisonek zioenez, «nik ez dut porrot egin, bakarrik aurkitu ditut 10.000 modu arazoa ez konpontzeko». Kontua da euskal sistema literarioan garesti ordaintzen direla esperimentuak, xanpaina egiten direnean.

Itzulpenak urri saltzen/erabiltzen dira Euskal Herrian, ezta?

Susmoa daukat oraindik ere asko harritzen direla liburu batzuk euskaraz agertzen direlako, itzulpena alferrikakoa balitz bezala. Irudipena daukat euskal itzulpengintzari Berkeley apezpikuaren esaldiaren zuhaitzari bezala gertatzen zaiola, hau da, inor ez dela ohartzen, urrutiko basoetan jausten diren zuhaitz asko badira munduan, eta beste horrenbeste gertatzen da euskal itzulpenekin. Ez da harritzekoa, bestalde, zeren kultura gehienetan bizi baitira erdi baztertuta itzultzaileak.

Orain ez gara harritzen EEBBetako beltz batek euskaraz egiteaz film batean, baina orain urte batzuk bazterrak harrotzen ziren Dallas telefilmean edo hala gertatu zelako. Orain dela hamabost urte gaztelerara edo frantsesera jo beharko genuen Europako literatura irakurtzeko (salbuespenak salbuespen): Errusiakoa, Alemaniakoa, Italiakoa, Txekiar Errepublikakoa eta Eskandinabiakoa. Har dezagun, adibidez, Literatura Unibertsala: XVIII-XIX-XX. Mendeak batxilergoaren liburua eta konturatuko gara bibliografian aipatzen diren libururik gehienak 1990 urteaz geroztik itzuli direla (aipatu beharko lirateke, bestalde, aitzindari izan ziren itzultzaileen lanak: Zabaletatarrak, Arrieta eta Mendiguren, besteak beste).

Gainera, irakurle edo ikusle «modernoek» uste dute oso ondo dakitela jatorrizko hizkuntzan, eta harro-harro esango dizute ez dutela itzulpenik jasaten. Nire esperientzia kontuan hartuta, esango dizut oso zaila dela ingelesezko literatur hizkuntza menderatzea, adibidez. Milaka ñabardura eta testuinguruak emandako argibideak aldamenetik igarotzen zaizkigu konturatu gabe, alegia. Baina jakina, nork bere buruaz daukan irudiari edo iritziari eutsi behar dionez, ondo dago uste izatea jatorrizko hizkuntzan ikusitako film bat ondo ulertu dela, adibidez.

Egia esan, simulakroaren kulturan bizi gara, eta plantak egin behar ditugu, esanez den-dena ulertu dugula, hitz-jokoak eta esamolde bitxiak harrapatu ditugula eta bai, «Marx anaien filmak ingelesez ikusi behar, derrigorrez». Ni ados nago jarrera horrekin, baldin eta filmak behin eta berriro ikusten badira edo nobelak patxadaz eta arreta handiz irakurtzen badira. Ez dut uste hala gertatzen denik, baina.

Horrekin ez dut esan nahi lan itzuliak hobeak direnik jatorrizko hizkuntzan ikusitako filmak edo irakurritako liburuak baino. Esan nahi dut, bada, irakurlearen esperientziak oso bestelakoak direla, zein hizkuntzatan ari den kontuan hartuta. Eta literatura idatzian, hain zuzen ere, ez direla baztertzekoak itzulpenek ematen dizkiguten abantailak: gure sistema literarioaren barnean kokatzen dituzte beste hizkuntza askotako literatur lanak eta ekarpenak.

Hala ere, Euskal Herrian ETBren sindromepean bizi garela iruditzen zait, hau da, bikoizketaren frustrazioa dela eta ikusle asko galdu ditu ETBk, ezinbestean. Jendeak, filmak ikustean gozatu ezinean dabilenez, film bikoiztuak gorrotatzen ikasi du. Horra hor Harry Potterren kasua, euskaraz 15.000 ikusle soilik bereganatuz. Eta hala ere, begira iezaiozu Gaur Egun albistegiari: 6.000 ikusle egin zituen udako igande batez bazkalorduan.

Beste eragozpen bat ere aipatu ohi da: xargoiak eta hizkera berezituak ez omen daude oso garatuta euskaraz, eta arazoak omen daude halakoak itzultzeko.

Bada, esan beharko genuke baietz, arazo handi bat dagoela hor, baina batez ere, euskal idazleentzat. Euskal idazleek nekez erantzuten diote erronkari, kaleko hizkera paperera eramatean. Izan ere, oraindik ere ez dago hizkera komun bat, nolabait esateko, kaleko hizkeratzat hartua dena. Egongo dira hitz solteak edota esamolde bereziak, baina mundua goitik behera iraultzen duen ikuspegi baten hizkerarik ez dago (gazte giro abertzaleetatik ateratako hitz zerrenda gorabehera).

Hala ere, jendea ez da beharbada konturatzen libururik gehienak ez direla kaleko hizkeran idazten, ez euskaraz ez gazteleraz ez beste edozein hizkuntzaz. Adibidez, ingelesetik datozen nobela gehienak oso hizkera zaindukoak dira, baldin eta zaindua deitu ahal bazaio hizkera egoki eta zuzenari. Nobela beltzaren sailean ere, Chester Himesen edota Jim Thompsonen lan batzuk alde batera utzita, beste gehienak hizkuntza estandarrean idatzita daude, ñabardurak ñabardura. Bai, Dashiell Hammett detektibe pribatua izan zen San Franciscon eta oso ondo zekien kaleko hizkera, eta hitz batzuk ere tartekatuko zituen bere idazlanetan Baina Chandler, adibidez, estilista hutsa zen, eta ez zeukan zerikusirik ez gangsterrekin ez benetako detektibeekin. Gogoan dut bere eskutitzetan aipatu zuela beren-beregi asmatu zituela hitz batzuk bere narrazioei kolorea emateko, eta beste batzuk xargoitik hartu zituela, baina Philip Marlowek Oxfordeko graduatu batek bezala hitz egiten du batzuetan (Chandlerren itzala nabaritzen da hor atzean).

Hauxe esan nahi dut, bada, idazleak bere hizkera asmatzen duela gehienetan eta guk ere euskaraz hori islatu ahal dugula kasurik gehienetan. Kontua ez da Los Angelesko detektibe batek hitz egiten duen moduan hitz egitea, baizik eta nobelako detektibe batek hitz egiten duen moduan hitz egitea. Eta nobelak trikimailuz beteta daude, gure idazleek ondo dakitenez. Harkaitz Cano kexu azaltzen zen, Pasaia Blues idatzi zuenean esan ziotelako nobelan gertatzen zirenak sinesgaitzak zirela. Eta inoiz baino lan handiagoa egin zuen lana dokumentatuz!

Esan dezagun zerbait zure sorkuntza lanei buruz. Zure kontakizun bat, "Musu bat ilunpetan", An Anthology of Basque Short Stories liburuan agertu zen, euskal literaturaren zenbait poperenen ondoan. Eta bilduma hori aurki emango omen da argitara gazteleraz. Utzi beharko zenioke hain apala izateari...

Gaztelerara itzultzea denbora tunel batean sartzea da hein batean. Hau da, sartzen gara gaztelerazko literaturaren historian arrastoa utzitako jendearen baratzean, onerako zein txarrerako. Nik gaztelerazko itzulpen asko irakurri ditut neure mendean, batez ere, gaztetan gaztelerazko egileak gutxi interesatzen zitzaizkidalako, salbuespenak salbu. Ezin esan interesa biziki areagotu denik harrezkero, baina hori bestelako kontua da.

Bestalde, gazteleraz idatzitako literaturarekin izan dudan harremana oso bitxia izan da. Batetik, klasikoak nahiago nituelako oroz gain, edota Hegoamerikako idazle jakin batzuk (ez denak, boomeko egileak, adibidez, zaku berean sartzea ez nuen gogoko, eta aukeran Rulfo, Cortazar eta Borges hautatu nituen, Onettiren ipuinak eta Vargas Llosaren libur pare batekin batera).

Kontua da nire garaiko gizartea islatuko zuten lanak ez nituela apenas irakurri gazteleraz, eta horri gehitzen badiogu mundu anglosaxoitik zetorren oldea, erraz konturatuko gara ezer gutxiz arduratu nintzela Espainiako literatura garaikideaz. Salbuespenetako bat Eduardo Mendoza da, zeinaren La verdad sobre el caso Savolta nire gogokoena izan baita hainbat urtez. Beraz, bitxia da, baina Bilbon bizi izanda, gaztelerazko erreferentziak telebisiotik etortzen zitzaizkidan, eta etxekoengandik, jakina, hau da, telefilm eta film itzulietatik eta senitartekoenganik, eta esan beharrean nago ez zirela oso akademikoak izango. Horrekin esan nahi dut, nahikoa trakeski esanda ere, gure erreferentziak oso ustekabekoak direla batzuetan, eta literatur hizkuntza osatzean era guztietako osagaiak har ditzakegula, gure nahierara. Beharbada, ni ez naiz oso gustura moldatu gazteleraz idaztean Euskal Herrian, ez dakit zergatik, gazteleraz egin nituen kazetaritza ikasketak, baina ezin nuen neure gogoko hizkuntza erabili idazkietan.

Ba al duzu tiraderan gordetako lanik?

Geratu dira labean Jim Morrisonen poema liburu baten itzulpena, The Lords & New Creatures, eta Arthur Machenen eleberri labur bat, The Inmost Light. Lehena kaleratzear egon zen, baina azkenean ez zuen argia ikusi, eta bigarrena hibernatzen daukat, laburregia baita konpainiarik gabe ateratzeko. Egia esan, polita izango litzateke berriz ere Bartleby sail bat edo Milabidai sail bat sortzea, itzulpen laburragoak plazaratzeko. Bitartean, ikusiko dugu zer dakarren etorkizunak, onerako zein txarrerako.