EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Aurkezpan - Gotzon Egia
Brecht-en unibertso amaigabea - Joxerra Garzia
«Sostiene Pereira» liburuaren itzulpena eta lagun faltsuak - Fernando Rey
Escalas de un viaje inacabado (Traducir del gallego al euskera) - Bego Montorio
Schiller euskaraz (1805-2005) - Ibon Uribarri Zenekorta
ETB-1erako itzulpen-egokipena eta bikoizketa - Josu Barambones
Komikien itzulpena - Bego Montorio
«Hiztegi Batua» eta terminologia zientifiko-teknikoa: elkarguneak, estuguneak eta gurutzaguneak - Alfontso Mujika Etxeberria
Ortotipografiari buruzko mintegia - Amaia Lasheras eta Lorea Arrieta
Javi Cillerorekin berriketan - Carlos Cid Abasolo

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 28 (2005) »  Aurkezpan - Gotzon Egia

Inprimatu

Data: 2005eko abendua

Aurkezpan - Gotzon Egia

Literatur itzulpen batez zabaldu nahi izan dugu Senez aldizkariaren 28. zenbaki hau, 1999az geroztik ale guztietan urratu ohi dugun bidetik: Bertolt Brecht handiaren Keuner Jaunaren kondairetatik 2004an aurkitu berriko sei ale berezi eta itzuli dizkigu Joxerra Garziak. Laburrak dira baina naroak aldi berean, irakurlearen jakin-mina pizteko lain.

Itzulpengintzako autokritikaren ertzean dagoen azterketa eskaini digu Fernando Reyk, Antonio Tabucchiren Sostiene Pereira liburuaren itzulpena egiterakoan, itzultzailea bide onetik urruntzeko nahitara jarritako amarruak balira bezala, aurkitu dituen lagun faltsuez.

Euskal itzulpengintzaren historia elikatzera datozen hiru artikulu ditugu, gero, jarraian: bide pertsonalagoan, Bego Montoriok galegotik itzuli izan dituen obren ibilbidearen berri eman digu, Vigon (Galiza) 2005eko otsailean egindako mintzaldia orriotara ekarrita; Ibon Uribarri irakasle eta itzultzaileak Schiller-en euskarazko bertsioak aztertu ditu, zorrotz bezain xehe; eta Josu Barambonesek ikus-entzunezkoetan euskal itzulpengintzak egin duen bidea azaldu du, ongi baino hobeto dokumentatuta.

Itzulpengintzaren bi alderdi korapilatsu datoz segidako artikulu banatan: Bego Montoriok gutxitan ikertu izan dugun itzulpen alderdi bat dakarkigu, komikien itzulpena hain zuzen; Alfontso Mujikak, berriz, terminologia zientifiko-teknikoaren begiratutik ikuskatu du Hiztegi Batua, ohi duen sotiltasunez.

2004an antolatu genituen Zuzenketan gaineko Jardunaldien orpotik dator hurrengo azalpena: Ikasmaterialen Aholku Batzordearen lanen barne, Joxe Ramon Zubimendik 2004ko argitaratutako Ortotipografia liburutxoaren inguruan «adituen batzorde» bat elkartu genuen mahaiaren inguruan, itzultzaile-zuzentzaileontzat lan horretan direnak zertan izan daitezkeen erabilgarri eztabaidatzera. Adituen artean sortutako elkarrizketaren emaitza duzu, irakurle, orriotara bildu duguna.

Aldizkariaren azken orriak, ohi dugunez, itzultzaile baten solasaldiak bete ditu: Javi Cillerorekin urrunetik urrunera Carlos Cid Abasolok egindako berriketaldiak.

Urte erdirako asmoz, urte amaieran kaleratzeko halabeharraren zama gainetik kendu ezinik bizi ote da Senez? Batzuetan etsipen horrek gaina hartzen digu, egia aitortu behar badugu. Emaitza umotuagoa lortzeko lagungarri izan bedi!


Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net