Bat-bateko itzulpengintza: gakoak eta azterbideak
Xabier Payá

Bertsolaritzaren itzulpengintzak edo/eta interpretazioak Senezen lekurik behar luketen ere ez daukat argi. Izan ere, ezinezko kontuez mintzatzea eguneroko ogia baita, baina idatzian eguneroko ogi guztiak eseraldi bakarrean irensten ditugu. Nolabait esateko, bertso-itzulpengintzak gehiegi teorizatu ezin den gaia dirudi, praktikan gertatu arren, intuiziotik asko eta juiziotik gutxi duena. Bertsoak itzul daitezke? Itzuli ala interpretatu? Aldi bereko interpretazioa egin dakieke bertsolariei? Bidezkoa da bertsoak itzultzea? Euskal gizarte gero eta eleanitzagoan, euskaldunen dimentsioan baino ez du lekurik bertsoak?

 

Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza,
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza.

X. Amuriza

Hablar cantos rimados
que midan lo mismo,
de eso trata el deporte
del versolarismo.

 

Sarrera

Hizkuntza arteko bitartekaritza literarioan dena da zilegi, baldin eta bitartekariak egiten dituen manipulazio eta esku-hartze aktibo guztiak baliagarriak badira itzulpenaren hartzailea jatorrizkoak dioenaz behar bezala jabetu dadin [...]; bestela esanda, hartzaileak ulertu behar duena behar den moduan ulertu dezan.

Teoría General de la Mediación Interlingüe, Sergio Viaggio.

Bertsolaritzaren itzulpengintzak edo/eta interpretazioak Senezen lekurik behar luketen ere ez daukat argi. Izan ere, ezinezko kontuez mintzatzea eguneroko ogia baita, baina idatzian eguneroko ogi guztiak eserialdi bakarrean irensten ditugu. Nolabait esateko, bertso-itzulpengintzak gehiegi teorizatu ezin den gaia dirudi, praktikan gertatu arren, intuiziotik asko eta juiziotik gutxi duena. Bertsoak itzul daitezke? Itzuli ala interpretatu? Aldi bereko interpretazioa egin dakieke bertsolariei? Bidezkoa da bertsoak itzultzea? Euskal gizarte gero eta eleanitzagoan, euskaldunen dimentsioan baino ez du lekurik bertsoak?

Galdera gehiegi dira oinarririk gabeko testu batentzat. Hortaz, lehenbizi komeniko litzateke «itzulpena» bertsolaritzaren arloan zer izan daitekeen definitzea. Neurtitzen kasu honetan, itzultzea eta interpretatzea elkarren sasi-sinonimo dira, gerora ikusiko dugunez, ez batak, ez besteak ez dutelako bertsoen prozesu interlinguistikoa identifikatzen erabat. Bertso bat hizkuntza batetik bestera irauli nahi dugunean, hiru itzulpen mota izaten dira erabil daitezkeenak:

1) Parafrasia: jatorrizkoaren bertsio librea, formaren zorroztasunak bultzatutako gehiketa eta kenketak dituena. Irizpide nagusia forma da, edukia ahalik eta gutxien sakrifikatuta. Parafrasiak hizkera idiomatiko jasoa eta dotorea izan dezake, baina itzultzailearen gaitasun apaingarriak ez du jatorrizkoaren mamia lausotu behar.

Bertsoak izan ahal du
itzulpen askea
zaila baita denari
erabat eustea.
Zaila baino gehiago,
ze buruhaustea!
Nahi baduzu bertsoak
zu gozaraztea
hobe duzu euskara
ikasten hastea. 

Un bertso puede ser de
traducción somera
pues es cosa difícil
de otra manera.
¡Digo difícil, como
si posible fuera!
Si quieres sentir lo que
el bertso genera
será mejor que empieces
a aprender euskera.

 2) Lexikoa: hitz eta hitz-kateen oinarrizko esanahia. Makina batek pertsona elebidun baten gidaritzapean egin dezakeena.

Plazak bete nahi dira

bertsolari berriz:
daudenak onak dira,
datozenak, berriz,
Berria bete gura
dute euren berriz,
baina sartu ohi dute
hanka behin ta berriz.

Las plazas quieren llenarse

de nuevos bertsolaris
los que están son buenos
los que vienen, sin embargo,
quieren llenar el Berria
con noticias sobre ellos
pero suelen meter
la pata una y otra vez.

3) Literala: hizkuntzak paradigmatikoki eta sintagmatikoki ahalbidetzen duen zorroztasun handienarekin jatorrizkoaren esanahi kontestuala eskaintzen duen itzulpena.

Hori da itzulpen benetakoena.

Orduan, posible ote da bertsoak benetan itzultzea? Erantzuna argia da: ez, ezin da.

Bertsoen itzulezintasuna abiapuntutzat hartuz, artikulu honetan bertsoak itzultzen egindako ibilbidearen balorazioa egin nahi nuke, gero eta sarriago gertatzen den itzulpen-jarduera honetan trebatu nahi dutenen intuizioa nirearen jarraipen izan dadin, edota bertsoen itzulpenak hizkuntza-aukera zabalagoa izan dezan. Hala ere, argi utzi nahi nuke beste interprete askok zeresan handia daukatela gai honen inguruan.

Traduttori di versi, traditori più perversi

Lehenago esan dugu bertsoak ezin direla benetan itzuli. Orain esan beharko dugu zergatik ezin pasa daitekeen Txirritaren puntu erantzun bat gaztelaniara eta zergatik itzultzaileak hemen ere traidore izan behar duen. Italieraz ez dakigunok ere «traduttore, traditore» hitz parearen esanahia badakigu. Bertsoak itzultzen dituenak, ordea, traidore handiagoa izan behar du. Noski, traizioa ez da boluntarioa kasu honetan, ez baita beste biderik.

Jakin badakigu erabateko ziurtasunez bat-bateko bertsoak ezin itzul litezkeela. Akaso interpretatu, bertsio on bat egin, baina ez dago bertso baten edukia, forma, zentzu denotatiboa eta konnotatiboa eta karga semantikoa jatorrizkoan bezala beste hizkuntza batean ematerik. Zer esanik ez sorkuntzak hizkuntza bera oinarri izaten duenean. Bertsoak bat-batean errimatuta edo/eta neurtuta itzultzeko saiakeretan ere, formari fidela izan nahian edukia traizionatzen da. Bestalde, edukiaren mamia ahalik eta zehatzen irauli nahi denean ontzi batetik bestera, bertsoaren izaera artistikoa ezabatu egiten da, izaera artistiko ezberdin batean murgiltzeko. Nolanahi esateko, itzulpen lexikoak jatorrizkoaren izaera poetikoa, erretorikoa edo artistikoa deuseztatu egiten ditu, eta hala egin behar du gainera, jatorrizkoaren asmo komunikatiboa eredu artistiko berri batean moldatu behar badu.

Arestian esan bezala, itzultzaileak bertsolaria traizionatu behar du; alabaina, arrazoi ugari dago bertso bakoitza txanpon gutxi batzuen truke saltzeko.

a) Hizkuntzaren mugak

Hizkuntza bakoitzak ezaugarri eta estrategia ezberdinak erabiltzen ditu denentzat berbera den errealitatea deskribatzeko. Horren ondorioz, betaurreko gorriak dituen hizkuntzari ezin esan dakioke hango gauza gorri hori ekartzeko, nahiz eta trastea begien parean izan. Egoera horretan aski izango litzateke atzamarrarekin aipagai den elementua identifikatzea, baina bertsolariak geldi egon ohi dira. Anbiguotasuna presente izaten da bertso asko eta askotan, bertsolariak ez duelako zalantza argitu nahi edo zalantzaz ez delako ohartu ere egin edo zalantza hizkuntza batetik besterako jauzian sortzen delako.

a - Euskaratik

Bertsoak itzultzen jardun dudanetan, euskarak dauzkan berezko forma eta ezaugarri guztien artean, buruko min handienak hizkuntzaren berezitasunak izaten dira:

Gorostidirenean
izan naiz goizean,
nire izena han zuen
zerrenda luzean,
zehazki beste hamar
izenen atzean
ta bat baino ez zen sartzen
aldi bakoitzean...
berdina izango al da
zerura sartzean?

Ohiko interprete-jardunean agertzen diren trabak izan arren, atal honetako hitz eta hitz-kateek zailtasun gehigarriak dituzte bertso-itzulpenean. Esaterako, goiko bertsoko lehenengo lerroan ageri den Gorostidirenean horrek itzulpen erraz samarra du (en donde Gorostidi), baina interpretazio zaila (¿en donde vive, trabaja, atiende, despacha o... qué?). Noski, itzultzaileak ez baitu zertan jakin Anjel Maria Gorostidi Athletic Futbol Taldeko medikua izan zenik garai batean. Bertsoa Bilboko taldeko jokalari baten ahotan jarriz gero, esanak zentzua izango luke.

Batek baino gehiagok pentsatuko du arazo hori interpretazio arruntean ere izaten dela, baina zailtasun erantsiak bi dira gutxienez bertsoen kasuan: batetik, interpreteak ezin du Gorostidi itzuli gabe utzi edo bestela interpretatu (el médico), ez baitakigu bertsolariak zer aipatuko duen hurrengo bertsoan (eta izen soil bat bertso oso baten estrategia komunikatiboaren oinarria izan daiteke); bestetik, denbora azkarrago pasatzen da bertsoen itzulpenean, eta forma eta edukia zehaztasun ezetik abiatuta eta presaka itzuli beharrak esan osteko interpretazioa lehenesten du bitartekaritza metodo gisa. Izan ere, bertsoen aldibereko interpretazioan agertzen den zailtasun nagusia antizipazioa ohi baino arriskutsuagoa izatea da eta horregatik esan ostekoa da alternatiba bakarra.

Bestalde, badira kasu aipagarri batzuk:

  • kulturgintza, euskalgintza edo ipuin kontalaritza gisako kontzeptuak perifrasian itzuli beharrak neurriaren mugak apurtzen ditu.
  • jardun, zertu, ibili eta ari moduko aditzak testuinguruaren bitartez baino ez ohi dira ulertu. Gehienetan aditzok zehaztu egiten ditugu itzulpena egiterakoan, baina bertsolariaren estrategia komunikatiboa anbiguotasuna sortzea izan baldin bada, bertsoak zehaztu ez duena zehazteke utzi behar du interpreteak.
  • hitanoa.
  • euskalkiak.

b - Gaztelaniara

Irratiak eman zuen

elur-jauzien abisu,
baina zuk ametsarekin
horrenbeste konpromisu
bazendun, ta holakotan
egoskor bat dirudizu;
aurrera segiko zendun,
beti egin dezu berdintsu.

Bizitzan ilusioa
herioren paradisu.
Gero arte esaten ere
ez didazu utzi, aizu;
ta zuri azken hitz batzuk
esan nahiean naukazu,
karta bat egingo dizut,
akaso jasoko dezu.

Maialen Lujanbio.
2001eko Txapelketa Nagusia.


 
pero tú estabas tan
comprometid@ con tu sueño
y en esas ocasiones
te pones muy terc@
...

Ezbairik gabe, bertsoak gaztelaniara itzultzean sortzen diren arazorik handienak generoak dakartza. Maialen Lujanbioren goiko bertsoa horren adibide argia da[1]. Maialen hildako lagun bati kantatzen ari zaio, baina hiru bertsotan, hogeita lau puntutan ez digu esaten lagun hori neska ala mutila den. Estatistiken arabera mutila izan beharko luke agian (Himalaiara joandako mendizaleak kontuan hartuta), baina bertsoen kasuan ez dago estatistikarik.

Idatziz a bildua erabil liteke konponbide gisa (eta gauza handirik ere ez da konpontzen, suposatzen baita Maialenen laguna ez dela neska eta mutila izango), baina ahozkoan erabaki beharra dago. Terco edo terca?

Bestela ere, gaztelaniarako jauziak arazo berezi batzuk ditu. Esaterako, euskarazko izen sintagmako elementuen ordena gaztelaniakoaren ordenaren kontrakoa da. Horrek ere antizipazioa bultzatuko luke aldibereko interpretazioan. Bestalde, gaztelaniaren aditz konposatuak luzeegiak izan daitezke bertsoen azpitituluetarako, aurrerago aztertuko dugun moduan.

b) Bitartekaritzaren mugak

Kultura edo errealitate batetik besterako saltoa are handiagoa da hitz-jokoz, bigarren zentzuz eta abarrez betetako diskurtsoa hizkuntza batetik bestera pasatu behar denean.

a - Kulturemak

Neska gorputz batean
deitu arren Nahia
mutila izatea
zen neronen nahia;
hargatik egin nuen
Houstona bidaia,
berriro jaiotzeko
banuen garaia:
gabon neba maitea,
egunon anaia!









¡Buenas noches hermano (de hermana),
buenos días hermano (de hermano)!

Neba, arreba, txotx! eta euskal labela duten beste hitz batzuek interpreteen bekainak altxatzen dituzte bertsotan zein ez. Zer egin halakoetan? Neurriak ez baldin badu mugarik, onena beharrezkoak diren azalpen guztiak ematea da.

b - Erreferentzia soziokulturalak


Gisatua izan da
gozo ta beroa
baina zalantzatxo bat
argitzera noa:
mahai gainean dagoen
botila mordoa
ez ote da izango
(galdera hor doa)
iazko Nafarroa
Oinez-eko ardoa?






¿El montón de botellas
que hay sobre la mesa
no será
(ahí va la pregunta)
vino del Nafarroa Oinez
del año pasado?

John Miles Foley ikerlari estatubatuarra Euskal Herrira etorri zen azken aurreko aldian, 2004an, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Barañainera gonbidatu zuen Maialen Lujanbio eta Sustrai Colinaren bertso-afari batera. Libreko saioaren une batean, Sustraik goiko bertsoaren antzeko zerbait kantatu zuen[2]. Edozein euskal herritarrentzat aski ulergarria izango litzateke bertsoaren muina. Missouri Columbiako Unibertsitateko irakasle batentzat, aldiz, mami berberak hurrengo bi bertsoak galtzeko ulergaiztasuna baino ez dakar. 2003ko Nafarroa Oinez eguna Irunberrin izan zen, euriak jaialdia hondatu zuen urte hartan. Horren ondorioz, jende askok huts egin zuen Nafarroako Ikastolen edo itundutako heziketa zentro pribatu euskaltzaleen festara eta egun hartan edateko ziren botila asko eta asko edan gabe gelditu ziren, eta Sustrairen ustetan, botila haiek Barañainen hustuko ziren.

Zer egin halakoetan? Gehiegi izan gabe, komeni da kanpotarrari azalpen guztiak ematea, posible izanez gero bertsoen haria galdu gabe.

c - Baliabide linguistikoak eta poetiko-erretorikoak

Nahiz eta ibili geran

argi eta zuzen,
erre baino lehenago
isildu gaitezen.

Jon Maia


...
callémonos
antes de que...

Hitz-jokoak, metaforak eta halako berba-jostailuak sarritan agertzen dira bertsoetan. Interprete edo itzultzaileak, irudimenak eta zorteak ahalbidetzen dioten neurrian, egitura baliokideren bat bilatu beharko luke xede hizkuntzan, eta posible izango ez balitzaio, itzulpen komunikatiboa egin dezala.

Goiko bertsoan, esaterako, Jon Maia erre gabeko zigarreta bat zen Andoni Egaña erretako zigarretaren ondoan. Kopla saio ederra egin ondoren, bertsolari zumaiarrak horrela amaitu zuen elkarrizketa. Itzulpenak zortziko txiki baten neurrira luzatu zen gutxienez.

Traidoretik sortzailera

Argi dago bertso-itzulpengintzan traizioa ezinbestekoa dela. 2005eko uztailean Kubako Las Tunas herrian izandako inprobisatzaile topaketetan bertsolaritzak Ainhoa Agirreazaldegi eta Jon Martin izan zituen enbaxadore. Hemengo eta hango adituek «itzulpen poetikoa» egiteko eskatu zidaten, esan osteko interpretazio artistikoa egiteko. Esperimentuak gaseosarekin egin behar direla eta, Kuba leku aproposa iruditu zitzaidan. Hasierako agurra aldez aurretik esateko eskatu nien bertsolariei, lehen itzulpenak erdi prestatuta izateko. Azken saioko azken agur batek honela zioen:

 

Bukatu da gure gala,
oroitzeko eginahala
Jaunak permiti dezala.
Inoiz hondartzan sentituz gero
itsasoaren kresala
oso maitekorra dala,
hartzazue berehala
besarkada bat bezala.
Ya se acaba nuestra historia

y he de pedirle a Dios
que permita que mi voz
se grabe en su memoria.
Y si en esta isla de gloria
algún día en la playa
sienten cariño en la brisa del mar
será que desde el Golfo de Vizcaya
el País Vasco les quiere abrazar.

Formaren edertasuna erdi traizionatuta edukia ere erdi traizionatzen da. Horren ondorioz, interpreteak traidore eta sortzaile izan behar du. Goiko kasuan itzulpenak Kubako dezimaren imitazio izan nahi du, euskarazko neurriek gaztelaniaren azentu tonikoa kokatzeko zailtasunak sortzen baitituzte. Dena den, adibidean ikus daitekeenez, sasi jatorrizko edukiarengatik silaba kopurua eta egitura ere traizionatzen dira.

Ofizioen atalean, ordea, ezin egin zitekeen tranparik. Hortaz, paper zuriaren eskuineko ertzetik hogei bat zentimetrora marra zuzen bat egin nuen goitik behera eta publikoak proposatutako gaia entzun nuen[3]: «Bata txakurra izango da eta bestea txakurraren jabea. Jabeak ez dio jaten ematen txakurrari.»


Baraualdi asteak
pasatu dira bi,
zuk izan behar zenuke
neronen zaindari.
Ez badidazu ematen
janari ugari
haginka egingo diot
zure eskuari.

Ainhoa Agirreazaldegi

Dos semanas en ayunas
sin un hueso que roer.
Tú deberías cuidarme,
deberías ser mi amo.
Pero si no me das
mucha carne que comer
no me quedará más remedio
que morder tu mano.

Itzulpenak ez du neurririk errespetatzen eta gutxieneko errimaren egitura ABAB tipokoa da, bertsoaren puntuen arabera antolatuta. Kontuan hartu behar da esan osteko interpretazio errimatua bertsoa amaitu eta berehala entzun zuela publikoak. Horrek edukiaren traizioa eskuzabalagoa egiten du. Bertso-aldiak etengabe aipatu zituen jabearen eskua eta txakurraren gosea.

Esan osteko interpretazio poetikoa egiteko lan-metodologia nahiko sinplea erabili nuen. Eskuin aldeko marraren ezkerrean bertsoan esandakoak idazten nituen notazio-teknikak erabiliz eta aldi berean hitzen kategoriei erreparatzen nien:

  • Aditzek gaztelaniaz -ar, -er ala -ir bukaerak baino ezin dituzte izan (infinitiboan eta konjugazioak era askotan antzekoak dira). Horrek errimak bilatzeko sistema errazten du.
  • Aditzondo guztiek normalean -mente bukaera izan dezakeen sinonimorik izaten dute. Ez da errima aberatsegia, baina errima da.
  • Izenondoekin ere atzizki batzuk izan behar dira kontuan: -ble, -it@, -isimo, etc.

Gainerako kategorietan ez dago aparteko trikimailurik. Agian horregatik ahalegintzen naiz izenei izenondo substantziarik gabeak jartzen, edota izen soilaren karga semantikoa izena + izenondoa batuketan adierazten. Halere, itzultzaileak jakin behar du aukeraz baliatzen mano eta amo gisakoak agertzen zaizkionean. Edozein kasutan, epe laburrera egindako itzulpen poetikoan zein esan osteko interpretazio artistikoan, itzultzaile eta interpreteak gaztelaniazko errimategia lantzea oso gomendagarria da.

Traidoretik zorgilera

Bertsoak itzultzeko forma irizpidetzat eta edukia abiapuntutzat hartzen dituen traidoreak sortzaile izan behar badu, edukia irizpidetzat eta abiapuntutzat hartu eta forma galdu egiten dituena jatorrizkoarekin zorretan gelditzen da. Hala ere, formaren galerak ez dirudi hain larria bertsoa komunikazio eta komunikazioa eduki dela uste dutenentzat. Halakoetan aldibereko interpretazioa posible izaten da.

Anaia-arrebok ez otoi pentsa
hemen gustura nagonik
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ez bazerate kontentu
errua ez daukat ez nik,
txistuak jo dituzute baina
maite zaituztet oraindik.

Hermanos y hermanas, no penséis
que estoy a gusto aquí,
preferiría estar
mirando desde un lado.
Si vosotros no estáis contentos
la culpa no es mía,
me habéis abucheado pero
todavía os quiero.

Egon litezkeen interpretazio eta termino ezberdinak alde batera utzita, itzulpen mota arazo ezberdinak ditu interpretazio motaren arabera:

  • Aldi bereko interpretazioa: interpretazioak oso hitzez hitzekoa izan behar du. Goiko kasuan, esaterako, ezingo genuke poz gehiago izango nuen preferiría esanda itzuli, gerta bailiteke bertsolariak poza ardatz hartzea hurrengo bertsoan (goikoak, ordea, ez zuen izan erantzunik).
  • Esan osteko interpretazioa: interpretazioa parafrasikoagoa izan daiteke, baina esaldien karga semantikoa mantentzea itzulpena bezain garrantzitsua izan daiteke. Kontuan hartu beharra dago euskara ulertzen ez duten entzuleek askotan ez dutela txalo jotzen bertsoa entzun ondoren, baizik eta itzulpena entzun ondoren. Horren ondorioz, bertsoak entzulearengan izango lukeen eragina ere itzuli behar da, entzuleak igarri dezan noiz hasi behar duen txaloka.

Bertsogintzaren bilakaerak itzulpenean eragindako aldaketak

Gaur egungo bertsolaritzaren korrontearen erruz, badirudi bertsoen eragina transmititzea gero eta zailagoa dela. Garai bateko bertsolaritzak azken puntua erabiltzen zuen ideia nagusia azaltzeko. Nolabait esateko, lehengo bertsolaritzaren azken puntuak sententzia autonomoak ziren, esaldi batean adierazten ziren ideiak. Bertsolariak azken puntuan kontzentratzen zuen kantuan hasi aurreko gogoetaren prozesu osoa.

Ari naizela, ari naizela
hor ikusten dut Txirrita
eta nor ez da harrituko gaur
gizon hori ikusita.
Dudarik gabe egina dio
andregaiari bisita,
oso dotore etorri zaigu
bi alkandora jantzita.

Pello Errota

Hauxe da lotsa eman didana
gizon artera sartuta
edozein gauza esaten degu
ardo tantokin puztuta.
Bi alkandora ekarri ditut
bat eranstea ahaztuta;
Pellok bi nola jantziko ditu
bat besterikan ez du ta!

Txirrita

Pello Errotaren eta Txirritaren arteko bertso-gudu honetan ikus daitekeenez, hirugarren puntuak laugarrenekoaren kolpea bideratzeko balio du eta laugarrenak bertsoaren eduki nagusia azaltzen du. Gaur egungo bertsoetan, berriz, azken puntuek askotan ez dute zentzurik bertsotik kanpo. Esan daiteke egungo bertsolaritzan lehengo azken puntuen distira bertso osoan zehar zabaltzen den aldamioa dela. Horren adibide[4]:

Urgentzitako gela txiki hau
nola izan inoren poza?
Giro atsegina topatzeko ere
ez da toki aproposa.
Nire ondokoak sufritu ei du
akzidente baten bortxa
eta barrengo minetan dago
bestaldeko hanka motza.
Pareko amonak barruan dauka
bere beldurraren hotsa
ta hango neskak dantzan dabilki
izu batean kokotza...
Gela berde hontan juntatzen dira
bizitza ta heriotza.

Maialen Lujanbio.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2003


Azken puntuaren indarra aurreko puntu guztien praktikan oinarritutako teorizazioa da. Independenteki aski indartsua da, baina bertso osoaren testuinguruarekin askoz indartsuagoa da; are gehiago, esango nuke koadroaren edertasuna lehen sei puntuetan dagoela. Hortaz, itzulpenak arreta handiz zaindu beharko du bertso osoa, aldamioak ez baitu beti izango azken puntu sendorik.

Bertsogintza: ariketen araberako interpretazio mota

Bertso-saio batean ariketa paradigmatikoak eta sintagmatikoak egon daitezke eta ariketa motaren arabera interpretazio mota ezberdinak erabil daitezke:

  • Paradigmatikoek gaia ezartzen dute bertsotan egiteko: bakarkako gaiak, ofizioak, etab.
  • Sintagmatikoek bertsoaren ezaugarriren bat aztertzen dute: oinak, lehen puntua, azkena, etab.

Ariketa paradigmatikoak ez ditugu berriz aztertuko, orain arteko azalpenak horietan kokatu baitira.

Ariketa sintagmatikoak:

Batzuetan gai-jartzaileek bertsolarien trebetasunak neurtu nahi izaten dituzte eta horretarako ondoko ariketak erabiltzen dituzte:

Oinak emanda

Bertsolarien asoziazio gaitasuna neurtzeko balio du lau oin emanda bertsoa osatzeko ariketak. Interpretazioak ez du zailtasunik aldiberekoa izateko, baina gaztelaniaz oinek errimatuko ez dutela pentsa daitekeenez, itzultzaileak euskarazko oinak errepikatu beharko lituzke, bakoitzari dagokion baliokidea emanez.

Hasierako puntua emanda eta azkena emanda

Helburu ezberdinak dituzten arren, puntuak ematen dituzten ariketek ez dute zailtasun berezirik sortzen itzulpenerako, ez bada argi utzi beharra dagoela zer esaten duen gai-jartzaileak eta zer bertsolariak. Hori argi uzteko beharrezkoa balitz aparteko azalpenak ematea, zilegi bedi.

Puntuka

Bertsolariek puntu bana kantatzen dute bertsoa osatu arte. Ariketak dauzkan zailtasun guztien artean, bi dira nabarmenenak:

  • Azkartasuna: bertsolariek oso azkar jarduten dute puntuka eta oso erraza da haria galtzea. Bestalde, bertsoen artean ez da izaten esan osteko interpretaziorik egiteko denborarik. Hortaz, aldi bereko interpretazio laburrak edo saio osteko interpretazio-laburpenak baino ez posible.
  • Betelana: gerta daiteke bertsolariak eduki substantzialik ez duen hamahiru silabako punturik botatzea. Nola interpretatzen da ezer esaten ez duen esaldi bat? Mamirik gabeko bertsoen arriskuak esan osteko interpretazio-laburpenak egitera garamatza.

Terminologia teknikoa

 

EUSKARA GAZTELANIA FRANTSESA
Bertso-saioa Actuación de bertsolaris Représentation de bertsolaris
Hasierako agurra Bertso de salutación Bertso de bienvenue
Bukaerako agurra Bertso de despedida Bertso d'adieux
Bakarkako gaia Intervención temática en solitario Intervention thématique en solitaire
Bertsogintza Bertsolarística Création bertsolaristique
Bertso-afaria Actuación de sobremesa Dîner avec représentation de bertsolaris
Bertsopaperak Hojas volantes de bertsos Bertsos écrits sur des feuilees volantes de papier
Betelana Relleno Travail de remplissage
Bukaera emanda Final forzado Final forcé
Doinua Tonada Air
Gai-jartzailea Conductor / Guionista Meneur de jeu
Hamarreko handia Hamarreko mayor Hamarreko majeur
Hamarreko txikia Hamarreko menor Hamarreko mineur
Kartzelako lana Cárcel-intervención Travail post-carcéral
Oina Pie Pied
Poto Poto Poto
Puntua Punto Point
Puntua emanda Arranque forzado Démarrage forcé
Puntukako saioa Intervención a punto corrido Intervention à point suivi
Zortziko handia Zortziko mayor Zortziko majeur
Zortziko txikia Zortziko menor Zortziko mineur

Joxerra Garziak, Jon Sarasuak eta Andoni Egañak Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak liburuan proposatutako terminologia izan da bertsoen interpretaziorako erabili dena. Goiko zerrendako terminoen artean bi motatako arazoak ageri dira:

  • Maileguak: entzuleentzako ulertezinak, erdal dimentsioetan baliokiderik gabeak diren terminoak errezeloz zabaltzen dira publiko berriaren artean (poto, zortziko handia, etab.). Denborak digeritu beharko ditu.
  • Erdal termino teknikoak: erdarek ere badituzte inprobisazioak eta inprobisatzaileak. Gaztelaniaren kasuan, errealitate horien terminoak egokitzat jo dira erdal dimentsio guztietarako baliokide izateko (arranque forzado, adibidez). Horrek ere badu digestio beharra.

2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

2005eko abenduaren 18an Barakaldoko Bilbao Exhibition Center erakustazokaren Bizkaia arenan bertso-saio batean inoiz izan den interprete kopuru handiena izan zen. Zortzi bertsolarik goizez eta arratsaldez egindako konferentzia kantatuak aldibereko interpretazio-zerbitzua izan zuen gaztelaniara eta ingelesera eta ETB2rako programa berezi baterako bat-bateko itzulpengintza-zerbitzua.

Aldi bereko interpretazioa

Lourdes Auzmendik eta Bego Montoriok euskaratik gaztelaniarako kabinan eta Vidal anaiek ingeleserakoan zortzi orduko lan ederra egin zuten. Euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik ingelesera, Shakespeare-ren hizkuntzara. Euren zereginaren zailtasun motak orain arteko lerroetan ageri dira.

Bat-bateko itzulpengintza

ETB2rako programaren azpitituluez arduratzea ez zen batere lan erraza. Arratsaldeko saioaren lau orduetatik ordu eta erdiko programa duina atera behar zen. Zerbait berria zen, sekula egin gabea:

  • Itzulpenak txapeldunaren azken agurra kantatu eta ordu betera prest egon behar zuen. Saioaren emisioa gaueko hamaiketan zen eta arratsaldeko saioaren aparra bederatziak aldera baretu zen.
  • Grabazioak emititu aurreko moldaketak behar zituen; azpitituluak, besteak beste, orduan erantsi behar ziren.
  • Jon Sarasuak eta Julio Ibarrak saioa komentatu behar zuten erdaraz. Eurek egindako itzulpenak azpitituluekin erkatu beharra zegoen.
  • Gai-jartzaile taldeak, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenago, gaiak eman zizkigun gaztelaniara itzulita.

Azken unera arte ez genuen jakin nola antolatuko genuen «itzulpen-bulegoa». Hasiera batean Joseba Urkiak eta biok bertsoak interpretatu eta inork azpititulutara pasatuko zituen. Arriskutsua zirudien, baina finala amaitu eta berehala emititzen hasteko bide bakarra hori zen. Mesede zein kalte, azkenean saioa ordu pare bat beranduago emitituko zela erabaki zen.

Orduan, azpitituluak idazteko honako lantaldea osatu genuen: Juanjo Pagola eta Joseba Urkia interpreteak, Amaia Agirre bertsolari eta bertso-transkribatzailea (Hitzetik Hortzera saioan lan egiten du), gaztelaniazko mekanografo bat eta ni neu neroni testu definitiboa zuzentzeko.

Pagolak eta Urkiak, kabinan sartuta, bertsoak entzun eta hitzez interpretatzen zituzten. Hitzok mekanografoak idazten zituen eta niri pasatzen zizkidan, Amaia Agirrek transkribatutako jatorrizko bertsoekin batera. Orduan, biak erkatzea zen kontua, hori baino ez.

Goizeko saioaren bukaeran proba-saio bat egin genuen eta emaitza ez zen hain ona izan. Esperientzia falta sumatzen zen taldean. Ekipo izango ginen horretan oso ondo egiten genuen bakoitzak gure lana, baina katea ez zen egokia. Interpreteen esanak luzeegiak ziren askotan eta mekanografoak paragrafoka idazten zituen bertsoak, puntuak eta komak edonon jarriz. Ondorioz, bi hiru lerroko letra multzo haiek Amaia Agirrek emandako bertsoekin alderatzea ez zen bakarrik azken zuzenketa egitea:

  • Gaztelaniazko paragrafoak bertsoaren egiturara itzuli.
  • Egitura kontzeptual erdalduna euskarazkoarekin erkatu.
  • Lerro bakoitzean berrogei kolpekada baino gehiago ez zegoela baieztatu.
  • Bertsoaren mamia egokitu.
  • Testua zuzendu.
  • Gaztelaniazko bertsoa bi lerroka banatu azpitituluetarako.
  • Horren ondorioz, elkarrekin hitz egin eta traba horiek gainditzeko bidean jarri ginen.
  • Epaimahaiak bertsoaren balio komunikatiboa eta balio estetikoa neurtzen ditu, labur esanda. ETB2ko programan azaldutako azpitituluek bertsoaren balio komunikatiboa islatzen zuten, baina jatorrizko bertsoen balio estetikoa ez zen inon ageri. Jon Sarasuak «hurbileko itzulpen» gisa definitu zituen azpitituluak. Izan ere, bertsoaren indarra euskarak ematen dion formulazio linguistikoan ageri da, errima, hitz-joko eta abarren balio estetikoak balio komunikatiboaren baturan.

Halere, gu benetako itzulpena egiten saiatu ginen.

Unai Iturriaga, eres profesor/a en un curso nocturno para adultos. Tienes frente a ti a una docena de personas. Están cansadas, pero tienen ganas de aprender.


Berriro ere klasean
bueno, zer moduz gabiltza?
Kaixo Omar, aspaldiko!
Etorri zara, Aritza!
Klasea nahiz eta dugun
igual kutrea ta hitsa,
zuen begietan dago
ikasi nahiaren printza

Zein etxeko lan gogorrak,
fabrikakoa bortitza...
Lana bukatu ta gero
hona praktika ta mintza!
Euskeraz egin nahi hori
zuen geroko bizitza,
hori ez da subjuntibo bat,
hori da lehen baldintza.


Una vez más en clase,
bueno, ¿Qué tal andamos?
Hola, Omar, ¡Cuánto tiempo!
Tú también has venido, Aritza.
Tal vez el aula sea
bastante cutre y triste, pero
vuestros ojos reflejan
ganas de aprender.

Qué tareas tan duras
en casa, en la fábrica...!
Y al salir del trabajo
venís aquí a practicar.
Ese deseo de construiros
un futuro en euskera,
eso no es subjuntivo,
eso es una condición imperativa.

 

Unai Iturriagak azken faseko kartzelako lanean botatako lehenengo bertsoak zailtasunak nahi adina zeuzkan. Nabarmenenak bi:

  • Elipsia: Habaneraren azken lau puntuetan bi aditz jokatu baino ez daude, eta biak azken puntuan biltzen dira. Gaztelaniaz zail samarra izanik hainbeste gauza esatea aditzik gabe (modu naturalean), ezinbestekoa izan da behintzat bat gehiago sartzea (venís). Elipsia oso normala da bertsotan eta interpreteak jakin behar du ezkutuko aditz horiek azalerazten.
  • Azken puntua: Euskeraz egin nahi hori zuen geroko bizitza, hori ez da subjuntibo bat, hori da lehen baldintza. Esaldi hori bertsoaren mezu nagusia da. Ondoriozta genezake, beraz, bertsoa egitura tradizionalekoa dela. Hitz gakoak lehen baldintza dira kasu horretan. Nola mantendu aditzak identifikatzeko eskolako ariketaren eta euskaldun izateko ezinbesteko pausoaren hitz-jokoa? Horra gure neuronen uzta.

Gaia gaztelaniaz jarri izana ez da adar jotzea, sortutako arazoak komentatzeko aitzakia baizik. Lehenago azaldu bezala, gaiak saioa hasi baino pixka bat lehenago jaso genituen, gaztelaniara itzulita. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaren seriotasunak ez zion lehenago emateko baimenik eman gai-jartzaile talde arduratsuari. Maialenek txapeldun izateko berdintasun eskubidea zuen unetik gai guztiek a bildua edo «barra eta a» formulak erabili behar zituzten. Gainera, gizon bertsolari batek irakasle izan behar duenean, gaiak aukera emanez gero, posible du gizona zein emakumea izatea, euskarak ez baitu generoa definitzen.

Gaien beste zailtasun bat aspektua da.

Jon Maia e Igor Elortza: seréis trabajadores de la construcción. Hace pocos minutos uno de vuestros compañeros se ha precipitado al vacío y ha muerto. La ambulancia que vino a recogerlo ha apagado sus luces.

Anbulantziaren aspektutik harago, deigarriena hasierako aditza da. Nola itzuli beharko litzateke, sois ala seréis? Biak zilegiak izan arren, orainaldikoa hurbilago dago jatorrizkotik eta etorkizunekoak fikzio edo irrealtasunaren tokea ematen dio, ikus-entzuleek hobeto uler dezaten begien aurrean gertatuko dena. Hala ere, normalean orainaldia erabiltzen da.

 

Beti gaude estu-estu,
altura eta arrisku,
ta berriz ere langilearen
aurpegira txistu.
Egin nahi det zenbait juzku,
ia ezin det sinistu:
anbulantzia itzaldu da ta
bera ez da piztu.

Jon Maia
Siempre tan apurados,

tanta altura, tanto riesgo
y una vez más se escupe
a la cara del trabajador.
Quiero juzgar algo
de lo que no doy crédito:
la ambulancia se ha apagado
y a él no se le ha encendido la vida.

 

Ta piztu ote liteke?
Badaukat duda dexente.
Begira daude lau segundutan
Ehun ta piku jente.
ta gu nola egon tente,
ez dugu ordaintzen merke!
Etxebizitza hutsak egin ta
hilobiak bete.

Igor Elortza
Pues tengo serias dudas
de que pueda resucitar.
En cuatro segundos hay
más de cien personas mirando
y nosotros, ¿Cómo seguimos de pie?
Lo pagamos muy caro:
Construimos viviendas vacías
y llenamos tumbas.

 

Gaiak bideratutako argien ideiak Jon Maiaren bertsoa oinarritzen du. Hitzaren bi zentzuak, aldiz, aurkigaitzak dira gaztelaniazko hitz bakarrean. Denbora laburrean emandako baliokidea tranpa txikia da, piztu hitza bi aldiz agertzean bertsolari bakoitzaren testuan, bakoitzari esanahi bat emateko aukera baliatu delako. Bide batez, aipa dezagun bertso bietan askotan subjektuak agertu gabe uzten direla; itzulpenean, ordea, erantsi egin dira.

Pentsatu zenbat hitz-joko, metafora, zentzu-biko esaera eta berba-jolas egon zitezkeen hain plazakoa izan zen saio batean! Eta batzuetan bertsolariaren esana zuzendu ez bada egokitzeko premia ere sortzen da.

...
Eta gauza bat bururatu zait
hau jartzea buruz behera
nor-nori-nork hau nabarmena da
zuek, ni eta euskera[5].

Andoni Egaña

...

esta claro que en esta frase
el sujeto sois vosotros, el agente soy yo
y el objeto es el euskera.

 

Bat-bateko itzulpena zehaztu, azpitituluen programan sartu eta azkenik pantailan azaldu zen gure lana. Hurrengora begira, komenigarria litzateke itzulpen-katearen azken atalean bi pertsona egotea: bat gaztelaniazko testua egokitzeko eta beste bat testua zuzentzeko.

Itzultzaile bertsolariaren kode deontologikoa

Bertsoak itzul daitezkeen galdetzea baino, interesgarriagoa bertsoak itzultzea merezi duen galdetzea izango litzateke. Galera nabarmena da, baina bertsolaritza urruneko lehengusu-lehengusinak ezagutzen ari den garai honetan, baserrian jaiotako ohiturari komeni zaio itzultzaileren bat hurbil izatea beti. Hala ere, bertsolaritzak jakin beharko du itzultzaile horrek egiten duen ahalegin onena izanda ere, sekula ez duela lortuko berak nahi duena nahi duen bezala esatea; horregatik, ordea, ez da geldituko lagun berriekin hitz egin gabe.

Gainera, ondoko baserrian bertan beste hizkuntza batean mintzatzen diren kanpotarrak bizi dira. Mendeetan ez diote elkarri kasurik egin eta bakoitza bere dimentsioan bizi izan da, elkarren existentziaren berri izan gabe ere. Aitzitik, bada garaia konturatzeko biak auzo, herri, eskualde, probintzia eta herrialde berean bizi direla, eta biek osatzen dutela euren ekosistema. Ez dakite zer emango dion batak besteari, baina biak aberatsago sentituko dira, seguru.

 

Mahomak bere mendia dakar
Euskal Herriko Mecara,
bertsotan jardun asmotan datoz
Osama zein Sam osaba.
Upel artean Pepsi, kafe, te,
mate, ron eta queimada...
Denak ezberdin emanagatik
batzuen begietara,
mila hizkuntza, mila kultura,
baina arima bera da.

Xabier Payá

Una montaña junto a Mahoma
aquí su Meca reclama,
tal vez veamos cantando juntos
al Tío Sam y a Osama.
Escanciaremos Pepsi, café, té,
y toda una amplia gama...
Aun pareciendo tan diferentes
si nos miramos con calma,
miles de lenguas y de culturas
pero una sola alma.

Xabier Payá

 


Oharrak

1. Gaia: Zure lagun min bat hil zen joan den astean Himalaian. Gaur jaso duzu berak handik bidalitako postala.

2. Saioa ez zen grabatu.

3. Atzerriko emanaldietan aukera ematen zaio publikoari gairen bat edo beste jartzeko, bertsolaritza bat-batekoa dela frogatzeko.

4. Gaia: Ospitaleko itxarongelan zaude, sendagilea noiz helduko zain.

5. Unai Iturriagari gorago jarritako gaia dagokio bertso bukaera honi.