| EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH | ||
![]() ![]() |
||
| Albisteak Argitalpenak Jarduerak Tresnak Elkartea Itzulpen katalogoa Intranet | Mapa |
|
HEMEN ZAUDE: EIZIE » Argitalpenak » Senez » Senez 32 (2007) » Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô. Buson, Issa eta Xiki - Ibon Uribarri |
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
Data: 2008ko otsaila Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô. Buson, Issa eta Xiki - Ibon UribarriIdazki honetan lau haikulari japoniarren haikuak eskaintzen ditugu euskaratuta, eta aurretik poesia forma berezi horri buruzko informazio pixka bat eman nahi dugu sarrera moduan. Poesia forma horrek tradizio luzea du Japonian eta, aldi berean, oso zabalduta dago egun ere: egunkarietan argitaratzen dira, aldizkari espezializatuak daude, bidaiak antolatzen dira haikuaren historiarekin lotura duten tokietara, etab. Gainera, hain berezia den poesia mota honek Japoniako mugak gainditu ditu aspaldidanik, eta hainbat toki eta hizkuntzatan sortzen dira haikuak gaur egun. 1900 ingurutik aurrera, EEBBetan eta Frantzian zabaldu zen eta eragina izan zuen modernismoan eta garaiko abangoardietan. Zabalkunde horren lehen lekuko nagusiak Chamberlain (Basho and The Japanese Poetical Epigrama, 1902; Japanese Poetry, 1911), Chouchoud (*Aux fils de l’eau, 1905; Les épigrammes lyriques du Japon) eta Tablada (Un día…, 1919; El jarro de flores, 1922) izan ziren. Hala ere, bigarren mundu gerraren ondoren etorri zen haikuaren nazioarteko hedakuntza handia: bidegile nagusiena R.H. Blyth izan zen (Haiku, lau liburutan, 1949-1952). Ondoren haikuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira, eta interesgarriago den gertakari bat ere ezagutu dugu, alegia, forma poetiko hori produktiboa bihurtu dela beste hizkuntzetan. Gertakari horren lehen une batzuk aipatzekotan, Kerouac-en The Dharma Bums* (1958), eta ondoren Ginsberg, Borges, Paz eta abarren lanak aipatu beharko lirateke. Egun hainbat hizkuntzatan sortzen dira haikuak eta haiku elkarte ugari dago herrialde askotan. Gurean Juan Kruz Igerabide izan da batez ere forma poetiko honen erabilera zabaldu duena. Haikuaren historia Aspaldi kokatzen da poesia mota honen iturria. 712 urteko Kojiki, 720 urteko Nihon xoki eta 771 urteko Manyoxu poesia bildumetan wakak (edo tankak) jasotzen dira, hau da, poesia japoniarrak, garai horretako eredu txinatar nagusiari atxikitzen ez zitzaizkionak, beraz. Geroxeago, horien aldamenean poesia forma arinago bat agertu zen, haikai no renga, 5-7-5 eta 7-7 silabako egitura duen bertso herrenkada. Beste poesia mota hau finkatu zutenak Yamazaki Sokan (1465–1553), Arakida Moritake (1473–1549) eta Matsunaga Teitoku (1571–1653) izan ziren. Festa eta bilkuretan norbaitek lehen zatia sortzen zuen eta beste batek bigarren zatia osatzen zuen, eta gero prozesua luze errepikatzen zen. Egile bakar batek sortutako rengak ere ezagunak ziren, eta horrela Ihara Saikaku idazle ezagunak 1684 urtean Ôsakako Sumiyoxi ermitan 23.500 bertso lotu omen zituen egun batean. Garai batzuetan tonu satiriko edo isekaria izan zuen poesia forma honek wakaren aldean, eta senryu izena hartu du bide horrek. Baina beste batzuek haiku poetikoak ere egiten zituzten eta horrela poesia forma hau aro jakin batzuetan nabarmendu egin zen, bereziki Baxô-k egindako lanaren eraginez. Garapen horren ondorioz, haikai horien lehen zatia, lehen ahapaldi hori, hokku deitua (発句), beregain bihurtu zen pixkanaka, eta Masaoka Xikik sortu zuen aurrerago haiku modernoa Meiji garaian, XIX. mendearen amaieran, hokku beregainak berariaz sortuz eta haiku (俳句) izena bera sortuz. Haikuaren egitura eta izaera Haikuaren lehen ezaugarria, agerikoena, 17 silabako bertso laburra izatea da. Gainera, 17 bertso horiek barne egitura bat daukate, 5-7-5 silabakoa1 eta, horrez gain, bi kolpe, hiru kolpe eta bi kolpez osatzen da barne egitura hori. Bestalde, beste ezaugarri batek markatzen du egitura hori, haustura hitz edo kireji delakoak. Lehen zatiaren edo, arrunkiago, bigarren zatiaren amaieran, sarri, haustura hitz hori agertzen da (ya, keri, kana, etab.), eta horrela poesia laburra bitan banatzen da eta gehienetan bi zati horien arteko kontraste bat eratzen da, eta horrela dinamismo berezi bat sortzen da hain laburra den egituraren barnean. Japonieraz haikuak lerro bakarrean idazten dira arrunki, goitik behera. Mendebaldean, egitura nabarmentzearren, hiru lerrotan idazten dira. Hemen jatorrizkoa lerro bakarrean emango dugu, goitik beherako ordena mantendu gabe. Horrekin batera, jatorrizkoa irakurri ahal izateko forma erromatarra (rômaji) eta itzulpena hiru lerrotan emango ditugu. Izan ere, batzuetan silogismo poetikoak dirudite haikuek. Semantikari dagokionez, haiku batek kigo (季語) edo urtaro hitz bat behar du, naturari erreferentzia egiten dion osagai bat. Urtaroak bost dira, udaberria, uda, udazkena, negua eta urteberria, eta ez datoz guztiz bat gure urtaroekin2. Kigorik gabeko haikuak ere badaude, muki, urtarorik gabeko haikuak dira. Haikuaren izaerari dagokionez, haimi aipatu behar da, haikuek sortzen dute giro edo aldarte berezia, estetika berezia. Waka poesiak gagen hitzaren bidez ezaugarritzen dira eta haikuak haigen hitzaren bidez. Waka lirikoa da, edertasuna du gai nagusi gisa, maitasuna, bizitzaren alderdi ilunak alde batera utziz. Haikua, berriz, egunerokotasunaren poesia da, eta oso lotuta dago naturari. Esaten da haiku batek errealitateko une bat jasotzen duela zuzen-zuzenean, margolari inpresionisten modura, une hori hausnartzeko betarik eman gabe gogoetari; sentsazio edo esperientzia bat iragartzen du haikuak, ez ulermen edo burutazio bat. Eta tonu ezberdinak biltzen ditu: sabi, edo bakartasun lasaia; wabi, edo tristura argia, txirotasun ederra; aware3, edo tristura nostalgikoa, etsipen onartua, mira; yûgen, edo bitxia, ezezaguna den zerbaiten bat-bateko agerpena. Une bateko irudian sentsazio bat ekartzen digu haikuak. Horregatik, haikuaren agerkera berezi bat haiga da, irudi batez hornituta aurkezten den haikua. Sinestesiaren efektua indartzen da horrela. Gehienetan egilea ez da nabarmentzen haikuan, baizik eta deskribatzen den egoera bera, egiten den esperientzia. Egileak egoerarekin, naturarekin bat egiten du, eta esperientzia horren mamia azaltzen du. Egile batzuengan budismoak ere badu zeresanik, baina transzendentziarik ez da aipatzen; estoizismoaren panteismoarekin luke antza. Naturarekiko loturan lortzen da perfekzioa, ez naturaren balizko gaindipen batean. Naturan islatzen dira gizakien bizitzaren gorabeherak, eta maiz eternala eta igarokorra dena jartzen dira aurrez aurre. 1946an Kuwabara Takeok zalantzan jarri zuen haikuen balioa. Galdeketa bat egin zuen: jendeari eskatu zion haiku anonimo onak eta txarrak bereizteko, eta itxuraz emaitzak ez ziren bat etorri kanonarekin. Ondorioztatu zuen edonork sor dezakeela haiku bat eta ez duela balio artistiko handirik, ez baitu lan handirik eskatzen; joko bat besterik ez litzateke. Kritika horrek, dena den, suspertze eta eraberritze bat ekarri zuen. Azken buruan, ezaguna da haikuak sentikortasun berezi bat islatzen duela, egitura eta osagai erabat sinple horiek erabiliz, hain zuzen. Hala ere, une horretatik aurrera bide berriak zabaldu ziren, eta haiku garaikidea anitza da, betiko bideari eusten dioten haikulariak badaude, baina berritzaileak ere bai, haiku askea erabiltzen dutenak, silaba kopurua zehazki kontuan hartu gabe eta kigorik gabe, kirejirik gabe, eta gaien aldetik ere kontu eta arazo garaikideak ukitzen dituztenak, naturarekiko lotura alde batera utziz. Horrela, sub-generoak ere sortu dira azken urteotan: scifiku, spamku4, etab. Maisuak. Lau haijin (haikulari) nagusi Lehen haikulari handia Matsuo Baxô (松尾 芭蕉), izan zen. 1644 urtean jaio zen Ueno inguruan Matsuo Kinsaku izenarekin, eta gero hainbat aldiz aldatu zuen izena artista japoniarren ohiturari jarraiki, behin betikoa aurkitu arte. Behe mailako familia batean jaio zen, baina gaztetxoa zenean, haikai maite zuela eta, tokiko jauntxoarekin batera hasi zen poesia mota hori jorratzen eta lehen argitalpen batzuk egin zituen. Hala ere, jauntxoa hil egin zen eta samurai bihurtzeko itxaropena baztertu eta herritik alde egin zuen. Geroxeago, Edo-ra (gaurko Tôkyôra) joan zen poesian aurrera egiteko. Berehala izen bat lortu zuen eta poesia eskola xume bat ireki zuen, bere jarraitzaileek eskaini zioten etxola batean. Etxolaren ondoan platano arrunta zegoen, eta hortik hartu zuen behin betiko izena, Baxô. Hala ere, ez zen gustura bizi hiri handian. Gainera, ama hil zitzaion eta etxola erre egin zen, eta ondorioz zen meditazioa egiten hasi zen, eta Edo utzi zuen; hurrengo urteak bidaiatzen igaro zituen neurri handi batean. Lau bidaia luzetan toki berriak ikusi, miresleak topatu, urtaroen joan-etorria behatu zituen garai hartan. Eta, noski, idazten jarraitu zuen. Bidaia liburu horietako bat, Oku no hosomitxi (奥の細道), japoniar literaturako lan nagusienetako bat da. 1689-91 artean 2.400 km inguruko bidaia egin zuen Japoniako ipar-mendebalderantz. Lanaren izenburua bi eratara uler daiteke: Oku-ra, hots, barnealdera, hau da, ipar-mendebaldera daraman bidezidorra, edo barnealdera, hau da, norberarengana daraman bidezidorra. Lanak prosan eta bertsotan idatzitako zatiak jasotzen ditu. Bidaien garai hori amaitu zuenean, Edon geratu zen beste etxola batean, eta lekua artisten bilgune bihurtu zen berehala. Baina nekagarri zitzaion etxean zuen joan-etorri hura, eta etxean giltzapetzen zen edo bidaiatxoak egiten zituen, eta horietako batean hil zen 1694 urtean jarraitzailez inguratuta. Baxô hil ondoren, senryû, hau da, haiku jostari eta maiz zinikoa nagusitu zen, asmo poetikorik ez duena. Garai horretan Yosa Buson (与謝蕪村), jaiotzez Tanigutxi, nabarmendu zen (1716-1783). Keman, Ôsaka inguruan, jaio zen, eta Edon Baxôren jarraitzaile batekin ikasi zuen poesia garai labur batez. Gero hainbat lekutan izan zen, bidaia liburuak idatzi zituen, eta aurrerago gehienbat Kyôto hiriburuan bizi zen. Datu gehiegirik ez dugu bere bizitzari buruz, eta, egia esan, bere garaikideek margolari gisa ezagutu zuten gehienbat; haikulari nagusi gisa Xikik deskubritu zuen askoz beranduago. Bere idazlanetan sentikortasun sakona aurkitu zuen Xikik, erlijio kutsurik gabekoa, estetikoagoa, unearen berezitasuna adierazi nahi duena zuzenean. Hirugarren haikulari nagusia Kobayaxi Issa (小林一茶) dugu, Nobuyuki jaiotzez5. Kaxiwabaran jaio zen 1763 urtean familia oso txiroan. Ama galdu zuen oso gazte eta amandreak etxetik uxatu zuen, zituzten ondasun xumeak bere semeen eskutan uztearren. Edon ikasi zuen poesia, baina bidaia asko egin zuen zazpi urtez, Kyôtora, Ôsakara, eta gainera Kyûxu eta Xikoku uharteetara. Gero ezkondu egin zen eta lau seme-alaba izan zituen, baina denak hil ziren eta emaztea ere bai; gero bigarren emaztea izan zuen, baina banandu egin ziren. Eta azken urteetan erdi-anaiekin borrokan ibili zen oinordetza kontuak zirela eta. 1827 urtean hil zen bizitza nahikoa tragikoa izan ondoren, eta bere lanetan islatzen da hori. Sufrimenduaren eta tragediaren aurrean budismoari lotutako errukia erakusten du, eta naturan bilatzen du erruki horren irudia. Jaioterriaren mira ere gai garrantzitsua da, eta bere haiku batzuk aitorpen modukoak dira. Horregatik, batzuentzat ez da haikulari hain fina, gizatiarregia delako. Issaren ondotik haikua arinkerian erori zen beste behin, eta sormen gutxiko garai luzetxoa etorri zen. Azkeneko haikulari handia Meiji garaiko berritzailea da, Masaoka Xiki (正岡子規), Tsunemori jaiotzez6. Matsuyaman jaio zen 1867an, eta beraz Xikoku uharte txikiko bazter batean. Hala ere, Tôkyôko unibertsitatean ikastea lortu zuen, eta han Natsume Sôseki eleberrigile ospetsu bihurtuko zena izan zuen ikaskide. Xikik ez zituen ikasketak amaitu eta kazetari lanetan hasi zen oso gazte. Tôkyôn mendebaldeko kultura ezagutu zuen, garai hartan bete-betean ari baitzen iristen Japoniara. Aldi berean, ordea, japoniar literatur zaharra ikertu zuen. Bi eragin horiek uztartuz wakaren eta haikairen biziberritzea proposatu zuen eta, horrela, Meiji garaiko iraultza ekarri zuen japoniar poesiara hainbat idazkiren bitartez, eta haiku modernoaren sortzaile eta teorialari nagusi bihurtu zen. Asmo horrekin idatzi zuen lan nagusia, Haikai taiyô da, 1895ekoa. Eta, gainera, Hototogisu aldizkaria sortu zuen, bere ideiak zabaltzeko eta haikuen maila goratzeko. Baxô kritikatzera ere ausartu zen eta Buson margolaria goraipatu zuen, eta kontzeptu berriak ekarri zituen haikuaren mamia definitzeko, esaterako, xasei edo bizi-margoa. Oso gazte zela hetikak eragindako gaixotasun larri bat sortu zitzaion, Mantxuriako gerran kazetari gisa zebilela okerrera egin zuen gaixotasunak eta geratzen zitzaion bizitza laburra jaioterrian igaro zuen, amak eta arrebak zainduta. 1895 urtean Matsuyaman Sôseki ikaskidearekin batera bizi zen, Gudabutsuan7 izeneko etxean. Sôseki irakasle gisa bidali zuten Matsuyamara, eta elkarrekin idazten zuten etxe hartan. Azken urteak ohean etzanda igaro zituen, eta morfina erabiliz arintzen zituen min izugarriak. Ez zion utzi idazteari, ordea, 1902an iritsi zitzaion azkeneraino. Aipatu bezala Xiki haiku modernoaren sortzailea izan zen, eta hori edukietan ere nabaritu zen. Egunerokotasuna izaki haikuaren oinarrietako bat, bere garaiko egunerokotasuna islatzen saiatu zen, ordura arte haikuetan aipatzen ez ziren errealitate modernoak jasoz: hainbeste maite zuen beisbola, makina berriak, eta abar agertzen dira bere lanetan. Meiji iraultzaren eraginez hizkuntza ere asko aldatu zen, eta hizkera arruntagoa darabil, japoniera garaikidea, formula zaharkituak baztertuz. Objektibotasuna aldarrikatu zuen, eta benetako esperientzia zuzenera itzultzea, hutsean “asmatutako” haikuak baztertuz. Bizitza latza izan zuen arren, erlijioa biziki arbuiatzen zuen. Itzulpena Haikuak itzultzerakoan lehen erabakia izan zen jatorrizko egitura ze puntutaraino mantendu behar den. Esperimentu modura, 5-7-5 forma zehazki mantentzen saiatu naiz. Horrek zailtasun bat sortzen du benetan, japonieraren sistema silabikoa jatorri txinatarreko kanjiekin lotzen baita eta horrela modu oso trinkoan asko iradoki baitezake, eta marka sintaktikoak ere oso sinpleak baitira, plural edo genero markarik ez dagoenez, etab. Puntuaziorik ez da erabiltzen, baina kireji bitartez markatzen da erritmoa, eta guk horrelakorik ez dugunez, puntuazioa erabiltzea erabaki dut. Noizbait horrelakorik egin bada ere, ez dut errimarik erabili, jatorrizkoan ez baita erabiltzen. Zailena, ordea, kultur testuingurua jasotzea da. Horrek ezinezkoa bihurtzen du ia haikuen itzulpena. Haikuetan aipatzen den natur sinbologia erabat arrotza zaigu, eta iradokizunak ez ditugu erraz ulertzen, eta horregatik, hain sinpleak izanez, askotan sinpleegiak izateko itxura hartzen diegu itzulpenetan, esangura gutxikoak. Beraz, askotan iruzkin labur bat eransten zaio itzulpenari, eta horrela egin dugu hemen ere. Orain dela urte batzuk, Japonian nintzela egin nituen lehen itzulpen zirriborro batzuk, eta orain beste batzuk itzuli ditut eta guztiak berridatzi ditut eta, azkenik, hautaketa prozesu bat gainditu dutenak jaso ditut hemen. Bibliografia laburra (itzultzaileen arabera) Blyth R. H. (1949-1952). Haiku (haiku bilduma lau liburutan). Haikuak
Udazken arrats batean belea adar ihartu batean pausatzen da. Irudi bat iradokitzen du poesiak, eta arratseko iluntasuna eta belea udazkenarekin eta naturaren loaldiarekin lotzen ditu. Gainera, aliterazio bat ere badagoela esan daiteke: kare (ihartu), karasu (bele), kure (arrats); azken hitz hori gainera kuroi (iluna) hitzarekin lotuta dago.
Udaberrian gaude eta bat-batean urmael zaharrean uraren hotsa entzuten da; igelak jauzi ei dira uretara. Betiko denaren eta uneko aldaketaren eta iragankortasunaren arteko lotura adierazten da. Baxôren haiku ezagunenetakoa da.
Udaberria iritsi da eta natura biziberritzen da, baina txoriaren txioak negarra dirudi eta arrainen begiak malkoz bustita daude. Bizitzaren zikloak aurrera egiten du, baina bizitza pairamenez beteta dago. (Naku aditzak negar edo txio egitea adieraz dezake, eta bakoitza kanji ezberdin baten bidez idatziz markatzen da, baina hemen ez du kanjirik erabiltzen, hiragana soilean dago eta, horrela, anbiguotasuna mantentzen da).
Heriotza hurbil du, eta bidaiatzen ari bada ere, basamortuan bezala sentitzen da, noranzko jakin bat aurkitu ezinik bere ametsentzat. Baxôren azken haikua omen da.
Uda betean gaude eta txitxarrak kantuan ari dira ozenki (asko daudenean, tenpluetan eta, izugarrizko zarata egiten dute), haitzak zulatu nahiko balituzte bezala. Eta, hala ere, lasaitasuna nagusi da, txitxarren kantu jarraituak giza ekimen gabezia adierazten baitu.
Udazken hasieran gaude eta kilker gaixoa kapelaren azpian geratu da harrapatuta, eta kantuan ari da, ea horrela espetxe horretatik ihes egiten duen. Asmo hori, ordea, errukigarria da, etorkizun laburrekoa baita. (Kirigirisu onomatopeikoa da, gurean bezala; gure kilkerra japonieraz, kirikeru ahoskatuko litzateke).
Gustamen estetikoa naturaren behaketatik sortzen da, eta gizakiaren eginkizun arruntenei lotuta dago.
Udan gaude eta tenpluko kanpai handi eta pisuan tximeleta ahul bat pausatu da. Haikuek jasotzen duten gai nagusia: kanpaiaren sendotasuna eta iraunkortasuna eternala denaren sinbolo dira eta tximeleta ahula iragankorra eta aldakorra denarena.
Udaberrian gaude, baina ez dugu igelen kanturik hemen, baizik eta igela udaberriko ur lasterren menpe dabil, bakarrik eta aterperik gabe.
Aranondoa loretan dago udaberri hasieran, eta egunsentian zuritasun hori nabarmentzen da argi lausoan. Aranondoaren lorea zen lore ederraren sinbolo antzinako Japonian baina geroago gereziondoaren loreak (sakura) hartu du leku hori. Udaberri hasieran hanami edo lore ikusketa egiten dute Japonian, gereziondoak loratu bezain pronto.
Aranondoaren lorearen lurrinak gorantz egiten du eta ilargiaren koroa bihurtzen da. Udaberriaren biziberritzea, eta lurtarra eta kosmikoa denaren arteko lotura.
Udako sargorian haurraren aurpegia zuri eta garbi dago, zoriontsu, eltxo sarearen babesean.
Uda amaieran eltxoak dabiltza ahuntz-hosto artean eta hostoak erortzen dira. Irudi bat iradokitzen digu eta gainera intsektuen soinua eta hostoak erortzean egiten duten soinua jasotzen dira. Sinestesia efektua lortu nahi du.
Arantza eta ur tanta biribil ederra; ihintzaren iragankortasuna udazken goiz batean.
Unetxo bat iraun duen zaparrada ahul baten ondorioz koartza busti da, baina lertsunari ez dio harrapatu eta eguzkitan dago. Naturak ez ditu berdin banatzen dohainak.
Negu gorrian ipar haizea zakar dabil, eta badirudi euriak haitzak apurtu behar dituela.
Udaberri gauean igelak korroka ari dira, ipurdiak ilaran jarrita, Fuji mendiaren oinean. Fuji mendiaren dotorezia handientsua eta igel txikien korroka jartzen dira aurrez aurre. Giza erlazioen sinbolo gisa uler daiteke.
Igel argal eta ahula baztertua izan da, ziurrenik galdu egin du emea estaltzeko borrokan, eta Issak ez etsitzeko esaten dio eta laguntza eskaintzen dio. Sarri erakusten du Issak errukia naturan. Issaren haiku ezagunenetakoa da.
Loto lorearen edertasuna uda betean eta zorriak kentzeko ekintza arrunta eta itsusia aurrez aurre.
Tximeleta ederra da, baina bere bizitza laburra lehiak eta nekeak ezaugarritzen dute. Mundua eternala da eta laburra tximeleta baten bizitza, gizakiarena bezain laburra, azken buruan. Edertasunaren alde iluna.
Udaberrian gaude eta natura iratzartzen da. Buda handiaren sendotasuna eta irmotasuna eternalaren sinbolo dira, eta enara txikia sudurzulotik irten da, adeigabeki, Budaren irudi hori apurtuz.
Araurik gabe ez dago eguzkirik ezta benetako edertasunik ere, dena da iragankorra eta aldakorra, udazken goiz bateko ihintza bezala.
Naturan bilatzen du errukia Issak, bera bezalaxe umezurtz geratu den txolarre batean.
Errukia naturan, beste behin. Eulia esku eta hanken bidez ari da eskatzen errukia, otoitz egiten ari balitz bezala.
Haiku berezia da, errepikapenean oinarritua. Munduaren egonkortasuna eta ihintzaren igarokortasuna biltzen dira irudian. Gure bizitzak ihintzaren bizi-labur bera du, baina hala ere bizi behar dugu. Ihintza udazkenaren sinboloa da.
Jaioterritik at izan zen Issa ia bizitza osoan, eta gurasoak hiltzean ere arazoak izan zituen han zegokion oinordetza jasotzeko. Jaioterria beti gogoan izan arren, eta itzultzeko nahia izan arren, arazoak besterik ez dizkio sortzen. Arrosaren arantza uda amaieran.
Munduaren azalean, infernuaren gainean gaude pausatuta eta udaberriko gereziondo loratuak dastatzen ditugu begiekin. Moralaren eta estetikaren arteko desadostasuna edo bateraezintasuna.
Edertasuna hor dago eskura eskale zein jainkoentzat udako paisaian.
Paperezko leiho urratutik, hau da, etxe txiro batetik galaxiaren edertasun handientsua beha daiteke. Egoera arruntenetan edertasuna dasta daiteke. Artistaren egoera soziologikoa ere islatzen du honek, garaiko klase sistema feudalean ez baitzuten toki jakin bat. Bazterrean egon behar da, boteretik urrun, edertasuna dastatzeko.
Gizakien sermoiak jasanaren jasanez belarriak zikinduta eta zaurituta ditu Xiki kukuak, eta abestu besterik ezin du egin uda betean. Kukua (hototogisu) bere ezizena zen eta horrela deitu zion bere aldizkariari. Hototogisu izena denbora eta txori esanahia duten kanjiez osatzen da. Kritikari eta teorilari gisa egindako lanengatik jasotako egurra iradokitzen da.
Udako arratsalde beroan aitzurra tente geratu da zelaian, eta inor ez dago inguruan. Une batez natura lasai geratzen da, giza ekimenik gabe.
Bizitzaren udazkenean gorputza itzaltzen ari zaio, hiltzen ari da, baina Xiki gaixoak azken hilabete horiek kontsolamendu errazik bilatu gabe bizi ditu.
Tximeleta hegaka ari da udaberrian, hona eta hara, noranzkoa etengabe aldatuz, eta haurrak ere, etxeko bidea ezin asmatu, abesten hasi dira beldurra uxatzeko. Haur abestiak (komori uta) haurrei adorea emateko abestiak dira.
Japonian ohitura da tokonoman urtaroari dagokion margoa eskegitzea (ikusi Kawabataren Loti ederrak). Baina etxe horretan ez da inor bizi, edo inork ez du aldatu margoa urtaro berriari egokitzeko (Xiki ohe-zuloan harrapatuta dago gaixo), eta garaiz kanpoko irudia hautsez beteta dago.
Tximeletaren antzeko egoeran egin behar diogu aurre bizitzaren lehiari, bakar bakarrik gure ahultasunean.
Inor ez da etorri aspaldian eta pinu orratzak aulkian diraute, inork ez baititu erraztu. Bakardadea urteberrian.
Udaren amaieran hodei baten itzalak ibai lehortua zeharkatzen du. Urtaroen zikloak aurrera egin bide du. Etorkizun hurbileko biziberritze baten zeinu (antzua)?
Udazkena iristearekin batera abiatzeko unea iristen da eta bata bestearengandik banatzeko ordua. Batak bide bat hartuko du eta besteak bestea; bi udazken sortuko dira horrela. Oharrak:
|
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa [a bildua] eizie.org Tel. +34943277111 Fax +34943277288 Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr |
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||