Itzulpen automatikoaren aplikazioa EAEko epaitegietan
Xabier Arauzo, Xabier Balerdi, Aitor Gorostiza, Carmen Laiz, Xabier Yurramendi

Sarrera

Gai honi ekin baino lehen, beharrezkoa ikusten dugu, lehenik eta behin, irakurleari ohartaraztea artikulu honen egileak Hizkuntza Normalkuntzarako teknikariak garela. Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzan egiten dugu lan, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzan. Kontuan har ezazu, irakurle, gure artikuluaren ikuspegia ulertzeko.

Gaia itzulpen automatikoa den arren, ez dugu itzultzaileen eguneroko lanari buruz jardungo (horrekin antzekotasun asko aurkituko dituzun arren), ezta itzulpengintzari buruzko teoria edo metodoen gainean, ezta itzulpen automatikoren gaineko hausnarketan ere. Horretarako, aldizkari honetan bertan geu baino askozaz adituagoak diren eta eskarmentu handiagoa duten profesional ugarik eman ditu arras ongi ideiak eta iritziak, eta geuk haiengandik ikasi baino ez dugu egin... edo saiatu, behinik behin.

Artikulu honen bidez azaldu nahi dugu nola integratu den itzulpen automatikoa Justizia Administrazioko langileek erabiltzen duten lanerako programan, euren idazkiak euskaraz ere atera ahal izateko. Hona, beraz, aintzat hartu beharreko abiapuntua: geure esparruan itzulpen automatikoaren erabiltzaileak ez dira itzultzaileak, epaitegietako langile xeheak baizik: epaitegietako kudeatzaile, tramitatzaile eta laguntzaileak.

Noski: horrek guztiak ez du esan nahi itzultzaileak eta Hizkuntza Normalkuntzarako teknikariak zokoratuta geratzen direnik, inolaz ere ez. Langileak dira protagonistak eta ordenagailuak itzuliko du bat-batean langileek gaztelaniaz egiten dutena, eta euskarazko zutabeko leku egokian jarriko. Baina itzultzaileek eta normalkuntzako teknikariek, ezkutuan bada ere, ardura nagusia izango dute itzulpen horien terminologiaren, koherentziaren eta esaldien kohesioaren gainean.

Hori, zer dela eta? Beharbada, komeni da azaltzea zer urrats eman diren duela hiru urtetik hona Justizia Administrazioan idatzizko euskararen erabilera sustatze aldera... baina, lasai, irakurle: jakin badakigu aldizkari honen irakurle gehienak itzultzaileak direla eta, horregatik, alde batera utziko ditugu erakundeen eskuduntzak, eragin eremuak eta 2002tik hona hizkuntza normalkuntzan egin diren urratsak. Beste plaza bateko zezenak direnez, ez zaitugu zorabiatuko. Horren berri nahi duenak www.justizia.eus web orrira jotzea dauka, «Euskararen Txokoa» izeneko atalera.

Epaitegietako hizkuntza normalkuntza. Agiri elebidunak

Epaitegietako Hizkuntza Normalkuntza. Idatzizko arloa

Lehenik eta behin, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak idatzizko arlorako duen helburuetako bat zehaztuko dugu, esaldi bakar batean laburbildurik: herritarrek Justizia Administrazioarekiko harremanetan euskarazko zerbitzua jasotzeko duten eskubidea bermatzea.

Justizia Administrazioan berebiziko garrantzia du idatzizko komunikazioak, prozedura judizialen urrats guztiak idatziz jasota geratzen baitira: jakinarazpenak, zedula, errekerimenduak, epaiak, deklarazioak... Eta esan gabe doa idazki ereduak, terminologia eta esapideak badaudela finkatuta eta lotu-lotu eginda... gaztelaniaz.

Tamalez, gaur egun Justizia Administrazioan euskararen egoera ikusita, geure esku ez dauden neurri eta urrats gehiago eman beharko lirateke herritarrak berak aukeratutako idatzizko hizkuntzan zerbitzua jasotzeko duen eskubidea bermatzeko, eta esan bezala, ez da artikulu honen helburua gai hori jorratzea.

Beraz, egoerari aurre egiteko, gure ahaleginak jomuga honetara bideratu ditugu: ahalik eta langile gehienek herritarrei idazkiak euskaraz ere eman diezazkietela, itzultzailearen parte-hartze zuzenik gabe, eta ahalik eta errazen. Azal dezagun zatika, horrek guztiak zer dakarren:

  • «Ahalik eta langile gehienek»: lehenago esan bezala, langileak izango dira idazkiak egingo dituztenak, baina ez euskaldunak bakarrik: euskaldun osoak, euskaraz ondo moldatzen ez direnak, eta behar denean ere, baita euskaraz tutik ez dakitenak ere hartzen ditugu jomuga.
  • «Idazkiak euskaraz ere ematea»: lehen esan bezala, epaitegietako funtzionarioekin egiten dugu lan: kudeatzaile, tramitatzaile eta laguntzaileekin. Izan ere, epaileak, magistratuak, idazkariak eta fiskalak ez dira gure eskumenekoak, baina euren eskuetatik pasa behar dira funtzionarioek sortutako idazkiak. Hori dela eta, gaztelaniaz ere egotea eskatuko dute, zer sinatzen duten jakiteko. Horrexegatik dago dokumentuak ele bietan sortzeko beharrizana.
  • «herritarrei»: azken buruan, euskara zerbitzu hizkuntza bihurtzea Justizia Administrazioan, herritarren eskubideak bermatu behar dituzten organo judizialek beraiek ere bete ditzaten.
  • «itzultzailearen parte-hartze zuzenik gabe». Itzultzailearen parte-hartzea ez da baztertzen, guztiz alderantziz baizik, prozesu honetan guztian ezkutatuta dagoen ezinbesteko parte-hartzaile nagusi bihurtzen da, aurrerago ikusiko dugun bezala.
  • «ahalik eta errazen»: idazkiak ele bietan egin beharrak argi eta garbi dakar langileek bi aldiz idatzi behar izatea idatzi beharrekoa euren aplikazio informatikoan, lehenik eta behin gaztelaniaz, eta gero euskaraz. Beraz, langileak ele bietan lan egiteagatik lan bikoitza egin behar badu, nola edo hala samurtu egin behar da gainkarga hori, motibazioaren aldetik geure buruari harrika ez egiteko.

Komeni da adieraztea halaber, «langile» diogunean zein esparruri eta zein dokumentu motari egiten diogun erreferentzia. Hau da, guk epaitegietako kudeatzaile, tramitatzaile eta laguntzaileekin (funtzionario izendapenarekin dira ezagunak) baino ez dugu lan egiten. Epaileak, magistratuak, idazkariak eta fiskalak ez dira gure eskumenekoak, eta funtzionarioek sortu bai, baina haien esku pasatzen diren dokumentuak edota sinatu behar dituzten dokumentuak (ia guztiak) gaztelaniaz ere egotea eskatuko dute, zer sinatzen duten jakiteko. Horrexegatik dago dokumentuak elebitan sortzeko beharrizana. Jakina, fiskalek, epaileek, magistratuek eta idazkari judizialek sortzen dituzten dokumentuak ez daude Justizia Sailaren eskumenen artean, eta ez dago euskararen erabilera gutxieneko batzuetan bermatzea.

Aurrera jarraitu aurretik, merezi du artikulu honen ulergarritasunaren mesederako, epaitegietako langileek duten lan-sistemaren gainean zertxobait esatea.

Idazkiak idazteko epaitegietako lan-sistema

Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak lan handia egin du Justizia Administrazioko testu-ereduen sistematizazioan. Lan honen ondorioz, epaitegietako langileek ereduak, plantillak, erabiltzen dituzte idazkiak egiteko, eta eredu hauek programa informatiko batean txertatuta daude. Beraz, programa informatikoak ereduan bete gabe dauden datuak sartzeko edo tekleatzeko eskatuko die langileei. Idazki ereduaren arabera, datu bat edo bestea sartzeko eskatuko die. Esaterako, «Exhorto en Juicio de Faltas» dokumentua egin behar baldin badu langileak, datu hauek bakarrik eskatuko dizkio programak:

  • «TECLEAR ORGANO EXHORTADO»
  • BORRAR SI NO INTERESA: >>y se remite copia de la información médica que consta en la causa.

Edo CEDULA CITACION DE TESTIGO / PERITO idazki eredua egin behar izanez gero, hauxe baino ez lioke eskatuko:

  • Teclee: TESTIGO o PERITO

Sartu beharreko datuak tekleatu eta gero («testu librea» deitzen diogu guk), ereduan txertatuko dira, eta dokumentua osatu ahal izango du. Pentsatuko duzuenez, epaitegiaren kudeaketarako programa informatikoa ereduen bitartez osatuta egotea, abantaila itzela da denboraren, hizkuntzaren eta terminologiaren batasunaren eta eraginkortasunaren aldetik

Hauxe izan da, eta da gaur egun ere, epaitegietan lan egiteko era. Beraz, eta geure helburuari atxikiz, ba al du honek abantailarik eredu elebidunak egiteko garaian?

Idazki Elebidunak aplikazio informatikoan

Lehenik eta behin, eta dagoeneko pentsatuko zenuten bezala, aplikazio informatiko horretan hain txukun txertatuta dauden gaztelaniazko idazki-ereduak itzultzea da lehenengo lana. Nekez txertatuko dugu itzulpen automatikoko programa «testu libre» horiek itzultzeko, baldin eta idazki-eredua bera ez badago itzulita eta gaztelania hutsean agertzen bada. Puntu honetara iritsita, ezin aipatu gabe utzi Euskara Batzordeak epaitegietako ereduak itzultzeko, terminologia batzeko, estilo egoki bat emateko... duela hamar urtetik hona egin duen eta egiten ari den lan ikaragarria..

Euskara Batzordeak idazki-eredu horiek itzulitakoan, informatikariek eredu elebidunak diseinatu eta aplikazio informatikoan txertatzen dituzte, langileek erabil ditzaten. Baina, esan bezala, langileek eredu elebidunak egin nahi badituzte, (alegia, eredu horiek dituzten testu libreak betez) lana bi aldiz egin beharko dute, normalean lehenik gaztelaniaz eta gero euskaraz. Eta prezio berean inongo igeltserok pareta bi aldiz egiten ez duenez, itzulpen automatikoak eskaintzen zituen aukerak aztertzen hasi ginen.

Itzulpen automatikoaren aplikazioa lan-sisteman

Hastapenak

Itzulpen automatikoa epaitegietako lan sisteman edo aplikazio informatikoan integratzeko ideiak, 2005eko udan Itzulpen Automatikoari buruz Miramar Jauregian egin ziren jardunaldietan du sorburua. Han jorratu ziren gaiek ikuspegi zabal eta aberatsa eman ziguten, hala nola, itzulpen automatikoaren hastapenak —erregeletan oinarritutako itzulpenak—, edo gerora jorratu diren bideak, batez ere analogietan oinarritutako itzulpenen bidetik —estatistika metodoen bidezkoa, adibideetan oinarritutakoa, itzulpen memoriak, estatistikoa...— eta abar.

Interes gehien piztu zigun aukera itzulpen-memoriarena izan zen dudarik gabe, eta bide horretatik jo genuen. Lehenengo urratsa, merkatuan zegoen itzulpen memoriak aztertzea izan zen, eta gero, bat aukeratu, eta epaitegi arruntetan (Tolosa, Gernika, Donostia, Bilbo...) eguneroko lanerako erabiltzen duten kudeaketarako programan integratzea. Horretarako ezinbestekoa zitzaigun informatikari aditu baten laguntza, eta halaxe izan genuen. Egin genituen lehenengo probetan, (ez errealean, jakina) aukera hauek aztertu genituen. Aurreko adibidea hartuko dugu berriro,

  • «TECLEAR ORGANO EXHORTADO y POBLACION»

Langileek hauxe idatziko lukete:

Lehen urratsa: Bigarren urratsa:
Langileak egindako galderari erantzuten dio («teclee órgano exhortado») gaztelaniaz Langileari hainbat aukera eskaintzen zitzaizkion, eta horien artean, langileak aukeratu egin behar zuen zein jarri

justizia_1.jpg

Hirugarren urratsa:
eta behin aukeratu eta gero (eta ondo aukeratuz gero, jakina), emaitza hau ematen zuen:

justizia_2.jpg

Noski, horrek esan nahi zuen, langileak euskaraz zertxobait jakin behar zuela behinik behin. Baina ez hori bakarrik, gainera euskarazko itzulpen egokia aukeratzeko borondatea eduki behar zuen (alegia, 2. urratseko pantailan agertzen den kasuan, langileak «Abadiñoko Bake-epaitegia» aukeratu beharrean, nahi gabe «probidentzia» aukeratuko balu, «Organo exhorto-hartzailea»ren erantzuna «probidentzia» izango litzateke, «Abadiñoko Bake epaitegia» izan beharrean, eta beraz, ez genukeen geure helburua lortuko.)

Baina lehenengo orrietan aipatu dugun helburuetako bat gogoratu: «ahalik eta langile gehienek...», eta beste bide batetik jotzea erabaki genuen. Hau da, langileek idatzitakoa itzulpen-memorian zegoenarekin bat bazetorren, besterik gabe itzulpena bere lekuan jartzea erabaki genuen; eta oraingoz (eta oraingoz bakarrik) langileei ez genien ematen inolako aukerarik erantzun posibleen artean hautatzeko. Beraz, gaur egun 1. urratsetik 3.era pasatzen da, zuzen-zuzenean. Baina horretarako ezin da edozein itzulpen ontzat eman. Itzulpena egokitzat hartzeko, programak aukera ematen zuen %100ean edo %80an berdinak ziren segmentuen ordainak bakarrik emateko. Hainbat proba egin ondoren, %90eko parekotasun-maila zutenak bakarrik ematea erabaki genuen.

Sistema honek ematen zizkigun aukerak

Sistema hau martxan jarri genuenean, aukera asko zituela pentsatu genuen. Gure lana etsigarria zen arlo askotan. Ordura arte, langileei bi aldiz eginarazi behar genien lana, alegia, gaztelaniaz eta gero euskaraz, langileek horregatik inolako ordainik jaso gabe. Gogora ezazue lehen esan dugula dokumentu gehienak gure funtzionarioen nagusiek (epaile, magistratu eta idazkariek) sinatu behar dituztela, eta gaztelaniaz ere erredaktatzera behartuta daudela gehienetan. Horretarako biltzen ginen epaitegietako langileekin batera erabilera-taldeetan, dinamizatze-saioak egiten genituen... baina emaitzek muga bat zuten, ezin genien behin eta berriz eskatu lana, besterik gabe, bi aldiz egiteko.

Beraz, esan bezala, sistema honek ate berriak ireki zizkigun. Tunel ilun horren erdian argi izpi bat ikusi genuen, eta hari jarraitu genion, ezinbestean. Jakina, guretzako (eta langile eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, noski) jauzi handia izan zen, aukera asko ematen baitzituen. Hona hemen batzuk:

  • Langileek ez zuten jadanik informazioa bi aldiz sartu behar. Programak berak egiten zien itzulpena.
  • Itzulpen memoria txt formatuan edukitzea. Formatu hauek itzulpen-unitate asko sartzeko aukera ematen dute.
  • Datak zituzten esaldiak itzultzeko aukera, baldin eta itzulpen memorian era egokian sartuta badaude.

«TECLEAR TIPO Y FECHA DE RESOLUCION» galderari erantzunez, esaterako

Auto de 1 de noviembre de 2008
2008ko azaroaren 1eko autoa
  • Esaldien arteko zenbakiak leku egokian ezartzeko aukera, edozein zenbaki sartuta ere...

«TECLEAR TIPO DE ACTUACION» galderari erantzunez, esaterako

entrega de mandamiento de devolución nº x-98989898 por valor de 385,45 euros
x-98989898 ITZULTZE-MANAMENDUA ENTREGATZEA, 385,45 EUROKOA
  • Eta bukatzeko: horrelako itzulpen-sistema bat oso egokia da Justizia Administrazioan, hain zuzen, langileek sartzen dituzten datuak behin eta berriz errepikatzen direlako, edo oso antzekoak direlako.
  • Gaztelaniaz ere irabazten ateratzen da...

Sistema honen mugak eta horiek gainditzeko konponbideak

Baina noski, azkar asko konturatu ginen sistema honek, aukera berri asko eman arren, bazituela bere mugak. Ondorengo lerroetan azalduko ditugu batzuk:

Lehen arazoa: herrien izenak testu luze bateko zati bat gisa

Mugak

Adibide batekin hasiko gara. Zenbat eta datu gehiago sartu itzulpen memorian, orduan eta emaitza hobeak emango ditu. Baina ezinezkoa da, esate baterako, Estatuko epaitegi arrunt zein bake epaitegi guztiak itzulpen memorian sartzea. Lehenengo adibide berarekin ikusiko dugu:

  • «TECLEAR ORGANO EXHORTADO»

Itzulpen memoria batek emaitza onak eman ditzake, baldin eta organo exhorto-hartzaileak EAEko epaitegi eta bake-epaitegi arruntak balira, eta hauek itzulpen memorian sartuta baleude. Baina zer gertatuko litzateke honelako datuak tekleatu beharko balitu funtzionarioak?:

  • Juzgado de paz de Pitillas
  • Juzgado Decano de Instrucción de Salamanca
  • Juzgado nº 12 de Primera Instancia de Mataró

Esan bezala, itzulpen memoria erraldoi bat beharko genuke datu hauek ere itzuli ahal izateko, Estatuko herri guztien izenekin eta herri bakoitzeko epaitegi mota ezberdinekin osatuta.

Konponbidea

Itzulpen memoria guztiek duten muga hau saihestearren, Visual Basic-eko kodigoak integratu ditugu langileek lanerako erabiltzen duten kudeaketa programan. Langileekin batera aztertu dugu honelako kasuetan sartzen dituztenak, eta horrelako kodigoak sortu ditugu eta kudeaketarako programan integratu:

'- JUZGADO DECANO DE LOS DE PRIMERA INSTANCIA DE!
'- JUZGADO DECANO CIVIL DE!
'- JUZGADO DECANO DE INSTRUCCIÓN DE!
'- Juzgado decano de los de instrucción de!
'- Juzgado Decano de 1ª Instancia de!
'- Juzgado Decano de Primera Instancia de!
'- Audiencia Provincial de!
'- Centro Penitenciario de!
'- Junta Electoral de!
'- JUZGADO CENTRAL DE INSTRUCCIÓN DE!
'- JUZGADO DE 1ª INSTANCIA Nº 2 DE!
'- JUZGADO DE 1ª INSTANCIA E INSTRUCCIÓN Nº 2 DE!
'- JUZGADO DE INSTRUCCIÓN Nº 2 DE!
'- JUZGADO DE LO CONTENCIOSO-ADMINISTRATIVO DE!

(eta horrelako beste 60 kasu ezberdin...)

Horrela, eta goiko adibideak hartuta, edozein herri edo hiritako epaitegia idatzita ere, itzulpen egokiak egin ahal izango ditu, izen berezia itzuli gabe utziz.

  • Juzgado de paz de Pitillas -> Pitillas(e)ko bake-epaitegia
  • Juzgado Decano de Instrucción de Salamanca -> Salamanca(e)ko Instrukzioko Epaitegi Dekanoa
  • Juzgado nº 12 de Primera Instancia de Mataró -> Mataró(e)ko Lehen Auzialdiko 12. zk.ko Epaitegia

Beraz, beltzez dagoena itzuli gabe geratzen da, eta itzulpen memoriatik «©©©(e)ko bake-epaitegia» hartzen da, biak batuz.

Bigarren arazoa: erakunde eta pertsonen izen-abizenak testu luze baten barruko zati gisa

Mugak

Antzeko mugekin aurkitu ginen erakunde eta izen-abizenekin. Esaterako, eta erabilitako adibideekin jarraituz.

«TECLEAR TIPO DE ACTUACION

Langileek horrelako zerbait sartzen dute maiz galdera honi erantzunez:

«entrega de mandamiento de devolución nº x-9899787 por valor de 345, 65 euros, a favor de Banco Guipuzcoano.
«Dada cuenta; el anterior oficio del BBVA, únase a los autos de su razón y póngase en conocimiento del demandante.»
«emplazamiento por medio del señor XXXXXXXXX»

Erraz ondorioztatuko duzuen bezala, ezin dira itzulpen memorian Estatuko eta atzerriko banku guztien izenak sartu, eta jakina, ezta pertsona guztien izen-abizenak ere. Bestela, eta aurreneko adibidea hartuz, horrela sartu beharko genituzke itzulpen memorian:

«entrega de mandamiento de devolución nº x-9899787 por importe de 345, 65 euros, a favor de Juan Balerdi Tolosa.
«entrega de mandamiento de devolución nº x-9899787 por importe de 345, 65 euros, a favor de Banco Guipuzcoano.
«entrega de mandamiento de devolución nº x-9899787 por importe de 345, 65 euros, a favor de Barcklays Bank.
«entrega de mandamiento de devolución nº x-9899787 por importe de 345, 65 euros, a favor de XXXXXX.

Irtenbidea

Kasu honetan ere, lehenengo puntuan aukeratutako irtenbide bera aukeratu genuen:

«entrega de mandamiento de devolución nº x-9899787 por importe de 345, 65 euros, a favor de Nekane Agirre Muñagorri. -> Nekane Agirre Muñagorri(a)ri 345 euroko x-9899787 zk.ko itzultze-manamendua entregatzea

Beraz, programak itzuli beharrekoa izen-abizenak direla antzematen duenean, ez ditu itzultzen, eta bere horretan pasatzen ditu euskarazko zutabera. Dena den, kontuan izan behar duzue langileek sartzen dituzten datuak behin eta berriz errepikatzen direla, edo oso antzekoak direla. Horrela, errazagoa egiten zaigu jakitea noiz sartuko dituzten izen-abizenak, eta zein lekutan (kudeaketarako programak egiten dituen galderak ere horretara bideratuta daudelako)

Erabili izan dugu beste konponbide bat ere, (gutxiagotan,, lan gehiago eskatzen duelako) langileari kudeaketarako programak egiten dizkion galderak mugatzean datzana. Helburua erantzunak mugatzea da, testua euskaraz ere atera dadin. Gehiegi ez luzatzearren, eta lehenengo puntuan adierazitakoarekin hobeto ulertuko delakoan, hona hemen egin zitekeen aukera bat.

Lehen aipatu dugu «Teclear Organo exhortado y poblacion» galdera. Kontua izango litzateke galdera hori bi alditan egitea, lehenik eta behin, «Teclear Organo exhortado» (horrela itzulpen-memoriak itzuliko luke), eta gero «teclear poblacion». Orduan, agindu baten bitartez, eremu horretan sartzekoa dena ez litzateke itzuliko, eta bere horretan pasatuko litzateke euskarazko zutabera. Bien emaitza batu, gramatikalki zuzenak izan daitezen, eta kito. Baina esan dugun moduan, ez da sarritan erabili dugun konponbidea.

Kasu bereziak: itzulpen esklusiboak edo baztergarriak

Mugak

Esan bezala, Visual Basic-eko kodigoak integratu ditugu langileek lanerako erabiltzen duten kudeaketa-programan. Baina abantailak eskaintzen dituen gisan, baditu bere arriskuak ere. Esaterako, azter dezagun kodigo berri bat, eta ikus dezagun nola funtzionatuko lukeen CEDULA CITACION A JUICIO VERBAL A DEMANDADO idazkia egiteko. Eredu honetan, langileari egiten zaion galderetako bat hauxe da:

INDICAR CON QUÉ PROFESIONALES ACUDIRÁ EL DEMANDANTE:

Eta langileek normalean «abogado y procurador» sartzen dute. Hori era errazean itzultzen dio programak, eta leku egokian txertatzen du euskarazko zutabean. Baina hainbatetan, horrelako esaldiak sartzen dituzte

  • '- la Procuradora Sra. ©©© y con el Letrado ÔÔÔ
  • '- el Procurador Sr. ©©© asistido del Letrado Dn. ÔÔÔ
  • ........................

Esan dugun bezala, karaktere arraro horien artean dagoen testua, izen-abizenak alegia, ez da itzuliko (ez delako itzuli behar); baina inguruan dagoen testua itzuliko da, eta gramatikalki zuzena den esaldi bat lortuko da. Baina horrelako kodigo bat besterik gabe sartzeak esan nahi du, langileek tekleatuko duten testu guzti-guztietan (aipatutako dokumentu horretan, zein beste edozeinetan), «Letrado»ren ondoren doan testua ez dela itzuliko. Beraz, zer gerta daiteke beste edozein dokumentutan, beste edozein galderari erantzutean (esaterako, «indicar con qué profesionales acudirá el demandante y el objeto de la citación») ondoren aipatzen den testuaren antzeko bat sartuko balu langileren batek?

  • «La procuradora Maria Amenabar y con el Letrado Juan Echanove, para la práctica de diligencias».

Kodigoa horrela utziko bagenu, hauxe izango litzateke emango lukeen itzulpena, gutxi gorabehera.

  • Maria Amenabar prokuradorea eta Juan Echanove, para la práctica de diligencias. Letraduarekin batera

Beraz, kontua ez da itzulpena ez litzatekeela egokia izango, ez lukeela itzuliko, baizik.

Konponbideak

Arazo honi aurre egiteko, itzulpen automatikorako programari muga gehiago jartzea erabaki genuen. Horrela, eskaintzen zituen aukerak aztertu, eta itzulpen esklusibo edo baztergarriak egiteari ekin genion.

Itzulpen esklusibo edo baztergarriak dira, aldez aurretik aukeratutako dokumentuei (eta hauei bakarrik) eragingo dien kodigoz egindako itzulpenak. Hau da, aurretik aukeratutako dokumentuetan bakarrik egingo du itzulpena, eta formula horrek ez du balioko beste dokumentu batzuetarako.

'27027100 CEDULA CITACION A JUICIO VERBAL A DEMANDADO
If sDokZK = «27027100» Or sDokZK = «27027105» Then
'- representación de la Procuradora Sra. ©©© y asistida por la Letrado Dña. ÔÔÔ
'- PROCURADOR D. ©©© y el LETRADO ÔÔÔ
'- los Letrados Sres. ©©© y la Procuradora Sra. ÔÔÔ
'- la Procuradora Sra. ©©© y con el Letrado ÔÔÔ
'- la Procuradora...................

Hizkera arruntera itzuliz, formula honek esan nahi du langileek horrelako testu bat idatzitakoan, «La Procuradora Sra. Maria Etxeberria y con el Letrado Juan Etxanobe» programak egoki itzuliko diola; baina ''270271002 kodigoa duen dokumentuan lanean ari bada bakarrik (CEDULA CITACION A JUICIO VERBAL A DEMANDADO, alegia) eta ez beste dokumentuetan. Beste dokumenturen batean balego, dokumentu hari jarritako kodigoaren arabera itzuliko luke, eta formula hau baztertu egingo luke.

Itzulpen esklusiboen aukera hau argiago ikusi ahal izango du irakurleak atal honetako zazpigarren puntuan.

Langileek idazteko orduan egiten dituzten laburdurak

Mugak

Nahikoa eskarmentu izan dugu arlo honetan. Ez da ohikoena, baina arazo ugari eman digun arloa da. Horrelako kasuekin egin dezakegu topo:

  • «d.o remision penal»: noski, hau bere osotasunean hauxe izango litzateke: «Diligencia de ordenación remisión Juzgado de lo Penal» (esaldi honek duen anbiguotasuna hurrengo puntu baterako utziko dugu).
  • «desig. abog. y proc. trasl. act.»: esaldi honetan, berriz, hauxe beharko luke: «Designe abogado y procurador traslado de actuaciones.

Konponbideak

Arazo honek ez du konponbide errazik. Zaila da aurre egitea langileek hainbeste aldiz idatzi behar dituzten esaldi edo esamoldeak laburtzeko eta askotan gupidarik gabe mozteko duten joerari. Baina badira bide batzuk:

  • Langileen artean ondo eta txukun idazteko mezuak zabaltzea, antolatzen ditugun dinamizazio-saioen bitartez, eskura dugun intraneteko web orriaren bitartez...
  • Langileei kudeaketarako programak eskaintzen dizkien aukerak mugatzea. Aukera hau asko landu dugun arloetako bat da. Kontua da, hainbat testu libretan, langileek sartu behar dutena beti berdina izaten dela, edo oso antzekoa. Ea adibide batekin argiago ikusten dugun. Esaterako, «TECLEE CAUSAS DE LA DEVOLUCION DE LA DILIGENCIA» galderari nola erantzun ohi zaion jakinez gero, horrelako aukerak eskaintzen zaizkie langileei:

justizia_3.jpg

Beraz, langileek horietako bat aukeratzen du. Horrela, gaizki idazteko eta hitzak mozteko arriskua saihestu egiten dugu, eta gainera, gauza berbera esateko era ezberdinak ere batu egiten ditugu («existe duplicidad de actuaciones», «hay duplicidad de...», «concurre duplicidad de...»). Horrela, langileek horietako bat aukeratzea baino ez dute euskaraz ere esaldia egoki ateratzeko.

Irakurleak esan dezake, arrazoi osoz, honek ez duela zer ikusirik orain arte jorratu dugun itzulpen-memoriaren aukerekin. Baina teknologiak eskaintzen digun eta erabiltzen dugun beste baliabide bat da, aurkitzen ditugun arazoei aurre egiteko eta geure helburua lortzeko.

Kohesioa: testuko parte guztiak elkarrekin lotzen dituen ageriko erlazio gisa ulertuko dugu

Mugak

Gure kasuan, langileek «testu libre» hori idazterakoan, testu hori jadanik idatzita dagoen ereduan txertatzen da. Beraz, aplikazio informatikoan txertatuta dagoen ereduaren eta langileak sartzen duen datuaren artean komunztadura egon behar du; alegia, ondo deklinatuta geratu beharko du, perpaus gramatikala izatearekin batera ondo kohesionatuta eta koherentea izan dadin. Perpausaz gainera, testu osoan barrena kohesioari eutsi behar dio, lexikalak ez diren lotura egokiak eginez. Esaterako, ofizio bat egitean, hauxe eskatuko dio langileari programak:

  • BORRAR SI NO INTERESA: >> y se remite copia de la información médica que consta en la causa,

Testu hori, esate baterako, ofizioaren ereduan jadanik idatzita dagoen esaldi baten barruan txertatuko da, baldin eta langileak halaxe erabakitzen badu. Euskarazko kasuan ere, esaldi guztia aztertuta dago, eta leku egokian txertatzen da itzulpena.

Goian esan bezala, ereduen bitartez lan egiteak abantaila hauek ematen ditu. Baina hasieran arazoak ere ematen zituen. Gaztelaniazko ereduak sortzen direnean, ez da kontuan hartzen gero euskarara itzuli beharko direnik, eta are gutxiago itzulpen automatikorako aldaketak egin behar direnik. Eta horrek arazoak sortzen dizkigu esaldiaren barneko kohesioari dagokionez. Har dezagun, esate baterako, esaldi hau:

Seguidamente le requiero para que constituya la obligación de comparecer ante >>
Teclee «este Juzgado» / «Teclear Organo Judicial»

Itzulpen automatikorako programak bere horretan hartu eta itzuliko balu «este Juzgado», «epaitegi hau» itzulpena emango lioke. Ikus dezagun nola geratuko litzatekeen:

Jarraian, errekerimendua egin diot epaitegi hau eta bere garaian auzia aztertzen diharduen organo judizialean agertzeko

Azkar antzemango zenuten bezala, itzulpen zuzena «epaitegi honetan» izango litzateke, eta ez «epaitegi hau».

Konponbidea

Kasu honetan, konponbidea eredua aldatzea litzateke. Alegia, itzulpen automatikorako programak itzultzeko orduan ahalik eta testu zehatzena eta inguruko testuarekin kohesioan egongo litzatekeena bidaltzea. Beraz, eta adibidearekin jarraituz, ondoren galdera hau egiten dio kudeatzeko programak langileari:

Seguidamente le requiero para que constituya la obligación de comparecer ante >>
Teclee «ante este Juzgado» / «Teclear Organo Judicial»

Langileek ondo ez idazteagatik sortutako anbiguotasuna

Mugak

Langileek erabilera-taldeetan eta dinamizazio-saioetan ematen diguten informazioaren arabera, sarri agertzen dira anbiguotasuna sortzen duten testuak, langileek ez dituztelako beti perpausak osorik idazten, informazio garrantzitsua ezkutatuz. Honela, gaztelaniaz adierazten den mezua hankamotz geratzen da, eta horren ondorioz, askotan, ulergaitz. Ikus dezagun esaterako, TECLEE TIPO DE RESOLUCION galderari zer erantzuten dioten, prokuradoreari bidaltzen dioten jakinarazpenean:

  • Oficio bancos: kasu honetan zer da, «epaitegitik bankuetara bidalitako ofizioak», ala «bankuetatik epaitegietara bidali duten ofizioa»?
  • mandamiento Registro de la Propiedad: hemen ere gauza bera. Zer da zehatz-mehatz? «Epaitegitik Jabego-erregistrora bidali den manamendua» ala «Jabego-erregistrotik epaitegira bidali duten manamendua»?

Konponbideak

Aurreko puntuan aipatutako kasu horietarako, lehen 4.2. puntuan jorratu ditugun konponbideak dira jorratu ditugunak:

  • Langileen artean ondo eta txukun idazteko mezuak zabaltzea, antolatzen ditugun dinamizazio-saioen bitartez, edo eskura ditugun intraneteko web orriaren bitartez...
  • Langileei kudeaketarako programak eskaintzen dizkien aukerak mugatzea.

Horiez gain, beste hirugarren bide bat ere erabili dugu: langileei beraiei galdetzea; ea zer adierazi nahi duten horrelako esaldiekin, zein den benetako mezua. Noski, hau oso lan nekagarria da eta denbora asko eskatzen du, baztertzen ez badugu ere.

Beste bide bat ere bada aukeran, beharbada eztabaida pitz lezakeena, baina irtenbide bat azken buruan. Gaztelaniaz bezalaxe jokatzea, duen anbiguotasun guztiarekin. Horrelako kasuetan, itzulpena beti geldituko da hankamotz. Baina lehenik eta behin, ulertu behar da gaztelaniaz ere hankamotz geratzen dela. Jakinarazpen hau gaztelaniaz dagoen zutabean irakurtzen duen prokuradoreak edo herritarrak ez du jakingo jakinarazpena ikusi hutsarekin «epaitegitik bankuetara bidalitako ofizioa» bidaltzen dion, ala «bankuetatik epaitegietara bidali duten ofizioa» bidaltzen dion. Orduan, bi zentimoko txanpona besterik gabe hamar euroko billete bihurtzen ez den bezala, ezin da gaztelaniaz anbiguotasun ikaragarria sortzen duen testu edo esaldi bat euskaraz zuzen eta egoki eman. Horrexegatik, hainbat kasutan horrela itzuliko dio langileari:

  • Oficio banco -> Ofizioa bankua
  • mandamiento Registro de la Propiedad -> manamendua Jabego-erregistroa

Baina gauza bat utzi nahi dugu argi: ez dugu galdutzat ematen anbiguotasunaren aurkako borroka. Horrexegatik, lehenik eta behin, eta ahal dugun neurrian, goian adierazitako bideak jorratzen saiatzen gara (gaztelaniaz anbiguotasunik gabe idazteko mezuak zabaltzea, langileen kudeaketarako programak eskaintzen dituen aukerak mugatzea, langileei berariek galdetzea...). Baina jakin badakigu oraingoz konponbide zaila duen arazoa dela, eta ez gaudela konforme emaitzarekin, hain zuzen, gaztelaniazko esaldiak duen anbiguotasuna, euskarazko esaldian mantentzea irtenbide motza eta garestia delako, eta ez da hori geure helburua.

Beraz, ikertzen eta irtenbide berrien bila jarraituko dugu, herritarrari iritsiko zaion mezua (testua, alegia) garbia eta ulergarria izan dadin.

Hizkera juridikoaren ezaugarriak. Testuinguruaren araberako itzulpenak

Mugak

Beste edozein hizkera teknikok bezala, hizkera juridikoak ere bere teknizismoak ditu. Hitz asko latinetik hartuak dira, hala nola: eximente, penal, código, fallo, procesal, confinar, infracción, reglamento, considerandos, resultandos, decreto, jurisconsult...

Baina hizkera zientifiko eta teknikoetako lexikoa handitzen doan arren, hizkera juridikoa oso kontserbadorea da, eta esan bezala, latinetik jasotako hitzak erabiltzeko joera handia du. Joera hau ez da lexikora bakarrik mugatzen. Formula askotan ere aurkitzen dugu, hauexek batzuk bakarrik aipatzearren:

escrito de apelación, las partes,
se señaló la vista, nulidad de las actuaciones,
resoluciones judiciales, motivo de indefensión,
sentencia firme, imposición de costas,
ejecución acordada, pronunciamos, mandamos y firmamos, etc.


Hizkera hau ulergaitza gerta daiteke, baina testu juridikoetan gaizki-ulertzeak lexikoaren monosemia erabiliz saihesten dira, gertaerek eta ebazpenek egitura finkoa baitute. Dena den, argi dago argitasuna eta komunikazioa bilatu behar direla (eta horretan saiatzen da goian aipatutako Euskara Batzordea), ez baita beti epaitegietako komunikazioetan adituak diren pertsonentzat bakarrik idazten.

Dena den, epaitegietako langileek erabiltzen duten hizkera juridikoaren sintaxia zaharkitutako baliabidez josita dago oraindik. Esaterako, «testu libre»tzat jo ditugun agiri gehienak hirugarren pertsonan idazten dira. Ikusi, bestela, adibide hau.

  • El exhorto cumplimentado que antecede, únase al proceso de su razón, haciendo entrega de las oportunas copias del mismo a las partes personadas, teniéndose presente su contenido a los fines legales procedentes.
  • La anterior diligencia negativa únase a los autos de su razón, y póngase en conocimiento de la parte actora el contenido de la misma a fin de que manifieste lo que a su derecho convenga.

Oro har, beraz, hizkera juridikoa ez da beste hizkera teknikoak adina garatu. Urruntasunerako joerak, esaldi luzeak egiteko ohiturak eta abarrek iluntasuna sortzen dute, eta anbiguotasuna ere bai. Ez da arraroa, beraz, esanahi ugari dituzten esaldi luze zein motzak aurkitzea epaitegietako administrazio-idazkietako «testu-libre» horietan.

Eta hizkera juridikoan monosemiarako joera baldin badago ere, badira polisemia kasuak, eta horrek ere anbiguotasuna sortzen du. Beraz, eta geure gaiari berriro eutsiz, gaztelaniaz anbiguotasun horrek arazoak sortzen baditu herritarrek edo adituek testua ongi ulertu ahal izateko, arazo bera dauka itzultzaileak esaldi edo hitz hori era egokian itzuli eta itzulpen-memorian sartzeko. Jo dezagun langileek tekleatzen dituzten benetako adibide erraz hauetara:

  • «Arabe» hitza: langileek hau idazten dutenean itzultzaileak bi aukera ditu. Hizkuntzaz ari bada, «arabiera» itzuliko du, eta naziotasuna bada, «arabiarra». Beraz, nola itzuli?
  • «secretaria» hitza baita ere, alegia, «idazkaria» edo «Idazkaritza» (oso ohikoa baita azenturik gabe idaztea)
  • «Incompentencia» hitza, esaterako, «eskumenik eza» edo «gaitasunik eza» izango da testuinguruaren arabera, edo langileari egiten zaion galderaren arabera.
  • «Resolución» hitza, «ebazpena» edo «»suntsiarazpena», azken honetan kontratuaz ari bagara. Era berean, «resolver» aditza, «ebatzi» edo «suntsitu» izan daiteke.

Beraz, horrela, gordin-gordinean datuak itzuli beharra izango bagenu (azken finean, datu-base batean oinarrituta itzultzen dira), itzultzaileari itzulpen egokia egiteko beharrezkoa duen elementu bat falta zaio, alegia, testuingurua. Beraz, itzultzaileak jakin behar du zein eredutako «testu librea» itzultzen ari den, eta ze galderari erantzuten ari zaion. Baina ez itzultzaileak bakarrik. Itzulpen automatikorako programak ere jakin egin behar du noiz itzuli behar duen esaldi bat era batera edo bestera; alegia, «resolución» hitza noiz itzuli behar duen «ebazpena» eta noiz «suntsiarazpena».

Konponbideak

Hirugarren puntuan aipatu dugun bezala, Visual Basic-eko kodigoak txertatu ditugu langileek lanerako erabiltzen duten kudeaketa-programan. Horrela, itzulpen esklusibo edo baztertzaileak egiteko aukerak ditugu.

Kasu hauetan ere gauza berbera egin beharko litzateke. Berriro adibide errazenetara joz, «Arabe» hitzera joko dugu. Esan bezala, itzultzaileak bi aukera ditu hitz hau itzultzeko orduan. Hizkuntzaz ari bada, «arabiera» itzuliko du, eta naziotasuna bada, «arabiarra». Orduan, kodigoz zehaztuko da erantzuna era batera ala bestera eman. Horrela, dokumentu batean era batera itzuliko du, eta beste dokumentu batean, bestera.

  • galdera «INSERTE NACIONALIDAD DEL SOLICITANTE» baldin bada, kodigo bitartez adierazten diogu programari hori, «arabe» hitza «arabiarra» itzuli behar duela, alegia, eta ez «arabiera».
  • Aldiz, galdera «INSERTE IDIOMA A TRADUCIR» bada, orduan «arabe» hitza, «arabiera» itzuliko du.

Eta irtenbide berbera emango diegu goian aipatutako kasuei: incompetencia, secretaria, resolución, asistir (lagundu/azaldu)...

Itzulpen automatikorako programaren sistematizazioa

Orain arte azaldutako itzulpen automatikorako programaren ezaugarri, muga eta konponbideak arian-arian egindako hobekuntzak izan dira. Bidean egindako akats eta hanka-sartzeek programa hobetzen eta fintzen lagundu digute, eta aurrean dugun beste erronka bati aurre egiteko bidea prestatzen ere lagundu digute.

Itzulpen automatikorako programa bat testu-sortzaile batean txertatzea ez da gauza erraza. Dokumentuak banan-banan berrikusi behar dira, eta bakoitzarentzat irtenbiderik egokiena proposatu, itzulpena egokia izan dadin eta dokumentua elebidun atera dadin.

Horrexegatik, prozesu guztiaren fluxu-diagrama bat azaldu nahiko genuke, irakurleak prozesu guztiaren ikuspegi orokor bat izan dezan. Dena den, argi gera bedi artikulu honetan azaldu duguna 1. irudian agertzen denaren zati bat baino ez dela izan (ia-ia esango genuke letra etzanez agertzen dena baino ez dela izan).

Lehen irudia

justizia_5.jpg

Azkeneko puntua, «Itzulpen automatikoaren oinarrizko eskema» deritzona, itzulpena «de facto» egitea izango litzateke, alegia, makinak, testu-prozesatzailean sartutako testuaren itzulpen egoki bat ematea (aurreazterketan beharrezkotzat jo diren «konponbideak» ezarri eta gero, betiere) eta leku egokian txertatzea. Dena den, informatikari lotutako nahiko eskema korapilatsua denez, ez dugu hemen aipatuko

Baina erronka berria hauxe da: goian aipatu diren ezaugarri guztiak (eta aipatu gabe geratu direnak), itzulpen automatikorako programa oso batean txertatzea, eta prozesuaren fluxu-diagraman azaldutako guztia («1. irudia» izenekoa) sistematizatzea. Baina ez hori bakarrik. Itzulpen automatikoaren prozesuaren hurrengo urratsari ere ekin egin behar zaio, alegia, emaitzari. Argiago esanez, zer gertatzen da itzulpenik ezin izan denean egin? Neurri berezirik aurreikusi al da horrelako kasuak «konpontzeko»? Jakina, hizkera juridikoak monosemiaranzko joera izan arren, eta langileek sartu beharreko datuak oso antzekoak izan arren, beti dago (eta egongo da, noski) aurreikusi ez den testuren edo segmentu motaren batekin topo egiteko arriskua. Beraz, arazo honen konponbidea ere sistematizatu egin behar da. Ikus dezagun, lehenik eta behin, arazo honi aurre egiteko prozesuaren fluxu-diagrama:

Bigarren irudia

justizia_4.jpg

Ez dugu gai honetan gehiago sakonduko, beste artikulu bat beharko baikenuke prozesu guzti honen berri emateko, eta hizkuntza-normalkuntzari lotuagoa dagoen gai bat delako. Bakarrik esango dugu 1. eta 2. irudi horietan agertzen diren prozesuko urrats guztiak (fluxu-diagramak), programa informatiko bakar batean integratzen ari garela. Prozesu honetan informatikariak, itzultzaileak, hizkuntza-normalkuntzarako teknikariak, eta trebatzaileak hartuko dute parte, elkarren berri izango dute, eta denak abiapuntua eta helburu argia duen prozesu baten ezinbesteko zatiak izango dira.

Amaiera

Beraz, prozesu guztia sistematizatzen hasi gara, eta itzulpen-memoria eta itzulpen automatikorako programa sistema bakar batean integratzen ari gara.

Sistema berri honen irudietako bat hauxe da. Irudi hau, guk egindako proposamenen arabera informatikariak diseinatzen ari diren programaren zati baten zirriborro bat baino ez da.

justizia_6.jpg

Guk aurretik praktikan jarri ditugun hobekuntza guztiak txertatzen ari dira programa berri honetan. Beraz, goiko «Sistema honen mugak eta hauek gainditzeko konponbideak» atalean adierazi diren konponbideak dagoeneko txertatuta daude (edo aurki txertatuko dira) programa berri honetan. Baina ez da hori bakarrik. Prozesu guzti honetan parte hartzen duten alderdi guztiek, hala nola hizkuntza-normalkuntzarako teknikariek, itzultzaileek, informatikariek eta trebatzaileek sistema bakar batekin egingo dute lan, elkarren artean komunikatuta dauden datu-base eta itzulpen memoriekin. Eta hori guztia, informatikariek helburu hau lortzearren jarri duten interesa eta gogoari esker lortu da hein handi batean. Haien laguntza eta prestutasunik gabe, ezin izango genuke horrelako sistema bat martxan jarri.

Gauza asko gelditu dira azaldu gabe, eta irakurleak zalantza ugari izango ditu, normala den bezala: nola zehazten den itzuli behar den segmentua, segmentuka itzuli aurretik datu-base berezietan egindako bilaketak nola egiten diren, nola itzultzen dituen esaldi bateko hilabete guztiak itzulpen memorian erregistro edo hilabete bakar bat sartuta egonda ere (esaterako, «que comparezca el 1 de noviembre de 2007 para practicar diligencias»)...

Dena den, ikasten ari gara, eta eguneroko lanak erakutsiko digu zein irtenbide den egokia kasu bakoitzerako, eta noraino irits gaitezkeen teknologiak eta trebakuntzak (biak uztartuz) eskaintzen dizkiguten baliabideen bitartez.