EUSKARAZ · ESPAŃOL · FRANÇAIS · ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Editoriala - Karlos del Olmo
Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô. Buson, Issa eta Xiki - Ibon Uribarri
Mahai-inguruan: bertsolariak ere itzultzaile - Xabier Amuriza, Xabier Payá, Koldo Tapia y Karlos del Olmo
Euskal literatura gaztelaniaz. Itzulpena, autoitzulpena, bertsioak... - Bego Montorio
Itzulpena eta feminismoa - Bakartxo Arrizabalaga
Zuzenketa, itzulpen kalitatea ziurtatzeko prozedura: zuzenketa mailak, motak eta modalitateak - Silvia Parra
Itzulpen lana Nazio Batuen Erakundean: New Yorkeko Espainiera Zerbitzua - Ana Isabel Morales
Amundsen titaniozko eremuetan - Nerea Virto
Euskarazko eta alemanezko aditz sistemen erkatzea hiztegigintza adibideen bitartez - Elena Martinez Rubio
Pentsamenduaren Klasikoak euskaraz - Pello Salaburu
Euskal literatura beste hizkuntzetara itzulia - Elixabete Manterola
Ahots orokorraz - Patxi Zubizarreta
Hasi berritan antzerkia itzultzeaz - Ińigo Errasti
Itzulpen automatikoaren aplikazioa EAEko epaitegietan - Xabier Arauzo, Xabier Balerdi, Aitor Gorostiza, Carmen Laiz eta Xabier Yurramendi
Eskarmentuak erakutsi diguna. Interpretazioaz bi hitz - Mikel Garmendia
OmegaT, itzulpenak egiteko CAT aplikazio librea - Asier Sarasua Garmendia

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 32 (2007) »  Amundsen titaniozko eremuetan - Nerea Virto

Inprimatu

Data: 2008ko otsaila

Amundsen titaniozko eremuetan - Nerea Virto

Babelgo dorrea Euskal Herrian daukagu. Ba al zenekiten? Guggenheim museoko korridoreetara hurbiltzera gonbidatzen zaituztet erakusketak muntatzen ari direnean. Udazkenean, Errusiari buruzko erakusketa eraisten eta % 100 Afrika izenekoa eraikitzen ari ziren bitartean errusiera, frantsesa, ingelesa, euskara, gaztelania eta Boli Kostako Bete etniaren hizkuntza entzun zitezkeen kafetxoa hartu bitartean.

Eleaniztasuna

Testuen itzulpenari dagokionez ere antze­rako zerbait gertatzen da. 1997an inauguratu zenean museoaren jarduerarako hartu zen erabaki estrategikoetako bat komunikaziorako hizkuntza ofizialak hiru izatea izan zen: euskara, gaztelania eta ingelesa. Ordutik, eta arrazoi ezberdinegatik –bisitarien eskariak, beste hizkuntza txikietako hiztunei elkartasuna adierazteagatik, herrialde ezberdinetako erakunde eta artistekin lan egiteagatik– lan hizkuntzak asko ugaritu dira.

Hala, bisitariek hormetan ikusten di­tuzten azalpen testu, txartel eta argibide guztiak hiru eletan daude. Baina informazio-mahaian banatzen den @ aldizkaria –momentu horretan ikusgai dauden erakusketei buruzko azalpenak eta bestelako argibide praktikoak dituena– sei hizkuntzatan argitaratzen da: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, galegoa eta katalana; eta azalpenak entzun nahi izanez gero, entzuteko gidak beste hainbeste hizkuntzetan eskuratu daitezke: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera.

Askotariko testuak

Hala ere, orain arte aipatu guztiak izozmendiaren tontorra besterik ez dira. Bisitariek itzulitako hainbat testu irakurtzen dituzte, baina museoak gizarteko bestelako kidegoekin dituen harremanetarako ere (ikastetxeak, museoaren lagunak, hedabideak, museoa babesten duten enpresa eta erakundeak) itzulpen behar asko sortzen dira. Horrezaz gain, museoko arlo askok mundu osoko kideekin testuak elkartrukatzen dituzte (arte ardura arlokoek beste museoetako komisario eta kontserbatzaileekin; erregistroko arlokoek mundu osoko garraio enpresa eta aduana-administrazioekin; lege-aholkularitza eta finantzetakoek New Yorkeko kideekin) eta hor ere itzulpenak tartean izaten dira.

Bestetik, kontuan hartu behar da erakusketa katalogoak gehienetan beste hizkuntzetatik itzultzen direla. Eskuarki in­gelesetik. Bestetan, Europako bestelako museoekin lankidetzan egiten diren erakusketen kasuan, jatorrizko testuak frantsesez, alemanez edo italieraz idatzita egon daitezke, artikuluen egileen hizkuntzaren arabera.

Datuak

Ez zaituztet aspertu nahi Escorialen eta horrelakoetan egiten duten moduan datu gehiegi aipatuz, baina adibide gisa ondokoak argigarriak izan daitezke: Guggenheim Bilbao Museoak 200etik gora itzulpen bidaltzen ditu kanpora urtero, luzera eta eduki askotarikoak. Batzuk eskutitz soilak izan daitezke; besteak, berriz, 40.000 hitz dituzten katalogoak. Esate baterako, 2006. urtean ia 20.000 euro erabili zituen museoak katalogoetarako testuak itzultzen eta 50.000 euro bestelako itzulpenak egiteko.

Zailtasunak

Hasieratik izan dugun arazo larriena euskarazko terminologia izan da. Gaur egungo artearen arloa ezer gutxi jorratu da gure hizkuntza honetan. UZEIren Artea hiztegiak eta bestelako hiztegi eta glosategiek ez dituzte azken joera eta teknikak biltzen eta askotan ez datoz bat (“keinu-pintura”, “keinuzko pintura” edo “keinubidezko pintura”?). Erreferentzi lanak gehienetan itzulpenak dira (Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratutako Arte Modernoaren Hiztegia edo Arte modernoaren ildo analitikoak). Azkenean betiko leloa, erabilgarriena arteari buruz euskaraz idazten dutenek erabiltzen duten fraseologia izaten da (Argia, Berria,…).

Arazoa museoan lantzen dugun arte mota izendatzeko moduarekin hasten da. “Arte garaikidea” (euskaraz idazten duten arte kritikariek, bestelako museoek eta itzultzaile gehienek erabiltzen duten terminoa) ala Ibon Sarasolak Euskara batuaren ajeak liburuan proposatzen duen “gaur egungo artea”? (erronka botako nioke nik Sarasola jaunari hainbestetan errepikatzen den “arte moderno y contemporáneo” bikote bereiztezina itzultzeko).

Oztopo handienak ez dira arte mugimenduak eta korronteak izendatzerakoan sortzen, artegintzan eta museo baten egunean-egunean sortzen diren hainbat teknika eta jardun izendatzeko terminologiarekin baizik. Artea sortzearekin (teknikak, baliabideak, tresnak, eta abar) eta museografiarekin zerikusia duen guzti horrekin alegia. Nola itzuli adibidez ingelesez erabiltzen den “Curator”: arte arduraduna? edo kontserbatzailea? (frantsesez eta gaztelaniaz hartu den bidetik). Nola egin arte modernoa eta garaikidea duten museoek “Conservator” eta “Restorer” artean egiten duten bereizketa emateko? Egia esan IZOko terminologia atalean egin nuen lana asko eskertu dut museoko lanean. Behintzat terminoak sortu beharra izan dudanean ez dut itsu-itsuan jo. Hala ere hamar urte hauetan beste itzultzaile eta idazleek egindakoari esker askotan berrikusi ditugu gure erabakiak eta arte-sormenaren ildo berriek irtenbide irudimentsuak bilatzera akuilatu gaituzte.

Batzuetan Amundsen bezala sentitzen naiz, poloko izotzetan bakar-bakarrik galduta, baina lan honek badu bide berriak irekitzen dituen esploratzailearen zirrara hori.


Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa [a bildua] eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net