Idazlea itzultzaile
Unai Elorriaga

Artikulua pdf formatuan

Nekez aurkituko dugu, mundu osoko literaturetan, obra propioa itzultzen duen idazlerik. Eta arrazoi asko egon daitezke egile batek aukera horri uko egiteko; bakan batzuk aletzen ahaleginduko naiz hemen...

Arrazoi guztien arteko nabarmenena: idazleak ama hizkuntzaz gain beste batzuk jakin arren, ez ditu behar bezala ezagutzen; ez da beste hizkuntza batean obra literario sendoa sortzeko kapaz. Hau da, beste hizkuntza batean (edo batzuetan) idatzitako testuak irakur ditzake beharbada, hizkuntza horretako edo horietako hiztunekin modu egokian komunika daiteke eta irakurtzeko moduko testuak idatz ditzake. Beste kontu bat da, ordea, testu literarioa sortzea hizkuntza arrotz horretan: estiloa, tonua, ahotsak... Zail egingo zaio obra originalak zeukan espiritu bera lortzea.

Witold Gombrowicz, esate baterako, kasu argia da. Mundu Gerra zela eta, Argentinan bizi izan zen idazle poloniarra urte askoan. Gerra hasi baino urtebete lehenago, baina, Ferdydurke izeneko liburua argitaratu zuen polonieraz, eta Argentinan luzarorako geratu beharko zuela ulertu zuenean, jaioterrian idatzitako liburu hura gaztelaniara itzultzea erabaki zuen.

Ordurako gaztelaniaz egiten zuen Witold Gombrowiczek, baina bere hizkuntz gaitasunak zalantza eragiten zionez, itzulpena lagun batzuei eskatzea erabaki zuen. Liburua ezagutzen duenak, ostera, jakingo du nolako zailtasun estilistikoak dauzkan, eta Gombrowiczek ulertu zuen berak ere, uneoro, itzulpenaren gainean egon beharko zuela. Eta halaxe burutu zuten itzulpena: egilea bera eta itzultzaile taldea elkarlanean.

Testuaren zailtasuna gorabehera, gaztelaniazko itzulpena bikaina da. Izan ere, modu hori izango da ziurrenik (itzultzailea eta egilea elkarlanean) itzulpena egiteko modurik egokienetako bat.

Badira, baina, hizkuntza batean zein bestean gaitasun handia daukaten idazleak ere. Julio Cortázarren kasua da. Jakina da bizitzak eta politikak behartuta, Frantzian bizi izan zela idazlea. Frantsesa umetan ikasi zuen, gainera (itzultzailea zuen ama), artean Argentinan bizi zela. Esan daiteke, zalantza handiegirik gabe, beraz, frantziar askok baino askozaz hobeto idatziko zuela Cortázarrek frantsesez. Hala ere, ez zituen bere testuak itzultzen. Argentinarraren kasua, gainera, azpimarratzeko modukoa da, itzultzailea baitzen lanbidez...

Jean Barnabé itzultzaileari idatzitako gutun batean hala dio:

Laure Guille ha traducido "Lejana" y "Las puertas del cielo". Acabo de ver su versión de "Lejana". Hay cosas que me gustan y otras que usted resolvió mil veces mejor que ella. Laure es la primera en sostener que usted acierta siempre en los pasajes más difíciles.

Argi dago Julio Cortázar bere ipuinen itzulpen guztien gain-gainean egon zela; xehetasun txikienei ere erreparatzen zien, baina burutik ere ez zitzaion pasatu bere testuak itzultzen hastea.

Ingelesarekin ere antzeko harremana zeukan. New Yorkeko poeta batek, Paul Blackburnek, argentinarraren ipuin bat baino gehiago itzultzeko ahalegina egin zuen. Cortázarrek etengabe zuzentzen zizkion txarto itzulitako pasarteak. Blackburni idatzitako eskutitzak, esaterako, ingelesez idazten zituen batzuetan. Irakurtzeko modukoa da idazleak hizkuntzekin zeukan harremana argi adierazten duen pasarte hau:

Dear cronopio Paul,
As you wrote me in a magnificent Spanish, I am going to answer in a no less remarkable English.

Julio Cortázarrek, beraz, ama hizkuntzaz aparte beste hizkuntza batzuk (frantsesa eta ingelesa bereziki —Edgar Allan Poe gaztelaniaratu zuen, besteak beste— etxekoak izan arren, beste batzuen eskuetan utzi zituen bere testuak. Gutunei esker dakigu, baina, ardura handiz aztertzen zituela itzulpen guztiak.

Argi dago, ondorioz, hizkuntza bietan gaitasun bera (edo antzekoa, ia inoiz ez baitira maila berean egoten) daukaten idazleek ere erreparoak izaten dituztela itzultzen hasterako. Hori da, hain zuzen ere, gure inguru linguistikoan gertatzen dena...

Euskaraz idazten duten idazleek, oro har, ondo ezagutzen dituzte idazteko aukeratu duten hizkuntza zein gaztelania, ahozkoa nahiz literarioa (euskara eta frantsesa batzuen kasuan). Esan daiteke ez daukatela arazorik batean zein bestean modu naturalean aritzeko: ahoz, idatziz, lagunartean, egoera akademikoagoetan... Zer esanik ez eskola hizkuntza gaztelania (edo frantsesa) izan dutenek...

Gure kasua, umetatik euskaraz eskolatu garenona, apur bat desberdina da; denbora gehiago behar izan dugu gaztelaniaz ohitzeko (gaztelaniaz eskolatuek euskaraz ohitzeko baino askozaz gutxiago hala ere). Baina azkenean puntu berera heldu gara guztiok, eta horren arrazoietako bat, ziurrenik, honakoa izango da: literatura gehiago irakurri izan dugula gaztelaniaz euskaraz baino. Haiek eta guk. Eta horrek eta beste ahalegin askok jarri gaituzte hizkuntza bietan neurri bertsuan eroso. Esan daiteke hizkuntza batean zein bestean obra literarioa sortzeko gai izan gaitezkeela zorionez.

Heldu naiz, azkenean, heldu nahi nuen lekura. Gaitasun hori eduki arren (ez gara hiztun perfektuak, jakina, zalantza ugari dauzkagu, baina ez da idazlerik munduan zalantza linguistikorik gabe), euskaraz idazten duen idazle gutxik itzultzen ditu bere testuak.

Arrazoi bat baino gehiago egon daiteke:

  • Idazle batzuek ez dute euren burua itzultzaile lanetan aritzeko kapaz ikusten. Sumatzen dute hizkuntza biak ondo jakiteaz gain, itzulpen-erregelak ere badirela eta ez dituztela ezagutzen. Arrazoia daukate neurri handi batean, baina oinarrizko arauen ikasketa-prozesua ez da horren luzea ere. Hala ere, ez dira ausartzen. Edo ez dute ahaleginik egiten, bigarren arrazoiarekin estu lotuta dagoen puntu bat dela eta...
  • Bigarren arrazoia askozaz ere prosaikoagoa da: denbora falta. Idazle profesional gutxi dago gure artean: beste lanbide batzuetan ematen dituzte idazle gehienek eguneko ordurik egokienak. Denbora gutxi daukate, beraz, seguru asko onura ekonomikorik ekarriko ez dien itzulpen bati hainbeste ordu eskaintzeko. •
  • Ez dute obra berreraiki nahi. Egileak sinisten du testua amaituta dagoela eta itzultzen hasiz gero, berreraiki ez ezik beste obra bat ere osatuko lukeela. Horretara heldu nahi ez duenez, beste baten esku uzten du itzulpena.

Lan nekeza da, beraz, alde guztietatik begiratuta, eta denbora da faktorerik garrantzitsuenetako bat. Idazleren batek, hala ere, ahalegina egin dezake bestelako itzulpenak egiten dituen erritmo berean itzultzeko. Esan nahi dut lan gutxi gorabehera mekaniko moduan egin daitekeela (egunean hiru edo lau edo bost orri, esate baterako, bakoitzaren trebetasunaren arabera). Halakoetan, ordea, ohikoena da idazleak berak ere estiloa, ahotsa eta abar galdu dituen sentsazioa izatea. Testu literario batek lana eskatzen du, hau da, denbora, hau da, orduak esaldi bakoitzaren gainean. Hizkuntzarekin eta estiloarekin estu aritu ezean, asko galtzen du testuak.

Guztiarekin ere, beste idazle batzuen lanak itzuli ditudanean, argi baino argiago ikusi dut inork ezin duela itzulpena egileak berak bezain egoki egin. Inorena itzultzen aritu naizenean, konturatu naiz egileak euskaraz jakingo balu, ez lukeela pasarte hau edo hura nire moduan itzuliko, aldatu egingo lukeela, euskaraz ez duelako ondo ematen, ez diolako jatorrizkoan zeukan bide literarioari eusten...

Elkarrizketak dira adibiderik onenak. Egoera berean leku desberdinetako hiztunek desberdin erantzuten diote gehienetan galdera bati. Are gehiago: hizkuntza berean ere erantzuteko modu oso desberdinak daude. Gaztelaniaz aritzen den batek, egoera beraren aurrean, desberdin erantzuten du Liman, Buenos Airesen, Lleidan, Malagan edo Vigoko herri txiki batean. Kulturak, egoera sozialak, inguruak... gauza askok hitz egiten dute egoera bakoitzean. Eta, nola ez, aldea askozaz handiagoa da hizkuntza aldatzen denean. Itzultzailea, ordea, ezin da hasi egoera bakoitzean hiztun bakoitzak erantzungo lukeena asmatzen. Jatorrizko testuan dakarrena itzuli behar du (oso nabarmena ez bada). Aldaketa hori egin dezakeen bakarra egilea bera da...

Amaitzeko eta aurreko guztiari kolore apur bat emateko, kasu praktikoren bat komentatu nahi nuke. Aipatu nahi nituzke nire testuak itzultzean izan ditudan trabak eta nola gainditu ditudan. Batzuk uste baino hobeto egokitu nituen gaztelaniaz eta beste batzuekin, ostera, badakit ez nuela behar bezala asmatu... Dena dela, hemen hitz gutxitan laburbilduko baditut ere, batekin baino gehiagorekin orduak eta egunak eman nituen orduan.

Hiru taldetan banatu ditut itzulpenetan izan ditudan arazoak. Banaketa arbitrarioa da, jakina; hiru, zortzi edo hamaika talde egin daitezke, baina hiru hauek hautatu ditut argiago azaldu ahal izateko: arazo literarioak, arazo kulturalak eta ideolekto arazoak.

1. Arazo literarioak. Testuak —hitz edo talde linguistiko bakoitzak— duen doinuari garrantzi handia ematen diogun idazleontzat —gehienak, esango nuke—, ikaragarri zaila da metaforak, konparazioak, metatesiak... itzultzea.

Demagun metafora bat sortzen dugula "igela" hitzarekin. Gaztelaniara itzuli eta 'rana' topatzen dugu ezinbestean. Euskarazko hitzak kontsonante ahostun eta likidoekin leuntasun sentsazioa transmititzen du; gaztelaniazko hitza, ordea, gogorra da gure pertzepzioan, hasierako 'r' latz horrekin. Horrek, laburbilduz, metafora garrazten du... Kasu horretan egin nuena honakoa izan zen: euskarazko "igela" gaztelaniazko 'iguana' bihurtu. Argi dago, hala ere, beste desoreka bat sortzen dela hor: iguana askozaz pizti exotikoagoa da etxeko igela baino... Urruntasun sentsazio hori baretzeko, kasu horretan, metaforaren bigarren terminoarekin jokatu beharko genuke, esate baterako. Jolas hori baina, lehen ere hitz egin dugu horretaz, idazleak baino ezin du egin (edo itzultzaileak idazlearen baimenarekin).

Bada beste adibide bitxi bat: SPrako tranbia idatzi nuenean, kapitulu guztiak zati bitan banatu nituen: "Egun argia" eta "Iluntzea". Itzulpena egin nuenean, lehenengoa 'El día en sí' eman nuen, baina bigarrenaren kasuan, itzultzeko errazagoa den arren, ez ninduen asetzen 'El anochecer' itzulpenak. Poetikoegia iruditzen zitzaidan, erabiliegia, egunaren banaketari zentzu estetikoegia ematen zion (euskaraz, ordea, eguneroko hitza da "iluntzea"; "Iluntzeko bederatzietan heltzen da egunero etxera"...). Gauza bera esateko, beraz, esaldi inozo bat bilatu nuen gaztelaniaz, konnotazio poetiko guztiak baztertzeko. Asteak pentsatzen egon eta gero, honela itzuli nuen: 'Cuando el día empieza a dejar de ser día' (kapituluren batean aldakiren bat ematen dut: 'Cuando el día empieza a ser más noche que día').

Sorpresa hartu nuen, bada, Kataluniako egunkari bateko kazetari batek honako hau idatzi zuenean: "La lengua original no siempre ha encontrado acomodo en el castellano...". Eman zuen adibideetako bat, hara: "La peculiar manera de nombrar las diferentes partes del día, acaso en exceso dependiente de la lengua original del libro".

2. Arazo kulturalak (hizkuntza eta kultura nahasten dira hemen, jakina). Nire testu batean paragrafo hau idatzi nuen euskaraz: "Erizainak barre egin zuen. Erizainak zuriz joan ohi dira ospitaleetan." Besterik ez. Edozein irakurlek asmatuko luke jolasa "zuri" adjektiboan dagoela. Edozein euskaldunek daki zeren sinbolo den euskaraz "zuri" berba. Itzuliz gero, ordea, guztia galduko litzateke. Koloreek hizkuntza (kultura) guztietan daukate esanahiren bat (edo esanahi ugari), baina oso desberdina sarritan. "Blanco" adjektiboak gaztelaniaz bestelako ezaugarriak dakarzkigu burura (araztasuna, garbitasuna, zentzu sexualean ere bai). "Las enfermeras suelen ir de blanco en los hospitales" esaldiak, beraz, euskaraz daukan gaizto puntu hori galduko luke, eta, nola ez, beste esanahi bat hartu, erabat bestelakoa. Testuaren espiritua galduko litzateke nolanahi ere. Azkenean honela itzuli nuen: "Las enfermeras, con esa personalidad de goma de borrar."

Bada beste pasadizo berezi bat. Ez dago nik itzulitako testu batean baina itzulpenarekin zerikusi zuzena du. Van't Hoffen ilea alemanera itzuli zidatenean, bazen Klaus Klewer itzultzaileak ulertzen ez zuen pasarte bat. Halako batean, herri txiki batean, ehizatutako txoriekin ordaintzen zioten behartsuek medikuari. Klausek behin eta berriro esaten zidan ez zuela ulertzen; nik behin eta berriro azaltzen nion mezu elektronikoetan. Azkenean, hori eta bestelako zalantza batzuk argitzeko, batzar bat egitea erabaki genuen, aurrez aurre. Bera etorri zen Alemaniatik. Pasarte horri buruz hitz egin genuen, luze. Azkenean konturatu zen: jakina, Alemanian aberatsen kontua da ehiza; dirurik ez daukan jendeak ezin du ehizan egin. Eta hori bera zen Klausek ulertzen ez zuena... medikua ordaintzeko dirurik ez daukanak nola egingo du ehizan... Oin-oharra jarri genuen azkenean.

3. Ideolekto arazoak (ez dakit, egia esan, hirugarren talde honi zein izen eman: ideolekto arazoak, psikologikoak, pertsonalak, intuitiboak...). Arrazionalki azaltzeko atalik zailena da hau, baina esan dezagun zenbait pasartetan egileak ondo dakiela esaldi, aditz edo aditzondo jakin bat ez duela zuzen itzuli behar, literalki itzulita ez duela ondo ematen, ez diola jatorrizkoan zeukan espirituari eusten (narratzailearen edo pertsonaien hitz egiteko moduari ez diola eusten), baina ezin du arrazoitu.

Sarri askotan hiztunaren maniak baino ez dira, gurari neurotikoak beharbada. Euskaratik gaztelaniara itzultzen dudanean, esate baterako, lehen konjugazioko partizipioekin gertatzen zait, hau da, -ado amaiera daukatenekin. Aski ezaguna da gure artean, euskararen eraginez seguruenik neurri handi batean, -au bihurtzen ditugula guk ahoz. Eguneroko hartu-eman batean "he jugado", "hemos cantado" eta parekoak entzuten ditugunean, oso arrotz egiten zaizkigu, lekuz kanpo. Horregatik da zaila nire pertsonaien ahotan halakoak jartzea (elkarrizketa informaletan batez ere; bestela da narrazioan). Beste bide batzuk bilatzen ditut orduan...

Pertsona burutsuek esango dute ez dela gauza bera ahozko testua eta testu idatzia. Teoria denok ezagutzen dugu, baina literatura begietatik sartzen da eta begiek ematen diote indarra pertsonaia bati. Nik neuk ez badut pertsonaia esaten ari dena sinisten, irakurleak ere sumatuko du, nola ez. Bestetik, gainera, sorkuntza-motore bezala oso esker onekoa izaten da halako itzulinguruak egiten ibili behar izatea.

Beste kasu berezi bat nire lehenengo eleberriaren izenburuaren itzulpena bera da. Euskaraz SPrako tranbia eta gaztelaniaz Un tranvía en SP. Itzulpen literala '(El) tranvía hacia SP' izango litzateke. Nik banekien "tranvía" eta "SP" hitzek gaztelaniazko izenburuan egon behar zutela, baina zalantza egiten nuen beste bi elementuekin. Aldatu behar nituela iruditzen zitzaidan baina ez nekien oso ondo zergatik. Mila proba egin (mila izenburu pentsatu nituen) eta hainbat aste gogoeta egiten egon eta gero, "Un" eta "en" hautatu nituen. Zergatik? Orduan arrazoitu gabe egin nuen, belarriak agintzen zidan. Gero hausnartu dut, eta azalpen posible bat topatu ere bai (beharbada sail honetan sar nitzakeen adibide guztiek daukate aurkitu ez dudan azalpen sakoneko bat). Azaltzen ahaleginduko naiz.

Nik tranbia zehaztugabea nahi nuen, anonimoa. "El tranvía" emanez gero (edo "Tranvía" hutsik), tranbia bakan bati buruz ari nintzela ematen zuen, tranbia zerbaiten sinbolo. Eta ez nuen hori nahi. Horregatik "Un tranvía". Bestetik, "hacia SP" emanez gero, ekintza iradokiko zuen izenburuak (are gehiago SP horren atzean Shisha Pangma, zortzi mila metroko mendia, dagoela jakinda). Eta SPrako tranbia eleberri estatikoa da, gehiegi ere mugitu ezin den pertsonaia baten gainean eraikia. Mugimendurik gabeko izenburua nahi nuen. Horregatik Un tranvía en SP.

Itzulpen literarioaren ardatza, nire ustez, honakoa da: espiritu berari eustea jatorrizko testuan eta itzulpenean. Horretarako, baina, eta artikulu honetan argi geratu denez, forma bera goitik behera eraldatu behar izaten da batzuetan. Itzultzaile arrotz batek, ordea, ezin du halakorik egin (idazlearen beraren baimena ez badauka behintzat). Hori guzti hori kontuan hartuta, beti sumatu izan dut inork ezin duela idazleak berak baino itzulpen egokiagorik egin, betiere itzulpena munduko gauzarik inperfektuena dela onartuta.