Lengoaia, terminologia eta berriketa
Juan Garzia

Artikulua pdf formatuan

Aspaldi samarrekoa da erauntsia, baina ez du atertzeko seinalerik: lengoaia informatikako terminoa delako porruaz ari naiz. Ez da, inondik inora, kasu bakarra terminologia-kontutzat pasatu nahi dena hala ez dena, baina bai, beharbada, nabarmenetarikoa, eta horregatik jorratu nahi dut hemen, gaizki-ulertu eta tirabira-iturri orokor baten adibidetzat.

Piperra piper, bada, ez bedi uler saltsa honek bereziki hitz horrekin edo, are gutxiago, hitz horren erabiltzaile jakin batzuekin duenik auzia. Behin esanda nahikoa delako esperantzan: terminologiaren esparru espezifikoa garbi (samar) bereiztea eta bereizaraztea du jomuga nire solas honek, etsixea egonik ere entzuteko belarria duen askok ez duela zarata edo arrantza baino entzungo.

Niretzat azken tanta zena (tu quoque...), Alfontso Mujikak bota zuen 2005eko abenduko Senezen, lehenago ere Erabili.com-en irakurria geniona (eta jatorriz Mendebalde Kultura Alkartean aurkeztua, honako izenburu honekin: «Hiztegi Batua» eta terminologia zientifiko-teknikoa: elkarguneak, estuguneak eta gurutzaguneak).

Anekdotikoa irudi lezakeen baina fakultate osoak matxinatzeko ikur gerta daitekeen kontu bat auzi: informatikako terminoa ote «lengoaia» hitza? Ondo ulertzen dut espezialistei kostatzea bereizten hizkuntza orokorrari dagozkion ohitura-kontuak eta terminologikoak, baina harriturik eta ikaraturik geratu nintzen Alfontso Mujikak ere zaku berean sartzen zituela hor. Hona nire arrazoi argi eta garbiak:

  1. Hiztegi Batuak ederki biltzen duenez, «lengoaia» ez da «hizkuntza»ren sinonimo zaharkitua baino.
  2. Kontzeptu hori hizkuntza orokorrekoa da, eta ez, alajaina, espezialitate batekoa, informatika izan zein hizkuntzalaritza.
  3. Albo-erdaretako hizkuntza orokorrean, badira bi hitz (lengua/lenguaje, langue/ langage), izatez —adiera batean— sinonimo, baina, erabilera askotan (ez bereziki, eta are gutxiago soilik, informatikan), bikote bakoitzeko bigarrena baino ez da erabiltzen. Hori, bistan da, erdaron berezitasuna da, eta ez luke izan behar euskal informatikarena.
  4. Erdaron eredua kalkatzea egokitzat joko balitz (nire iritziaren, Euskaltzaindiaren eta, ustez, euskararen beraren aurka), hiztun guztiontzat litzateke egoki —eta ez espezialitate jakin batekoentzat— «hizkuntza» hitz bakarra dugun lekuan bi hitz bereiztea. Eta, bide batez, ez litzateke aukera bakarra hizkuntza/lengoaia bikotea, arbitrarioa bailitzateke kontua, eta berdin balioko bailuke, esate baterako, mintzaira/hizkuntza bikoteak. Jakina, halako iraultza egin eta erabaki hori harturik ere, ez litzateke aldatuko hemen diodanaren mamia: kontua ez dagokio terminologiari, lexiko orokorrari baizik.

Jakinaren gainean jarria nuen Alfontso ezen, teman (edo deman) jarraituz gero, nik ere banuela neure botatzekoa, eta azkenean bota ere egingo nuela. Bion artean, aise argituak ditugu kontutxook, eta horregatik ez nuen bere garaian argitaratu artikulu hau, baina geroztik ere ia egunero egokitzen zait, neure lanagatik, auzi berean katramilatzea espezialistekin, eta horregatik heldu diot berriro gaiari. Apur bat orrazturik, bada, hor doa orduan argitaratzera eman ez nuen alea.

Hala ere, badut gauza pare bat aurretik esan beharra.

Batetik, nire honen mamia ez doa bereziki artikulugilearen laprastada horren aurka (ez legoke berez esan beharrik, baina badaezpada); aitzitik, ikuspegi (edo, okerrago, ikuspegirik gabeko jarrera) orokor baten akats errotikoa agerian jartzea dut helburu: zentzu horretan, aitzakia hutsa dut haren aipamena.

Bestetik, oso estimutan daukat Alfontso eta Alfontsoren lana, eta oso bat etorri ohi naiz berarekin, topo egiten dugun iritzi-leku guztietan. Eta delako artikulua ere ez da salbuespen: arrazoizko, jakingarri eta jaramon egitekoa deritzot ia guztian, eta, nola ez, terminologiaren berezitasunak guztiok kontuan hartzekoak direla dioen horretan.

Bego horrenbestean, bada, guzti zabal horrena, eta gatozen orain beste ia horri dagokion xehetasunera.

Bat nentorke auzigai dudan puntutxo horretan ere, baldin eta lengoaia hitzaz ez eta, esate baterako, performantzia hitzaz ari bagina. Kasu horretan, nekez justifikatuko litzateke espezializazio-hizkera jakinean halako terminoa erabat erabiltzen dutenei ez Euskaltzaindiak ez inork aitzakia jartzea.

Besteok beste, ordea, lengoaia dugu auzigai (zehazkiago: hizkuntza/lengoaia sasioposizioa), eta ez performantzia, ebasketa edo potentzia. Hots, hori baita nahaste guztiaren erroa, hitz arrunt bat, eta ez, inondik inora ere, termino bat. (Ez nuke nik negatiboki frogatu behar ez dela terminoa, baizik eta badela diotenek positiboki hala dela, baina tira: zezen makurragoak ere egokitu izan zaizkigu).

Hori ulertuz gero, berez datoz ondorioak: 1) hizkuntzaren ondare erkidekoa da auzigaia, ez baita inolako terminorik hor, eta, beraz, 2) hizkuntzari buruzko irizpide orokorretara egokitu behar du.

Ikus dezagun, bada, nahiz begien bistakoa den, zein diren, hitzaren zentzu espezifikoan, termino bat termino dela esateko gutxieneko baldintzak. Kasu honetan, zehazkiago, hizkuntza/lengoaia oposizioa terminologikoa denentz ebaztea da kontua.

Funtsezkoena: definizioz, espezializazio-hizkera jakin bati dagokio termino (edo termino-bereizkuntza) bakoitza; hango eskema-kontzeptualean txertaturik dago, eta ongi definituriko kontzeptu berezi zehatz bat modu unibokoan izendatzeko erabiltzen da. Hartarako, hizkuntza arruntetik aldentzen da espezializazio-hizkera, dela hitz berriak eratuz, dela hitz arruntei arbitrarioki esanahi bereziak esleituz.

Bigarren bide horren adibide tipikoa dugu gaztelaniazko robo/hurto bereizkuntza: berezko sinonimoei esanahi desberdinak (kontzeptu desberdinei dagozkienak) esleitu zaizkie zuzenbideko hizkeran. Arbitrariotasun beraz joka daiteke noski euskaraz, geure sinonimoak baliatuz: lapurreta/ebasketa, esate baterako.

Aldiz, hizkera berean "sin perjuicio de" erabiltzen denean, perjuicio hori ez da termino bat, hizkera horretan usadiozko den fraseologia estereotipatuaren parte baizik: hizkuntza arrunta —edo, hobe, orokorra— modu berezi edo bitxian erabilia. (Zehazkiago, sin perjuicio de esamoldea osoa da fraseologia-unitatea).

Gure kasuan, zentzugabekeria da esatea bi kontzeptu desberdini dagozkiela, esate baterako, makina-hizkuntza eta makina-lengoaia. Horretaraino, uste dut denok garela ados.

Eta arinkeria galanta da, berriz, hizkuntzak —hizkera hori barnean hartzen duen hizkuntzak, euskara izan zein ingelesa— berezko duen anbiguotasun bat konpontzeko uste edo aitzakian, arbitrarioki bihurritzea hizkuntza hori. Hots, terminogintzarako egokia izan litekeen prozedura erabiltzea terminogintzatik kanpo. (Alde batera utziko dugu, oraingoz, albo-erdarek bi hitz dituztelako argudio esplizitu nahiz inplizitua).

Arinkeria hori disimulatzeko, "alor horretako aditu guztiek hala erabili dute beti" esatea, berriz (bego horretan beti eta guzti horien hanpadura), ilarrak eta zilarrak zaku berean sartzea da. Fraseologia eta terminologia nahastea, alegia: hizkuntza-ohitura hutsa dena kontzeptu-sistemaren eskakizun terminologikoekin berdindu nahi izatea.

Halako argudioek beren balioa izan dezakete (fraseologia aldatzeak dakarkeen kostua, erabiltzaileen inertzia, eta abar), baina beste maila batekoak dira, eta bereizi egin behar dira funtsezko auzitik: erabakia baldintzatu lezakete, beharbada, baina ez dute bihurtuko termino ez dena termino.

Terminologia espezifikoari ez dagokiona (gauzak sinpletuz: hiztegi orokorretan espezializazio-marka berezirik gabe ageri dena) hizkuntza-ondare orokorrari dagokio, eta ez dago erabiltzaile jakin baten edo besteren esku hari buruzko erabakimena.

Oraindik oraingo aldaketa erantzuntsu batzuk adibidetzat aipatzearren: arrazoi logistikoengatik, aukeratu zitekeen, esate baterako, ingurugiroren partez ingurumen, edo jasangarri(tasun) en partez iraunkor(tasun) , ez inposatzea, baina ez arrazoi teknikoz, pragmatika hutsez baizik.

Hortxe ikus daiteke, bestalde, zer distantzia dagoen teknolekto-usaineko fraseologia hutsetik (sostenible: zer espezialitateri dagokio?) benetako terminologia zehatzera. Muga, inoiz, lausoa izan liteke; izan, ordea, bada.

(Bide batez, aipatzekoa da iraunkorren aurkako frankotiratzaile sutsuak ere ez zetozela bat beren "betiko ohitura guztiz ­zabal­du" delako bala zorrotza aukeratze­ra­koan: jasangarri, eramangarri, eusgarri, sostengarri...)

Are distantzia handiagoa dago, alabaina, sasiterminologiazko halako teknoberbetatik (ikus iragarkien hizkerako teknika-usainkeria lotsagabea) arrunt-arruntak diren —eta izan behar duten— hitzetara: hizkuntzara, esate baterako.

Komeniko da, beharbada, apur bat luzatzea halako (hizkuntza arruntaren barneko) anbiguotasunak saihestearen kontuan. Batetik, errepika dezagun, horrek ez du zerikusirik terminologiarekin edo hizkera espezializatuarekin, hizkuntzarekin berarekin baizik. Bestetik, testuinguru nahasgarrietan hizkuntza hitzaren esanahi murritzago bat adierazi nahi dugunean, bada horretarako prozedura bat baino gehiago, teknolektokeriara jo gabe ere.

Gure kasurako, hizkuntza naturala nahiz hitzezko hizkuntza erabil daiteke, bestelako askotariko hizkuntzetatik bereizi nahi delarik hura. Hala jokatzen da hizkuntza gehienetan, ingelesa barne (horratx hizkuntza hitzaren beste adiera bat: mintzaira partikularra, orokorraren kasu bat: anbiguotasun hori ere berezkoa da, eta ez da akats edo gabezia).

Ingelesaren aipamenaren haritik, argigarria da gaztelaniaren eta frantsesaren kasua ere. Gure albo-erdara biotan, badira (ez termino gisa, hizkuntza orokorrean baizik) bi hitz sinonimo: lengua/lenguaje, langue/langage. (Libre da edonor pentsatzeko erosoago dela bereizkuntza hori egitea, baina iritzi subjektibo hutsa da hori, eta, nolanahi ere, hizkuntzaren erabilera orokorrari dagokio, eta ez espezialitate-hizkerari bereziki, eta are gutxiago informatikako terminologiari).

Eta, hara, hizkuntza horietan ere (gaztelaniaz nahiz frantsesez) natural eta hitzezko aipatzera behartuta egoten dira idazleak askotan, sinonimo baitira lengua eta lenguaje nahiz langue eta langage.

Jakina, gerta daiteke gaztelaniak eta frantsesak lenguaje/langage hartzea eskuarki oinarritzat termino konposatuetarako, baina hizkuntza horien sistemaren berezitasuna da noski (lenguaje plástico / lengua plástica), eta zozokeria litzateke hori bere horretan kalkatzea bestelako hizkuntza sistemara.

Eta baliteke joera izatea lengua=idioma areago erabiltzea hitzezko mintzairaz ari garela, baina trukagarriak dira, oro har, sinonimook. Ikasgaia bera ere, "Lengua Española" zein "Lenguaje" izan daiteke, bereizkuntzarik gabe.

Areago esango nuke: lengua eta langue hitzaren sakonagoko anbiguotasun bat saihesteko asmatuak dirudite lenguaje zein langage hitzek. Ikus, esate baterako, zer gertatzen den La lengua de las mariposas izenburu ospetsuarekin. Euskaraz ere bada, gure hizkuntzalari zaharren artean, mihi erabili duenik hizkuntza adieran (Bi mihiren gramatika), eta, bide horretatik abiatu balitz gure hizkuntza, orduan geundeke apika gu ere, albo-edarok bezala, anbiguotasun gutxiagoko sinonimo baten beharrean: hizkuntza osoan, diot berriro ere, ez informatikan bereziki.

Ez da, ordea, hori gure kasua: ingelesez bezala, aski dugu hitz bat: hizkuntza/language (besterik baita, eskuarki, mihi/tongue).

Ez diogu orain arte kontu horri heldu, baina nekez uka daiteke erdarak hizkuntza/lengoaia sasibereizkuntza horretan izan duen eragina, nahiz gero zenbaitek tekni­zismoz mozorrotu nahi izan duen berez interferentzia dena: euskararen beraren be­harretatik (nahiz ingelesetiko itzulpen zuzenetatik), bururatu ere ez zitzaigun egingo hizkuntza hitz arrunt horrek halako azpi-sinonimorik behar zuenik.

Aipatu dugun beste betekizun bat ere ez du betetzen hizkuntza/lengoaia sasibereizkuntza horrek terminotzat har dezagun: ez da espezialitate-hizkera jakin bati dagokiona. Informatikariak setatu dira berentzat errebindikatzen hitz hori terminotzat, baina, hizkuntza orokor zabal guztian ez ezik, beste espezialitate-edo askotan ere berdin erabili izan da eta erabiltzen da (hizkuntza orokorraren premia baitute jakintza-arlo guztiek, oraingoz bederen), eta ez da ikusten zergatik ukatu behar litzaiekeen beste horiei informatikariek berentzat bakarrik nahi dutena. Hizkuntzalaritzan ere, askok bereizi nahi izaten du "(hitzezko) hizkuntza" eta "(bestelako) lengoaia". Musikaren eta artearen arloan, barra-barra irakurtzen dugu "musika-lengoaia" (eta are "lengoaia musikala"!) nahiz "lengoaia plastikoa". "Gorputz(aren) lengoaia" ere maizago erabili da, eta halako gehienetan "lengoaia"ra jotzen da diglosiaren (nahiz bitxizalekeriaren) inertziaz. Alegia (q.e.d.), gaztelaniaz lenguaje agertzen den gehien-gehienetan aurkitzen dugu lengoaia, zozoki kalkatzen baitugu erdararen edozein ñabarkeria, teknolektoaren aitzakian.

Eta teknolektoa, gainera, aurki dator plaza arruntera ere, lehendik ere bertan ez bazen (esate baterako, ondoretasun/herencia/ héritage/heredity kontzeptuak biologian zer adiera zehatza duen definitzea biologistei dagokie, noski, baina hitza guztiona da). Ikus, adibidez, egunkariko bitxi hau (logopeda baten iragarkia), eta esan, oraindik ere, espezialitate-hizkeren beharrarengatik egin nahi dela bereizkuntza, eta ez erdararen interferentziarengatik:

Entzumen eta Lenguaian Berezitua
Ahozko lenguaiaren arazoak (sic)

Ez dugu, nonbait, erremediorik: zeinen galduak egon behar dugun, hala ere, hain kontzeptu (zentzu guztietan) orokorra espezialitate-termino bat dela burutik pasatzeko.

Eta, hori gutxi ez eta, zaharkituriko sinonimo batera jo behar, gainera, konponbiderako! Zaharkitua, eta, nola ez, Erdara (Hark agintzen baitu) garbi-garbi islatzen duena.

Hori guztia, jakintzaren izenean. Ezen zientzia, itxura denez, ezkongaitza baita hizkuntzarekin, eta aski baita, noski, lengoaia erabiltzea edozer ere magikoki zientzia-itxuratu dadin.