Hemen zaude:
 » 
 » 
Senez 37 (2009)
Data: 2009ko urria

Senez 37 (2009)

Geroko egunak gogoan

«Eskolan eta erdaraz ere pixka bat gehiago ikasi beharko zela eta, hamahiru urte nituelarik, gurasoek Gasteiz ondoko herri batera bidali gintuzten nire anaia bat eta biok: Zurbanora; udan lana egitekotan, eta neguan, eskolan». Uztapide bertsolariak gaztelaniaz trebatu premiaz, gaztelaniazko mundua entenditzeko beharrizanaz ziharduen lehengo egunak gogora ekartzean. Gaurko euskaldunek gaztelania ez ezik, munduko gainerako hizkuntza guztiak ere dituzte begi eta belarri aurrean, ikaskizun eta «ulerkizun».

Internet gizarte maila guztiak eraldatzen ari da. Hedabideen hedabide moduan sendotuz doa: sareen sarea hedabiderik arinena, seguruena eta eskuragarriena dugu. Biltegi erraldoia, Alexandriako liburutegi digital berria. Espazio birtual horretan lingua franca nagusi bat geldiezinik zabaltzeak ez du aniztasunik galarazi, itzulpen beharrik murriztu, areagotu egin duela ere bagenerrake. Gizartea azpikoz gora eta iruntzitara jarri duen iraultza digital horrek sortutako teknolektoak berak itzulpen beharrizan eta hizkuntz tresna berrien sorrera ekarri du. Itzuli beharra inoiz baino beharrezkoago egin du plaza ikusezin berriak. Pertsona arruntak, dagoen lekutik mugitzeke, pantaila bitartez, munduko hainbat hizkuntzarekin topo egiten du, eta, horrezaz gain, erabiltzaile askok atzera egiten du Interneteko erabiltzaile talde txiki berezien idiolektoekin tupust egindakoan, tutik ere ulertzen ez duela. Ezin ukituzko mintzategi horietako batean baino gehiagotan adierazpiderik arinena bilatzen da, eta arau akademikoen batere ardurarik izan ohi ez duten erabiltzaileek oinarrizko gramatika eta ortografi arauak behartzen dituzte komunikazio eraginkorraren izenean. Jokabide horri ez-hitzezko osagaiak, laburtzapenak eta bestelako ikus-entzunezko komunikazio baliabideak ere gehitu behar dizkiogu. Oihan digitalean ingelesaren mailegu irentsiak eta irentsi gabeak jaun eta jabe dira. Itzulpengintzaren alde handi bat (prozedurakoa —lan kudeaketa—, langintza hutsezkoa —kontsultak, dokumentazioa…—, prestakuntzakoa…) dagoeneko sarean bertan gauzatzen da. Hara hemen azoka digitala. Internetek, gainera, itzulpengintzari deslokalizazioaren alde on eta txar guztiak ekarri dizkio: itzultzailea edonon bizi daiteke eta nonahi lan egin, edonongo lan eskaintzak jaso, baita, zertan esanik ez, nahinoren lehia jasan ere. Ohartzeke ere, hainbat nazioren merkataritza lege eskumenen menpean jar daiteke, etxetik mugitu ez arren.

Horrelako egoera batean, harako eremiten antzera, itzultzaileak gero eta isolatuago egon litezke eta, beraz, gero eta beharrezkoagoa izango da elkarrekin komunikatzeko eta harremanak izateko guneak sortzea, azken batean, itzultzailea komunikazioaren profesionala ere badelako. Izan ere, betiko itzultzailearen ohiko irudi bat, dagoeneko, desagertzen hasita dago: gero eta paperezko lagungarri gutxiago darabiltzate orain arte kontsulta liburuz inguratuta irudikatu ditugun itzultzaileok. Egun liburuak eta entziklopediak edergarri huts dauzkate itzultzaile askok. Horrelako egoera batean, itzultzaileen elkarteak (EIZIE) eta lanbidezko topaleku bereziak (Senez, EIZIEren webgunea, Itzul, 2Itzul, Itzulbaita eta antzeko beste nazioarteko baliabideak) inoiz baino beharrezkoak izango dira: merkatu globalizatuan itzultzaile isolatuak sindikatu moduan jardungo duen elkarteren baten babesa beharko du, nahitaez.

Itzulpen automatikoa, gainera, gero eta hobea izango da, zalantzarik ez dago hortaz. Guztiarekin ere, ez dirudi bitarteko epe baten bueltan haragizko itzultzailea desagertuko denik. Baina prezioetan iraultzaren bat edo beste ikusi beharko dugu automatizazioak aurrera egin ahala: eskulana (itzulpengintzan ere), merkatuko gainerako salgaietan bezala, garestiago (garestiegi?) gertatuko da. Aditu eta zale batzuek beste inork ez ditu eskatuko gizakiak hasi eta buka landutako itzulpenak. Dena dela, sena, irudimena, kultur jakinduria, inprobisatzeko gaitasuna eta nekez automatiza daitezkeen dohainak geldituko zaizkie itzultzaileei lan arlotzat. Baina, inolaz ere, makinen lana amaitzen den muga horretantxe hasiko da gizakion ogibidea. Jakina, elkarteak eta bestelako ekimenak sortzea, pertsonen ahaltasun hutsa da, eta ez makinena… oraingoz.

Egungo itzulpengintzaren aberastasunaren adibide, ale honetara bildutako ekarpenak: poema eta prosa poetiko euskaratuak; senide diren bi itzultzaileekiko elkarrizketa; hildako bazkideen omenezko gorazarreak; ibilbide luze eta oparoko euskal itzultzaile baten oroitzapenak; euskal itzulpenen komunikagarritasunaren gaineko gogoetak; aldizkari ofizialetan agertzen diren itzul molde batzuen gaineko azterketa; aurreko alean plazaraturiko artikulu bati erantzuteko, termino zientifikoak ematearen gaineko hausnarketa; euskal interpretazioari buruzko artikulua; lehenengo euskal itzultzaile automatikoaren aurkezpena; argitaratzeko bidean den itzulpen hiztegi historiko baten aurkezpena; alemanetik euskaraturiko haur eta gazte literaturaren azterketa; CEATLi, Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluari buruzko artikulu bat; Molièreren bertsoak euskaratzeak emandako ezagueraren azalpena; itzulpengintza abiaburu idatzitako ipuin moduko bat; literatur itzulpenean egindako ibilbideaz itzultzaile batek gogoetatua eta, azkena baina ez txikiena, literatur itzulpenari buruzko dosier mamitsu bat. Geroko egunen oroitzapenak.

AURKIBIDEA

El amor a dos lenguas
Klaus Rifbjergen prosazko poemak - Juan Mari Mendizabal
Osaba eta loba elkarren itzultzaile
Axun Aierbe Mendizabal gogoan - Maite Imaz Leunda
Juantxo Ziganda Zilbeti. Euskaldunberri, irakasle, itzultzaile - Xabier Olarra, Fernando Rey
Idazmakinetatik itzulpen memorietara - Andoni Sarriegi Eskisabel
Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak - Xabier Aristegieta Okiñena
Laburpenak euskarazko boletinetan - Mitxel Kaltzakorta
Lengoaia, terminologia eta soziolinguistika - Alfontso Mujika
Interpretazioa: Nora goaz, norantz joan nahi dugu? - Joseba Urkia
Matxin, euskararako lehenengo itzultzaile automatikoa - Aingeru Mayor, Iñaki Alegria, Arantza Díaz de Ilarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola
Alemanetik euskaratutako haur eta gazte literatura edo amaigabeko istorioa - Naroa Zubillaga
CEATL erakundea gaur egun: Europara leihoa - Itziar Otegi
Molièreren bertsoekin borrokan - Juan Martin Elexpuru
Kafkaren itzultzailea - Iban Zaldua
Literatur itzulpengintzan egindako ibilbidea, abentura (ausartegi) baten kronika modukoa - Oskar Arana
Itzulpenak Espainian izan duen historia eratzen: molde historikoko hiztegi entziklopedikoa egitea - Francisco Lafarga (UB), Luis Pegenaute (UPF)
Euskararako literatur itzulpena (ELI dossierra)
Azken urteotako literatur itzulpenen azterketa (ELI dossierra)
Anjel Lertxundiren ekarpena (ELI dossierra)
Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008) - Manu López Gaseni (ELI dossierra)
Literatura Unibertsala bildumaren ebaluazioa - Iñigo Errasti (ELI dossierra)
Euskararako literatura-itzulpenen kritikaz - Manu Lopez Gaseni (ELI dossierra)
Literatur itzulpenak baloratzeko irizpideak (Lan saioaren narrazioa - ELI dossierra)