Hemen zaude:
 » 
 » 
Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak - Xabier Aristegieta Okiñena

Inprimatu

Data: 2009ko urria

Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak - Xabier Aristegieta Okiñena

Sarrera

Artikulu honen bidez gogoeta baten emaitza plazaratu nahi nuke, euskarazko itzultzaileok gure lanaren oinarri-oinarrizko tresna batekin gaur egun dauzkagun zenbait zailtasuni buruzkoa.

Tresna hori euskara da, eta «zailtasun» deitzen diet euskarazko testuetan oso maiz (maiztasun etsigarriz, egia esateko) aurkitzen diren ulermen- eta zehaztasun-arazoei, zeinek, askotan, euskal irakurlea bidegabeki behartzen baitute deszifratze-ahalegin ernegagarriak egitera. Ernegagarriak, bi arrazoirengatik: batetik, euskaraz badaudelako moduak mezu ulergarriagoak eta zehatzagoak emateko, eta bestetik, beste hizkuntza batzuek ez diotelako euskal irakurleari halako ahaleginik eskatzen.

Ildo horretatik, baldin eta gaur egun euskarazko testuek hainbeste kasutan betetzen duten funtzio sinboliko hutsa gainditu eta egiazko funtzio komunikatiboa beteko balute (hau da, pertsonen komunikazioa egiazki euskarazko testuetan oinarrituta egongo balitz), ziur nago honezkero eskaera askoz ere premiatzaileagoak eginak leudekeela euskarazko gaur egungo testuen zenbait komunikazio-bideraezintasun konpontzeko, behar gorriak horretara hartaratuta. Gertatzen dena da, dakigun bezala, komunikazioa nagusiki beste hizkuntza batean edo batzuetan egiten dela gure gizartean. Eta horren ondorioetako bat da euskarazko prosak oraindik dituen korapilo batzuk askatzearen premia aski oharkabean gelditzen dela, tamalez.

Artikulu honetan aztertu nahi nituzke kezkagarrien iruditzen zaizkidan zailtasunak. Hots, joskeraren eta ortografiaren arloko zenbait jokabideren ondoriozko batzuk, batetik, eta bestetik, gaingiroki bada ere, euskaraz eskueran dugun kontzeptu-sarearen eskastasun edo, nolabait esatearren, «trinkotasunik ezarekin» zerikusia dutenak. Kontzeptu-sareaz ari naizenean, erabilera arrunteko hitz-altxorraz ari naiz, eta ez ordea terminologiaz, zeinean, hutsuneak hutsune, jadanik aspaldi samarretik ikusi den neurriak hartzeko beharra eta, pixkanaka, urrats ugari egin diren eta luzaroan egin beharko diren.

Adierazi ditudan bi lan-ildo horiexek dira, nire ustez, euskaraz oraindik gainditu gabe dauzkagun erronketatik kezkagarrienak, eta horregatik, premiazkoenak. Zer esanik ez, problema horiek agerian uzteko ahalegin honekin, nire asmoa da ekarpen bat egitea, beste ekarpen askorekin elkarreraginean zailtasun horien ondoriozko korapiloak askatzea lortzeko.

Jabeturik nago, noski, aztergai hau ez dela jorratu gabekoa: ikerlari eta aditu ugarik heldu diote, dela bete-betean, dela gaiarekin zerikusia duten bidenabarreko aipamenetan, eta nork bere ikuspegia azaldu du. Nik ere, besterik gabe, nire iritzia adierazi nahi nuke hain gai muntadun eta egiturazko batean.

Ez naiz euskararen filologoa; beraz, ez nago euskararen azterketa filologiko bat egiteko moduan, ez eta asmotan ere. Nire planteamendua bestelakoa da: aztertzaile batzuek jadanik eginiko ohartarazpenen ildo beretik, baina adierazi beharrekoak iruditu zaizkidan gogoeta batzuen ekarpena eginez, agerian utzi nahi dut euskara idatziari dagokionez gaur egun izugarri zabalduta dauden zenbait konbentzio guztiz desegokiak direla komunikagarritasunaren irizpidetik, praktikak erakusten duenez.

Ahalegina egin dut nire iritziak beti adibide praktikoetan oinarriturik azaltzeko. Adibide horiek askotariko testuetatik hartu ditut, baina ez zait interesgarria iruditu, ez eta bidezkoa ere, testu horien egileen berri ematea, lan honen helburua ez baita pertsona zehatzen ahaleginaren inolako kritikarik egitea, baizik eta arazo hertsiki tekniko bat aztertzea.

Interes handiz azpimarratu nahi dut aldagarriak direla artikulu honen luze-zabalean azaltzen ditudan iritzi guzti-guztiak, eta gogo onez aldatuko ditudala, aldatu ere, baldin eta desadostasunezko jarrerak argudioetan oinarrituta badaude, eta, ororen gainetik, adibide praktiko argigarrietan; horiexetan ikusten baitira proposamen zehatzen bideragarritasunak eta bideraezintasunak.

Komunikagarritasuna

«Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik». Entzute zabaleko hitz horiek egia bat adierazten dute, baina, atrebentzia ez bada, esango nuke gauzak ez direla, hala eta guztiz ere, hain sinpleak. Ados: hizkuntza erabili nahia funtsezkoa da, auto bati erregaia ezinbesteko zaion bezalaxe, ibili behar badu. Baina nola erregai bera erabili arren potentzia ezberdinak dauzkaten bi autori ez zaien atarramentu bera ateratzen, horrela ere euskararekin, askotxotan, borondate hutsaren bidez ez dugu lortzen gure inguruko hizkuntza handiek eskuratzen diguten komunikazio-etekin bera; edo, bestela esatearren, estu eta larri ibili ohi gara mezu konplexuen ñabardura-aberastasuna gure inguruko hizkuntza horien aisetasun berarekin emateko.

Euskara, oraindik ere, garapen-bidean dago (hizkuntza normalizatu guztiak ere etengabe jasaten ari diren garapenarena baino neurri handiagoan, esan nahi dut), eta horrek behartzen gaitu, nire ustez, adierazpen-baliabide ahaltsuagoz hornitzera euskara, halako moldez non idazkera oztopotsu eta ilunak baztertu ahalko baitira, bai, baina edukiak ezertan ere xumetu gabe. Iruditzen zait testugile ugari ez direla konturatu bi baldintza horiek bata besteari estu uztartuta daudela. Dirudienez, beren ustea da testuaren argitasuna bateraezina dela esanahiaren konplexutasunarekin, eta horregatik, beste hizkuntza batzuetatik testuak euskaratzean, xehatu egiten dituzte, sistematikoki, esaldi konplexuak; halakoak non, jatorrizko hizkuntzan, elkarloturiko esanahiz osatuak baitira.

Nik argi eta garbi esan nahi dut xehatze sistematikoaren jokaera hori akats oso larria iruditzen zaidala, prosa jasoa, normalizatua eta, laburbilduz, duina, eraikitzeko langintzaren ikuspegitik. Eta esango nuke jokaera horren hedapenean zerikusia baduela, hein batean, euskarazko testugintzarako emandako gomendioren batek. Agian, modu literalegian ulertua izan delako. Edo, agian, modu biribilegian adierazia izan delako.

Izan ere, esparru jasoetan erabiltzeko modukoa izatea nahi den hizkuntza-eredu batek ezinbestean garatu behar ditu egitura konplexuak; nola ez, ba. Ildo horretan, erronka da konplexutasun hori adierazi ahal izatea ulermenari kalte egingo ez dion modu batean, horrela euskararekin ere erdietsi ahal izan dadin hizkuntza normalizatu bati (zeinaren ezaugarri bat baita era guztietako komunikazio-zereginei erantzun ahal izateko egitura egokiak moldatu izana) atera ohi zaion komunikazio-etekina.

Itzulpen-lanean euskarazko testu bat ekoizten dugunean, gogoan izan behar dugu erabiltzen dugun euskararen zer-nolakoek kolokan jar dezaketela, erabat, hertsiki itzulpengintzakoak diren arazoak txukunki ebatzi dituen itzulpen baten kalitatea. Horregatik, nik uste dut esan daitekeela kalitatezko itzulpen baterako aurrebaldintza dela itzulpen horretan «kalitatezko hizkuntza» erabili izana.

Jakina, testu bateko hizkuntzaren kalitatea ikuspegi ezberdinetatik neur daiteke, baina kontuan hartu behar da hizkuntzaren eginkizun behinena komunikazioa ahalbidetzea dela. Horregatik, nire iritziz ikuspegi horrexek, komunikagarritasunak, ematen du hobekien testu batean erabilitako hizkuntzaren kalitatearen neurria.

Testu baten komunikagarritasuna bi faktore nagusiren baitan ikusten dut:

a) Ulerterraztasun sintaktikoa

Labur eta zehatz esatearren: testu bat sintaktikoki ulerterraza da lehenengo irakurraldian ulertzen baldin bada. Iluntasunen bat argitzeak edo galdu egin zaigun informazio bat berreskuratzeak testua bi aldiz edo gehiagoz irakurtzera behartzen bagaitu, testu hori ez da ulerterraza. Irakurraldi bakarraren urrezko erregela hori aspalditik ezarrita dago, eta beti izan beharko genuke gogoan.

Testuaren ulermena lortzea testugilearen erantzukizuna da, eta batez besteko irakurlearen eskubidea. Beraz, testugileari dagokio testuaren ulerterraztasuna ahalbidetzeko aproposak diren hizkuntz baliabideak bilatu eta erabiltzearen nekea.

Zehazki esanda, testugilea bi gauzatara dago behartuta: zentzu positiboan, testua eraikitzera mezuaren ulerterraztasunerako komenigarrienak diren adierazpideak erabiliz, esanahi-jarioa hartzaileari ahalik eta modu bizkorrenean helarazteko; zentzu negatiboan, ernetasun osoz zaintzera esanahi-jarioak oztoporik eta interferentziarik gabeko jarraitasuna izatea; hots, testuan iluntasunik edo gaizki-ulerturik (azken horiek, arriskutsuagoak) ez gertatzea.

Ureztalur batean, ubideak diseinatuta daude uraren jarioa errazteko eta ura bazter guztietaraino aisetasunez garraiatzeko. Ba, ubideetan ura nola, testuetan esanahia hala: mezu-igorleak saiatu behar du bere mezua modurik egokienean hartzaileari helarazten; alegia, ulerterraztasunik handiena ahalbidetuko duen moduan. Era berean, nola ubidearen arduradunak zaindu behar duen ura inolako ihesbidetatik ez dadin okerreko tokira joan, halaxe ere zaindu behar du mezu-igorleak bere mezua gaizki ulertua ez izatea, eta mezu horrek ez adieraztea, ez eta mezu horri ulertu ahal izatea ere, eman nahi ez zaion esanahirik.

b) Zehaztasun lexikoa: bereizmena

Lortu nahi den hizkuntza-nolakotasunak izan behar badu halakoa non errealitate fisikoaren eta ideia-munduaren ezin konta ahala agerkerak eta ikuskerak modu asegarrian adierazi ahalko baititu, ñabardura eta sotiltasun guztien berri emateari uko egin gabe (hizkuntza normalizatu orok egin ohi duen bezalaxe, ez gehiagorik eta ez gutxiagorik), nik uste dut denok ados egongo garela ezinbestekoa dela honako ezaugarri hau ondo garatuta izatea: bereizmena.

«Bereizmen» hitza maileguan hartu dut gaur egungo irudigintza elektronikoaren alorretik, hizkuntzei ere bete-betean aplika dakiekeelakoan. Jakina denez, besteak beste, argazki-kamerek eskaintzen duten irudiaren zehaztasunari (eta, ikuspegi horretatik, kalitateari) teknikoki «bereizmen» deitzen zaio. Bereizmena neurtzeko, pixel izenaz ezaguturiko unitatea erabiltzen da. Horrenbestez, zenbat eta pixel gehiagoko irudia eskaini, orduan eta bereizmen handiagoko irudia lortzen da; zehatzagoa, doitasun handiagokoa. Jakina, xehetasun gehiago agerrarazten dira, eta beraz, ohargarri eta ikusgarri bihurtzen dira oso txikiak diren ñabardura batzuk, bereizmen gutxiagoko bitartekoek ahalbidetzen ez dituztenak.

Errealitatea adierazten duten gailu elektroniko horiek bezalaxe, hizkuntzek ere, zenbat eta bereizmen handiagoa izan, orduan eta hobeto beteko dute errealitatea bere esanahi-konplexutasun osoan berreraiki eta adierazteko zeregina. Horretarako, ñabardura-aberastasun horren pareko adierazpen-potentziaz hornituta egon behar dute hizkuntzek, eta alde horretatik, euskararekin badaukagu oraindik ere egin beharreko lan franko. Beste hitz batzuetan esatearren, euskarak zehaztasun-beharren pareko adierazmena izan behar du. Nik uste dut ezin garela gutxiagorekin konformatu. Hain zuzen, adierazmen-egarriagatik jo ohi du hainbat euskaldunek, euskaraz bestelako hizkuntza bat erabiltzera. Beraz, premia horri ezin diogu ezikusiarena egin.

Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak

Niri, behintzat, halakoak iruditzen zaizkit. Gogoeta serio baterako gaia da beste edozein hizkuntzatan aisetasunez ulertzen diren nolabaiteko konplexutasuneko mezu asko, euskaraz ematen direnean, hain irenstezin eta «bizpahiru aldiz irakurri beharreko» izatea. Kezkagarri deritzot nolabaiteko konplexutasuneko euskal testu asko eta askoren ulergarritasuna hain «hobegarria» izateari. Larria iruditzen zait egoera, euskaraz nolabaiteko konplexutasuneko edozein esaldi taxuz antolatzea lortu aurretik itzultzaileok saiakuntza- eta errore-metodoaren aplikazioa zer muturretaraino eraman behar izaten dugun konturatzen naizenean.

Itzulpen-langintzak, berez, nahi adina sormen-buruhausterekin zirikatzen baldin badu itzultzailearen asmamena, besterik gabe hura abiatzen denean prosa guztiz normalizatuta daukaten bi hizkuntzaren arteko zubilan arrunt bat egitera, esan behar da ezen, kontua denean zer eta horrelako hizkuntza batetik euskararako itzulpena egitea, euskarazko testua eraikitzea zinezko artisau-lana bilakatzen dela, behar baino askoz ere gehiagotan. Ongi uler bedi zer esan nahi dudan «artisau-lan»tzat jotzen dudanean: ez naiz ari edozein hizkuntza-bikoteren itzulpengintzako erronka bati erantzun asegarria eman beharraz (adibidez, esanahi bikoitzeko kasu katramilatsu bati). Horri aurre egin beharra beti suertatuko zaigu, esan gabe doanez. Ez naiz horretaz ari. Bereziki ari naiz ulerterraztasun eta zehaztasun baldintzak beteko dituen testu txukun eta asegarri soil bat eraikitzea lortzeaz.

Eta hori gertatzen da, nik uste dut, euskarazko zenbait idazkera-eredu guztiz finkatu gabe dauzkagulako, eta horrek ziurgabetasuna eta jokabide egokiari buruzko zalantzak sortzen dizkigulako euskarazko testugileoi. Zehazkiago esatearren: asko eta askotan elkarri kontrajarrita agertzen zaizkigu ulerterraztasunaren bidea eta ustezko euskara jator, edo «ortodoxo», baten bidea. Horregatik, aukera bat egiteak bestearekiko halako «arduragabekeria» baten erru-hozkada sentiarazten digu, eta alderantziz. Eta beste hainbeste gertatu ohi zaigu itzulpenerako hautagai gisa elkarrekiko lehian hitz zehatza eta ustezko hitz jatorra ikusten ditugunean. Kontrajarpen horretatik sortzen zaizkigu gure ziurgabetasun eta duda-mudak.

Horrenbestez iristen naiz artikulu honen muina, gorago iradoki badut ere, adieraztera: nire ustez, euskarazko testuen problema nagusiak eratortzen dira aintzat ez hartzetik, edo ikusi nahi ez izatetik, hizkuntza orok -eta euskarak, hortaz, ere bai-, duen eginkizun nagusia: komunikazioa ahalbidetzea.

Komunikagarritasunaren ordez sarritan bestelako irizpideak erabiltzen direlako, eta euskararen ezaugarri bereziei buruzko kontzientziaren eraginpean gure hizkuntzaren bitxitasuna (Oharra: Euskara bere inguruko hizkuntzekin alderatuta bitxia dela ez du, jakina, inork zalantzan jartzen. Ez, behintzat, perpaus bakun eta laburrei dagokienez. Perpaus luzeagoei eta, batez ere, perpaus txertatuak dauzkatenei dagokienez, ordea, kontua eztabaidagarriagoa iruditzen zait. Geroago pixka bat sakonduko dut ideia horretan) totem baten antzera gurtzen delako zenbait kasutan, testu antikomunikatiboak eraiki ohi dira maiz asko, ahots ezberdinek aspalditik salatu izan dutenez.

Komunikagarritasunaren irizpidea horrela zokoratzeak kalte egiten dio euskal testugintzari eta euskarari:

a) Hasteko, komunikazio-eginkizunerako egokia den euskara-eredu bat erabili beharrean, eta ustezko «euskara ortodoxo» batekiko atxikipen nire ustez itsu bat dela medio, funtzio sinboliko huts eta hutsal bat baizik betetzen ez duten testu ulertezin edo ulergaitz asko ekoizten direlako. Nekez emaitza pozgarria testugile batentzat.

b) Era horretan, ideia oker bat jendearenganatzen dutelako: euskara «hain zaila» izatearena, hala euskaldunberrientzat nola euskaldunzaharrontzat. «Hain zaila», jakina, onartzen bada euskara berez dela irizpide horien araberako testuetan idatzita ikusten den bezalakoa.

Horrelako euskara baten aldeko jarrerak ikusmolde oso ezberdinen ondoriozkoak izan daitezke. Lan honen zeregina ez da, noski, ikusmolde horien nondik norakoak aztertzea. Hala ere, eta berdin delarik motibazio horiek zerikusia ote duten hizkuntzaren ustezko esentzien defentsarekin, edo zerikusia ote duten euskara gabon-kantak abesteko eta herriko jaietan taloa erosteko besterik erabiltzeko asmorik ez duten pertsonek euskarazko benetako komunikazioari buruzko axolarik ez izatearekin, edo irakatsi izan zaien ustezko euskara zuzenaren eredua automatismo hutsez berenganatu duten pertsonen akritikotasunarekin, kontua da irizpide horien arabera itxuraturiko testuek, beste edozein testuk bezalaxe, komunikagarritasunaren proba gainditu beharra daukatela.

Larrienak iruditzen zaizkidan komunikagarritasun-problema zehatzak jorratzen hasi aurretik, eta aurreko lerrokadarekin lotuta, zertxobait esan nahi nuke garbizaletasunari buruz.

Ez dut inola ere zalantzan jartzen irizpide garbizaleei jarraitzen dietenek hobe beharrez jokatzen dutela zeharo. Baina, kasu askotan, iruditzen zait horrelako jarrerek hizkuntza baten hitz- altxorra pobretzea erakartzen dutela. Edo kidetasunak dituzten arren berez ezberdinak diren kontzeptuen arteko alde sotilak gutxietsi eta, horrenbestez, beste hizkuntza batzuetan egiten diren hitz-bereizketak euskaraz hitz bakar baten pean xurgatuak izatera. Garbizaletasunaren ondorioz hitz-ugaritasunari era horretan mugak ipiniz hizkuntzaren adierazmenari eraso egiten zaion neurrian, komunikagarritasunerako oztopo iruditzen zait garbizaletasuna.

Nik uste dut ez zaiola inolako beldurrik izan behar beste hizkuntzetako maileguak hartzeari. Beharrezkoak direnean hartuak diren maileguek ez dute euskara kutsatzen; aitzitik, aberastu egiten dute. Horri buruz, honako gogoeta plazaratu nahiko nuke: iaz, alemaneko irakasle bati aditu nion ezen, bere ustez, gaztelania oso hizkuntza «laua» zela; alegia, gaztelaniaz hitz bera erabiltzen dela esanahi ezberdin askotarako, eta erabilera haietako bakoitzerako alemanak hitz ezberdin bat daukala. Laburbilduz, pertsona horrek esan nahi zuen gaztelania hizkuntza pobreagoa litzatekeela alemana baino (pentsa! gaztelania, euskararen aldean hain garatu eta beregain ikusten duguna!). Ildo horretatik, hizkuntza bakoitzak duen hitz-kopuruari buruzko eztabaida sortu zen. Aitortu beharra daukat gai interesgarria iruditu zitzaidala. Nik oharkabean-edo betidanik onartua neukan ideia zen hizkuntza normalizatu guztiek antzeko hitz-kopurua behar zutela izan. Jabetzen nintzen, noski, hizkuntza batzuek esanahi-arlo batzuk garatuagoak zeuzkatela beste batzuek baino; alabaina, nolabaiteko konpentsazio- edo berdinketa-lege natural baten indarrez, hizkuntza bakoitzaren hutsuneak eta aberastasunak kontuan hartu ondoren, hizkuntza normalizatu guztien hitz-kopuruak hortxe-hortxe zeudelakoan nengoen.

Baina ez omen da horrela, eta aldeak, egon, ba omen daude. Gai honi buruzko kontsulta txiki bat egin nuen internetez, eta, nik ulertu nuenez behintzat, hizkuntzak hitz-kopuruaren ikuspegitik alderatzen dituen azterlan fidagarririk ez dago. Are gehiago: horrelako konparaketa bat egiteak problema metodologiko ugari sortzen ditu. Hala eta guztiz ere, aditu guztiak ados zeuden hitz-aberastasun handiena ingelesak duela esatean. Eta hori, arrazoi sinple batengatik: ingelesak, jatorriz hizkuntza germanikoa den arren, bere historian zehar latinaren eragin izugarria izan du. Horregatik, ingelesak, hizkuntza askok baino neurri handiagoan, kontzeptu asko adierazteko aukera bikoitza eskaintzen du: jatorri germanikoko hitza eta latinetiko hitza.

Horrez gain, Britainiar Inperioaren indarrez ingelesa mundu osora hedatu zenez geroztik, tokian tokiko hizkuntzekiko hartu-emanean hizkuntza horietako berba asko eta asko bereganatu zituen.

Eta zein izan da prozesu horren emaitza? Ba, gaur egun, ingelesdun batek edozein kontzeptu, ekintza edo nolakotasun adierazi nahi duenean, bere hizkuntzak eskaintzen dion hitz-samalda jasotzen duen menu oparoa ireki eta behatz-puntarekin hitzik aproposena, adierazi nahi duenari hobekien moldatzen zaiona, hautatu besterik ez duela egin behar. Eta hitz zehatz hori gehienetan aurkitzen duela hor, menu horretako orrialderen batean ñirñirka, noiz erabiliko duten zain.

Ingelesaren kasua aintzat hartzeak ez du esan nahi euskararen ateak kontrolik gabe ireki behar zaizkionik euskal hitzen altxorra arrapalada batean itoko duen hitz arrotzen olatu erraldoiari. Esan nahi duena da, nire ustez, maileguak egokiro hartzea hizkuntzaren hutsuneak betetzea dela, eta era horretan, hizkuntza hartzailea zer eta aberastu egiten dela.

Eta orain bai, euskara idatziak nire ustez dituen problemarik aipagarrienetakoak aztertu nahi nituzke.

Komunikagarritasun-problemak, banan-banan

Zenbait aztertzailek jadanik azaldutakoaren ildo beretik, problemarik larrienak, alde handiz, lehenbizi aipatuko ditudan biak iruditzen zaizkit: atzerakarga eta adierazpen grafikorik gabeko pausaldia. Baina garrantzitsuak diren beste batzuk ere aipatuko ditut jarraian.

Atzerakarga

1.- Aditzaren atzerakarga

Nahiz eta gaur egun era guztietako hizkuntzalaritza-artikulu, euskarazko estilo-liburu, testugintzarako orientabide eta abarretan mila eta bat aholku emanak dauden, gomendatzen dutenak euskaraz aditza esaldiaren amaieran jartzeari dagokionez tentu handiz ibiltzeko, eta ohartarazten dutenak ideia okerra dela euskaraz aditza esaldiaren amaieran jartzearen ustezko ezinbestekotasuna, kontua da sakon erroturiko uste horrek bere indar ia-ia guztiari eusten diola oraindik ere, irakurtzea suertatzen zaigun han-hemengo testuek ageri-agerian uzten dutenez, honelako eta beste askotariko adibideen bitartez:

  • «Kontsumo erreklamazioak desadostasuna sortu den lekuan bertan edo bezero eta erabiltzaileentzako informazio gunean bete behar dira». Ausartuko nintzateke ohartaraztera ezen hori ez duela ia inork horrela esaten, baizik honela: «Kontsumo erreklamazioak bete behar dira...».
  • «Horrek bisitariei eskaintzen zaien informazio guztia gaztelaniaz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere agertzea eskatzen du». Askoz ere ulergarriago legoke: «Horrek eskatzen du bisitariei eskaintzen zaien informazioa agertzea gaztelaniaz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere».
  • (Zerbaitek) balio izango digu euskara normalizatzeko prozesuan denok egitekoak ditugula eta denon ahalegin horiek metatuz aurrera egin dezakegula bistaratzeko: «bistaratzeko» hori aurreratu egin behar da. Bere osagarri zuzena zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta argiago egongo da bideraezina dela «bistaratzeko» hori bukaeran egotea.
  • «Edonola ere, neurri jakin bat gehiegizkoa den ala ez jakiteko, neurri horren kostuaz eta balizko onuradunen kopuruaz gain, neurri hori ez hartzeak ezintasunen bat duten pertsonak bazter utziko lituzkeen, neurria hartu behar duen pertsonaren edo erakundearen egitura eta ezaugarriak zein diren eta finantzazio ofiziala edo bestelako laguntzarik lor daitekeen ere aztertu behar da»: esaldi hau guztiz artifiziala da, soilik idazketa-prozesuak ahalbidetzen duen astiak posible egiten duelako horrelako esaldi konplexuak eraikitzea, bat-batean esan ezinekoak direnak. Soilik pixkanaka idazten bada, eta era guztietako komunztadurak bizpahiru aldiz zaintzen badira, da posible halako esaldi bat. Horra, beraz, esaldi ulertezin hauen artifizialtasuna agerian uzten duen jatorrizko bekatua: soilik idatziz eraikitzeko modukoak izatea.
  • «Gure ustez, Nafarroaren eskaintza turistiko orokorrean sartzeak Arellanoko villa erromatarra eta haren inguruko interpretazio zentroa turismo etorrera handiaren beharrari egokitzea eskatzen du». Esaldi horren ulergarritasunari mesede handia egingo lioke amaierako «eskatzen du» aditza aurreratzeak, praktikan euskaldunok egiten dugun bezala.

Ez dago euskararen filologo izan beharrik, honakoaz erraz asko ohartzeko: luzera jakin batetik gorako esaldi gehien-gehienak irakurraldi bakarrean ulertezinak direla, aditza esaldi-amaieran ipintzen bada. Eta ulertezinak izateak, nire ustez automatikoki baztergarri bihurtzen ditu. Esaldi horiek eraso egiten diote komunikazioari, eta testu batean haietako bat aurkitzeak buruko mina ematen badu, horrelakoez betetako testu bat benetako hondamendi komunikatiboko paisaia iruditzen zait. Susmoa dut horrelako kasu askotan testugileek ez dituztela beren testuak berrirakurtzen, baiezkoan haien ulertezintasunaz konturatuko bailirateke. Gerta daiteke, halaber, testu horiek ontzat hartuak izatea zergatik eta, gorago aipaturiko jarrera bat tarteko (akritikotasuna, komunikagarritasunak beste edonolako kontsiderazioren gain duen giltzarri-izaeraz oraindik ere, dirudienez, jabetu ez izana...), testugileek euskara «horrelakoa dela» uste izateagatik. Euskara horrelakoa dela eta horrelakoa izan behar duela ere pentsatzen du, ikusi dugunez, zenbaitek.

Nola sortua izan daiteke ideia hori, euskaraz aditza esaldi-amaieran ipini beharrari buruzkoa? Nire iritziz, suposamendu oker batean oinarritzen da, zeinaren arabera euskararen «berezko» hitz-ordena bailitzateke euskarazko perpaus bakunaren barrukoa, ez bestelakorik. Horregatik, berezkotasunaren teoria horri jarraituz, euskarazko perpaus bakuneko hitz-hurrenkera beti errespetatu beharrekoa izatearen usteari eusten zaio. Nahiz eta, perpaus bakun hori aberastu eta konplexuago bihurtzearen indarrez (dela perpaus txertatuekin, dela, azken batean, perpausa luzatzen duen edozein argibide osagarri edo datu-zerrendarekin), bere hitz-hurrenkera komunikaziorako oztopo suertatu, hurrenkera hori errespetatzearen aldeko apustua egiten da, testugile horien jokaerari antzematen zaionez.

Hain zuzen ere, honako «A)» esaldi ulergaitza (gorago aipatua) ontzat jotzen da «B)» esaldi ulerterrazaren egitura berari eusten diolako:

A) «Horrek bisitariei eskaintzen zaien informazio guztia gaztelaniaz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere agertzea eskatzen du».
B) «Horrek lan gogorra eskatzen du».

Ikus ditzagun bi esaldi hauek:

  • Nik sagar bat jan dut.
  • Nik errekarako bidearen ertzean zure aitonak aspaldi landatu zuen sagarrondotik gaur goizean hartu dudan sagar bat jan dut.

Bi esaldi horietan ari naiz esaten, azken finean, «nik gauza bat jan dut». Baina begi-bistakoa da bigarren esaldian ezinezkoa dela hitz-ordena horri eustea, osagarri zuzenaren luzeak guztiz apurtu egiten duelako «nik jan dut» ideia oinarrizkoa. Horregatik, aditza aurreratu beharra gertatzen da, eta, ezinbestean, halaxe egiten dugu euskal hiztun guztiok:

  • dela aski gordinki: «nik jan dut errekarako... sagar bat».
  • dela aditzarekin batera osagarri zuzenaren muina aurreratuz, eta informazio osagarria jarraian emanez: «nik sagar bat jan dut, errekarako... hartu dudana».

Baina, erremedio batekin nahiz bestearekin, argi dagoena da aditza nola edo hala aurreratu beharra gertatzen dela, guztiz bideraezina delako «Subjektua+Osagarria (bat edo gehiago)+Aditza» eredu bat non osagarria(k) nahi bezain luzea(k) d(ir)en. Edo, beste hitz batzuekin esatearren: perpaus bakunaren egitura hori, informazio sinpleetarako aproposa, apurtu beharra gertatzen da perpaus konplexuagoen kasuan.

Zer irizpideren arabera erabaki dezakegu perpaus bat konplexua dela, eta, beraz, aditza aurreratu beharra dagoela? Salbuespenak salbuespen, nik uste dut erreferentzia objektiboa eta horregatik egokia dela perpaus txertatu baten presentzia, zeinak ohartarazi beharko bailiguke komenigarria izan daitekeela aditza aurreratzea.

Adibidez, hona aurrezki-kutxa batetik duela gutxi jaso dudan gutun baten azalean zer esaldi agertzen den:

  • Nola liteke gu Sanferminetan egunkari bildu bat beste babesik ez dugula lasterka ibiltzea?

Esaldi horren ulergarritasuna hobegarria iruditzen zait. «Nola liteke...?» galdetuz hasten da, eta esaldiaren amaierara arte ez daukagu modurik jakiteko nola litekeen ZER. Beraz, komunikagarritasunaren aldetik ez da oso esaldi asegarria. Gaztelaniaz, ordea:

  • ¿Cómo es posible que corramos Sanfermines...?

Ohar bedi ezen, «egunkari bildu bat beste babesik ez dugula»ren ordez funtzio bera betetzen duen adizlagun bat, baina barruan perpaus txertaturik ez daukana, erabiliko bagenu, ez litzatekeela ulergarritasun-problemarik sortuko. Adibidez:

  • Nola liteke gu Sanferminetan oinutsik lasterka ibiltzea?

Beraz, perpaus txertatuaren presentzia da, komunikagarritasunari dagokionez, atzerakarga jasanezin edo, gutxienez, jasangaitz egiten duena.

Aditza aurreratuz gero, ordea, esaldia askoz ere ulerterrazago egiten dugu:

  • Nola liteke (gu lasterka ibiltzea Sanferminetan/gu Sanferminetan lasterka ibiltzea) egunkari bildu bat beste babesik ez dugula?

Modu berean,

  • Iñakik egia esan du.

Baina, halabeharrez,

  • Iñakik esan du aurtengo prezio-igoeren zergatiak ez daukala inolako zerikusirik telebistako albistegian adierazi duten arrazoiarekin.

Beraz, mezua konplexuago bihurtzen den heinean, hizkuntzak dituen egiturak konplexutasun horri egokitu behar zaizkiola begi-bistakoa da. Eta uste dut ideia hori argi eduki behar dugula.

Ulergarritasunaren logika hutsak ezartzen duen beharkizun horren erakusgarri, bidezko iruditzen zait hona ekartzea munduko kultura-hizkuntza garrantzitsuenetako bi diren ingeles eta alemanetik harturiko adibideak.

Ikus dezagun zer gertatzen den ingelesez, elementu bati buruzko informazioa aberasten goazen heinean:

  • A system has been set up.
  • A new system has been set up.
  • Webgune batetik harturiko esaldia: A new system has been set up which has had a profound beneficial effect on network maintenance and illustrates how the scale of the operation needs to match the scale of the task (baina erlatibozko «which» horren eskutik datorren informazio gehigarria eman baino lehen, aditza ipini da; alegia, erlatibozkoa ez da zuzenean izenaren aldamenean kokatu, horrek lekarkeelako aditza izenetik urrundu eta atzeratzea, esaldiaren ulergarritasunari kalte egiteraino; horregatik ez da esaten «A new system which has had a profound beneficial effect on network maintenance and illustrates how the scale of the operation needs to match the scale of the task has been set up»).
  • Webgune bateko beste esaldi bat: A new system has been set up whereby the vehicle driver who takes them has to sign for them (eta ez, ordea, «A new system whereby the vehicle driver who takes them has to sign for them has been set up»).
  • E. H. Gombrich-en The Story of Art liburutik harturiko esaldi bat: In the academies the idea was still prevalent that dignified paintings must represent dignified personages, and that workers or peasants provided suitable subjects only for genre scenes in the tradition of the Dutch masters *(eta ez «*the idea that dignified paintings must represent... was still prevalent»).*
  • Liburu bereko beste esaldi bat: «*An agitation followed which prompted the authorities to show all works condemned by the jury in a special show called the «Salon of the Rejected*».

Alemanez:

  • Beckenbauer hat die Wahrheit gesagt (webgune batetik hartua).

Baina (halaber webgune batetik hartua):

  • Beckenbauer hat gesagt, dass Europa die deutsche Siegermentalität fürchtet (eta ez, ordea, «Beckenbauer hat dass Europa die deutsche Siegermentalität fürchtet gesagt»).

Euskal hiztunok ere, solasean ari garenean, horixe egiten dugu ia beti: esaldiak halako luzera bat hartu bezain laster, aditza aurreratzen dugu, nolabaiteko «flotazio-maila» batean ikusgai egon dadin, erreferentzia gisa, eta ez esaldi luze baten amaiera ilunean «hondoratua». Hortaz, aditza non eta amaieran daukaten esaldi horiek, azken batean, artifizialak dira guztiz, errealitatean ez direlako esaten. Eta ez dira esaten, komunikaziorako guztiz kudeaezinak eta bideraezinak direlako. Horrela, ba, tankera horretako esaldiak idatziz jartzea, nire iritziz, da komunikazioa oztopatzen duen eta -horrexegatik- existentzia errealik ez daukan eredu bat erabiltzea.

Ba, hala eta guztiz ere, idatzita, egunero ikusten ditugu horrelako esaldiak, zeinak, irakurraldi bakarrean ulertzen ez diren bezalaxe, idatzaldi bakarrean ere eraikitzen ez baitira, baizik eta elkarren segidako berridatzaldietan; hau da, hasiera batean sorturiko esaldi sinple eta ulergarri bati datu osagarriak txertatuz, baina aditza, betiere, amaieran utziz. Emaitza: esaldi potolo ulertezina.

Hizkuntzen berezko joera baldin bada komunikazioa errazten duten formetarantz bilakatzea, horrelako sintaxiekin mesede makala egiten zaio euskarari.

2.- Atzerakarga arintzearren, atzerakarga bikoiztua

Aditzaren atzerakargaren kasu berezi bat da euskarazko agerkari batzuek erabiltzen duten sintaxia.

Hona adibideak:

  • AEBen eta Europaren ahulaldietan Txinak, Indiak edo Brasilek ekonomiaren lekukoa hartuko zutela zioen teoria lurperatu dute NDFko txostenaren egileek.
  • Elkarteak beste izen bat ukan balu ez zutela arazorik sortuko zehaztu du prefetak.
  • Burujabetzaren aldarrikapena gehiengoa izanez mantentzen dela esan du ezker abertzaleak.
  • Jaurlaritza ez dela neurriak hartzeko gai diote ekologistek.
  • Alderdien programetan ez dela torturaren aipamenik egiten salatu du AAMk.
  • Curriculumaren aurka egin zutenek atzera egin beharko luketela esan du Camposek.
  • Aurrera begira, BPG murrizteak batez ere inbertsioetan izango duela eragina esan du Etxarrik.
  • (...) bai erasotuekiko bai erasotzaileekiko jarrera permisibo-pasiboak nagusi direla uste dute ikertzaileek.

Adibide hauek guztiek ezaugarri berberak dauzkate: guztietan, aditza atzeratuta dago, eta horrek, noski, problemak sortzen ditu. Baina, hori konpontzearren eta subjektutik hurbilago egotearren aditza aurreratu beharrean, erabakitzen da zer eta subjektua mugitzea, eta atzealdean dagoen aditzaren aldamenera eramatea. Bestela esanda: kasu horietan, aditzaren atzerakargak sortzen dituen ulermen-arazoak konpontzeko, atzerakarga bat nahikoa ez, antza, eta bi atzerakargaren aldeko apustua egiten da: aditzarena ez ezik, subjektuarena ere bai. Egia da, bai, era horretan subjektua eta aditza hurbiltzen direla, baina nola jokatuz eta, biak esaldi-hasieraren argitara ekarri beharrean, esaldi-amaieraren ilunpera jaurtikiz.

Baldin eta, esandakoaren ildotik (eta begi-bistan dagoenez), horrelako esaldiak zeharo ulergaitzak badira, eta errealitatean inork esan ere, ez baditu esaten, zergatik jokatzen da horrela? Ba, antza denez (nik behintzat ez diot beste azalpenik aurkitzen), kosta lain kosta eutsi nahi zaiolako (eta komunikagarritasuna galtzea kostu handia da, alajaina) euskarazko perpaus bakunaren ohiko hitz-ordenari, euskararen hitz-ordena jatorra, berezkoa*, horixe delakoan (euskararen esentzietako bat delakoan, agian?).

Alegia, esaldi hau egokia izateak:

  • Egia esan du Mikelek.

Ez du inola ere esan nahi honako esaldia, ordena berari eusten diona, komunikagarritasunaren ikuspegitik egokia denik:

  • Polonia eta Lituania artean kokatuta dagoen Kaliningradeko lurraldean, iskander misilak zabaltzeko erabakirik ez duela oraingoz hartu zehaztu zuen atzo Errusiak.

Ez al litzateke, ba, askoz ere ulergarriagoa izango, eta horrez gain jendearen euskarari askoz ere lotuagoa, honako hau?:

  • Errusiak atzo zehaztu zuen oraingoz ez duela erabakirik hartu Polonia eta Lituania arteko Kaliningradeko lurraldean iskander misilak zabaltzeko.

Atzerakarga bikoitzaren aldeko apustu horrek ez du zalantzan jartzen aditza atzeratuta egon beharra, baizik eta, atzerakargak ulergarritasunari jartzen dion zinezko «karga» astunaz oharturik, atzerakarga horren albo-kalte bat bederen (hau da, subjektuaren eta aditzaren arteko distantzia) saihesteko ahalegina egiten du. Atarramentu handirik gabe, ordea. Izan ere, informazioaren muina (ikus misilei buruzko esaldia eta proposaturiko hobekuntza) askoz ere argiago azaleratzen baita esaldia alderantzikatuz.

Argi dagoenez, atzerakarga bikoitz horrekin, lorturiko onuraren truke beste albo-kalte bat sortzen da: esaldiaren amaierara arte ezin jakitea nor den subjektua. Harrigarria da, inondik ere, zeregin gisa zer eta informazioa ematea daukan testugintza batek halako esaldi-egitura antiinformatiboen aldeko hautua egin izana, zeinetan albistearen muina, «nork» eta «zer» adierazten duten elementuak, esaldiaren hasieran ipini beharrean amaieran ematen diren.

3.- Ezezkoak

Ezezko esaldietan, oso maiz, beste mota bateko atzerakarga ikusten dugu: aditz laguntzailea eta aditz nagusia bereizi egiten dira, halako moldez non aditz nagusia esaldiaren amaieran ipintzen den. Jakina, atzerakarga izanik, esaldi konplexuetan atzerakargak sortzen dituen ulermen- problema berberak sortzen dira kasu hauetan ere.

Adibideak:

  • Auzitegiaren arabera, irakasgaiaren edukiak ez du gurasoek beren seme-alaben heziketa moral eta erlijiosoa aukeratzeko duten eskubidea urratzen.
  • Ez zen Txirrita, Pello Errota eta lehengo beste bertsolarien emaitza bildu eta ikertzera mugatu...
  • Zorionez, ez nion neure buruari antzeko egoera batean erreflexuek aginduko zutenaren ildotik jotzen utzi.
  • Ez nuen nire gainekoa mailukatu zuen hitzezko eraso amaigabetik ia deus ere ulertu ahal izan.
  • Zergatik ez da 49/2008 Foru Aginduak ezartzen duen diru-kopuru osoa erabili?

Horrelako sintaxiak esaldia ulergaitzen du eta izugarri nekatzen du irakurlearen burua. Ez al dago, ba, aipaturiko adibideak honela idazterik (azken adibidetik abiatuta)?:

  • Zergatik ez da erabili 49/2008 Foru Aginduak ezartzen duen diru-kopuru osoa? (adibideetako gainerako esaldi guztiekin egin daiteke proba berbera).

Ikusten denez, ulermenaren berehalakotasuna ahalbidetzen duten moduak badauden arren, baliabide desegokiak erabiltzen dira hainbatetan.

4.- Izenaren atzerakarga

Problemaren zer-nolakoak jadanik adierazitakoak dira, baina atal honetan aipatutakoaren berezitasuna da atzeratua izena dela:

  • Guztiok dugu gizartearen sistema orokorrean, ingurune fisikoan eta kulturalean, etxebizitzan eta garraioan, gizarte eta osasun zerbitzuetan eta kultur eta gizarte bizitzan (kirola egiteko eta aisia emateko instalazioetan ere) parte hartzeko eta lan egin eta ikasteko aukera.
  • Ez dago egin beharreko aldaketa guztiak beregainki burutzeko nahikoa indarra duen eragile publikorik.
  • Talde politiko honek eztabaidara ekarri nahi ditu ustez abuzturako prest egonen den eta irailean aplikatzen hasiko den erregelamenduarekin lotutako beste alderdi batzuk.
  • Parlamentu-talde honek kezka bizia du Kultura eta Turismo Departamentuak Nafarroako errepide sareko seinalizazio turistikorako proiektuaren barnean errepide xafletan erabiltzen duen Nafarroako toponimiaz.

5.- Atzerakarga, testuek erdietsi beharreko konplexutasunaren oztopo. Proposamen bat.

Euskarazko testu batean gai konplexu bat adierazteko hizkera halaber konplexua erabiltzen denean, sarritan hizkera horri arrotz eta desegoki irizten zaio, eta horren kontrako zenbait argudio adierazten dira, euskara «jatorraren», kaleko euskararen edo gure aitona-amonen euskara-ereduaren defentsa egiten dutenak, euskara-eredu horri eraso egiten zaiolakoan. Horrelako erreakzioei erantzuteko, gogorarazi beharko litzateke etxeko euskarak badaukala bere esparrua, noski, baina askotan ez dela lagungarria suertatzen arlo batzuetako hizkera konplexuaren zer- nolakoak erabaki behar direnean.

Izan ere, ez da ahaztu behar hizkuntza normalizatu bat dela honelako testuak ere modu ulergarrian emateko moduko ereduak dituen hizkuntza bat:

  • No obstante, tendrán la consideración de gasto deducible las cantidades abonadas en virtud de contratos de seguro concertados con mutualidades de previsión social por profesionales no integrados en el régimen especial de la Seguridad Social de los trabajadores por cuenta propia o autónomos, cuando, a efectos de dar cumplimiento a la obligación prevista en el apartado 3 de la disposición transitoria quinta y en la disposición adicional decimoquinta de la Ley 30/1995, de 8 de noviembre, de Ordenación y Supervisión de los Seguros Privados, actúen como alternativas al régimen especial de la Seguridad Social mencionado, en la parte que tenga por objeto la cobertura de contingencias atendidas por la Seguridad Social, con el límite anual de 3.005 euros.

Tankera horretako testuak euskaratzeari dagokionez zenbait aholku-emailek funtsean diotena da, jadanik salatu dudanez, beste hizkuntzetan luze eta konplexu ageri zaizkigun testu horiek sinplifikatuta eman behar direla euskaraz. Deskonposatuta. Xehatuta. Euskara edonolako testuak, baita bihurriak ere, komunikatzeko gaitasuna duen hizkuntza heldua izan beharrean, testuak txiki-txiki eginak eman behar zaizkion hizkuntza-kumea balitz bezalaxe. Kasu askotan ez zait argi geratzen aholku horrek zerekin ote duen zerikusi handiagoa: euskararen berezko senarekin eta irakurleari ulermena erraztearekin (esan ohi denez), ala orain arte hobetsitako euskara-eredu batek esaldi konplexuak adierazteko dituen muga edo ezintasun batzuk mozorrotzearekin.

Izan ere, badirudi, nolabait, erdaretako testu konplexuak alferrikako katramila ernegagarriz beterikotzat jotzen direla beti eta beti, eta horregatik, euskararentzat halako sinplifikazio jator eta osasungarri bat gomendatzen dela.

Lehenago esan dut horrelako sinplifikazioen kontra nagoela. Proposatu izan diren zenbait teknika, hala nola esaldien zatikatzearena -dela esaldi laburragoak eginez, dela zeinu ortografikoak tartejarriz (bi puntu eta aparte, adibidez)-, edo erlatibozko perpaus aski konplexuak «disolbatu» eta haien ordez elkarren segidako bi perpaus soil ipintzearena, ez dut uste euskararen adierazpideak sendotzera bideratuta daudenik, edo euskara hizkuntza gisa egiazki garatu eta hizkuntza-eredu fina eta ahaltsua eraikitzera. Nire ustez, oro har hizkuntza-eredu apal, indargabe eta trauskil batera garamatzate, esanahi konplexuak adieraztean fusibleek kale egingo dioteneko batera. Hizkuntz baliabideak konplexutzeko (alegia, aberasteko) premiari erantzun beharra nagusi denean, kontrako norabidean doazen aholkuak ematea etsigarria iruditzen zait.

Gainera, gomendio horiek esplikatu ohi dira euskararen tradizioaren araberakoak omen diren eta ez diren esamoldeak ardatz gisa harturik. Gertatzen dena da zenbait eremutan, ipini dudan azken adibideko zerga-testuarena bezalakoetan, euskarak ez daukala osoki garaturiko tradizio edo estilistika berekirik, euskarazko eredua beste hizkuntzetakoarekin kontrajartzeko balioko lukeenik. Alor batzuk orain arte euskaraz inoiz ez direnez landu izan, horietan ez dago «euskarazko tradizioa» dei litekeenik, zeinarekiko konparazioz gaur egungo edozein itzulpenen egokitasuna eta jatortasuna neurtu ahalko genituzkeen.

Horrenbestez, normaltasunez ondorioztatu beharko litzateke ezen «aitona-amonen euskara», den bezain jakingarri, argi-emaile eta inspirazio-iturri oparo izanda ere, ez dela baliagarria, bere horretan, alor espezializatuetako hizkeraren konplexutasunari (batez ere, konplexutasun sintaktikoaz ari naiz) eta sotiltasunei erantzungo dien eredu bat eskaintzeko. Esaten da, bai, gure arbasoei (eta ez hain urrunekoei) euskara hutsak beren komunikazio-behar guztiak asetzen zizkiela. Kontuan hartu behar da, alabaina, komunikazio-beharrak ez direla zorroztasun berekoak baserri-giroko bizimodua egiten zuten pertsonengan eta, adibidez, zuzenbide-auziak edo unibertsitate-ikasketetako gaiak zehaztasunez lantzeko premia daukatenengan. Guztiz posiblea da, esate baterako, eguneroko bizitza egitea erlatibozko perpausak ia erabat saihestuz, baina lege-testuak idaztean, nahitaezkoak dira erlatiboak.

Horregatik, alor askotan, hizkuntza-eredua eraiki gabe dago eta dugu. Eta eraikitze-aukera hori baliatu beharko genuke eredu asegarri bat taxutzeko. Asegarria, batez ere, komunikagarritasunaren ikuspegitik, jakina.

Jarraian azalduko dudan proposamena hizkuntza-eredu bat eraikitzeko zeregin horren barruan kokatzen da bete-betean. Lehenbailehen argitu behar dut proposamena ez dela nirea, ez eta berria ere, aspalditxotik egina baitago. Nolanahi ere, proposatutakoarekin erabat ados nago, eta guztiz aintzat hartzekoa dela iruditzen zaidalako jaso dut hemen.

Euskaraz badaude zenbait espresio, jatorriz enfatikoak izan arren, atzerakarga arintzeko oso aproposak direnak. Noiz eta, zertaz eta, zertarako eta, non eta, eta abarren tankerakoak, nire ustez maizago erabili beharko genituzke. Ez zait iruditzen haien jatorrizko esanahi enfatikoa oztopo denik modu ez enfatikoan erabiliak izateko, kontuan hartzen bada zeinen baliagarriak suertatzen diren atzerakargaren ondoriozko buruhausteak arintzeko. Bestalde, nire inpresioa da enfatikotik ez enfatikorako erabilera-aldaketa hori koka litekeela gure inguruko hizkuntzek beren bilakaera arruntean izandako askotariko aldaketen parametro beretan.

Horregatik, eta atal honen hasieran jasotako zerga-testuari berriro heldurik, testu horretan azpimarratutakoak izan ditzakeen itzulpen posibleetatik egokia iruditzen zait honako hau:

  • Hala ere, gastu kengarritzat joko dira norbere konturako langile edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian txertatu gabeko profesionalek gizarte aurreikuspeneko mutualitateekin sinatutako aseguru kontratuengatik ordaindutako kopuruak, noiz eta, Aseguru Pribatuen Antolamendu eta Ikuskapenari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legearen bosgarren xedapen iragankorreko 3. idatz-zatian eta hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritako betebeharra betetzeko, aipaturiko Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko lanak egiten dituztenean, Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen egoerez arduratzea helburu duen zatian, urteko 3.005 euroko mugaz.

Ikusten denez, testu horretan adierazitako ideia oso konplexua da, ezaugarri eta baldintza multzo bat aldi berean kontuan hartzera behartzen duelako. Horrelako ideia bat, eta tankera horretako beste asko, ezin dira, nire ustez, modu asegarrian unitate txikiagoetan deskonposatu. Horregatik, erdietsi beharreko erronka da konplexutasuna eta ulergarritasuna uztartuko dituen testu-eredu bat eraikitzea. Hori baino gutxiagorik, ez.

Gogoan har bedi, halaber, honako adibide hau:

  • Durante el cuarto trimestre de 2009, el Gobierno de Navarra procederá al establecimiento de un plazo de opción con el fin de que el personal fijo discontinuo adscrito al Servicio de Campaña de los Impuestos sobre la Renta de las Personas Físicas y Patrimonio, y al Servicio de Tributos Indirectos y Grandes Empresas, consolide de forma definitiva su puesto de trabajo a jornada completa anual.

Nabarmendutako testu-zatiak adierazten duen helburua euskaraz modu ulergarrian emateko, oso baliagarria da «zertarako eta» espresioa erabiltzea, zeren eta, aurreko adibidean bezala, jarraian adieraziko denaren iragarle-eginkizuna betetzen baitu. Iragarle-eginkizuna: hain zuzen ere, atzerakargaren bidez egiten denaren alderantzizkoa.

Adierazpen grafikorik gabeko pausaldia eta «Velcro efektu» gogaikarria

Esan bezala, problema hau eta atzerakargarena dira -biak aspalditik diagnostikatuak baina oraindik ere ebatzi gabeak, euskal testuetan barra-barra agertzen baitira-, askoren ustez, eta ni erabat ados nago irizpen horretan, euskarazko testugintzak gaur egun dituen bi problema larrienak, eragiten dituzten ulermen-oztopoen norainokoarengatik eta daukaten hedapenarengatik, mota guztietako testuak kutsatzen dituzte-eta.

Laburki adierazita, honakoan datza problema: euskaraz hitz egiten ari garenean badago egiten dugun pausaldi bat, zeina, hitz horiek idatziz jasotzean, inolako zeinu berezirekin adierazten ez den. Ondorioz, idatzitako testua irakurtzen dugunean, grafikoki adierazitako inolako etenik ikusten ez dugunez, ez dugu detektatzen, eta horrek gaizki-ulertuei atea irekitzen die.

Izan ere, testu bateko ondoz ondoko edozein bi hitz sintaktikoki uztartzea bideragarria den bakoitzean, uztardura hori egiteko berezko joera sortuko da irakurlearengan, eta horrenbestez, hitz horiek bata besteari semantikoki lotuta daudela interpretatuko du, baita berez halako loturarik ez dagoenean ere. Arropa edo oinetakoak lotzeko erabili ohi den velcro-sistemarekin gertaturiko gauza bera da, azken finean: velcro-mutur batek oihal bat ukitzen duen bakoitzean horri itsatsita geratzen den bezalaxe, hitzak ere, bata bestearen aldamenean egote hutsaren ondorioz, elkarri «itsasteko» joera sortzen da irakurlearengan, hitz horien artean esanahi-loturarik ez egon arren. Horrenbestez, ez bada argi agerrarazten halako loturarik ez dagoela eta, are gehiago, pausaldi edo eten bat egon badagoela, arriskua da irakurleari iradoki ahal izatea testugileak bilatzen ez duen esanahi bat.

Egia da, dena den, pausaldi horrek ez daukala antzik ikur bereki batez adierazten diren pausaldiekin. Koma batek adierazten duen etena baino laburragoa dela esango nuke.

Argi ikusten dudana da pausaldi horiek egin beharra nolabait adierazi behar dela, ez adierazteak ulermen-arazo larriak sortzen baititu. Agian eztabidagarriagoa da zer ikurren bidez markatu behar diren eten horiek. Nik uste dut komak euskaraz oraingoz esleituta daukan erabilera- eremua zertxobait zabaldu beharko litzatekeela, aipagai dauzkagun pausaldi berezi hauek ere, kasu batzuetan, koma bidez adierazteko.

Problema agerian uzten duten adibideak:

  • «Aralar bakarrik aurkeztuko da EAEko hauteskundeetara».

Esaldi honek ematen digun informazio hutsean oinarriturik, ez dago jakiterik zer esan nahi duen: Aralar beste inorekin koaliziorik egin gabe aurkeztuko dela, ala hauteskundeetara alderdi politiko bakar bat, Aralar, aurkeztuko dela. Agian baten batek esango du testuinguruak argitzen duela zalantza, edo esanahia hain dela nabaria non gure ingurunean bizi den edozein irakurlek esaldia berehala ulertuko lukeen. Baina nik uste dut hori ez dela kontua. Esan nahi dudana da ez zaidala oso onargarria iruditzen nork eta testugile batek, alegia, testuak egiteaz arduratzen den norbaitek, bere lanaren eskastasunei aurre egiteko sorospen bila jotzea zertara eta testuingurura. Testugilearen erantzukizuna baita testu beregaina ekoizteaz arduratzea, salbuespen bakanak salbuespen. Ikuspegi horretatik, testuingurura jotzea (joaraztea, zehazkiago esatearren) iruditzen zait dela testugileak bere zeregin batzuei aurre egin behar ez izateko asmaturiko nolabaiteko aitzakia.

  • «Infernua ez maitatzean datza».

Esaldi bitxia, ezta? Hori irakurtzean nire buruari eginiko galdera: «zer datza, ba, infernua ez maitatzean?» Jakina, berez esan nahi dena da ez maitatzean datzala infernua. Esaldi hori esatean, pausa bat egiten dugu: «Infernua (,) ez maitatzean datza». Pausa hori ez dago grafikoki adierazia. Eta adierazi beharra dago. Nik komari ez diot problemarik ikusten: «Infernua, ez maitatzean datza». Koma diakritiko bat litzateke; alegia, komaren erabilera arruntetik kanpokoa, gaizki-ulertu bat saihesteko erabilia. Gaztelaniazko tilde diakritikoa bezalaxe.

Agian norbaitek proposa lezake hitzen ordena aldatzea, eta horrelako zerbait idaztea: «Ez maitatzean datza infernua». Baina, zinez, nik uste dut hori ez dela zorrotz jokatzea. Alegia, ez dela zezenari adarretatik heltzea. Ez zait iruditzen zilegi denik ahoz zuzen esanda dagoen zerbait idazkuntza-prozesuan aldatzea, zergatik eta idazkuntzak ez daukalako zeinurik, esana dagoena artez adierazteko modukorik. Jokabide egokia ez da hizkera erreal eta onargarria egokiaraztea idazkuntzaren mugapenei, baizik eta beharrezkoak diren baliabideez hornitzea idazkuntza, hizkuntza erreala behar bezala adierazi ahal izan dezan.

Terminologiari buruzko webgune batean honakoa irakurri nuen:

  • «bienes de fácil realización = diru erraz bihur daitezkeen ondasunak»

«Diru erraz» bihur daitezkeenak? «Dinero fácil»? Ez dut uste hori esan nahi denik, baizik eta «diru (,) erraz bihur daitezkeen ondasunak». Baina, noski: baldin eta pausa bat egin behar bada «diru» eta «erraz» hitzen artean, pausa hori adierazi beharra dago. Alabaina, oraindik ez dut ikusi inor ausartu denik «Diru, erraz bihur daitezkeen ondasunak» idaztera. Pertsonalki, niri koma hori ez zait inolako astakeria iruditzen. Askoz ere burugabekeria handiagoa iruditzen zait pausa adierazi gabe uztea, horrek zuzen-zuzenean eramaten baikaitu gaizki-ulertura.

  • «Hemen daude pilatuta dauzkadan fitxa bibliografiko guztiak». Nola ulertu behar da esaldi hau? «Hemen daude pilatuta...» ala «...pilatuta dauzkadan...»? Alegia:
  1. «Hemen daude pilatuta (,) dauzkadan fitxa bibliografiko guztiak».
  2. «Hemen daude (,) pilatuta dauzkadan fitxa bibliografiko guztiak».

Horregatik behar-beharrezkoa da mintzatzean egiten dugun pausa erreal hori, «pilatuta» hitzaren ezkerrean nahiz eskuinean joan daitekeena, idatziz ere adieraztea. Nik uste dut horretarako biderik egokiena koma erabiltzea dela. Egia da komaren erabilera heterodoxo samarra izango litzatekeela agian, zeren eta, koma erabiltzeari buruzko orain arteko irizpideen arabera, ez bailegoke, berez, koma erabili beharrik. Baina, euskarazko pausa berezi horiek adierazteko (eta argi dago nolabait adierazi behar direla, hemen azaltzen ari garen gaizki-ulertuak gerta ez daitezen) beste zeinu berri bat erabiltzen hastea, ez dakit jende askori ez ote litzaiokeen baliabide nahiko traketsa irudituko.

  • «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatu duen ereduak bermatuko al du ikasle guztiek ezarritako euskara maila lortzea?». Helburua da, besterik gabe, «ikasle guztiek (...) euskara maila lortzea», nahiz eta esaldiaren irakurketak zera iradokitzen duen, ikasle guztiek ezartzen dutela euskara maila. Gaizki-ulertuaren jatorria? Errealitatean «ikasle guztiek» eta «ezarritako» hitzen artean egin egiten den pausa ez dagoela grafikoki adierazia.
  • «Kritika oroitzeko beste modu bat da».

Esaldi hau irakurtzen hasi nintzenean, kritika oroitzeaz ari zela ulertu nuen, baina... baita zera ere: kritika, oroitzeko beste modu bat dela esan nahi zuen.

  • «Maitasunak poeta zoro bilaka dezake».

Esaldi bitxia, galdera hau iradokitzen baitu: «maitasunak poeta zoro bilaka dezake nor?»

  • «Lanak egin bitartean ikuskatzen dira».

Lanak egin bitartean ikuskatzen dira zer gauza? Gaizki-ulertuaren zergatia, berriro ere, etena adierazi ez izana: «lanak, egin bitartean ikuskatzen dira».

  • «Gotorlekua ez zen inoiz erabili zuen helbururako».

Bitxia hau ere, «erabili zuen» irakurrarazten duelako. «Erabili» eta «zuen»en artean koma bat jartzeak nahasmena desagerraraziko zuen.

  • «Osakidetzak esandakoaz bestera, greba handitzat jo dute sindikatuek».

Zer jo dute «greba handitzat»? Adierazi beharra dago «greba» eta «handitzat»en arteko etena.

  • «Banaketa ondoko parametroak aplikatuz eginen da».

Zer eginen da «banaketa ondoko parametroak» aplikatuz? Hobe legoke «Banaketa, ondoko parametroak aplikatuz eginen da».

  • «Egun gutxi dira zutik gelditzen diren garai hartako Nafarroako erresumako gazteluak».

Eskergarria benetan, koma bat paratu izan balute esaldiaren hasieran, «egun» eta «gutxi»ren artean. Komarik gabe, irakurle gehien-gehienek «egun gutxi» irakurriko dute.

  • «Kontseilariak batzordeari jakinarazi zion aplikatzen ari zen tasa bakarra zela Nafarroako bizilagun guztientzat, hondakinak sortzen diren tokia gorabehera».

Zenbait irakurlerentzat agian oso esanahi argia ez duen esaldi horrek esanahi-aldaketa sotil samarra izango zuen, eta ulerterrazagoa bihurtuko zen, koma bat ipini izan balitz «tasa» eta «bakarra»ren artean. Bestalde, «jakinarazi zion» eta «aplikatzen ari»ren artean «ezen» bat jartzea oso eskergarria litzateke.

  • «Galdeketa luzeegia zela-eta, ezin izan ditugu aipatu aldaketa guztiak txertatu».

Ziur nago esaldi hau irakurri duten gehienek «ezin izan ditugu aipatu» irakurri dutela hasieran, eta, esaldiaren amaierara iristean, gaizki-ulertuaz konturatu direla, berriro atzera egin behar izan dutela, eta orduan bai, «ezin izan ditugu (...) txertatu» ulertu ahal izan dutela. Niri, behintzat, horrelaxe gertatu zitzaidan. Horren arrazoiak?

  1. Batetik, atal honetan salatzen ari naizena: errealitatean egiten den pausa bat, «ditugu» eta «aipatu»ren artean egina zehazki, ez dago adierazia.
  2. Baina, bestetik, iruditzen zait azkenaldi honetan ohi baino maizago aukeratzen dela horrelakoetan «aipatu» esatea «aipatutako» baino. Euskalkiak euskalki, horrelako partizipioek ezezko esaldietan ulermen-arazoak sor ditzakete, eta horregatik, kasu horietan hobestekoak iruditzen zaizkit «-tako» edo «-riko» formen araberako partizipioak.

Esaldi honek ez du problemarik ematen: «2006ko ekitaldian gastuaren ehuneko 24 exekutatu da». «Atzo Iñaki etorri zen» esaldian «atzo» eta «Iñaki»ren artean komarik jarri beharrik ez dagoen bezalaxe, komaren erabilerari buruzko arauek ez dute behartzen komarik jartzera «2006ko ekitaldian» eta «gastuaren» hitzen artean. Bigarren elementu hori «gastuaren» izan ordez «aurreikusitako gastuaren» denean ere, ez dago «koma tradizionalik» jarri beharrik. Baina «koma diakritikoa» bai, ordea, jatorrizko esanahi horri eusten segitu nahi bada. Ikus dezagun:

  • «2006ko ekitaldian aurreikusitako gastuaren ehuneko 24 exekutatu da». Nola ulertu behar da? Lehenengo moduan, ala bigarrenean?
  1. «2006ko ekitaldian aurreikusitako gastuaren ehuneko 24 exekutatu da».
  2. «2006ko ekitaldian aurreikusitako gastuaren ehuneko 24 exekutatu da». Bigarren modu honetan ulertzeko, koma bat behar litzateke «2006ko ekitaldian»en ondoren.
  • «Udalaren helburu nagusietako bat inguru horretan bizi diren auzokoen esku ibilgailua aparkatzeko plaza bat jartzea denez...».

Aitortu behar dut ezen, esaldi hau lehenbizikoz irakurri nuenean, burutik pasa zitzaidala zer ote zen «esku ibilgailu» bat. Jakina, jarraian konturatu nintzen «auzokoen esku (...) plaza bat» jartzeaz ari dela. Hots, eten bat dagoela «esku» eta «ibilgailua»ren artean. Pausa hori markatzea ezinbestekoa iruditzen zaidala azpimarratuta utzi dut jadanik. Gertatzen dena da kasu horretan, eta agian goragoko besteren batean ere, koma jartzeak beste oztopo batzuk sortzen dituela. Horregatik, gaizki-ulertuaren saihestea beste bide batetik lortzen da. Hurrengo atalean azalduko dut.

Kasu berezi batzuk:

a) Izenlagunak erabiltzean, pitz bedi alerta gorria.

Euskaraz izenlaguna baliabide aski problematikoa dela esango nuke. Ez du malgutasun handirik eskaintzen. Horrekin esan nahi dudana da izenlagunak eta izenak osatzen duten multzoa unitate zabalagoetan txertatzean, ulermen-problemetarako bidea irekitzen duela, jarraian erakusten saiatuko naizenez. Horregatik, hitzak eta espresioak beste hizkuntzetatik euskaratzeko itzulpen-aukerak aztertzean, euskaraz izenlagun bat proposatu aurretik, iruditzen zait nahitaezkoa dela izenlagunak beste elementu batzuekiko harremanari dagokionez sortzen dituen problemen jakitun izatea. Izan ere, «izenlagun» deitzen zaion arren, berarekin doan izenari nahiko lagun traidorea suertatzen zaio maiz asko, eta, velcro efektua tarteko, perpauseko beste elementu batzuei itsasteko joera nabaria agertzen du.

Adibideak:

  • Curso diurno = eguneko ikastaro.

Baina:

  • Mi curso diurno = nire eguneko ikastaro? «Nire eguneko» uler daiteke.
  • precio unitario = aleko prezio.

Baina:

  • precio unitario aprobado por el Gobierno de Navarra = Nafarroako Gobernuak onetsitako aleko prezioa. Alegia, «Nafarroako Gobernuak onetsitako alea» den zerbait badagoela uler daiteke, eta ez «Nafarroako Gobernuak onetsitako prezio»a.
  • Proceso selectivo de ingreso = sartzeko hautapen prozesua.

Baina:

  • «la pregunta es acerca de los procesos selectivos de ingreso» = «galdera sartzeko hautapen prozesuei buruzkoa da»: «galdera sartzeko»?
  • cuenta anual = urteko kontu

Baina:

información incluida en sus cuentas anuales = haien urteko kontuetan sartutako informazioa? «Haien urteko» uler daiteke.

  • Declaración anual = urteko adierazpen

Baina:

«incluir en la declaración anual de retenciones la relación de todos los trabajadores con retribuciones sujetas a retención»: «atxikipenen urteko adierazpenean sartzea...»

  • Informe favorable: aldeko txosten

Baina:

  • «Es preceptivo el informe favorable de la Intervención» = «Kontu-hartzailetzaren aldeko txostena...»: «Kontu-hartzailetzaren aldeko»?
  • Previa = aurretiko

Baina:

  • «Fiscalización previa de los derechos económicos» = «Eskubide ekonomikoen aurretiko fiskalizazioa». Baina, oker, «eskubide ekonomikoen aurretikoa» dela uler daiteke, nahiz eta ez duen esaten «previa a los derechos económicos» denik.

Adibide honetan gaztelaniaz formalki ez daukagu adjektiborik, baina oso antzeko kasua dugu:

  • Servicios de asistencia técnica = laguntza teknikoko zerbitzuak

Baina:

  • Servicios de asistencia técnica prestados por X a Y = Xk Yri emandako laguntza teknikoko zerbitzuak. «Emandako laguntza teknikoko» uler daiteke, nahiz eta, berez, «emandako zerbitzuak» diren.
  • Experiencia piloto = probako esperientzia

Baina:

  • Convenios piloto con el ministerio: ministerioarekiko probako hitzarmenak. «Ministerioarekiko proba», ala «ministerioarekiko hitzarmenak»?
  • Interés legítimo = bidezko interesa (?)

Baina:

  • El interés legítimo de la institución: erakundearen bidezko interesa. «Erakundearen bidezko»?
  • Explotación ganadera = abeltzaintzako ustiategi

Baina:

  • «Simaurren kudeatzaile horiek dira normalean beren finkan beste abeltzaintzako ustiategi batetik datorren simaurra aplikatu dutenak» esatean, ez da «beste abeltzaintzako» ustiategiez ari, baizik eta abeltzaintzakoak diren «beste ustiategi»ez. Problema hau ez zen sortuko baldin eta «abeltzaintza-ustiategi» izen-elkartea erabili izan balitz, «abeltzaintzako» izenlagunaren ordez.

Jatetxe bateko menuan ikusitakoa:

  • «Goiko solairuan, goi mailako sukaldaritza eskaintzen duen jatetxea dago, Xren sukaldaritzako plater klasikoak eta sukaldeko zein jangelako taldearen sasoiko hainbat proposamen uztartzen dituena».

Aitortzen dut ez nuela ulertu zer esan nahi zen «taldearen sasoiko hainbat proposamen» horrekin, harik eta gaztelaniazko testua irakurri eta honekin topo egin nuen arte: «propuestas de temporada sugeridas por el equipo...».

Irakurraldian hitz horien arteko loturarik egin ez dezagun, beharrezkoa da horretarako aukerarik ez ematea, lehenik eta behin oinarri-oinarrizko baldintza bat betez: testugilea erne egotea, gaizki-ulerturik sor ez dadin zaintzeko.

b) Izenlaguna ala adizlaguna?

Ikus dezagun adibide hau:

  • Eskarmentuak margolana ikusteko mihisetik urrundu behar dela irakasten du.

Berez, esaldi hau bi modutara uler daiteke:

  1. Mihisetik urrundu beharra dagoela honako helburu hau lortzeko: margolana ikustea.
  2. «Velcro efektu»aren eraginez «margolana ikusteko» eta «mihisetik» elkarri itsatsita daudela interpretatzen dutenek ulertuko dute badagoela «margolana ikusteko mihise» halako bat, eta bertatik urrundu behar dela.

Jakina, errealitateaz daukagun aurretiazko ezagutzari esker, badakigu lehenbizikoa dela interpretazio zuzena. Baina ulermenaren giltzarria testutik kanpoko balizko ezagutzaren baitan uztea ez da komeni, baldin eta testuak informazio ezezagunak komunikatzeko bere zereginari eutsi behar badio. Ikus dezagun hurrengo adibidea:

  • Herriko elkarteei dirulaguntzak emateko erakunde horrek eginiko erregelamenduan ezarririk dauden betebeharrekin bat, hau eta hau egingo da.

Kasu honetan, ez dakigu:

  1. Erakunde horrek asmo jakin batekin (herriko elkarteei dirulaguntzak ematea) egindako erregelamenduan ezarritako betebeharrak diren, ala
  2. Eginkizun zehatz bat (herriko elkarteei dirulaguntzak ematea) daukan erakunde horrek eginiko erregelamenduan ezarritako betebeharrak diren.

c) Lehenaldiko aditza eta erlatibozko perpausak

Dakigunez, euskaraz erlatibozko perpausak egiteko modu zabalduena da perpauseko aditzari -N bukaera ipini eta perpausa izenaren ezkerraldean kokatzen duena. Alabaina, lehenaldian dauden aditzek ere bukaerako -N hori daukatenez, nahasmen-problemak sor daitezke, erlatibozkoak ez diren perpausak lehenbiziko irakurraldian erlatibozkotzat jotzera eraman dezaketenak. Eta, agian, alderantziz ere, nahiz eta bigarren posibilitate horren adibiderik ez dudan aurkitu.

Adibideak:

  • Lan-sistema berri horrek ezarri zuen ordainketa-modua aldez aurretik nahitaez zehaztu beharra.

Irakurleak hasiera batean aukera asko dauzka testua «lan-sistema berri horrek ezarri zuen ordainketa-modua»z ari dela ulertzeko, «ezarri zuen» eta «ordainketa-modua»ren artean sortzen den «velcro efektu» edo elkarrekiko erakarpen-indarraren eraginez. Baina esaldiaren amaierara iristean konturatuko da «ezarri zuen» eta «ordainketa-modua» ez zituela itsatsi behar eta, horrenbestez, ez zegoela erlatibozko perpausik, baizik eta honakoa esan nahi dela: «lan-sistema berri horrek ezarri zuen... zehaztu beharra».

  • Zure anaiak aipatu zuen kirola eta margolaritza bere zaletasunik kutunenak direla.

Hemen ere ez dago erlatibozkorik. Ez da esaten «zure anaiak aipatu zuen kirola», baizik eta «zure anaiak aipatu zuen... kutunenak direla».

  • Hirigintza Zerbitzuak ezarri zituen administrazio-baldintzen eta baldintza teknikoen orriak.

Hemen ere, erlatibozkorik ez: «Hirigintza Zerbitzuak ezarri zituen... orriak».

  • «Heleni emakume harengandik zetorkion odolean zeraman kaskarinkeria».

Esaldia irakurri ahala, badirudi esan nahi dela «emakume harengandik zetorkion odolean», eta ez, ordea, errealitatean esan nahi dena: «...emakume harengandik zetorkion... kaskarinkeria».

Aipatu berri ditudan adibide guztietan, egia da esaldiaren amaierara iristean irakurlea gaizki- ulertuaz konturatuko dela eta, beraz, esaldia bigarren aldiz irakurriz benetako esanahiaz jabetuko dela. Baina, artikuluaren hasieran esan dudanez, nire ustez horixe da, hain zuzen, kosta lain kosta saihestu beharrekoa: irakurleari esaldi bat bi aldiz (edo gehiagoz) irakurrarazi behar izatea.

Esan beharra dago «Velcro efektua» ez dela euskaraz bakarrik gertatzen, nahiz eta, euskararen kasuan, problema hau ia-ia izurritetzat jo daitekeen eta, beraz, larriagoa den. Hori horrela, zilegi iruditzen zait jarraian gaztelaniazko adibide xelebre batzuk ematea, erakusgarri gisa, gehienbat azken hilabete hauetako egunkarietatik atera ditudanak:

  • De cualquier manera, la ciencia no da ningún motivo para prohibir a los primos hermanos que se quieren tener hijos. («que se quieren tener hijos»?)
  • A los atenienses les gustaba evocar en sus tragedias feroces y ejemplares desastres... («en sus tragedias feroces»?)
  • El exceso de celo hizo pasar por falsos descubrimientos como la cueva de Altamira. («Hizo pasar por falsos descubrimientos»?)
  • George Bush no es el único al que le preocupa que las cosas puedan empeorar bastante antes de comenzar a mejorar. («empeorar bastante» ala «bastante antes»?)
  • Siempre podremos vender cromos ingleses de aquellos con los que jugábamos de niñas por Internet («cromos... con los que jugábamos de niñas por Internet» ez, noski, baizik eta «Siempre podremos vender cromos... por Internet»).

Goiko kasu horietan, problema konpontzen da hitzen ordena aldatuz.

Marratxoa eta izen-elkarteak

Euskaltzaindiaren 25. arauak («Hitz elkartuen osaera eta idazkera»), substantiboen elkarteei dagokienez, askatasuna ematen du elkarte horiek marratxoz nahiz marratxorik gabe idazteko, baldin eta berariaz aurreikusiriko mota zehatz batzuetako izen-elkarteak ez badira. Izen-elkarte gehienak kasu zehatz horietatik kanpokoak direnez, horiek marratxoz idazteari buruzko erabakia, praktikan, testugilearen irizpidearen baitan gelditzen da gehienetan.

Aitortu behar dut erabakimena norberaren esku uzten duten Euskaltzaindiaren horrelako arauek neurri batean harridura eragiten didatela. Alde batetik, «askatasun-emate» horren ondorioa izan ohi delako jokabideak ez direla bateratzen (eta nik uste nuen bateratze hori zela Euskaltzaindiaren arauen helburu nagusia). Eta, bestetik, zirt edo zart egitearen erantzukizuna Euskaltzaindia arau-emailearena izaki, «askatasun-emate» horri ezinbestean hartzen zaiolako kasuan kasuko erabakigaia afera heldugabea («heldu»ren bi zentzutan: batetik, horri heltzeko borondaterik edo ahalmenik ez egotearena, eta bestetik, egokiro ondutako hausnarketarik oraindik egin ez izanarena) izatearen antza («antza», diot; ez dakit, noski, errealitatea hori den ala ez).

Nik uste dut komenigarriena dela izen-elkarteak beti, salbuespenik gabe, marratxoz idaztea, eta jarrera hori oinarritzen dut artikulu honetan guztian erabiltzen ari naizen argudioan: testuaren komunikagarritasuna errazten du. Berehala sakonduko dut puntu honetan.

Lehenik eta behin, ordea, salatu nahi dut euskarazko testugile askok marratxoa izurritsu bat bailitzan ikusteko daukaten seta hori. Alegia, marratxoa ahalik eta neurri handienean saihestu beharreko baliabidetzat jotze hori. Ildo horretan, marratxoaren kontrako argudiorik ohikoena izaten da «ez dut marratxoa erabiliko, argi baitago hitz-elkartea dela»; edo horren antzeko zerbait.

Oro har, marratxoa ikusten da testua fisikoki itsusten duen elementu baten antzera («...bai, eta azkenean testua marratxoz josia geratuko zait», entzun izan dut behin baino gehiagotan, marratxoaren aldeko jarrera adierazi izan dudanean). Bitxia da inork aipamenik ez egitea gaztelaniazko -edo, are gehiago, frantsesezko- testuez eta horiek tildez eta azentuz «josita» egotearen ondoriozko ustezko itsusitasunaz. Halaber, inork ez du esaten euskarazko testuak «z», «tz» eta «k»z «josita» daudenik. Baina marratxoaren txanda iristen denean, argudio hori ziplo aktibatzen da.

Ba, marratxoen aurkakoei beren jarrera oinarritzeko argudio mamitsurik inoiz entzun ez diedala esan behar dudan bezalaxe (norberaren estetika subjektiboarekin loturiko argudioak soilik, zeren eta haratagoko arrazoi ganorazkorik orain arte ez baitut behin ere aditu), agerian utzi nahi nuke marratxoa beti erabiltzeak testuaren komunikagarritasunari egiten dion mesede handia.

Hasteko, marratxoa «behar denean soilik» erabiltzeak arrisku handia dauka, ez duelako bermatzen zalantzazko kasuak behar bezala argituta utziko direnik beti. Testugileak bere buruan argi dauka, jakina, zein den adierazi nahi duen ideia; baina, idazketa-prozesuaren automatismoetan murgilduta, eta hain zuzen ere gogoan daukan ideia horrek bere arretari eragiten dion erakarpen-indarrak hartaratuta, ez ditu beti detektatzen bere hitz izkiriatuek eragin ditzaketen bestelako interpretazioak, eta horrexegatik, esanahia argi uzteko marratxoa ezinbestean behar deneko kasuak ere. Hori dela-eta, testugilearen irizpide subjektiboaren baitan zeinu ortografikoen erabilera (marratxoarena edo beste edozeinena) uztea ez zait iruditzen itxurazko araua denik.

Marratxoa hitz-elkarte guztiekin erabili beharra ezarriko balitz, adierazitako problema konponduta geratuko litzateke, testugileak ez luke kasu bakoitzean ibili beharko bere buruari galdezka ea marratxoa beharrezkoa den ala ez, eta araua askoz ere sendoagoa eta betetzen errazagoa litzateke.

Kontuan hartu behar da hitz-elkarteak egokiro adieraztearen auziak bi alderdi dauzkala, txanpon beraren bi aldeak bailiran:

a) nola bermatu hitz-elkartea den bat irakurleak halakotzat beti identifikatu ahal izatea, eta

b) nola bermatu hitz-elkartea ez den bat irakurleak ez duela halakotzat hartuko.

Bi helburu horiek lortzeko sistemarik onena datza, nire ustez, hitz-elkarte guztietan marratxoa derrigorrez erabili beharra ezartzean. Sistema guztiz argi eta garbia da, ez du gaizki- ulertuetarako inolako zirrikiturik uzten, eta zeharo erosoa da bai testugilearentzat bai eta irakurlearentzat ere, era horretan bai bata bai bestea libratu egiten baitira elkarren aldamenean paratutako bi substantiboren arteko harremana argitze aldera testuari buruzko interpretazio- lan gogaikarriak egiten ibili beharretik.

Izan ere -eta ideia hau azpimarratu nahi nuke-, marratxoa «soilik beharrezkoa denean» erabiltzearen aldekoek aurreko a) atalean adierazi dudana beti lortu izan dutela joko bagenu ere (esan bezala, ez da egia, baina jo dezagun horrela dela), beren sistemarekin lortu ezin dutena b) atalekoa da; hots, irakurleari argi uztea kasu jakin batean elkarren aldamenean idatzita agertzen diren bi izenek ez dutela izen-elkarte bat osatzen. Esaten dut ezin dutela lortu, zeren eta, horrelako kasu batean, irakurleak, lehenengo irakurraldian behintzat, burua nekatu beharko baitu ebazten zeren ondorioz ez den marratxorik agertzen bi izenen artean: testugilearen ustez «begi- bistakoa» den (eta horregatik, marratxorik behar ez duen) izen-elkartea izatearen ondorioz, ala, besterik gabe, izen-elkarterik osatzen ari ez diren bi izen elkarren aldamenean kasualitate hutsez suertatzearen ondorioz.

Arrazoiketaren puntu honetara iritsi naizelarik, eta esan berri dudanaren erakusgarri, gorago aipatu dudan adibideari helduko diot berriro ere:

  • Udalaren helburu nagusietako bat inguru horretan bizi diren auzokoen esku ibilgailua aparkatzeko plaza bat jartzea denez...

Esaldi honek sortzen duen problema da lehenbiziko irakurraldian modua ematen duela «esku ibilgailua» litzatekeen zerbaiti buruz ari dela ulertzeko. Jakina (jakina?), berez ez da halako ezertaz ari, eta, mintzatzean, pausa bat egiten da «esku» eta «ibilgailu»ren artean, entzuleari (ez, ordea, irakurleari) izen-elkartea osatzen ez dutela argi uzten diona. Adibide zehatz honetan, pausa hori koma baten bidez adierazteak problema berriak sortuko lituzke (pausa fonetikoa nabarmentzea lortzearen truke, esaldiaren sintaxia nahastea eta iluntzea lekarke).

Nola lortu, orduan, esaldi hori lehenengo irakurraldian bertan zeharo gardena izatea irakurlearentzat? Kasu honetan, soluzioa nahiko erraza da (eta orain egiten dut bat izen-elkarteen marratxoaren auziarekin): aurretiaz arau orokor gisa ezarrita balego izen-elkarte guztiak marratxoz idatzi behar direla, irakurleak ziurtasun erabatekoa izango luke marratxorik gabeko «esku ibilgailua» EZ dela izen-elkartea.

Baina ziurtasun hori lor daiteke, soil-soilik, izen-elkarteetan marratxoa erabiltzearen derrigorrezkotasuna ezartzen baldin bada.

Adibide gehiago:

  • Horrekin batera, jarduketa ekitaldian zehar beteko dela ziurtatzen duten agiriak gaineratuko dira.

Esaldi hori lehenengo aldiz irakurtzean, nik behintzat informazio-prozesatze txiki bat egin behar izan nuen, «jarduketa ekitaldi» hori «jarduketa-ekitaldi» ote zen ebazteko. Berriro diot: izen-elkarteetan marratxoen derrigorrezkotasuna ezarrita egongo balitz, ez zen ahalegin horren beharrik egongo.

Beste adibide bat:

  • Ordainketa txartel hauen bidez egiten dutenei % 10eko deskontua egingo zaie, lor daitezkeen beste deskontuez gainera.

Izen-elkarteetan marratxoa nahitaez erabili beharrekoa izan balitz, irakurleak hasiera-hasieratik deduzituko zuen aurreko testua ez dela inolako «ordainketa-txartelez» ari, eta beraz, niri gertatutako honakotik libratuko zen: beren buruei galdetzea «ordainketa txartel hauen bidez ZER egiten dutenek lortuko dute % 10eko deskontua?».

Erantsi nahi dut kasu guzti-guztietan nagoela marratxoa erabiltzearen alde. Hau da, baita hitz-elkartearen bi elementuetako edozeinetan izen-zerrenda bat dagoenean ere. Alegia, kasu hauetan:

  • diseinu-, ekoizpen- eta kalitate-problemak dauzkate enpresa horretan.
  • zure zeregina zerga-murrizketei, -igoerei eta, oro har, -eskumenei buruzko gogoeta egitea da.

Argudioa betikoa da: komunikagarritasuna (ulergarritasuna) bermatzea, beste edozein irizpideren gainetik. Goiko kasu horietan, elementu marratxodun horiek izen-elkarte baten osagai direla ulerraraztearen garrantziarekin alderatuta, argi ikusi beharko litzateke izenaren alde batera nahiz bestera marratxoa «zintzilik» agertzearen «itsusitasuna» ahuntzaren gauerdiko eztula dela.

Marratxoa eta izen berezien deklinazioa

Uste dut orain artekoarekin argi utzi dudala marratxoari alde onak besterik ez diodala ikusten. Jarraian, marratxoaren beste abantaila bat agerian utzi nahi dut. Izan ere, egoera tamalgarri bat saihesteko ahalmena dauka.

Hara: Unai Elorriagaren «Van't Hoffen ilea» eleberria (zeina, denbora-faltaz, irakurri gabe baitaukat) liburu-denda guztietako apaletan agertu zenean, nik izenburu hori ulertu nuen «Da Vinci kodea», «Doppler efektua» edo «Manhattan proiektua» ulertzen diren bezalaxe; alegia, izen berezi hori (arras berezia, alajaina) «Van't Hoffen» balitz bezala, eta ez Van't Hoff. Nola konturatu nintzen oker nengoela? Ba, nire atsekaberako, soil-soilik gaztelaniazko itzulpenaren azala liburu-denda horietan bertan ikusi nuenean: «El pelo de Van't Hoff».

Era berean, ipuin baten izenburuan «Maliko printzesa» ikusten baldin badut, euskarazko testu horrek ez dit argitzen «La princesa de Malí» ala «La princesa Maliko» ulertu behar dudan.

Eta abar eta abar. Ulergarritasun-problemak, horiek ere. Marratxo xume bat jarrita guztiz desagerraraziko liratekeenak:

  • Van't Hoff-en ilea
  • Mali-ko printzesa / Maliko printzesa (esan nahi denaren arabera bata ala bestea, noski)

Marratxoak ulergarritasunari egiten dion mesede horri zer argudio kontrajartzen zaio, hainbesterainoko pisua daukana non nahiago izan baita marratxoa ez erabili, eta horrek eragiten duen iluntasun-arriskuari ateak ireki? Euskaraz atzizkia ez dela izenetik marratxo baten bidez inoiz ere bereizten? Ba, orduan, argi eta garbi eskatzen dut, azaldutakoaren indarrean oinarriturik, kasu horietan behintzat marratxoa erabili ahal izatea ez ezik, erabili ere erabiltzea. Ala, agian, «estetika» jakin baten kontrakotzat jotzen da «Van't Hoff-en ilea» liburu-azal baten erdi-erdian idaztea, marratxo eta guzti? Kasu horretan, interesgarria litzateke jakitea zer-nolako estetika den hori, euskarazko izenburuan marratxoa itsusitzat jotzen duena eta -adibidez- izenburu horren ingelesezko itzulpen teorikoan («Van't Hoff's hair») genitibo saxoiaren apostrofea onesten duena.

Kutsu inpertsonaleko esaldiak

Euskarazko itzulpen batzuetan ez zaie irtenbide asegarririk ematen beste hizkuntzetan kutsu inpertsonalez adieraziak dauden esaldiei (adibide guztiak gaztelaniatik hartu ditut). Gainerako hizkuntza horietan ez bezala (zeinetan argi geratzen baita subjektua ez dela garrantzitsua edo itzalpean utzi nahi dela), euskaraz batzuetan ematen diren itzulpenek, paradoxikoki, ekintzaren subjektua nor ote den jakin nahi izatera zirikatzen dute irakurlea.

Esango nuke problema hori gertatzen dela, gehienbat, euskaraz NOR erakoak diren aditzekin. Izan ere, kontuan hartu behar da euskaraz inpertsonaltasuna adierazteko modu bat dela NOR-NORK erako aditzak NOR erako aditz laguntzaileen bidez adieraztea (adibidez, «erabaki du» forma pertsonaletik abiatuz «erabaki da» inpertsonala lortzen da, edo «kontuan hartu behar du»tik «kontuan hartu behar da», lerrokada honetan bertan erabili dudanez). Era berean, NOR-NORI-NORK erako aditzak NOR-NORI erako aditz laguntzaile baten bidez «inpertsonalizatzen» dira (adibidez, «esan diote»tik abiatuz, «esan zaio» lortzen da). Alabaina, aditz laguntzailea hasiera-hasieratik NOR erakoa denean, nola lortu horren forma inpertsonala? Hor koxka batekin egiten dugu topo.

Adibideak:

  • «El acceso a dicho régimen podrá hacerse efectivo desde el inicio del curso escolar 2007-2008»

Euskaraz esaldi horri emandako itzulpen bat:

  • «Araubide horretan 2007-2008 ikasturtearen hasieratik sartu ahalko da». Esaldi honen problema da «NOR sartu ahalko da?» galdetzera bultzatzen duela. Niri, behintzat, galdera hori ekarri zidan gogora.
  • «Está en estudio la creación de una sección en Tudela».

Esaldi horren euskarazko itzulpen bat:

  • «Tuteran atal bat sortzeko aukera aztertzen ari da» (nor, ordea?)

Esaldi horiek euskaratzeko irtenbiderik egokiena ez dago modu orokor eta sistematikoan ematerik, baizik eta kasu bakoitzaren berezitasunei doituriko proposamenak eginez. Horrela, lehenbiziko kasuan, «araubide horretarako sarbidea halako unetan irekiko da» edo antzekoren bat erabil liteke ziur asko, eta bigarrenean, «azterketa-fasean dago Tuteran atal bat sortzea», adibidez.

Nolanahi ere, eta lehenago esan bezala, irtenbide-bilaketaren lehenengo urratsa, garrantzitsuena, testugilearen arreta da; hots, kontura dadila itzulpen-posibilitate bakoitzaren abantaila edo desabantaila komunikatiboez.

Bereizmena edo zehaztasun lexikoa

Adierazi nahi den esanahiaren ñabardurak behar bezala islatuko dituzten hitzak aurkitzea itzultzaileontzat lanbidearen betebehar bat da, baina, edozein hiztun edo komunikatzailerentzat, betebehar bat baino sakonagoko zerbait: egiazko behar gorria.

Euskaraz, zehaztasun lexikoa lantzea lehentasunezko helburua da, eta hori lortzeko, hitz- altxor zabala garatu behar dugu. Eta, lehenago esan dudan bezala, euskarari dagokionez, alor honetan nire ustez lan dezente daukagu egiteko, hasieran «bereizmen» deitu dudana zorrozteko. Testugintzan, eta oro har komunikazioan, hitzen zehaztasuna baita zirujau batentzat bisturiaren zorroztasuna bezalakoa.

Lexikoaren eremuan euskarak dituen beharrak aztertzean, eta helduleku objektibo batetik abiatzearren, hitz-altxorrari buruz hiztegiek eskaintzen diguten panorama hartu dut oinarri. Ederki jabetzen naiz, noski, hizkuntza bakoitzaren hitz-kopuruak erraz gainditzen dituela hiztegi baten muga estuak (kontuan harturik, gainera, hiztegi guztiak ez direla zabalera eta sakonera berekoak); horregatik, eta egin behar izan ditudan itzulpenetan maiz jo behar izan dudalako hiztegiez kanpoko baliabideetara, ondotxo dakit euskarak altxor lexiko aski aberatsa daukala, hiztegiek beti jasotzen ez dutena. Alabaina, konparazioak egin ahal izateko erreferentzia finko bat edukitzeari beharrezko deritzodanez, honako bi hiztegi hauek erabili ditut: Elhuyar hiztegia eta Zehazki hiztegia, Ibon Sarasolarena.

Lexikoaren esparru amaigabea aztertzea artikulu honen mugetatik haratagoko zeregin erraldoia denez, nire asmoa da gogoeta-ildo batzuk eskaintzea, adibide oso zehatz batzuetan oinarrituta.

Euskararen hitz-altxorra garatu behar dugula esan dut. Ez naiz terminologiaz ari, non jadanik urrats garrantzitsuak egin baitira, baizik eta erabilera orokorreko hitz arruntez. Izan ere, euskarazko lexikoan nire ustez bi problema nagusi dauzkagu:

  1. Euskaraz gaur egun dauzkagun hitzek osatzen duten kontzeptu-sarea, hiztegietan ikus daitekeenaren arabera betiere, ez da gure inguruko hizkuntza normalizatuetakoa bezain trinkoa, eta horrek problema eta neke asko sortzen ditu euskaratutako testuek jatorrizkoaren zehaztasun bera izatea lortzeko, edo euskarazko testuan hitzak jatorrizko hizkuntzazkoan baino gehiago ez errepikatzeko.
  2. Euskarazko hitzek, kasu askotan, esanahi aski zehaztugabeak dauzkate, eta sarritan hitz bera erabili ohi dugu esanahi guztiz ezberdinak adierazteko.

Aipaturiko bi kasu horietan, ezinbestean komunikagarritasun-problema larriak sortzen dira.

Jarraian, lexikoaren alorrean dauzkagun problemetako batzuk zehazkiago azalduko ditut. Problema horien aipamenean, gaztelaniatik euskarara eginiko itzulpenak hartu ditut oinarri.

1.- Euskaraz gehien erabilitako intentsitate handiko adjektiboen esanahi-karga apala

Intentsitate handiko esanahia daukaten adjektiboak baliabide oso mesedegarria dira testuaren adierazgarritasunerako, testuari bizitasuna eta kolorea ematen diotelako. Bestalde, ezinbestekoak dira, zer esanik ez, giza sentimenduak beren hedadura osoan adierazi ahal izateko.

Horregatik, garrantzitsua da ohartzea euskaraz erabilienetakoak diren tankera horretako adjektiboak esanahi aldetik nahiko kamutsak direla; hots, adierazgarritasunik eta zorroztasunik gabeak. Horregatik esaten dut esanahi-karga apala daukatela.

Honako adjektibo hauei buruz ari naiz: izugarri, ikaragarri, sekulako, egundoko, berealdiko, berebiziko, itzel, eta abar.

Adjektibo horiek, nolakotasun bereizgarri baten ordez, «zenbaterainokotasun» bat adierazten dute; hau da, neurri bat. Argi zehazten ez duten nolakotasun baten graduatzaile-zeregina betetzen dute. Antagonikoak diren nolakotasunak adieraz ditzakete, kasu bakoitzaren arabera. Kasu guztietan konstante mantentzen den ezaugarria da kasuan kasuko nolakotasunaren intentsitate handia adierazten dutela. Esanahi hain ezberdinak hartu ahal izatearen ondorioz, adjektibo nahiko «urardotuak» ditugu.

Ikusi, bestela, nolako txikle semantikoak diren (nik «izugarri» hitza hautatu dut, baina zerrendako beste edozein ere berdintsu erabil liteke):

  • Ha sido un suceso terrible: gertakari izugarria izan da.
  • El tenista ha jugado un partido magnífico: tenislariak partida izugarria jokatu du.
  • Ha sido un crimen horrendo: krimen izugarria izan da.
  • El terremoto ha tenido unas consecuencias devastadoras en la economía: lurrikarak ondorio izugarriak izan ditu ekonomian.
  • Es un edificio imponente: izugarrizko eraikina da.
  • «Los cuatro fantásticos» (komiki bateko superheroiei buruzko filma, ETBk eskainia): «Lau izugarriak». Gaztelaniazko tituluak, bai eta jatorrizko ingelesekoak ere («Fantastic Four»), argi uzten dute heroiak direla; alegia, «zintzoak». Euskarazkoak, ordea, berdin-berdin balio du heroiak nahiz gaizkileak badira ere (bereizmen gutxiagoko itzulpena da, beraz).
  • Tiene una fuerza enorme: indar izugarria dauka.
  • «Sobrecogedor» adierazteko, Elhuyar hiztegiak besteak beste «izugarri» aipatzen du. Zehazki hiztegiak «espeluznante»ren ordain gisa ere jasotzen du «izugarri».

Horregatik, egin behar dugun euskarazko itzulpen bat esanahiei dagokienez zorrotza izatea nahi baldin badugu, iruditzen zait gutxienez ere kontuan hartu behar dugula hitz horiek daukaten lausotasun-desabantaila hori. Zer esanik ez, lagun egiten dioten substantiboak esanahia kasu askotan argituko du, eta ez naiz iradokitzen ari hitz horiek ez genituzkeenik erabili beharko (nik neuk ere askotan erabili izan ditut). Baina, era berean, deigarri samarra ere bada, edo niri behintzat hala iruditzen zait, hain esanahi askotarikoak adierazteko apropostzat jotzea hitz bat bera. Horrela, ba, saiatu beharko genuke kontuan hartzen badaudela euskaraz zenbait adjektibo (ez oso ugariak, hori ere egia da), intentsitate handia aditzera ematen dutenak eta esanahi aldetik adierazgarriagoak direnak, eta gure itzulpenaren kalitateari mesede egin ahalko lioketenak, hala nola:

  • Esanahi positibokoak: zoragarri, liluragarri, bikain, aparta, ezin hobe, xarmagarri...
  • Esanahi negatibokoak: lazgarri, negargarri, penagarri, gorrotagarri, onartezin...

2.- Esanahi konplexua daukaten adjektiboak euskaratzearen buruhausteak

Gaztelaniazko adjektibo batzuek zenbait ñabardura uztartzen dituzten esanahi aski konplexuak adierazten dituzte, eta, horregatik, zailak dira euskaratzen.

Areago, esan liteke hitz horiek badauzkatela, beren gaur egungo erabileran, hiztegiek ere ondo adierazten ez dituzten esanahiak.

Ikus ditzagun adibide batzuk:

  • sórdido

Hitz horren honako adierak ematen ditu Espainiako Errege Akademiaren hiztegiak:

  1. adj. Que tiene manchas o suciedad.
  2. adj. Impuro, indecente o escandaloso.
  3. adj. Mezquino, avariento.
  4. adj. Med. Dicho de una úlcera: Que produce supuración icorosa.

Elhuyar hiztegiak honela itzultzen du:

  1. Zikin, lohi, likits, narras; miserable, pobre (Se reunían en una taberna sórdida: taberna zikin batean juntatzen ziren)
  2. lohi, lizun, zikin, likits (Tenía costumbres sórdidas:ohitura lizunak zituen)
  3. zeken, zikoitz, zuhur (Es un hombre sórdido, no gasta una peseta:gizaseme zekena da, ez du pezeta bat bera ere gastatzen)

Zehazki hiztegian itzulpen hauek proposatzen dira:

  1. miserable, doilor
  2. miserable, guztiz txiro
  3. zikin, lizun

Alabaina, nik uste dut DRAEk ez duela jasotzen gaur egun «sórdido»ri ematen zaion erabilera zabalduena. Era berean, iruditzen zait ez Elhuyarrek ez eta Zehazkik ere ez dutela asmatzen jende gehienak hitzari gaur egun ematen dion esanahia adierazten. Horren ordez, hitzaren alderdi partzialak bakarrik jasotzen dituzte. Horrela, «taberna zikin» bat dela esaten bazaigu, «sórdido»ren osagai semantikoetako bat bakarrik (zikintasuna) adierazten zaigu, eta horregatik, ez daukagu zantzurik «una sucia taberna»z bestelako zerbaiti buruz ari denik pentsatzeko. Kontzeptuari gehiago hurbiltzen zaizkio wordreference.com online hiztegiak egiten dituen proposamenak:

  1. Sucio, pobre y miserable (hots, hiru ezaugarriak aldi berean elkarri lotuta, eta ez batzuk besteen ordezko): vivienda sórdida.
  2. Mezquino, avariento: sórdido millonario.
  3. Indecente, inmoral, vil: sórdido escándalo.

Alegia, «vivienda sórdida»ren kasuan, zikina dela esatea, edo txiroa, edo miserablea, ez da itzulpen asegarria: hiru ezaugarriak biltzen dituen adjektiboa da. Eta, maiz asko, laugarren bat ere bai; hots, «indecente, inmoral, vil», hala nola «un barrio sórdido de la ciudad» esaten denean (zeinetan, maiz asko, prostituzio-establezimenduak, moral jakin baten aurkakotzat jo ohi direnak, egoten baitira).

Beraz, eta aipaturiko euskal hiztegiek diotena diotela ere, sórdido = ez soilik zikin, ez soilik lizun, ez soilik txiro eta ez soilik miserable, baizik eta, gehienetan, horiek guztiak batera. Hitzaren itzulpen asegarri batek hori guztia iradoki beharko luke.

  • Antzekoa gertatzen da «siniestro» hitzarekin. Jo dezagun «una casa siniestra» itzuli behar dugula.

Elhuyar hiztegiak honakoak eskaintzen dizkigu:

  1. Mano siniestra = ezkerreko eskua.
  2. Un día siniestro = zoritxarreko eguna.
  3. Intenciones siniestras = asmo gaiztoak.
  4. Ezbehar.

Zehazkik, bestalde, honakoak:

  1. Ezkerreko.
  2. Intenciones siniestras = asmo gaiztoak.
  3. Zorigaiztoko.
  4. Ezbehar, hondamenezko.
  5. Istripu.
  6. Sute.

Jarraitu aurretik, esanda utzi nahi nuke benetan etsigarria iruditzen zaidala erabilienetakoak diren euskarazko bi hiztegi horietatik ez batak eta ez besteak ez jasotzea siniestro adjektiboaren adiera nagusienetako bat.

Nire ustez, «casa siniestra» kontzeptuan nahasirik daude iluntasunaren, nolabaiteko maltzurtasun-iradokizunaren eta mehatxuaren kontzeptuak, eta itzulpen asegarri batek horien guztien berri eman beharko luke nolabait: euskaraz hori guztia hitz bakar batean biltzerik ez badago, hitz multzo bat erabili beharko da, edo azalpen bat, edo metafora bat...

Asko ez luzatzearren, aipamen laburragoa egin nahi dut beste hitz hauei buruz:

  • Halagador: ez du nahitaez esan nahi Zehazki-k eta Elhuyar-ek modu guztiz murriztailean jasotzen duten «balakagarri, losintxari, lausengatzaile, zuritzaile». Alegia, ez da nahitaez nolabaiteko sari baten itxaropenarekin laudoriozko hitzak esatea. Adibidez, esan daiteke: Me parece muy halagador que se haya tenido en cuenta mi opinión. Eta, tristea bada ere, adiera horretarako proposamen bakar bat ere ez dute euskal hiztegi horiek jasotzen.
  • Exigir, exigencia: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak espresuki baztertzen badu ere, exigitu ez da eskatu edo behartu xume bat; hori baino gehiago da, DRAEren definizioetako batean adierazten denez: pedir imperiosamente algo a lo que se tiene derecho. Eta euskaraz ere horrelako hitz bat beharrezkoa zaigu, besteak beste ingelesez to demand, frantsesez exiger eta alemanez verlangen, fordern existitzen diren bezalaxe. Beraz, euskaraz ere horrelako hitz bat exigitu behar dugu.
  • Hacer gracia: Bitxikeria modura, jakin nahiko nuke nolatan proposatzen duen Zehazki hiztegiak, espresio horretarako, «atsegina izan» espresio guztiz orokorra, lausoa eta gatzgabea. Hiztegi bati, eta Zehazki deritzon bati are gehiago, hori baino itzulpen zehatzago bat exigitu ahal zaio. Hain zuzen ere, horrelako itzulpenekin galtzen dute bereizmena euskarazko testuek. Eta horixe bera gertatzen da truculento bezalako hitz bat (DRAEren arabera, «que sobrecoge o asusta por su morbosidad, exagerada crueldad o dramatismo») besterik gabeko «beldurgarri, izugarri» batekin (berriro ere topo egiten dugu «izugarri»rekin, irakurlea ohartuko zenez) itzultzen dutenean bai Zehazki hiztegiak, bai Elhuyar-ek. Egia esateko, Elhuyarrek aukera gehiago ere eskaintzen ditu, nahiz eta ez, ordea, hitzaren esanahiari doituagoak.

3.- Eufemismoak euskaraz

Aukera izan dut irakurtzeko nola autore batek baino gehiagok beren nolabaiteko poza adierazten zuten, euskara eufemismo gutxi erabiltzen duen hizkuntza izateagatik. Badirudi horrekin iradoki nahi dutela euskara hizkuntza «jatorra» dela; hots, gauzak «argi» eta «zuzen-zuzenean» adierazten dituzten horietakoa, eta ez alferrikako elekeriez betetako hizkuntza katramilatsu horietakoa. Hori da, behintzat, autore horiek esandakoetatik ondorioztatu dudan ideia.

Haien iritziekiko errespetu osoz, nik esan behar dut ez nagoela batere ados ikuspegi horrekin.

Hizkuntza batek eufemismoak edukitzea, lehenik eta behin, hizkuntza hori hizkuntza normalizatu bat izatearen seinale dela uste dut. Hizkuntza normalizatuak direlako, hain zuzen ere, esparru guztietan erabiltzen direnak. Eta, gutako bakoitzak gizalegezko jokamolde eta esamoldeei buruz (zein diren eta zein ez diren, nolakoak izan beharko luketen eta nolakoak ez, eta abar), daukagun iritzia daukagula ere, egitate bat da hizkuntza normalizatu bat modu ezberdinetan hitz egiten dela esparru eta ingurune ezberdinetan. Horrela, ba, euskarak eufemismo gutxi eta protokolo-tratamendu gutxi erabiltzearen zergatia ez da, nire ustez, «euskara horrelakoa» izatea, baizik eta euskara, historikoki, esparru jaso batzuetan ez dela erabili izan. Beraz, euskara normalizatzen doan heinean, esparruan esparruko hizkerak ere bereganatu beharko ditu, eta horiekin batera, eufemismoak. Eufemismoak, zeinak hizkuntza normalizatu guztietan sortuak baitira. Eta hori zerbaiten seinale da. Hots, eufemismoak ez direla artifizialki inposaturiko adierazpideak, baizik eta uste baino modu naturalagoan sorturiko hizkuntz baliabideak, jendeari ahalbidetzen diotenak, esate baterako, sendagilearengana joatean beren arazo fisikoak gogo-aisetasun handiagoz adieraztea.

Eta, hizkuntz baliabide diren heinean, eufemismoek hizkuntza bera aberasten dute.

Dena den, horrela izango ez balitz ere, itzulpen egoki batek gauza izan behar du beste hizkuntzetan adierazitako eufemismoak euskaraz ere eufemismo-moduan emateko. Adibidez, euskarazko eufemismoek ahalbidetuko digute, goian aipatu bezala, sendagilearekiko solasaldi bat artez itzultzea.

  • Guztiz bestelako adibide bat jartzearren: nola esaten da euskaraz ciudadanos de color?
  • Eta dejar mucho que desear?
  • Eta poco agraciado?
  • Egokitzat jo behar dugu medikuntzako testu-liburu batean defecar eta orinar itzultzeko kaka egin eta pixa egin itzultzea, edo inoiz sendagileen euskarazko kongresu bat egingo balitz espresio horiek erabiltzea?

Laburbilduz: euskaraz eufemismoak ere behar ditugu. Eufemismoek ere hizkuntzaren bereizmena areagotzen dute.

4.- Adberbio graduatzailea + adjektiboa

Egitura hori oso ahaltsua da adierazgarritasunaren ikuspegitik, hitz gutxirekin informazio ñabartua eta aberatsa helarazten duelako. Gure inguruko hizkuntza normalizatu guztiek badaukaten arren, ez dirudi euskaraz egitura horri harrera onik egin zaionik.

Adibideak:

  • Este vino es increíblemente bueno.
  • El examen que les han puesto me ha parecido insultantemente fácil, en comparación con el que nosotros tuvimos que hacer.
  • El candidato ha contado con un apoyo abrumadoramente mayoritario.
  • En ese país, se puede comer muy buen pescado a un precio sorprendentemente barato.
  • El candidato a la presidencia pronunció un discurso contenidamente emotivo.
  • Los cafés que sirven en esa terraza son escandalosamente caros.

Ahozko hizkeran bitxi samarra gertatzen den arren, idatzizko hizkerarako behintzat, niri ez zait baztergarria iruditzen «harrigarriki merkea», adibidez. Eta, norbait lotsagabeki aberastu bada, esateko modukoa iruditzen zait «lotsagabeki aberatsa» dela.

5.- Esanahi lausoko euskal hitzak

Jarraian zerrenda labur batean bildu ditut esanahi bat baino gehiago (eta, batzuetan, kontrajarriak) izateagatik esanahi argirik ez daukaten euskal hitzak. Euskarazko itzulpenen zorroztasunaren mesedetan, behar-beharrezkoa iruditzen zait hitz horien esanahia behingoz argitzea.

Honako hauek dira:

  • Ondorio: bi esanahirekin erabiltzen da euskaraz: «conclusión» eta «consecuencia». Begi- bistan dago bi hitz horiek ez dutela gauza bera esan nahi: «conclusión» da giza arrazoiketaren emaitza bat, eta «consecuencia», ordea, bi gertakari edo egitateren arteko kausalitate-lotura baten emaitza, berariaz bilatua nahiz bilatu gabea izan daitekeena. Horrela, ba, «txostenaren ondorioak» esatean, adibidez, zer esan nahi den argitu beharra dago. Nik proposatuko nuke «conclusión» esateko «ondorioztapen» erabil dadila, «ondorioztatu»tik eratorria baita eta, horrenbestez, berariazkotasuna iradokitzen baitu. Bestalde, «ondorio» utziko nuke «consecuencia» adierazteko.
  • Eragotzi, oztopatu: «dificultar» esan nahi dute, ala «impedir»? Ez da gauza bera. Horregatik, komenigarria litzateke gauzak behingoz argitzea.
  • Mugatu: bi esanahirekin erabiltzen da: «limitar», zeinak, oro har, prozesu baten hazkundea geraraztearekin baitauka zerikusia, eta «delimitar», nire ustez lotuagoa dagoena «bereizketa» kontzeptuarekin (adibidez, «delimitación de conceptos»). Nik «mugatu» «limitar» adierazteko erabiliko nuke, eta «delimitar» esateko, berriz, «zedarritu».
  • Burutu: behingoz argitu beharko genuke «llevar a cabo» esateko erabili ahal ote den, ala soilik «bukatu» esan nahi ote duen. Helburua da, noski, argi jakitea zer adierazi nahi den «prozesua burutu» esaten denean, adibidez.
  • Zeharkako, zeharkakotasuna: azkenaldi honetan asko erabiltzen ari da «transversal, transversalidad» adierazteko. Problema da, ordea, «zeharkako» horrek «indirecto» ere esan nahi duela. Eta, logikoa denez, funtsezkoa da ziur jakitea kasu zehatz batean zer esan nahi den hitz horrekin. Adibidea: Hezkuntza Departamentuak ba al du irakurketa sustatzeko berariazko programarik, departamentuko zerbitzu guztietan zeharka eragiten duenik? Beharrezkoa da behingoz argitzea, hau da, erabakitzea, zer esan nahi duen «zeharka» horrek: «transversalmente» ala «indirectamente». Baina baterako erabiltzen bada, ezin da bestea ere adierazteko erabili.
  • Zuzendu: Zenbait kasutan, ez da argi gelditzen hitz honekin «dirigir» ala «corregir» esan nahi den. Adibidez: «gure betebeharra da, lasaitasunetik eta jarrera dinamiko eta aktibo batetik, egungo egoera ekonomikoaren nondik norakoa zuzentzea». Ez dakigu helburua nondik norako hori aldatzea ote den, ala nondik norako horren gidaritza eskuratzea.
  • Osatu: Ez da beti argi egoten zer esan nahi den aditz honekin. Constituir? Completar? Complementar? Adibideak: «*Kontabilitate Plan orokorrak informazio ekonomiko-finantzarioa lantzean eta aurkeztean derrigorrez jarraitu behar den arau multzoa osatzen du»; «Nafarroako Gobernuak transferentzia arrunten % 25 bideratuko du berezko baliabide eskasak dituzten udalerri eta/edo kontzejuen finantzaketa osatzera*» (gaztelaniaz «complementar» esan nahi du, baina hori ez dago euskarazko esalditik ziurtasunez ondorioztatzerik).
  • Zabaldu: Abrir? Ala ampliar? Adibidez, esaldi honetan esanahia ez dago batere argi: «funtzionario eta kontratatuei laguntza hauek zabaldu behar zaizkie».
  • Bertan behera utzi, gelditu: Espresio honen gerizpean, praktikan, dena delakoak «aurrera ez egite»arekin zerikusia duen ia edozein esanahi sartu ohi da: cancelar, suspender, aplazar, invalidar, anular... Eguneroko bizitzako espresio arruntetarako erabilgarria da, baina, bere eduki lausoarengatik, nire ustez ez litzateke erabili beharko zuzenbidezko terminoak emateko, horiek oso esanahi zehatzak baitituzte: ez da gauza bera «anular» edo «suspender», adibidez.
  • Ordeztu, ordezkatu: Erabakitzeke dago, halaber (izan ere, praktikan denetatik ikusten da), «sustituir» eta «representar» kontzeptuak euskaraz nola eman behar diren. Kontzeptu ezberdinak direnez, komeni litzateke behingoz argi uztea haietako bakoitza nola adieraziko den euskaraz.

Ideia nagusia

Artikulu hau amaitzeko, adierazten saiatu naizen ideia nagusia azpimarratu nahi dut: euskarazko testugintzan aurrerapauso ugari eman diren arren, artikuluaren helburua ez da egindakoaren gaineko poza adieraztea, baizik eta oraindik ebatzi gabe dauden problemei buruzko kezka adieraztea. Problema larriak dira, euskarazko testuen ulermenari kalte egiten baitiote. Ikusi dugun bezala, problema horiek euskarazko testuen komunikagarritasunaren bi alderdi funtsezkoak ukitzen dituzte: sintaxiaren bidezko ulergarritasuna eta lexikoaren bidezko zehaztasuna.

Problema horiek gainditzeko, irizpide nagusi hau proposatzen dut: euskarazko testuen komunikagarritasuna bermatzeak dauka erabateko lehentasuna. Gainerako irizpideak aintzat hartzekoak dira, soil-soilik, testuen komunikagarritasuna mehatxatzen ez duten heinean. Bestalde, euskararen adierazpen-baliabideak areagotzen dituzten egitura eta bitartekoei ateak ireki behar zaizkie, nahiz eta orain arte erabiliak ez izan; hain zuzen ere, horrela garatu izan direlako hizkuntza normalizatuak, eta justifikatzen zaila litzatekeelako hizkuntza bati, hau da, komunikaziorako tresna bati, ukatzea bere zeregina hobeto bete ahal izateko baliabideak.