Hemen zaude:
 » 
 » 
Itzulpenak Espainian izan duen historia eratzen: molde historikoko hiztegi entziklopedikoa egitea - Francisco Lafarga (UB), Luis Pegenaute (UPF)

Inprimatu

Data: 2009ko urria

Itzulpenak Espainian izan duen historia eratzen: molde historikoko hiztegi entziklopedikoa egitea - Francisco Lafarga (UB), Luis Pegenaute (UPF)

Lan hau Kataluniako Gobernuaren TRELIT-Traducción y recepción de las literaturas ikerketa talde finkatuaren eta Hezkun-tza eta Zientzia Ministerioaren HUM2006-12972-C02-01 eta HUM2006-12972-C02-02 ikerketa proiektuen baitan egiten diren jardueren barruan egindako lana da, FEDER funtsetatik finantzatua, zati bat. Lehenbiziko bertsioa (gaztelaniaz) L. Pegenaute, J. DeCesaris, M. Triàs eta E. Bernalek argitaratuko dute, Bartzelonan. Izenburua: La traducción del futuro: mediación lingüística y cultural ene l siglo XXI. I. Bolumena: La traducción y su práctica.

Itzulpena: Pello Goikoetxea

Esan beharrik ere ez dago azkeneko urte hauetan ikerketa gai pribilegiatu bihurtu zaigula itzulpengintza Espainian. Izugarri ugaritu dira zientzialarien arteko solasaldiak, batzarrak, jardunaldiak nahiz beste topaketa mota batzuk, eta baita itzulpenaren inguruko aldizkariak eta bilduma espezializatuak, monografiak eta doktore tesiak ere. Eta, horien guztien artean, itzulpengintzaren historiak toki handia hartu du. J.C. Santoyok, konparazio baterako, 1987an argitaratu zen Traducción, traducciones, traductores: Ensayo de bibliografía españolan zioen penatxo zuela autore espainiarrik ari ez zelako itzulpengintzaren ikerketan; 1996an, berriz, aire berri batzuk ikusten zirela zioen Bibliografía de la traducción en español, catalán, castellano y vasco lanean. Egia da Latinoamerikan argitaratutako lan askoren erreferentziak ageri direla hor, baina, hala ere, ikaragarrizko lan pila da: 4.800 titulu, gutxi goiti-beheiti. Itzulpengintzari diziplina ugaritatik ekin dakiokeenez, hurbilpenak ere bariatuak dira oso. Dena dela, historiaren alderditik begiratzen diotenak dira denetan ugarienak. Hala, F. Navarrok (1996) bildutako beste errepertorio bibliografiko batean, 235 sarrera heldu dira (1985-1995 bitartekoak bakar-bakarrik) itzulpengintzaren historiaren atalean (guztien % 10 ia), nahiz eta itzulpen teoriaren sailean dauden batzuen batzuk ere sartu litezkeen. Valero Garcesek (2000) dio 1980 eta 1998 bitartean 3.000ren bat titulu argitaratu zirela Espainian (liburuak eta artikuluak) itzulpenaren inguruan, eta horietako % 24 historiarekin lotua zela. Produkzio bibliografiko horren guztiaren xedea ez da, jakina, gure herrialdean egindako itzulpenaren historia egitea, baina toki handia hartzen du eginkizun horrek. Gainera, atzerrian egindako lanak ere erantsi behar genizkioke horri, Espainiaren historia guztian itzulpengintzaren gaineko kontuekin egindako lanak. Era berean, esan dezakegu izenburuan itzulpengintzarik ageri ez arren, toki nabarmen askoa duela itzulpengintzak literatura konparatuan, espainiar literaturaren testuingurua harrera gunetzat hartzen duten lan asko eta askotan.

Edozein moduz ere, eta gai honek interesa sortu badu ere, oraindik ere falta ditugu erreferentzia obra batzuk (beste hainbeste esan liteke itzulpengintzako beste ikerketa gai batzuen gainean ere). Egia da -orain arte esaten ari garen bezala- lan asko dauzkagula -eta lan bikainak asko eta asko- gai puntual batzuen gainean (halako itzultzaile, itzulitako egile, itzulpen eta abarren gainean, eta baita aro jakin baten gainean ere), baina orain dela gutxi arte ez dugu ikuspegi osoko lanen argitalpenik izan. Beste alde batetik, ez dago ukatzerik Espainiako itzulpengintzaren historiak oso toki txikia izan duela kanpoan. Esate baterako, H. van Hoofen (1991) Histoire de la traduction en Occident lan ezagunak ez du kapitulu bat bera ere Espainiarentzat, eta 1998an artikulu bat argitaratu bazuen ere, inolaz ere ez zuen estali laurogeita hamaikako lanean utzitako hutsunerik. Espainiako itzulpengintzaren historiaren beste laburpen bat A. Pymek 1998an Routledge Encyclopedia of Translation Studiesentzat egindakoa da. Lan laburra da, halabeharrez (9 orri, bi zutabetan), eta ez du irakurle kurioso samar baten jakin-minik asetzen. Hala ere, ez dugu ahaztu behar -bidezkoa baita egiari zor zaiona aitortzea- liburu gisa argitaratu zen aurreneko lan osoa kanpoan atera zela: italieraz argitaratutako testu bat, 80 orrialdekoa, Mª del Carmen Sanchez Monterorena (1998). Dena dela, esan dezagun nahiko oharkabean pasa dela, eta ez dela asko aipatzen espainiar bibliografian. Itzulpengintzaren historiako elementuak eta Erdi Aroko eta Urrezko Mendeetako itzulpengintzaren gaineko pentsamendua konbinatzen ditu Sanchez Monterok lan horretan; beste gainetiko garaiez, ordea, itzulpenari buruzko diskurtsoaren inguruko kontsiderazio batzuk besterik ez ditu egiten. Aldiak mendez mende sailkatuta egituratuta dago lana. Bi milagarren urtean, ordea, ikuspegi osoa eskaintzen duten bi lan atera ziren, nahiz eta oso orientabide desberdinak dituzten biek: Negotiating the Frontier: Translators and Intercultures in Hispanic History, A. Pymena; eta Aproximación a una historia de la traducción en España, J. F. Ruiz Casanovarena. Aurrenekoa ibilbide bat da, autoreak Espainiako itzulpengintzaren historian eredugarri jotzen dituen hamabi alditan egiten duena, XII. mendean hasi eta gaur arte. Denbora aldetik zati batzuk besterik hartzen ez baditu ere, mende askotako tartearekin gertatu ziren fenomenoen arteko lotura batzuk egiteko modua ematen du lan horrek, eta gaur gertatzen diren gauza batzuk orain baino dezente lehenagokoak direla erakusten saiatzen da. Ruiz Casanovaren lanak, berriz, izenburu apala eta zuhurra du, baina, aitzindari izateaz gainera, badu beste meritu bat ere: ikuspegi historiko bat erakustea, itzulpengintzaren -literatur itzulpengintzaren- historia literaturaren historiarekin eta literaturan kronologikoki izan diren aldi ezagunekin lotuta (Erdi Aroa, Urrezko Mendeak, XVIII. mendea, XIX.a eta XX.a). Kapitulu guztien hasieran epigrafe bat du, «Hizkuntza eta literatura» izena duena eta testuinguru linguistiko eta literarioaren berri ematen duena, itzulpengintza beste praktika kultural bat gehiago bezala txertatzeko. Ikuspegi historiko-kronologiko hori bera du, nahiz eta planteamendua eta elementu batzuk ez diren lehengoaren berdin-berdinak, orain arteko lanik berrienak: Historia de la traducción en España. Lan hori F. Lafargak eta L. Pegenautek argitaratua da (2004), zenbait espezialistaren laguntzarekin (M. Gallego Roca, F. Lafarga, J. M. Mico, L. Pegenaute, J-C. Santoyo eta M. A. Vega gaztelaniazko kulturarako; J. Pujol, J. Solervicens, E. Gallen eta M. Ortin katalanekorako; C. Noia galegokorako; X. Mendiguren euskal kulturarako). Lan horren helburua itzulpengintzak Espainian hainbat aldi historikotan izan duen egoera erakustea da, itzulpen jardunaren gaineko erreferentziak eta indarrean diren itzulpen-jarduerei edo aldi bakoitzean gehienek onartutako jarduerei buruzko aipamenak konbinatuz. Kapitulu bakoitzak, oro har, alderdi hauek jasotzen ditu: literatur itzulpenen aniztasuna -aipamen batzuk eginez, batzuetan, literatura ez diren testuei ere-, itzulpengintzaren barruan diren eragileak (itzultzaileak, mezenas edo itzulpenaren bultzatzaileak, argitaletxeak eta abar), itzulpenen eta itzulpen pentsamenduaren arteko harremanak, itzulitako literaturaren harrera, eta itzulitako edo inportatutako literaturaren eta literatura autoktonoaren arteko lotura. Espainian hizkuntza eta kultura aldetik den dibertsitatea kontuan izanik, kapitulu espezifiko batzuk izango dira gaztelania ez beste hizkuntza (katalana, galiziera eta euskara) eta kulturen egoeren berri aparte jasotzeko. Historiagatik eta kantitateagatik, tarte handiagoa du gaztelaniazko itzulpengintzak, eta, alde horretatik, hainbat ataletan zatituta dago.

Itzulpengintzaren ikuspegi historikoa egin eta gero, aurren-aurreneko lanetako bat itzultzaileen izaera eta lana zehatzago azaltzea da, eta kultura unibertsaleko egile eta obra handien itzulpena eta harrera. Eta helburu horixe du, hain zuzen ere, Diccionario histórico de la traducción en Españak: orain arte barreiatuta, osatu gabe eta modu askotara zegoen informazioa biltzea. Lana -laster argitaratuko du Gredos etxeak- bi ardatz handiren inguruan egituratuta dago. Alde batetik, kultura hartzailea izango da (gaztelania bakarrik ez; Estatuko gainetiko hiru hizkuntzak ere bai). Ardatz hori, Espainiako itzultzaile esanguratsuen zerrenda batek osatuko du -itzultzailearen lanaren kalitateari, garrantzia historikoari edo itzultzailearen izaeraren indarrari begiratuta esanguratsuak direnak (esate beterako, idazle, politikari edo intelektual gisa inportanteak izan direnak; itzulpengintzaren sailetik kanpora ere nabarmendu diren pertsonak, alegia)- , eta baita itzulpengintzan bitartekari izan diren beste pertsona edo entitate batzuek (editoreak, argitaletxeak, itzulpen bildumak edo sailak, itzulpengintzarekin lotutako erakundeak, itzulpen sariak...) eta itzulpenaren teorialari nahiz kritikoek ere. Eta, beste aldetik, kultura igorleak izango dira. Hor, literatura unibertsaleko egile eta obra handiak izango dira, eta kultura hartzailean tokirik handiena izan duten kultur arloak.

Hiztegi entziklopediko handien moldean eratutako lan honek atzerriko itzultzaileak bezala egileak ere bildu nahi ditu, alfabetoaren hurrenkeran antolatuta. Sarrerarik gehienak antroponimoak badira ere, literatura nazional nagusienen gaineko sarrera orokor batzuk ere izango dira (Italiakoa edo Poloniakoa, konparazio baterako), katalanetik, galizieratik eta euskaratik (hurrenez hurren) gaztelaniara egindakoak eta baita edozein hizkuntzatatik (baita gaztelaniatik ere) katalanera, galizierara eta euskarara egindako itzulpenak ere, literaturaz kanpoko sarrera batzuez gainera. Liburua prestatzeak planifikazio eta antolaketa lan ikaragarria ekarri du; izan ere, liburuak izango dituen 850 sarrerak 400en bat erredaktoreren artean eginak dira. Erredaktore horiek denak ospe handiko espezialisten artean eratutako aholku batzorde batek koordinatu ditu, eta hark egin du, hala berean, sarreren katalogoa, sarrera horiek egiteko egokienak jo dituen erredaktoreekin bat egiteko lana eta gainbegiratze lana ere. Bereziki zaila izan da alor bakoitzari zer toki zegokion izendatzea, garrantzia erlatiboaren arabera, eta sarrera bakoitzari zegokiona, irizpide horren arabera. Atzerriko egileen sarrerei dagokionez, oso kontuan izan behar dugu lan honetan izan duten tokia neurtzeko irizpidea -are Hiztegian sartzeko modukoak izatea edo ez izatea ere- testuinguru hartzailean izandako eragina edo garrantzia izan dela, eta ez haien literaturan edo literatura unibertsalean izandakoa.

Kultura eta hizkuntza igorleen atala honela eratu dugu: greziar literatura (Javier Martinez Garciak koordinatu du), latindar literatura (Jose Luis Vidalek), hizkuntza semitikoak (Salvador Peñak), Ekialde Urruna (Albert Galvanyk), frantsesera (Angels Santak), italiar literatura (Mª de las Nieves Muñizek), portugesa (Elena Losadak), ingelesera (Julio-Cesar Santoyok), alemanera (Miguel Angel Vegak), herrialde eskandinaviarrak (Enrique Bernardezek) eta eslaviarrak (Fernando Presak). Alor horretan hiru eratako sarrerak izango dira: espainiar kulturaren historian eragin berezia izan duten atzerriko kultur eremuen gaineko sarrera orokorrak, literatura eta pentsamendu unibertsalean izan diren egile handien gaineko sarrerak eta garrantzia berezia duten obra anonimoak (Biblia, Korana). Kultur eremuen gaineko sarreretan ikuspegi panoramikoa dator, denboraren arabera aurkeztuta, eta ahalegina egin dugu Hiztegian ahots propiorik ez duten egileei boza ematen, ahalik eta hiztegirik osatuena izan dadin. Eremu hauek aukeratu ditugu: greziera klasikoa, greziera modernoa, latina, arabiera, hebreera, txinera, japoniera, indiera zaharra, frantsesa, frankofonia europarra, frankofonia amerikarra, frankofonia afrikarra, italiera, portugesa, brasilera, portuges hizkuntzako afrikarra, ingelesera, ingeles hizkuntzako kanadarra, ingeles hizkuntzako afrikarra, ingeles hizkuntzako indiera, australiarra eta Zeelanda Berritarra, alemana, Austriako alemana, nederlandera, suediera, daniera, norvegiera, poloniera, errusiera, txekiera eta eslovakiera, bulgariera, serbokroaziera, hungariera, errumaniera, albaniera, katalana -> gaztelania, euskara -> gaztelania, galiziera -> gaztelania, hainbat hizkuntza -> katalana, hainbat hizkuntza -> euskara eta hainbat hizkuntza -> galiziera.

Itzulitako egileen gaineko sarreretan, itzulitako egilearen biografia txiki bat dator aurrena, irteerako kulturan duen tokia nabarmenduz; eta gero, zer lan itzuli dioten eta esanguratsua izan daitekeen lanen baten azterketa txiki bat. Egileak testuinguru jasotzailean izan duen harrera ere aipatzen da (kritikak, beste idazle batzuengan izandako eragina eta abar). Lan anonimoen sarreretan, azkenik, jatorriko testuinguruan izan duen tokia nabarmentzen da, eta haien itzulpenak aztertzen dira (bertsioen deskribapen zehatza ematen da, jatorriko lanarekiko harremana, eragin dituen kritikak, eragin badu, eta, oro har, dena delako lanak testuinguru jasotzailean izan duen eragina).

Eremu jasotzailea, berriz, honela antolatu dugu: Espainiako Erdi Aroa (koordinatzailea: Carlos Alvar), Urrezko Mendeak (Josep Maria Mico), XVIII. mendea (Maria Jesus Garcia Garrosa), XIX. mendea (Luis Federico Diaz Larios), XX. mendea (Miguel Gallego Roca), katalana (Enric Gallen), galiziera (Camino Noia) eta euskara (Karlos del Olmo). Atal horretan ere hiru eratako sarrerak ditugu: itzultzaileak, itzulpen eragile eta bitartekariak eta, azkenik, literaturaz kanpoko itzulpen motak. Itzultzaileen gaineko sarrerak erabakitzeko erabili den irizpidea da lanaren kalitatea, garrantzia historikoa edo itzultzailearen izaeraren indarra (esate beterako, idazle, politikari edo intelektual gisa inportanteak izatea; itzulpengintzaren sailetik kanpora ere nabarmendu diren pertsonak izatea, alegia). Sarrera bakoitzean, berriz, izango duguna da itzultzailearen biografia labur bat; itzultzaile gisa egiten duen jardueraren forma eta edukia, bere garaiko itzulpengintzaren egoerarekin, idazle original gisa (hala bada) duen jarduerarekin, bere garaiko itzulpengintzaren gaineko ideiekin eta abarrekin lotuta; bere itzulpenen gaineko informazio bibliografikoa (batzu-batzuk zehatz eta mehatz deskribatuta, hala badagokio), eragindako kritiken aipamena eta abar; eta bigarren mailako iturrien aipamena eta dagokion bibliografia kritikoa. Bestetik, itzulpen eragileen eta bitartekarien gaineko sarreretan, editoreak, argitaletxeak, itzulpen bildumak edo sailak, itzulpengintzarekin lotutako erakundeak, itzulpen sariak eta itzulpenaren teorialariak, kritikoak eta ikerlariak izango ditugu. Azkenik, literaturaz kanpoko itzulpen motetan, honako hauek izango ditugu: zientzia eta teknikaren itzulpena, ekonomiaren itzulpena, zinpeko itzulpena, informatikako testuen itzulpena, itzulpena eta hizkuntzen irakaskuntza, itzultzaileen prestakuntza, itzulpenaren gaineko ikerketa, itzulpenerako laguntzak eta sariak, itzulpena eta argitalpen merkatua, itzulpenaren profesionalizazioa, interpretazioa.

Guk dakigula, ez da hiztegi entziklopediko hau bezalako besterik, nahiz eta badiren antzeko batzuk. Denetan antzik handiena duena Encyclopedia of Literary Translation into English da, Olive Classek (2000) argitaratua. Alfabetoaren ordenaren arabera aurkezten du errepertorioa hark ere, baina bi gauza hauengatik behintzat bereizten da: bat da kontzeptu teorikoen gaineko sarrerak izatea (eta horiek ez dira ingeleserako itzulpenaren barrutikoak bakarrik), eta, bestea, jatorrizkoaren alderantz begira izatea (egile atzerritarrak sartzea, alegia, eta ez itzultzaileak). P. Francek (2000) argitaratutako The Oxford Guide to Literature in English Translationen, berriz, «Teoria eta historia» izeneko lehen zati bat dugu, hiru ataletan banatua: alderdi teorikoak, bilakaera historikoa eta testu motak (nahiz eta egokiagoa litzatekeen generoak esatea, zeren testu literarioak baitira denak). Atal bakoitzak epigrafe batzuk ditu, bakoitza egile batek sinatua. Lehen zati hori, edukiari eta antolaketari begiratuz gero behintzat, monografia kolektibo bat izan zitekeen, literatur itzulpenaren gainekoa, oro har, eta ingeleserako literatur itzulpenaren historiaren gainekoa. Liburuaren bigarren zatia «literatura itzulia»ri buruzkoa da. Hamasei atal ditu, hizkuntzaren arabera bilduak (eta beste bat gehiago Bibliaren itzulpenaren gainekoa). Beraz, ez dago hiztegi entziklopedikotzat jotzerik. Gure hiztegiaren asmoa, berriz, kontsultarako tresna bat eskaintzea da, atzerriko egileen harrerari nahiz harrera hori gauzatu duten itzultzaileei buruzko informazio bateratua aurkeztuko duena. Batzuk eta besteak, hau da, igorleen eta hartzaileen guneetatik heldu diren ahotsak, elkarrekin konbinatuta aurkezteak kontsultarako moduko lan bat egiteko bidea ematen digu, gure literaturetan atzerriko eraginen eta iturrien arrastoa ateratzen aritzen diren konparatzaile guztientzako interesgarria izatea espero dugun lana (Bi kontzeptu horien arteko bereizketa klasikoa jakin nahi izanez gero, ikus bedi, adibidez, Soullier y Trubetzkoy (1997). Eraginen arrastoak igorleetatik jasotzaileengana eramaten gaitu. Iturrien arrastoak, berriz, beste aldera). Jakina, baldin eta literatura nazional bat -balio beza kontzeptu horrek orain, dituen muga metodologikoak goiti-beheiti- inolaz ere ez dagoela atzerriko beste literatur tradizio batzuekin lotzen duten espazio eta denboratik aparte ulertzerik jotzen badugu, gaztelania, katalan, galiziera eta euskarazko literatura ikertzen dutenei ere lagunduko diela pentsatu beharko dugu.



Bibliografia

Classe, O. (arg.) (2000). Encyclopedia of Literary Translation into English. Michigan_ Fitzborn Dearborn Publishers. 2 liburuki

France, P. (arg.) (2000). The Oxford Guide to Literature in English Translation. Oxford: Oxford University Press.

Hoof, H. van (1991). Histoire de la traduction en Occident. Paris: Duculot.

Hoof, H. van (1998). «Esquisse pour une histoire de la traduction en Espagne». Hieronymus Complutensis 6-7. 9-23.

Lafarga, F. y L. Pegenaute (argk.) (2004). Historia de la traducción en España. Salamanca: Ambos Mundos.

Navarro Domínguez, F. (1996). Manual de bibliografía española de traducción e interpretación. Alacant: Universidad de Alicante.

Pym, A. (1998). «Spanish Tradition». En M. Baker (arg.). Routledge Encyclopedia of Translation Studies. London: Routledge. 552a-563a.

Pym, A. (2000). Negotiating the Frontier. Translators and Intercultures in Hispanic History. Manchester: St. Jerome.

Ruiz Casanova, J.F. (2000). Aproximación a una historia de la traducción en España. Madril: Cátedra.

Sánchez Montero, Mª del C. (1998). Lineamenti di storia della traduzione in Spagna. Trieste: SSLMIT-Università degli Studi di Trieste.

Santoyo Mediavilla, J-C. (1987). Traducción, traducciones, traductores. Ensayo de bibliografía española. Leon: Universidad de León.

Santoyo Mediavilla, J-C. (1996). Bibliografía de la traducción en español, catalán, gallego y vasco. Leon: Universidad de Léon.

Soullier, D. y W. Trubetzkoy (zuzk.) (1997). Littérature comparée. Paris: Presses Universitaires de France.

Valero Garcés, C. (2000). «Translating as an Academic and Professional Activity». Meta 45 (2). 379-383.