Hemen zaude:
 » 
 » 
Interpretazioa: Nora goaz, norantz joan nahi dugu? - Joseba Urkia

Inprimatu

Data: 2009ko urria

Interpretazioa: Nora goaz, norantz joan nahi dugu? - Joseba Urkia

Sarrera

2008ko apirilean argitaratu genuen Interpretearen Eskuliburua izeneko lana, eta liburu hura aitzakia harturik, liburuaren eta azken urteotako interprete-esperientziaren berri emateko eskatu didate, argitaratu zenetik dagoeneko urtebete baino gehiago igaro denean. Kontua da han esandakoak berriz hemen errepikatzeak seguru asko ez duela zentzu gehiegirik, eta, bestalde, liburua, neurri handi batean, gure esperientzia ere bazen; ezin, beraz, erabat bereizi liburua eta gure esperientzia. Saiatuko naiz, dena den, han 166 orrialdetan jasotakoak hona labur ekartzen, baina oraingoan, azken aldiko azterlan gehienetan ia derrigorrezkoa dirudien metodologia nolabait baliaturik, ikusten ditudan ahuleziak eta indarguneak azpimarratzen saiatuko naiz, liburuan luze samar landutako beste atal batzuei gehiegi erreparatu gabe.

Nondik nora joko dudan argitzeko, ondorengo eskemari lotzen ahaleginduko naiz: hasteko, gure ibilbidea laburbilduko dut; ondoren, liburuaren atal nagusien laburpena egingo dut; ikusten ditudan gauza onak azpimarratuko ditut gero, eta, azkenik, arazoez mintzatuko naiz, ez baitira gutxi. Ea ondorioetarako tarte bat ere geratzen den!

Ibilbidea

1980ko hamarkadaren hasierako urteetara joan behar dugu IVAPeko Itzultzaile Zerbitzuaren lehen interpretazio-lanen berri izateko, eta testuinguru orokorra badakigu zein zen: ordura arte antzua izan zen administrazioa euskaraz, antzua edo mutua, baina gizartean gertatzen ari ziren aldaketa nagusiek bultzaturik, eta gobernu-erakundeak sendotzen zihoazen heinean, euskaraz hitz egin nahi zuten herritarrei hala egiteko eskubidea aitortzea eta eskubide hori gauzatu ahal izatea gero eta leku handiagoa hartzen hasi zen. Zer esan nahi zuen gauzatze horrek? Administrazioarekiko harremanak euskaraz bideratu nahi zituztenek hala egiteko benetako aukera izan behar zutela, eta horren erakusgarri nagusiak legebiltzarretako mintzaldiak eta gobernuetako zenbait bilera izan ziren. Euskaraz hitz egiten hasi ziren batzuk, eta nahiz eta gutxi izan, euskara ulertzen ez zutenek esaten zenaren berri izateko interpreteengana jo beharra zegoen. Ez zen kontu berria hori munduan, baina Euskal Herrian ordura arte gobernu-erakundeetan badakigu hizkuntza bakarra izan zela jaun eta jabe (aurrerago ikusiko dugunez, oraindik ere egoerak berdintsu jarraitzen du, praktikan). Beraz, orduan hasi ziren lehen interpretazio- saioak legebiltzarretan, gobernuan eta epaitegi batzuetan.

Eusko Jaurlaritzaren barruan Itzultzaile Zerbitzuari egokitu zitzaion itzulpengintzarekin eta interpretazioarekin zerikusia zuten eginkizunak bideratzea, eta hala, interpretazio-lanetan bi-hiru lagun ibili izan gara, sortzen ziren premiei erantzuten. Nagusiki Jaurlaritzan egin izan dugu lan (bertako sail guztientzat), baina baita Euskal Herriko eta kanpoko epaitegietan (hala eskatu digutenetan), zenbait udaletan (nahiz eta orain utzirik dugun, asko izanik, ezin baikenien denen eskaerei erantzun), eta enpresa eta sindikatuek eskatuta ere bai.

Beraz, toki askotan eta era askotako bilera, kongresu, jardunaldi eta epaiketetan egoteko modua izan dugu, eta horrek ikuspegi zabala izateko aukera eskaini digu. Horrek bultzatu gintuen, hain zuzen ere, liburua idaztera, ustez urte askotako esperientziaz gainera, egoeraren ikuspegi orokor samarra ere bagenuelako. Bestalde, iruditu zitzaigun euskarak gizartean zuen egoerak eta hizkuntzak berak dituen ezaugarri tipologikoek eskaintzen zutela nahikoa arrazoi buruan bueltaka genituen susmo eta kezka guztiak papereratzeko; eta hala egin genuen.

Zein ziren, baina, kezka eta zalantza horiek? Oso labur esanda, zerbait ondo egiten ari ez garen susmoa («garen» horren subjektua nor den, gu horrek nor ordezkatzen duen, aurreraxeago azaltzen saiatuko naiz). Azken batean, atondu ditugu kabinak, interpreteak barruan egoten gara, nahi duenak eskura du aukera, ez diogu inori euskaraz egiteko oztoporik jartzen, eta beraz, egin beharrekoak eginda daude; etxeko lanak bukatuta. Ez al zen, bada, hori nahi genuena?

Ikusi dugunez, itzultzaile-zerbitzua sortua zegoen, interpreteok lanean ari ginen hainbat urtez, eta liburua idaztea erabaki genuen. Zertaz?

Liburuaren atalen laburpena

Sarreran esan dudanez, kontua ez da liburuan idatzitakoak berriz hona ekartzea, baina berri ez duenak ideia orokor bat behintzat izan dezan, honela laburbilduko nuke: deskriptiboa da neurri handi batean, eta interpretazioari buruzko era horretako eskuliburu batean jaso beharreko datuak eta informazioa bilduta daudela esango nuke: dela gaur egunera arte batez ere administrazioan egindakoaren berri; zer-nolako interpretazio-motak dauden, eta bakoitzak noiz eta zertarako balio duen; inguruan ditugun lan-hizkuntzen tipologiak zer nolako arazoak sortzen dituen, euskara tarteko dela (gai horrek liburu osoa beharko luke, sakon aztertuz gero); interpreteak interpretatzeko zer nolako prozesu mentala egin behar duen; hizlariek zelako diskurtsoak sortzen dituzten, eta bakoitzak zein arazo eragiten dizkigun; prestakuntzak izan beharreko ezaugarri nagusiak eta landu beharreko arloak; eta kabinari eta bestelako kontu orokor batzuei buruzko azalpenak.

Esan bezala, atal horiek guztiak deskriptiboak dira, eta liburuan leku gehien hartzen dutenak; gaiari buruzko eskuliburu batean, gainera, derrigor agertu behar dutenak direla esango nuke. Dena den, liburuaren bukaeran zenbait urtetako esperientziari esker kabinan ikusitako edo gertatutako hainbat egoeraren gaineko azalpenak ageri dira, deskriptiboak baino, iritzia ematen duten lerroak; eta nire ustez, neurri handi batean garrantzitsuenak horiek dira, gainera. Artikulu honetan azken horiek azpimarratzen saiatuko naiz, liburuan deskripzioak hartu zuelako leku zabalena, eta hemen, berriz, indargune eta ahulezia batzuen berri sakonago ematea iruditzen baitzait egokiago. Dena den, hemen jasotakoak ez dira liburuan jasotakoaren laburpena. Errepikatzen diren ideiak bai, agian, baina beste modu batean azalduta.

Egoeraren berri emateko lagungarria denez, nik ere indarguneak eta ahuleziak aipatzea erabaki dut, zertan garen ikusteko lagungarria gertatzen denez banaketa hori. Esan beharra daukat, dena den, ideien hurrenkerak ez duela, nahitaez, gaiaren garrantziarekin zerikusirik.

Indarguneak

Euskara eta gaztelania arteko interprete-lanaz ari garela, ondo zer ikusten dudan galdetuko balidate, kontu hauek behintzat aipatuko nituzke, ofizioa eta ofiziokideak orokorrean mintzagai ditudala:

Kalitatea

Hasteko, orokorrean kalitatez lan egiteko moduan garela esango nuke. Leku askotan eta era askotako gaiak mintzagai direla lan egitea egokitzen zaigu, baina baldintzak estandarrak badira, lanaren kalitate estandarra eskaintzeko moduan gaudela esango nuke. Hau da, informazioa aldez aurretik lortu, gaiak landu eta soinuaren kalitatea ona bada eta hizlaria hizlari, interpreteak lana ondo egiten du, gehienetan. Inkesta batzuk egin izan dizkiegu gure bezeroei, eta emaitzak, oro har, onak edo oso onak dira; sistemak funtzionatzen duela erakusten du, eta alde horretatik nik ez dut oztoporik ikusten. Askotan zalantzak izaten ditugu (zer pentsatzen ote du bezeroak?, zein ote da duen pertzepzioa?), baina esan bezala, inolako konpromisorik gabe eta isilpekotasuna gordez egindako inkestek emaitza onak erakutsi izan dituzte.

Gainera, eta kalitateaz zerikusia duen beste kontu bati helduz, erakunde nagusiak behintzat dagoeneko jabetu dira interprete aritzeko gaitasun berezia behar dela, eta beraz, hori neurtzeko ere froga berezituak egin behar direla, eta ez dela nahikoa itzultzaileari kabinan sartzeko eskatu eta kito. Galbahea jarrita dago gehienetan, eta azterketa bateko 10-15 minutuko bi ariketa erabateko bermea ez izan arren, lastoa eta alea bereizteko behintzat balio dute, eta asko da hori, gutxieneko baldintzak betetzen dituenak beti izango duelako hobetzeko modua. Hori hala izanik, azken urteetan itzultzaile eta interpreteak aukeratu beharra izan duten udal askotan interpretazio-probak egin izan dituzte, itzulpengintzakoekin batera, eta horregatik diot gauzak gero eta hobeto egiteko moduan gaudela. Gaur egun arraroa dirudien arren, askotan ez dira beharrezko probak egin izan pertsona egokienak aukeratzeko.

Sinesgarritasuna

Enpresa eta erakunde batzuk hizkuntzaren funtzio komunikatiboa erabat present dutela ari dira lanean, hau da, interpretea eskatzen badute, euskaraz hitz egin nahi dutelako eta egingo dutelako eskatzen dute; interpretearen premia dute, norbaitek euskaraz hitz egingo duelako eta entzuleetakoren batek edo batzuek ez dutelako ulertuko. Aldez aurretik dakite hori, eta badakite zein den irtenbidea. Mintzaldi osoa, hainbat ordutako lana izan daiteke euskaraz, eta horrek interpreteari puntu-puntuan egon beharra eskatzen dio. Ustez garbi dago zer esan nahi dudan, baina badaezpada: ez da gauza bera jardunaldiko hizlari guztiak gaztelaniaz mintzatuko direla jakin arren interpretea eskatzea (zer gerta ere, entzuleetakoren batek ezer euskaraz galdetuko balu, badaezpada), edo 2-3 orduz euskaraz hitz egitea aurreikusten den bilera edo jardunaldi batera joatea. Azken horietan entzule elebakarrek badakite kaskoak erabili beharko dituztela, eta kaskoetatik entzundakoaz bilerako eduki guztiez jabetzeko modua izango dutela, hau da, ez da egonezina sortzen duen egoera.

Mintzagaien aniztasuna

Askorentzat euskara euskarari buruzko kontuez hitz egiteko baino ez da, oraindik ere. Bada, guri dagoeneko gertatu zaigu ingeniari batzuk automozioko proiektu batzuei buruz euskaraz hitz egiten entzutea, txukun; eta ez hori bakarrik: ingeniari horietako bat gai berari buruz gaztelaniazko azalpenak ematen entzun, eta gure irudiko, euskaraz etorria joriagoa zuen, erosoagoa. Ez gaude ohituta, baina baliabideak jarriz gero, uste baino sorpresa handiagoak izango genituzke. Eta egoera horiek ohitura berriak hedatzea dakarte: enpresa batek automozioari buruzko mintegia antolatu, eta komunikazioa arazorik gabe bideratzen bada euskaraz, hurrengoan ere hala egin nahi izango du.

Azpiegiturak eskura

Orain dela urte batzuk ez zen hain erraza aldibereko interpretazioa egiteko kabinak edozein lekutan aurkitzea. Guk ere hasieran esan osteko interpretazio-lana egin behar izan genuen, gela batzuetan kabinarik ez zegoelako, baina gaur egun bilera-gune asko eta asko daude kabinekin egokituta, eta halakorik ezean, kabina «eramangarriak» ia edonon jar daitezke, beharrezko espazioa oso txikia delako (trasteleku batean egotea ere egokitu zaigu, erratzak, garbikariak eta gainerakoak alboan genituela).

Bestalde, eta bilerako kideak hainbeste ez badira, kabinak jarri gabe ere molda gaitezke gaur egun, bileran bertan hargailu berezi batzuk jarrita; ez zaigu irtenbide egokiena iruditzen, baina teknologiak era askotako irtenbideak eskaintzen ditu, nahi izanez gero behitzat derrigor gaztelaniaz hitz egin beharrik izan ez dadin.

Horrekin batera, eta justizian esan osteko teknika nagusi dela kontuan izanda, entzun osteko aldiberekoaren teknika ere irtenbide aparta da, kabinak baliatu nahi ez badira edo horiekiko errezeloa baldin badu epaiketako alderdietakoren batek. Grabagailu on bat baino ez da behar, eta gaur egun horretan ere kalitatea asko hobetu da. Epaitegietako interpreteekin egindako proba batean ikusi ahal izan genuenez, esaten den guztia eta esaten dena baino ez itzultzeko aukera aparta eskaintzen du sistema horrek, eta gure ustez merezi du erabiltzen dena baino sarriago baliatzea.

Azken batean, esan nahi dudana da gaur egun azpiegitura nekez dela aitzakia dena delako jardunaldi edo bileran euskaraz hitz egiterik ez izateko. Horren lekuko, aurten bertan hezkuntza arloko proiektu batzuei buruz emandako azalpenetan gormutuentzako interpreteekin aritu izana, guk euskaratik gaztelaniara interpretatzen genuena kaskoetatik entzun eta, dituzten zeinuen bidez, 2-3 entzule gorrentzat «berrinterpretatzen» aritu baitzen gormutuen interpretea, inolako arazorik gabe.

Prestakuntza

Zenbait urtetan hutsune handia egon da alor horretan, itzulpengintza eta interpretazioko ikasketarik ez zegoelako Euskal Herrian, eta kanpoan ikasiz gero, euskara ez zelako fakultate horietan ikasketa-hizkuntza. Orain neurri handi batean konpondu da arazo hori Gasteizko Fakultateko ikasketei esker, baina lanean jarraitu beharko da euskara eta gaztelania A eta B hizkuntzatzat hartzeko aukera egon dadin; azken batean, gaztelania ez den dena delako hizkuntzatik euskarara edo euskaratik dena delako horietako batera itzultzen trebatzea garrantzitsua da, baina guri euskara/gaztelania parea interesatzen zaigu gehien, eta hori, gaur-gaurkoz, ez dago behar bezala bermaturik.

Horrekin batera, udaletan eta beste erakunde batzuetan interprete-lana egiten dihardutenentzako prestakuntza-ikastaro bat ere izan zen iaz, eta oro har, parte hartu zutenek ikastaroari buruzko iritzi ona eman dute. Ikusten denez, premia dagoela sumatuz gero, bada nahikoa azpiegitura eta gaitasun eskaini beharreko prestakuntza eskaintzeko, hobetu beharrekoak hobetuta (irakasleen arteko koordinazioa, ordutegiak...).

Esan ostekoa gero eta gutxiago

Esan ostekoa gero eta gutxiago erabiltzea indarguneen artean sartzen ausartuko nintzateke. Zalantzarik gabe, aldibereko interpretazioa zehatzagoa eta erosoagoa da, eta denei enbarazu gutxiago eragiten die. Nolabait esan, besterik ez zegoen artean erabiltzen zen teknika izan da, baina aukeran, aldiberekoa askoz teknika egokiagoa dela esango nuke: hizlariarentzat, hizketaldia eten beharrik ez daukalako; entzulearentzat, diskurtsoa era jarraituan entzungo duelako (eta premia duenak bakarrik, ez denek derrigor); eta interpretearentzat ere bai, bi tekniketan gaitu ostean, gehienok aldi berean nahiago izaten dugulako. Ez da ahaztu behar ondo egitekotan zailagoa dela esan osteko teknika, bestela dirudien arren.

Zerbitzua eskaintzeko borondatea

Indarguneen artean sartuko nuke erakunde eta enpresa askok onartuta izatea jardunaldi, kongresu, biltzar edo jendaurreko dena delako ekitaldia antolatuz gero, interpreteak ekarri beharra dagoela, baina bistan da arriskua ere nabarmena dela. Azken batean, mahaitik bestelako ahaleginik egiten ez bada, ezer gutxirako balioko baitu horrek. Ahuleziez hitz egitean helduko diogu gaiari behar bezala, baina oraingoz esan dezadan bi hizkuntza behintzat baditugula aitortzea dakarrela horrek, eta batzuetan aitormen hori ez da gutxi. Gero, jakina, ikusi egin behar hortik aurrera zer eta nola egin. Batzuk oraindik jabetu ere ez dira egin, eta euskara existituko ez balitz bezala dihardute. Berriz ere diot, itxurakeria arazo larria da, baina horri hurrengo atalean helduko diot.

Ahuleziak

Aurreko puntuan indarguneak aipatu ditut, eta ez dakit asko edo gutxi diren azaldutakoak, baina beti da errazagoa gauza onei buruz hitz egitea, txarrei buruz aritzea baino. Dena den, zerrenda egiten hasi, eta ahuleziak indarguneak baino gehiago direla ikusi dut. Liburua idazten hastean ere, iruditu zitzaigun arazoak bazirela, eta merezi zuela horiei buruz aritzea, urte asko generamatzalako nolabaiteko geldialdi edo ez aurrera ez atzerako egoera batean. Gainera, ahulezia edo arazo hauek, gaur egun hainbeste erabiltzen diren beste hitz batzuk baliatuz, kontu kualitatiboak dira, ez kuantitatiboak, eta moda-modako beste hitz bati helduz, adierazleek (gaur egun ez gara ezer adierazlerik gabe!!) nekez neurtzen dituzte gai kualitatiboak. Ezin, beraz, adierazleon bidez arazoak azaleratu, bestelako neurgailu batzuk erabili ezean.

Esanak esan, has gaitezen zenbait kontu aletzen, burura etorri ahala:

Interpretazio-politika

Ba al dugu interpretazio-politikarik? (itzulpen-politika jartzekotan egon naiz, baina hobe gaiari zehatz-mehatz heltzea, zabalegi galtzeko arriskuari ihes eginda). Ezetz esango nuke. Hara kontua, labur: eskatuz gero, interprete joaten gara, eta gustura gainera, dela administrazio publikoa eskatu duena edo enpresa pribatu bat, baina hortik aurrera (saioari buruzko datu nabarmenenak jaso ostean), ez dugu gauza gehiegi egiten. Prezio publiko batzuk jarrita ditugu, irizpide batzuk ere bai lagun bakarra edo bi joan jakiteko, eskabidea bideratzeko eta informazioa jasotzeko bideak ere zehazturik daude, baina aurrerakorik ez. Eta zein dira «aurrerakoak»? Zenbait adibide jartzen saiatuko naiz: Jaurlaritzara mugatuta, oraindik ez gara gauza izan sail guztiei jakinarazteko gure zerbitzuez baliatzeko aukera dutela, eta hor gaudela behar duten bilera guztietan interprete-lana egiteko (nahiz eta web-orriak eta zerbitzuen berri ematen duten dekretuak egon). Azken batean, batzuek hasiera hasieratik ezagutzen gaituzte (seguru asko premia handiena dutenek) eta guregana jotzen dute, baina adibide bat jartzearren, zergatik ez du Nekazaritza Sailak gugana jo, premia izan duenetan? Edo izaten al du premiarik? Eta Osakidetzan? Ez daukagu informazio hori, eskatzeko lanik hartu ez dugulako, eskatu beharrik ote genuen pentsatu ere egin ez dugulako. Euskararen erabilera-planak (gobernu barrukoak edo beste erakunde edo enpresa batzuetarakoak) abiarazten direnean hitz egiten al da interpretazioak eskaintzen dituen aukerez? Hizkuntza-politikak zer esaten du hortaz? Esaten al du ezer? Ez dakigu nola bideratzen diren kontu horiek, horretaz arduratzea ez dugulako gure eginkizuntzat hartu. Kabinako lana da gurea... kabinakoa bakarrik? Nolabait esan, eskatu ezean, ez dugu eskaintzen, eta susmoa dugu ez direla behar beste baliatzen dauden aukerak. Neurri batean hizkuntza-politikari lotuago direla iritzita, ez gara arduratu, baina aldi berean, kabina, liburuan diogun bezala, talaia paregabea da zer gertatzen ari den oso ondo ikusi ahal izateko.

Gogoeta falta dela iruditzen zaigu: zertarako gaude?, zer egiten dugu eta zer egin beharko genuke? norantz jo behar da? ondo al goaz? zein dira arazoak eta nondik etor daitezke konponbideak?... Hurrengo puntuetan agertuko dira orain aipatzen ari naizen arazoetako batzuk, baina labur esanda, honela adieraziko nuke: badirudi gure lana kabinara joanda hasi eta amaitzen dela, eta hori ez da horrela, edo ez luke izan behar.

Eredu beharko luketenen nasaikeria / axolagabekeria?

Gobernuko sail, sailburuordetza, zuzendaritza guztiak gobernua dira, eta nolabait esan batasun bat dute, baina denek ez dute erantzukizun bera hizkuntza-kontuez ari garela. Beste horrenbeste enpresekin ere; ez da gauza bera Jundizekoa izan, edo kooperatiben muinekoa izan; bistan denez, jarrerak eta ahaleginak erabat ezberdinak izango dira batzar nagusi batean euskara erabili edo ez erabakitzeko orduan. Bada, guri gertatu izan zaigu Kulturaren Euskal Kontseilura joan, euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko propio sorturiko erakundera, eta gure kultur arloko agintari gorenen euskararekiko jarreraz harrituta geratzea, are gehiago interprete bi kabinan beste egitekorik gabe zain egoten garela kontuan izanda. Badirudi euskaraz naturaltasun gutxieneko batean aritzea ezinezkoa dela entzuleen artean gaztelaniadun elebakarren bat baldin badago; horko euskara eta gaztelania segidan eta nahas-mahasean erabili beharra, inor mindu ez dadin. Sarritan, gauza bat esan euskaraz, eta gaztelaniaz berriro errepikatzen, gu kabinan zer egin ez dakigula, eta gero eta gutxiago suminduta, ohitzearen ondorioz. Ez da ikusten euskarak beste eremu batzuk bere egin beharra duenik, baina bere egin nolabaiteko naturaltasunez, ez gaztelaniazko itsulaguna alboan duela. Eta hala gertatzen bada kulturarekin zerikusia duten esparruetan, zer eskatuko diegu guk lurraldearen antolamenduko arduradunei? (nahikoa egingo dute dena delako bilerako gai-zerrendako gaia zein den euskaraz irakurrita; hortik aurrera, badakigu zer datorren, eta kaskoak hartu ere ez dituzte egiten bilerakideek); zer eskatuko diogu Emakunderen zuzendariari? Beste berdintasun baten bila dabiltza emakumeok, eta zeharlerrokotasuna beste gai batzuetan ikusten dute aplikagarri, ez hizkuntza-kontuetan (aukera hala egokituta, bidali nien eskutitz ustez ondo arrazoitua, jardunaldi batzuetako egoera gehiegizkoa iruditu zitzaidala esateko, aukera paregabea galdu zutela adierazteko... gutun polita zela esan zidaten, besterik ez).

Eta gorago lurraldearen antolamendua aipatu dugunez, garbi dago pertsona bakar baten ahalegina ez dela nahikoa, nahiz eta sailburua izan, bilera bateko hizkuntza-oreka bermatzen saiatzeko, ahaleginak ahalegin.

Esandako egoera hori ikusita, zer egin behar dugu guk, kabinan gaudenok? Ba al dugu ezer egiterik? Ba al gara nor kafea hartzeko tartean kultura sailburuarengana hurbildu eta euskara eta gaztelania era horretan, nahas-mahas, erabiltzearen atzean zer erabaki arraio dagoen galdetzeko? Ez gara, bada, kabinan interprete-lana egiteko joan? Ba al dagokigu hortik aurrerakoetan muturra sartzea? Ez al dira bileran bertan euskal letra, arte eta abarretako ordezkari batzuk? Haiek ezer esan ez, eta guk hasi behar al dugu kontu eske? Zer eta gaizki hartu eta are okerrago geratzeko, eskatu ez diguten alorrean aztarrika hasteagatik?

Informazio-gabezia

Ez dakigu antzeko egoeran diren beste herrialde batzuetan zer egiten ari diren, eta saiatu ere ez gara egin informazio hori eskuratzen. Zertan dira Katalunian, hain urruti joan beharrik izan gabe? Kanadako legediari buruzko artikulu batzuk irakurri, eta harriturik geratu ginen han bermatzen ziren hizkuntza-eskubide batzuekin. Mendebaldeko beste herrialde batzuetako hizkuntza gutxituekin zer gertatzen da? Badakigu urrutiko intxaurrak hamalau izaten direla, eta leku askotan ibiltzen direla txakurrak oinutsik, baina gehiago jakin beharko genuke atzerrian gertatzen denaz, beti egoten delako zer ikasia. Kasu honetan, gainera, gurea da hutsa, eta guk saiatu beharko genuke beste leku batzuetako gorabeheren berri izaten.

Kanpora begira jarri naiz, baina Euskal Herrian bertan ere ez dakit zenbateraino daukagun elkarren berri, interpretazioan ari garenok hainbeste ez izan arren. Azken batean, bakoitza berean ari da, eta hala behar du neurri handi batean, baina ikuspegi osoa izateko garbi dago datu guztiak behar direla.

Horrekin batera, azkenik, beste sail, enpresa eta erakunde batzuetako hizkuntza-egoera zein den ere jakin beharko genuke, eta haiei gure berri eman ere bai, aurrera nondik jo dezaketen jakiteko.

Interpretea ikusezin

Bilera edo jardunaldi askotan, hizlariek jakin ere ez dute egiten interpretea han denik (eta entzule batzuek ere ez). Alde batetik, interpretearen lanaz ia ohartu ere ez egitea ona da, nahasketarik sortu ez duen seinale, baina ez gara horretaz ari. Gertatu izan zaigu euskaraz hitz egiterik ez zuelakoan norbait kexaka hastea, kabinan ginenik ez zekielako. Eta zergatik jakin, gainera, inork ezer esan ez badio? Gehienetan bilera-gelatik kanpora egoten gara, beste ate batetik sartzen gara sarritan kabinetara, eta bilgune askotan oraindik ere hizkuntza bakarra denez jaun eta jabe, antolatzaileek hasieran gauzak garbi adierazi ezean, oso zaila da entzulearentzat gutaz ohartzea. Hori dela eta, euskaraz hitz egiteko aukera dagoen kasuetan ere, zaila da hitza hartu eta euskaraz mintzatzea.

Euskaraz, zertarako?

Jende askorentzat gaur egun oraindik ere arazoa da euskara, gauzak bide onetik aurrera eramateko oztopoa. Zergatik egin euskaraz gaztelania denok ulertzen baldin badugu? Era horretako argudioak berriki entzundakoak gara, eta ez prezisamentean auzo erdaldun peto bateko tabernan, Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera batean baizik; ikusten denez, emankorra da oso kontseilu hori, eztabaida-iturriei dagokienez. Delako jaunak kaskoak jarri ere ez zituen egin bilerakideek esaten zutena interpreteon bidez ulertzeko. Gainera, ohitu ere egin ditugu entzuleak, urtea joan eta urtea etorri, sarrerako bi edo hiru orokorkeria txiki euskaraz esan, gero gauza bera gaztelaniaz errepikatu, eta hurrengo 5-6 orduetan euskaraz tutik ere ez entzutera, eta horrela zaila da biderik egitea. Ez dugu ikusten gaia dena delakoa izanik ere euskaraz aritzeari leku egiteko jarrera sendorik, eta entzuleen esku uzten da kontua, gauzak berez eta besterik gabe aldatuko direlakoan.

Testuinguru horretan, eta Eusko Legebiltzarra osatzeko azken hauteskundeetako emaitzen ondorioz gobernua aldatu egin denez, ikusi egin behar gure lanaren ikuspegitik zer nolako egoera datorkigun. Gobernukide berrien artean ez dirudi, borondatea gorabehera, euskaraz aritzeko gaitasun handirik egongo denik, eta ikusiko dugu, esate baterako sindikatuekin izaten diren bileretan, zer nolako jarrerak hartzen diren, orain artekoez alderatuta.

Prezioak eta lehia desleiala

Gai hau interpreteon artean sarritan agertzen ez bada ere, badakit batzuetan susmo edo errezeloak sortzen dituena dela, eta aipatzea merezi du. Ez da batere zaila azaltzen: erakundeetan diharduten interpreteak ditugu, eta beren kasa lanean ari direnak ere bai. Erakundeetakoek erakunde barruko lana egiten dute, eta ez besterik (Legebiltzarrekoek Legebiltzarrean dihardute, eta bertako osoko bilkura, batzorde eta ponentziak dira lan-esparrua). Udal eta batzar nagusietakoek ere udalaren edo batzar nagusiaren organoetan dihardute, baina ez hortik kanpora; justiziakoek beste horrenbeste egiten dute, baina epaitegietan. Eusko Jaurlaritzakook, ordea, hala eskatzen duten erakunde publiko guztiei eta enpresei ere eskaintzen diegu zerbitzua, horrela jasotzen baita gure eginkizunen artean, baina kobratzen den prezio publikoa bere kasa diharduen interprete batek kobratzen duena baino merkeagoa da. Egia da nagusiki administrazioentzat eta zehazki Eusko Jaurlaritzako sail eta organoentzat egiten dugula lana, baina kanpoan ere aritzen gara, hasiera-hasieratik. Egia da, aldi berean, administrazioak antolatutako hainbat eta hainbat kongresu eta jardunalditan beren kasa ari diren interpreteak egoten direla, dela ohituraz hala egin izan dutelako, edo antolakuntza osoa agentzia baten eskuetan uzten dutelako, edo gure zerbitzuen berri ez dutelako, gorago azaldu dugunez. Ez dakit oreka-punturik bilatzen hasi behar den, eta bilatzen hasita non egon beharko lukeen. Benetan uste dut jardunaldi bateko mintzaldiak euskaraz izan daitezen saiatzen den elkarte edo enpresa batek ahalik eta merkeen lortu behar duela zerbitzu hori, guk emanda, edo besteren batek eginda. Non jarri muga, nola bideratu? Itzulpengintzako prezioak ere ez dira berdinak, eta ez dut uste arazorik sortzen denik (egia da merkatua askoz ere zabalagoa dela, eta denek dutela zeregina). Lortu beharrekoa garbi dago: ahalik eta eremu gehienetan euskarak lekua egitea, baina eragin dezakeen gastua ahalik eta txikiena izanda. Ez dakit nondik jo beharko den, baina beharbada merezi du gaiari heltzea. Eskaintza publiko eta pribatuaren gaia zabalegia da hemen biltzeko, baina gaia aipatu gabe uztea ere nahita isilik geratzea iruditzen zait.

Ohikotasunaren pisua

Urteak joan, urteak etorri, gu geu ere ohitu egin gara berez egokienak ez diren jarrerak hartzera, eta saio askotan aparteko lanik izaten ez dugunez, ez diegu garrantzirik ematen eman beharreko kontuei, askotan zerbitzua eskatzen duenak berak ere berdintsu jokatzen duelako. Antolatzailea arduratu ez, eta interpreteak arduratu behar al du? Esate baterako, askotan zaila da informazioa garaiz eskuratzea, edo informazioa eskuratzea bera ere ezinezkoa gertatzen da, tartean bi edo hiru bitarteko ere egon daitezkeelako, eta kasu horietan behin baino gehiagotan sartu gara kabinan bilerako gaiei buruz ezer ere ez dakigula. Antolatzaile askorentzat nahikoa da interpretea kabinan egotea, horrekin bukatu baita egin beharreko lana, eta gero gerokoak.

Beste horrenbeste kabinen ezaugarriekin ere. Gauzak aldatzen ari diren arren, oraindik ere teknikari askok ez daki zein diren lana behar bezala egiteko behar diren baldintzak, eta soinuaren gutxieneko kalitateari buruz eta kokalekuari buruz ere egoten dira aldez aurretik argitu beharrekoak, baina ez bilera hasi baino hogei minutu lehenago, tarte horretan ez baitago gauza gehiegi aldatzerik.

Gaztelania nagusi

Erabateko naturaltasunez hartzen da esan beharrekoak gaztelania hutsez esan eta kito egitea, baldin eta erdaldun elebakarrak tarteko badaude, beste elebidun askorekin batera, eta egoera horretan euskaraz ere bidea egitea ia ezinezkoa da. Euskaraz aritzeko ia derrigorrezko baldintza dirudi entzule guztiak euskaldunak izatea, baina baldintza horiek beteko dituen jardunaldi, batzar nagusi edo bilera bat izatea ia ezinezkoa da euskal gizarteko ia eremu gehienetan, eta hor aurrera egiten laguntzeko dira, hain zuzen ere, interpreteak. Labur esanda, erdaldunen bat aurrean badago, erdaraz egin behar du euskaldunak oraindik ere gune askotan, interpretearen lanaz baliatzeaz ohitu gabe gaudelako oraindik. Ingelesez edo frantsesez egiten badute mahaikideek, orduan inolako zalantzarik gabe jartzen ditugu kaskoak, jakina, baina euskaraz hitz egiten badu, orduan zalantzak sortzen dira: ez al daki, bada, gaztelaniaz ere? ETB-2ko albistegietarako elkarrizketa askorekin gertatzen dena da: euskalduna gaztelaniaz hitz egiten jartzen dute, kate horretan agertuko bada (oso gutxitan ageri dira gaztelaniazko azpitituluak), eta egoera hori izanik, erdaldun elebakarra ez da ohartzen gune publiko guztietan erdaraz egitera behartzen gaituela, nolabait esan. Kabinak hor daudela esango dizute gero askotan, baina kabinak jarrita ez da nahikoa.

Kontrako norabidean

Interpreteak dena delako hizkuntza ulertzen ez dutenei mezua ulertzen laguntzen dieten pertsonak dira, eta hori da duten eginkizuna. Hau da, hizlari batek ingelesez, frantsesez edo txineraz esaten duena entzun ahala ulertzerik ez badut, eta hark zer dioen jakin nahi badut, kaskoak jarri beste erremediorik ez dut izango. Hizlariak dioena zuzenean ulertuz gero, ez dago interpreteen beharrik, jatorrizkoa inolako bitartekorik gabe jasotzeko gauza garelako. Kontua da sarritan esaten digutela hizlariek diotena euskarara itzultzeko, gezurrezko normaltasunaren itxurak egiteko: jardunaldiko hizkuntza bakarra gaztelania izan, esate baterako, baina bi interprete kabinan, badaezpada, hori euskarara itzultzen, alfer alferrik. Liburuan ere aipatu genuen kontu hau, baina gogor egin beharrean gara, antolatzaileak antolatzaile: interpreteak ez gara zuritu ezin dena zuritzeko aitzakia polita; euskara ez bada dena delako jardunaldi edo kongresuko lan-hizkuntzetako bat, lasai aitortu, eta aurrera. Baina mahaitik gaztelaniaz esaten dena euskarara itzulita, ez gara ezertan ari, entzule guztiek primeran ulertzen dutelako gaztelaniaz herri honetan -liburuan zehatzago aipatzen ditugu izan daitezkeen salbuespenak, dela iparraldeko entzuleak direlako, edo egoera berezia izanik, gaiak merezi duelako..-. Beste kontu bat da atzerriko beste hizkuntza batzuetan esandakoak euskarara ekartzea; gustura egiten dugu hori, rele bidez. Kontua da antolatzaile asko deseroso sentitzen dela mahaitik euskaraz ezertxo ere esango ez delako, eta bi interprete kabinara bidalita konpondu nahi izaten dute arazoa; ez dira ohartzen konpondu baino are okerrago geratzen garela, bigarren mailako hizkuntza bihurtzen baitute, aurikular txiki horietan ikusezin. Mahaian aitortu behar zaio lekua, ez kabinan.

Egia da kontratatu egin duten interpreteak zail duela egoera horietan ezetz esaten, azken batean uko eginez gero lan gabe geratuko delako, baina onar dezagun funtzio komunikatiborik ez dugula inondik ere beteko. Norbaitek itzulpengintzarekin beste horrenbeste ez ote den gertatzen ere esan dezake, baina egoerak ez dira parekatzeko modukoak, interpreteen ahotik esaten dena erabat ikusezina baita, eta bi hizkuntzak ez baitira parez pare ageri; itzulpenak berdintasunez agertzea bermatzen du (arazoak arazo, jakinekoa baita sortu egin behar dela gehiago, ez dena itzuli), baina interpretazioaren kasuan, mahaiburuek, hizlariek... euskaraz egin ezean, interpretazioak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzea eragiten du.

Ustekabekoak

Indarguneez hitz egin dudanean, aipatu dut prestakuntzan urratsak eman eta gaur egun badirela interpreteak prestatzeko aukerak, eta oro har, lana kalitatez egiteko moduan garela. Dena den, onar dezagun oraindik ere ustekabeko handi samarrak izaten direla, eta berriki gertatu zaigu kabinara joan eta katalaneko relea eman behar ziguna sekula kabinan aritu gabea izatea, edo gutxienekoak betetzen ez dituen norbait alboan izatea. Kontu handia behar da halako egoerekin, jardunaldi osoa hankaz gora gera baitaiteke. Liburuan luzeago aipatzen da, eta ez naiz hemen hango kontuak errepikatzen hasiko, baina azken adibidea gogoan, katalanez jakitea ez da nahikoa katalanetik gaztelaniara interpretatzeko. Hala uste zuen gure lankideak, baina ezin izan zuen lana taxuz egin, bi hizkuntzen egitura sintaktikoak oso antzekoak izanik ere. Gutxitan gertatu zaizkigu halakoak, baina nahi izatea eta egingo duzula uste izatea ez dira nahikoa, eta ausardia baino zerbait gehiago behar da interprete aritzeko.

Ondorioak

Interpretazioa bitarteko gisa ikusten dut, ez helburu gisa, eta alde horretatik oraindik asko dago egiteke; garbi dago interpreteak hor daudela, eta lana txukun egiteko moduan garela gainera, baina helburua ez da kabinak jartzea eta kabinetan interpreteak egotea; kabinan interpreteak isildu ere egin gabe egon behar du, itzuli eta itzuli, eta horretarako hiztunak behar dira, eta hobe hiztun kualifikatuak badira: legebiltzarrean euskaraz eztabaidatuko duten legebiltzarkideak, negoziazio kolektiboko eztabaidagaiei buruz euskaraz negoziatuko duten langileen ordezkariak, sindikatuen argudioei euskaraz erantzungo dieten teknikariak, enpresako kudeaketa-planei, emaitzei eta galera eta irabaziei buruzko azalpenak euskaraz emango dituzten teknikariak, lurraldearen antolamenduaren inguruko eztabaidak zertan diren euskaraz azalduko duten pertsonak, kulturaren inguruabar guztien berri euskaraz emango duten arduradunak, ikastetxearen nondik norakoen berri era berean egingo duten irakasleak, udaletako gaiez euskaraz arituko diren zinegotziak... baina gai guztiez, ez soilik Korrikari eman beharreko laguntzari buruz eztabaidatu behar denean.

Aspergarria ere bada beti antzeko kontuei buruz jardun eta jardun ari garela ikustea, baina oraingoz hori da egoera. Lehen ere esan dut: interpreteok hor gaude, baina sarriegi egoten gara ezer itzuli beharrik ez dugula, mahaitik aireratzen den hizkuntza beste bat delako. Hor dago eragin beharra, bestela beste hogei urte joango zaizkigu martxa hartu ezinda; eta ez du balio interpreteak kontratatu eta nahi duenak aukera hor duela esatea, horrekin ez baita nahikoa; besterik egiten ez bada, gaztelaniadun elebakarrek giroa jaten dute.

Badakigu zein den egoera soziolinguistikoa, baina bilera, kongresu eta abarretan euskarak gizartean duen lekua bera ere ez da errespetatzen, eta horretan jarrerak aldatu beharra ikusten dut. Hala ezean, itxurak egiten jarraituko dugu, eta ez dugu interpretazioak eskaintzen digun aukera aparta baliatuko. Horrek ez du esan nahi, inondik ere, interpreteengana jotzea iruditzen zaidanik euskararen auzia bideratzeko irtenbide egokiena, baina erdarekin alboz albo egon behar duenean, eta entzuleen artean erdaldun elebakarrak dauden artean (urte askotako kontua, onenean ere) argiagoak izan beharko genuke, eta guneak irabazten segi (edo hasi!).

Behetik gora eragin beharra dago, hala lortu dira herri honetan funtsezko gauza asko, baina agintariek, udal, aldundi, administrazio orokor nahiz legebiltzarretakoak izan, edo kongresu zein jardunaldien antolatzaileek eta enpresetako batzar nagusietako goi-karguek duten garrantziaz ohartu, eta aurrerago joan behar dute. Bestela, interpreteok kabinan jarraituko dugu, isilik eta mutu, alferrik galduko ez den hurrengo aukeraren zain.