Miranderen itzulpen argitaragabe batzuk
Aiora Jaka

Nire doktore-tesirako egiten ari naizen ikerketek1 Jon Miranderen itzulpen argitaragabe batzuetara eraman naute,2 eta interesgarria iritzi diot lan horiek euskal itzultzaileen aurrean ezagutarazteari. Miranderen itzulpenak aztertuz (argitaragabeak nahiz dagoeneko argitaratuak), idazle zuberotarrak euskal itzulpengintzaren garapenari eman dion bultzada handiaz ohartu naiz, nahiz eta orain artean ez den itzultzaile gisa gehiegi aipatu eta baloratua izan. Hori dela eta, artikulu honen lehen zatian Miranderen itzulpengintzaren inguruko hainbat hausnarketa plazaratuko ditut, eta bigarren zatian orain arte kaleratu gabeko bere itzulpenak emango ditut.

1- Miranderen itzulpengintzaren inguruko hainbat hausnarketa

Lehenik eta behin aitortu behar dut Joseba Sarrionandiak eraman nauela Jon Miranderen itzulpenak aztertzera. Izan ere, Sarrionandiaren itzulpengintza da nire doktore-tesiko ikergai nagusia, euskal itzulpenaren historian mugarri garrantzitsua markatzen duen itzultzailetzat baitaukat Iurretako idazlea. Sarrionandiak euskal itzulpengintzari egindako ekarpena hiru puntu hauetan laburbilduko nuke:

  1. Euskaratzeko hautatutako idazleak. Sarrionandiak euskaratzeko hautatzen dituen idazleen zerrenda zabala eta askotarikoa da. Irekitze garrantzitsua suposatzen du hautaketa horrek euskal itzulpenaren historian.
  2. Itzulpenaren eragina sorkuntzazko lanetan. Nabaria da Sarrionandiak euskaratutako autoreek bere sorkuntzazko lanetan izan duten eragina. Gainera, hainbat prozedura ludiko eta birsorkuntza-estrategiaren bidez, Sarrionandiak zalantzan jartzen du itzulpenaren eta sorkuntza originalaren arteko muga zurruna.
  3. Itzulpenaren ikuspegi postmodernoa. Itzulpenaren ikuspegi modernoa gainditu eta ikuspegi postmoderno bat eskaintzen duen lehen euskal itzultzailea da.

Hiru puntu horietan Sarrionandia berritzaile dela uste dudan arren, ausartuko nintzateke esatera Miranderengan jada ageri direla itzulpengintzaren trataera horren aurrekari izan daitezkeen zenbait zantzu. Mirandek Sarrionandiaren idazlanetan izan duen eragina agerikoa eta sarri aztertua izan den arren, bi autoreek itzulpenaren arloari egindako ekarpena behar bezala aztertu ez delakoan nago. Ondoko lerroetan, beraz, Jon Mirandek euskal itzulpengintzan egindako aurrerapausoak azaltzen ahaleginduko naiz.

1.1. Euskaratzeko hautatutako idazleak

Bai Mirandek, bai Sarrionandiak, garai eta leku guztiz desberdinetako autoreen lanak euskaratu dituzte. Askotariko estilo, korronte eta literaturak bereganatu eta euskaraz eman nahi izan dituzte, beren inguruko euskal literatura mugatua zertxobait zabaldu eta osatzeko helburuz (ikusi, artikulu honen hirugarren zatian, Mirandek euskarara itzulitako lanen zerrenda). Sarrionandiak 1980ko hamarkadaren hasieran euskal literaturan nabaritzen zituen eskastasun eta itxitasuna aspaldi deitoratuak zituen Mirandek. 1950eko hamarkadaren hasierarako ohartua zen zuberotar idazlea euskal literaturaren antzutasun eta gabeziaz, bere lagun Andima Ibinagabeitiari 1952an bidalitako gutun batean argi adierazten duenez: "Nik hizkuntza eli bat ikasi ditut, oso hizkuntzazale naiz-eta, bainan ez batetan ez bertzetan (...) ez dut gure euskaraz bezalako litteratur-ezik ediren (...)" (Mirande 1999b: 129). Literatura-gabezia hori betetzeko, Miranderen ustez, ez da nahikoa euskaraz idaztea; aitzitik, ezinbestekoa da beste hizkuntzetan egindakoak irakurriz eta itzuliz gure literatura aberastea. Horregatik ekin zion berak buru-belarri makina bat hizkuntza ikasteari.3 Honela azaltzen du hautu hori, Ibinagabeitiari bidalitako beste eskutitz batean:

Zure guthunaren hitzetarik lurralde hurrunetako hizkara hurrunago-en ikastean, gaizki dagidala dirudi... Nik ez dut uste. Ikol ez lizen euskal litteratur baten emaraztekotz, euskaraz idaztea ez da aski: asko ikasi beharrak gara, lehenik, Euskaldunok. (Mirande 1999b: 154).

Bere herrikide abertzaleak tradizionalismo eta folklorismo itsu batean murgilduta ikusten zituen Mirandek, eta benetako literatura eta kultura bat sortzeko nahitaezkoa iruditzen zitzaion kanpoko korronteetara irekitzea. Kezka hori agertzen dio gutun berean Ibinagabeitiari: "Oroz lehen, batarzuna behar dugu. Gero, egiazko kultur-lanak idatzi, eta hortakotz "baserritarrismu" madarikatua euskal idazkuntzatik bethikotz khendu." (Mirande 1999b: 155). Euskal literaturaren "baserritarrismua" xeheago azaltzen du Ibinagabeitiari eskainitako elkarrizketa batean:

Euskera gutxitan aintzat artu dute gure iakintsu eta eskolatuek, orregatik gure erri-xeak ere euskera gai arruntenak erabiltzeko baizik ez dala uste du. Gure olerkariek gainera, gutxi batzu kendu ezkero, gai arruntenak besterik ez ditute erabilli beren poemetan. (Mirande apud Ibinagabeitia 1953: 100).

Horregatik hartuko ditu begi onez hainbat idazlek atzerriko literatura-lanak itzultzeko egindako ahaleginak: "uste dut Shakespeare, Poe, Sofokles eta Platon itzultzen duten euskaltzaleek lan beharrezko bat egiten dutela" (Mirande 1999a: 464). Norbert Tauer txekiar euskaltzaleari ere honela diotso 1953ko gutun batean:

Geroago ta beteago zaitugu euskera erabiltzean (...) ta ondo litzake txekeratiko beste itzulpenik idatz zenezan gure euskal-aldizkarietarako. Euskal-kultura urria zabalduko da, beste errien kultur-ondasunak txertatzen zaizkiolarik. (Mirande 1999b: 162).

Puntu honetan komeniko litzateke euskal literatura eta bereziki euskal itzulpengintza 1950eko hamarkada hartan zertan zen ikustea. Nire doktore-tesirako egindako ikerketetan ikasi ahal izan dudanez, euskal itzultzaileak oso berandu hasi ziren testu literarioak itzultzen: egia da euskal literaturaren historian pisu handia izan dutela oro har itzulpenek, alegia, euskarazko liburu-ekoizpenaren zati handi bat itzulpenek osatu dutela; baina kontuan hartzen badugu itzulpen horietako gehienak testu erlijiosoak zirela, funtsean funtzionalak, berehala ohartuko gara atzerriko literaturen itzulpenik apenas aurkitzen dela euskal itzulpenaren historian ia XX. mendera arte. Gainera, XIX. mendean nahiz XX. mendearen hasieran egindako literatura-itzulpen gehienek ere nolabaiteko helburu funtzionala zuten, besteak beste haurrentzako testu didaktikoak euskaraz ematea, moralari buruzko gomendioak zabaltzea, euskararen apologia egitea edo are euskara literarioa lantzea. Horretarako, normalean, literatura kanonikoetako testu klasikoak hautatzen ziren itzulgai gisa, eta batez ere euskaldunen balore tradizionalak zalantzan jarriko ez zituztenak. Europako nahiz Ameriketako literatura-korronte berriak euskaratzeko, berriz, ez zegoen interes handirik, eta horrelako itzulpenik egitera ausartzen zenak ez zuen normalean bere lana argitaratuta ikusteko zorterik izaten, Jon Miranderi nahiz bere inguruko beste batzuei gertatu zitzaien bezala. Adibide gisa, artikulu honen amaieran emango dudan Miranderen itzulpen argitaragabe bat aipa liteke: Mirandek, 1950eko hamarkadaren hasierarako, euskaratuak zituen Nietzscheren Zarathustraren hainbat atal, baina ahaleginak eta bi egin arren ez zuen lortu itzulpen haiek euskal aldizkarietan argitaratzea. Honela diotso Norbert Taueri 1955eko gutun batean: "Bertze idazlanik aunitz ba nituen asiak, ala nola Zarathustraren itzulpen bat, heraldikaren gaineko istudio bat, poema e.a. bainan ez ditut amaitzen eusko-aldizkariek ez dituztelako noski argitaratuko." (Mirande 1999b: 198). Ibinagabeitiari ere antzera mintzo zaio: "Nietzsche-ren Zaratustra-ren itzulpenak noiz emanen dituzue Euzko-Gogoa-n? Hala nahi nuke. Zaitegik ez ba du pentsatzen idazle hori pornographu bat dela..." (Mirande 1999b: 203). Itzulpen haiek, azkenean, argitaratu gabe gelditu ziren. Beste aldizkari batzuetan ere antzeko arazoak izan zituen:

(...) Ibarrondok (...) telefonatu dit bulegora, (...) eta esan dit ene itzulpena ez duela Elgar-ren argitara eraziko, gaia euskalduna ez delakoan; gizon argitu horrentzat beraz, Shakespeare ez zen ingeles idazle, Coriolan-en protagonistak, adibidez, ingelandar ez baitziran... (Mirande 1999b: 321).

Maiz kexatzen zen Mirande euskaldunen askatasun intelektual ezaz: "Nire ustez, askatasun intelektual geiago nabari ez deno Euskaldunen artean, zail izango zaigu egiazko kultura baten sortzea." (Mirande 1999b: 190). "Euskaldun progresisten zentsura Francorena bera baino bortitzago dela dirudi." (Mirande 1999b: 390). Bere lagun Ibinagabeitiak euskaratutako Ovidioren Maita-bidea argitaratzeko izandako oztopoek ere biziki sumindu zuten:

Damugarri zait zure, Maita-bidea argitaratzekotan ez delako berria: urthe hauietako euskal-lanik baliosenak izanen zen nabaski —zurikeriarik gabe diotsut eta holako arrotz lan-nagosi euskararatuen beharrean dago euskal-idazkuntza. Zoritxarrez, izpiritua hertsiegi dute haboroenek horien ulhertzekotz eta nahiago dituzte haurkeria baten publikatu. Nehoiz irakurri dudan litteraturarik ikolena da gurea (Mirande 1999b: 196).

Mirande kexu zen, euskaraz argitaratzen zen oro programa politiko itxi bati jarraituz hautatzen zelako. Euskaldun baserritar fededunaren balore tradizionalekin bat zetozen testuak soilik ziren onargarriak euskal intelektualen artean. Mirandek Txomin Peillenekin batera argitaratzen zuen Igela aldizkari heterodoxoaren lehen zenbakian, salaketa garratz hau kaleratu zuten bi idazleek:

Le puritanisme et la fausse gravité des basques censurent, mieux ou plus que les gouvernements, les fruits trop pimentés de la littérature écrite (Docteur Etchepare, Axular) expurgent la littérature orale (cancioneros), afin que les étrangers n'aient pas de nous une image différente de celle du basque honnête, travailleur, fier etc. Les tabous et fanatismes de droite et de gauche ont une grande force chez nous. (Igela 1962: 37).

Horrexegatik, euskal aldizkariek ez zituzten euskaldunen irudi tradizional eta estereotipatu horrekin bat ez zetozen testuak argitaratu nahi izaten, eta orobat gertatzen zen itzulpenekin.

Gogoraraz dezagun, puntu honetan, XX. mendearen lehen erdian euskaratutako testu gehienak helburu politiko abertzale batekin hautatuak izaten zirela. Esate baterako, Orixe, Andima Ibinagabeitia, Bingen Ametzaga, Santi Onaindia eta Jokin Zaitegi, besteak beste, literatura-lan grekolatindarrak ahal zuten bezain sistematikoki euskaratzen hasi ziren XX. mendeko "itxarkundi" garaian, euskal literatura mendebaldeko kanonaren oinarri ziren obra klasikoekin hornitzea euskara duintzeko ezinbestekotzat jotzen baitzuten: "klasikoen euskal itzulpenak (...) ez dira egin liburu horiek aditu nahi zituztenen beharrari erantzuteko: euskararen duintasunaren alde eta euskara eta euskal literatura garatzeko helburuarekin egin dira". (Ruiz 1995: 662). Klasiko grekolatindarrak ez ezik, prestigiotsutzat jotzen ziren literatura modernoetako lan klasikoak ere helburu berberarekin itzuli ziren, esate baterako Cervantes, Shakespeare, Dickens, Goethe edo Dante.

Mirandek, ordea, hertsiegia zeritzon literatura eta itzulpengintza militantzia politiko baten mugen barruan atxikitzeari, eta ozen aldarrikatu nahi izan zuen literaturak funtzio politiko orotatik libre egon behar zuela.

Sarrionandiak eta Pott bandak 1980ko hamarkadan aldarrikatuko zuten literaturaren autonomiaren beharra aspaldi eskatua eta praktikatua zuen Mirandek, Antonio Arruek 1960ko hamarkadarako ongi ulertu zuen bezala:

Mirande es ante todo enemigo de la poesía y en general de la literatura llamada en nuestros días «comprometida». Aun recientemente nos escribía diciendo que el poeta no debe ser en modo alguno un «engagé». Por lo demás, entiende que el poeta debe huir tanto de la predicación como de lo social, y procurar el cultivo de la poesía estrictamente pura. (Arrue 1963-1964: 186).

Mirandek aldarrikatutako poesiaren eta literaturaren autonomiaren ideia, ordea, inork gutxik bereganatuko zuen euskal literaturaren alor guztiak militantzia eta konpromiso politikoz zipriztinduta zeuden 1950eko eta 1960ko hamarkada haietan. Mirandek poesia eta politika bereiztearen beharraz idatzi zituen hainbat hausnarketa, izan ere, ez zituen argitaraturik ikusi ahal izan. Ondoko pasarte hau, esaterako, 1951rako prestatuta zeukan poesia-antologia baterako hitzaurre gisa idatzi zuen; zoritxarrez, ordea, poesia-antologia hura ez zen 1984 arte argitaratu. Interesgarria da hitzaurre horretan Mirandek herrigintzaz eta poesiagintzaz dioena irakurtzea:

Daukat Euskera ta Euskadi gaizkatzea bere lehen io-muga ukhan behar lukeela Euskalheritarr iathor orok; ene aldetik, io-muga, horren irixtekotz, guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?) bainan, neurrthizketan dihardudalarik, bertzerik dut gogoan: oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak —hots— «for the happy few». Aithorr dut poeta on batek, den pantheista ala papista, ez dakharrkeola herriari... pelotari on batek baino onura gehiagorik. Hain zuzen ere, ene neurrthitz ok ez ditut onurarako eginak, solhazerako baino; zilhegi baitzaiku noizik behin io-muga gurenak aldebat utzita solhazik nolaere bait bilhatzea. (Mirande 1984: 19).

Zilegi bekit hemen Joseba Sarrionandiaren aipu bat tartekatzea, hiru bat hamarkada geroago idatzi arren, Mirandek aldarrikatutakoaren hariari zuzen-zuzenean jarraitzen diola iruditzen baitzait.

Politika, etika eta idazkera alor desberdinak dira. Poetari, politikaren alorrean, gizarteko partaide denez, zapalketen aurkako eta askatasunaren aldeko konpromisoa dagokio. Euskal poetak, euskal tornulariak edo euskal futbolistak bezala, Euskal Herriaren askatasunaren alde ekiteko eginbidea izango du, eta gizarte egitura zanpatzaileen aurka, baina ez poeta delako ez eta Parnasoko alturetatik. (Sarrionandia 2006 (1985): 172).

Agerikoa da, beraz, Mirandek Sarrionandiarengan izan zuen eragina. Aurreragoko lan batean ezin hobeto azaltzen du Sarrionandiak Jon Mirandek defendatutako literaturaren autonomia, biek miresten zuten Edgar Allan Poe idazle iparramerikarraren iritzien bidetik:

Edgar A. Poeren garaian Jon Miranderen Euskal Herrian bezala obra literarioaren balioa sinestearekin eta mezu moralekin loturik heltzen zen. Bata zein bestea, sermoi moralen aurka zeudenez, beren garaiko literaturaren kontrako espaloian jarri ziren. Areago, bai Edgar A. Poek bai Jon Mirandek, arte obraren xedea egia ezik, atsegina dela esan zuten. Poesia eta egia, poesia eta morala ez datoz bat —dio Edgar A. Poek bere The Poetic Principle entseguan. Eta Jon Mirandek euskal irakurleak «dasta eta goza lizantzat» besterik ez du idazten. (Sarrionandia 1988: 130-131).

Miranderentzat, beraz, literaturaren helburua ez da mezu politiko edo moral bat zabaltzea,4 ezta egia kontatzea ere, plazera, gozamena edo atsegina eragitea baizik. Hori dela eta, gustuko zituen autoreak irakurri eta itzultzen zituen, eta ez euskal literaturarentzat "komenigarriak" edo "beharrezkoak" ziren lanak. Aipatu hitzaurrearen bukaeran argi adierazten du zein den bere poesiaren helburua: "ene olerrkitxo bitxi ta minkorr hauk Euskaldun batak edo bertzeak adimen eta irudimen-atsegingarri eridenen dituelako itxaropena edukiten dut." (Mirande 1984: 20).

1.2. Itzulpenaren eragina sorkuntzazko lanetan

Argi ikusi dugu, beraz, Mirandek gustuko zituen lanak itzultzen zituela. Ez zituen, bere aurreko euskal itzultzaile gehienek egin bezala, iragan mendeetako autore "prestigiotsuen" lanak euskaratu. Miranderi autore modernoagoak interesatzen zitzaizkion; ez soilik Europako eta Ameriketako idazle ezagunak (Poe, Kafka, Baudelaire...), baizik eta baita literatura txikietako autore ez hain ezagunak ere (Séamus ó Mainnin irlandarra, Bernat Manciet okzitaniarra; Per Denez bretoia...). Batzuk kontu ideologikoengatik interesatzen zitzaizkion (Nietzsche da hemen adibiderik garbiena), beste batzuk arrazoi estetikoengatik (hainbeste miresten zituen autore sinbolista eta surrealistak aipa litezke), eta beste asko, besterik gabe, "irudimen-atsegingarri" zitzaizkiolako. Horregatik euskaratu zituen bere garaiko hainbat kantariren kantak (George H. Clutsamen Ene kutuntxu, Alec Wilderren Lullabyland, Percy Montroserena dirudien Kattalin edo Stan Joansen Zaldiz zeruan, esaterako), edota herrialde urrunetako zenbait kanta edota kondaira herrikoi (Bi beleak (eskoziar kanta zaharra), Hirur lili = Drei lilien (Abesti aleman zahar bat), Ene Biotzeko Maite Argia (Hebrideetako maite-kanta) edo Mette (Jutlandeko ixtorio zahar bat)). Azkenik, beste hainbat lan probokazio moduan itzuli zituelakoan nago, euskal irakurlego kristau, zintzo, jator eta tradizionalistarengan nolabaiteko eskandalua eragiteko. Horrela, bere garaiko euskal abertzaleen itxitasun, itsukeria eta hipokrisia salatzeko balio zioten kontakizun edo poemak euskaratu zituen (geroago aipatuko dugun Nietzscheren "Aus hohen Bergen" poema, idazle kristau eta moralisten kritikotasun eza deitoratzen duena, edota Ernest Hemingwayren "The good lion" ipuina, atzerriko arrotz gaiztoen aurrean zintzo eta tolesgabe ageri den baina bere herrira itzultzean kanpotarrak bezain maltzur jokatzen duen lehoi hipokrita bati buruzkoa, Mirandek euskarara itzuli baina gaur arte argitaratu gabe geratutakoa), baita euskaldunen balore kristauak hankaz gora jarriko zituzten gaiak jorratzen zituzten lanak ere, hala nola erotismoa, alkoholismoa, adulterioa eta abar (adibide gisa, orain arte argitaratu ez den Giovanni Boccaccioren itzulpen bat aipa liteke, Adarra gatik adarra, beren emazteak "partekatzen" dituzten bi gizonezkori buruzkoa).

Mirandek itzulitako lanak berak sortutakoekin alderatuz gero, erraz antzematen da idazle zuberotarrak euskaratutako idazlanek eragin nabarmena izan zutela bere sorkuntzazko poema eta ipuinetan.

Friedrich Nietzsche

Eragin ideologikoari dagokionez, nabarmena da Miranderen lanetan Schopenhauer, Spengler eta Nietzsche filosofo alemanen eragina, Mujikak (1984a eta 1999), Azurmendik (1989), eta Aldekoak (1992), besteak beste, ongi aztertu duten bezala. Schopenhauerren edo Spenglerren lanik ez zuen euskaratu, nik dakidala, Mirandek. Bai ordea Nietzscheren lan batzuk, eta itzulpen horiek eragin ideologikoa ez ezik, eragin literarioa ere izan zuten Miranderen hainbat poematan, Iñaki Aldekoak ongi adierazten digun bezala:

Nietzscheren pentsamenduak poetaren barne barnean aurkitu zuen non sustraitua, eta handixe gobernatuko zuen poetaren mundu ikuspegi zabalena. Nietzscheren arrastoa hain sakona izango da, ezen ez bakarrik Miranderen imajina bat baino gehiago tankeratu zuen, baizik eta zedarri ideologikoak ere betiko finkatu zizkion poetari. (Aldekoa 1992: 10-11).

Mirande bizirik zela argitaratutako Nietzscheren itzulpen bakarra "Mendi gallurretatik" dugu, "Aus hohen Bergen" poemaren euskarapena, 1952an Gernika aldizkarian argitaratua. Poema horretan, bere garaiko pentsalari eta moralisten kritikotasun eza salatzen du Nietzschek, eta gogor kritikatzen ditu moral judu-kristaua modu erabat pasiboan onartu izanagatik, urte batzuk lehenago idatzi zuen Also sprach Zarathustra liburuan agertu zituen ideien haritik. Ez da harritzekoa, beraz, Mirandek "Aus hohen Bergen" poema euskaratu izana, bide ematen baitzion bere bizitzan behin eta berriz deitoratu izan zuen euskal abertzaleen moraltasun kristau eta itxia salatzeko eta aldi berean paganotasun berri bat aldarrikatzeko. Poema horren itzulpena argitaratu zuenerako, ordea, itzulita zituen jadanik Nietzscheren Also sprach Zarathustra liburuaren hainbat atal, lagunei idatzitako eskutitzetan aipatzen duenez. Itzulpen horiek, baina, argitaratu gabe geratu ziren, euskal aldizkariek ez zituztelako argitaratu nahi izan. Orrela mintzo zan Zarathustraren atal bat, "Emakumetxo zaar ta gazteetaz" ("Von alten und jungen Weiblein"), Patri Urkizuk argitaratu zuen 1997an, Jon Mirande Orhoituz (1925-1972) liburuan. Atal hori eta beste hiru Azkue bibliotekan daude gordeta, Andima Ibinagabeitiaren paperen artean. Laurak editatu eta artikulu honen bigarren atalean eman ditut. Ez dakigu, ordea, Mirandek atal horiez gain liburuaren beste zatiren bat ere itzuli ote zuen. Lagunei idatzitako gutunetan aipatzen duenez, Zarathustraren hitzaurrea ere itzuli omen zuen, baina hori ere argitaratu gabe geratu zen eta ez da orain arte behintzat aurkitu. Honela ziotson Ibinagabeitiari 1954an bidalitako gutun batean:

Hala ere, ba dut Zarathustra'ren hatsarrea aspaldiko euskara itzulirik. E.G.an [Euzko Gogoan, alegia] argitara nahi ba zendute, aski duzu erraitea eta igorriko dut azken orrazi aldi bat eman ondoan. Leizarraga'ren hizkuntza biblikoa parodiatu dut itzulpen hortarakotz oraiko orthographiaz hala ere. (Mirande 1999b: 194).

Lehen euskal itzultzailearen hizkuntza biblikoa parodiatu nahi horretan argi ikusten da Mirandek obra hori itzultzean zuen asmo nagusia: moral kristauaren guztiz kontrako ideologia proposatu, hain zuzen lehenengo euskal itzultzaile handiak erabili zuen idazkera erabilita, biblia berri bat proposatuko balu bezala, Leizarraga aitzindari izan zen legez bera ere aitzindari izanez.

Nietzscheren itzulpen horiek eragin nabarmena izango dute gerora Mirandek sortutako poema batzuetan. Nietzscheren eragin handiena izan duen poema, agian, "Ohiko Jainkoari" da. "Testu horrek Nietzsche-ren Así habló Zaratrustra edo El gay saber liburuen kopiaketa bat dirudi." (Mujika 1999: 73).

Charles Baudelaire

Charles Baudelaire da Miranderen lanetan eragin handia izan zuen beste idazle bat. Mirande bizi zela haren lanen itzulpenik argitaratu ez bazuen ere, Andima Ibinagabeitiaren paperen artean "Mozkor zaite" poemaren euskarapena ageri da, artikulu honen bukaeran argitaratuko dudana. Baliteke, beraz, Mirandek hain maite zuen poetaren beste lanen bat ere inoiz euskaratu izana. Itzulpen edo, behintzat, irakurketa haiek, asko markatu zuten Miranderen idazkera. Luis Mari Mujikaren (1984a eta b) eta Gorka Aulestiaren (1989) lanetan ongi azaltzen den bezala, sinbolismoaren eragina ukaezina da Miranderen lanetan:

Baudelaire-ren poetikak Mirande-ren olerkigintzan aztarna bereziak utzi zituen, eta Baudelaire-kin batera, Mallarmé, Rimbaud eta Verlaine-ren edergintzak, hots, Frantziako sinbolisten korronte aberats guztiak. (Mujika 1984a: 107).

Miranderen estilo sinbolista ezin hobeto azaltzen du Gorka Aulestiak:

Para Mirande y los simbolistas, la poesía es, ante todo, una entidad viva. Un poema es, pues, un acto de creación. Tiene que respirar vivo. (...)

La poesía no tiene que estar envuelta en nada. La de Mirande no era ni moralizante, ni social, ni política. Amaba la absoluta independencia en cuanto a la moral. En este terreno siguió las reglas de Baudelaire del «Arte Puro». Su misión era amar la belleza. El arte, para Mirande, tenía que estar apartado, sin un fin útil, porque lo que es útil es feo. El arte es un fin en sí mismo. Por eso, la literatura y la poesía no deberían ni moralizar ni filosofar. Ignoró la política y detestó la ética romántica de la poesía vasca, como habían hecho antes los simbolistas.

No era suficiente proclamar la verdad o expresar la realidad. Para Mirande, la poesía no era otra cosa que un simple juego de palabras y la búsqueda de la belleza literaria. (Aulestia 1989: 267-268).

Edertasun literario horren bilaketan, bai Mirandek, bai Baudelairek, beren garaiko gizartean eskandalagarriak ziren hainbat gai askatasun osoz jorratu zituzten. Baudelairek, esate baterako, "traketsaren, zatarraren, debekatuaren olergaia egin zuen. Gizartearen tabu lotsatiak eraso zituen, absurduaren mitifikazioa ere egin zuen. Bestalde, demoniakoari ere mistika bat itsatsi zion." (Mujika 1984b: 51). Baudelairek bere garaiko paristar gizartean sortutako eskandalu bera sortu zuen Mirandek bere garaiko euskal gizarte abertzale jatorrean. Erotismoa, homosexualitatea, pederastia, alkoholismoa, prostituzioa, ateismoa... ordura arte poesiarako egokitzat jotzen ez ziren gaiak erabili zituzten biek beren poemetan. Esanguratsua da, zentzu horretan, artikuluaren amaieran emango dudan Baudelairen "Enivrez vous" prosazko poema, Mirandek euskarara itzulia, non irakurlea ardoz, poesiaz edo bertutez mozkortzera bultzatu nahi baita.

Frantziar sinbolisten eragina agerikoa da Miranderen sorkuntzazko hainbat lanetan, Luis Mari Mujikak xeheki aztertu duen bezala:

Baudelaire-ren kasuan Mirande-ren «Neskatxak» poema lesbiandarrean «Las dos buenas hermanas»-en eragina suma daiteke, nolabait, eta baita «Lesbos» poemarena; gero ikusiko dugunez, «Lili bat» poesian ere Mirandek jarrera bodelerianoa hartzen du, neurri batean. Bestalde, «Pigalle», «Oianone», «Larunbat-arrats» olerkietako erotismoak baditu prezedente antzekotsuak Verlaine, Baudelaire, ala Rimaud-en orrietan. (Mujika 1984a: 107).

Poemek ez ezik, Mirandek idatziriko hainbat ipuinek ere sinbolisten kutsu nabarmena dute. Mirandek berak aitortzen du, esate baterako, berak idatzitako "Maitharien arnoa" ipuina Baudelairen poema batean oinarrituta egin duela. Honela esan zion Ibinagabeitiari 1956ko gutun batean:

Nire aldetik, berriz hasi naiz idazten, hein baten berere. Nahi nituke fantasiazko eta izuzko iphuin laburrak egin, Poe, Le Fanu eta bertze anglo-saxoin idazleen antzekoak. Biga hasi ditut, batak "Gulezko, eta urkha-bilhur bat urrhezkoa..." dakhar izenburutzat, bertzeak "Maitharien arnoa" (azken honek Baudelaire-n poema batetik jesanik) eta urrhent-bururatu ditukedanean igorriko derauzkitzut, ikhus ditzazun. (Mirande 1999b: 229-230).

Baudelairen eragina ez ezik, Edgar Allan Poerena ere oso nabarmena da ipuin horretan, Mirandek berak eskutitz horretan eta Jokin Zaitegiri bidalitako beste gutun batean ere aitortzen duenez: "Nahi ahal duzu bertze idazlanik bidal diezazudan? Biga baizik ez dut prestik: Gaskoinetikako itzulpen bat: "Burua" [B. Mancietena]; eta E.A. Poe-ren manerako iphuin-labur bat (oso laburra): "Maitharien arnoa" (...)." (Mirande 1999b: 235). Ipuin horretan, gizon mozkortu batek bere emaztea hil arte jipoitzen du. Mozkorkeriaren eta hilketaren gaiak etengabe ageri dira, hain zuzen ere, Baudelairen obran, baita Edgar Allan Poerenean ere. Bai Baudelairek, bai Mirandek, asko miresten zuten idazle iparramerikarra, eta biek itzuli zituzten haren zenbait idazlan.

Edgar Allan Poe

Miranderi asko gustatzen zitzaizkion nobela beltzak edo, berak zioen bezala, "kriminal elheberriak". Jakina da, esaterako, Edgar Allan Poez gain, Sheridan Le Fanu, Montague Rhodes James, Oscar Wilde, H. H. Munro "Saki" edo Agatha Christie oso gustuko zituela, eta haien nobela beltzak irakurri ez ezik, antzekoak ere idatzi nahi zituela:

Nik kriminal-elheberriak asko maite ditut, eta maiz irakurtzen ditut, batez ere ingelarazkoak (frantzes eta germanarazko zenbait ere bai), eta gauza hon da sail horrek ere bere lekhua izaitea euskal idazkuntzan izuzko iphuinak (Poe, Le Fanu, James eta bertze britaindar idazleek asmatuen heinekoak) ere ikhusi nahi nituke gure mintzoan. Beharbada behin hasiko naiz holako zenbaiten idazten... (Mirande 1999b: 217).

Ikusi dugunez, asmo hori bete egin zuen eta hainbat izuzko ipuin idatzi zituen. Baita gustuko zituen idazle horien hainbat lan euskaratu ere. Hor ditugu, esate baterako, Poeren "Ixiltze", "Amontillado upela" eta orain arte argitaratu gabe egon den "Itzal (Estalitz bat)", ipuinen artean, eta "Bela" olerki ezaguna, berriz, poemen artean; edota H. H. Munro "Saki"-ren "Ipuin kondatzailea" eta "Leiho irikia". Autore horien eragina begi bistakoa da Mirandek idatzitako beste ipuin askotan, baita hainbat poematan ere. Poerena bereziki. Hala, nabarmena da heriotzaren gaia umore puntu batekin tratatzeko modua Poerengandik hartua dela, Gorka Aulestiak Miranderen eta Baudelairen poesia aztertzean adierazten digun bezala:

El tercer tema común entre Mirande y Baudelaire fue el humor negro, tomado de E. A. Poe. Fueron poetas de luz negra. (...) La muerte aparece frecuentemente en sus obras, pero presentada en forma grotesca, trágica y a la vez llena de humor negro. En el poema «Tzakur hil bati», Mirande nos pinta la imagen de un perro muerto que flota como un corcho en el río. El poeta le rinde homenaje. No escasea el humor negro en la descripción. (Aulestia 1989: 267).

"Zakhur hil bati" poeman, gainera, Poerekiko erreferentzia zuzena ageri zaigu, Mirandek "nevermore" hitza sartzen baitu seigarren ahapaldian, urte pare bat lehenago itzuli zuen Poeren "The Raven" poema ezagunean beleak behin eta berriro errepikatzen duen leloa. Hitz hori dela eta, gainera, arazoren bat izan zuela dirudi poema lehen aldiz Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu ziotenean. Honela idazten dio Andima Ibinagabeitiari:

Zoritxarrez, nire bi poemak irar-huts zenbaitez joriturik ageri dira. Hori ez da, behar bada, gauza handia, txarrago dena "Zakhur hil bati"ren neurthitz baten erdia irarkolako moldeetan galdu dateke nevermore hitza zan (E.A. Poe'ren "Belea"tik hartua: nehoiz ez gehiago erran nahi du, bainan "tonus" bereizi bat du inglarazko poesia ezagutzen dutenentzat) (...). (Mirande 1999b: 188).5

Mirandek idatzitako eleberri bakarrean ere, Haur besoetakoan, berriro errepikatzen du "tonus bereziko" hitz ingeles hori:

(...) itotzear den batek haize salbagarria xurrupatzen duen legez, edan zuen irents zezakeen alkohol guztia eta orain, nevermore. Dena hurrendu artean iraungo ahal zion mozkorrak! (Mirande 1999b: 79-80).

Poerekiko erreferentzia zuzen gehiago ere ageri da Miranderen lanetan. Horrela, esaterako, "Larrazken gau batez" poemaren azpititulua "the mad pride of intellectuality" da, Poeren "To Marie Louise (Shew)" poematik hartutako pasartea.

Poeren eragina oso nabarmena da, bestalde, Miranderen izuzko ipuin askotan. Berak aitortuta, badakigu hainbat ipuini Poeren idazkeraren kutsua eman nahi izan ziola. Honela idazten dio Ibinagabeitiari 1953an:

Hitzeman bezala, huna egun garbitan jarri dudan iphuina: "Zinopha" (...). Bertze iphuin batzuen gaia eriden dut eta bat bederen idatziko dut ere joan baino lehen: "Zazpi gizerhaile" duke izenburua. Dakhusazunetik, surrealista antz pittin bat dute nere lan berriok, Poe'ren khutsuaz gainera. (Mirande 1999b: 177-178).

Ipuin horiez gaiz, gorago agertutako aipu batean aitortzen zuen, halaber, "Maitharien arnoa" ere Poeren eta Le Fanuren tankeran idatzi zuela, eta beste ipuin bat ere, "Gulezko, eta urkha-bilhur bat urrhezkoa..." izenekoa, estilo berean idazten hasi zela. Ziurrenik bukatu gabe geratuko zen ipuin hori; gaur egun behintzat ez da Miranderen lanen artean horrelakorik aurkitu. Bestalde, Jokin Zaitegiri 1956an bidalitako eskutitz batean, eginak dituen hainbat lanen berri ematen dio, eta tartean Poeren gisako ipuin bat aipatzen du: ""Ebakunde bat", iphuin-labur bat, E.A. Poeren gisakoa, 2-3 orrialdetakoa." (Mirande 1999b: 242). Miranderen beste hainbat ipuin eta poema ere umore beltzez zipriztinduta ageri zaizkigu, esate baterako "Eresi kantari", "Gauaz parke batean", "Behiak" eta "Ametsa" ipuinak, edota "Otso", "Paranoia", "Undina", "Orhoituz", "Eresi" eta "Neskatxak" poemak. Azkenik, Mirandek idatzitako eleberri bakarra ere, Haur besoetakoa, Poeren estiloz kutsatuta dagoela aipatu izan du batek baino gehiagok, besteak beste Sarrionandiak:

Txomin Peillenek argi adierazi du, gero, Jon Mirandek berak esanikoa konfirmatuaz, ez zela Vladimir Nabokovena «Haur Besoetakoa» obraren iturburua (...) eta, aldiz, Jon Mirandek neskatxoen xarma bere bizitzan bertan ezagutua eta dastatua zuela eta bere obra arras pertsonala zela. (...) Bestalde, Jon Mirande aipaturiko beste autore batekin lotu nahi bada, ene ustez, ez da Vladimir Nabokov baizik eta Edgar Alla Poe erreferentziatzat hartu behar litzatekeena, zentsibilitate eta grina hurbiltasunagatik. (Sarrionandia 1983).

Bukatzeko, ezin da aipatu gabe utzi, umore beltzaren erabileran, Franz Kafkaren ipuin surrealistek Miranderengan izandako eragina. Mirandek Kafkaren ipuin horietako bat euskaratu zuen, "Legearen aitzinean", eta dagoeneko aipatu ditugun izuzko ipuin horietako zenbaitek ere asko zor diote Kafkaren estiloari. 1954an Mitxelenari bidalitako eskutitz batean honelaxe aitortzen dio: "Alaz ere, ipuin labur bat igorrten dizut, "Laphurtarr klassikoz" idatzia. Humorezkoa da, eta Franz Kafka' ren idaztankeraren antza eman nai izan diot." (Mirande 1999b: 183). Itxura guztien arabera, urte horretan argitaratutako "Zazpi gizerhaile" ipuinaz ari da. Ez dira horiek (Nietzsche, Baudelaire, Poe eta Kafka) Miranderengan eragina izan duten bakarrak, baina nabarmenenak aipatu nahi izan ditut adibide gisa, Mirandek itzulitako lanek bere sorkuntza lanetan izan zuten eragina nolabait erakusteko.

1.3. Itzulpenaren ikuspegi postmodernoa

Artikuluaren hasieran aipatu dudanez, Sarrionandia da itzulpenaren inguruan nolabaiteko gogoeta postmodernoa eskaintzen duen lehen euskal itzultzailea. Euskal itzulpenaren historiari gainbegiratu bat emanez gero, agerikoa da itzulpen-jarduerak ez duela euskaldunen artean diskurtso edo hausnarketa teoriko sakonik garatu, XX. mendearen bukaerara arte gutxienez. Leizarragarengandik aurrerako euskal itzultzaileek beren itzulpenen hitzaurreetan esandakoek argi erakusten dute itzulpenaren gaineko hausnarketak itzultzaile bakoitzaren esperientzia kontatzera mugatu izan direla beti. Dena den, zenbait itzultzailek beren esperientziaz harantzago egindako teorizazio-saio urrietan, nabaria da itzulpenaren diskurtso modernoaren eragina (Jaka 2009).

Diskurtso moderno horren ezaugarri nagusiak honela laburbil litezke: Batetik, formaren (hitzaren) eta edukiaren (zentzuaren) arteko bereizketa garbia, edota itzulpenaren helburu gorentzat jotzen den baliokidetzaren nozio abstraktua. Horixe da euskal itzultzaileen hitzaurreetan gehien errepikatu den adierazpena: itzultzaile batzuek hitzez hitz itzultzea hobesten dute (Bibliaren eta erlijio-testu sakratuen kasuan batez ere), eta beste batzuek, berriz, zentzua transmititzearen alde egiten dute. Itzultzaile bakoitza bere hautua justifikatzen ahalegintzen da, askotan barkamena ere eskatuz jatorrizko testua xede‑hizkuntzara transferitzean gertatutako galera edota aldaketak direla eta. Bestetik, itzulpenaren diskurtso modernoan ikaragarrizko garrantzia ematen zaio jatorrizko testuari nahiz autoreari: jatorrizko obrak zentzu objektibo edo transzendental bat du, eta bertan gordetzen den egia absolutua da; ondorioz, itzultzaileak inolako manipulaziorik gabe transferitu behar du eduki hori hizkuntza batetik bestera. Itzultzailea, beraz, bigarren mailako subjektu gisa ikusten da, jatorrizko testuaren eta itzulpeneko hizkuntzaren menpeko morroi gisa, eta ahalik eta gutxien esku hartu behar du itzulpenean, lan originalaren eta itzulpeneko hizkuntzaren handitasuna nabarmentzeko.

Sarrionandiaren itzulpenak nahiz sorkuntza-lanak ikusita, eta han-hemenka saio labur moduan idatzitako iruzkinak irakurrita, argi ikus daiteke bizkaitar idazleak literaturaren eta itzulpenaren inguruan egiten duen gogoeta ez datorrela bat ikuspegi moderno horrekin. Sarrionandiaren arabera, "literatura oro literaturaren literatura da, hots, literatura berari buruzkoa, eta poema orok aurreko poemagintzan du erroa" (Sarrionandia 1981: 6). Baieztapen horrek zalantzan jartzen du itzulpenaren diskurtso modernoak aldarrikatzen duen literaturaren originaltasuna, eta agerian jartzen du sorkuntzazko lan oro itzulpen den bezala, itzulpen oro ere sorkuntza dela: "Poemagintza translazioa dela esan dugu, eta izkiriatzea translazioa dela, irakurtzea bezala. Orduan, analogiaz betiere, dena da funtsean translazioa (...)." (Sarrionandia 1995 (1985): 9). Itzulpenaren eta sorkuntza originalaren arteko mugaren hauskortasuna agerian jartzeko, Sarrionandiak hainbat birsorkuntza-estrategia erabiltzen du, hala nola apokrifo edo sasi-itzulpenak, erreferentzia intertestualak, itzulitako poema edo ipuinen jatorriari buruzko informaziorik eza, itzulpenetan tartekatzen dituen ohar edo iruzkinak... Itzulpen-praktika berritzaile horrek agerian jartzen du hizkuntzen eta literaturen arteko elkarmenpekotasuna, eta argi erakusten du obra eta literatura bakoitza originala dela, baina aldi berean beste lan eta literatura batzuen aztarnak gordetzen dituela. Era berean, itzulpena eta literatura modu horretan ulertuz gero, itzultzaileak bigarren mailako subjektu izateari uzten dio, eta beste baten lanaren transmisore huts izan beharrean, lan hori bere egin eta bere modura birsortu duen idazle sortzaile gisa agertzen da (Jaka 2010).

Hori guztia dela eta, Sarrionandiak itzulpenari ematen dion trataera eta itzulpenaren inguruan egiten duen gogoeta postmoderno gisa definituko nituzke. Miranderi dagokionez, ezin esan idazle postmoderno baten aurrean aurkitzen garenik, bere garaiko euskal literatura "aurre-modernoa" zertxobait modernotzen ahalegindu zen idazle aurrerakoi baten aurrean baizik. Dena dela, Sarrionandiak itzulpenaren inguruko hausnarketa postmodernoa bere obretan modu praktikoan islatzeko erabilitako hainbat estrategia agerikoak dira Miranderen lanetan ere.

Esate baterako, gorago aipatu dudan bezala, intertestualitate-jokoek badute lekua Miranderen lanetan. Adibide agerikoenen artean, dagoeneko azaldutako Poeren hitz edo pasarteak leudeke, Mirandek bere idatzietan tartekatzen dituenak. Testuartekotasunaren erabilerak hankaz gora jartzen du edozein literaturaren izaera original, garbi, jatorrizko edo purua. Euskal itzulpenaren historiako itzulpen asko, hain zuzen ere, euskararen garbitasun eta jatortasuna frogatzeko egin izan dira; Juan Antonio Mogelen Versiones bascongadas hartako demostración práctica de la pureza, fecundidad y elocuencia del idioma bascuence gogoratzea besterik ez dago. Miranderen itzulpenek eta intertestualitate-jokoek, aldiz, guztiz bestelako zerbait erakutsi nahi dute, alegia, ez dagoela hizkuntza edota literatura garbi edo kutsatu gaberik, ezinezkoa dela historian zehar garatzen eta harilkatzen joan diren joera literario desberdinez osatutako sare konplexu horretatik ihes egitea; irakurlea, irakurtzen ari den lanaren idazlea eta itzultzailea bezala, ezinbestean dagoela harrapaturik literatura den armiarma-sare erraldoi horretan.

Hizkuntzen eta literaturen arteko hartu-eman hori praktikan jarri nahi izan zuen Mirandek, eta horren ondorio dira, esaterako, beste hizkuntza eta literaturetako poesia-formak bereganatu eta euskarazko olerkiak haien arabera sortzeko egindako ahaleginak. Euskal olerkigintzan eta bertsolaritzan nagusi izan den errimaz gain, atzerriko literaturetako "barne-ritmua" ere bereganatu nahi izan zuen:

Orain arte gure olerkariek kontsonantez baizik ez ditute beren poemak antolatu. Ondo dakizu; ots-kidegoaz gainera ba dela beste zerbait neurtitzak ozen eta durunditsu biurtzen dituana, ritmua alegia. (...) Erbesteko poesi-eskola ageri zaizkigu azken aldi auetan. Eta nik ere orrelako berri zerbait egin nahi nuke gure euskeraz. (Mirande apud Ibinagabeitia 1953: 99).

"Poesi izkera taiuzkoena" iruditzen zitzaion ingelesetik (Mirande apud Ibinagabeitia 1953: 99), nahiz eredu izan zituen frantziar poeta sinbolistengandik (ikusi Aulestia 1989: 268, Verlainen poesia-arauek Miranderengan izandako eragina ikusteko) hainbat eredu mailegatu zituen Mirandek, eta haien poesia-arauen arabera ondu nahi izan zituen bere hainbat poema. Ibinagabeitiari idatzitako gutun batean aitortzen zuenez, denbora-pasa gisa ingelesezko "limerick" delakoak idazten zituen: "Angles olerki labur batzu dira hoik, ahalaz lizun eta rima aberatseko izan behar direnak" (Mirande 1999b: 211). Ingelesezko eredu klasiko bat eman ondoren, berak euskaraz sortutako bat ematen du. Kasu horretan, zenbateraino da Miranderen euskarazko "limerick" hori bere sorkuntza, zenbateraino itzulpena? Literaturen arteko mailegutza-prozedura horiek zalantzan jartzen dute itzulpenaren eta sorkuntza originalaren arteko muga, baita edozein literaturaren jatorri puru edo kutsatu gabea ere.

Itzulpena eta sorkuntza originala nahasirik ageri zaizkigu, halaber, Miranderen hainbat ipuinetan. "Humore beltzaren modelak" izenburupean idatzitako kontakizunak, esate baterako, ez dago garbi berak sortuak ala itzulitakoak diren. Miranderen obra osoa biltzen duen Hiria argitaletxearen argitalpenak, esate baterako, ez ditu ez ipuin asmatuetan, ez ipuin itzulietan sartzen, "miszelanea" izeneko sail batean baizik. Gehienez ere hamar bat lerroko kontakizun motzak dira, umore beltzez zipriztinduak. Ez du jatorriaren inguruko inolako informaziorik eskaintzen, eta badirudi berak sortuak direla. Dena dela, kontakizun horietako batzuk beste hizkuntza askotan ere ezagunak direla dirudi, Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak Hamairu ate izeneko ipuin itzulien antologian adierazten dutenez:

Euskarazko literaturan, eta gure umore beltzaren eskasian, Jon Mirandek eman izan ditu ipuinik politenak. «Humore Beltzaren Adibideak» izenarekin argitaratu izan direnetan (Patri Urkizuren edizioan: Jon Mirande, «Gauaz Parke Batean», Elkar, 1984) batzu itzulpenak dira dudarik gabe, baina baliteke haien artean orijinalak ere egotea. Masokistaren eta sadikoaren arteko solas ezaguna eskuetan zabalik duzun liburuan ere agertzen da, hamargarren atean, Kostas Axelos izenaren pean, baina ez batarena ez bestearena ez ote den gaude, hau da, inorena ez ote den, guziena dela halegia. (Sarrionandia & Sarasketa 1985: 8).

Sarrionandiak eta Sarasketak, izan ere, Mirandek hasitako joko horri jarraitu nahi izan diotela dirudi. Masokistaren eta sadikoaren arteko elkarrizketa Kostas Axelos idazle atenastarraren obratik hartu dutela diote, baina aldi berean aitortzen dute ez dakitela ziur harena ote den. Miranderen eta Sarrionandiaren joko horien bidez, agerian geratzen da tradizio desberdinek elkarri mailegatutako puskez osatzen dela literatura, eta autorearen eta obraren arteko erlazioa, subjektibotasunaren eta idazketaren arteko lotura, guztiz hauskorra dela. Txomin Peillenek, Miranderen ipuinez ari dela, ongi adierazten digu "asmakizun hutsezko idazlerik" ez dagoela, alegia, idazle orok idazten duela aurretik jaso eta irakurritako tradizioen eraginez:

Bere arazoak literatura bihurtzeko, itzulpenaren bidez, kanpotar ereduak eduki zituen, Poe, Saki, Kafka, Joyce, nahiz gero bere bidea hartu. Asmakizun hutsezko idazlerik badenik ez dut uste; benetako fikzioa orrialde zuria izango lizateke eta oraino paperak bere errealitate baluke. (Peillen 1987: 20).

1.4. Ondorioak

Jon Miranderen itzulpen argitaragabeak ematearekin batera, Mirandek euskal itzulpengintzari egindako ekarpen handia nabarmendu nahi izan dut artikulu honetan. Lehenik eta behin, euskaraz oraindik ezagutzen ez ziren hainbat autoreren lanak euskaratu zituelako, eta aldi berean euskaratik beste hizkuntzetara ere itzulpen ugari egin zuelako. Bestetik, itzulpenaren bidez bere garaiko euskal literatura itxi, ikol, garbi eta jatorra kanpoko literatura-korronte eta poesia-formez kutsatu zuelako. Eta azkenik, kutsadura hori edozein literatura-sorkuntzatarako beharrezkoa zela erakutsi zuelako. Mirande izan zen ordura arte ukiezinak ziren euskal idazleen balore eta eredu tradizional asko literaturaren eta itzulpenen bidez auzitan jarri zituen lehena, inolako lotsarik gabe gai lizunak eta erotikoak ukitu zituen lehena, euskal literatura kanpoko literatura-korronte modernoez jantzi zuen lehena. Miranderen ondorengo idazle eta itzultzaile handiek, Gabriel Arestik, Joseba Sarrionandiak nahiz Pott bandako beste idazleek, besteak beste, Mirande izan zuten hein handi batean aitzindari; haren lan eta itzulpenen bidez ezagutu zituzten askok atzerriko zenbait idazle ezezagun. Sarrionandiaren kasuan, aipatzekoa da Mirandek euskaratutako idazle asko itzuli zituela berak ere, hala nola Poe, Kafka, Prévert, Saki edo Baudelaire.

2- Miranderen zenbait itzulpen Andima Ibinagabeitiaren paperetan

Baliteke aurrerago Miranderen itzulpen gehiago agertzea, gauza ziurra baita argitaratutakoak baino itzulpen gehiago egin zituela, Mirandek berak lagunei idatzitako gutunetan aitortzen duenez; baina asko eta asko galduak bide dira.

Hemen argitaratu edo berrargitaratuko ditudanak Andima Ibinagabeitiaren paperen bilduman bilduak dira, eta Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren artxiboan daude egun, Josune Olabarria anderearen lanari esker arras ongi sailkaturik eta katalogaturik. Jon Miranderen lanak Ibinagabeitiaren paperen artean izatea ez da harritzekoa, gauza ezaguna baita Mirandek eskuz idatzitakoak Ibinagabeitiari bidali ohi zizkiola mekanografiatzeko, eta gero zuberotarrak berriz bolalumaz zuzendu ohi zituela.

Itzulpen hauetako batzuk orain arte inoiz argitaratu gabeak dira, eta beste batzuk Txema Larrearen (Mirande 1984) eta Patri Urkizuren (Urkizu 1997) argitalpenetan agertutakoak. Nolanahi ere, hemen Ibinagabeitiaren bildumako denak eman nahi izan ditut, argitaragabeak eta noizbait argitaratuak, ziurrenik Larreak, Urkizuk eta hirurok jatorrizko berak erabili ditugun arren, zenbait irakurketa desberdin proposatzen ditudalako testu guztietan, batzuetan testua asko aldatzen dutenak. Gainera, itzulpenaren ale bat baino gehiago dagoenean (Miranderen eskuizkribua, Andima Ibinagabeitiak mekanografiatua eta are mekanografiatuaren ikatz-kopia, batzuetan Mirandek zuzendua eta beste batzuetan zuzenketarik gabea), aldaera guztien berri ematen ahalegindu naiz, itzulpen-prozesua bistaratzearren.

Hortaz, jatorrizkoetatik oso hurbileko transkripzioa ematen ahalegindu naiz, eta itzulpen-prozesua ulertzeko lagungarri izan litezkeen zuzenketa-ezabaketak eta testuen arteko aldaerak orri-barreneko oharretan eman nahi izan ditut.

Ondoko aldaketa grafiko hauek baino ez ditut egin:

Letra larri eta xeheak gaurko ohituren arabera egokitu dira.
Jatorrizkoan: <â>. Nire edizioan: <aa>6.
Eskuizkribuan: <ŕ>. Nire edizioan: <rr>.
Eskuizkribuan: <ĺ>. Nire edizioan: <ll>.
Jatorrizkoan: <->. Zenbaitetan, nire edizioan: <,>.

Itzulpenen aurkezpena nolabait antolatzearren, orain arte inoiz argitaratu ez direnak emango ditut lehenengo (hiru ipuin eta bi poema), gero Patri Urkizuk zati batean argitaraturikoa (Nietzscheren "Orrela mintzo zan Zarathustra"ko solasetako bat argitaratua eta hiru argitaragabeak), eta azkenik Txema Larreak eta Patri Urkizuk argitaratuak (bost poema).

Itzulpen bakoitzaren aurrean, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako signatura, itzulpena biltzen duten dokumentuei buruzko oharrak, jatorrizkoari buruzko argibideak, eta argitaraturiko itzulpenari buruzko informazioa bildu ditut, letra-tamaina txikiagoan.

(Ikusi itzulpenak pdf dokumentuan, 263-294 orrialdeetan)

3- Eranskina: Mirandek euskaratutako lanen zerrenda

IPUIN ITZULIAK

- Ixiltze (Edgar Allan Poe), Euzko Gogoa 3-4 (1951).
- Mette, Jutlandeko ixtorio zahar bat (anonimoa), Herria 127 (1952).
- Amontillado upela (Edgar Allan Poe), Egan 2 (1952).
- Legearen aitzinean (Franz Kafka), Euzko Gogoa 1-2 (1954).
- Ipuin kondatzailea (H. H. Munro "Saki"), Egan 1 (1956).
- Bi fraideak (S. O'Neill), Euzko Gogoa 1-2 (1956).
- Burua (B. Manciet), Euzko Gogoa 1-2 (1957).
- Leiho irikia (H. H. Munro "Saki"), Egan 3-4 (1960).
- Gizon-zugaitza (Séamus ó Mainnin), Egan 1-3 (1969).
- Adarra gatik adarra (Giovanni Boccaccio), argitaragabea, hemen lehenengoz argitaratua.
- Itzal (Estalitz bat) (Edgar Allan Poe), argitaragabea, hemen lehenengoz argitaratua.
- Lehoin zintzoa (Ernest Hemingway), argitaragabea, hemen lehenengoz argitaratua.

POEMA ITZULIAK

- Bi beleak (eskoziar kanta zaharra) (anonimoa), Euzko Gogoa 3-4 (1950).
- Ba nin adiskide bat (Ludwig Uhland), Euzko Gogoa 5-6 (1950).
- Bela (Edgar Allan Poe), Euzko Gogoa 9-10 (1950).
- Lotazilak hamabi (Per Denez), Euzko Gogoa 11-12 (1950).
- Goiztar txoriek kanta bezate (Leon Jasson), Euzko Gogoa 5-6 (1951).
- Mendi gallurretatik (Friedrich Nietzsche), Gernika 18 (1952).
- La belle dame sans merci (John Keats), Euzko Gogoa 3-4 (1952).
- Hirur lili = Drei lilien (Abesti aleman zahar bat) (anonimoa) Euzko Deya 365 (1953).
- Kantatzen du kantuz (Gaston III, Comte de Foix), Euzko Deya 357 (1953).
- Lekhoreko biziarena (Hugo von Hofmannsthal), Euzko Gogoa 1-2 (1954).
- Eros arrosen artean (Anakreonte), Euzko Gogoa 5-8 (1954).
- Zaldiz zeruan (Stan Joans), Euzko Gogoa 1-2, (1957).
- Erri-min (Friedrich Schiller), Egan 1-4 (1959).
- Atzerriko neskatilla (Friedrich Schiller), Egan 1-4 (1959).
- Ez diteke nor-nai izan pagano (René de Clercq), Egan 1-2 (1960).
- Kattalin ("Clementine" england doiñuz) (Percy Montrose?), Olerti 3-4 (1965).
- Osto hilak (Jacques Prévert), Mirande (1984).
- Ene Biotzeko Maite Argia (Hebrideetako maite-kanta) (anonimoa), Mirande (1984).
- Antoñito Camborioaren eriotza (Federico García Lorca), Urkizu (1997).
- Lullabyland (Alec Wilder), Urkizu (1997).
- Ene kutuntxu (George H. Clutsam), argitaragabea, hemen lehenengoz argitaratua.
- Mozkor zaite (Charles Baudelaire), argitaragabea, hemen lehenengoz argitaratua.

BESTELAKO ITZULPENAK

- Breizera (Per Denez), Euzko Gogoa 9-10 (1951).
- Iru errien alegia (Mark Legatz), Gernika 19 (1952).
- Humore beltzaren modelak (anonimoak), 1-10- ipuinak: Gero (1976); 11-18. ipuinak: "Ipuin beltzak", Egan 3‑6 (1960).
- Lehen gauko kanta (Goulven Pennaod), Mirande (1984) eta Urkizu (1997).
- Orrela mintzo zan Zarathustra (Friedrich Nietzsche), lehen zatia: Urkizu (1997); beste hiru zatiak: argitaragabeak, hemen lehenengoz argitaratuak.

BIBLIOGRAFIA

ARRUE, Antonio (1963-1964). "Cuatro poetas vascos actuales", Euskera 8-9, 179-198.

ALDEKOA, Iñaki (1992). "Nietzsche-ren eragina Mirande eta Arestirengan", in Galeuzca (1994) Influencia europea nas literaturas de Galeuzca : IX Encontro de Escritores Galegos, Vascos e Catalans. Galicia, 29 de Outubro a 1 de Novembro de 1992, (S.l.): Galeuzca, 9-25.

AULESTIA, Gorka (1989). "Dos poetas pioneros: Lauaxeta y Jon Mirande", in Congreso de Literatura (Hacia la Literatura Vasca), II Euskal Mundu-Biltzarra, Madril: Castalia, 255-270.

AZURMENDI, Joxe (1989). Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan, Donostia: Susa.

FAVEREAU, Francis (2000). "Goulven Pennaod, Jon Mirande et la Bretagne", Lapurdum V, 293-305.

GABILONDO, Joseba (2006). Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

IBINAGABEITIA, Andima (1953). "Olerkariarenean", Gernika 23, 98-102.

IGELA (1962): "Une revue satirique en langue basque: Igela", Igela 1, [Berrargitaratua: Jon Mirande & Txomin Peillen (1979) Igela, euskaldun heterodoxoen errebista, Donostia: Hordago, 37-38].

JAKA, Aiora (2009). "El discurso de la traducción en la historia de la traducción vasca", 1611: Revista de historia de la traducción 3.

JAKA, Aiora (2010). "La traduction recréatrice et récréative au Québec et au Pays basque: exemples de Jacques Brault et de Joseba Sarrionandia", Association Canadienne de Traductologie. Jeunes chercheurs. Articles 2009-2010.

MIRANDE, Jon (1976). Jon Mirande-ren idazlan hautatuak (Txomin Peillenek antolatua), Bilbo: Gero-Mensajero.

MIRANDE, Jon (1984). Poemak 1950-1966 (Txema Larreak apailatutako edizioa), Donostia: Erein.

MIRANDE, Jon (1999a). Jon Mirande Aiphasorho. Obra Osoa (1), Alegia: Hiria Liburuak.

MIRANDE, Jon (1999b). Jon Mirande Aiphasorho. Obra Osoa (2), Alegia: Hiria Liburuak.

MUJIKA, Luis Mari (1984a). Miranderen poesigintza (I), Donostia: Haranburu-Altuna.

MUJIKA, Luis Mari (1984b). Miranderen poesigintza (II), Donostia: Haranburu-Altuna.

MUJIKA, Luis Mari (1999). "Miranderen bizia eta ingurugiroa", in Jon Mirande (1999a).

PEILLEN, Txomin (1987). "Benetazkoa eta asmatuzkoa Jon Miranderen idazlanetan", Egan 1-2 (1987), 5-11.

RUIZ, Iñigo (1995). "Virgilio Txerribuztangoerrekan" (I. Bukoliken eta Georgiken euskal itzulpenak)", ASJU 29 (2-3), 661-696.

SARRIONANDIA, Joseba (2006 (1985)). Ni ez naiz hemengoa, Iruñea: Pamiela.

SARRIONANDIA, Joseba (1995 (1985)). Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, Iruñea: Pamiela.

SARRIONANDIA, Joseba (1981). Izuen gordelekuetan barrena, Bilbo: Bilboko Aurrezki Kutxa.

SARRIONANDIA, Joseba (1983). "Haur besoetakoa eta beste ninfula batzu", Maiatz 4, 3-8.

SARRIONANDIA, Joseba & Mitxel SARASKETA (1985). Hamairu ate, Donostia: Elkar.

SARRIONANDIA, Joseba (1988). Marginalia, Donostia: Elkar.

URKIZU, Patri (1997). Jon Mirande Orhoituz (1925-1972), Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.


Oharrak

1. Lan hau Eusko Jaurlaritzaren finantziazioari esker egin ahal izan da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikertzaileak prestatzeko eta hobetzeko 2009-2010 ikasturtean emandako bekaren bidez. Gainera, FFI2008-04516 kodea duen Monumenta Linguae Vasconum (III): crítica textual, lexicografía histórica e historia de la lengua vasca ikerketa-proiektuaren barruan kokatzen da.

2. Lan argitaragabe horiek Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan daude, Andima Ibinagabeitiaren funtsetan. Josune Olabarria anderea da, zalantzarik gabe, bilduma horren historiari buruz gehien dakiena, eta hark erakutsi zion Gidor Bilbao nire tesi-zuzendariari itzulpen hauetarako bidea; biei agertu behar diet nire esker ona, bai eta Euskaltzaindiari ere (eta bereziki Pruden Gartzia bibliotekako zuzendariari), lanak argitaratzeko baimena eta erraztasunak eskaintzeagatik.

3. Jon Miranderen lagun Txomin Peillenen testigantzari esker, badakigu Mirandek arrotz hizkuntza mordoa ikasi eta erabili zituela, ama-hizkuntza zuen frantsesaz gain: "(...) mintzaira asko zekien eta sakonki: Galles, Bretoin, Irlandako goidelera, Alemanera, Gaztelera eta Euskara; maila apalagoan, baina ondo, Ingelera, Neerlandera, Italianoa, Danesa, Hebraiara, Latina, Grekoa; bertzalde bere kabuz linguistika asko irakurria zen. Ikasi hizkuntza gehienak mintzatzen zituen. Gainera, hizkuntza zaharren zaletasuna zuen: Finiara, Hebraiara, Gotikoa, Irlandera, Germanera zaharra." (Peillen apud Mirande 1976: 20).

4. Halere, esan beharra dago, Mirandek literaturaren autonomia aldarrikatu zuen arren eta bere garaiko idazle abertzaleen itxitasuna eta "baserritartasuna" kritikatu zituen arren, berak ere, bere gisara, buruan proiektu politiko jakin bat zuela idazten zuela askotan: "(...) hala nola Arestik edo Mirandek, euskal hizkuntzaren estandarizazioarekin eta euskal proiektu politiko batekin loturik idatzi zuten literatura." (Gabilondo 2006: 69). Zentzu horretan, Miranderengan nolabaiteko aurrekariak agertzen diren arren, Pott bandakoak izan ziren literaturaren autonomia modu erabatekoan aldarrikatu eta praktikan jarri zuten lehen euskal idazleak: "Alegia, Pott izan zen lehena literatur talde gisa eratzen euskal hizkuntzalaritza eta politika abertzalearen arduretatik kanpo." (Gabilondo 2006: 68). Sarrionandiak eta Mirandek itzultzeko hautatutako autoreei erreparatuz gero, aise ikusten da Mirandek, oro har, bere ideologia politikoarekin bat zetozen idazleen obrak euskaratzen zituela. Sarrionandiak euskarara itzulitako autore asko, berriz, ez datoz inondik ere bat bere ideologia politikoarekin, baina horrek ez du garrantzirik, Sarrionandiaren ustez, helburua literatura egitea bada: "(...) irakurlearen hesparru ideologikoak berak asumitzen duen ideologiarena baino zabalagoa izan behar dik. Pedro Daguerre, Gustave Flaubert, Ezra Pound, T.S. Eliot, Fernando Pessoa edo Jorge Luis Borges bezalako autoreetan onartu beharrekoa duk, beren ideologia arbuiatu arren, beren pentsamendua heldua, sakona eta interesgarria dela, beren esperientzi intelektual eta humanoa baliotsua dela." (Sarrionandia 1988: 134).

5. Hain zuzen ere, Euzko Gogoa aldizkariaren 1952ko 11-12. zenbakiko argitalpenean, "nevermore" hitza falta da, seigarren ahapaldian. Gerora egindako argitalpenek akatsa zuzendu dute.

6. Osto ilak itzulpena zubereraz idatzi du Mirandek, eta <â> grafiak beste balio bat du hor, sudurkaritasunarekin-edo lotua; hortaz, itzulpen horretan, <â> utzi dugu.